2026-01-27
Blog Page 686

2019ko lehen hildako langilearen aurrean, lan eta bizi baldintza duinen alde egiten dugu

Herenegun, urtarrilak 9, heriotz lan istripu baten berri izan genuen, Etxebarriko Arcelor enpresan, langile bat hil zen lan istripu ez traumatiko batean.

Hau da 2019an izandako lehen lan istripu hilgarria. 2018ko balorazio egiten ari garela, argi ikusten da istripu hilgarriak gora doazela eta lan baldintzak ez dute hobera egiten.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu. Babes hau orain arte hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen diegu.

Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez da kasuallitatea, edo denboraz, auzaz, gertatutakoa, patronalek dioten bezala, lanarekin zerikusirik ez dutela.

Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen pean, lanean jasotzen diren presioak esta estressa, bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla eta gehienetan oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek eragindakoak ere badira.

Gainera dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak… bilakatu dira heriotz lan istripuen lehenbiziko gauzatzaileak.

Lan istripu guztien atzetik lan baldintza eta lanaren ezaugarriak daude, erritmo azkarrak, presioak, autoritarismoa… gaixotasun ezberdinak sortarazten eta hainbatetan heriotzera eramaten gaituzte.

Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan-etorrikoak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanak, prekarizazioa, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenestuko duen eredu batean.
 

 

 

Bankoaren aurrean protesta egin dugu, langile baten kaleratzea salatzeko

0

Bankoak langile bat kaleratu du, "kaleratze disziplinarioaren" aitzakiarekin. Erabaki honen jatorria duela urtebete aurki dezakegu, Bankoak langileari lana uzteko eskaintza bat egin zionean. Langileak ezezkoa eman zuen, ordea, eta orain dator kaleratzea. Epaitegietara joko du LABek. Elkarretaratzea Donostian egin dugu, Askatasunaren hiribidean, Bankoaren egoitzaren aurrean.
 

 

 

Alfonso Gil zinegotziari gogorarazten diogu bera dela Bilbobuseko egoeraren arduradun nagusia eta herritarrek greba jasan behar izatearena

0


%100ekoa izan da gaur Bilbobusen egin den 4 ordutako lanuztearen jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera. Jarraipena, aurreko deialdietako berdina izaten ari da, erabatekoa.

LABentzat Gil jauna da Bilbobuseko lanuzteek jarraitzearen arduradun nagusia, eta komunikabideetan egindako bere azken adierazpenen inguruan, honakoa adierazi nahi genioke: Noski hau lan gatazka dela, baina baita politikoa ere bada, politiko bat delako, kasu honetan zu zeu, arduradun nagusia, edo arduraduna al zara gauzak ondo doazenean bakarrik eta arazoak daudenean hauek beste batzuenak dira eta zu ez zara hor erantzulea?

Gainera, politikoa da azpikontratatzeko erabakia politikoa delako eta duela urteak hartu zenutelako, eta orain ere, horren alde egiten duzuelako.

Ez itzazu komunikabideetan estutu langileen asanbladan aurreakordioa sinatzearen kontra egin genuen LAB eta gainontzeko sindikatuak, estutu ezazu enpresa baldintza egokiak izango dituen balizko akordio bat mahai gainean jar dezan, eta ez asanbladara eraman zuten bezalakoa, ez duena bermatzen lanpostuak amortizatuko ez direnik, atea zabaltzen diona lan-baldintzen azpikontratazio eta prekarizazioari, ez ditu baztertutako lehen aurreakordioa hobetuko luketen soldata igoerarik islatako eta ez duena langileen asanbladan planteatutako hobekuntza sozialik.

Gogora arazi nahi diogu Gil jaunari aurreakordioak ez dituela LAB, ELA eta ESKk soilik gaitzetsi, langileen asanblada bat izan da gehiengoz baztertu duena.

Gogora arazi behar diogu Gil jaunari langileek ez dituztela erabakiak hartzen inor izorratzeko eta bake soziala alde guztiei dagokien kontua dela, bera barne. Bake sozialik ezin da eman enpresak jarraitzen badu pentsatzen negoziazio kolektiboa kromo-truke hutsa dela. Ezin da bake sozialik egon gatazka egoera baten aurrean arduradun nagusiak paso egiten badu prekarioa izango ez den eta kalitatezkoa izango dan zerbitzu bat ziurtatu beharrean. Veolia 2008an iritsi zenetik gaur egun arte enplegua suntsitu da Bilbobusen eta horrek eragina dauka zerbitzuaren kalitatean. Hortaz, kalitateak axola badizu ezin duzu onartu kudeatzen duen enpresak bere irabaziak lehenestea kalitatezko zerbitzuaren aurretik, horrela baldin bada zu enpresa pribatu baten irabaziak lehenesten egongo baitzara herritarrentzako Bilbobusen kalitatezko zerbitzuaren aurretik.

LABen negoziaziorako prest gaude, beti egon izan gara. Hortaz, exiji iezaiozu ordaintzen duzuna gatazka konpontzera ezer dadila. Eta horretarako modu azkar eta eraginkorrena da zu zeu ere, zerbitzu honen arduradun nagusia, mahai horretan egotea. Azkenik, gogoraratzen diogu badagoela asanblada bat eskari batzuk egin zituena eta hauek akordioa islatzen ez badira, zaila izango da Bilbobuseko gatazka konpontzen. Zuk eta enpresak aipatu aldarrikapenok onartzen ez badituzue ez duzue bake sozialik nahi.
 

 

 

Babesa eta elkartasuna erakusten diogu Bartzelonako Kale Saltzaileen Herri Sindikatuari

0

LAB sindikatutik, beste behin, ere Bartzelonako kale saltzaileen aurka Mossos d’Esquadra eta Guardia Urbanak egindako polizia-operazioa salatu nahi dugu. Kaleko saltzaile diren kide hauen aurkako jazarpena ez da onargarria, eta argi esan nahi dugu langile migrante hauek gure langile klase berekoak direla..

LABetik, kide eta lagun ditugun Bartzelonako Kaleko Saltzaileen Herri Sindikatuari gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu. Izan ere, kaleko saltzaile hauek, aste honetan, beste behin ere segurtasunaren izenean, Catalunya plazan atxilotu zituzten, isuna jarri, eta saltzen zeudena dekomisatu zieten.

Atxiloketa hauen atzean, interes turistiko eta botere ekonomikoen aldetik, arrazakeria eta errealitate bat izkutatzeko beharra dago eta administrazioak interes horiei men eginez, polizia beraien zerbitzura jartzen du. Esan beharra dago gainera, poliziaren interbentzioak tratu txar eta gehiegikeriaz betetzen direla, inpunitate osoz gainera.

Jendartean gorrotoa eta kriminalizazioa sortzeko goitik behera orkestratua dagoen antzezlanaz ari gara. Komunikabideek iritzi publikoari gezurrak azaltzen dizkiete: kaleko saltzaileak indarkeria erabiltzen dutela, lapurrak direla, gaizkileak direla… eta handik gutxira poliziaren interbentzioak izaten dira.

Bizirauteko lanean ari diren langile migranteak dira. Kalean saltzen egon beharrean, eskubide osoz lan egin eta bizi nahiko lukete. Lan eta bizitza duina izateko eskubide osoa daukate. Zorionez, langile hauek badute ahotsa, antolatuta daude, eta bai Katalunian eta bertatik kanpo ere babesa dute. Beraien eskubideen alde egiten duten lana txalotzen eta babesten jarraituko dugula berresten dugu.

 

 

 

Babesa erakutsi diogu Maravillas gaztetxeari eta aldaketaren jatorrizko balioetara itzultzea exijitu dugu

0
Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa.

LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du Nafarroako Gobernuak agindu duen Iruñeko Maravillas gaztetxearen ezkutuko utzaraztearen inguruan (Alde Zaharra militarki okupatu duten Foruzaingoaren eta Espainiako Poliziaren bortizkeria eta errepresio bidez eginiko utzaraztea, gainera):

1. Gure erabateko babesa adierazi nahi diogu Maravillas gaztetxeari eta bere autogestio proiektuari. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu gazteriari, bereziki polizien bortizkeria dela-eta zaurituriko pertsonei. Gainera, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Alde Zaharreko bizilagun eta merkatariei; ez da onartzen ahal auzo horrek jasan behar izan duen okupazio poliziala, beren bizitzak eta lan jarduerak modu normal batean izatea oztopatu diena. Hori guztia dela eta, LAB sindikatuak bat egiten du urtarrilaren 19rako Iruñean deituta dagoen manifestazioarekin.

2. Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa. Uxue Barkos buru duen Nafarroako Gobernuak hartu du erabaki politikoa gazteen eta Maravillas gaztetxearen mobilizazio soziala bortizkeria polizialaren bidez erreprimitzeko. Jokabide horrek mobilizatzeko eskubidea urratzen du eta aspaldi bateko garaietara eramaten gaitu. Horregatik eskatzen dugu berriz Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren berehalako dimisioa eta Uxue Barkos lehendakariari eskatzen diogu, gertaera tamalgarri hauen azken arduraduna baita, utz diezaiola bokatxa eta borra artean ezkutatzeari, Aldaketaren jatorrizko balioak errespeta ditzala eta Erregimenaren modus operandi-a bazter dezala.

Asteotan ikusi dugu nola Foruzaingoak bortizkeria erabili duen Azkoienen bizitza eta lan duinen alde borrokan diren grebalari eta sindikalisten kontra. Eta egunotan ikusi dugu nola Foruzaingoak mobilizazio soziala erreprimitzen duen eta nola erabiltzen duen bortizkeria gazteen eta bizilagunen kontra. Onartezina da. Eta onartezina delako Foruzaingoan ordezkaritza duten sindikatuak interpelatu nahi ditugu, beren lan baldintzen inguruan mobilizatu ziren modu berean orain ere planto egin dezaten eta egoera hau guztia salatu dezaten. Izan ere, deigarria bezain tamalgarria da ikustea nola beren eskubideen alde mobilizatzen direnek gero bortizkeria erabiltzen duten gauza huraxe bera egiten duten pertsonen kontra.

3. LAB sindikatuak salatu nahi du Geroa Bai alderdiak erabaki politiko bat hartu duela 2015ean UPN-PSNren Erregimena erakundeetatik atera zuen Aldaketaren norabidea errepresioaren bidez aldatzeko. Gu ez gaude, noski, norabide aldaketa horrekin ados eta ulertzen dugu Aldaketaren jatorrizko balioetara itzuli behar dela, bizitzaren demokratizazioa eta gizarte aldaketa helburu duten balioetara. Ildo horrretan, herritarrei dei egiten diegu kalera atera daitezen UPN-PSNren Erregimena kanporatzearen alde borrokatu, lan egin eta bozkatu zuten guztien ondare diren balioen defentsan.

 

 

 

Huerta de Peraltako kaleratuak berronartzea, zorra ordaintzea eta enpresa itun baterako negoziazioa irekitzea aldarrikatu dute hainbat eragilek

0

Iruñean, 35 gizarte eragile baino gehiagok prentsaurrekoa eman dute Huerta de Peraltako grebalariei beren atxikimendua adierazteko eta biharko, urtarrilaren 11rako, Elkartasun Egunean parte hartzera deitzeko. Bitartean, enpresa batzordeko kideak Azkoiengo alkate Juan Carlos Castillorekin bildu diar, euren egoeraren berri emateko.

Huerta de Peralta enpresako gatazkaren harira, idazki hau sinatu dute eragile sozialek, Iruñeko agerraldian irakurritakoa:

1. Huerta de Peraltako Enpresa Batzordearen nahiz grebalarien aldarrikapenekin bat egiten dugu: lankideen berronartzea, herrialdeko hitzarmena ez betetzeagatik sortutako zorraren ordainketa eta enpresa itun baterako negoziazioen irekiera.

2. Huerta de Peraltako gatazka, gure ustez, Nafarroan bizirauten duen arazo larri baten adierazle da: landa eremuan ematen den esplotazio eta prekarietatea, hala aldizkako langileena nola urte osoan zehar lan egiten duten horiena. Ez da beharrezkoa Almeriaraino joatea, gutxi batzuen etekinak potoltzearren, zaurgarritasun egoeran diren pertsona migranteekiko abusu patronalak ikusteko. Ez dugu orokortu nahi: Nafarroan badira nekazari aunitz erreferentziazko hitzarmena bete eta lan eskubideak aintzat hartzen dituztenak. Langileen eskubidean urratzen dituzten jarrerak dira, besteak beste Huerta de Peraltako jabeenak, deslegitimatu eta gainditu beharrekoak.

3. Pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu, landa eremuan nahiz hirian, lanean nahiz eguneroko bizitzan, edozein delarik beren jatorria edota egoera. Ildo honetan, enplegu duina izatea ezinbestekoa da gizon-emakume orori bizitza duina bermatzeko.

4. Huerta de Peraltako zuzendaritzak erakutsitako itxikeriaren aurrean, Nafarroako instituzioei (Gobernua nahiz Parlamentua) eskatzen diegu esku har dezaten, Zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko benetako negoziazio bat ahalbidetzeko. Enpresak diru publiko ugari jaso du (kasik 300.000 euro pasa den urtean) eta ondorioz ezartzen dituen lan-baldintzekiko erantzunkizun erantsia eskatu behar zaio.

5. Era berean, nekazariei, nafar jendarteari nahiz nafar instituzioei zera proposatzen diegu: lan egin dezagun, denok batera eta indar guztiekin, gure herrien eta biztanleen garapena, aberastasunaren sorrera eta bere bidezko banaketa, eskutik joan daitezen. Denon artean lortuko dugu!

Orain arteko sinatzaileen zerrenda:

EH Hamaika kolore
SOS arrazakeria
Iruñea Ciudad de acogida / Harrera Hiria
Africa United
Papeles denontzat
Askapena
Bilgune Feminista
Martes al Sol
Zabaldi
Pentsionistak Martxan
Parlamentu Soziala
Sasoia
Oneka
Lugatibe
Sortzen
AEKko Iruñerriko irakasleak
AHT Gelditu Elkarlana Nafarroa
Memoriaren bideak
Autobus de la memoria
Mugarik Gabe
Mundu bat
Tomate gorriak
Piztu Alarma elkartasun tresna
Ernai
Zizurreko Gazte Mugimendua
Piztu Uharte Gazte Mugimendua
Tutera Alai Gazte Mugimendua
Arrotxapeako Gazte Mugimendua
Mendillorriko Gazte Mugimendua
Txantreako Gazte Mugimendua
Atarrabiako Gazte Mugimendua
LAB
ESK
CGT
EHNE
HIRU
STEILAS

Elkartasun Eguna, bihar
-Goizean zehar: informazio gunea, Sarasate pasealekuan
-9:00 Burrunba Parlamentuaren aurrean: landa eremuko langileentzat eskubideak ORAIN!
-11:00 Kalejira Alde Zaharretik
-11:30 Ekitaldia. Grebalariak + Oskar Reina, SATeko bozeramailea (Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras) + Imanol Karrera (LAB)
-12:00 Mikro irekia eragile sozial eta sindikal desberdinentzat.
-14:00 Bazkari eusko-arabiarra Arrano elkartean
-18:00 Hitzaldia Kaldereria 11 aretoan: Huerta de Peralta, landa eremuko langileen eskubideen aldeko borroka.
• Hossein Yagoubi (Presidente Comité de Empresa de Huerta de Peralta)
• Oskar Reina (portavoz del SAT, Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras)
• Berta Garcia (LAB)

 

 

 

Tubos Reunidoseko azpikontratetako Aldi Baterako EEEak salatzen ditugu

0
Pasa den azaroaren 12an Tubos Reunidoseko zuzendaritzak kontratuak eteteko 16 hilabetetako Aldi Baterako EEEa aurkeztu zuen Amurrioko bere lantegian. Egun batzuk beranduago beste horrenbeste egin zuen Trapagarangoan.

Hasieratik salatu du LABek neurri honen helburu nagusia beste modu baera lortu ezin izan duen malgutasuna eskuratzea dela eta gainera, kasu honetan, diru publikoz ordaindua. Taldeko langileek urteak daramatzate gero eta okerragoak diren lan-baldintzak jasaten, lanpostuen amortizazioak, malgutasunaren igoera, lanaldi irregularren ezarpena, mugikortasun funtzionala, kaleratze mehatxuak…

Gogoratu behar da taldeak duen zorrak ez duela Amurrio eta Trapagarango lantegien jarduera eta produktibitatearekin zerikusirik. Bere jatoria zuzendaritzaren kudeaketa negargarrian eta zenbai urten akziodunek eraman duten diruan.

Zuzendaritzak aldebakarraez inposatzen dituen neurriek zuzenean eragiten diete taldeak azpikontratuta dituen langileei, honezkero kaleratzeak jasan dituztenak eta oraingo espedientearen kasuan, ikusten ari direnak nola inposatuko zaien Aldi Baterako EEE bat Tuboseko langileen baldintzetan edo okerragoetan. Hauxe da Redena eta Montajes Jauregui enpresen kasua.

LABek publikoki salatu du egoera hau eta Eusko Jaurlaritzarekin batzartu da honen berri eman eta enpresaren aurrean bitartekari lanak egiteko deia egin dio, instituzio bezala exijituz gardentasuna kudeaketan eta benetako plan industrial baten beharra ezinbestean pasatzezn dena kapitala sartzetik eta akzionistek eraman duten dirua bueltatzetik. Hala ere Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzea erabaki du, langileen bizkarra emanez.

LABen borrokan jarraituko dugu taldeko eta azpikontratetako langileen eta Aiara eta Trapagarango etorkizunaren alde, inguru hauek ere jasotzen baituzte neurri hauen ondorio zuzenak.

 

 

 

Bilera batera deitu ditugu Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziazioan ari diren sindikatu guztiak

LAB sindikatutik jakinarazi nahi dugu ostiralean, urtarrilak 11, bilera bat egongo dela Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziazioan parte hartzen ari diren sindikatu guztien artean, LABek berak sustatuta.

Aurretik, mobilizazio egutegi baten proposamena helarazi zaie sindikatuei. Hauek egutegi hori baloratu eta euren posizioa adostu beharko dute ostiralean bertan.

Deialdi honek bere estrategia birplanteatzera behartu du ELA sindikatua, bakarrik aritzeko erabakia hartu eta gero, hitzarmen bat sinatzeko gehiengoa ez izan arren.

 

 

 

Ulertzen dugu Bizkaibus eta Bilbobuseko bidea ez dela edozein hitzarmen lehenbailehen sinatzea

0
CCOO eta UGTk Bizkaibuseko EMBko hitzarmena sinatu dute. Horrek dakarrena salatzen dugu LABen.

Sinatutako hitzarmenak enplegu suntsiketa babesten du, ez du langileentzako hobekuntza sozialik aurreikusten, ebentualen arteko prekarietatea igoaraziko du eta gainera, enpresa pribatu bat diru publikoarekin are gehiago aberastea ekarriko du, aurrerapauso sozialik ez dagoelako eta soldata- igoera oso apala delako.

Hurrengo taulan ikus dezakegu nor ateratzen den irabazle, askogatik gainera, EMB enpresak Aldunditik jasotako diru publikoarekin, UGT eta CCOOekin lortutako akordioarekin.

Akordio honekin enpresak ziurtatuta dauka 2018an 7,5 milioi euro baino gehiago eskuratuko dituela, eta 3 milioi euro baino gehiago 2019 eta 2020an. Diru-sarrera hauek azken urtean irabazitan lortzen zituen 4 milioi eurei batu behar zaizkie.

Aldundiak igoera hauek onartu ditu EMB eta Bizkaibuseko beste emakideentzat. Hau, 2014an salatu zen aurrekontu-partida horren jarraipena baino ez da. Ondorengoak lirateke kopuruak beste sozietateentzat:

Zenbaki hauek mahai gainean jarrita argi geratzen da Aldundia enplegu suntsiketa eta lan- baldintzen prekarizazioa saritzen ari dela, kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatu gabe. Diru publikoz saritzen ditu enpresak igoera horiek suposatuko dizkien irabaziak banatu ditzaten eta gainera, diru gehiago irabaziko dute amortizatu edo azpikontratatuko dituzten lanpostuekin.

Lotsagarria da diru publiko guzti hau ez erabiltzea bizkaitarren onurarako, langileok barne, eta enpresa pribatuek poltsikoratzea, negozioa egin eta bidaiarien garraio publikoaren kontura irabaziak are gehiago handitzea besterik ez dutenak buruan.

Horregatik, LABetik dei egiten die PESA LUR eta GAM Txorierriko langileei, mahai gainean greba- deialdiak dituzten Bizkaibuseko enpresa biak, ez dezatela lortu edozein akordio enpresekin eta lanpostuak amortizatuko ez direla berma dezatela. Horrela, zerbitzu hobea emango zaie herritarrei eta lan-baldintza ekonomiko eta sozial hobeak bermatuko zaizkie langileei.

Beste alde batetik, LABek ohartarazi nahi du arazoa Bilbobusen birsor daitekeela, eta horregatik argi utzi nahi du Bilboko Udalak bere erantzukizuna onartu behar duela kalitatezko zerbitzua bermatuz lanpostuak amortizatu gabe, langilee ebentuales prekarietaterik gabe, langileentzako segurtasunarekin, etab. Bilbotarrei ziurtatuz Bilbobusera bideratutako diru publikoa kalitate sozial eta laborala duen zerbitzu baterako dela eta ez ALSA bezalako enpresak Bilbo eta Bizkaia aberasten jarraitzeko.

Horregatik, LABek jarrera oso argia izango du Bizkaibuseko enpresetako bakoitzean eta Bilbobusen, langileentzat onuragarriak izango diren akordioa lortzen saiatuz, CCOO eta UGTren akordioaren antzerakoak sinatu barik, egiten duten bakarra enplegua suntsitu, lan-baldintzak prekarizatu, garraioko zerbitzu publikoa kaltetu eta enpresa pribatuen irabaziak loditzea besterik ez denean. Baliteke honek zerikusia izatea Aldundian zein Udalean garraioaren ardura daukatenei egindako mesede politikoekin.