2026-08-02
HomeEkintza SindikalaEAEko sektore publikoko irakasleen akordioa betetzeko eta ikastetxeetan baliabideak berehala txertatzeko galdegin...

EAEko sektore publikoko irakasleen akordioa betetzeko eta ikastetxeetan baliabideak berehala txertatzeko galdegin du LABek

Atzo, maiatzaren 27an, akordioa sinatu ondorengo irakasleen bigarren mahai negoziatzailea izan zen. Bertan, nahiz eta ikastetxeetan egungo kezkarik handiena lanpostu zerrendak osatzeko irizpideen ez betetzea izan, akordioan jasotzen diren hainbat gairen gaineko zalantzen inguruan aritu zen Hezkuntza Saila.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko helburuz. Adostutakoari esker, beste neurri batzuen artean, 2025/26 ikasturtean lan zama arinduko duten ordu lektiboen murrizketa eta zerbitzua hobetuko duten baliabideak txertatu behar dira eta lanpostu zerrendan eragin zuzena izan behar du. Izan ere, akordioari esker ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.

Irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22 ordura jaitsiko dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehienezko 18 ordutik 17ra. Ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortuko ditu. Esaterako, Bigarren Hezkuntzan ordu lektibo bat murrizteak 240 bat lanpostu sortzea ekarri behar du.

Baliabideei dagokienez, 2025-26an, lanpostuak sortu eta jardunaldiak hobetuko dira, aniztasunari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak (aholkulari, orientatzaile eta Pedagogia Terapeutikoetan), euskara indartzeko ordu kreditu gehigarri zein ratio berriak ezarriz (HIPI eta EUSLE) edota Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen bitartez. Esaterako, euskara indartzeko irizpide berriak ezarrita, hereneko jardunaldiak erdietara edota osotara igaroko dira. Era berean, 2028ra bitarte hizkuntza proiektuetarako 350 koordinatzaile txertatuko dira gutxienez, eta datorren ikasturtean horietatik 20 izan beharko dira gutxienez ezarri beharrekoak etapa guztietan.

Akordioetara heltzeko, LABentzat ezinbestekoa izan da baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea, eta Hezkuntza Saila medioei zuzendu zaien bakoitzeko hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu den arren, LABek azken unera arte irmo defendatu dituelako soilik txertatu dira akordioan.

Hezkuntza Sailak, aldiz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean kontrako norabidea hartu du. Izan ere, ez ditu adostutako baliabide horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitartekoak aplikatu gaur-gaurkoz. Are gehiago, zuzendaritzei egun bateko epean HEDATZE programa txertatzeko hiru aukera desberdin eman dizkie, eta hiruretako bakar batek ere ez diete sinatutakoari erantzuten. Era berean, zuzendaritzengan presioa sorrarazi du guzti horrek.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak azaleratu ditu beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez duena.

Beraz, LABek irmoki defendatuko du maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioa. Hezkuntza Sailak hitzarmena bete ezean, LABek bide judiziala eta ekintza sindikala aktibatuko ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.