Egindako lanak fruituak ematen ditu. Beste behin ere argi geratzen da estatalizazioaren kontra borrokatu daitekela, gure eremuan negoziatuz eta akordioak lortuz, azken finean erabakitzeko gaitasuna izatea.
LAB, beste sindikatuk eta patronala, 3 urtez iraun duen negoziazio batean, berehalako eragina izango duen puntu bat adosteko gai izan gara, antzinatasunaren muga %16tik %20ra pasako delarik.
Akordioa, LABen egindako proposamen batetik dator, hau da, antzinatasuna %4 igotzea. Baina akordio honek langileentzako izan dezakeen hobekuntza ekonomikoen gainetik, LABek estatalizazioaren inguruan eta Madriletik iristen zaizkigun inposaketen kontrako borrokan daukan garrantzia nabarmendu nahi du.
LABen iritziz oso garrantzitsua da anbulantzietako EAEko hitzarmenean gaiak adostea, honek ondorioztatzen duelako borrokaren bitartez gai garela hemen negoziatu eta adosteko. Beste batzuk sustatzen dituzten beste eremuak ez ditu inork nahi, ezta patronalak ere, hemengo lan harremanetan esku-hartzea suposatzen dutelako.
Garaipen honek, beste eremu askotan Madriletik lapurtzen diguten negoziazio kolektiborako eskubidearen kontra egin beharreko bidea erakusten digu.
LABen gure negoziazio eremuan akordioetara iristea duen garrantzian sinisten dugu, eta horrela jokatzen jarraituko dugu, gaur bezala, anbulantzietako langile guztientzat hobekuntzak ekarriko duen akordio bat lortuz.
Gaur lortutako akordioa EAEko Lehen Hitzarmen Kolektiborako atea irekiko duen akordioa izan dadin lanean jarraituko dugu.
Espainiako Sustapen ministroak Gasteizen trenbidea lurperatzeko azterlana aurkeztu du, 3,6 kilometro izango dituena, eta Salburua eta Zabalgana auzoetako zatiak kanpoan utziko dituena. Aurkezpenaren ostean, instituzio guztien arteko bilera egon da, AHTren Gasteizko sarrera zehazteko. Gauza bat da trenbidea lurperatzea eta beste gauza desberdin bat da AHTren egitasmoa, baina Gasteizko alkate Gorka Urtaran bi egitasmoak nahastearekin tematuta dago. Hala, AHTrik ez Arabak deituta, plataforma horretan gauden eragileek protesta egin dugu Subdelegazioaren aurrean, gure desadostasuna azaltzeko eta AHTren proiektua salatzeko.
Martxoaren 8ra begira gaude. Hala, feminismoaz eztabaidatzeaz gain, greba feministaren lanketari buruz ariko gara.
Emakumeok planto! egingo dugu aurten ere, egiten dugun lanaren eta borrokaren balioa aldarrikatzeko, zapaltzen gaituen sistema salatzeko. Kalera aterako gara sistema hau iraultzeko ditugun proposamenak plazaratzeko.
Hala, sindikatuaren agendan gorriz markatu dugu martxoaren 8a eta martxan jarri gara guztia prestatzeko. Sindikatuko emakumeok guzti honetaz hitz egiteko tartea behar dugula pentsatu dugu Idazkaritza Feministatik eta hitzordua jarri dugu ostiralerako, 10:00etan, Donostiako Eureka museoan. LABeko emakumeon batzarra egingo dugu bertan.
Feminismoaz eztabaidatu eta grebaren lanketan ditugun zailtasunak konpartitzeko batzarra izango da.
LABek Kristau Eskolari zintzotasuna eskatzen dio. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu kolektibo prekarioen alde, lanpostu guztiak mantentzearen alde eta lan baldintza duinen alde.
Kristau Eskolak pentsarazi nahi digu gezur bat behin eta berriro esategatik egia bihurtuko dela. Urtarrilaren 11n aurkeztutako proposamenean Ikastoletan LABek sinatutako akordiora hurbiltzen hasi baziren ere, ez dituzte Ikastoletako akordioan dauden edukiak berdintzen.
Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan 5 aldarrikapen dira nagusi eta Ikastoletako akordioan, hain zuen ere 5 puntu horietan akordioak lortu ditugu:
Soldatak: LABek sinatutako soldata igoerak eta Gizarte Ekimenean KEk eskaintzen dituenak berdin- berdinak dira; ordainketa eskuordetua +0,5. Hau horrela da, finantziazio publikoa berdina dutelako eta itunpeko sare guztiarentzako kopurua berdina delako.
Enplegua mantentzeko akordioa: KEk puntu honen inguruan akordio bat negoziatzeko konpromisoa eskaintzen du. Ezer zehaztu gabe. Ikastoletan langileen soberakinen %100aren birkokapena antzinatasuna mantenduz sinatu dugu. Hau da, 0 kaleratze. KEk ez du bermatzen kaleratzerik ez dela izango.
Lan kargak: Ikastoletan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan ordezkapen guztiak lehenengo egunetik izateaadostuditugu. KEk3.egunetikeskainidu.
0-3ko langileen lan baldintzak: Puntu honetan hurbilketa egon arren Ikastoletan oraindik ere 0-3ko langileek urtean 2 lan egun disfrutatzeko aukera edukiko dute berreskuratu beharrik gabe.
Hezkuntza Laguntza Espezialistak: Ikastoletan 2019. urtean langile hauek 57 ordu gutxiago lan egingo dute KEk eskaintzen duena baino.
Horretaz gain, Ikastoletan guraso baten gaixotasunagatik baimendutako 3 egun adostu dira, ordu lektibotik kanpo ematen diren ikastaroak konpentsatzea, kontratazioen gardentasuna bermatzeko ikastetxe bakoitzean batzordeak sortzea, ordu sindikalak ordezkatuta izatea, urriaren 12an eta abenduaren 6an nahi duena lanera joan ahal izatea eta 7 hilabeteko epean lan hitzarmena adostuko delaren konpromisoa.
KEk enplegua mantentzeko konpromisorik ez duela hartu salatu nahi dugu. Hau da, 2019. urtean Kristau Eskolak diru publikoarekin hatzamarrez kontratatzen eta bere gustuko ez diren langileak kaleratzen jarraitu nahi du.
LABentzat onartezina da gaur egun diru publikoarekin lan postuak suntsitzea eta “entxufismoa” bultzatzea. Kristau Eskolak gatazka honetan duen jarrera agerian utzi nahi du. Medioetan botatako gezurren atzean negoziatzeko daukan gaitasun gutxi ezkutatzen dute eta orain arte izan dituzten pribilejioak mantendu eta areagotu nahi dituzte.
Urtarrilak 16tik 25era bitarteko 8 greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza daukagun LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea daukagu eta taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu.
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak igotzeko erabakiarekin greba desitxuratu asmoa izan duen arren, ez da horrela izan. Horrela, sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde aurrez gauzatutako 9 greba egunekin gertatu den bezala, aste honetako lehenengo greba egunari ere langileek emandako babesa eta jarraipena oso zabala izan da, %65 ingurukoa. Eta gaur Bilbon antolatu dugun manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere itzela izan da, 5.000 langile inguru bildu direlarik berriro ere 9.000 langileko kolektibo batean.
10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu greben helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla konbentzituta baikaude. Grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira, beraz.
Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartuak ikusi dira, baina momentuz patronalek egindako proposamenak eskasa izaten jarraitzen du, orain urte bete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai gainean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen eta grebara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen du. Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurri bermatzailerik eskaini gabe jarraitzen dute. Irakasleen lan kargak arintzeko proposamena erabat eskasa da. Soldaten inguruko planteamenduari dagokionez, eroste-ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun dago. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten, hau da, feminizatuenak eta egoera prekarioenetan lan egiten duten kolektiboen lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik etab.
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.
Aldi berean langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun On Euskadi" saioan egon da, aktualitateari errepasoa egiten. Prekarietatearen aurka urtarrilaren 26an Iruñean egingo dugun manifestazioa, elkarrizketa soziala, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, Huerta de Peraltako borroka, pentsionistena, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba, La Naval… hainbat gai izan ditu hizpide.
Iragan den astean TUVISAko 7. linean gertatutakoaren harira, TUVISAko LAB-en atal sindikaletik gertaera horretan eman ziren jarrera arrazista, xenofoboak eta sexistak salatu nahi ditugu, baita egoera horretan nahastuta egon ahal izan ziren erabiltzaileekiko gure elkartasuna adierazi ere. Gaur, urtarrilaren 16, 19:00etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ospatuko den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.
TUVISAko langile bezala, ezin dugu gure autobusetan pasa den astean gertatutakoak errepikatu dadin utzi, non bere azalaren koloreagatik pertsona batek heriotza mehatxuak jasan zituen. Hau dela eta, enpresako zuzendaritzari, eta erantzunkidetasunagatik Gasteizko Udalari, eskatzen diegu langilegoaren esku baliabideak jarri ditzaten gure autobusak edonolako eraso sexista, arrazista eta xenofoborik gabeko guneak izan daitezen.
Jakitun ginen horrelako egoerak goiz ala berandu emango zirela, eta denbora daramagu enpresari eskatzen neurriak har ditzan gidarion kolektiboak ditugun estres eta erantzukizun mailan eragin dezan. Tamalez, pasa den asteko gertakariaren harira presio hau handitu egin da, eta bada garaia gaurdanik pairatzen ari dugun arazo hau konpon dadin.
Gidariok jabego publikoko autobusak gidatzen jarduten dugun hiritarrak gara, eta gaur egun ez dugu formakuntza eta baliabiderik pasa den astean gure lankideak bizitu zuen egoerari aurre egiteko.
Honetaz gain, enpresari eskatzen diogu autobuseko kamarak jasotako irudiak aztertu ostean, neurri legalak har ditzala adin gabeko bati aipatutako mehatxuak egin zizkion pertsonaren aurka. Baita batzordea egin dadila ahalik eta azkarren gai hau tratatzeko.
Baina gure arazo guztien gainetik, hiritarrak ere bagaren heinean, gure autobusean erabiltzaileak eta bere adin gabeko alabak jasandako erasoaren aurka kokatzen gara, eta LAB-etik TUVISA-ko langilego osoa animatzen dugu egoera hauen aurrean isilik gera ez dadin, tamalez geroz eta arruntagoak direnak, eta animatzen ditugu ere eraso honen aurka gaur, urtarrilaren 16, 19:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ospatuko den elkarretaratzean parte hartzera.
Gure lan-postuetan inolako eraso arrazista, xenofobo edo sexistarik errepika ez dadin borrokan jarraituko dugu.
Agerraldi bat egin dugu komunikabideen aurrean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren egoera jasanezina dela salatzeko. Otsailean urtebete beteko da mahaia ireki zenetik, eta, ordutik patronalak, hitzarmen berri eta duin bat izateko borondate falta eta langileekiko errespetu falta izan du behin eta berriro.
Atzo, urtarrilaren 15ean, mahaiaren 15. bilera izan zen. Bilera horretan Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM), hazkunde ekonomikoa eta irabazi erraldoiak biltzen ari den garaian, murrizketak eta eskubide galerak proposatu ditu oraindik ere. Gainera, sindikatuok mahai gainean jarritako prekarietatearen kontrako neurririk ez du jaso. Mahaian eserita dauden ELA, CCOO eta UGT sindikatuek proposamena txartzat jo dute. Gainera, negoziazio mahaian eserita dauden sindikatuak mehatxatu ditu patronalak txantaia eginez: otsailaren 15ean negoziazioa bukatutzat emango duela jakinarazi du.
LABek, antzerki hau salatuz, gure parte hartzea eten genuen 2018ko ekainean, ez zegoelako benetako negoziaziorik. Gure asmoa, nahia eta beharra negoziaketan aurrera pausuak bultzatu eta lehenbailehen mahaira bueltatzea zen. Horretarako, langileak aktibatu eta informatu behar genituela jakinik, helburua hori jarri genuen, eta, ordutik, ugari izan dira egin ditugun asanblada, bilera, agerraldi eta euskarri ideologikoen sorkuntza. Egoerak, ordea, aurrera egin ordez, atzera egin du mahaian.
Aspaldi esan genuen, eta zoritxarrez asmatu egin dugu. FVEMek ez du hitzarmen berririk nahi; mahaian duen jarrera da horren adierazle nagusia. Proposamen hutsalak egin ditu. Ez ditu sektoreko langileen beharrak kontutan hartu eta, gainera, azken proposamenetan adierazi duenez, sektorea gehiago estatalizatzea nahi du. Argi diosku, proposamen gehienetan, Espainiako Estatuko legeek diotena jaso nahiko lukeela. Beraz, orain arte eduki dugun blokeo egoerari estatalizazioaren mehatxua gehitu zaio.
FVEMen mendekua LABek jarrera irmoa eduki du patronalaren aurrean. Behin eta berriro adierazi dio hitzarmena nahi eta behar dutela langile guztiek; baina ez dugula edonolako hitzarmenik onartuko. Eduki duinak eta sektore kaltetuenak babestuko dituen hitzarmena izango da Bizkaiko metalgintzak edukiko duena. Horregatik eta horren alde borrokatzea erabakia dugu. Denbora luzea daramagu mobilizazioetan, eta azken hilabeteotan, gainera, gora egin dute deialdi ezberdinek. Sektoreko enpresa ezberdinen aurrean mobilizatu gara, manifestazioak eta kontzentrazioak egin ditugu.
Eta lortu dugu, ardi-larruz mozorrotutako otsoaren benetako aurpegia erakutsi dugu. Mobilizazio hauetako batengatik salatu egin gaitu. Oraindik ez dugu epaiketa datarik, ezta salaketaren inguruko informaziorik, baina jakin badakigu epaituak izango garela hitzarmen duina aldarrikatzeagatik.
Jakin dezatela bada, ez gaituztela kikilduko. LAB sindikatua ez duzue isilduko, ez gaituzue geldituko. Sektoreko langile ebentualek, azpikontratetako langileek, ABLEtakoek, emakumeek edo gazteek bizi duten egoera latzak eta prekarizazioak arduratzen gaituzte, ez zuen salaketak eta mendekuak. Epaitegiko jakinarazpena jasoko dugu, baina, bitartea,n borrokan jarraituko dugu, hitzarmen duina helburu. Orain, badakigu patronala ezeroso egoteko bidea zein den, eta, ondorioz, nola mugiarazi dezakegun FVEM.
Aurrera begira, elkarlana eta borroka Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak 45.000 langile ingururi eragiten dio, herrialdeko hitzarmen garrantzitsuena da. Ardura eta erantzukizun horretatik eman behar dugu gure erantzuna. Mahaian gertatzen dena ikusirik, sindikatu guztiok argi dugu patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik, bertan jarraitzen duten sindikatuek ere behin eta berriro errepikatzen baitute gauza bera.
Metalgintzako langile guztiak defendatu behar ditugu, lan eta bizi baldintza duinak lortu behar ditugu. Sindikatu bezala hori da gure zeregina eta betebeharra; bai enpresaz enpresa borrokak piztuz zein sektoreko hitzarmenaren defentsan.
Eta, orduan, zer? Bi aukera daude, Patronalaren egoera eroso horri kobertura ematen jarraitu edota, borroka klabeetan, sindikatuok bat egitea.
Gure esku dago estatalizazioaren aurka, blokeoaren aurka eta eduki duinen aldeko olatu indartsu bat sortzea Bizkaian. Beste sektore batzuetan egin dugu, gai izan gara sindikatu guztiak elkartu eta borroka klabeetan langile guztiak aktibatzeko.
Metalgintza bezalako sektore batean, mahaian gertatzen ari dena ikusita, patronalaren jarrerak eta benetan hitzarmena nahi izateak, urrats hori ematea ezinbestekoa dugu LABen. Denok elkartuz, denon konpromisoz eta denon borrokarekin hitzarmen berri eta duina lortu dezakegu. Gure eskua zabalik daukagu denekin elkarlana abiatzeko; ELA, CCOO, UGT eta sindikatu guztiok bidea egin behar dugu.
Erasoen aurrean tamaina bereko erantzuna eman behar dugu, sindikatu guztiok batera. Patronala mugiarazteko bide bakarra, denok batera lanuzte eta greba klabeetan jartzea da. Sektoreko greba indartsuak baino ez dute hitzarmen duina ahalbidetuko.
Azken lan eskaintza deialdia egin zenean, bertan jasota gelditu zen behin EPEa bukatutakoan lan-poltsa nola osatu, EITBko Administrazio Kontseiluaren onespena zuena. Denbora aurrera doa, eta behin eta berriz Eusko Irratiko zuzendaritza akordioa urratzen ari da, ELAren ekimenez eta babesarekin. Horrela, lan poltsan erdaldun elebakarrak lehenesten ditu euskaldun elebidunen aurretik, gardentasunaz gain, euskara bera kaltetuz.
LABek behin eta berriro lan poltsa arautu eta elebidunak abian jartzeko eskaerak egin izan ditu, eta batzordean ELAk eta zuzendaritzak hartu izaten duten jarrera blokeatzailearen aurrean epaitegira jotzea erabaki dugu.
Eusko Irratiko LABek ez du onartuko lan poltsaren hurrenkera haustea eta zuzendaritzak kontratuak nahierara bideratzea. Era berean, kontratazio sistema oker honek kaltetutako langileei dei egiten diegu kalteordaina eta zuzentzeko neurriak lortzeko epaitegietako bidea erabiltzera.