2024-04-18
HomeUncategorizedHauteskunde sindikalen epealdi trinkoko helburuak beteta, maximo historikoetan gaude

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko helburuak beteta, maximo historikoetan gaude


Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan gauden honetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak lehen balorazio bat egin dute komunikabideen aurrean, 2018ko itxiera datuak eskutan. Epealdi trinkoa oraindik amaitu ez den arren, dagoeneko helburu guztiak bete ditugula nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta hazkundeak ez du etenik: “Ez dugu sabaia jo, hazten jarraitzeko aukera dugu”.  


Datuei erreparatuta, gure maximo historikoa lortu dugu 2018. urtean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren sindikatu gisa egonkortuta itxi dugu urtea. 2014an %18,34ko ordezkaritza izatetik, 2018an %19,1 izatera pasa gara EAEn.

Nafarroan ere maximo historikotan gaude, %16ko langaz goitik. Gehien igo den sindikatua da LAB.

Hala, Hego Euskal Herrian, bigarren sindikatutik gero eta hurbilago gaude, %18,35 ordezkaritzarekin, CCOOetik 1,64 puntura.

Ikuspegi orokorrago bat izateko, epealdiz epealdi izandako bilakaera aztertzeko, 1994rain goaz, 94an EAEn eta 95ean Nafarroan, hauteskunde sindikalen prozesuak arautu baitziren. Bada, 1994-2018 urteen artean, urtez urte igotzen joan da LAB, EAEn gehien igo den sindikatua izateraino, 4,21 puntuko igoerarekin. Nafarroan igoera hori 5,33 puntukoa izan da.

Langileok, marko propioaren alde
Garbiñe Aranburuk datuen irakurketa egin du, eta berretsi du sindikatua izaten ari den hedapena, bai hauteskunde sindikaletan eta bai afiliazioan, langile moduan ditugun beharren mesedetara jarriko dugula.

Emaitza hauetatik ondorioak garbiak atera daitezkeela esan du LABeko idazkari nagusiak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko langileek sindikalismo jakin baten aldeko apustua egiten dute, geroz eta gehiago: prekarizazio prozesuari aurre egingo dion sindikalismo abertzalea. Eta, ondorioz, tartea geroz eta handiagoa da kontrabotere sindikalismoaren eta kontzertazio sindikalismoaren artean. Arrakala horretan guztiz erabakigarria izaten da LABen goranzko bilakaera. “Euskal Herriko langileek euren botoarekin mandatu argia eman digute: ez dute kontzertazio sindikalismorik nahi, ez dute sistemaren parte izan nahi, antolakuntza eta borroka sindikalaren alde egiten dute eta alternatiba hemen berton kokatzen dute, esparru propioaren alde, marko propioaren alde eginez”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Hori oso aintzat hartzen duen eskaintza sindikal sendoa du LABek, ikuspegi feminista txertatuta duen ekintza sindikal berritu batekin; langile klasearen zatiketa eta indibidualizazioa gainditzeko ekimen eta eskaintza zehatzekin; mobilizazio sozialari eta han-hemenka irekitako borroka ezberdinei atxikirik, eskuz esku mugimendu feminista zein pentsiodunen borroken alde, gazteen, presoen borrokekin bat eta lantokietako borrokekin bat. “Eraldaketa sozialaren aldeko borroka, horretarako ezinbestekoa den aldaketa politikoaren aldeko borrokarekin uztartuz, marko berri baten alde, lan harremanetako eta babes sozialeko esparru propioaren defentsan ari gara”, esan du.

Honela gauzak, hauteskunde prozesu honetatik indartuta aterako da LAB eta indar hori herri eta langile gisa ditugun erronka laboral, sozial eta politikoen mesedetan baliatuko dugu, errealitate ezberdinen arteko indar metaketak bultzatuz, eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde, bizitza duinaren aldeko borrokan, eta borroka hori demokrazia eta burujabetza beharrarekin uztartuz.

Garbiñe Aranburuk nabarmendutakoaren arabera, “LABen hedapena eta indartzea langile gisa ditugun behar eta borroken mesedetara jarriko dugu”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.