2026-01-27
Blog Page 677

Gasteizko Legebiltzarrari Herri Ekimen Legegilearen eztabaidari bide emateko eskatu dio Eskubide Sozialen Kartak

51.000 sinaduren ibilbildearen etorkizuna ostegun honetan erabakiko da. Otsailaren 7ko Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren bigarren puntuan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkezturiko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) eztabaidari bide ematen zaion erabakiko da. Aste honetan bertan jakingo dugu ekimenaren eztabaida demokratikoa bermatzen den edo ukatua izaten den.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok agerraldi bat egin dugu Bilbon. Hauxe da egin dugun irakurketa:

Orain astebete iragarri moduan, PSErekin izan ezik, Legebiltzarra osatzen duten gainontzeko taldeekin bilera desberdinak egin ditugu: EH Bilduk eta Podemosek bere babesa eman badigute ere, EAJ eta PPrena kontrako zentzuan joan da. Aipatu dugun moduan, PSEk bilera deialdiari erantzun ez badigu ere, Gobernua sostengatzen duen taldea izanik, ezezko jarrera izanen duela aurreikusten dugu. Eta gauzak horrela, berriro ere, babes sozialaren inguruko eztabaida faltsuan ixteko arriskua dago. Are gehiago, gure ekimena eragotziko balitz, EAJ eta PSE-k aurkezturiko lege proposamenaren eztabaidari soilik bide emanen litzaioke.

Babes sozialean hain garrantzizkoa den prestazioa lege proposamen baten bidez aldatu nahi izateak, gobernuaren izaera demokratiko eza agerian uzten du. Are gehiago, horrela tramitatu nahi izanak helburu argia izan du: gure HEL neutralizatzea. Eztabaidaren ibilbide berak hori ondorioztatzera eramaten gaitu. 2017ko maiatzean EAEko Gobernuak bere proposamena aurkeztu zuen 18/2008 legea erreformatzeko. Proposamen horrek "Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta hobetzeko oinarrien dokumentua" izan zuen izenburutzat.

Gobernuak, orduan, proposamen horren premia honelaxe justifikatu zuen: Jaurlaritzak "babes sozialeko euskal sistemaren finantziazioa sendotzeko eta bere iraukortasuna bermatzeko, adostasun zabaleko itun soziala bultzatu behar" duela, alegia.

Proposamen hori aurkeztu zutenetik, gaia jorratzen duen Legebiltzarreko batzordean hainbat aurkezpen eta agerpen egin izan dira. Kartak ere bertan parte hartu zuen, bere balorazio ezkorra azalduz.

Gauzak horrela eta behin eztabaida zabalduta, Kartak 2018ko martxoan HEL aurkeztu zuen. Horren helburua gaur egungo legeak aldatzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa duina izan dadin, premia duten pertsona guztiek eskuratu dezaten eta etxebizitza eskubide efektiboa bermatua izan dadin.

Apirilaren 28an Legebiltzarrean EAJk eta PSEk, hasitako prozesu parte hartzailea zartatu zuten lege proposamena aurkeztuz; emandako arrazoia, erreformaren onarpena azkarrago egin behar zela esan zuten, alegia, eztabaida eta bermeak mugatzea besterik ez zuten bilatzen, gai horren inguruan preimiazkoa den adostasun soziala ekidituz.

Lege proposamen horren erreferentzia Jaurlaritzak duela urtebete aurkeztu zuen oinarrien dokumentua da eta, beraz, erreforma neurri berberak dakartza. Neurri horiek bere momentuan hainbat kritika jaso zituzten, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin konparatuta DBE murriztera baitatoz. Mugimendu sozialek, gehiengo sindikalak eta aurkeztutako HELak agerpen parlamentarioetan azaldu eta eskatutakoari entzungor egin eta bere momentuan kritikatutako neurriei eutsi diete.

Gauzak horrela, Kartak hurrengo osteguneko osoko bilkuran bere HEL defendatuko du. Kartak, 51.000 sinaduren ahotsa eroanen du Legebiltzarrera. Kartak hurrenez hurren, bestelako babes sozialaren beharraz, kohesio sozialaren beharraz eta eztabaida demokratikoaren beharraz arituko da legebiltzarrean.

Zentzu horretan, Legebiltzarrari eztabaidari bide ematea eskatzen diogu. Halaber, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen izaera antidemokratikoa salatuko dugu eta beraiek aurkezturiko lege proposamenaren kontra agertuko gara HEL neutralizatzeko asmoz sortua izan delako, egungo babesa murrizten duelako are gehiago eta jendartean ireki beharreko eztabaida ekiditzen duelako.

 

 

 

Palacio de Elorriaga hotelaren aurrean mobilizatu gara, langile bat haurdun egoteagatik egindako kaleratzea salatzeko

Urtarrilaren 28an, lan munduan eman diren emakumeen kontrako hiru diskriminazio kasuren berri eman genuen. Hauetariko bat da Hotel Palacio de Elorriaga hotelekoa. Bertan, zazpi urte zeramatzan langile bat kaleratu zuten haurdun zegoela jakinarazi zuenean. Hala, mobilizazioaren bidez, hoteleko zuzendaritzaren jarrera salatu dugu.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako patronalaren aurrean mobilizatu gara, eta grebaren beharra berretsi dugu

0

LABek Bizkaiko delegatuen asanblada egin du gaur, herrialdeko metalgintzako hitzarmenaren egoera lantzeko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dugu Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioaren, hots, FVEM patronalaren, egoitzaren aurrean.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren egoera jasanezina da. Urtebete bete da mahaia ireki zenetik, eta, ordutik, patronalak hitzarmen berri eta duin bat izateko borondate falta eta langileekiko errespetu falta izan du behin eta berriro. Honen guztiaren inguruan, eta horren aurrean egingo ditugun urratsei buruz, agerraldi bat egin genuen duela bi aste, komunikabideen aurrean.
 

 

 

Iruñeko Lan Departamenduan egin dute protesta Legasako Arcelorreko langileek

0

Kaleratutako lankidea berronartzeko exijitu dute hirugarren greba egunean.

Legasako Arcelor Mittal enpresan planteatuta zeuden hiru greba greba egunak egin dira, gaurkoarekin, beti ere kaleratutako lakindearen berronartzea exijitzeko. Balorazioa hagitz positiboa da produkzioa gelditzea lortu egin delako eta mobilizazioetan langileek modu zabal batean parte hartu dutelako. Baina hori horrela izanda ere, zuzendaritzak ez du inongo mugimendurik egin eta, horren ondorioz, gaur, azken greba egunean, langileak kalera atera dira berriz. Hain zuzen ere, Iruñeko Lan Departamentuaren aitzinean elkarretaratzea egin dute, gatazka honen inguruko kontziliazio saioaaren atarian. Saio honek emandakoaren ondoren, langileen batzarra eginen da hurrengo pausoak zein izanen diren erabakitzeko.
 

 

 

Aurreakordioa Bizkaiko Simply supermerkatuetan

0

Bertan behera utzi dute gaurko deitutako greba.

Atzo, greba-batzordea enpresarerekin batzartu eta aurrekordioa lortu zuen, honako puntuotan zehazten dena.

1.- Lanaldiaren zabalpen gehienen egonkortzea. Honek suposatzen du ia 8 lanaldi osori dagokiona. Modu mugagabean 24 ordutako lanaldi partzialarekin gutxienez 4 pertsona kontratatzea ere jasotzen da.

2.- Sartutako gehiegizko orduak larunbatez gozatzeko muga kenduko da.

3.- Bileren egutegi bat zehazten da asteroko atsedenaren ezarpena negoziatzeko, larunbatak gozatzeko helburuarekin.

4.- Bajak ordezkatzeko konpromisoa hartzen du enpresak sektoreko absentsimoaren batazbestekoa bermatu arte edo %5eko gutxieneko bat hirugarren egunera arte.

5.- 2018 eta 2019an senideak edo seme-alabak zaintzera bideratutako eszendentziak estaltzeko kontratu interinoak egingo dira.

Guzti honengatik, bertan behera geratzen da gaurko deituta zegoen greba martxoaren 31ra arte. Egun horretan, enpresa-batzordeak baloratuko du gatazkan jarraitzen duen ala ez, lortutako emaitzen arabera.
 

 

 

Suhiltzaile gehiago behar direla ohartarazi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Zarautzen, atzo, ehundik gora suhiltzaile bildu ziren suhiltzaile gehiagoren beharra eskatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari, Zarauzko Udalbatzaren bitartez. Mozio bat aurkeztu zuten bertan, beste udaletan egingo duten bezala.

Hauxe da Aldundiko enpresa batzordeak egindako irakurketa, atzoko protestaren harira:

"Suhiltzaileen egoera prekarioa aspalditik datorren kontua da, oso labur geratzen diren minimoetan lan egiten baitugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak Suhiltzaileen zerbitzuari ez dio larrialdietako zerbitzu batek merezi duen besteko arretarik jartzen, eta, horren ondorioz, langileen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, zerbitzu hori behar duen edozeinena ere arriskatzen du. Langile falta nabaria da eta Aldundiaren kudeaketa oso txarra.

Azken urteetan, plaza gutxitako EPE deialdi urriak egin dira eta gainera emaitza eskasak izan dituzte. Ordezkapen zerrendarik gabe geratzen gara etengabe, Aldundiak zerrenda egoki bat izateko konpromisoa hartua du, baina ez du betetzen. Horrek, azken hilabetean parke bat itxi eta beste bi alditan minimoen azpitik lan egin beharrera eraman gaitu.

Aldundiari eskatzen diogu propaganda egiteari utzi eta egoera iraultzeko neurriak aplikatzen hastea. Horretarako beraiek aurkeztutako Gipuzkoa Babestu 20-30 plana garatzen hasteko lehenengo pauso bezala sor eta bete ditzala 48 suhiltzaile plaza berri."

Horixe aldarrikatu zuten, atzo, Zarauzko suhiltzaile parketik atera eta udaletxe aurrean amaitu zen manifestazioaren bitartez. Izan ere, Zarauzko udalbatzarrean, suhiltzaile etxeak dituzten gainerako herrietan egingo den bezala, mozioa aurkeztu baita.
 

 

 

Batzarra eta kontzentrazioa egin ditugu Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Nafarroako Administrazioaren zenbait kolektiboren maila igoeren gaineko akordioa defendatzeko

Deus berririk ez dakigu Nafarroan sindikatuek eta Foru Gobernuak adostutako maila igoerak errekurritzeko Madrilgo Gobernuak egin zituen mehatxuei buruz. Hilabete joan da lehenengo berriak zabaldu zirenetik, baina, guk dakigula, ez da beste mugimendurik izan. Dena dela, LABen iritziz, beharrezkoa da berriz ere kalera ateratzea adostutako defendatzeko eta garbi uzteko ez dugula onartu behar Madrilek muturra sartzea Nafarroan hartzen diren erabakietan.

Sinatutako akordio hura lorpen handia izan zen, eta adostutakoarekin pozik gelditu ziren sindikatu gehien gehienak, Nafarroako Gobernua bera, Nafarroan ordezkaritza duten alderdi politikoak eta Administrazioko milaka eta milaka langile, akordioari esker bidezko aldarrikapen historiko batzuk lortu zituztelako.

Baina ezin gara konfiatu eta adi-adi egon behar dugu. Horregatik, berriz ere exijituko diogu PSOEren Gobernuari errespeta dezala Nafarroan lortutako akordioa.
 

 

 

Inor ez dela ilegala aldarrikatuko dugu igandean, Donostian

LABek bat egin du igandean, otsailak 3, Donostiako Bulebarrean egingo den manifestazioarekin, 12:00etan hasita, "Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak" leloarekin. Adierazpen bat egin dugu manifestazioaren harira, pertsona guztien eskubideen defentsan.
 

 

 

Kolektibitateetako EAEko hitzarmenaren mahai osaketa sustatu dugu

0

Gaur osteguna urtarrilaren 31an, LABek kontzentrazioa egin du Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurretik, kolektibitateerako EAE mailako hitzamena aldarrikatuz. Ondoren bertan egin den bileran, EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren mahaia osatzea sustatu du LABek, ELArekin batera.

Hitzarmen hau beharrezkoa da sektoreko langileek bizi duten estatalizazio eta prekarietatearekin amaitzeko. Enpleguaren arloan 155. artikulua ezartzearen parekoa da. Inposatzen digute errestaurazioko estatu mailako hitzarmenak pobretu egiten gaitu, gure lan-baldintzak desarautzen ditu eta lan egiten dugun lekuan negoziatzeko eskubidea ukatzen digute, ez dauden gehiengo sindikalei aitortza emanez.

Mahai-irekiera honek balio izan du sektoreko langileen ongizatetik kanpoko interes sindikal eta enpresarialak ikusi ahal izateko, langileak direnean enpresen irabaziak sortzen dituztenak eta trukean estatalizazioaren ondorioak jasaten dituztenean.

Euskal Ostalaritza Federazioak adierazi du ez duela negoziaziorako esparru autonomikoa zabaltzeko borondaterik.
FEADRS-ek adierazi du ez duela negoziatzeko beharrik. Errestaurazioko estatu mailako hitzarmena defendatu du eta adierazi du beste edozein esparru ez letorkeela bat Madrilen adostutakoarekin.

CCOOk ez du EAEko kolektibitateetako hitzarmen autonomikorik nahi. Esaten du badaudela honezkero herrialdeko ostalaritzako hitzarmena, hauek direla negoziaketa eremua eta adierazten du hitzarmen estatalari esker hobetu direla langile askoren baldintzak.

UGTk adierazi du prest dagoela EAEko kolektibitateetako hitzarmena negoziatzeko, beharrezkoa ikusten duelako.
Aurkezpen honek agerian utzi du Ostalaritzako Euskal Federazioak, FEADRS eta CCOOek ezetz esan diotela sektoreko baldintzak hobetzeari. Lan-erreforma eta legezkotasuna erabiltzen dute negoziatu nahi ez dutelako izkutatzeko, baina ahal dute, benetako argudioa baita esparru autonomikoa ez dela egokia euren interes partikularrentzat.

Egun langileen kolektibo handia dago estatu mailako hitzarmena ezartzen ez zaiena. Lan-baldintza hobeak izateak dakar honek. Ez-betetze hau ekintza sindikalaren bidez lortu da. Ordua da ez- betetze hau langile guztientzako izatea, EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren babesa dutelako, lan-baldintza propioak kontuan hartuko dituena.

LABetik lanean jarraituko dugu EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren alde, sektore honetan egindako lana ikusarazi eta honi balio emango diona.