2026-01-26
Blog Page 699

Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu, aldaketa sozialerako, aldaketa politikoak, Euskal Errepublika

Euskal errepublika aldarrikatzeko eguna izango da bihar Euskal Herrian. Horregatik, jai egun inposatua izan eta lanean aritzerik ez duten langile guztiei dei egiten diegu kalera ateratzeko. EHBilduk deituta 12:00etan Plaza Eliptikotik hasita, Bilbon, Euskal Errepublikaren alde egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen diegu. LABeko ordezkaritza bat ere manifestazio honetan izango da, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru dela.

Bihar abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira, jai egun inposatua dugu Hego Euskal Herrian. LAB sindikatuarentzat lan eguna izango da biharkoa, eta egoitza guztiak zabalik izango ditugu, ohiko dugun moduan. Hala, urtero legez, lan egutegi propio bat aldarrikatzen dugun neurrian, planto egingo diegu inposatutako jai egunei.

Frankismoan ezarritako zutabeen gainean eraiki da Konstituzioa eta sistema kapitalista heteropatriarkalaren garapenerako bermerik onena izan da. Euskal Herrian zein Catalunyan, estaturik gabeko nazioentzat, gure eskubide nazional, politiko eta sozialen ukazioa ekarri du, hamarkadetan. Kapitalaren nagusitasuna bermatu du Konstituzio espainiolak, langile klasearen zapalketa, herri sektore anitzen bazterketa eta miseria bideratu du (migranteen aurkako sorgin- ehiza, pobrezia eta bazterketa soziala…); euskal langileon eskubide laboral eta sozialak etengabe kolpatzea ahalbidetu du, krisi eta erasoaldi ezberdinak tarteko, eta hala, 40 urteren ondoren, bizitzaren prekarizazio aroari ateak ireki dizkio.

Eta zer esan, emakumeon* egoera espezifikoari dagokionez, Konstituzioaren aterkipean garatu den sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorio dira egun bizi-bizirik dauden diskriminazio ezberdinak, soldata arrakala eta indarkeria matxistari.

Emakumeon* zanpaketarako tresna izan da Konstituzioa. Zanpaketa politiko eta sozialerako tresna ere bai, ez ditu herrientzako, ez herritarrentzako oinarrizko eskubidea bermatzen, dela etxebizitza, direla lan eskubideak. Ez zen eskubideak bermatzeko sortu, espainiar “batasuna” defendatu eta asimilazioaren bidea bermatzeko, baizik. Eta kezkak bizi dugu, gainera, 40 urte geroago, eta lurralde krisi betean, ematen ari den inboluzio autoritarioa eta faxismoaren gorpuztea.

Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko. 78az geroztik geure borondatearen kontra lotzen gaituen katea, Espainiako Konstituzioa, lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena da. Langileon eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkio botere ekonomikoari. Horrenbestez, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraiki nahi badugu, aldaketa soziala hauspotu behar dugu, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea defendatu eta eraldaketa soziala burujabetza prozesu batekin uztartu.

78ko erregimenarekiko kateak apurtzeko unea da. Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat, Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu.

Estatu propio bat behar du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea oinarri. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikoaren giltza. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria behar du izan Espainiako Estatua bizitzen ari den lurralde krisiari irtenbidea emateko.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzarako lan hitzarmen duina exijitu dugu

0
Gaur, abenduak 4, Bizkaiko Metalgintzako patronala den FEVEM-en Bilboko egoitza okupatu dugu.


 

 

 

Garbialdiko langileek protesta egin dute Aldundiarekin duten bileraren bezperan

0

Gaur urtebete bete dute mobilizazioei ekitea erabaki zutenetik, hitzarmenaren alde eta bederatzi urteko soldata izoztearen aurka. Bizkaiko Aldundiko egoitzetan garbiketaz arduratzen diren langileek protesta egin dute Bilbon, foru jauregiaren aurrean, Aldundiarekin berarekin bihar duten bileraren bezperan. Enpresarekin abenduaren 11n elkartuko dira.



 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Beharrezkoa da demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen aldekoen akordioa”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk aktualitate politiko, sozial eta ekonomikoari buruz hitz egin du, Euskal Telebistako "Egun On Euskadi" programan egin dioten elkarrizketan.
 

 

 

Langabeziaren datuek lan munduan ematen den prekarietatea estaltzeko balio dute

Ez dute erakusten soldata arrakala, sexuaren araberako lan banaketa eta abar. Enplegua duintzeko beharraz hitz egin behar da.

Hego Euskal Herrian erregistratutako langabezia 154.514 pertsonatan kokatu zen azaro amaieran, horien erdiak baino gehiago emakumeak direlarik, %57,2 hain zuzen ere.

Aurreko hilabetearekin konparatuta, enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1.079 pertsonetan egin du behera. Hala ere, azken sei urteotako azaroan izandako langabeziaren jaitsiera txikiean da.

Baina larriena ez da langabezia oso astiro txikitzen ari dela, gainera, Gizarte Segurantzara batazbesteko afiliazioak pasa den hilean 3.988 kotizanteren galera islatzen du.

Edozein kasutan, eta aldaketa koiuntural eta epe laburrekoetatik harago, nabarmendu beharrekoa da azken urteotako lanaren panoramaren bilakaera oso hauskorra dela eta ez duela oinarri sendorik, enplegu prekario eta gaizki ordaindutakoen sorreran oinarritzen delako nagusiki.

2008tik hona %7an egin du behera batazbeste soldaten eros-ahalmenak. Hala ere, soldatarik apalenek %22 baino gehiagoan egin dute behera termino errealetan.

Izan ere, soldataren debaluazioa da laneko pobreziaren hazkundearen arrazoi nagusietakoa. Gainera, modu guztiz desproportzionatuan banatu dira bere eraginak, soldatak zenbat eta baxuagoak izan are eta gehiago zigortuz.

Beste alde batetik, azken hamarkadan ia bikoiztu egin da enplegua bilatzen ari direnen kopurua, enplegua izanik hobea bilatzen ari direnak barne. Honek erakusten du jendea ez dagoela pozik eta asebeteta sortutako enpleguaren kalitatearekin.

Izan ere, okupatuta egonik enplegu hobearen bila izen emanda daudenen kopurua laukoiztu egin da hamar urtetan, eta egun 140.000 pertsona baino gehiago dago egoera honetan.

Azkenik, salatu beharrekoa da langabeziagatiko babes sistema espainolaren ahultasuna eta eraginkortasun falta, 107.500 langabetu uzten duelako prestaziorik gabe, hau da, ofizialki langabezian daudenen %69a. Zehazki, kolektibo zaurgarrienetakoak dira hauek eta laguntzen beharrizan handiena dutenak.

Gainera, langabeziagatiko estaldura tasa murritzagoa da emakumeen artean (%28,3) gizonezkoen artean baino (%34,4).
 

 

 

Oiartzungo komisaldegitik Donostiako epaitegira egin dugu martxa

0

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaile grebalariek oinezko martxa bat egin dute gaur, euren egoera salatzeko. Hain zuzen ere, Oiartzungo Ertzaintzaren Komisaldegitik Atotxako Justizia Jauregiraino joan dira. BIhar, Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegiraino egingo dute martxa.


 

 

 

Andaluziako herriaren burujabetzaren eta askatasunaren aldeko konpromisoa berresten dugu

0

Gaur, abenduak 4, Andaluziako Egun Nazionala da, Andaluziako Autonomiaren alde 1977ko abenduaren 4ko manifestazioetako gertakizunak gogoan izateko.

Egun horretan 2 milioi andaluziar inguru Autonomiaren alde kalera irten ziren Andaluzian. Hortaz gain, manifestazio horietan 1868an Cadizeko herria errepublika federal bat aldarrikatzeko armen bidez altxatu izana ere gogoratzen zen. Gauza hauek guztiaz gain, autonomiaren aldeko Malagako manifestazioan poliziak erahildako Manuel Jose García Caparrosen memoria ere gogoratzen da.

Andaluziako egun nazional hau berriki egondako Andaluziako hauteskundeek utzitako testuinguru berezian ematen da. Vox-en eta ultra-eskuin erreakzionarioenaren agerpenak eta eskuinak parlamentuan lorturiko gehiengoak alarma guztiak piztu ditu.

40 urtetako PSOEren erregimenak Andaluzia bere txiringito bat balitz bezala gobernatu du, eta oraindik jendeak bere buruari hau nola gertatu den galdetzen dio. Gure buruari gadetu beharko geniokena da, ia nola PSOE neo-liberal, kazikila eta korrupzioan nahasita dagoena nola batzuen aldetik eskuinarekiko alternatiba batetako bidelagun bezala ikusten duten gaur egun.

Eskuinarekiko eta PSOE barnebiltzen duen erregimen honen aurka indarrak batzeko momentua da, azken finean mugimendu hauekin eskuinak 78ko erregimena nola edo hala eutsi nahi baitu. Eskuinak eta Estatuak argi daukate; eremu guztietan Estatuak daukan krisiaren aurrean, Franco diktadorearen heriotzaren ondoren adostutako erregimena mantentzea kosta ala kosta, Franco gabeko frankismoa eutsi behar da.

Horregatik ezker mugimenduak bere agenda ere eduki behar du, eta bereziki ezker nazionalok gure nazioetan agenda propioa behar dugu. Gure iritziz, estrategia aldaketa politiko sozialerako prozesu eratzaileak martxan jartzea izan behar da, autodeterminazio eskubidea bermatuko dutenak, horrela 78ko erregimena desgastatzeko, bere horretan mantendu nahi duten erregimena, hain zuzen ere.

Bukatzeko Andaluziako herriaren burujabetzaren eta askatasunaren aldeko gure konpromisoan berresten gara, eta Andaluziako SAT sindikatuari gure babes osoa helarazten diogu; LAB sindikatuan eta Euskal Herrian beti izanen duzute askatasunaren bidean bidelagun bat.

 

 

 

Lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu EAEko Ikastoletan

0
Lan eta negoziaketa luzeen ostean, gaurko egunean, ikastoletan gehiengoa dugun LAB sindikatuaren eskutik, Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin, Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu.

Negoziaketak abiatu zirenean, LAB sindikatutik, ikastoletako kolektibo prekarizatuenetan hobekuntzak jasotzea jarri genuen helburu. Gure ustez gaur sinatu dugun akordio honetan, hobekuntza nabariak daude 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta baita Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat.

Irakasleen lan karga arintzeari dagokionez ere, aurrerapauso garrantzitsua ematen da, ordezkapenak lehenengo egunetik bermatzeko urrats handia eman dugulako. Ezin aipatu gabe utzi akordioan jasotzen den soldata altxaketa ikastoletako lan-kategoria guztietan (zeinaren bitartez behingoz, 2009ko lansari taulen gainetik kokatuko garen), edota DBHko 1. zikloko soldata homologazioa.

Aipaturiko akordioan jasotako hobekuntza guztiak, 7 hilabetetako epean, Lan Hitzarmen berria erredaktatzeko konpromisoa hartu dugu aldeek. Hainbat hobekuntza, urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarriko badira ere, 2019ko ekainerako Lan Hitzarmen berria edukiko dugu EAEko ikastoletan.

Ibilbide honetan, LAB sindikatuaren delegatuen parte hartze aktibo eta iraunkorra oso garrantzitsua izan da. Mahai gainean bai eduki zein hobekuntzak zeudela ikusita, afiliatu eta kideekin proposamena kontrastatzeari ekin genion, gehiengo oso handi baten oniritzia jasoaz.

Gaurko akordioarekin, EAEko ikastoletako negoziazio mahaian, langileen lan baldintzak hobetzeko urrats inportantea eman badugu ere, aurrerantzean erronka handiak ditugu esku artean, bai Lan Hitzarmenaren erredakzioari dagokionez zein Eusko Jaurlaritzaren esku dauden hainbat atalen inguruko interpelazioak eta borrokak bideratzeari begira. LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egongo da, ikastoletako langileen alboan eguneroko borrokan.

LABek, beste behin ere, akordioak erdiesteko eta borrokarako duen gaitasuna argi erakutsi du. Bere momentuan administraziopeko kolektiboetan egin genuen bezala, orain Ikastolekin ere akordioa lotu dugu. Hauek mahaiaren gainean eduki oso esanguratsuak jartzera bultzatu ditugularik, administrazioak jarritako baldintzetatik haratago. LABentzat edukiak dira akordiorako oinarria edozein negoziazio mahaietan eta zentzu honetan, gatazkan dauden itunpeko sareko gainontzeko sektoreen patronalei argi esan nahi diegu negoziazio mahaian beraien jarrera aldatu behar dutela; borondatea badago, edukiak ere egon daitezkeela garbi dagoelako.

Azkenik, gainontzeko kolektiboetan ere gogor lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu, langileentzat akordio duinak lortzera bidean.

LORPEN NAGUSIAK:

0-3 zikloa:

– Hezitzaile Laguntzailearen kategoriaren desagerpena.
– Ikasturtean zehar ordaindutako 2 egun hartzeko eskubidea ziklo honetako langileentzat. – Ikasturteko ordu osagarriak 105etik 125era igotzea.
– Gutxienez 8 egunetako atsedena aste santuan eta 9 egunetakoa gabonetan.

Hezkuntza Laguntza espezialistak:

– Langile hauen egutegiaren zehaztapena eta aparteko orduen ordainketa.
– Umeei bazkaltzen laguntzen dieten espezialistek euren bazkaria ordainduta izatea. –
– Gutxienez % 50eko lanaldia burutzen duten Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat astean ordu osagarri 1, eta % 50a baino gutxiagoko lanaldia burutzen dutenentzat, astean ordu erdia. Kolektibo honek merezi duen izaera pedagogikoa aitortuz.

Administrazio eta zerbitzuetako langileak:

– Ikasturtean zehar ordaindutako 2 egun hartzeko eskubidea.
– Jankideen ratioak eta garbiketako metrajeak aztertzeko mahai tekniko baten osaketa.
– Jardun partzialean dauden langileek lehentasuna edukitzea lana gehitzen denean edo ordezkapenak bete behar direnean.

Baimenak:

– Gurasoei edo norberaren ardurapean daudenei medikura edota beste zereginetara laguntzeko ikasturtean 15 ordutako baimena.
– Gurasoak gaixotzean 3 lanegun hartzeko baimena.
– Senideen ezkontzarako 2 egun gehiago, ezkontza 200 km baino gehiagotara bada.

Egonkortasuna:

– Eszedente eta beharren prozedura zehaztu eta Ikastolen Elkarteko langileak ere bertan sartzea. – Errelebo kontratuak bideratzeko konpromisoa
– 60 urterekin astean 2 ordu lektibo osagarriengatik trukatzeko aukera.

Lan-sariak:

– Soldata altxaketak:
– 2018an HH, LH, DBH1, administrazio eta zerbitzuetan %1,5eko altxaketa urtarriletik ekainera eta 1,75ekoa uztailetik abendura (osotara %1,625). DBH2 eta Batxin %1,1eko altxaketa urtarriletik ekainera eta 1,35ekoa uztailetik abendura (osotara %1,225).
– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, HH, LH, DBH1, administrazio eta zerbitzuetan % 1,75 eta DBH2 eta Batxin %1,35eko oraingo altxaketak mantenduko dira. 2019an datozen altxaketa berriak kopuru horien gainean nola gauzatu adostuko da Lan Hitzarmen mahaian.
– 2019tik aurrera DBH 1. zikloko lizentziatuen soldata homologazioa 2. zikloarekiko.
– 2019an zorraren beste zati bat ordaintzeko adostasuna bilatzeko konpromisoa, aurreko urteetako filosofia berdina erabiliz.

Lan-kategoriak:

– Irakasle laguntzaile kategoria 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera desagertzea.

Kontratazio / promozioak:

– Kontratazio bat egiterakoan, eskatzen den profila dagoen beharrizanera egokitzen den kontratazio batzorde parekidean aztertuko da.
– Langile finkoen artean lanbide sustapena bultzatuko da, ordezkapen luzeetan ere (urte bat edo goragoko ordezkapenetarako)
– Bi langile edo gehiagok lanpostu berdinera sustapena eskatzen dutenean, lehentasuna horietako zeinek duen kontratazio batzorde parekidean aztertzea bertan ezarritako irizpideen arabera.

Ordezkapenak:

– Aurreikusitako egun osoko kasuetan, HH eta LHn lehenengo egunetik aurrera jarriko dira ordezkoak. DBHn eta Batxin, lehenengo egunetik aurrera ordezkoa jarriko da, ordaindu gabeko baimenetan, egun osoko kanpo formazioetan eta baita ere hutsunea 3 egunetik gorakoa izango dela aurreikusitako kasuetan.
– Hileroko ohiko bileren ordu sindikalak ordezkatuko dira.

Bestelakoak:

– Urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera joateko aukera, eta ordu horiek konpentsatzeko aukera nola bermatu aztertuko dute aldeek.
– Ikastaroak lanaldiz kanpo egiten direnean, ordu horiek konpentsatzeko modua langile ordezkariekin adostuko dira.
 

 

 

 

Urkullu eta Darponen aurrean protesta egin dugu Gasteizen

0

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Jon Darpon Osasun Sailburuak Olagibeleko haurrentzako psikiatria zerbitzua inauguratu dute gaur.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Jon Darpon Osasun Sailburua Olagibeleko haurrentzako psikiatria zerbitzua inauguratzen egon dira gaur Gasteizen. Zerbitzu hau Santiago ospitaletik Olgibeleko anbulategira eraman dute.

Dena oso polita dirudi, baina errealitatea gordina da. Arabako Psikiatria zerbitzuaren berrantolaketaren aitzakiarekin publikoak izan beharko ziren lanpostuak galtzen ari dira eta pribatizazioari ateak irekitzen. Hauxe da, hain zuzen ere, mugimendu honekin egin dutena. Santiagoko ospitalean, adibidez, behin betirako izan beharko zuen 5 urtetako garbiketa kontratu bat (atazen pilaketa eta arrazoi koiunturalengatikoa) honezkero finkoa izan beharko litzatekeena desagertu egiten da, Olagibelgo garbiketa zerbitzua pribatizatuta dagoelako.

LABetik bere egunean salatu genuen bezala, Arabako ESIan zein Arabako Buru Osasuneko Sarean honelako kontratu motak gehiegi erabiltzen ari dira (400 guztira).

Lanpostuak egiturazkoak bihurtu eta egonkortzearen ordez, Osakidetzak nahiago du, zoritxarrez, garbiketa zerbitzua enpresa pribatu bati ematea.