2026-01-29
Blog Page 656

Homeserveko langileek lanuzteak egin dituzte berriro lan baldintza eta lanabes duinak exijitzeko

0

Joan den martxoaren 20ko egun osoko grebaren ostean, Homeserveko langileek hiru orduko lanuzteak egin dituzte gaur Bilbon, lan baldintza eta lanabes duinak exijitzeko. Apirilaren 1ean, lanuzte gehiago egingo dituzte, hiru ordukoak hauek ere,10:00etatik 13:00ak bitartean.
 

 

 

Apirilaren 4an izango da Bizkaiko bulego eta langeletako lanuztea

Bizkaiko bulego eta langeleko martxoaren 28rako lanuzterako baimena legalki jakinarazi ondoren, Eusko Jaurlaritzak aipatu eskari hori gaitzetsi du argudiatuz enpresek gutxieneko zerbitzuak eska ditzaketela eta kasu honetan, aurreabisuak ez duela zehaztutako gutxienekoa betetzen. Beste behin ere patronalaren alde jarri da gobernua, enpresa pribatuetan gutxieneko zerbitzuak ahalbidetuz, honezkero ohituta gaituen zentzugabekeria kapritxoso bat.

Zailtasunen gainetik, ez digute hitzarmen duinaren alde borrokan egitea eragotziko. Apirilaren 4an egingo dugu hiru ordutako lanuztea, 10:00etatik 13:00etara, eta mobilizazioa, 10:30ean, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean (Urkixu Zumarkalea, 2).

Beste alde batetik, ez gara sartuko LABen aurka beste sindikatuetatik botatzen ari diren deskalifikazioen lehian sartuko. Esateko dugun bakarra da, aldebakarrez proposamena zein mobilizazioen egutegia aurkeztu aurretik, sindikatuon arteko bilera ugari egin dugula. Eta hauetan mahai gainean jarri dugu mahaian proposamena eta mobilizazioak adostu beharra, eta ezezko biribila baino ez dugu jaso beste sindikatuen partetik. Geldialdi honen aurrean eta ekintza gabeziagatik hitzarmena hil aurretik, LABek aurrera pauso bat egitea erabaki du, bai negoziazio mahaian bai borrokan. Sektore honek merezi duelako eta beharrezkoa zelako zerbait gehiago egitea etsipenean erori edo egoera aldatzeko edozein ahalegin blokeatzea baino.

Argia da gure mezua: ezer egin behar ez baduzu, gutxienez ez trabarik egin eta utzi besteoi gure hitzarmenaren alde borrokan egiten.
 

 

 

Helduen euskalduntzea EAEn unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izateko eskatu dugu

Gasteizko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan gara eta gure proposamenaren oinarriak azaldu dizkiegu. Hala, LABen proposamena publiko egin dugu komunikabideen aurrean, eta helduen euskalduntzeak unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izan behar duela aldarrikatu dugu. Prentsaurrekoa eman dute LABeko euskara-idazkaritzako kide batek, euskaltegi homologatuetako langileek, udal euskaltegietakoek, irakasleek eta HABEko delegatu batek.

Euskara eta gaztelania dira EAEko hizkuntza ofizialak. Hala jasotzen du Autonomia Estatutuaren Legeak. Horrez gain, euskara dugu EAEko berezko hizkuntza, hizkuntza propioa,1982ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeren arabera.

Ofizialtasun horrek herritarrei onartzen die euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Eta era berean betebehar bat ezartzen die botere publikoei: Botere publikoek eskubide horiek bermatu behar dizkiete herritarrei.

Lege horiek onartu zirenetik 40 urte eta 36 urte, hurrenez hurren, pasatu diren arren, Euskal Herriko botere publiko desberdinak ez dira gai izan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, ez baitute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea.

Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea.

Eusko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan ditugun harremanetan sumatu dugu legeak herritarren eskubideak bermatu beharrean, erabiliko dutela helduen euskalduntzean pribatizazioa eta prekarizazio handiagoa ezartzeko. Sumatu dugu euskaltegi publikoen mapa hedatu eta herritarren beharretara egokitu beharrean, sare publikoa murriztu egin nahi dutela eta euskaltegi publikoak ixteko asmoa agertzen hasi dira zenbait lekutan. Argi esan nahi dugu gure sindikatuak helduen euskalduntze publikoaren alde egiten duela eta horrek esan nahi du, besteak beste, sare publikoa desagerrarazteko asmoak alde batera utzi behar dituztela eta sektoreko lanpostuak gaztetzeko, egonortzeko eta duintzeko bideari ekin behar diotela.

Helduen euskalduntzean doakotasuna bermatu beharrean ikusten ari gara euskaltegien finantziazio-eredu gero eta ilunagoa eta prekarioagoa ezarri nahi dutela. HABEk orain arte erabakiak modu ilunean eta aldebakarrez hartu izan ditu, eta aurrerantzean, susmoa dugu are era ilunagoan hartu nahi dituela erabakiak. Hori dela eta, LABek uste du orain arteko sistema, subentzio-sistema hain zuzen, gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar diela herritarrei. Eta euskaltegietan, euskara irakasleen sektorean ematen ari den prekarizazioari irtenbide duin bat eman behar diola Eusko Jaurlaritzak.

Kontuak horrela, LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak,.

Euskal Herrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar da:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …

• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.

Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie

Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu LAB sindikatuak proposamen hau erregistratuko duela Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarreko alderdi guztiek haren berri idatziz izan dezaten. Eta horrez gain, adierazten dugu, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean gure helburuak lortze aldera, mobilizazioekin hasiko garela.

 

 

 

Altsasun igandean egingo den manifestazioarekin bat egiten dugu, eta bertaratzeko deia egiten diegu langileei

0

Igandea martxoaren 24rako manifestazioa deitu dute Altsasuko gurasoek “Ez da justizia” lemarekin. Mobilizazioa Altsasun bertan izango da eta 12:00etan abiatuko da Iruñea etorbidetik, suhiltzaileen ondotik.

LAB manifestazioan egongo da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin. Era berean, dei egiten die langileen bertan parte har dezaten.

Estatu antidemokratiko batean bakarrik gertatu daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia. Ez dugu
estatu antidemokratiko batean bizi nahi. Ez dugu horrelako injustiziarik jasan nahi, beharrezkoa dugu hemen,
Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea.

Nafarroako gizarteak aspaldi absolbitu zituen gazteak. Eta guk ere Altsasuko kaleetan, aske nahi ditugu. Justua eta justiziazkoa delako, eta ezin bestekoa, Euskal herrian benetako demokrazia ezartzeko.
 

 

 

Busturialdea eta Lea Artibain bi basoko langile hil dira azken bost hilabeteetan

Basoko langile bat hil da Muxikan, lan istripu baten ondorioz, 61 urterekin, bizi osoa lanean pasa ostean. Babes eta elkartasunik zintzoena hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei. Gutxienez, hamar langile hil dira jada Euskal Herrian, urtea hasi zenetik: Bizkaian, 5; Gipuzkoan, 3; Nafarroan, 2.

LAB sindikatutik irmoki salatzen dugu,  baso lanean ari zela, 61 urteko langileen heriotza. Azken bost hilabeteetan, bi basoko langilek galdu dute bizia Busturialdea eta Lea Artibai eskualdeetan. Izan ere, Markinan, beste langile bat hil zen urrian, zuhaitz bat gainean erorita ere. Dagoeneko 10 langile dira, gutxienez, lan istripuz aurten Euskal Herrian hildakoak. Bizkaian izandako bosgarren heriotza da.

Lehenik eta behin , LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diogu familia, senide eta adiskideei. Basoen sektorean, arriskuak handiak dira; aldiz, lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik, irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita ere bere lan baldintzak, lan erritmoak eta abarrekoak ere. Aldi berean,  erantzuleak seinalatu nahi ditugu.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Lan istrupuen gorakada ez da jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorioa, orain arte esaten duten moduan, prekarizazio politikaren ondorioa baizik, baita erekundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzaren ondorio ere. Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuak ez lukete zertan igo behar.

Instituzioei eta gobernuei beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzeko exigitzen diegu, sarraski honen aurrean neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten. Horretarako, interes ekonomiko gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Zentzu honetan, asteartean, martxoak 26, mobilizazioa egingo dugu euskal gehiengo sindikaletik, Mungian. 11:30ean izango da, udaletxe aurrean.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzat hartuko duen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

 

 

Ratioak ezartzeko LOREA proposamena aurkeztuko dugu Osakidetzako lan-zentroetan

0

Orain dela urtebete, LABek publiko egin zuen EAEen eta Nafarroan osasungintzan ratioak ezartzeko proposamena, LOREA (Asistentzia-taldeen Ratioen antolamendurako legea) izenekoa. Harrezkero, LOREA egitasmoa Osakidetzaren zuzendaritzaren zein eragile sozial zein politikoen esku jarri dugu, ahalik eta indar gehien metatu ahal izateko proposamenaren inguruan. Martxoan hasita eta uda bitartean, LOREA Osakidetzako zenbait lan-zentroetara eramango dugu, aurkezpen irekien bitartez, langileei bertatik bertara azaltzeko zer proposatzen dugun eta zergatik uste dugun LOREA egitasmoa Osakidetzako langileon lan-baldintzak eta osasun arretaren kalitatea bermatu ahal izateko urrats nahitaezkoa dela.

LOREA, Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuetarako Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako Legearen aldeko ekimen bat da. Lege honek osasungintza publikoaz gain esparru pribatuan dauden osasun eremuetan eragingo du. Ekimen hau Nafarroa zein Euskal Autonomi Erkidegoko legebiltzarretan eztabaidatua izatea planteatzen dugu, legebiltzar bakoitzak bere lege propioa onartzeko aukera izan dezan.

Gure proposamenak, artatu behar den populazioarekiko osasun profesional kopurua ezarriko duen legea planteatzen du. Profesionalen kopuru hau kategoria guztietan ezarri behar da salbuespenik gabe, izan asistentzialak edo ez asistentzialak.

Ratio lege bat ezartzeak lan duin eta egonkorra ekarriko luke, aldi berean, pribatizazioen bidez egindako erasoen aurrean gure osasun sistema babestuko luke.

Azken helburua gaurko osasun eredua eraldatzea da, profesionalen lan baldintzen parekotasuna eta pazienteen zaintzak sustatuz. Osasun sistemaren hondatzearekin, prekarietatearekin eta murrizketa politikarekin bukatzeko lanabesa izan nahi du planteatzen dugun ekimen honek.

OADAT, Osasun Arretarako Diziplina Anitzeko Taldeak dira eredu berri honen antolaketa zutabeak. Taldean egindako lanean eta taldekako helburu asistentzialen lorpenean oinarrituta egongo dira. Hauen bidez lan talde osoko langile kategoria guztiei ratioak ezarriko zaie.

Azken finean LOREAren bidez lan zamen banaketen parekotasuna ezarriko da; langile plantilla egonkortuko da; prekarietatearekin bukatuko da; kalitatezko arreta ezarriko da osasungintzatik at dauden irizpide politikoen gainetik.

Aitzindaria izan nahi duen proposamen bat da. Mundu osoan horrelako araudiak oso eskasak dira eta dauden gehienak kolektibo jakinen ratioak arautzen dituzte, ez talde guztien ratioak.

Ekimen honek arrakasta izanez gero, gure osasun eredua Europako herrialde garatuen osasun ereduekin parekatzeko bidean jarriko genuke. Eredu horietan osasungintzan egiten den inbertsioa, profesionalen ezarpenaren erabakiak eta emaitzen estatistika Espainiako estatuarena baina askoz hobea da.

7 aurkezpen Osakidetzako zentroetan
Hasteko, 7 aurkezpen egingo ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aurkezpenen egutegia ondokoa da:

• Martxoak 25. Gurutzetako ospitalean. Areto nagusian, 13:00etatik 16:00etara.

• Martxoak 26. Zamudioko ospitalean. Areto nagusian, 12:00etatik 15:00etara.

• Martxoak 27. Donostia ospitalean. 2. aretoan (maternoko pasabidean) 14:00etan.

• Martxoak 28. Arabako ospitale psikiatrikoan. Formakuntza gelan, 14:00etan.

• Apirilak 2. Urdulizko ospitalea. 3. aretoan 14:00etatik 15:00etara.

• Apirilak 4. Santiago ospitalea. Areto nagusian 10:30ean.

• Apirilak 4. Lakuako Arriaga anbulategia. Gela handian, 16:00etan.

Hurrengo hilabeteotan, beste zentro batzuetara hurbilduko gara eta LOREA zabaldu eta hedatzeko urrats berriak emango ditugu.
 

 

 

Egoitzetako langileon agerraldia eta mobilizazioa Arabako Batzar Nagusietako Ongizate Batzordean

Gaur, martxoaren 22an, Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Ongizateko Batzordean agerraldia izan dugu. Bertan berriro ere, sektore honetako langileen egoera prekarioaren larritasuna salatu dugu alderdi politiko guztien aurrean. Kanpoan mobilizazioa egin dugu.

Egoitza pribatuetako sektoreko ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuok elkarretaratzea burutu genuen pasa den otsailaren 6an Gasteizko Probintzia plazan. Bertan, sektorearen prekarizazioa salatu genuen eta Arabako egoitzetako herrialdeko hitzarmenaren alde egin genuen.

Elkarretaratze horren ostean gobernuan dagoen EAJ-PNV-rekin eta oposizioan dauden PP, PSE, EH BILDU, PODEMOS, IRABAI eta ORAIN ARABA alderdiekin bilerak egin ditugu.

Bilera horietan, alderdiei eskatu zitzaien negoziaketa abiarazteko konpromisoa adierazten zuen dokumentu bat sinatzea. Alderdi guztiek sinatu zuten EAJ-PNV izan ezik. Horrek argi adierazten du, nahiz eta publikoki sektore honekin konpromiso handia dutela adierazi, errealitatean ez daudela sektore honetako egoera larriaren aurrean ezer egiteko prest.
 

 

 

Autoz ere egin dute protesta Egogain helduen egoitzako langileek

Borrokan jarraitzen dute Eibarko Egogain egoitzako langileek. Atzo goizean, Arrasatera eraman zuten protesta, Markel Olano bertako udaletxean zegoela baliatuz. Bada, arratsaldean, auto karabana bat egin zuten Egogainetik abiatuta, Eibar eta inguruetan zehar. Bihar, martxoak 23, manifestazioa egingo dute Eibarren, 19:15ean, Untzaga plazatik abiatuta..


 

 

 

TCC-k hitzarmen kolektiboa negoziatzeari uko egin diola salatu dugu

0

Martxoaren 23 honetan, berriz ere, lanuzteak izanen dira TCC enpresak kudeatzen duen Iruñerriko garraio publiko kolektiboan, gutxiengoan diren sindikatuekin lorturiko akordioagatik protesta egiteko eta enpresari eskatzeko hitzarmen kolektibo bat negoziatzera eser dadila. LAB sindikatuak uste du TCC hagitz eroso dagoela negoziatzera eseri gabe eta, horregatik, langileei dei egiten die beren esku dagoen guztia egin dezaten enpresa jarrera immobilista horretatik ateratzeko.

Iragan martxoaren 11n, TCC enpresak langileei idatziz jakinarazi zien zertan zen UGTk, CCOOk eta TCCk langile estatututik kanpo lortu zuten itunaren egoera. Bada, hori irakurrita, zur eta lur gelditu ginen ikusitaenpresak egin dituen egutegi berrietan aurreko urteetatik “zor ziren” orduak sartu dituela, nahiz eta haiek bazekiten ez zela legezkoa eta Lan Ikuskaritzak ohartarazi ziola. Gainera, ez dute azaldu “baldintza hobeak” eskuratu izanaz harrotzen diren 30 lagun horiek, edozein akordio sinatu baino lehen, lehenago eskura zitzaketela baldintza hobe horiek; TCC-k ez zuen lehenago egin nahi izan, baina orain bai. Era berean, ez dute esaten baldintzen “hobekuntza” horiek hauxek direla: lanaldi zatituak, %100eko eskuragarri egon beharra, behin-behineko kontratuak ugaritzea, %80ko lanaldiak… Eta ez dute esaten urtean zehar libra daitezkeen igandeen kopurua ez dela inon ageri.

Hortaz, UGTk eta CCOOk langileak zigortu eta saldu ez ezik, dirudienez, haien aliatua den enpresak ez du itundu duena ere betetzen. UGT eta CCOO harro agertzen dira prekaritatean laburbiltzen diren irabazi zoragarri horietaz; gainera, langileen arteko arrakala gero eta handiagoa da, txarrak ziren lan baldintzak are gehiago okertzen dira, eta bide batez, Negoziazio Kolektiboa birrintzen dute. Ez dezakegu ahantz, egungoa oso larria dela, baimentzen dutelako gutxiengoan negozia eta sina daitekeela, edozein negoziazioari atea itxiz.

Eta halaxe gaude TCCn. Batzordearen gehiengoak hiru deialdi egin dizkio negoziazio mahaiari, eta hirutan entzungor egin du enpresak. Enpresa oso eroso baitago egoera honekin. Bada, erosotasun horretatik atera eta behartu behar dugu, langile guztiei eraginen dien Hitzarmen Kolektiboa negozia dezan. Eta ez dezagun ahantz Iruñerriko Mankomunitateari ere badagokiola zeregin hori, eskualdeko hiriko garraio-zerbitzua publikoa delako.

Hauexek dira, prekaritatea urritu dadin eta baldintzak hobetze aldera, LAB sindikatuak babesten dituen puntuak, non aurreko hitzarmenak sinatu izanaren ondorioz, honezkero okerragotu diren:

• Soldata %5,38an linealki berreskuratu behar da (krisialdian kendu zitzaiguna eta egun justifika ez daitekeena), aurten bertan errekorra lortu baita bidaiaren kopuruetan.
• Kontratu mugagabeak lanaldiaren %100ekoak izatea.
• Prekaritatea erabat baztertu, lan berari baldintza berberak ezarriz.

Beraz, TCC-n mobilizatzen segituko dugu. Hurrengo mobilizazioak martxoaren 23an izanen dira, larunbatarekin: lanuzteak 19:30etik 23:30era eta elkarretaratzea 20:00etan Iruñeko Merindades plazan.