2026-04-25
Blog Page 705

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako urtarrileko zortzigarren eta azken greba egunak ere jarraipen zabala izan du

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari ere bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain har dezala eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzala eskatzen diegu, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Urtarrilak 16tik 25era bitarte deitutako zortzi greba egunek ere, azken bi ikasturtetan sektorean gauzatutako hamazazpiek bezalaxe oso babes zabala izan dute langileen aldetik, %60-%65 bitarte.

Zortzi greba egun hauen baitan gauzatu ditugun manifestazio eta ekintzetan milaka langilek hartu dute parte, eta gaurkoan ere, zortzi greba egun hauetako azken egunean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako milaka langilek bete dituzte Donostiako kaleak. Aldarrikapenek eta mobilizazio zein greba dinamikak langileen aldetik duten babesa agerikoa da beraz.

Ikastetxe hauetako langileok hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta gure eskaerak ezagunak, oso oinarrizkoak eta zilegiak dira. Greba dinamika honetara iritsi aurretik ahalegin ugari egin ditugu patronalek aldarrikapen hauei erantzun eta akordioa erdieste posible izateko. Baina mobilizazio eta greba dinamika indartu dugunean soilik ikusi dugu patronalen aldetik mugimenduren bat. Halere patronalek 8 greba egun hauen aurretik egindako azken proposamenak gure aldarrikapenetatik oso urrun egoten jarraitzen du, eta gainera 8 greba egun hauetan ez du inolako eduki gehigarririk planteatu.

Eusko Jaurlaritzak berriz, bere ardura ekidin asmoz, greba eskubidea larriki urratzen duten Zerbitzu minimoak gehitzera mugatu du bere inplikazioa, ondoren inolako zehaztapenik gabeko adierazpenak egin grebaren atzean dauden helburuei buruz inolako oinarririk ez duten zalantzak sortu, eta nahasmena sortu besterik egin ez duten adierazpenak eginez.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari ere bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu dezala eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzala eskatzen diegu, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Patronalek eta Eusko Jaurlaritzak beren erantzunkizunak eskatzen dien ardurarekin jokatuko ez balute, eta eduki serioak dituzten proposamenik egin gabe jarraituko balute, mobilizazio eta greba dinamikarekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute utziko.

Azkenik, sindikatuok langileak zoriondu nahi ditugu, beraien lan baldintzen eta eskaintzen duten hezkuntza kalitatearen alde egun hauetan erakutsi duten indar eta tinkotasunagatik.
 

 

 

Berriro ere, “Herenegun” egitasmoa bertan behera uztea eskatu dugu

0
Azken egunetan komunikabide desberdinek zabaldu dutenaren arabera, Eusko Jaurlaritza, Herenegun programaren aplikazioaren inguruan adostasun batera iritsi da hezkuntza komunitatearekin. LABetik adierazi nahi dugu, guk argi eta garbi utzi genuela azaroan kaleratutako oharrean, berau bertan behera uztea eskatzen genuela.

Gu ere, bagara hezkuntza komunitateko kide, beraz, jakin nahiko genuke ea hezkuntza komunitateko zein eragilerekin iritsi diren adostasunetara.

Lerro hauen bidez, berriro ere, Herenegun programa bertan behera uzteko exijitzen dugu, arrazoi desberdinak medio:

1. Unitate didaktikoa faltsukeria batean oinarritzen da. Izan ere, 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdi historikoa aztertzea omen da bere helburua, baina ez da horrelakorik egiten. Epealdi horretako gertakari asko eta asko gainetik bakarrik aipatzen dira: bigarren industrializazioa, langile mugimenduaren olatu berria, euskara batua, Ez Dok Amairu eta abar luze bat. Unitate didaktikoa ETAren jardun armatuan sakontzen du eta, bigarren maila batean, talde parapolizialen eta estatuaren bortizkeriaren kontakizun motzegia egiten da. Azken batean, epealdi historiko bat landu baino, benetan LOMCEk ezarritako helburu bati erantzuten dio unitate didaktikoak, alegia, “terrorismoaren deslegitimazioa” egiteari. Ez da beraz Euskal Herritik egindako gogoeta etiko eta historiko baten ondorio, baizik eta PP-ren Gobernu batek ezarritako katezismo berria egokitzeko ariketa.

2. Jendartearen ordezkariak ez dira (ez gara) gai izan, gaur gaurkoz, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren inguruko errelato desberdinak barne bilduko duen orube komun bat eratzeko. Esango genuke, gainera, euren burua gatazkaren “garaile” irudikatzen duten horiek direla zubiak eraikitzeko inolako ahaleginik egin ez dutenak. Eta gabezi sakon hori bere horretan dagoela ikasgeletara errelato jakin bat (“garaile”ena, hain zuzen ere) eramatea arduragabekeria galanta da.

3. 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdiaz hitz egiten da itxitako garai historiko bat balitz bezala. Zalantzazkoa da horren gertu dagoen epealdi baten inguruko historia egin eta irakastearen kontzeptua bera, ez baitago horretarako nahikoa perspektiba historikorik. Baina gainera, garai historiko hori ez dago itxita, gatazkaren ondorioak ez baitaude konponduta ez eta konponbidean: ehunka preso sakabanatuta daude, salbuespenezko legedi baten pean; Espainiako Gobernuak ez du eragindako minaren inguruko gogoetarik egin; torturatuak eta
Estatuak hildakoak bigarren mailako biktimatzat dira hartuak. Ikastetxeetako bisitetan Estatuaren biktimetako batzuk parte hartzeak ez du arazoa konpontzen. Zer sentituko du motxiladun ume batek, klasean gatazkari buruz itxitako garai historiko bat bailitzan hitz egiten badiote? Zer, torturatu baten edota biktimatzat aitortu gabeko baten seme-alabak? Unitate didaktikoa ikuspegi etiko batean omen du oinarri, baina ikasgeletan egoera erabat bidegabeak sor ditzake.

4. Honekin guztiarekin ez dugu esan nahi hezkuntza esparruan gatazkari dagokionez urratsak eman behar ez direnik. Aitzitik, hezkuntza komunitateak ekarpena egin dezake memoriaren eta elkarbizitzaren norabidean, esparru politikoan egon litezkeen urratsen zain egon gabe. Baina horretarako hezkuntza komunitatearen baitako lanketa zabal eta sakona beharko litzateke. Azken batean, hezkuntza komunitatean oro har eta zehazki hezitzaileen artean gatazkari dagokionez jarrera desberdinak izan dituzten eta bizipen/errelato desberdinak dituzten pertsonak daude. Horien guztien arteko elkarrizketa bat jarri beharko luke martxan Hezkuntza Sailak, elkarren arteko zubiak eraiki eta ariketa zintzo bat egiteko; prozesu horren ondorio gisa jaiotako hezkuntza materialak (aipatutako arrazoiengatik Historia irakasgaiaren mugak gaindituko lukeenak), horrek bai izango lukeela balio hezitzailea. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak aditu talde bat bildu eta material itxia aurkeztu dio Eskola Kontseiluari, ekarpenak egiteko hiru asteko epe murritza emanez. Horrela ez dira egiten gauzak eta gutxiago euskal jendartearentzat hainbeste min eta zatiketa eragin duen auzian.

 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek soldata arrakala gainditzeko bitartekaritza lana egitea eskatu diote Emakunderi

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomoa den Emakunderekin bildu gara, alde batetik, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko analisi bat egiteko eta, bestetik, lan sektore feminizatu eta prekarizatu honetan urteetan zehar irauten duen arazoari aurre egiteko konpromisoak eskatzeko.

Martxoaren 8a hurbiltzen ari da eta eta horrekin batera greba feminista. Etxez etxeko laguntzako sektorean, besteen artean, emakumeen berdintasun efektibo baten bidean aurrerapausoak ematen joan gaitezkeen eremua da, langileen lan baldintzak hobetuz eta, horrekin batera, bizi baldintzak.

Udal gehienak etxeko laguntza zerbitzua ematearen titularrak dira. Gehien bat, zerbitzuaren prestazioa azpikontratatzen da, lehiaketa bidez. Eginkizun hori azpikontratentzat lan egiten dugun etxeko laguntzaileok, emakumeok, bete ohi dugu.
Azken 6 urteotan, udalek eskaintzen duten zerbitzuaren ordu-kopurua etengabe urritu da. Aipatu murrizketak berekin ekarri du udal batzuetan betetzen diren zerbitzu orduak %30 inguruan urritu direla. Horrek, ondorio kaltegarriak ekarri ditu, sorospenean zein lan arloan.

Gizarte laguntzari dagokionez:

• Gero eta handiagoa den talde batean, babes-maila gero eta txikiagoa izatea ekarri du. Noiz eta, era berean, lanorduak gero eta urriagoak diren, eta zerbitzuaren kalitatea kaskarragoa bada ere, lanaldian egin behar diren zereginak gero eta ugariagoak diren.
• Oro har, Etxeko Laguntza Zerbitzua behar duten pertsonen estalduraz dagoen ustea eskasa da: erabiltzaile bakoitzari esleitu eguneko eta asteko orduak behar bestekoak ez direlako.
• Gizartearen sektore honekin ardura gutxiz jokatzeaz gain, zaintza lanak gaur egun aitortu gabe jarraitzen dutelako, kalte egiten da ere, zerbitzu honek erabiltzailea etxebizitzan egotea errazten badu ere, jendea autonomiaz bizi dadin lagunduz, horietako askok bizi duten bakardadeari eta aipatu egoerak bizkortzen dituen osasun-asaldura larriei aurre eginez eta menpekotasun egoeran bizi direnez erakundeek arduratu beharra baztertuz, prebentiboki diharduelako.

Lan arloan, funtsezko zerbitzu honetan hamarkadetan dihardugunok, ia denok emakumeak izanik, enplegu eta lan eskubideen galera jasan dugu aspaldi honetan.

• Behin-behineko kontratu pean lan egin dute langile pila iraitzi dituzte, gehien bat, lege iruzurrean. Enpresek gogokoen duten kontratazio-politika behin-behineko kontratazioa da. Hari esker, malgutasuneko baliabide egokiaz hornitzen dira, eta haren bidez, lanaldi partzialak betetzen dituzten langileak kontrata ditzakete, nahiz eta egiazko arrazoirik ez izan, lege iruzurrean egiten diren eta honi dagokion Hitzarmen Kolektiboan ezarri gutxiengoak ere ez dituzten betetzen. Gaur egun, enpresak ukatzen dira lege iruzurrean egin ohi diren kontratu mota hau araupetzen; uko egiten diote ere, Langileen Legezko Ordezkaritzarekin, langileei berme eskaintzen dieten lan poltsak adostera.
• Ez dira bermatzen kontratuaren arabera dituzten orduak, baldintzak aldatuz, soldata eta kotizazioa galduz. Langile askok eta askok lanaldi partziala bete ohi dute.
• Azken 5 urtean, lan baldintzak okertzeaz gain, eros ahalmenaren %6a baino gehiago galdu dute, 2013 – 2017. urteetan soldatak izoztu izanaren ondorioz. Salbuespena 2014. urtean izan zen, hileko 8 €-tan eguneratu baitziren.
• Enpresek langileei eta hauen Legezko Ordezkaritzari egozten diete, kontingentzia arrunten eta profesionalen eraginez, lanera ez agertze indizea handia delako, baina ez da enpresengan gogorik sumatzen dagozkien betebeharrak betetzeko eta langileei bermatzeko egokiak gerta daitezkeen prebentzio neurriak, zeregina betetzeagatik minik jasan ez ditzan.
• Eta zer esanik ez langile hauek egunero pairatzen duten sexu jazarpena: sexu-komentarioak, gehiegizko gorputz hurbilketak, ukituak, besarkatzea, eskua sartzea… Prekarietateak, babes mekanismo guztiak suntsitu dituen lan ereduan aritzea ezin hobea da indarkeria matxistarentzat.

Esan daiteke sektore honetan lan egiten duten ia langile guztiak emakumeak direla, urte luzez lanean ari direnak, eta horren eraginez, haien osasunari egin kaltea agerikoa dela. Gihar eta hezurduraren minak, besteak beste, askotan, lana nahita utzi izanaren jatorrian daude, eta horren harira, erretiro aurreratuak eskatzen dira, horrek berekin dakartzan eskubideak galduz.

Guzti honen atzean, emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago. Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta estrukturalak.
Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diguten lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira. Sarritan lan bat ere ez dira konsideratzen, baizik eta emakumeok historikoki dohainik eta “maitasunagatik” egin ditugun “zereginak”.

 

 

 

Bizkaiko H&Mko langile guztiak grebarekin bat egitera deitu ditugu

0

LAB-etik dei egiten diegu Bizkaiko H&Mko langile guztiei, urtarrilaren 26tik hasita, larunbatero greba egin dezaten. Greba da langileok dugun borrokarako tresna sendoena da, gure kohesioa eta elkartasuna erakusten dituena. Izan ere, H&Mko langileek, komitearen izaera anitzaren gainetik (ELA, CCOO eta LABen ordezkaritza dago) ondo erakutsi zuten hori iazko Bilboko Plaza Elipitikoko dendaren itxierarekin. Argi utzi zuten langile batzuk kaltetuak izan arren, denek sare bat osatzen dutela, H&M bezalako “arrain handi” bati aurre egiten dion sarea. Gehiengo zabal baten, kontziliazio neurri eta sistema honek beraiekiko egiten duen erabilpenagatik, murrizketekin edo lanaldi partzialekin lanean ari diren emakumeen sarea.

Oraingo honetan, Bizkaian beste denda bat itxi nahi dute, ez ei dituzte esperotako mozkinak jasotzen, dendetako alokairuen prezioa dela, salmentak direla, antolaketa neurriak direla… Baina datuak hor daude:

– Munduko moda enpresetan bigarrena da H&M.
– H&M-k 386,5 milioi eurotako mozkinak izan zituen iaz, prentsan beraiek ateratako datuen arabera, eta dendak irekitzen jarraitzen dute.
– Lehia zuzeneko beste multinazionalek ere antolaketa eta denda ereduetan aldaketak egin dituzte, baina ez dituzte neurri hain bidegabeak hartu.
– Salmenta jaitsiera puntualak sektore osoak jasan ditu, eguraldia edo bestelako faktoreak direla medio. Bizkaiko dendek asko saltzen dute, eta hori, datuek esaten dute.
– Alokairuak negoziatu ezin direnetan, badituzte beste lokal batzuen alternatibak. Hala ere, horrelako enpresa batek badu alokairu horiei aurre egiteko adina eta gehiago gure hirien erdigunean beraien marka komertziala mantendu nahi badute.

Hamar mila arrazoi aipatu ahal dituzte hartzen dituzten neurriak hartzeko, baina argi izan behar dy H&M-k bere dendetan lan egiten duten pertsonen balioa aitortu nahi badu, ezin dituela erabakiak horrela hartu.

Oihalgintzako multinazionalak errekonbertsio sakonean hasi dira. Antolaketa eta salmenta ereduak erabat aldatu nahi dituzte (on line medioak, kutxen automatizazioa, saltzaileen digitalizazioa…). Merkataritza txikia suntsitu dute eta gu adi egon behar gara eta lan-postuak babestu, bestela lanpostuen amortizazioa, denda itxiera eta kaleratzeak, lekualdatzeak, lana gure bizitza pertsonalekin ezin uztartzea… bezalakoak are gehiago jasango ditugu merkataritza sektorean.
Gero eta mozkin gehiago nahi dituzte eta horretan, langileok elkarrekin antolatu eta borrokatzen dugu edo denok (dugula dugun kategoria edo kargua) salgai soila izango gara, dugun kategoria edo kargua edozein izan arren, gure lana zukutu ostean gure bizitza kolokan jarriko dute.

 

 

 

Legasako plantako Arcelorreko langileek hiru greba egunetatik lehena egin dute gaur, lankide baten berronartzea exijitzeko

0

Urte hasiera honetan, Legasako plantako Arcelorreko langile bat kaleratua izan zen proba tartea gainditu ez zuela argudiatuz, lehenagotik bertan bortz urtez lan egin bazuen ere.

Hauxe da enpresa batzordeak egindako oharra:

Duela urte batzuk langile talde bat, arrazoi “objetiboak” zirela medio, kaleratua izan zen. Gerora, enpresa eta ordezkarien artean, kontratazio berriak ematerakoan langile horiek lehendabizikoak deituak izanen zirela adostu zen. Urteetan kontratazio berririk ez egin eta gero (duela lau urte 122 langile izatetik 54 izatera pasatu da), duela hilabete batzuk langile gutti batzuk sartzen hasi ziren, horien artean aipatutako taldeko langile bat bortz urtez lanean egona zena lehenagotik.

Eskaini zitzaiona hiru urterako kontratu bat izan zen, luzatzeko aukera aunitzekin. Kontratu honek sei hilabeteko gehiegizko proba tartea ezartzen zuen eta langilea bortz hilabete lanean eramaten zituenean tarte hori gainditu ez zuela erran zitzaion. Hau justifikatzeko erabilitako aitzakiak orokorrak eta gezurrak dira (subjetiboak azken finean), postu horretan bortz urtez lan egin zuen langile bat postura ez dela egokitu erranez eta behin baino gehiagotan atentzioa deitu zaiola erranez, holakorik gertatu ez denean.

Hau kasu isolatu bat izatetik hagitz urrun dago eta lehenago aipatutako langile kopuru murrizketa basatiaren eta enpresaren desegitearen bertze ondorio bat baino ez da. Bere lankideak garbi dute, alde batetik ez dutela beraien lankide batek horrelako trataera bidegabea eta zikina jasotzea onartuko eta bertzetik planto egiten dutela enpresaren desegite estrategia honen aitzinean. Horregatik hiru egunez, urtarrilaren 24ean eta 29an eta otsailaren 1ean (egun honetan elkarretaratze bat eginez lan departamentuaren aitzinean) greba egunak deitu dituzte, argi utzita onartuko duten baldintza bakarra beraien lankidearen berronartzea izanen dela.

 

 

 

Hitzarmen duina aldarrikatuko dugu Arabako metalgintzan

0
Gaur, urtarrilak 24, Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta SEA patronalak bere proposamena aurkeztu du. LABen ustez proposamen atzerakoia da, oraingo hitzarmena okerragotzen baitu eta estatalizazioa dakarrelako.

Gaurko bileran SEAk hitzarmenerako proposamena ekarri du mahaira, hainbat eduki zehaztuz. LABen ustez, proposamena atzerakoia da, gai batzuk gaur egungo hitzarmenaren aldean okerragoak baitira. Zehazki, hauek dira ustez, gai atzerakoienak:

– Indarraldian, 2018 “desagertzen da”.
– Indarraldia bukatuta, ultraktibitatea lehen baino gehiago murrizten du.
– Soldata igoerak lehengoak baino eskasagoak dira (%1)
– Hitzarmena ez aplikatzea erraztu nahi du.
– Estatu mailako zenbait materia hitzarmenera ekartzea nahi du.

Gainontzekoan, hitzarmena mantentzea (baita lanaldia eta malgutasuna, erabat gehiegizkoak) proposatzen du eta aldaketak, legeak hala behartuta sartuko ditu soilik.

Beraz, LAB gai batekin soilik dago ados, hitzarmenaren hizkera sexista ezabatzeko.

Hori dela eta, LABen balorazioa erabat ezkorra da eta erabat onartezina iruditzen zaio halako proposamen bat egitea. Gure ustez, proposamen hau oso urrun dago sektorearen beharretatik eta prekarietatea mantentzea bilatzen du, patronalak etekinak pilatzen dituen bitartean.

Horregatik, LABek hurrengo asteotan dinamika bat abiatuko du hitzarmen duina aldarrikatzeko, langileak informatuz, ekimenak eta mobilizazioak burutuz, beti ere langileok aktibatzeko eta mobilizazioa hauspotzeko helburuarekin.
 

 

 

Nafarroako landa eremuen etorkizunerako funtsezkoa da lan eskubideen onarpena eta horien finkatzea

0

Gaurko egunean, LAB sindikatuak bi bilera egin ditu Iruñean Nafarroako landa eremuko enpleguaren egoera aztertzeko. Lehenbizikoa EHNE sindikatuarekin izan da, gure egoitzan, eta bigarrena UAGN elkarte profesionalarekin, haien egoitzan.

Bigarren bilerak balio izan du LABen eta UAGNren arteko harremanak normalizatzeko, hemendik aurrera interlokuzio normala izateko. LABek UAGNri esplikatu dio sektorearen inguruan egiten duen hausnarketa eta etorkizunera begira dituen proposamenak eta alternatibak. 

UAGNeko ordezkariekin, bileran.

Bileran argi gelditu da LAB eta UAGN ados daudela gauza batzuetan, eta bertze batzuetan, ez. Baina biok argi dugu hitzarmenaren markoa dela hitz egiteko markoa.

EHNErekin adostu dugun oharrean islatzen da, nolabait, UAGNrekin izandako bileran egindako hausnarketa. Hauxe da, hain zuzen ere, EHNErekin adostutako oharra:

Gaur, 2019ko urtarrilak 24 dituen honetan, LAB eta EHNE sindikatuak, azken sindikatu horren egoitzan elkartu dira, Huerta de Peralta enpresako langileek burutu duten borroka ezagutzeko eta iritziak partekatzeko, zeinek 28 egunetako greba mugagabea egin ondoren, joan den asteartean, hilak 22, enpresarekin itundun duten. Nafarroako landa-eremuen egoeraz ere solastatu gara. Aipatu bileran parte hartu dute, LAB sindikatua ordezkatuz, Rosalia Bonak (San Adrian eskualdeko arduraduna), Saul Arangibelek (Zerbitzu Pribatuetako Federazioaren nazio arduraduna) eta Imanol Karrerak (LABen Nafarroako arduraduna). EHNE sindikatua ordezkatuz parte hartu dute Imanol Iberok (EHNEren presidentea), Aritz Cunchillosek (Idazkari nagusia) eta Marimar Ansorenak (lan aholkularitzaz arduratzen den teknikaria).

Huerta de Peralta enpresako langileen borrokak agerian utzi du Nafarroako landetan dagoen prekaritatearen errealitatea. Errealitate horrek interpelatzen ditu Nafarroako gizartea, haren erakundeak eta gizarte eragileak, langile guztien bizitza eta lan baldintza duinei ekinez, haiek berma daitezen.

Huerta de Peralta enpresak eta haren langileek lotu duten ituna ikusita, uste dugu, horren bidez aukera berria daukagula gure Nafarroako landa-eremuan suertatu ohi diren prekaritate egoerei ekiteko. Horregatik langileak nahiz enplegatzaileak deitzen ditugu harreman egonkorreko esparruak sor ditzaten, Nafarroako landetatik laneko esplotazioa erauziko duten harreman egonkorreko esparruak sor daitezen, horrela, aurrera egin ahal izan dezagun guztion lan eskubideen onarpenean.

Badakigu lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dagoela aparraldian, baina errealitate hori ez daiteke, inolaz ere, arrazoitzat har, nekazariek eta abeltzainek errenta duinak lor ditzaten eskulan prekarioaz baliatuta. Duintasunak elikagaiak etxeetaraino iristea ahalbidetzen dituen katebegi bakoitzean egon behar du.

Nafar nekazari askok betetzen dute hitzarmena eta errespetatzen dituzte lan eskubideak. Horixe da landa-eremuaren eta haren inguruan garatzen diren herrien aurrerapenari egin diezaiokegun ekarpenik hoberena. Baita “Huerta Navarra” markari ere, kalitateko eta nazioartean ospe handiko produktuen markari; kalitate eta ospe horri erantsi behar zaizkio hura ekoizten duten langileen lan baldintza duinak.

Baina langileak baldintza kaskarretan dauzkaten horiek, sektoreko hitzarmena ezartzen ez dituzten horiek, edota kontratazio zuzena egiten ez duten horiek, sektore osoarekin leialtasunik gabe lehiatzen dira. Poliki-poliki eta guztion ahaleginaz, hobetzearren, aldatu behar dugun landa eta abere-sektorearen garapen onari eta irudiari egiten zaie kalte.

LABek eta EHNEk funtsezkoa deritzogu Nafarroako erakundeek, sindikatuen eta gizarte eragileen ekarpenarekin, aurre egiteari konpondu gabeko kontu honi. Nafarroak, haren nekazariek eta langileriak merezi dute.

 

 

 

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko helburuak beteta, maximo historikoetan gaude

0


Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan gauden honetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak lehen balorazio bat egin dute komunikabideen aurrean, 2018ko itxiera datuak eskutan. Epealdi trinkoa oraindik amaitu ez den arren, dagoeneko helburu guztiak bete ditugula nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta hazkundeak ez du etenik: “Ez dugu sabaia jo, hazten jarraitzeko aukera dugu”.  


Datuei erreparatuta, gure maximo historikoa lortu dugu 2018. urtean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren sindikatu gisa egonkortuta itxi dugu urtea. 2014an %18,34ko ordezkaritza izatetik, 2018an %19,1 izatera pasa gara EAEn.

Nafarroan ere maximo historikotan gaude, %16ko langaz goitik. Gehien igo den sindikatua da LAB.

Hala, Hego Euskal Herrian, bigarren sindikatutik gero eta hurbilago gaude, %18,35 ordezkaritzarekin, CCOOetik 1,64 puntura.

Ikuspegi orokorrago bat izateko, epealdiz epealdi izandako bilakaera aztertzeko, 1994rain goaz, 94an EAEn eta 95ean Nafarroan, hauteskunde sindikalen prozesuak arautu baitziren. Bada, 1994-2018 urteen artean, urtez urte igotzen joan da LAB, EAEn gehien igo den sindikatua izateraino, 4,21 puntuko igoerarekin. Nafarroan igoera hori 5,33 puntukoa izan da.

Langileok, marko propioaren alde
Garbiñe Aranburuk datuen irakurketa egin du, eta berretsi du sindikatua izaten ari den hedapena, bai hauteskunde sindikaletan eta bai afiliazioan, langile moduan ditugun beharren mesedetara jarriko dugula.

Emaitza hauetatik ondorioak garbiak atera daitezkeela esan du LABeko idazkari nagusiak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko langileek sindikalismo jakin baten aldeko apustua egiten dute, geroz eta gehiago: prekarizazio prozesuari aurre egingo dion sindikalismo abertzalea. Eta, ondorioz, tartea geroz eta handiagoa da kontrabotere sindikalismoaren eta kontzertazio sindikalismoaren artean. Arrakala horretan guztiz erabakigarria izaten da LABen goranzko bilakaera. “Euskal Herriko langileek euren botoarekin mandatu argia eman digute: ez dute kontzertazio sindikalismorik nahi, ez dute sistemaren parte izan nahi, antolakuntza eta borroka sindikalaren alde egiten dute eta alternatiba hemen berton kokatzen dute, esparru propioaren alde, marko propioaren alde eginez”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Hori oso aintzat hartzen duen eskaintza sindikal sendoa du LABek, ikuspegi feminista txertatuta duen ekintza sindikal berritu batekin; langile klasearen zatiketa eta indibidualizazioa gainditzeko ekimen eta eskaintza zehatzekin; mobilizazio sozialari eta han-hemenka irekitako borroka ezberdinei atxikirik, eskuz esku mugimendu feminista zein pentsiodunen borroken alde, gazteen, presoen borrokekin bat eta lantokietako borrokekin bat. “Eraldaketa sozialaren aldeko borroka, horretarako ezinbestekoa den aldaketa politikoaren aldeko borrokarekin uztartuz, marko berri baten alde, lan harremanetako eta babes sozialeko esparru propioaren defentsan ari gara”, esan du.

Honela gauzak, hauteskunde prozesu honetatik indartuta aterako da LAB eta indar hori herri eta langile gisa ditugun erronka laboral, sozial eta politikoen mesedetan baliatuko dugu, errealitate ezberdinen arteko indar metaketak bultzatuz, eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde, bizitza duinaren aldeko borrokan, eta borroka hori demokrazia eta burujabetza beharrarekin uztartuz.

Garbiñe Aranburuk nabarmendutakoaren arabera, “LABen hedapena eta indartzea langile gisa ditugun behar eta borroken mesedetara jarriko dugu”.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamasei greba egunek izandako jarraipen zabala ikusita, patronalei eta Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diegu

Urtarrilak 16tik 25era bitarte deitutako greben zazpigarren egunean gaude; azken bi ikasturtetan sektorean gauzatutako hamaseigarren greba eguna, eta gaurkoan ere babes zabala izan du langileen aldetik. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta gure eskaerak ezagunak, oso oinarrizkoak eta zilegiak dira. Greba dinamika honetara iritsi aurretik milaka aldiz bildu gara patronalekin, hainbat manifestazio, elkarretaratze, eta ekintza burutu. Baina, patronalen azken proposamenak gure aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen badu ere, mobilizazio eta greba dinamika indartu dugunean soilik ikusi dugu patronalen aldetik mugimenduren bat.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok, hurrengo egunetan bilduko gara hurrengo pausoen inguruko erabakiak hartzeko. Aldi berean, familiekin biltzeko asmoa ere badaukagu gure eskaerak azaldu eta egoeraren berri emateko.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Bestalde, aurreko egun hauetan guztietan gertatu bezala, bihar, Urtarrileko 8 egunetako greba deialdiaren azken greba egunean ere, Donostian Boulebarretik goizeko 11.30etan aterako den manifestazioan parte hartzera animatzen ditugu langile guztiak.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok, hurrengo egunetan bilduko gara hurrengo pausoen inguruko erabakiak hartzeko. Aldi berean, familiekin biltzeko asmoa ere badaukagu gure eskaerak azaldu eta egoeraren berri emateko.