2026-01-28
Blog Page 666

Manifestazioa egin dute Bilbon Lantegi Batuak-eko langileek, hitzarmen duinaren aldeko bigarren greba egunean

Bigarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak-eko langileek, enpresa-batzordearen deialdiari jarraiki. Atzo, lan-zentro desberdinen aurrean mobilizatu ziren eta gaurkoan, manifestazioa egin dute Bilbon, Gran Vian zehar, Jaurlaritzaren egoitzatik Aldundiraino.

Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko arduradunak eta Gorka Berasategi zerbitzu publikoen federazioko idazkariak gaurko mobilizazioan parte hartu dute, langileen borroka eta aldarrikapenak babestuz.

Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “14 hilabete daramatzate negoziatzen Lantegi Batuak-eko langileek. Enpresak ez du azken 4 hilabeteetan proposamenik egin. Etekinak dituen enpresa bat da, gainera”.

LABeko ordezkariaren arabera, “prekarietate egoera gorria bizi dute bertako 2.200 langileek. Aniztasun funtzionala duten langileak izanik, oso baxuak dira soldatak eta ugariak aldi baterako kontratuak. Gainera, soldata-izozketa batetik datoz”.

Beharrezkoa da egoera desblokeatzea, Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “KPIari lotutako igoerekin, soldata baxuei aurre egiteko igoera linealekin eta lan-orduak murriztuz. Lan-baldintza duinak bermatzea da borrokaren helburu nagusia".

 

 

 

[IRITZIA] “Soldata arrakala arazo politiko bat da”

LABeko Idazkaritza Feministako Arantxa Vazquezek eta Eli Etxeberriak soldata arrakalari buruz idatzi dute, baita zapalkuntza ahalbidetzen duen sistemaren inguruan ere.

Bizitza eusteko behar beharrezkoak diren lanak albo batera uzten dituzten soldata arrakalaren kontrako planek ez dute arrakala amaituko, eta arazoa betikotu egingo dute.

Generoak sortzen duen soldata arrakalean bestelako zapalketak gurutzatzen dira gainera. Jatorriak, adinak, klaseak, aniztasun funtzionalak… eragin zuzena du auzi honetan, eta hori ez bada aintzat hartzen, soldata arrakalaz orokorrean hitz egiten jarraitzen badugu, gizon eta emakume* guztien egoera parekatu egiten dugu, gizon guztiek eta emakume* guztiek aukera berdinak ditugula aditzera emanez. Eta ez da horrela. Errealitateak kontrakoa erakusten digu egunero.

Emakume migranteek eta «bertako» emakumeek ez dute sektore berdinetan lan egiten. Aniztasun funtzionala duten emakumeek «babestua» ez den enplegu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak handiak dira, eta ikaragarriak euren baldintzengatik zapalduak izateko arriskuak. Emakume heldu gehiegiri prekaritate gordina besterik ez zaie geratzen bizitzaren azken garaietan, enplegu bat aurkitu ezinik, bizitza osoa zaintza lanetan egin ondoren, lan merkatutik sartu-atera iraunkorrean, baldintza oso kaskarretan beti. Eta emakume askori, sexu langileak besteak beste, ukatu egiten zaie langileak direla gainontzekoak egiten dutena egin arren: euren lana saldu bizi ahal izateko diruaren truke.

Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kapazitista hau da. Lege, dekretu eta lan araudien bidez modu basatian, erregulatuan eta onartuan zapaltzen gaituen sistema hau, hain zuzen ere. Bere burua babesteko eta betikotzeko produktiboa ez den oro kanporatu eta suntsitu egiten duen sistema anker hau (berak esanez beti zer eta zein den produktiboa).

Ez diogu geure buruari ziririk sartuko. Izan generokoak, jatorriagatikoak, klasekoa edo aipatutako gainontzekoak, soldata arrakalak ez dira desagertuko. Ez sistema honetan. Sistemak ez du utziko. Zapalkuntza, diskriminazioa, bizitzari eusteko behar-beharrezkoak diren lanak ez aitortzea, extraktibismoa, nekropolitika, harrapakeria, ondasun pribatua guztiaren gainetik jartzea eta besteren usurpazioa sistema honen oinarrian daude, sistemak behar ditu, eta ez die uko egingo.

Soldata arrakalaren auzian garrantzia hartzen duena enpresetako zuzendaritza batzordeetan emakume kopuruaren auzia izatea eta kopuru hori handitzea garaipen bezala aldarrikatzea fribolitate hutsa da, emakume gehienek enplegu prekarioak dituztenean edota soldatarik gabeko lanetan ari direnean. Ez dugu goikoen berdintasunik nahi!

Zaintza lanen antolaketa soziala eta soldata arrakala bereiztea arduragabea da, zaintza lanak ez direlako bakarrik egiten. Administraziotik zaintza lanen zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen badira, soldata arrakala betikotu egingo da, eta arazo kolektiboei irtenbide indibidualak ematen dien bidea babesten jarraituko dugu.

Amaia Perez Orozcok esaten duenez, polita geratzen da lan merkatuan eman behar den berdintasunaz hitz egitea etxeko komuna nork garbitzen duen alde batera utziz. Berdina gertatzen da soldata arrakalaren kontrako planen kasuan, polita da planak gora eta behera aritzea, zaintza lanak musu-truk egiten dituzten emakumeen egoerari erreparatu gabe.

Hitz egin dezagun bizigarriak diren bizi proiektuak kapitalismoaren baitan eraikitzeko ezintasunez. Ikas dezagun nola eta zertarako ukatzen dituen kapitalismoak bizitza eusteko beharrezkoak diren zaintza lanak. Aztertu ditzagun sistemak egiten digun iruzurra konponbide partzialak eskaintzen dizkigunean hauek guztiengana irits daitezkeela eta sistematik askatzeko balio dutela esanez. Gaurkoz sistema emakumeon esplotazio ekonomikoan oinarritzen da, emakume etorkinak indar bereziz zapalduz gainera; eta hori ez da neurri partzialekin konpontzen.

Jar dezagun bizitza erdigunean, eta has gaitezen bizitza sostengatzen dutenak ikusgarri eginez. Egiten duten lana aitortuz, balioan jarriz eta duintasunez begiratuz. Egin dezagun bidea zaintza lanak despatriarkalizatzeko, generorik gabekoak egiteko, eremu pribatutik ateratzeko eta pribatizazioetatik aldentzeko, eta sozialki bidezkoa den moduan banatzeko. Eraiki dezagun lehen mailako arazo politiko honek eskatzen duen konponbide sozial, politiko eta ekonomikoa.

Egia da, aliantza kriminala dago patriarkatuaren eta kapitalaren artean. Hori apurtzea da gure eginkizuna. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!
 

 

 

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko exijitu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu dute bere lankideek eta Gipuzkoako Aldundiko langileek, Donostian, Foru Jauregiaren aurrean. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte aldarrikapen honekin, azken hilabeteetan, Iñaki Igerategik pairatzen duen “zigor bikoitza” salatzeko.

Iñaki Igerategi Gipuzkoako Aldundiko suhiltzailea zen eta Tolosako parkean jarduten zuen 2012. urteko otsailean Espainiako poliziak atxilotu zuenean. Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta gero, 6 urteko espetxe eta inhabilitazio zigorrak ezarri zizkion. Bere zigorrak beteta, 2018. urteko otsailean espetxetik atera zen eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzea eskatu zion Aldundiari. Aldundiak, aurrekari legalei muzin eginez, ukatu zion bere lanpostura itzultzeko eskubidea eta Funtzionario Karreratik baztertu zuen, beteta zuen zigorrari beste bat erantsiz.

Erabakia oso larria da, Iñaki Igerategik eskubide osoa duelako bere lanpostura bueltatzeko. Eta are larriagoa da, Gipuzkoako Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuan gabezia pertsonal handiak daudenean, azken asteotan suhiltzaile-etxe bat itxita izatera ere behartu dutenak. Bitartean, Iñaki Igerategi, bere profesionaltasuna urteetan erakutsi zuena eta herritarren zerbitzurako prestutasun guztia agertu duena, kalean utzi dute, suhiltzaileak soberan baleude bezala.

Ebazpena, maiatza inguruan
Otsailaren 21ean bigarren bilera bat eduki zuten Iñakiren abokatuek Imanol Lasarekin eta bertan argi geratu zen, are argiago, Aldundiaren borondate eza egoera nolabait bideratzeko. Beraien hitz onak ekintzekin kontrastatzen saiatu gara eta hitz ustelak direla beste ondoriorik ez dugu atera.

Beraz, borrokarako ordua heldu da. Iñaki laguntzeko, Aldundiaren kolaborazionismo lotsagarria salatzeko Espainiako Estatuaren errepresio neurrigabearekin, eta baita geure buruak babesteko inhabilitazioaren zigorraren erabilpen ankerraren aurrean. Inhabilitazioarena arma arriskutsua da administrazioaren eskuetan, eta kontutan eduki beharko dugu, etorkizunean, errezegi erabil ez dezaten gu mehatxupean eta paralizaturik mantentzeko.

Iñakirena borroka zaila izango da, baina borrokatu beharrekoa. Elkartasun kontua da, lehenik eta behin. Ezin dugu onartu Aldundiari dohainik atera dakion gure kideari egin diona. Nahikoa pairatu eta “ordaindu” du Iñakik, eta orain, ogibidea bera ere kendu dio Aldundiak. Bestalde, gure eskubideak babesteko garaia ere bada. Gaur Iñaki izan da inhabilitatua eta bihar beste edonor izan daiteke, beste edozein aitzakia medio.
Borroka luzea izan daiteke, eta indarrak ondo neurtu beharko ditugu, batez ere zerbitzu hobeago baten alde borrokan gauden honetan. Ziurrenik fase ezberdinak izango ditu borrokak. Orain, eta maiatza bitartean, garrantzitsua izango da azeleradorea zapaltzea. Iñakiren errekurtsoa maiatzaren bueltan ebatziko da, eta maiatzean ere hauteskundeak izango dira. 

Beraz, esfortzu berezia eskatzen dugu Iñakiren aldeko lanean, Aldundiko langileen artean; bere etorkizuna baldintzatzeko aukeretan “leiho txiki bat” izango baitugu irekita. 

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak greban daude berriro

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek greba egun gehiago iragarri zituzten joan astean, hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, gaur egin dute deitutako greba berri horietatik lehena, eta goizean goizetik hasi dira protestekin, Bilboko erdialdea hartu baitute lehen orduan euren borroka ikuskarri egiteko. BIhar beste greba egun bat egingo dute, eta martxoaren 5, 6 eta 7an, beste hiru.
 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek Eibarko udalbatzarrera eraman dituzte euren aldarrikapenak

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak borrokan daude, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan eta sinadura bilketa bat abian dute. Bada, Eibarko udalbatzarrera bertaratu ziren atzo, euren aldarrikapenen berri emateko.

 

 

 

“Borrokan jarraituko dugu langileen lan baldintzak eta emakumeen eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzen”

Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean izan ziren, joan den astean, LABeko kide Loreto Cabo, Begoña Gartzia eta Leila Martin. Hauetako lehenarekin hitz egin dugu, Gasteizera eramandako aldarrikapenei buruz, LABek emakumeen kontrako indarkeria arloko epaitegien inguruan egindako azterketaren harira.

-Nola joan zen agerraldia? Zer nolako jarrera aurkitu duzue? Nola hartu dituzte sindikatuaren proposamenak?

Talde parlamentario guztietako ordezkariek bazeukaten guk planteatutako kontuei buruzko informazioa, jadanik 2017an Legebiltzarrak Bilboko indarkeria epaitegietako egoera aztertu zuen batzordeko kideak dira denak eta batzuek gure txostena aldez aurretik ezagutzen zutelako. Hitz politak gora behera, esan gabe doa taldeen artean ezberdintasun nabariak daudela.
Ruiz de Arbuluk (PP) adierazi zuen frogatua dutela Jaurlaritzak Justizia Batzordeari ere ez diola jaramonik egiten, baina uste du, esaterako, epaileak -eta oro har indarkeria auzietan parte hartzen dutenak- ez dutela behar bestelako prestakuntzarik.

PSEko Alexia Castelo parlamentariari ez zitzaion gustatu, 2017an indarkeria epaitegietara egindako bisitan, langileek euren lan-baldintzei buruz besterik ez hitz egitea. Egun hartan Sailak sindikatuok Lakuan bilera batera deitu gintuen, biolentzia epaitegian gu ez egotearren. Hau salatu eta gero, argi utzi genion parlamentariari lan baldintza duinak ezinbestekoak direla kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini ahal izateko. Honetaz aparte, gure txostenean lan balditzak ez dira salatutako puntu bakarra. Hala ere, gure txostenean indarkeria epaitegietan publikoari emandako zerbitzuaren kalitateari ere sakon aztertzen dugu. Guk proposatutako zenbait neurrirekin ez zegoen konforme eta beste batzuk bere erara formulatu zituen. Nabarmen geratu zen Justizia Saila bere alderdiaren ardurapean dagoela eta hura defendatzen ahalegindu zela.

EAJko ordezkari Joseba Zorrillak esan zuen ikuspuntu desberdinak daudela gai honen inguruan, eta, 2017ko bisitaldiaren harira, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitego Nagusiko presidenteak garrantzia kendu ziela kexei. Lur eta zur geratu ginen Ibarrak guri bestelako jarrera erakutsi digulako beti. Gobernatzen duen alderdia izanik, beharrezkoa den dirua eta kontu batzuk euren eskumena ez dela aipatzen babestu zen.

Azpimarratzekoa da bai PPren bai PSEren ordezkariek esan zutena gure txostenari buruz: orduantxe ezagutu zuela, lehenak; interneten bilatuta ere ez zuela topatu, besteak. Horrek frogatzen digu zer nolako interesa duten.

EH Bildun (Jone Goirizelaia) zein Ahal Dugun (Eukene Arana), aldiz, oso jokabide positiboa ikusi genuen gure proposamenekiko; txostenean esaten ditugunekin ados daude erabat eta kritika ugari egin zioten Justizia Sailari. EH Bilduk gurekin lanean jarraitzeko aukera ere luzatu zigun. Guk, jakina, baietz esan genion, ez bakarrik EH Bildurekin lan egitekoari baizik, eta alderdi guztiekin ere. Edonola ere, argi geratu zen garrantzitsuena dela Justizia Sailaren negoziatzeko eta adosteko nahia; gaur egun arte, behintzat, erakutsi ez digun jarrera, hain justu.

-Urte batzuk dira emakumeen kontrako indarkeria arloko epaitegiak sortu zituztela, eta funtzionamendua jasanezina eta zeharo ez eraginkorra dela agerian utzi duzue gaiari buruz egindako txostenean. Zer nolako gabezia daude? Zeintzuk dira zuzendu beharreko urritasun eta hutsuneak?

Langileen lan-baldintzak: ordutegi-malgutasuna errespetatzea; lana eta bizitza pertsonala bateratzea ahalbidetzea; nekagarritasun osagarria ezartzea, inon arautzen eta inolaz ordaintzen ez den ezkutuko guardia egitera behartuta baitaude; ez dagozkion zereginak egitea (ume zaintzaile esaterako).

Epaitegietako espazioak egokitzea honako hauetarako: emakumeei segurtasuna bermatzea (biktima eta ustezko erasotzailea batera egoten dira hainbatetan); pribatutasuna errespetatzea (esaterako abokatuarekin hitz egiteko, epaitegian dauden beste pertsonen aurrean egin behar ez izateko); gela egokiak atondu adin gabeko seme-alabak egon daitezen; haien ardura hartuko duen langile edo erakunde espezializatua…

Itxaronaldi amaigabeak. Bai biktimek eta bai ustezko erasotzaileek orduak eman behar izaten dituzte artatuak izan arte edota epaileak erabaki bat eman arte. Askotan abokatua agertu arte ere denbora luze zain egon behar dute.

Itzultzaile profesionalak. Batzuetan interpreteek itzuli beharreko hizkuntza edota gaztelania ez dute ondo ezagutzen horrek dakarren biktimarekiko babesgabetasuna.

Ofiziozko txandako abokatu gutxi daude. Abokatuen elkargoekin sinatutako hitzarmenak eguneratu behar dira. Honen harira, PSEko parlamentariak esan zuen urtarrilean hitzarmen berria sinatu zutela abokatuen elkargoekin, gure eskaera isildu nahian edo. Baina urtarrilean onartu dena da doako juztiziako txandan dabiltzan abokatuek kobratzen duten diru kopurua handitzea; ez ordea, txanda bakoitzeko abokatu kopurua; are gutxiago emakumeek doako justizia izateko eskubidea gehienezko diru-sarrera apaltzea: bi seme-alaba dituen emakume batek hilean 1.152,52 eutotik gora (14 ordainketa) kobratzen badu ez du eskubiderik doako justizia izateko.

Auzitegi medikuek euren zeregina (biktimei egindako kalteak ebaluatzea eta indarkeriazko jokabideak ez errepikatzea, esaterako) egoki bete dezaten baliabide gehiago behar dira.

Biktima artatzeko zerbitzua hobetu eta epaitegietara hurbildu aholkularitza, informazioa eta laguntza emozional egokiak eman ditzan.

-Eusko Jaurlaritza zerbait egiten ari al da gabeziei konponbidea emateko?

Ezer gutxi. Adibide bat jartzearren, 2017an Legebiltzarreko Justizia Batzordekideek Bilboko indarkeria epaitegietara egindako bisitaldiaren ondorioz Jaurlaritzari egindako eskabideetatik bat besterik ez du bete: vending makina batzuk epaitegian jarri. Izan ere, batzordearen beste eskaerak sakonagoak ziren eta LABek gure txostenean esandako batzuekin bat datozenak.

EH Bilduk, Jone Goirizelaiaren hitzetan, onartu zuen Parlamentuaren erantzukizuna, 2017an jorratutako legez besteko proposamenean jasotzen ziren neurrien jarraitzearen gainean egon ez izana.

Bestalde, Jaurlaritzak eskumena duen gauzak ez ditu konpontzen eta besteetan ahalmenik ez duelako argudioarekin lasai asko geratzen da. Baliabide materialak (eraikinak, segurtasuna, informatika sistemak, bulegoko materialak…) eta, epaileak, letraduak eta fiskalak izan ezik, langileak bertoko gobernuaren ardurak dira eta hor badago zereginik, nahi izanez gero, hala nola: nekagarritasun osagarria ezarri; gaixotasun bajak lehenengo egunetik ordezkatu; errefortzuzko langileak izendatu; epaitegietako espazio fisikoa handitu eta beharrizanetara egokitu; emakumeen aurkako indarkeria duintasunez artatzeko langileak ondo prestatu; ganorazko itzulpen zerbitzua kontratatu; Balorazio Forentse Integralerako Unitatea behar bezala hornitzea; Biktimaren Arretara Zerbitzua ere Jaurlaritzaren menpe dago goitik behera, beraz, indartu dezake nahi izatekotan.

-Txostena osatuta, epaitegien aurrean azaroan mobilizatu ostean, eta orain Legebiltzarrean agerraldia eginda, zeintzuk dira sindikatuak egingo dituen hurrengo urratsak?
Bada, segurua da borrokan jarraituko dugula langileen lan baldintzak eta emakumeen eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzen. Hortaz, aztertzen ari gara hurrengo urratsak zertan gauzatu sailari presiopean jartzeko asmoz: hedabideetara jo, mobilizazioak… eta salaketak ere ez ditugu baztertzen.

 

 

 

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak pribatizazioekin jarraitzen duela salatu dugu

Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoan garatzen ari diren zerbitzu kontratazio prozesuan zuzendaritzak jarduera nagusiaren, uraren ziklo kudeaketa, pribatizaio dinamikan sakontzen jarraitzen du.

Horrela gertatzen ari da Ur Edangarri Araztegietan (UEA), martxan dagoen lizitazioan orain arte partzuergoak kudeatzen zituen partida garrantzitsuak kontratei esleituz; erreaktibo hornidura, lohiaren garraioa eta prozesu instalazioetako industrial garbiketa hain zuzen ere. Honek kudeaketa publiko eta irabazi asmorik gabea zena esku pribatuetara pasako dela suposatzen du. Enpresa pribatuen helburua ahalik eta onura gehien lortzea izanik, argi dago zerbitzu kaxkarragoa eskainiko dela, uraren kalitatea eta partzuergoaren jarduerarekin babestu behar den ingurumena bezalako arlo garrantzitsu zein delikatuetan. Eta hau ez da inongo gehiegikeria, tratatutako uraren kalitatea neurri handi batean erreaktiboen dosifikazio zuzen baten menpe dagoelako eta bere hornidura esku pribatuetan utziz, erreza da ondorioztatzea erreaktiboen kontsumo txikitzearen saiakera gertatuko dela onura handiagoak eskuratzeko asmoz.

Beste aldetik, lohiaren garraioa eta hondakinak ezabatzeko prozesua ematen den instalazioen garbitasunaren kudeaketa irabaziak besterik bilatzen dituztenen esku uztea, arrisku larrian jartzen du ingurumena. Honen kaltetan, kontrataren kostuak murrizteko ahalik eta kostu baxueneko kontrolik gabeko isurketak emateko arriskua dago, kontrata horren balantze ekonomikoa positiboa atera ahal izateko.

LAB sindikatuak argi du proiektu pribatizatzaile honi aurre egin behar zaiola dauzkagun tresna guztiekin, izan ere, honek dauzkan ondorioak honako hauek dira: prekarietatea, zerbitzu kaxkarragoa, kostu handiagoa eta sektore publikoko lanpostuak ezabatzea.

 

 

 

Mercedes-eko enpresa batzordeak kaleratutako hiru langileak berronartzeko exijitu du

0
Enpresa batzordearen gehiengoa osatzen dugun LAB, UGT, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok kaleratzeak bidegabeak direla salatu dugu, ez daudelako justifikatuta. Egoera ez bada zuzentzen, mobilizazioak egiteko prest gaudela ohartarazi diogu enpresari.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

 

 

 

Enpresa-batzordea pozik, Lantegi Batuak-eko lehen greba egunaren jarraipenarekin

Gaur egin dute Lantegi Batuak-eko langileek aurreikusitako 3 greba egunetatik lehena, hitzarmen duinaren alde. Goizeko 8:00etan kontzentrazioak egin dituzte Etxebarri eta Derioko zentroetan eta 12:00etan, Lantegi Batuak-ek Loiun duen zentroan mobilizatu dira. Bihar, bigarren greba egunean, manifestazioa egingo dute 12:00etan Bilbon, Jesusen Bihotzetik Aldundira. Adierazpenak emango dituzte.