2026-10-02
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaBilbaoBizi zerbitzuko langileek erabiltzaileen babesa eskatu dute, bizi duten prekarietatea eurek ere...

BilbaoBizi zerbitzuko langileek erabiltzaileen babesa eskatu dute, bizi duten prekarietatea eurek ere salatu dezaten

Bezero arretara deitzeko (946564905) edo zerbitzuaren arduradunei idazteko (bilbaobizi@bilbao.eus) deia egin dute. Era berean, langileek elkarretaratze zaratasu bat egingo dute abuztuaren 13an, 11:00etan, udaletxe aurrean.

Ekainean BilbaoBiziko, Bilboko udalaren bizikleta-alokairu zerbitzuko, langileen baldintzak publikoki salatzeari ekin genion.

Guztiz beharrezkoa iruditzen zaigun zerbitzu publiko hau aurrera ateratzeko, ohitura duen bezala, Bilboko Udalak azpikontrataziora jo zuen. Lizitazio prozesuan bertan egindako txostenen arabera aurkeztutako proiektua benetan fidagarria izateko merkeegia zen arren, NEXTBIKE enpresaren proiektuak irabazi zuen lizitazioa eta joan den urri-azaroan hasi zen zerbitzu berritua martxan.

Zerbitzuak izandako harrera onak berehala egin zion gainezka enpresari: egunean 4 aldiz erabiliko ziren bizikletak 20 bidaia baino gehiago egiten dituzte; ondorioz, espero baino matxura eta desgaste handiagoa pairatzen dute; ez dago eskaria atzetzeko bizikleta nahikorik… eta langileak lanez lepo daude. Ez zaie dagokien hitzarmen kolektiboa aplikatzen, euren soldata ez da mila euro ziztrinera iristen, plantilla txikiegia da duten lan kargari aurre egiteko, kalean egon behar duen bizikleta kopurura iristeko konponketak eta garraioa presaka egin behar dituzte, langile gehiago behar direnean enpresak ETT-ra jotzen du, gehienak ez daudenez lanaldi osora kontratatuta aparteko ordu mordoa sartzen dituzte… Neke eta lan karga horren guztiak dagoeneko lan istripu bat suposatu du. Zerbitzua hedatzen joatea da Udalaren asmoa, baina zein da bere plana langileentzat?

Honek ezin du horrela jarraitu: BilbaoBizi zerbitzu publikoa da, eta, ondorioz, duintasunez eskaini eta garatu behar da. Hilabeteak daramatzagu enpresarekin negoziatzen, eta Udalak beste albo batera begiratzen du. Gatazka konpontzeko giltza, hain zuzen, Udalak duenean: zerbitzua eta lan baldintzak duintzeko aurrekontua handituz, hain zuzen ere. Soldatak igotzea ezinbestekoa da, baina plantilla handitzea ere bai. Udala enpresa bezain erantzule dela uste dugu, aholkularien ohartarazpenen gainetik, proiektu merkeena aukeratu zuen eta. zerbitzuaren benetako kostua langileek ordaintzea erabaki zuen.

Guk ez dugu onartuko! Horregatik, mobilizatzen jarraituko dugu eta gurekin batera kalera ateratzera animatzen ditugu erabiltzaileak. Hurrengo zita abuztuaren 13an, 11.00etan udaletxe parean izango da. Beraz, gurekin batera zerbitzu publiko eta lan baldintza duinak aldarrikatzera animatzen ditugu herritarrak!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.