2026-02-08
Blog Page 649

Kezka larria agertzen dugu Khalid El Haddadi gure kidearen atxiloketagatik eta bere berehalako askatasuna eskatzen dugu

0
Euskal Herriko Rif-eko komunitateko kide den Khalid El Hadaddi sindikatuko kidearen atxiloketa dela eta, LABek, atxilotuari eta bere senitarteko eta lagunei bere elkartasun osoa adierazteaz gain, bere berehalako askatasuna exijitzen du.

Marokoko poliziak Khalid El Haddadi Bilbon bizi den Rif-eko komunitateko euskal herritarra eta LAB sindikatuko kidea, apirilaren 14ean atxilotu zuten, Ceuta eta Maroko arteko mugan, Marokoko Martil hirira arrazoi pertsonalengatik zioanean.
Gaurko egunarekin, oraindik ez dakigu zein izan den bere atxiloketaren arrazoia eta zer den leporatzen zaiona, oraindik orain Wakil Imalik edo Guardiako epailearen aurretik pasatzeko zain baitago.

LAB sindikatua biziki larrituta dago momentu honetan bizi duen egoerarengatik, bere osasun egoera eta komisaldegian jaso dezakeen tratuarengatik bereziki. Atxiloketa eman zenetik bi egun betetzear dauden momentu honetan, bere abokatuek ezin izan dute Tetuango komisaldegian berarekin egon.
Azaldutako guztiagatik, atxilotuari eta bere senitarteko eta lagunei bere elkartasun osoa adierazteaz gain, bere berehalako askatasuna exijitzen du LAB sindikatuak. Ahalik eta azkarren El Haddadi gure artean berriro ikusi nahi dugu.

 

 

 

Durangoko epaitegiak errudun jo du Mecar-eko gure emakumezko delegatuaren erasotzailea

Apirilaren 2an izan zen Durangon Mecanizados Mecarren gertatutako erasoaren epaiketa. Bertan enpresako langile bat epaitua izan zen LABeko delegatuari eraso egiteagatik. Erasoaren zergatiak bi dira: enpresan egindako lan sindikala eta emakumea izatea.

Epaia heldu da eta erasotzailea errudun aurkitu du epaileak eraso egiteagatik. Gainera 180 eurotako isuna ere ordaindu beharko du.

Erasoa gertatu zenetik, eta gaur arte, Mecarreko zuzendaritzak ez du ezer egin erasotzailearen kontra, ezta erasotua babesteko ere. Enpresari erasotua zuzenean kaleratzea exijitzen diogu, enpresak erasotzailez libre egon behar baitira.
 

 

 

Bertan behera utzi dugu Bizkaiko Simply supermerkatuetan biharko deitutako greba, akordioa lortu ondoren

0

Enpresarekin akordioa lortu dugu eta sinatu ere bai. Gure eskarien zati garrantzitsua jasotzen da bertan.

Lehen urratsa da, asteko atsedenaldiak eta larunbatak libre izatea arautu eta eskubideak finkatzeko.

Hori dela eta, LAB eta ELA sindikatuok bertan behera utzi nahi dugu biharko, apirilaren 17rako, deitutako greba. 
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu

Euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratze bat egin dugu gaur Lezoko biribilgunean, Pasaiako portuan joan den astean hildako langilearen heriotza salatzeko. 2019. urtean jada 14 langile hil dira lan istripuz.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek eserialdia egin dute Bilboko udaletxean

Greba eguna egin dute gaur Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek, eta bihar ere hala egingo dute, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta. Gaurko mobilizazioen harira, Bilboko udaletxea okupatu dute, lan baldintza duinen defentsan.
 

 

 

Hiru delegatu lortu ditugu Larrungo Tren Ttikian

0

Hauteskunde sindikalak izan dira EPSA enpresan; Larrungo Tren Ttikia kudeatzen duen enpresan, alegia. Bada, LABek hiru delegatu titular eskuratu ditu "Behargin eta enplegatuak" kolegioan, eta beste hiru ordezko. Bestalde, sindikatuak Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen du, eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean bulego bat ireki berri dugu, ospitalean bertan lortutako ordezkaritzaren baitan. Bulegoa astelehenetan egongo da irekita, 9:15 eta 17:00ak bitartean.

 

 

 

Rana Plaza gogoan izango dugu apirilaren 24an

Apirilaren 24an, 6 urte beteko dira Bangladeshen Rana Plazako tragedia gertatu zenetik, hau da, ehungintza-industriako hondamenik larriena, 1.138 pertsona hil baitziren, eta 2.000 baino gehiago zauritu, fabrika bat behera erortzearen ondorioz.

Emakumeen Mundu Martxak eta nazioarteko Arropa Garbia Kanpainak dei egiten dute ehungintzako langileen egoera globala salatzera: 14 orduko lanaldiak, miseriazko soldatak, fabriketan gutxieneko segurtasun-baldintzak ez egotea eta abar, arropa-enpresa multinazionalek etekina ateratzen duten bitartean, munduko milioika emakumeren lanaren bidez.

Rana Plazako tragedia gogoratzeko, eta borroka feminista gero eta beharrezkoagoa delako, proposatzen dute apirilaren 24an antolatuta dauden salaketa-ekintzetan parte hartzera.

-Bilbo: 18:30ean, Kale Nagusia 23. Zara-ren aurrean.
-Gasteiz: 19:30ean, Corte Ingles aurrean.
 

 

 

Haur esklabotzarik ez, inolako esplotazio formarik ez!

Apirilaren 16a, Haur Esklabotzaren Aurkako Nazioarteko Eguna da; egun honen harira, LABek haurrek sufritzen duten esplotazio mota hau salatu nahi du. Haurren esklabotza zuzenean lotuta dago munduan inposatzen ari den eredu neoliberal basatiarekin eta politika neokolonialistekin. Esklabotza, produkzio sistema bezala ulertua, enpresa transnazionalen etekinen oinarrian dago, eta, beraz, erantzukizun zuzena dute. Zentzu horretan, LAB esplotazio forma guztien kontrako borrokan berresten da, eta bestelako eredu sozial baten aldeko pauso irmoak ematen jarraituko du sindikatuak.
 

 

 

Hauteskundeetan ere, EITBk feminismoa eta euskara bigarren planoan uzten ditu

0

EITBko LABen iritziz Euskal Telebistak hauteskunde kanpainaren jarraipen informatiboa promozionatzeko erabiltzen ari den irudia guztiz desegokia da, emakumeei eta euskarari ematen zaien bigarren mailako paperagatik.

Era berean, bat egiten du Mugimendu Feministak Hauteskunde Orokorrak direla eta, ETBko aurkezleekin egin den promozio argazkiaren inguruan zabaldutako kritikarekin. Ez da onargarria argazki muntaia horretan emakumeei eman zaien trataera eta argi utzi du EITB oso urrun dagoela oraindik genero ikuspuntutik oinarrizkoak behar genituzkeen irizpideak barneratuta izatetik.

Bestalde, nabarmena da promozio argazki horretan euskarari ere eman zaion bigarren mailako izaera. Ez dugu uste kasualitatea denik gaztelaniazko saioak gidatuko dituzten hiru aurkezleei eman zaien "zentralitatea" argazkiaren erdi-erdian kokatuz, eta euskarazko saioak gidatuko dituztenak, berriz, bi aldeetan banatuz. Esanguratsua da EITBk bere sorrera helburuetan zehaztuta duen euskararen sustapen funtzioa auzitan eta hizkuntza irizpideen eztabaida pil-pilean dagoen honetan, irudi hau izatea komunikabide publiko honek gizarteari ematen dion eredua.

Honen guztiaren inguruko hausnarketa eta zuzenketa eskatzen diogu zuzendaritzari.