2026-10-14
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaSuhiltzaile gehiago behar direla ohartarazi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Suhiltzaile gehiago behar direla ohartarazi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Zarautzen, atzo, ehundik gora suhiltzaile bildu ziren suhiltzaile gehiagoren beharra eskatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari, Zarauzko Udalbatzaren bitartez. Mozio bat aurkeztu zuten bertan, beste udaletan egingo duten bezala.

Hauxe da Aldundiko enpresa batzordeak egindako irakurketa, atzoko protestaren harira:

"Suhiltzaileen egoera prekarioa aspalditik datorren kontua da, oso labur geratzen diren minimoetan lan egiten baitugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak Suhiltzaileen zerbitzuari ez dio larrialdietako zerbitzu batek merezi duen besteko arretarik jartzen, eta, horren ondorioz, langileen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, zerbitzu hori behar duen edozeinena ere arriskatzen du. Langile falta nabaria da eta Aldundiaren kudeaketa oso txarra.

Azken urteetan, plaza gutxitako EPE deialdi urriak egin dira eta gainera emaitza eskasak izan dituzte. Ordezkapen zerrendarik gabe geratzen gara etengabe, Aldundiak zerrenda egoki bat izateko konpromisoa hartua du, baina ez du betetzen. Horrek, azken hilabetean parke bat itxi eta beste bi alditan minimoen azpitik lan egin beharrera eraman gaitu.

Aldundiari eskatzen diogu propaganda egiteari utzi eta egoera iraultzeko neurriak aplikatzen hastea. Horretarako beraiek aurkeztutako Gipuzkoa Babestu 20-30 plana garatzen hasteko lehenengo pauso bezala sor eta bete ditzala 48 suhiltzaile plaza berri."

Horixe aldarrikatu zuten, atzo, Zarauzko suhiltzaile parketik atera eta udaletxe aurrean amaitu zen manifestazioaren bitartez. Izan ere, Zarauzko udalbatzarrean, suhiltzaile etxeak dituzten gainerako herrietan egingo den bezala, mozioa aurkeztu baita.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.