2024-04-23
HomeIrakaskuntzaIkastolakLan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu EAEko Ikastoletan

Lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu EAEko Ikastoletan

Lan eta negoziaketa luzeen ostean, gaurko egunean, ikastoletan gehiengoa dugun LAB sindikatuaren eskutik, Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin, Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu.

Negoziaketak abiatu zirenean, LAB sindikatutik, ikastoletako kolektibo prekarizatuenetan hobekuntzak jasotzea jarri genuen helburu. Gure ustez gaur sinatu dugun akordio honetan, hobekuntza nabariak daude 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta baita Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat.

Irakasleen lan karga arintzeari dagokionez ere, aurrerapauso garrantzitsua ematen da, ordezkapenak lehenengo egunetik bermatzeko urrats handia eman dugulako. Ezin aipatu gabe utzi akordioan jasotzen den soldata altxaketa ikastoletako lan-kategoria guztietan (zeinaren bitartez behingoz, 2009ko lansari taulen gainetik kokatuko garen), edota DBHko 1. zikloko soldata homologazioa.

Aipaturiko akordioan jasotako hobekuntza guztiak, 7 hilabetetako epean, Lan Hitzarmen berria erredaktatzeko konpromisoa hartu dugu aldeek. Hainbat hobekuntza, urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarriko badira ere, 2019ko ekainerako Lan Hitzarmen berria edukiko dugu EAEko ikastoletan.

Ibilbide honetan, LAB sindikatuaren delegatuen parte hartze aktibo eta iraunkorra oso garrantzitsua izan da. Mahai gainean bai eduki zein hobekuntzak zeudela ikusita, afiliatu eta kideekin proposamena kontrastatzeari ekin genion, gehiengo oso handi baten oniritzia jasoaz.

Gaurko akordioarekin, EAEko ikastoletako negoziazio mahaian, langileen lan baldintzak hobetzeko urrats inportantea eman badugu ere, aurrerantzean erronka handiak ditugu esku artean, bai Lan Hitzarmenaren erredakzioari dagokionez zein Eusko Jaurlaritzaren esku dauden hainbat atalen inguruko interpelazioak eta borrokak bideratzeari begira. LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egongo da, ikastoletako langileen alboan eguneroko borrokan.

LABek, beste behin ere, akordioak erdiesteko eta borrokarako duen gaitasuna argi erakutsi du. Bere momentuan administraziopeko kolektiboetan egin genuen bezala, orain Ikastolekin ere akordioa lotu dugu. Hauek mahaiaren gainean eduki oso esanguratsuak jartzera bultzatu ditugularik, administrazioak jarritako baldintzetatik haratago. LABentzat edukiak dira akordiorako oinarria edozein negoziazio mahaietan eta zentzu honetan, gatazkan dauden itunpeko sareko gainontzeko sektoreen patronalei argi esan nahi diegu negoziazio mahaian beraien jarrera aldatu behar dutela; borondatea badago, edukiak ere egon daitezkeela garbi dagoelako.

Azkenik, gainontzeko kolektiboetan ere gogor lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu, langileentzat akordio duinak lortzera bidean.

LORPEN NAGUSIAK:

0-3 zikloa:

– Hezitzaile Laguntzailearen kategoriaren desagerpena.
– Ikasturtean zehar ordaindutako 2 egun hartzeko eskubidea ziklo honetako langileentzat. – Ikasturteko ordu osagarriak 105etik 125era igotzea.
– Gutxienez 8 egunetako atsedena aste santuan eta 9 egunetakoa gabonetan.

Hezkuntza Laguntza espezialistak:

– Langile hauen egutegiaren zehaztapena eta aparteko orduen ordainketa.
– Umeei bazkaltzen laguntzen dieten espezialistek euren bazkaria ordainduta izatea. –
– Gutxienez % 50eko lanaldia burutzen duten Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat astean ordu osagarri 1, eta % 50a baino gutxiagoko lanaldia burutzen dutenentzat, astean ordu erdia. Kolektibo honek merezi duen izaera pedagogikoa aitortuz.

Administrazio eta zerbitzuetako langileak:

– Ikasturtean zehar ordaindutako 2 egun hartzeko eskubidea.
– Jankideen ratioak eta garbiketako metrajeak aztertzeko mahai tekniko baten osaketa.
– Jardun partzialean dauden langileek lehentasuna edukitzea lana gehitzen denean edo ordezkapenak bete behar direnean.

Baimenak:

– Gurasoei edo norberaren ardurapean daudenei medikura edota beste zereginetara laguntzeko ikasturtean 15 ordutako baimena.
– Gurasoak gaixotzean 3 lanegun hartzeko baimena.
– Senideen ezkontzarako 2 egun gehiago, ezkontza 200 km baino gehiagotara bada.

Egonkortasuna:

– Eszedente eta beharren prozedura zehaztu eta Ikastolen Elkarteko langileak ere bertan sartzea. – Errelebo kontratuak bideratzeko konpromisoa
– 60 urterekin astean 2 ordu lektibo osagarriengatik trukatzeko aukera.

Lan-sariak:

– Soldata altxaketak:
– 2018an HH, LH, DBH1, administrazio eta zerbitzuetan %1,5eko altxaketa urtarriletik ekainera eta 1,75ekoa uztailetik abendura (osotara %1,625). DBH2 eta Batxin %1,1eko altxaketa urtarriletik ekainera eta 1,35ekoa uztailetik abendura (osotara %1,225).
– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, HH, LH, DBH1, administrazio eta zerbitzuetan % 1,75 eta DBH2 eta Batxin %1,35eko oraingo altxaketak mantenduko dira. 2019an datozen altxaketa berriak kopuru horien gainean nola gauzatu adostuko da Lan Hitzarmen mahaian.
– 2019tik aurrera DBH 1. zikloko lizentziatuen soldata homologazioa 2. zikloarekiko.
– 2019an zorraren beste zati bat ordaintzeko adostasuna bilatzeko konpromisoa, aurreko urteetako filosofia berdina erabiliz.

Lan-kategoriak:

– Irakasle laguntzaile kategoria 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera desagertzea.

Kontratazio / promozioak:

– Kontratazio bat egiterakoan, eskatzen den profila dagoen beharrizanera egokitzen den kontratazio batzorde parekidean aztertuko da.
– Langile finkoen artean lanbide sustapena bultzatuko da, ordezkapen luzeetan ere (urte bat edo goragoko ordezkapenetarako)
– Bi langile edo gehiagok lanpostu berdinera sustapena eskatzen dutenean, lehentasuna horietako zeinek duen kontratazio batzorde parekidean aztertzea bertan ezarritako irizpideen arabera.

Ordezkapenak:

– Aurreikusitako egun osoko kasuetan, HH eta LHn lehenengo egunetik aurrera jarriko dira ordezkoak. DBHn eta Batxin, lehenengo egunetik aurrera ordezkoa jarriko da, ordaindu gabeko baimenetan, egun osoko kanpo formazioetan eta baita ere hutsunea 3 egunetik gorakoa izango dela aurreikusitako kasuetan.
– Hileroko ohiko bileren ordu sindikalak ordezkatuko dira.

Bestelakoak:

– Urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera joateko aukera, eta ordu horiek konpentsatzeko aukera nola bermatu aztertuko dute aldeek.
– Ikastaroak lanaldiz kanpo egiten direnean, ordu horiek konpentsatzeko modua langile ordezkariekin adostuko dira.
 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.

Azken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz ohartarazi dugu

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren, Nafarroa Garaian. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lagunei. Eta ohartarazi nahi dugu, eta salatu, 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz –laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe–, eta horietako zazpi garraiolariak izan direla.