2026-10-28
Blog Page 7

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

LABentzat, PISA txosteneko emaitzek agerian utzitako datu batzuk ezin dira, sailburuak egin duen bezala, beste herrialde batzuetako emaitzen okertze orokorrarekin justifikatu. LABen iritziz, PISA txostenean eta ebaluazio diagnostikoan atera diren emaitzak ondo aztertu behar dira, ezagutza esanguratsuetan oinarrituriko ikaskuntzen ebaluazio jarraituak ematen dizkigun ebidentzia guztiekin batera. Kezkatzeko aldagai batzuk egon badaude eta emaitza kaxkarren atzean askotariko faktoreak dauden arren, sindikatuarentzat lau dira lehentasunez heldu beharreko erronkak: euskara gaitasunak indartzea eta murgiltze ereduan sakontzea, baliabideak eta neurriak, segregazioari aurre egiteko neurriak eta digitalizazio ereduaren inguruko errotiko aldaketa.

Euskara larrialdi-egoeran dagoela kontuan hartuta, LABek larritzat jo zuen du Jaurlaritzak gure herriaren hizkuntza babesteko, erabilera sustatzeko eta gaitasuna indartzeko neurriak lehenetsi beharrean murgiltze-eredua emaitzen erantzule egitea. LABek gogorarazi du EAJk eta PSEk Hezkuntza Legearen bidez hizkuntza-ereduak gainditzeko aukera baztertu zutela. PISAren emaitzen inguruko eztabaidan, LABen ustez, EAJren zor politikoei men eginez, euskararen aurkako diskurtsoak hauspotu zituzten modu arduragabean. Horren adibide izan ziren, Ibone Bengoetxea hizkuntza-politikako arduradunaren eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren adierazpenak, azken horiek Eneko Anduezak txalotu baitzituen.

LABen iritziz, ezinbestekoa da murgiltze-eredua orokortzea eta euskara gutxien duten horiei baliabide gehiago eskaintzea. Ildo horretan, eta euskarak bizi duen egoeraz jabetuta, LABek hizkuntza indartzea erdigunean kokatu zuen 2025eko greba-dinamikan. Horretarako, hainbat neurri eta baliabide negoziatu eta adostu zituen, besteak beste, EUSLE programaren hedapena, Hizkuntza Indartzeko Irakasleak eta Hizkuntza Normalkuntzako koordinatzaileak. LABentzat, neurri horiek ezinbestekoak izan ziren akordioa ixteko. Hala ere, sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak ez dituela akordioan jasotako konpromiso guztiak osorik garatu. Horrenbestez, adostutako neurri eta baliabide guztiak lehenbailehen ikastetxeetan ezartzeko eskatu dio Sailari, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko.

Iragarritako neurrien artean, irakurketari egunean gutxienez 30 eta 55 minutu artean eskaintzea erabaki du Hezkuntza Sailak, ikastetxeetako zuzendaritzei joan den astean bidalitako aginduaren bidez jakinarazi bezala. Era berean, zenbait mailetako ikasleen irakurketa- eta idazketa-gaitasunak ebaluatuko dituzte. Lehen Hezkuntzako 2. mailako irakurtzeko zailtasunak goiz identifikatzeko tresna jarriko dute martxan; 2026-2027 ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek frogak egingo dituzte; eta DBHko 1. mailako ikasleengan 2027-2028ko ikasturtean ezarriko da identifikazio goiztiarreko tresna.

LABetik iragarritako neurri hori euskarazko irakurketa-idazketa prozesua indartzeko neurrien artean kokatuko genuke, izan ere, euskara gaitasunetan sakontzeak ekarriko du gainerako konpetentzietan hobetzea. Alta, ezinbestekoa deritzogu neurriaren ezarpena alde sozialarekin adostea , eta neurri hauek modu egokian aplikatu ahal izateko, LABek ikastetxe guztietan baliabide gehigarriak eskatzen ditu.

Bestalde, segregazioari heltzea ezinbestekoa da, LABen iritziz. Tamalez, iazko ikasturtean sindikatuon erabateko kontrakotasunarekin Hezkuntza Sailak diagnostikoaz gain erantzun egokirik eman gabe itxi zuen segregazioari aurre egiteko mahaia. Are gehiago, Jaurlaritzak marketing-erako erabili zuen 2025eko irailean irekitako markoa. Izan ere, LABen iritziz hezkuntza sistemaren egungo antolaketa duala goitik behera eraldatu behar da, eskola-planifikazioan egiturazko erabakiak hartu behar dira, familien erabakitze ahalmena ezin da kohesio sozialaren gainetik egon eta egoera zaurgarrian dauden ikasleei baliabide eta neurri gehiago eskaintzea ezinbestekoa da.

Digitalizazioari dagokionez, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Imanol Pradales lehendakariak azken adierazpenetan diskurtsoa aldatu badute ere, orain arte Hezkuntza Sailak irmoki defendatu izan du ikasgeletan gailu digitalak erabiltzea, haien erabilera pedagogikoa argudiatuta. LABek, ordea, urteak daramatza gailu digitalen gehiegizko erabileraren inguruko kezka plazaratzen eta horri buruzko hausnarketa pedagogikoa eskatzen.

Urrun joan gabe, iazko ikasturtearen hasieran, Next Generation Europako funtsen bidez finantzatutako 159,03 milioi euroko inbertsioaren harira, Hezkuntza Sailak gailu digitalak ikastetxeetan modu neurrigabean eta derrigorrez ezartzeko emandako jarraibideak kritikatu zituen sindikatuak. Orduan ere, LABek agerian utzi zuen beharrezkoa dela teknologia horiek ikasleengan duten eragin pedagogikoa aztertzea.

Sindikatuaren ustez, eztabaida ez da teknologia berriak erabiltzearen alde edo kontra egotea. Gakoa da ikasleak gailu digitalen erabileran ahalduntzea eta pertsona kritikoak heztea, teknologia modu egokian erabiltzeko eta eguneroko ikaskuntza-prozesuan lagungarria izan dadin.

Beraz, hezkuntzak dituen erronkei erantzuteko, ezinbestekoa da euskarazko gaitasuna indartzeko baliabideak bermatzea, ikastetxeak behar dituzten baliabideez hornitzea, segregazioari aurre egitea eta teknologia hezkuntza-helburuen zerbitzura jartzea.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

2023ko urrian Netanyahuk Gazako zerrendan genozidioa beste izenik merezi ez duen eraso eta suntsiketa sistematikoak abiatu zituen, eta proiektu sionistek urte luzez aurrera eramandako palestinar lurraren okupazioa eta eskubide urraketa kontaezinak are muturrerago eraman zituen. Geroztik, milaka eta milaka izan dira hildakoak, zaurituak, etxerik gabe geratu direnak, jatekorik gabe…

Hiru urte igarota, Gazan ez ezik, Zisjordanian ere egoera okerrera egiten ari da. Israelgo Armadaren nahiz kolonoen partetik erasoak eta mehatxuak egunero-egunero errepikatzen dira, eta estatu sionista indarrez lurrak bereganatzen ari da etengabe. Hori guztia, nazioarteko potentzia inperialisten babesarekin eta munduko gobernuen pasibotasunak ahalbidetuta.

LABek elkartasun internazionalista lantzen eta langileak ildo horretan antolatzen segiko du, eta Palestinako herriaren okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen du. Sindikatuak premiazkotzat jotzen du hemengo instituzio, alderdi politiko eta patronalek ere dagokien erantzukizuna beren gain hartzea eta, herritarren eta langileen eskariari jarraikiz, nazioarteko zuzenbidea aplikatuz basakeriak aurrera segi dezan galaraztea eta Israelekin harremanak etetea.

Era berean, Ekialde Hurbilean nahiz handik kanpo, gerrak ugaritzen ari dira,kapitalak erabaki duelako hori dela bere hegemonia mantentzeko bide bakarra. Gainera, ezegonkortasunak markatutako nazioarteko testuinguru batean bizi gara. Gatazkak ugaritu egiten dira, gerrak luzatu, langile klasearen prekarizazioa areagotu egiten da eta eskuin muturra indartzen ari da. Testuinguru horretan, ez da zaila logika global bat antzematea: kapital metaketa eta hegemonia geopolitikoa maiz herrien bizitzaren eta ongizatearen gainetik inposatzen dira.

Testuinguru horretan, are garrantzi handiagoa hartzen du elkartasun internazionalistak. Herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, genozidioen eta esku hartze inperialisten aurka egingo du LABek,eta, langile klase eta herri gisa, munduko herri guztien askatasunaren alde egingo du.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egin du Gernika-Palestinak “Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!” lelopean ostegunerako udaletxeen aurrean deitutako elkarretaratzeekin, eta euskal langileei horietan parte hartzeko deia egiten die.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Tamalez, CCOOk berriro ere bere zentralismoa mahaira ekarri eta euskal langileei beren baldintza propioak negoziatzeko aukera bahitzeko apustuari heltzen dio, bestelako esparruetan mahai negoziatzaileak ez irekitzeko konpromisoa patronalarekin adostuz. Herrialdeko hitzarmenik ez duten langileak dira erabaki honekin kaltetuen geratzen direnak, Arabakoak eta Nafarroakoak, kasurako. CCOOk langileen negoziazio eskubideen kontra egiten jarraitzen du.

CCOO eta UGTren estatuko negoziazio ereduak, gure gizarte eta lan errealitatetik aldentzeaz gain, pobretu egiten gaitu; izan ere, langileen lan eta bizi baldintzetan ez du hobekuntzarik ekarriko.

Grafikagintzako akordio hau marko estatalaren gabezien adibide argia da:

  • Ez du eros-ahalmena bermatzen, igoera mugatuta dagoelako.
  • Lanaldia 1760 ordutik 1752ra jaisten da. Ez da nahikoa, inondik ere.
  • Hainbat esparru legedia betetzera mugatzen dira.
  • 2027ko soldata tauletan, gutxienez 6 kategoria (18tik), Euskal Herriko langileriaren gehiengoak exijitzen duten 1500eko gutxieneko soldatatik urrun daude.

Sektorean dauden Bizkaia eta Gipuzkoa herrialdeetako hitzarmenetan jasotako baldintzetatik oso urrun dago, eta asko aldentzen da, oro har, industriako gainerako hitzarmenetatik.

LABek lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua sortzeko baldintzak indartzen jarraituko du. Izan ere, hori da hemen lan egiten dugunok hemen erabakitzeko eskubidea bermatuko duen markoa, Euskal Herrian dugun errealitate sozialak eta sindikalak ahalbidetzen baitute hemen baldintza hobeak eskuratzea.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.

Salbuespena Bai Esaneko (Suteak Prebenitu eta Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuarenkomunikazio zentroko) operadoreentzat ezarri zuten. Haiek bai, beren lantokia mantendu dute, oraingoz behintzat (modu alegal batean daudela argi utzi dieten arren Donostiako Suhiltzaile Zerbitzutik), baina guardia-buruaren faltak beraiei ez dagozkien erantzukizunak hartzera behartzen dituzte, 2023. urtearen aurretik zegoen prekaritate-egoerara itzuliz eta herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitateari kalte eginez.

Gertakari hau, azken bi legealdietan eramandako kudeaketa politiko okerren amaierako ondorioa da. Izan ere, azken zortzi urteetan zerbitzua noraezean egon da eta ez da Donostiako Zerbitzuarekin elkarlana garatu.

Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko langileok beti sinetsi izan dugu bi suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazioa eta elkarlana ezinbestekoa dela. Sinetsi bakarrik ez, helburu hori lortzeko kontaezinak diren proposamen eta ekimenak bultzatu dira. Foru Aldundiko teknikariek ondorengoak proposatu eta bultzatu dituzte, besteak beste:

  • Gipuzkoa Babestu 2030 plana diseinatzea, Gipuzkoa osoko larrialdien ikuspegi integralarekin.
  • Donostiako Zerbitzuko suhiltzaile etxean bi zerbitzuentzako zentral bateratua diseinatu, sortu eta eraikitzea.
  • Bateratze operatiboa ahalbidetzeko aurrera pausuak ematea (bi zerbitzuentzako irrati sare digital berria, kudeaketa operatiborako prozedura partekatzea, eta abar.)
  • 2023-2027ko legealdiko Plan Estrategikoaren bitartez, Aritzetako parke berriarekin zerbitzu osoagoa eskaintzea Donostialdeako hiritarrei, baita Donostiako hiriko biztanleei ere, lankidetza operatiborako aukera berriak aztertuz.

Aipatutako ekimen tekniko hauek, ordea, muga aurkitu dute kudeaketa politikoan. Zoritxarrez, saiakera hauek guztiak ezerezean gelditu dira arduradun politikoen kudeaketarako gaitasun edota borondate ezagatik.

Azken atzerapausoa berriki aipatutako ofizial guardia-buruaren kaleratzea izan da. Hitzarmenaren iraungitze data aspalditik ezaguna zen arren, arduradun politikoak ez dira gai izan akordio batera iristeko. Kudeaketa falta honen ondorioak argiak dira eta herritarren segurtasunean eragin zuzena dute. Gaur egun, Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko guardia-buruak ezin du lana komunikazio zentraletik egin, eta horrek eragin larria du zerbitzuaren funtzionamenduan.

Gertakari hau 2026ko otsailaren 26an Batzar Nagusiek Foru Aldundiko eta Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko lanean jarraitzea eskaeraren kontrako norabidean doa.

Ebazpen berdinean Bidasoako Parkeko Suhiltzaileen Zerbitzuak estaltzen duen eremuaren arreta indartzea eskatu zen. Berriz ere, landutako proposamen teknikoek muga aurkitu dute kudeaketa politikoan.

Guzti honengatik, egoera honetara ekarri gaituzten azken urtetako gertakariek sortu diguten kezka eta egonezinetik abiatuta, benetako zerbitzu publikoan oinarritutako larrialdiei erantzuna emateko sistema integratu batean sinesten dugulako, ondorengoa eskatzendugu:

  • Bi administrazioetako arduradunen erantzukizun politikoa argitzea eta betetzea.
  • Berehalakoan guardia-buruak komunikazio zentralean lantoki bat edukitzea, zerbitzuaren funtzionamendu eraginkorra berreskuratzeko.
  • Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxearen edukiera agortuta dagoela argudiatu dutenez, ezinbestekoa da gure komunikazio zentrala, BaiEsan, eta guardia-buruaren bulegoa, Aritzetako etorkizuneko 9. parkeko ingurura lekualdatzea, hau eraiki eta zentral bateratua hartuko duen espazioa eduki arte.
  • Aritzeta inguruko beharrezko egokitzapenak egin bitartean, Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxera itzultzeko aukera izan behar dugu gure komunikazio zentrala den BaiEsan han dagoenez gero, handik kanporatuak izan aurretik geneuzkan baldintza berberetan. Hau da, bulego berean edo, bestela, gure komunikazio-zentrala den BaiEsanekin harreman zuzena izateko aurretik genituen baldintza berak bermatuko dituen beste bulego batean egon behar dugu, zerbitzuaren operatibitateari kalterik ez eragiteko.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuaren 9. dotazio bat izatea, Donostialdea artatuko duena eta Oarsoaldeari laguntza emango diona, Aritzeta inguruan kokatutako behin-behineko parke batetik jardunez, 9. parkea eraiki arte.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun sailen plantilla handitzea eta zerbitzu horiek biltzeko egoitza espezifiko bat eskatzen dugu

2025eko urrian, LABen atal sindikaletik 2026ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko proposamena egin eta zabaldu genuen langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) aurrekontu horietako Pertsonalari buruzko kapituluan finkatutako aldaketak baloratu ondoren, iritzi genion plantillaren egungo estaldura ez zela nahikoa zenbait unitatetan, non lehentasunezkoa eta premiazkoa baita langile-hornidura handiagoa izatea, batez ere gizarte-zerbitzuen arloan. Ez bakarrik barneko kudeaketa administratiboaren ikuspegitik, baita zerbitzu publiko eraginkor, kalitatezko eta Bizkaiko herritarren beharretara egokitutako baten ikuspegitik ere.

Paradoxikoki, gizarte arloko aurrekontu politika hau ez dator bat Elixabete Etxanobek zuzentzen duen EAJ-PSE foru gobernuak berak ezarritako helburuekin. Gobernu horrek Bizkaia denontzat 2023-2030 aginte-planaren barruan Bizkaia sozialki aurreratua ardatzaren garapena ezartzen du, zerbitzu publiko unibertsaletan eta kalitatezkoetan oinarritua, desberdintasunak murrizten eta gizarte-kohesioa indartzen laguntzeko. Ardatz horren azpian, kolektibo ahulenei zuzendutako jarduera multzo bat hedatzea aurreikusten da, desgaitasuna duten pertsonen autonomia indartzeko, sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, gizarte-bazterketako pertsonei eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei arreta emateko.

Bada, gaur egun (2026ko irailean; hau da, foru-sailek hurrengo ekitaldirako aurrekontuak itxita dituztenean), oraindik ere ikusten dugu gizarte-zerbitzuen arloko baliabide material eta pertsonal nahikorik ez dagoela. Azken batean, guztiz eskuraezina iruditzen zaigu Bizkaia sozialki aurreratu hori, baldin eta, aldi berean, dagokion administrazio-zerbitzuak duintasunez betetzeko behar diren baliabideez eta plantillaz hornitzen ez bada.

Jarraian, labur-labur aipatuko ditugu gabezia horietako batzuk, eremu horren zuzeneko kudeaketaz arduratzen diren bi foru-sailen barruan: Gizarte Ekintzako Saila, batetik; eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustazeko Saila, bestetik.

  • Ugaskoko Haurren Zerbitzua:

– Teknikariak (psikologoak eta gizarte-langileak). Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen kopuru handi baten aurrean plaza tekniko gutxi betetzea, zerbitzuak bermatu beharko lituzkeen konfidentzialtasunarekin eta segurtasunarekin bat datozen beste bulego batzuetan birkokatzea, neurri psikosozialak kanpoko ikuskapen-programa gisa eta jasaten dituzten erasoen aurka, eta erakunde desberdinen arteko mahai bat sortzea arazo horri aurre egiteko.

– Administrariak eta langile administrazioko teknikariak: plaza gutxiegi hornitzea, lan-karga handia dagoelako eta teknikarien eta administrarien arteko koordinazio-figuraren bat behar delako.

  • Ugaskoko Desgaitasuna duten pertsonentzako zentroen Atala:

– Teknikariak (psikologoak eta gizarte-langileak). Plaza teknikoen eta baliabideen estaldura ez da nahikoa, zentro horietan itxaron-zerrenda handia dagoelako eta baliabideak gainezka daudelako. Hirugarren sektoreko elkarteen babesaren ondorioz, kolapso-egoera hori moteltzen ari da.

  • Ugaskoko Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako zentroen Atala:

– Teknikariak (gizarte-langileak). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, gero eta kasu konplexuagoak daudelako, larrialdiko kasuak gero eta gehiago kudeatzen direlako eta egoitzetan eta eguneko zentroetan plaza gehiago daudelako.

  • Urkixo zumarkaleko Esku-hartze Sozialerako Atala:

– Teknikariak (gizarte-langileak). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, esleitutako kasu kopuru handia eta kudeatutako plaza kopurua gero eta handiagoa delako.

  • Urkijo zumarkaleko Indarkeria Matxistaren aurkako Babes Zerbitzua:

– Teknikariak (gizarte-langileak/psikologoa). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, esleitutako kasuen kopurua gero eta handiagoa delako, dauden bi Arreta Zentroen kudeaketa urgentziazkoa zein krisikoa delako, Bizkaian genero- eta sexu-indarkeria egiaztatzeko organo gisa egindako enkarguagatik lan-gainkarga dagoelako eta egoitzako baliabideen plaza kopurua handitu delako.

– Administrariak: plaza gutxiegi hornitzea, lan-karga handia dagoelako eta teknikarien eta administrarien arteko koordinazio-figuraren bat behar delako.

  • Uribitarteko Desgaitasunaren baloraziorako eta orientaziorako Atala:

– Administrariak eta administrazioko teknikariak. Lanpostu-estaldura ez da nahikoa lan-kargaren bolumen handiaren aurrean; oso espazio mugatuaren barruan dago, eta ez du plantilla birdimentsionatzeko balio, eta ingurumen-baldintza negargarriak ditu. Espazio fisikoaren gabezia horren froga garbia da aurreko aurrekontuetan onartutako plaza tekniko bat ez sartzea.

Amaia Antxustegik eta María Teresa Laespadak zuzentzen dituzten foru-sailetan antzemandako gabezia horiek direla-eta, premiazkoa da plantilla handitzeko moduko erantzuna ematea; izan ere, unitate horietako batzuetan defizit hori aspalditik dago. Gainera, unitate horiek ez dira egokitu ez arau-aldaketetara, ez Bizkaiko gizartearen eskaera gero eta konplexuagoetara.

Aipatutako bi sailburuei zuzenean eskatzen diegu zezena adarretatik heltzeko eta aipatutako unitateetan plantilla handitzeko aurrekontuei ekiteko, argi baitago ez dagoela langile nahikorik. Foru-aldundietako gizarte-zerbitzuek aurrekontu-loturarik gabeko sailetako diagnostikoak egiteko duten xedea zerbitzuaren agonia eta prekarizazioa luzatzea da. Eta, era berean, BFAk bere Bizkaia denontzat 2023-2030 agintaldi-planean hartutako konpromisoak ez betetzea.

BFAren gizarte-zerbitzuen egoitza espezifiko berri baten beharra.

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak 2025eko uztailean La Casillako proiektu berria iragarri aurretik, LABek proposamen bat egin zuen BFAren Egoitzen Planaren gainean. Proposamen horretan funtsezkotzat eta premiazkotzat jotzen genuen Gizarte Ekintzako, eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailen egoitza guztiak Bilboko zentro espezifiko bakar batean bateratzea; irisgarria eta herritarren beharrei erantzungo diena.

Egoitza zentralizatzaile horrek amaiera emango lioke zerbitzu horien guztien sakabanaketa historikoari, tradizionalki zuzeneko arretarekin lotura argia izan baitute eta, hala eta guztiz ere, baldintza onenak nekez bildu diren lantokietan kontzentratuta egon baitira. Horietako batzuetan, gainera, ia ez dago plantillak birdimentsionatzeko aukerarik, espazioak mugatuta daudelako. Horren guztiaren adibiderik argiena Ugasko da, plantilla erabat pilatuta eta eraikuntzari dagokionez egiturazko arazo larriak dituen zentroa.

Foru-sailetako gizarte-zerbitzuen ikuspegi zentralizatzaile horren barruan, Gizarte Ekintzako Erregistro espezifikoari eustea ere defendatzen dugu. Erregistro hori gaur egun Lersundin dago, eta Sailari atxikitako prozeduren katalogo zabal bati buruzko lanak egiten ditu, Feria Eraikinean dagoen Ogasun eta Finantza Sailaren erregistroarekin gertatzen den bezala.

[ARGAZKI GALERIA] Etxebizitza eskubidearen aldeko eta errentismoaren aurkako aldarriek hartu dituzte kaleak asteburuan

Etxegabetze arriskuan dauden eta LABekin batera antolatzea erabaki duten hainbat maizterrekin batera deitu genituen mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Milaka herritar batu gara Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon asteburuan, etxebizitzaren negozioarekin behin betiko amaitu behar dela eta horretarako egiturazko neurriak behar direla ozen aldarrikatzeko.

Egoera larria da, eta kalean, lantokietan eta instituzioetan presioa areagotzeko momentua da, indarrak biltzekoa. Datozen egunetan eragile sindikal eta sozialekin harremanetan jarriko da LAB, egoerak eskatzen dituen neurriko erabakien eta iniziatiben inguruan hitz egiteko.

Nafarroako desgaitasunaren sektoreak mobilizazioa egin du hitzarmena desblokeatzea eskatzeko

Sektoreko langileek LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk deitutako manifestazio batean parte hartu dute gaur eguerdian. Iruñeko Merindadeen plazatik abiatu da, negoziazioan aurrerapausoak ematea eta lan-baldintzak eta soldatak hobetuko dituen akordioa eskatzeko.

Nafarroako desgaitasuneko hitzarmenaren negoziazioak ia hiru urte blokeatuta daramatzala salatu dugu lau sindikatuok, eta honek langileen erosteko ahalmenaren galera dakar. Soldata eta lan arloan aurrerapausorik ez dagoela ere ohartarazi dugu.

Negoziazioa baldintzatzen duten zailtasunetako bat enpresek administrazioarekin dituzten kontratu eta itun aniztasuna da, baldintza eta epemuga desberdinak dituztenak. Horri gehitu behar zaio desindexazio-araudia, zenbatekoak automatikoki KPIren arabera eguneratzea mugatzen duena. Egoera honek esan nahi du sektore osorako soldata-igoera batek ez duela zertan ekarri zentro guztien finantziazioa aldi berean.

Enpresen eta erakundeen arteko ezberdintasunak ezin dira oztopo izan negoziazioan aurrera egiteko, eta hainbat egoerari aurre egiteko erantzunak eskatu ditugu. “Administrazioak eta erakundeek irtenbideak bilatu behar dituzte kasu bakoitzerako: ezin dugu itxaron zerbitzu bakoitza berriro lizitatu arte”, adierazi dugu.

Administrazioak hitzarmen iragankor bat proposatu du, %2ko igoerarekin 2026an eta %2koarekin 2027an. Sindikatuok kritikatu dugu proposamen horrek ez duela bermatzen galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, eta, gainera, adierazi dugu 2027rako aurreikusitako igoera administrazio publikoetako langileentzat planteatutakoa baino txikiagoa dela.

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Lehenik eta behin, LABek azpimarratu nahi du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, etxebizitza larrialdi betean, neurri berriak bozkatzeko aukera egon bada antolatutako borroka sindikalari esker izan dela. Maizterrek, sindikalki antolatuta, aldaketa politiko legalak eragiteko gaitasuna erakutsi dute, eskubide berriak legez jasotzeko aukera irekiz.

LABentzat oso larria da gaur Espainiako Kongresuan gertaturikoa. Etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko eta eskubide berriak irabazteko borroka gai izan da azken hilabeteotan areagotutako agenda erreakzionarioari galga jartzeko, eta eskuin muturrak ezarri nahi izan duen elkarrizketa goitik behera aldatzeko aukera eman du. Junts-en eta EAJren zuzendaritzak, ordea, etekinak lortzeko helburuz etxebizitzak erosi eta metatu dituzten errentistekin eta etxebizitza espekulazioarako erabiltzen dutenekin lerratu dira beste behin, kalean borrokatutako agenda sozialari muzin eginez eta ultraeskuinari oxigenoa emanez.

Horrela, EAJk argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak, UPN bezala. Izan ere, funts putreen eta etxejabe txikien arteko dikotomia faltsua saldu nahi izan dute Aitor Estebanen alderdikoek haien jarrera antisoziala justifikatzeko. Zoritxarrez, sindikatuarentzat ez da sorpresa izan, hamarkadetan zehar EAJ eta PSE higiezin politikak egiten ibili direlako: gehiago eraiki, fiskalki etxejabeak saritu eta banketxeek hipotekekin dirua irabaz dezaten diru laguntzak ezarri. Horrela heldu gara egungo larrrialdi egoerara.

LABek argi du etxebizitzaren arazoaren oinarrian ez dagoela funts putreen eta etxejabeen arteko asmatutako dikotomia, ezta etxejabe txikien ustezko segurtasuna ere. Errentismoaren aldeko politikak egitea da arazoa. Funts putreek eta etxejabe handiek geroz eta etxe gehiago dituzte, baita Euskal Herrian ere, azken hamarkadan haien eragina laukoiztu dutelako. Modu berean, bada uste duenik zilegia dela alokairuan duen etxebizitzarekin negozioa egitea. Horrela, aberastasuna modu gero eta bidegabeagoan banatzen ari da eta arrakala soziala handitzen: gazte, emakume*, pertsona arrazializatu eta migratu, familia monomarental eta sektore prekarioetan ari direnen kopurua handitzen ari da, eta egoera okertzen.

Horregatik, LABek aldiro defendatu du etxebizitza merkatuan esku hartu behar dela, eta eredua errotik aldatu. Negozioa bada, ez da eskubidea. Etxebizitza langileak prekarizatzeko arrazoi nagusi bilakatu denez, sindikatua maizterrak antolatzeko erabakia garatzen ari da eta dagoeneko hainbat gatazka sindikal ireki ditu: Hego Euskal Herriko etxejabe handienaren aurka (Adania) eta munduko handienaren filialaren aurka (Blackstone-Testa), adibidez.

Era berean, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik.

LABek dei egiten du kalean presioa areagotzeko, eta langileon bizitza duinen alde eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prest dagoela adierazten du. Madrilen, borrokari esker, lege bihurtu zitezkeen aldi baterako prorrogak, funts putreen erosketa espekulatiboei urte batzuetarako debekuak ezarri edo etxegabetzeak mugatu. Horiek Euskal Herrian posible egin eta alokairu mugagabeak eta prezioen jaitsierak ere lege bihurtzeko borrokari ekiteko deia egiten du sindikatuak, baita funts putreak joan daitezen, etxegabetzeak amaitu daitezen eta parke publiko zabal sendo eta iraunkorra lor dezagun ere.

LABek lanean jarraituko du langile guztiek haien bizi proiektua garatzeko aukera duina ahalbidetuko duen etxebizitza eskubidearen alde, maizterrak antolatuz, eta lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatuz. Norabide horretan, Espainiako Estatuko maizterren sindikatuekin koordinatuta, bihar larunbaterako eta etzi iganderako Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon, borrokan diren maizterrekin batera, antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die Euskal Herriko langileei.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Lan harremanen egoera ulertzeko, begirada atzera bota eta apirilean kokatu behar gara. Funtsean, espainiar estatuan abiarazitako erregularizazio prozesuak, migratuen egoera lan harremanetako datuetan agertzea ekarri du. Hala, langabezia igo egin da, erregularizazioaren ostean migratzaile guztiek ez dutelako lortu ezkutuko lan merkatutik ateratzea eta Gizarte Segurantzako afiliaziora sarbidea izatea. Migratzaileak lana lapurtzera datozenaren mitotik oso urrun, migratuak dira langabezia handiena pairatzen dutenak. Are gehiago, migratuak ez direnen artean langabeziak behera egin du, migranteak egoera zaurgarrienean kokatuz.

Hile honetan langabeziak gogor kolpatu du jendartea, beti ere egoera zaurgarrian dauden pertsonak kaltetuenak izanik. Alegia, genero aldetik sektore guztietan igo da langabezia eta gazteen artean %12,80 igo da aurreko urtearekin alderatuta (ahaztu gabe migratuen egoera). Izan ere, ikasturte hasierarekin gaztea asko lan prekarioak utzi eta ikastera bueltatzen dira.

Horrez gain, aurreko enplegurik gabekoak %23,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta. Gainera, kontratu motari dagokionez, behin behineko 29.650 kontratu gehiago egin dira abuztuarekin alderatuta. Bi gauza adierazgarri daude salatzeko; alde batetik, kontratu kantitate hori ez da nahikoa langabezia gutxitzeko, eta beste aldetik, prekarietatearen zantzuak nabari dira kontratuen %74,60 behin behinekoak badira.

Afiliazioari dagokionez, 31.428 afiliatu gehiago daude, erregularizazioarengatik itzalpeko ekonomian zeudenak lan harremanetan sartu direlako. Ikasturtea hasierarekin aldizkako finkoko kontratuak gora egin dute bereziki sektore feminizatuetan (%112, zeudenaren bikoitza). Hala ere, salatzekoa da sortu diren lanpostuetatik 28.890 zerbitzu sektorean izatea. LAB sindikatuak ez du soilik enpleguaren kantitatean fokua jartzen, kalitateari ere erreparatzen dio. Jakin badakigu zerbitzu sektorea dela lanpostu prekarioenak eskaintzen dituena; ordutegi ez finkoak, ordu estrak, soldata gutxituak… Hortaz, lanpostu gehienak zerbitzu sektorean sortzea kezkagarria da. Horren irtenbide bakarra zerbitzu sektoreen baldintzak duintzea da.

Langile klaseak bizi duen egoerak ez dira soilik lanpostuarekin lotutakoa. Egoera sozioekonomikoak eta norberaren egoera lan harremanetan bizitzako hainbat eremuetara heltzen da. Adibide argiena etxebizitzaren auzia. LAB sindikatutik urteak daramatza auzia bera ezbaian jartzen. Egungo datuek azaleratzen dute soldatek ez dutela bizitza duina garatzeko ematen, eta bereziki etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik uzten. Etxebizitza prekarizazio adierazle determinantea bihurtu da, eta hori zeharo lotuta dago bai lanpostuaren prekarizazioarekin, baita kapitalismo finantziarioarekin ere. Horrexegatik, asteburu honetan etxebizitzaren eskubidearen aldeko mobilizazioetara deitzen dugu.