2026-04-20
Blog Page 648

Eskola Publiko Komunitarioa aldarrikatu dugu Alcossebren

0

LABeko irakasleen ordezkaritza bat Sindicat de Traballadores i Treballadors de l’Enseyament del Pais Valencià (STEPV) sindikatuaren 13. biltzarrean izan da asteburuan, Alcossebre herrian. LABeko ordezkari Joxe Mari Zendoiak hartu du hitza bertan, eta Eskola Publiko Komunitarioa aldarrikatu dugu.

Hauxe izan da LABeko ordezkariek egindako hitzartzea:

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu STEPV sindikatuko kideei, egun hauetan ospatutako biltzarrean egoteko aukera eskaintzeagatik.

LAB sindikatua, justizian eta elkartasunean oinarrituko den jendarte baten alde borrokatzen duen sindikatua da. Euskal Herriko 7 herrialdeetan antolatuta dagoen sindikatu bakarra gara, eta gure herriaren eskubide zibil eta politikoen alde aritzen gara.

Gaur egun, kapitalismoaren baitan hainbat krisi ari dira pilatzen: zaintzarena (lan guztiak aitortu eta banatu beharra), energetikoa (erregai fosilen agorpena), ekologikoa (klima aldaketa eta ekosistemaren suntsiketa), geopolitikoa (gerrak eta interbentzioak), demografikoa (migrazioak). Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka gero eta bortitzagoa da. Elite ekonomiko batetik kanpo dagoen ororentzat bizi eta lan baldintzen prekarizazioa dakar sistema honek, jendartearen gehiengo zabalarentzat eredu hau ez da jasangarria.

LAB sindikatuak Euskal Herriko langileak maila indibidual edota kolektiboan aktiboki laguntzen ditu: aholkularitza emanez, langileriaren interesak defendatuz eta lan eskubideen defentsarako antolaketan eraginez.

Eta horretan ari gara egunero… Sistema bide gabe honi hortzak erakutsi eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka indartzen. Erasoei agenda propio batekin erantzuten ari gara, indarra eta determinazioa badugulako. Azkenaldian mobilizazio jendetsuak ikusten ari gara. Gehiengo bat da beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde kalean mobilizatzen ari dena. Bizitza erdigunean jarriko duen eredua, lan guztien aitortza eta banaketaren alde egingo duena eta sortzen den aberastasuna hobe banatuko duen eredua. Justizia sozialean eta feminismoan oinarritutako eredu berria.

Honekin batera, sektore publikoan, enplegua kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege propio baten aldarria egiten ari gara. Enplegu publikoaren eremuan egin diren politika publikoen ondorioz, behin-behinekotasun tasa asko igo da, eta eremu batzuetan 20 urte daramate deialdi publikorik egin gabe. Adineko eta antzinatasun luzeko behin-behineko langileen kolektiboa gero eta handiagoa da, eta eremu batzuk oso feminizatuak dira. Zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizazioaren eta merkantilizazioaren joera indartzeko estrategia garbi baten gatibu gaude Euskal Herrian ere.

Irakaskuntzari dagokionez, Euskal Herrian ere, azken urteetan, lan zentroak hustu eta kalera irten gara lan baldintzak hobetu eta herri honek behar duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Hezkuntza, jendartearen eraikuntzarako bidean, eraldaketarako tresna bezala ulertzen baitugu eta horren alde lanean ari gara. Etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz.

Hala ere, garbi daukagu, gauza asko hobetu behar direla oraindik. Euskal Herriko hamaika txokotan hezkuntza arazoak ugaritzen eta larriagotzen ari dira: proiektuak aurrera eraman nahi eta hauek garatzeko finantziazio falta; euskararen erabilera eta kalitatean beherakada; euskal kulturaren transmisioan hutsune larriak; pedagogia eredua aldatzeko nahi eta ezina; hezkidetza planak bai, baina emaitzak ikustea kosta… eta nola ez, jatorri eta egoera ekonomikoaren araberako segregazioa gainditzeko nahia eta ezina. Honek erakusten du, Hezkuntza Sistema bera agortua dagoela, orain arteko hezkuntza sistemak ez digula balio alegia.

Hezkuntza sistema berria behar dugu, eta jauzia emateko prest gaude. Euskal Publikotasuna, Euskal Herritik Euskal Herrirako pentsatua.

2016ko maiatzean, IRUTEN dinamika abiatu genuen, inposaketak salatzeaz gain, hezkuntza sistema propiora bidean gaurdanik urrats praktikoak emateko erronkarekin. Ebaluazioa erdigunean jarri eta jardunaldiak antolatu genituen. Elikadura burujabetza ardatz hartuta, jangelen ereduaren inguruan hausnarketa burutu dugu ere. Ikasturte honetan, sexu heziketari buruzko gida kaleratu dugu. Era berean, gure hezkuntza egitasmoa berritu dugu, euskal jendarteari proposamen sendo eta integrala aurkeztuaz. Zentzu honetan, argi dugu langileriak babesa eman diola LABek eskaintzen duen proiektu integralari, eta horregatik 1go indar bezala berretsi gara Hego Euskal Herrian.

Guk, gurea izango den hezkuntza sistema nahi dugu, gure herriak dituen beharretara egokituta. Eskola publiko komunitarioa aldarrikatzen dugu, eta horretarako Espainiako zein Frantziako eredu publiko zentralistatik urrutiratuz. Gaur egungo egoeratik abiatu eta etorkizuneko hezkuntza sistemara trantsizio bat proposatzen dugu. Bide honetan eskumen osoak geureganatu eta egungo eskola publikoaren eta itundutako sarearen arteko konfluentzia defendatzen dugu. Beraz, ez dugu arazoa publiko-kontzertatu sareen baitan kokatzen, honek zatiketa elikatu eta gatazka hauspotu besterik ez duelako egiten. Adostasunetara iristeko eta arduraz jokatzeko garaia dela deritzogu. Bide horretan aurkituko gaituzue.

Zorionak eta aurrera!

 

 

 

Gure irakurketa, Tuterako lan heriotzaren aitzinean


Gaur goizaldean, gaueko txanda bitartean, Asociación Navarra Sin Fronteras enpresako emakume langile bat hil da Tuteran –Mª Elena O. G., 59 urtekoa-, enpresa horrek kudeatzen duen etxerik gabeko pertsonendako aterpetxean. Lehenbiziko txostenen arabera lan istripu ez traumatikoa den arren, LAB sindikatuak adierazi nahi du beharbada lan baldintzak -gauez bakarrik egiten baitzuen lan- eta beharbada prebentzio neurrien falta izan daitezkeela heriotz tamalgarri hau eragin dutenak.

LAB sindikatutik gure doluminik sentituena helarazi nahi diegu senide eta lagunei eta gure elkartasun osoa langileei.

Etxerik gabeko pertsonendako Tuterako aterpetxea zerbitzu publikoa da, baina pribatizaturik dago eta hori dela kausa ez da zuzenean kontrolatzen ea Arrisku Prebentzioen Legea behar bezala betetzen ote duten eta, beraz, lan eremua osasunarendako kaltegarriak diren arriskuez libre ote dagoen. Tuterako aterpetxe hori gizarte bazterketan erortzeko arriskuan diren pertsonendako baliabide bat da eta, beraz, arrisku psikosozialak handiak dira oso. Horretaz gain, hildako langileak gauez egiten zuen lan, bakar-bakarrik, eta horrek ziurrenik arriskuak areagotuko zituen, letal bilakatzeraino.

Berriz ere lan istripu ez traumatiko tamalgarri bat salatu beharrean gaude, eta beharrezkoak diren prebentzio eta antolakuntza neurri guztiak har daitezen exijitzen dugu, ezein langilek lantokian batere minik jasan ez dezan. Horretarako, noski, enpresek jarrera proaktiboa hartu behar dute prebentzioan, neurri prebentiboak hartuz, langileen osasuna zainduz, bakarkako lanak baztertuz eta langileak berehalakoan artatzeko laguntza sistemak ezarriz.

LAB sindikatuak langile guztiei deitzen die asteartean (ekainak 11) eginen dugun salaketa elkarretaratzean parte har dezaten. 12:30ean izanen da, Iruñean, Mutiloa eta Monjardin kaleak gurutzatzen diren tokian.  

 

 

Elkarretaratzea egin dugu Iruñeko El Corte Ingles saltokiak bi langile bidegabeki kaleratu dituela salatzeko

0

Iruñeko El Corte Ingles enpresak bi langile kaleratu ditu egun batetik bertzera, modu erabat bidegabean. LABen iritziz bi kaleratze horiek akusazio faltsu gogorrekin egin dituzte eta helburu zehatz bat dute: gainontzeko langileak beldurtzea. Kaleratze hauek ez dira kasualitatea izan, langile hauek euren eskubideak aldarrikatu egin dituzte beharrezkoa ikusi dutenean eta, bistan denez, El Corte Ingles bezalako enpresa batek ez ditu horrelako langileak nahi.

Horrelako jarreren aurrean erantzun bat ematea beharrezkoa dela uste du LABek, langileek ikus dezaten ez daudela bakarrik eta borrokatzeko prest gaudela erakusteko ere. Zigor kaleratze hauen atzean gainera, langileen duintasuna txikitzea bilatzen dute, zigor morala ezartzea eta kaleratzea musu-truk izatea, eta horregatik guztiagatik guztiz onartezinak dira.

Azkenik, LAB sindikatuak Enpresa Batzordearen jarrera ere salatu nahi du. Batzordean dauden sindikatuek -FETICO, FASGA, UGT eta CCOOk- ez dute ezer ere egin kaleratze hauen aurrean; ez dira mobilizatu, ez dute salaketarik egin, ez dute protestatu, ez diete kaleraturiko langileei batere elkartasunik adieraz. Enpresaren eskutik joan dira, bertze behin ere.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Hitzarmen sektorialen defentsan, borroka da bidea”

0

Hirugarren greba eguna gaur Bizkaiko metalgintzan. Eta erantzuna, aurreko egun bien antzerakoa, %80tik gorakoa. 11:30ean manifestazioa egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik FVEM Bizkaiko metalgintzako patronala kokatuta dagoen Euskadi Plazaraino. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan parte hartu du, sektoreko hitzarmenaren alde eta beraien sektoreko hitzarmenaren defentsan Bizkaiko metaleko langileak aurrera eramaten ari diren borroka babesteko.

Adierazi du azken bi lan erreformek gogor kolpatu dute euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea, batez ere sektoreko hitzarmenetan oinarritutako euskal langileon negoziazio eredua erasotuz.

“2010ean PSOEren gobernuak negoziazio kolektiboa zentralizatzeko lan erreforma egin zuen, sektore hitzarmenak jipoituz. Eta 2012an PPren zentralizazioa bere horretan utzi zuen, enpresa hitzarmenei lehentasuna eman zien eta patronalari ia erabateko aldebakartasuna eman zion. Honela, euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea kolokan utziz”.

LABek, hasieratik, “jarrera argia” izan duela gaineratu du, urte hauetan koherentzia horri eutsi diola azpimarratuz. Jarraian, erreformetatik sindikatuak ateratako bi ondorio nagusiak zehaztu ditu.

Batetik, negoziazio kolektiborako marko propioaren aldeko borroka indartu beharra, estatalizazioari mugak jartzeko negoziazioa blindatzeko egondako akordio saiakera desberdinetan parte hartuz.

Bestetik, hitzarmenak lortzeko, patronalaren erosotasuna apurtu beharra. “Horretarako mobilizazioak eta grebak behar beharrezkoak dira. Azken bi urte hauetan, negoziazio kolektiboan egon den blokeo egoera apurtzea lortzen ari gara eta datuek erakusten dutena da konfliktibitatearen igoera eta hitzarmenen desblokeoa eskutik doazela”.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko borrokaren helburuak ere zehaztu ditu jarraian, “gaur hemen gaude Bizkaiko metalean sektore hitzarmen duin baten alde. Erreformei aurre egingo dien hitzarmena, KPIaren gainetik egongo diren soldata igoerak bermatuko dituen hitzarmena, metalean emakumeek bizi duten diskriminazio egoerei (kontratazioan, soldata arrakala…) mugak jarriko dizkien hitzarmena, subrogazioa bermatuko duen hitzarmena.

Patronalari ere mezua luzatu dio, “Hazkunde ekonomikoaz eta enpresen irabaziez hitz egiten du, bada, argi esaten diogu irabazi horiek langileei esker lortu dituela eta hitzarmena lortu arte borroka jarraituko dugula”.
 

 

 

Burrunba egin genuen atzo Iruñean, justiziaren “patronalizazioaren” aurka

Mobilizazio kanpaina antolatu dugu justiziaren “patronalizazioaren” aurka. Eta atzo izan lehen ekimena, burrunba Iruñeko (in)Justizia Jauregiaren parean. Hain zuzen ere, 10.000 euro baino gehiago isunetan eta espetxe zigorrak erabaki dituzte La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik.

Burrunba bukatutakoan pegatinaz josi dugu (in)Justizia Jauregiaren fatxada, hain zuzen ere argi eta garbi adierazteko pegatinak jartzeagatik ezin dutela inor kartzelan sartu.  

 

 

Bilbon egindako murrizketak salatzeko mobilizatu dira Correoseko langileak

0

Funtzionarioen batzordeak eta enpresa komiteak, atal sindikal guztien babesarekin, elkarretaratze bat egin dute Correos zerbitzuaren Bilboko egoitza nagusian.
 

 

 

Dei egiten diegu beste sindikatuei patronalaren kontrako borrokarekin bat egitera, Bizkaiko bulego eta langeletan hitzarmen duina sinatzera behartzeko

Bulego eta langeletako hitzarmena negoziatzen ari den mahaian, LABek aurkeztu duen sinatzeko moduko plataforma dago, CCOOk eta UGTk sostengatua. Baina azken bilera ostean ez da aldaketarik izan; patronalak ezetz irmoa eman dio sindikatuen proposamenari.

Azken erantzun honen eta gauden egoeraren harira, sektoreko sindikatu handiek, ELA, CCOO eta UGTek agertu duten arduragabekeria itzela da; zaila gertatzen zaigu hura kalifikatzea, hala ere, saiatuko gara hura azaltzen:

ELA, sektorean %41,53ko ordezkaritzarekin, ez da gauza izan inolako ekimen motaren buru izateko sektorean, LABek borroka honi ekin zitzaionetik proposatu dituen proposamenekin bat egitera mugatu da. Eta sektorea gidatzea erabaki zuenean, bideragarri ikusi zuen bakarra greba mugagabea egitea izan zen. Erabaki horrekin baldintzatu zuen borroka: haien borroka mugagabea egin ala ezer ez! Denok dugu gogoan zertan geratu zen mugimendu hura. Horren ondorioz, ELAk bere sinesgarritasuna galdu ez ezik, borroka desegituratu zuen ere, lau sindikatuok elkarturik genuen indarraren zati handia harekin eramanez.

Oraingoan ez dute bat egin LABen proposamenarekin. Gehiago nahi dutelako beti, jakina, zirkinik egin barik eta erakutsi duten geldotasunarekin, hitzarmena hiltzen utzi dute. Jakina, haren proposamenak ez du gehiengoa lortzen mahaian.

Bestalde, CCOO, %31,48ko ordezkaritza batekin, gordeta egon zen, inoren berri jakin nahi ez zuela. 2018ko otsailaren 1ean LAB eta ELA sindikatuek greba deitu zuten arte, non milaka langileak bildu ziren Bilboko kaletan. Haren militantziak berak, CCOOek hartan parte hartu ez izanaren zergatia ulertzen ez zuenez, egin nahi ez zutena egitera behartu zuten, borrokatzera alegia. Egintzetan agertu duten gogo eza agerikoa izan da aurrera egin nahi izan den bakoitzean, beti aitzakiatzat hartuz “negoziatu behar dela”. Dirudienez, azken bi urtean, hilero, CEBEKekin egin ditugun bilerak ez die balio izan, patronalari aurre egiten zaionean bakarrik etsitzen duela jabetzeko. Gainera, lan erreforma onartu zenetik puztua dabil. Borroka baztertzeko bozketa deitu zuen. Hartan ordezkaritza zeukan lekuetan, langileen %30ak bakarrik (sektorearen zati ñimiñoa) parte hartu zuen, eta ezer ez egiteko aitzakiatzat erabili zuen. Orduaz geroztik egoerak bere horretan dirau; “negoziatu” berba ikurtzat hartu dute, eta duela hainbat hilabete ez dira gauza proposamen bakarra aurkezteko.

UGTri dagokionez, beno, haren %9a zuzenean gehitzen zaio CCOOren %31ri: egiazki egiaztatu dugu CCOOk ezartzen duela haren estrategia, eta frankizia izatera mugatu dela.

CCOOk eta UGTk ez dute argitzen zenbateraino kaskartu ditzaketen sektore honetako lan baldintzak, hura esateko ausardiarik ez dutelako izan. Dena den, argi adierazi dute hura kaskartzeko zereginean dihardutela, eta aitzakia gisa, hitzarmena bera da. Baina zertarako balio du estatuko hitzarmena okerragotzen duen hitzarmena? Argi izan behar da, “negoziatzeak”, haiek dioten moduan, 2012ko hitzarmenaren baldintzak are gehiago urritzea dakarrela. Hobekien dakiten bezala sal dezatela. Dena dela ere, bi hauen batuketarekin, ez da iristen ere hitzarmena sinatzeko.

Egoera honelakoa izanik, ezinezkoa da sektore honetako %84a biltzen duten sindikatuek egiazko norgehiagoka eta borrokako jarrera sindikalik egitea, eta horri onargaitza deritzagu. Horrengatik eta klaseko sindikalgintza aldarrikatuz, eskatzen dugu utz diezaiotela ezertarako balio ez duten bilerak egiteari patronalari erregutzeko, eta patronala makurtzeko borrokari batu dakiola, horrela, hitzarmen duina sina dadin.

LABek bultzatu du gurdia, kalean ikusi izan duzuen mobilizazio guztietan eta bakoitzean (lehen aipatu sindikatuek ondotxo dakite), batzuen eta besteen mespretxuak irentsi izan ditugu, eta sektoreak aldarrikatzen duen sindikatuen arteko batasun horri eustearren, betiere, hitzarmena duina lortzeko helburuan, entzungor egin dugu.

Baina garaia iritsi da mahai gainean ukabilkada jo dezagun, garaia iritsi da sektoreko langileek jakin dezaten zein den egiazko egoera, eta denok jakitun izan gaitezen hitzarmena bada, ez dela inongo sindikatuaren baitan egongo, izatekotan, denok ados jarriko garelako CEBEK-eri aurre egiteko. Egoera ezin hobean dagoen patronala dugu CEBEK, non lan erreforma haren neurrian egin zen, eta dirudienez, sindikatuak eskubideen borrokan murgildu baino, barne estrategiei egiten dieten so. Borroka ez da amaitu; LAB, ardura agertuz, ez dago mahaian, ez dugulako iraun nahi iruzur horren partaideak izaten. Hala ere, tinko sinesten dugu indarrak bildu behar direla patronal hori estutu nahi badugu, hitzarmena lortzearren borrokatu nahi badugu. Espero dugu, behin gogoeta egin ostean, gainontzeko sindikatuak itzuliko direla garrantzitsua den horretara: sektore honetako lan baldintzen alde egitera eta haien alde gogoz borrokatzera.
 

 

 

Ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin Bizkaiko Metalgintzako langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean

0

Bizkaiko Metalgintza sektorean deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du gaur. FVEM patronalak zabaldutako gezurren gainetik, eta hainbat enpresatan egoera okerrenean dauden langileek jasandako presioaren gainetik, grebak %85eko jarraipena izan du. Aurreko greba egunean baino handiagoa izan da grebarekin bat egin duten langileen kopurua. Zorionak kalera ateratako langile guztiei, erakutsitako duintasunagatik.

Bizkaiko Metalgintzan une historikoa da bizi duguna, eta FVEM patronalak bere jarrera harroputza baztertu eta langileen egoera okertzearen kontura aberasteari utzi beharko lioke.

BECen antolatutako azpikontratazioaren azokaren aurrean gaur salatu dugun moduan, ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean; emakumeek industriara sarbiderik ez duten bitartean; milaka direnean 10 urtez euren lan baldintzak izoztuta dituzten enpresa txikitako langileak; ETT eta azpikontratetan esplotazioa pairatzen ari direnean. Hauentzat subrogazioa beharrezkoa da bizi duten prekarietate egoerari aurre egiteko.

Patronalak gaurko aldarria entzun eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duin baten aldeko apustua egin beharko luke. Honela ez bada, LABek langile batasuna eta borrokaren aldeko apustuarekin jarraituko du. Bihar, ekainaren 7an, Bizkaiko Metalgintzako hirugarren greba eguna egingo dugu. Manifestazio nagusia Bilbon izango da, 11:30ean. Jesusen Bihotzean irten eta FVEM patronalaren egoitzan amaituko da.
 

 

 

SEAren jarrera inmobilistaren aurrean, aktibazioaren beharra aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzan

0
Atzo, ekainaren 5ean, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu zen eta bertan, nagusiki, sailkapen profesionala eta soldatak izan zituzten hizpide. SEAren jarrera argia zen: estatuko hitzarmena gurera ekartzea eta soldata igoera eskasak adostea, 2018ko urtea ezabatuz. Horren aurrean, LABen aktibazioaren beharra azpimarratu nahi du.

Atzoko bileran bi gai nagusi jorratu zituzten, sailkapen profesionala eta soldata igoerak. Lehenengoari dagokionez, SEAk sailkapen berri bat proposatu zuen Arabako Metalerako, talde profesionalak ezarriz. Halere, proposamen hori da hain justu Estatuko metalgintzako hitzarmenean agertzen dena, zaharkituta gelditu diren mailak mantentzen ditu eta ez du suposatzen langileentzat inolako hobekuntza ekonomikorik.

Bestaldetik, SEAk berretsi zuen 2018rako ez duela inongo soldata igoerarik aurreikusten, eta hurrengo urteetarako igoerak bere horretan mantentzen dituela. Aldi berean, patronalak berretsi zuen lanaldia ezin dela jaitsi (1.735 ordutakoa da, Euskal Herriko metalgintza hitzarmenen arteko altuena) eta ez duela onartzen subrogazioa hitzarmenean jasotzea.

Hori guztia dela eta, LABek oso larritzat jotzen du SEAren jarrera, bere planteamenduak erabat onartezinak direlako eta bilera burutu ahala, akordio bat urrun du besterik ez du egiten.

Horren aurrean, LABek argi eta garbi azpimarratu nahi du aktibazio eta mobilizazioaren beharra eta norabide horretan, hurrengo asteetan mobilizatzeko prestutasuna agertu nahi dugu, sektoreko beharrei erantzungo dien hitzarmena lortzeko helburuz.