2025-12-14
Blog Page 7

LABek bere esku dagoen guztia egingo du Juaristik Israelekin inolako harreman komertzialik izan ez dezan

Azken egunetan Azkoitiako Juaristi enpresaren inguruan zabaldu diren informazioen aurrean, LAB
sindikatutik, Juaristiko enpresa batzordeko kide eta langileen gehiengoaren ordezkari den aldetik,
honako hau adierazi nahi du:

  1. Bere elkartasun osoa adierazi nahi dio Palestinako herriari, egun bizi duen egoera
    humanitario onartezinaren aurrean.
  2. Israelgo Gobernua gauzatzen ari den politika genozida irmo gaitzesten du, eta, era berean,
    salatu egiten du Palestinako lurraldeetan ematen ari den sarraskia eta okupazio ilegal
    etengabea.
  3. Halaber, bere konpromisoa berretsi nahi du: bere esku dagoen guztia egingo dugu Israelekin
    inolako harreman komertzialik ez izateko.

Langileen ordezkari gisa, giza eskubideen eta justizia internazionalaren oinarrizko printzipioen
aurkako edozein egoeraren aurrean, arduraz eta koherentziaz jokatzen jarraituko duela azpimarratu
nahi du LABek.

Azaroaren 24an greba egingo dute Nafarroako merkantziak errepidez garraiatzeko sektorean, hitzarmen duin bat eskatzeko

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek greba egun bat deitu dute, azaroaren 23an gaueko 22:00etatik azaroaren 24ko 22:00etara, Merkantzien Errepideko Garraioaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa desblokeatzeko eta sektoreko langileentzat lan-baldintza duin, justu eta orekatuak eskatzeko.

Lau sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa emango dute astearte honetan, eta ANET patronalaren asmoak salatuko dituzte; izan ere, bere azken proposamenaren bidez, merkantzien garraio, logistika eta mezularitzako langileen lan-baldintzak desarautu nahi ditu. Hitzarmenaren proposamen horrek “lanaldi irregularra handitu, eskubideak ezabatu, soldatak depreziatu eta gehiegizko indarraldia ezarri” nahi duela adierazi dute.

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek gogorarazi nahi dugu, azken hitzarmenak bi urteko indarraldia izan zuela (2007 eta 2008), eta gaur egun ere hori dela indarrean dagoena, bertan jasotako ultraaktibitate-klausulari esker. Hala ere, 18 urte igaro dira akordio berririk lortu gabe, eta hitzarmena guztiz zaharkituta geratu da.

2023ko urrian ireki zen berriro sektoreko negoziazio-mahaia. Hala eta guztiz ere, akordioa lortzeko sindikatuek egindako ahaleginaren aurka, joan den maiatzaren 5eko bileran negoziazioa blokeatutzat jo zen, patronalaren jarrera irmo eta mugiezinaren ondorioz.

Lau sindikatuen iritziz, ANETen proposamena guztiz eskasa da, indarreko hitzarmena okertzen du eta eskubideetan atzera egitea dakar. Soldata-arlora etorrita, patronalak %22ko igoera proposatzen du 2031ra arte, 2008tik gaur arte Nafarroan pilatutako KPIa %31 inguru den arren.

Halaber, patronalak ultraaktibitatea ezabatzea planteatzen du, hitzarmen berria sinatu arte lan-baldintzak bermatzen ditueb funtsezko eskubidea. Haren ezabapenak sektoreko langileak guztiz babesik gabe utziko lituzke eta lan-harremanen oinarrizko oreka hautsi egingo luke.

Era berean, sindikatuok salatu dugu ere, patronalak lanaldiaren malgutasuna gehiegi handitu nahi duela, eta malgutasun horri lotutako edozein plus edo ordainsari ekonomiko ezabatu nahi duela, hitzarmenean berariaz jasota ez badago. Gainera, urtean 64 lanordu gehigarri ezarri nahi ditu, 48 orduko aurreabisua emanda eta aparteko ordu gisa aitortu gabe. Hori guztia, langileei eskuragarritasun osoa ezartzeko, inolako konpentsazio edo bermerik gabe.

Azken batean, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuen iritziz, aurkeztutako proposamenak honako hauek dakarzkie langileei:
– lanaldiaren banaketa irregularra handitzea,
– ultraaktibitatea ezabatzea,
– gaueko ordainsaria murriztea,
– hitzarmenaren indarraldia gehiegi luzatzea,
– plusak xurgatzea eta hobekuntza ekonomikoak depreziatzea.

Eta hori guztia, gainera, proposamen ekonomiko eskas eta onartezin batekin.

Patronalaren asmoen aurrean, sindikatuek honako hau proposatzen dute: 2025. urteari begira, 2008ko hitzarmeneko kontzeptu ekonomiko eta soldata-taula guztiak eguneratzea, Nafarroako KPI pilatuaren araberako %32,1eko igoera aplikatuz; eta 2026tik aurrera, soldata-taulak urtero berrikustea aurreko urteko KPIaren arabera, gutxienez %2ko bermearekin (2026, 2027 eta 2028rako).

Halaber, atseden eskubidea bermatzeko, gainesplotazioa saihesteko eta lan-denboraren urteko eta asteko banaketa bidezkoa ziurtatzeko, sindikatuek besteak beste honako hau eskatzen dute: urteko lan-karga 1.720 ordura eta 215 lanjorndunaldira mugatzea; astero bi atseden egun jarraituak bermatzea; lanaldi baten amaieratik hurrengoaren hasierara arte gutxienez 12 orduko atsedenaldia ezartzea; eta urteko lan-egutegi baten bidez lanaren antolaketa kontrolatzea.

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa eta patronalaren jarrera mugiezina ikusita, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok garraio, logistika eta mezularitza sektoreetako langileak grebara deitzen ditugu. Azaroaren 23an gaueko 22:00etatik azaroaren 24ko gaueko 22:00etara deitutako 24 orduko greba egunari babesa ematera. Helburua da kamioilariek igandean ez hastea beren ibilbidea, euren txanda bada, eta logistikako langileek mobilizazio-egunari aurreko gaueko txanda geldiaraztea.

Greba egunean, azaroaren 24an, kontzentrazioa egingo da 08:00etatik 09:00etara Garraio Hirira sartzeko biribilgune nagusian, eta handik manifestazioa abiatuko da ANET patronalaren egoitzara. 13:00etan, kontzentrazioa egingo da Iruñeko Mendebaldeko Arteria (PA-30) eta Estellarako bidearen (NA-700) arteko biribilgunean, Orkoier noranzkoan.

Lau sindikatuok ez dugu baztertzen mobilizazioekin jarraitzea patronalak bere jarrera irmoan badirau, sektoreko langileentzat duina, zuzena eta orekatsua izango den hitzarmena lortu arte.

LABek eskatzen du Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFE-ko plantilla handitu dadila hainbat unitatetan, baliabide falta nabarmena delako

Bizkaiko Foru Aldundiko LAB-GUFEren Atal sindikalak proposamen bat aurkeztu zuen joan den astean Batzar Nagusietan, bi erakundeen Lanpostuen Zerrenda (LPZ) handitzeko eskatuz, Bizkaiko aurrekontu-proiektuan bertan 2026an ezartzen diren langile-hazkundearen aurreikuspenetatik harago. Proposamen honek Aldundiko administrazio-unitate batzuetan eta GUFEko laguntza-zentroetan lanpostuak sortzea ekarriko luke.

Proposamen hori LABen afiliazioak eta foru-plantillaren zati batek helarazi dizkiguten eskaeren emaitza da, eta agerian uzten du zenbait atal, zerbitzu edota zuzendaritzak lanpostu-hornidura handiagoa izateko duten premia larria. Ez bakarrik administrazio-kudeaketa egoki baten ikuspegitik, baita zerbitzu publiko eraginkor, kalitatezko eta Bizkaiko herritarren beharretara egokitutako baten ikuspegitik ere.

Baliabide materialen eta langileen eskasia nabarmena da (eta kasu batzuetan egiturazkoa) gizarte-zerbitzuen, esku-hartze sozialaren eta GUFEren arloei dagokienez, baina Aldundiak berak zeharkakotzat jotzen dituen beste arlo batzuei dagokienez ere bai, edo, gure ikuspegitik behintzat, zeharkakotzat jo beharko liratekeenak eta, beraz, beren eginkizunak betetzeko plantilla nahikoa izan beharko luketenak. Berdintasunaren, Hizkuntza Normalizazioaren eta Lan Arriskuen Prebentzioaren arloez ari gara.

Azken batean, unitate horietako langileek eskatutako proposamen landu eta arrazoitua da, eta, oro har, zutabe hauetan oinarritzen da:

  • Gizarte Ekintza Sailaren barruan, bereziki premiazkotzat jotzen dugu Haurren Zerbitzuan teknikari eta administrari gehiago egotea; izan ere, zerbitzu horrek aspalditik jasaten dituen gabeziek eta utzikeriak Aldundiak bere zeregina (Bizkaiko haur eta nerabeen eskubideak bermatzea) ganoraz betetzea eragozten dute. 
  • Teknikarien gabezi hori Zentroetako Arreta Zerbitzuan (desgaitasuna duten pertsonentzat zein mendekotasun-egoeran daudenentzat) eta Enplegua, Gizarte kohesioa eta Berdintasuna sustazeko Sailaren Esku-hartze Sozialeko Atalean ere ikus daiteke. Bertan, gero eta espediente gehiago kudeatzen dira, kasuen konplexutasuna handiagoa da eta erabiltzaileen itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira.
  • GUFEn zuzkidura handiagoa izateko eskaera, batez ere, ekipamendu batzuk sortzeari lotuta dago, hala nola, kudeaketa publikoko laguntza intentsiboa behar duten desgaituentzako zentro espezifiko bat, 12 urtetik gorako premia bereziak dituzten babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako etxe espezializatu bat edo premia bereziak dituzten 10-12 urteko adingabeentzako etxe espezializatu bat.
  • Berdintasun eta Hizkuntza Normalkuntza arloei dagokienez, gaur egun Berdintasuna sustatzeko Zuzendaritza Nagusian eta Euskara Zerbitzuan, hurrenez hurren, dauden lanpostu tekniko kopurua ikusita, gai horiek izan beharko luketen zeharkako izaera bideraezina da. Era berean, Foru Aldundiak berak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2018 Foru Arauaren edo Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2023-2027 Planaren bidez aldarrikatutakoaren aurka doa. Zeharkakotasuna nekez lor daiteke hori gauzatzeko behar besteko teknikaririk ez badago.
  • Lan Arriskuen Prebentzioaren arloari dagokionez, goian aipatutako zeharkako izaera izatetik urrun dago. 2025ean atal horretan egindako berregituraketak bideraezina egiten du Aldundia legez behartuta dagoen prebentzio-espezialitate gehienak modu egokian gauzatzea, langile tekniko gehiagorekin ez bada: prebentzioko goi-mailako teknikariekin eta psikologoekin. Eta horrek funtzio horien esternalizazio handiagoaren atarian jartzen gaitu, eta horren aurka gaude erabat.

Gure ustez, 2026rako langileen hazkundea ez da nahikoa, argi eta garbi. Hori dela eta, Bizkaiko Aurrekontu Orokorren izapidetze-aldi hau aprobetxatzen dugu Batzar Nagusien atea eta Etxanobek zuzentzen duen EAJ-PSEren Foru Gobernuaren atea jotzeko, proposamen hau aintzat har dezaten eta plantilla handitu dadin benetan eta modu justifikatuan behar duten unitateetan.

LABek enplegu publiko sendo eta kalitatezkoa defendatu eta sortzearen alde egiten du berriro, bai eta Bizkaiko beharretara egokitutako administrazio- eta zerbitzu-eredu eraginkor baten alde ere. 

[IRITZIA] Sindikalismo ekosozialista, ekintza klimatikorik ezaren aurrean

Jarraian irakur dezakezue duzue Martin Lallana Trantsizio Ekosozialeko arduradunaren iritzi-artikulua.

Krisi ekologikoaren larritasunak ez du ñabardurarik onartzen: hondamendi klimatiko itzulezin baten atarian gaude. Azken 30 urteetan etengabe hazi dira munduko CO2 isuriak. Nazioarteko dozenaka hitzarmen eta goi bilera egin diren arren, egungo politikek 2,8 graduko berotze globalera garamatzate, segurutzat jo daitekeen mugatik baino askoz gorago.

Egunotan, COP30 goi bileran konpromiso klimatikoei buruz hitz egiten ari dira. Zoritxarrez, baina, bestelakoa da errealitatea. Europako Batasuna lausotzen ari da 2040. urterako ezarriak dituen helburu klimatikoak, eta AEBek eredu fosila inposatzen dute muga zergen bidez. Gero eta herrialde, korporazio handi eta aktiboen kudeaketako enpresa gehiago ari dira ezabatzen beren planetatik isuriak nabarmen murriztea. Irabazi pribatuen eta lehiaren logika inposatzen ari dira, eta energia iturri fosilekiko menpekotasuna mantentzen.

Testuinguru horretan, LABek ohartarazi nahi du trantsizio energetikoa ez doala behar den abiaduran, ezta norabidean ere. Iparralde Globaleko lurralde den heinean, Euskal Herriak zerora murriztu beharko lituzke bere isuriak 2040rako, justizia klimatikoa onartuz eta nazioarteko desberdintasunak areagotu gabe. Azken hamarkadan, EAEko isuri zuzenak %9 murriztu dira, eta Nafarroakoek, berriz, %20 egin dute gora. Ipar Euskal Herrian isuri zuzenak %10 murriztu dira 2019 eta 2023 artean. Aurrerapenak eta atzerapausoak, baina oraindik beharrezkoa den abiaduratik urrun.

Hitz bik definitzen dute gure sistema energetikoa: fosila eta menpekoa. Euskal Herriko energia kontsumoaren %77 gasaren eta petrolioaren menpe dago, eta kanpoko energiarekiko menpekotasuna %87koa da. Erregai fosilekiko dugun menpekotasunarekin amaitzeko, beharrezkoak dira aldaketak ekonomiaren sektore guztietan. Petrolioaren %70 baino gehiago garraio sektorean metatzen da, eta gasaren ia %80 industrian, petrolioaren fintzean eta ziklo konbinatuko zentraletan. Energia kontsumoa nabarmen murriztu, prozesu fosilak elektrifikatu eta ekoizpen berriztagarria handitu behar dugu, eta horrek planifikazioak, jabetza publikoak eta langileen parte hartzea eskatzen du.

Garraioa da Euskal Herriko CO2 sortzailerik handiena: isurien eta energia kontsumoaren %35. Egungo azpiegitura politikak auto pribatuarekiko menpekotasuna indartzen du. Garraio publikoa ez da oraindik bideragarria eguneroko joan-etorri askotarako, eta enpresa eta erakunde publikoek ez dute betetzen lantokietara heltzeko planak egiteko duten betebeharra.

Industriak CO2 isurien %21 eta energia kontsumoaren %32 sortzen ditu. Enpresek deskarbonizazioaz hitz egiten dute diru laguntzak jasotzeko, baina eztabaidetatik baztertzen dituzte langileak eta sindikatuak. Automobilgintza sektorean enpresak plantillak murrizten ari dira, sektorea bere osotasunean nola berregituratu planifikatu gabe. Aldi berean, gero eta enpresa gehiagok egiten dute bat industria militarraren bultzadarekin.

Trantsizio energetikorako planifikaziorik ezak enpresa pribatuen eskuetan uzten du berriztagarrien ezarpena. Aldi berean, proiektu ugari ditugu behar dugunaren kontrako norabidean: Lamiakoko itsasadarren azpiko tunela, Loiuko aireportuaren handitzea eta Arasur datu zentroa, besteak beste.

EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak(2024) ez du behar adinako helbururik ezarri, eta ez du mekanismorik langileek eraldaketa produktiboan modu eraginkorrean parte hartzeko. Nafarroakoa (2022) anbiziotsuagoa izan arren, gobernuak ez ditu betetzen epeak, araudiak eta definitutako planifikazioa. Nafarroako Gobernuak ez du garatu egiteko konpromisoa hartu zuen Bidezko Trantsiziorako Estrategia.

Nafarroako Industria Legean (2025), LABen zuzenketa gehienak baztertu ziren. Zuzenketa horiek eraldaketen planifikazioa, proiektu industrialen jabetza publikoa eta deslokalizazioen aurkako legeria indartzea exijitzen zuten. Euskadi 2030 industria planak (2025) trantsizio energetikoaren diskurtsoa darabil betikorako: enpresak finantzatu, kontrol publikorik handitu gabe eta enpleguaren etorkizuna bermatu gabe. Bi kasuak aukera galdua dira trantsizio energetikorako.

Sindikatuon zeregina da Euskal Herriko ekoizpen eta kontsumo sistemaren eraldaketaren aldeko lehia. LABen lanean ari gara negoziazio kolektiboa deskarbonizazio planetara eramateko, automobilgintzan aurreikusitako eraldaketen gaineko informazioa exijitzeko, auto pribatuarekiko menpekotasuna murriztuko duten mugikortasun planak eskatzeko eta hitzarmen kolektiboetan eduki ekosozialetan aurrera egiteko. Bide hori lantokietako atal sindikalen parte hartzearekin, lanarekin eta mobilizazioarekin soilik egin daiteke.

Aspaldi utzi zion klima aldaketak urruneko arrisku izateari, eta duela urtebete Valentzian izandako tanta hotzak erakutsi zigun muturreko hondamendien aurreko erantzuna ere borroka sindikalerako eremua dela. Aurreikuspenen arabera, Euskal Herrian muturreko gertakari klimatikoak izango ditugu, hala nola uholdeak eta bero boladak. Sindikalismoak ezkutu klimatikoa izan behar du: prebentzio planak eguneratzeko eskatu, eta produkzioa gelditzeko eta lanpostua uzteko eskubidea baliatu.

Sinesgarritasun gero eta txikiagoa duten klimaren goi bileren eta gero eta handiagoa den larrialdiaren aurrean, tokian-tokian nazioarte mailan partekatutako estrategiak artikulatzen jarraitu nahi dugu. Modu ofentsiboan eta defentsiboan. Lantokietan, kaleetan eta erakundeetan. Patronalari aurre eginez eta langile klasearen enplegurako eskubidea defendatuz.

Bilbon bildu da Palestinaren Aldeko Europako Sindikatuen Sarearen koordinazio taldea

Atzo eta gaur artean, Palestinaren Aldeko Europako Sindikatuen Sarearen koordinazio taldearen bilera ospatu da Bilbon, LABek eta ELAk antolatuta. Topaketa hauetan CSC Belgikako Yves Hellendorff-ek, Forsa Irlandako Paul MacSweeney-ek, Herbereetako Mena Working Group FNV Eleonora Henriëtte Silvrants-ek, Galizako CIG-a ordezkatuz Amanda Rei eta Xose Luis Riverak, Irlandako Trade Union Friends of Palestine eta ICTU (Irish Congress of Trade Unions) ordezkatuz Caitlin NiChathail-ek, Norbegiako Fagforbundet-en ordezkari Ingunn Eriksen-ek, Andaluziako SAT-en ordezkari Maria José Lerak, eta taldeko koordinatzaile den Aneta Jerska-k parte hartu dute, LABen ordezkari Koldo Sáenz eta ELAren ordezkari Eider Azcunagarekin batera.

Atzo goizean LABen Bilboko egoitzan, Palestinaren Aldeko Europako Sindikatuen Sarearen bilera egin zen, non urtean zehar egindako lanen jarraipena egin zen eta aurrera begirako kanpainen definitu ziren. Arratsaldean, ELAren Bilboko egoitzan, goizeko saioari jarraipena eman zitzaion eta lan munduan Palestinari elkartasuna lantzeko erronken eta aukeren inguruan eztabaidatu genituen. LABen aldetik Martin Lallanak sindikatuaren trantsizio ekosozialerako arduradunak trantsizio proposamena azaldu zuen eta CAFeko LABen ordezkarria den Aitor Martinezek CAFen egindako lan guztia azaldu zuen. Nazioarteko gonbidatuek haien herrialdeetan egindako borrokak azaldu zituzten.

Gaur goizean, berriro ere LABen egoitzan, BDZarekin eta Gernika Palestinarekin bilera izan dugu, non nazioarteko gonbidatuek, Euskal Herrian bai Boikot, desinbertsio eta zigorren inplementazioan egiten ari garena nahiz Euskal Herrian Palestinaren aldeko gehiengo zabalak eraikitzearen alde egiten ari den lan guztiaren berri izan duten.

LABek arriskutsuak diren eta araudia betetzen ez duten makinak geldiaraziko ditu, eta zerbitzuz kanpo utzi

Ekintza sindikalerako gida berri bat sortu du LABek, makinek segurtasun bermeak bete ditzaten bermatzera begira. Laneko arriskuen atzean prebentzio legea betetzen ez dela gogoratu du sindikatuak, eta horretan patronala eta instituzioek eskutik helduta doazela salatu du. 

Langileen bizitza eta osasuna bermatzeko bere etengabeko ahaleginean, protokolo berri bat sortu du LABek, enpresetako makinek segurtasun bermeak eman ditzaten sortua eta langileek ekintza sindikalaren bidez hori betearazi dezaten pentsatua. Prebentzio legea ez betetzeagatik sortzen diren lan-istripu askoren artean harrapatzeak dira ohikoenak, eta halakoak ekiditeko sortu dute gida, Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak azaldu duenez. 

“Ez du txosten teknikoa izan nahi, nahiz eta oinarri tekniko sendoa duen; ez du txosten juridikoa izan nahi, nahiz eta berme juridikoak ere eskeintzen dituen. Protokolo hau ekintza sindikala erabiliz lan osasun eskubideak bermatzeko gidaliburua da”, azaldu du Iriartek. 

Prebentzio delegatuei zuzendutako gida da, eta, oso modu errazean, hainbat urrats proposatzen ditu helburu batekin: enpresak makina egokitu dezala segurtasun bermeak eskaintzeko, arauak agindutako epeak betez.

1215/1997 Errege Dekretua du oinarri gidak. Izan ere, dekretu horrek makina zaharrak eta berriak barnebiltzen ditu, eta gutxieneko segurtasun bermeak zein diren zehazten. Horrez gain, IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren antzeko ekintza sindikala proposatu du LABek. Segurtasunari lotutako atalak betetzen ez badituzte, neurriak hartzen joango dira langileak, eta falta larriak baldin badude, alde bakarrez makinak geratuko dituzte. 

Honako hauek izango dira urratsak:

  • Ordezkariak makinari kontrol-zerrenda egingo dio, eta, arriskuen arabera, enpresari dokumentuak igorriko dizkio.
  • Enpresari 15 eguneko epean makinaren dokumentazioa eta manualak emateko eskatuko zaio.
  • Kontrol-zerredak arriskuren bat azaleraten badu, arriskuen komunikazoa erregistratuko dute langileek, konpontzeko 15 eguneko epea emanda. Epe hori igarota enpresak makina egokitu ez badu, langileek salaketa jarriko dute Lan Ikuskaritzan. 
  • Arriskuaren larritasuna nabarmenagoa bada, edo aurreko epeak agortuz gero, Lan Ikuskaritzari legearen 44. artikulua ezartzeko eskatuko zaio, eta, hala, ikuskaritzak urgentziazko prozeduraz makinaren gelditzea gauzatuko du.
  • Kasurik larrienetan, alde bakarrez, ordezkari sindikalak edo langile batzordeak 21.artikuluaren prozedura ezarriko dute, eta makina geldiarazi eta zerbitzuz kanpo utziko dute. 

Urratsak progresiboak izango dira, eta Lan Ikuskaritzaren aurrean dokumentatuak, langileek segurtasun berme guztiak bete dituztela frogatzeko. Prozedura Lan Ikuskaritzarekin landuta eta kontrastatuta dago.

Oinarrian, prebentziorik eza

Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduradunak lan osasuna “lehen lerroko auzia” sela nabarmendu du. “Egunero gaixotzen da langileria lanean, baina gehien-gehienei ez diete onartzen gaixotasun horien jatorria lana dela. Egunero dozenaka lan istripu gertatzen dira, eta, zoritxarrez, askok ondorio larriak dituzte: lesio oso larriak edo langileen heriotza eragiterainokoak. Horien artean nabarmentzen dira erorketak eta harrapatzeak, gehienbat eraikuntzan; azken urteetako datuek hori erakusten dute”, azaldu du. 

Istripuok, nagusiki, prebentzio legea betetzen ez delako gertatzen dira, Muniozgurenek gogoratu duenez: “Prebentzio ezaren arazoa ez dugu sindikatuok bakarrik seinalatu. Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako txostenak argi adierazten du enpresen %80ak ez duela betetzen prebentzio legea”. 

Hori horrela izanik, prebentzio legea zergatik ez den betetzen azaldu du Muniozgurenek. Batetik, patronalak erantzukizunek ez duela hartzen eta helburua “langileon osasunaren kontura mozkinak handitzea” duela salatu du. Eta, bestetik, instituzioek prebentzio neurriak bete daitezen behar besteko indarrik ez dutela egiten deitoratu du. “Hori agerian geratu da mutuei eskumenak handitzeko hartu diren neurrietan: Espainiako Gobernuak jada onartu du kontingentzia arrunten kontrola eta artapena mutuen esku uztea, eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua lege hori garatzeko akordioak lortzen ari dira. Horrekin urrats bat gehiago egin da langileon lan osasuna esku pribatuetan uzteko, etekin ekonomikoak lehenetsiz osasun irizpideen gainetik”, azaldu du. 

Lan Ikuskaritzaren egitekoa ere aipatu beharrekoa dela gogorarazi du: “Beharrezkoa da ikuskari kopurua handitzea eta lana eraginkortzea, baina erabaki politiko ausartak behar dira; Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, patronalari ez diote aurre egin nahi. Ondorioz, patronala eta instituzioak elkarren besotik doaz berriro”. 

Finean, absentismoaren inguruko oldarraldiek eta mutuei eskumen gehiago emateak helburu garbia dute, Muniozgurenen arabera: “Langileak, gaixorik edo ondoezik badaude ere, lanera joan daitezen”. 

Etxebizitzaren inguruko premiazko arautegia onartuta, deriba autoritarioan sakondu dute EAJk eta PSEk

Ekainean lege dekretua aurkeztu zutenean LABek adierazi bezala, neurri sorta honen bidez eraikuntza ziklo berri bati hasiera eman nahi dio Jaurlaritzak. Etxebizitzaren negozioa hauspotu eta prezioak igotzea besterik ez dutela lortuko salatzen du sindikatuak.

Etxebizitzaren problematikari erantzuteko premiazko neurriak iragarri zituzten ekainean EAJ eta PSEk. Gaur, hamaika eragileon proposamen eta kritikei entzungor eginda, araubidea onartu dute bi alderdiek haien gehiengo osoa baliatuta. Gutxieneko soldataren eta pentsioen Herri Ekimen Legegileekin egin bezala, oraingo honetan ere patronalaren aldeko politikak egitea hobetsi dute, langileon interesei eta beharrei bizkarra emanda.

Gaur onartutakoak, haien haien buruei egindako zuzenketa txikiekin bada ere, hasieratik iragarritakoa lege bilakatu du. LABek proposamenak aztertu eta txosten batean jaso zituen ondorio nagusiak, bi ideia nagusi azpimarratuz:

Lehena, neurriokin eraikuntza ziklo berri bati ekin nahi zaiola, betiere, etxebizitzaren negoziotik elikatzen direnen etekinak bermatu eta areagotzeko helburua jarrita. Horri erantzuten diote Lurzoru Legean proposaturiko babestutako etxebizitzen kopurua jaisteko proposamenak edota hainbat prozedura azkartzeko egindako hamaika aldaketak. Etxebizitzen prezioa goranzko joera etengabean dagoenean etxeak eraikitzea ez dela errentagarria diote. Baina galdera da zenbateko errentagarritasuna bermatu nahi zaien dagoeneko etekin izugarriak metatzen dituzten horiei.

Bigarrena, LABen iritziz, eraikuntza ziklo berri honek prezioetan eragina izango badu, goranzko joera areagotzeko izango da. Merkatu librean salduko diren etxe berri horiek noren esku geratuko dira, egun etxebizitzarekin negozioa egitea ekonomia produktiboan inbertitzea baino errentagarriagoa bada?

Norabide horretan, argigarria da Denis Itxasok alokairu eskuragarria sustzeko eraikuntza enpresei bitan ordaintzeko prest egotea. Lehenik, lurzoru kontsezioa egin eta babestutako etxeak eraikitzeko, eta, ondoren, alokairu eskuragarriaren formularen bidez, bestela eraikitzeko promoziorik egongo ez dela argudiatuta. Zalantzarik gabe, patronal inmobiliarioa pozik egongo da etxebizitza kontseilariarekin, diru publikoa erabiltzen ari baita negozioa errentagarriagoa izan dadin.

Era berean, kezkagarria da prezioak jaisteko inolako neurririk hartu ez izana eta maizterrak babesteko politikarik egin ez izana. Deskalifikatuko diren etxebizitzak berreskuratuz parke publikoa handitu beharrean, eraikuntzaren logikara mugatu nahi du Jaurlaritzak. Gainera, neurri sortaren onarpena prestazioetan, eta DSBEan zehazki, murrizketak aplikatzeko baliatu izana larria da.

LABek etxebizitzak negozioa izateari utzi behar diola aldarrikatzen du, eta horretara bideratzen jarraituko du bere ekintza soziosindikala, langileak antolatuz eta administrazioak egin nahi ez duena eginez: prezioak jaisteko borrokari ekinez, kontratuz kontratu ekintza sindikala garatuz eta egiturazko politika eraginkorrten eta errealen aldeko presioa areagotuz; besteak beste, aurrekontua handitu dadin, alokairu soziala lehenetsi dadin, prezioak jaitsi daitezen, negozioa mugatzeko erabakiak hartu daitezen eta maizterren eskubideak defendatzeko konpromisoa har dadin.

LABek administrazioan euskararen egoera gaztelerarenaren pare jartzeko exijitu du Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko Eusko Legebiltzarraren batzordean 

LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Esko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea aldaketa aztertzeko osatutako batzordean. Administrazioaren euskalduntzearen egoeraz eta horren aurkako oldarraldi judizialaz egiten duen azterketa aurkeztu du sindikatuak, eta administrazioa euskalduntzeko paradigman jauzi egin beharra aldarrikatu du. Batzordeak eskatuta agerraldi bana egin dute Euskotreneko LABeko sail sindikalak, batetik, eta LABeko nazio ordezkariek, bestetik.

Agerraldiotan administrazioa euskalduntzeko paradigma eraldatu beharra aldarrikatu dute. Orain arteko ikuspegi nagusia izan da administrazioa erabat gaztelera hiztuna dela, eta euskarari arreta zerbitzuetan bere txokoa eskaintzearekin nahikoa dela. Ikuspegi horrek gidatu du administrazioaren azken hamarkadatako euskalduntze prozesua. Zalantzarik gabe, asko da norabide horretan aurreratutakoa, nagusiki eragile eta herritar euskaltzaleen bultzadaz, baina aipatu ikuspegia eraldatu ezean inboluzioaren arriskua dagoela ohartarazi du LABek agerraldiotan.

Inboluzioaren sustatzaile nagusietakoa, une honetan, azken urteetan areagotu den oldarraldi judiziala dela salatu du LABek. Irizpide zeharo arbitrarioetan oinarrituta, epaileak euskararen aldeko aurrerapauso berriak desproportzionatuak eta diskriminatzaileak direla ebazten ari dira. Horrela, dozenaka dira epaileen aginduz bertan behera geratu diren lan-deialdi publikoak eta erabaki instituzionalak. Hori guztia kolokan jartzen ari da administrazioaren euskalduntzea, eta ez soilik epaietan auzipetu diren lan-deialdi zehatz horiek. Hurrengo lan-deialdiak edo euskararen aldeko bestelako edozein neurrik epaitegietan buka dezakeen beldurrez, administrazio askotan atzerakada larriak egiten hasiak dira.

Oldarraldiari erantzuteko eta administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko, eraldaketa sakona aldarrikatu du LABek Eusko Legebiltzarrean. Hasteko, legea aldatuz, segurtasun juridikoa eskaintzeko prozesu horri. Bestetik, bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, euskara gazteleraren maila berean kokatzeko, administrazio osoko lanpostu guztiei hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzea exijitu du. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat geroratze-indize bat egotea onartzen du LABek, eta euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatu ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia irauliz, administrazio osoa euskalduna izango da eta hortik behera baloratuko dira salbuespenak eta luzapenak.

LABek babestu duen paradigma horrek EH Bilduk aurkeztu duenarekin bat egiten duenez, sindikatuak positiboki baloratu dugu haren proposamena. Aldiz, EAJk proposatu duen egungo derrigortasun-indizearen desagerpena oso kezkagarritzat jo du. Izan ere, balizko aldaketa horrek ez du ezer konponduko eta ez du ziurtasun juridikorik emango. Alderantziz, derrigorrezko erreferentzia kuantifikagarririk gabe, epaitegien eta arduradun instituzional batzuen arbitrariotasuna handiagoa izango dela salatu du LABek. 

Langileentzat autodefentsarako tresnarik eraginkorrena sindikalismo feminista dela aldarrikatuko du LABek azaroaren 25ean

Euskal Herri osoan mobilizatuko da LAB Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Mobilizazio propioak egingo ditu goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, instituzioek eta patronalek dagokiten ardura har dezaten eskatzeko, eta mugimendu feministaren deialdiekin bat egingo du arratsaldean. 

Sindikalismo feminista aldarrikatuko du LABek azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 11:00etan: Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean; Donostian, Eusko Jaurlaritzaren aurrean; Iruñean, Gazteluko plazan; eta Gasteizen, Lan Delegaritzan. 

Indarkeria matxistak egunerokoan lan eremuan hartzen dituen formak gurutzatuta daude prekaritatearekin eta botere harremanekin. Argi ikus daiteke, ordea, zein helduleku gutxi eta zenbat oztopo dauden halako egoerei aurre egiteko, erasoak salatzen direnean ez delako neurririk hartzen, edo, neurri zigortzaileak hartu bai, baina erasoa salatzen duen pertsonaren erreparaziorako inolako neurririk ez delako hartzen. 

LABek uste du garaia dela indarkeria lehen malako arazo politiko eta sozial moduan har dadin. Eta, era berean, indarkeria matxistari aurre egiteko, sindikalismo feminista proposatzen du langileentzatko autodefentsa tresna gisa. Instituzioen eta patronalaren hipokrisiaren aurrean, borroka feministaz indarkeria patriarkalari aurre egiten jarraitzeko deia egin du LABek, indarkeria matxistaren aurrean sindikalismo feministari eragiten jarraitzekoa.

Nola? Bada, enpresaz enpresa borrokatuko du, eta instituzioek eta patronalek dagokiten ardura har dezaten presio egingo du. Eskaera zehatzak ere egingo ditu sindikatuak, indarkeria matxistaren inguruko formazio eta diagnostiko errealak egin daitezen. Eta, era berean, lantokietan aske izateko ahalik eta espazio seguruenak eraikitzeko lanean jarraituko du, eskura ditugun baliabide eta estrategia feministak partekatuz eta hedatuz.

Goizean nola, arratsaldean eta iluntzean ere mobilizatzeko deia egingo du LABek, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo dituen mobilizazioetara batzekoa.