2026-04-22
Blog Page 658

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietan datorren asterako iragarritako lanuzte eta grebekin aurrera goaz

0

Urteko jornadaren murriztea, soldaten doitzea, kontratatutako jornaden handitzea eta enpleguan egonkortasuna ekarriko duen mekanismoak bilatzea dira datorren hasteko lanuzte eta greben hasierara bultzatzen gaituzten ezberdintasun handienak.

Negoziaketa mahaia osatzen dugun sindikatuak: LAB, UGT eta CCOO; Kiroldegi eta kirol zelaietan datorren asterako iragarritako paro eta grebekin aurrera goaz langileok adierazitako haserrea helarazteko.

Kiroldegi, zein kirol klub eta kirol erakunde pribatuetan, kasu gehienetan zerbitzu publikoa eskaintzen duten sektore bateko prekarietate baldintzak ez dira berriak; eta hori da berriz kondenatuko gaituen hitzarmen bat ez sinatzearen arrazoia.

16 hilabeteren ostean, patronal eta sindikatuen arteko planteamenduen distantzia oraindik handia da. Horregatik, langileok mahaian kolpe bat eman eta mobilizazio egutegi bat ezartzeko beharrean ikusten gara.
 

 

 

Batasuna eta borrokaren bidez egingo dugu posible sektoreko prekarietatea geldituko duen Bizkaiko metalgintzako hitzarmena

0

Datorren maiatzaren 23an grebarako joko dugu Bizkaiko metalgintzako langile guztiok. Erakutsiko diogu patronalari gure eskubideekin ez dela jolasten. FVEMek aste honetan, greba deialdia ezagutu ondoren publikoki esan du ez dela serioa grebak deitzea plataformak aurkezten direnean. LABetik erantzuten diogu ez dela serio Bizkaiako metalgintzak 10 urtez soldata izoztuta izatea 2017an bezala patronala aberasten ibili den bitartean.

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailearen 18. bilera. Aurretik, pasa den maiatzaren 10ean, Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzaileak ordezkatuta gauden sindikatuok plataforma bateratua erregistratu genuen, eta patronalaren erantzuna negoziazioa blokeatzean jarraitzea izango zela aurreikusiz, sektore osorako 5 greba egun erregistratu genituen, lehena maiatzaren 23an.

Erratuta ez geundela erakutsi digu gaurko bilerak. FVEMentzat, hilabeteak sindikatu guztion plataforma bateratua eskatzen egon ondoren, ez da nahikoa ELA, CCOO, LAB eta UGTk emandako urratsa. Gaurko bileran ez dio plataforma bateratuari erantzunik eman eta argipenak eskatu eta eskari batzuk onartezinak direla esatera mugatu da. Beste behin ere patronalak erakutsi du interesatzen zaion bakarra dela sektoreko langile guztien lan- baldintzak prekarizatzen jarraitzea dela interesatzen zaion bakarra. Sindikatuok argi erakutsi dugu maiatzaren 23ko lehen greba eguna baino lehenago biltzeko gure prestasuna, eta FVEMek uko egin dio honi, hurrengo bilera ekainaren 6an jarriz. Hau da negoziatzeko duten borondatea.
 

 

 

Greba egin dugu Lehen Arretan, Osakidetzaren proposamena guztiz ez-nahikoa dela iritzita

0

Osakidetzak mahai gainean jarri duen proposamena guztiz ez-nahikoa dela kontutan hartuta, Lehen Arreta modu sakonean hobetzeko konpromisorik gabekoa, mobilizazioekin jarraitzen dugu sindikatuok. Hain zuzen ere, Donostian egin dugu protesta, eta greba eguna egin dugu Lehen Arretan, hots, EAEko osasun etxeetan.

 

 

 

Euskal presoen giza eskubideen errespetua aldarrikatu dugu berriro Bilbon

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean elkartu gara, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok abian abiatutako dinamikaren harian.

Abenduan aurkeztu genuen “Konponbide garaia da, orain presoak” Bilbo mailako dinamika. Ordutik hona, bost aldiz mobilizatu gara 10 sindikatu hemen, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, aldarrikapen zehatz batzuekin:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.

b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Eusakl Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen genien ere.

Gaurkoan, modu berezian oroitu nahi dugu Txus Martin larriki gaixorik dagoen Basauriko presoaren egoera, azken egunetan berak eta bere senideek jasandako tratu gizagabea salatu eta berehala askatzea eskatuz.

Euskal presoen giza eskubideen errespetua eskatzen dugu, bereziki, osasuna eta bizitzeko eskubidea. Espetxe politikaren aldaketa eskatzen dugu, larriki gaixo diren presoei dagokionean, dagokien tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko.

 

 

 

Lanean sexu aniztasuna eta askatasuna bermatzeko neurriak exijitu dizkiegu Hego Euskal Herriko patronalei

Gaur da maiatzaren 17a, lesbo-, homo-, trans- eta bifobiaren (LGTBfobia) kontrako eguna. Honen aurrean, eta lan munduan ere aniztasun eta askatasun sexuala bermatzeko helburuarekin, LABek Hego Euskal Herriko patronalak (Confebask EAEn eta CEN Nafarroan) interpelatu ditu lan zentroetan diskriminaziorik eman ez dadin neurriak eta LGTBfobiaren kontrako ekimenak eskatuz. Iruñean, Imanol Karrera Nafarroako bozeramailea eta Itsaso Torregrosa Iruñerriko idazkaria CENen egon dira. Bilbon, Arantxa Vazquez LABen Batzorde Exekutiboko kideak eta Urtzi Ostolozaga sindikatuko Ekintza Sozialeko idazkariaren ondokoak zuzendu dizkiote patronalari aipatutako neurriak.

Itsaso Torregrosa eta Imanol Karrera, Iruñean.

Hauxe da Confebask eta CEN patronaletan erregistratu dugun idatzia:

Balore heterosexistetan oinarritzen den jendarte kapitalista eta patriarkalean bizi gara. Modu ezberdinetan derrigorrezko heterosexualitatea inposatzen zaigu: behin eta berriz gure identitateak estereotipatuz, gure bizitza sexualak kuestionatuz, izekak eta umilazioak… Langile guztiok eskubide guztiak bermatuak izan behar ditugu, eta ez dugu inongo diskriminaziorik jasan behar, ez zuzenean, ez zeharka, ez kontatatuak izateko orduan, ez lanean gaudela ere. Gure intimitatea errespetatua izan dadin eskubidea dugu, duintasunerako eskubidea dugu, eta gure identitate eta aukerak ez izkutatzeko eskubidea daukagu, edo azalpenik ez emateko horrela erabakitzen badugu.. Lantokiek, diskriminazio hauek eman ez daitezen, prebentzio neurriak hartu behar dituzte enpresek.

Aniztasuna ezin da izan diskriminaziorako, akosorako bazterketarako arrazoia.

Enpresek gure aniztasun sexualarekiko inongo diskriminaziorik eman ez dadin baldintzak bermatzeko derrigortasuna izan behar dute. Era berean, jarrera Lesbo-Homo-Trans-Bifoborik izan ez dadin, neurri zehatzak eta jarraibideak jaso behar dituzte, eta kexei, salaketei eta erreklamazioei erantzun behar diete.

Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa da, guzti horregatik, LAB sindikatutik, gida eta protokoloen derrigortasuna inplementatzea aldarrikatzen dugu diskriminazioarekin bukatzeko, eta lan munduan askatasuna eta aniztasuna irabazteko.

 

 

 

Anbulantzietako hitzarmenak langileen arteko marko komun bat ahalbidetuko du EAEn

0
Borrokan eta negoziaketetan hiru urte igaro ondoren, hainbeste desiatutako hitzarmen autonomikoa egia bihurtuko da, azkenean, anbulantzietako sektorean. Hitzarmen honek langileen lan baldintzak hobetuko ditu, bizi ohi dituzten egoera prekarioei aurre egingo die eta bateratu egingo ditu, langileen arteko marko komun bat sortuz EAEn, etorkizunari begira.

Azkenean, langile batek soldata bera eta eskubide berak izango ditu Bilbon zein Legution, Irunen zein Gasteizen. Azkenean, hiru herrialdeen arteko parekatzea lortu dute. Izan ere, Erkidego berean eta bezero berarentzat (Osasun Sailarentzat) lan egin arren, langileen arteko aldeak lotsagarriak ziren. Azkenean, EAEko sektoreko langile guztientzat aterpe propio bat lortu dute, guztientzat gutxieneko baldintza batzuk bermatzen dituena.

Gainera, estatalizazioa gelditzeko tresna bat da hitzarmena, Madrilgo gobernuak, Estatuko sindikatuek, enpresek eta instituzioek gure herrian inposatu nahi digutenari aurre egiteko. Garrantzia handia du honek, Euskal Herrian gure lan baldintzak negoziatzeko dugun eskubidearen mesedetan, gure bizitza kalitatea mantentzeko helburuarekin, estatalizazioaren bitartez zenbait enpresarik inposatu nahi izan dizkiguten murrizketen gainetik.

LABek hasieratik bultzatu du hitzarmen hau. Lehen bileretara deitu zuen sindikatua izan ginen, gainontzeko sindikatuekin plataforma bateratu bat prestatzeko zein mahai negoziatzailea egituratzeko (gehiengoa duen sindikatua ez izan arren). Negoziazio honetako alde desberdinekin bilera ugari izan ditugu, akta ofizialetan agertzen ez direnak barne (Eusko Jaurlaritza, Osasun Saila, Lan Saila). LAB ere izan da EAErako hitzarmenaren beharra bizirik mantentzeko erronkaren pisua eraman duen sindikatua, enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren oposizio gogorrari eta beste sindikatu batzuen interesei aurre eginda.

Eta gogoratu beharra dugu hitzarmen honen sinadura ez dela zerutik erori. Horren atzean Arabako anbulantzietako langileen 5 urteko greba dago, LABek babestuta uneoro, lanean jarraitu baitugu, epe motzean denok nahi genituen emaitzak ikusi ez ditugun arren. Era berean, ez da ahaztu behar hitzarmen honen jatorria kalean gauzatutako beste borroka batean dagoela, 40 egunetik gorako greba batean, hain zuzen ere. Borroka horrek Bizkaiko azken hitzarmena ekarri zuen, eta hitzarmen horren bigarren klausula osagarrian jasota dago mahai negoziatzailearen eraketa; oraingo hitzarmena ekarri duen ezaugarria, hain justu. Urrats bakoitzak borroka bat du atzean, eta borroka bakoitzak emaitzak ekartzen ditu.

Honako hau lehen hitzarmen autonomikoa da, aurrera egiteko balio behar duen oinarri komun eta sendo bat, beti ere LABek etorkizunerako ezarritako helburu zehatza lortzeko: erabateko parekatzea Osakidetzako langileekin, soldata eta baldintzetan. Helburu bakoitzak bere urratsak eskatzen ditu, eta, hitzarmen honekin, lan baldintzak hobetzeaz gain, lehen pausoa eman da parekatzea lortzeko, herrialde guztientzako negoziazio marko komun bat lortu eta gero.

 

 

 

Gobernu taldeak ez dituela konpromisoak betetzen salatu du Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak

Udalak eta Langileen Batzordeak hilabeteak eman dituzte lanpostuen balorazioa berraztertzen. Ondainsari mailak berriro analizatu eta Udaleko lanpostu bakoitzaren funtzio nahiz zereginetara egokitzea da helburua. Bada, Udalak ez ditu agindutako konpromisoak bete. Hori salatzeko, agerraldia egin du Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak.


 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek laugarren greba eguna egin dute

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak laugarren greba eguna egin dute. Hain justu, astebeteko greba egiten ari dira, enpleguaren eta kalitatezko zerbitzuaren alde, eta egunero Prekarietatearen Aurkako Martxa izenekoa egiten ari dira. Gaur Algorta eta Areeta artean egin dute protesta, eta, bihar, grebaren azken egunean, Basaurin hasi eta Bilbon amaituko dute mobilizazioa.
 

 

 

Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailera bueltatuko gara

0
Iazko ekainean, patronalak zuen jarrera immobilista eta blokeatzailearen inguruan, LABek bere partehartzea etetea erabaki zuen Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailean. Sektoreko langileengana joateko erabakia hartu genuen, hauek baitira hitzarmen hau benetan behar eta nahi dutenak, euren lan baldintzak hobetzea behar dutenak eta lan-zentroetan jasaten ari diren prekarietatearekin amaitzea behar dutenak.

Ia urtebete beranduago, mahai negoziatzailean ordezkaritza dugun lau sindikatuok, pasa den ostiralean plataforma bateratua eta greben egutegia aurkeztu genituen sektorerako. Hori dela eta, LABek erabaki du bihar berriro bueltatuko dela Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiara.

Guztion artean eta borrokarekin, posible da Bizkaiko metalgintzarako hitzarmen duina lortzea.