2026-04-18
Blog Page 647

Euskotreneko batzorde iraunkorrak langileen aurkako erasoak salatu ditu

0

Pasa den ostegunean, langile bati eraso egin zioten bere jardunean zela. Euskotrenen batzorde iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak deitoratu ditu. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur, Otxarkoagako geltoki parean, Bilboko Kepa Enbeita plazan.

Jendaurrean bere lana garatzen duten Euskotreneko langileek (kontu-hartzaileak, garbiketako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak,…) Euskotrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan.

Guztiz onartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota erasoak pairatu behar izatea.

Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere, bere kezka agertu du Euskotreneko batzorde iraunkorrak. Harremanek abegikortasun eta errespetuan behar dute oinarritu.
 

 

 

ADEGIk sortzen dugun aberastasuna bueltatu behar digu Gipuzkoako papergintzan

0

Atzo, ekainak 10, papergintzako Gipuzkoako hitzarmenaren bilera berri bat burutu zen. Oraindik akordioa urrun dago. Hortaz, aurreikusitako 16 greba egunak mantentzeko deialdia egiten dugu.

ADEGIk sektorearen egoerarekin bat egiten duen proposamenik ez du jarri mahai gainean. Sindikatuen proposamenaren gai askori erantzunik eman gabe jarraitzein du. Patronalak egin duen soldata igoera proposamena probokazio hutsa da: KPI+%0,8a 2019 eta 2020rako eta KPI+%0,9 2021 eta 2022 urteetarako.

Sektoreko enpresen egoera oso ona da. Irabazi handiak izan dituzte. 2016 eta 2017 urteetan 61 milioi euroko irabaziak izan dituzte. Pertsonalaren gastua gastu guztien %10 besterik ez da, hau da, enpresek fakturatzen dituzten 10 euroko bakarra doa nominak ordaintzera. Hortaz, ADEGIk askoz gehiago eman dezake.

Atzoko bileran ADEGIk urrats bat eman zuen norabide onean, lan istripu eta gaixotasun profesionalen kasuetarako %100ko osagarria ematea onartu zuelako, absentismo mailarekiko loturarik gabe. LABek ongi baloratzen du neurria, urteetan sektorean egondako eskaera bat delako eta negoziaketa hontarako ezarritako helburuetako bat delako.

Honek erakusten du presioak soilik mugiarazten duela ADEGI. Beste bi bilera jarri ditugu, asteazkenerako, hilak 12 eta datorren astelehenerako, 17rako. LABek ahal duen guztia egingo du bidezkoa den akordio duin bat erdiesteko. Horretarako ezinbestekoa da langile guztiok bat egitea gure aldarrikapenen alde eta egun hauetan burutuko diren batzarretan grebaren aldeko bozka ematea.

Papergintzan lan duina, hitzarmen duinak. Gipuzkoako papergintza grebara!
 

 

 

Ekaineko laugarren greba eguna egin dute Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek

Maiatzeko lau greba egunen ostean, Bilboko Udaleko 010 zerbitzua eskaintzen duten langileek grebara jo dute ekainean ere, lan baldintzak hobetzeko exijitzeko. Hain zuzen ere, ekainean sei greba egun dituzte deituak. Ekainaren 17 eta 18an ere lanuzteak egingo dituzte. Langileek eskatzen dute opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea.
 
Zortzigarren greba egunean Lanaldenek eta Bilboko Udalak ez dute gatazka konpondu nahi. Maiatzean grebak hasi zituztenetik grebalariekin ez da harremanetan jarri ez Lanalden eta ez Bilboko Udala. 010 arreta zerbitzua hobetu ahal izateko, euren lan baldintzak hobetzea besterik ez dute eskatzen langileek.

Lanalden enpresaren bidez Billboko Udalarentzat 010 arreta zerbitzuan lanean ari diren 12 lagunek maiatzean grebara joatea beste aukerarik ez zuten izan euren lan baldintzak hobetzeko aldarrikatzeko. Gaur 8. greba eguna izan dute eta ez enpresa azpikontratak (Lanalden S.A.) eta ez Bilboko Udalak ez dute erakutsi gatazka konpontzeko inongo borondaterik.

Greba abiatu baino 4 egun arinago enpresak luzatu zuen proposamena ez nahikoa izan zen langileentzat: Estatu mailako Contact Center hitzarmena erreferentzia izatea planteatzeaz gain, orain arte oporrak hartzeko sistema bertan behera utzi eta langile bat gehiago kontratatzeari ezetza eman ziolako. Orduz gero, ez da inolako negoziaketarik egon. Lanaldenek ezagutzen ditu langileen eskaerak eta baita Bilboko Udalaki; nahiz eta azken honi idatziz jakinarazi behar izan zaizkion aldarrikapenak langileekin bilera edukitzeari muzin egin ostean.

Konponbide errezeko gatazka izan arren, Udalak eta Lanaldenek konponbidearen kontra eta gatazkaren alde egin eta Bilboko hiritarrei eskaini beharreko arreta zerbitzua etetea izatea hobesten dute. Hori gutxi balitz, greba egunetan grebalarien lana ordezkatu dute: deiak Bilboko Udalera desbideratuz eta zenbait zerbitzuren kudeaketa sistema moldatuz grebaren eragina murriztua izan dadin.

010 zerbitzuko langileek (emakumeak guztiak) dei egiten diete Lanalden S.A.ri eta Bilboko Udalari euren lana kontutan izan eta lan baldintzak hobetzeko negoziazioak ekitera.

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok gatazka bideratzeko tajuzko proposamenak egiteko eskatu diegu patronalei eta benetan busti dadila Hezkuntza Sailari

0

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gasteizko legebiltzarrean agerraldia izan dugu gaur; bertan, legebiltzarreko talde desberdinei gizarte ekimeneko ikastetxeen gatazkaren egoeraren berri eman diegu, eta patronalak adostasunetara iristeko erakusten ari diren borondate eza zein hezkuntza sailaren inplikazio gabezia salatu ere.

Agerraldi honetan gogoratu dugu azken bi ikasturteetan ikastetxe hauetako langileek 27 greba egun gauzatu behar izan dituztela jadanik, 10 urte daramatelako lan-hitzarmenik gabe, soldata izoztuta, lan karga gero eta handiago eta baldintza gero eta eskasagoak pairatuz eta beraien lanpostua galtzeko arriskuan.

Baita, 2017ko azaroan sindikatuok negoziazio mahaitik altxatu aurretik ere, inolako aurrerapenik ekarri ez zuten 30 negoziazio mahaitik gora izan genituela eta mahaitik altxatu ondoren ere, sindikatuok planteatu ditugun mobilizazio eta grebek aukera eman dietela patronalei langileen eskaerei erantzungo dioeten proposamen eta planteamenduak egiteko eta hezkuntza sailari gatazkaren irtenbidean bustitzeko.

Haatik, patronalak gatazka bideratzeko proposamen eta planteamenduak egin beharrean, langileen eskaerei erantzun seriorik eman gabe mobilizazioa desaktibatzera eta negoziaketa itxura soila ematera bideratzen ari da bere ekintza guztiak. Horrela soilik uler daiteke ondoren atzera bota dituen proposamenak egin izana, gure negoziazio kolektiborako eskubidea mugatzera bideratuak dauden planteamenduetan tematuta jarraitzea, edota, maiatzeko greben bezperetan gertatu berri den moduan, adostasunetara iristeko aukerak zapuztera bideratzea bere ekintzak.

Hezkuntza sailak gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe jarraitzen duela ere salatu dugu, modu horretan legebiltzarrak otsailean emandako agindua ez betez. Hau agerian geratu berri da beste behin ere sindikatuok maiatzak 30erako deitutako bileraren aurrean izan duen jarrerarekin. Bilerara ez etortzeko erabakia hartzeaz gain, sindikatuak bilera batera deitu gintuen, aurreko egunerako. Bilera horretan ordea, gai bakar bati buruz hitzegin nahi izan zuen, birkokapenari buruz ; haatik, gai honetan bertan ere ez zuen ordea aurrez egindako planteamenduarekiko inolako aldaketarik aurkeztu (eta honek ez du birkokapena bermatzen, eta ez du zerikusirik orain 4 urte baino gehiago sindikatuok helarazi genion birkokapen proposamenarekin ere ). Agerikoa da sindikatuok egindako bilera deialdiak suposatu zion interpelazioaren aurrean, bilera horretara etorri ere ez egiteko eta gatazka honetan busti gabe jarraitzeko aitzakia sortze izan zela helburu bakarra.

Azkenik, familien kezka ulertzen dugula eta honekin bat gatozela adierazi dugu eta arduragabekeria hutsa deritzogula patronalak planteamendu berdinetan tematuta jarraitzeari eta hezkuntza sailak ardura oro bere gainetik kentzeko saiakeran jarraitzeari. Horregatik, sindikatuok, beste behin ere, patronalei eta hezkuntza sailari bakoitzari dagokion ardurak bere gain hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela eskatu diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.  

 

 

BRTAren sorrera propaganda ariketa da

0

Eusko Jaurlaritzak Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergoa sortu du, 16 zentro teknologiko koordinatzeko asmoarekin.

LABentzat BRTAren sorrera galdutako aukera bat da:

Daukagun defizit teknologikoaren aurrean ez da neurririk planteatu. 2020 Zientzia eta Teknologia PlanekoBPGren%3a I+G+Bbideratzekohelburuanongelditudenikusita,argiadabeharadinako esfortzurik ez dela egiten.

Partzuergoaren osaketan ez dute langile zein sindikatuen iritzirik kontuan izan, erabakiak hartzerakoan aldebakarrez hartzen dituzte. Horrelako prozesuetan parte-hartzea ahalbideratzea beharrezkoa da LABentzat.

Gardentasun handirik ez dago, eta ez dute zehazten horrek zer eragin izango duen Zentru Teknologiko bakoitzean. Horregatik, LABetik 16 zentro teknologikoen eta lanpostuen etorkizunaren inguruko argipen eta bermea eskatzen dugu.

Ibilbidea hasi berri duen BRTA garaiz dago hain beharrezkoa den herri estrategia bat bideratzeko, industriaren etorkizunerako horren funtsezkoa den eremu honetarako. Zentro teknologikoen jardueraren eta industriaren lehiakortasunean ardatz izango diren langileen aldeko apustua egitea beharrezkoa da, eta horretarako finantziazio eta lan baldintza duinak eskatzen ditugu.

 

 

 

Zerbitzuaren segurtasun baldintzen okertzea salatu dute Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileek

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen lantaldeak elkarretaratze bat egin du gaur, Aldundiko jauregiaren aurrean, zerbitzua emateko segurtasun baldintzen atzerakada salatzeko. Horren inguruko arazoak ahal den arinen konpondu daitezen eskatzeko, idatzi bat aurkeztu dute Aldundiaren Erregistroan.

Hauxe da erregistratutako idatziaren edukia:

ADIERAZTEN DUGU:
Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile-zerbitzuaren kolektiboak foru jauregiaren aurrean elkarretaratzea eta idazki hau erregistroan aurkeztea erabaki du, gure segurtasun baldintzetan pixkanakako atzerapausutzat jotzen dugun eta herritarrei ematen zaien zerbitzuan eragina duen egoera honen aurrean.

Zerbitzuaren ibilgailuak:
• Kasu batzuetan, hauen antzinatasuna eta gabeziak direla-eta, ezin diegu kalitatezko zerbitzu bat eman herritarrei, alde biak arriskuan jartzera iritsiz.
• Beste kasu batzuetan, ez dira ibilgailu egokiak egitekoak diren zereginetarako.

Langileak:
• Egunero lan egiten duten SPEISeko langile guztiek bete behar dutela, eta edozein ezbeharren aurrean, bajak berehala betetzea eskatzen dugu.
• Zer esanik ez, langile ezak segurtasun-gabezia handia eragiten duela, bai suhiltzailearentzat, bai gure presentzia eskatzen dutenentzat.

Lantaldeak:
• NBEak emateko erreklamatzen diogu zerbitzuari, baina kalitate-estandar altuenak kontuan izanda, eta ez beste edozein kontsiderazio.
• Gure ekipo guztiak garbiketari eta deskontaminazioari dagokienez egunean egotea eskatzen dugu.

Instalazioak:
• Parkeetan gure NBEak dauzkaten gai kutsagarrien eraginpean egoteak ere kezkatzen gaitu, eta, hain zuzen ere, batzuk eta besteok okupatzen ditugun eremuak behar bezala mugatuta ez egotea da honen arrazoia.

Lanbide-karrera:
• Ezinbestekotzat jotzen dugu, agintari operatibo guztiek zerbitzu barrutik irtetea, barne-sustapeneko oposizio-lehiaketa bidez.
• Eskarmenturik ez izateak eta lanbidearen ezagutzarik ezak, askotan, esku-hartzeetan hartzen diren erabakiak egokienak ez izatea eragiten du.

Komunikazioak:
• Salatu nahi dugu, prekaritasun absolutua, langile kopuruari dagokionez, komunikazio zentroan bizi da, bere funtzioen garapen egokia eragozten duen egoera.

Aurreko guztiaren ondorioz, hauxe

ESKATZEN DUGU:
Gure kezkak azalduta, eskua luzatu eta aldundiari eskatzen diogu, elkarrekin eta ahalik eta epe laburrenean, arazo hauek konpontzeko.
 

 

 
 

Gurutzetako Ospitaleko gerentziak pediatriako ebakuntza gela itxi nahi du gaueko txandan

0

Gurutzetako ospitaleko sindikatuok, LAB, ESK, SATSE, ELA, SME/FFHE, UGT, CCOO, SAE eta UTESE, gaueko txandan pediatriako kirofanoa itxi nahi dutela salatzen dugu. Erabakia ulertezina da, izan ere, kirofano hori erreferentziazko zerbitzua da pediatriako pazienteen arretarako, Bizkaian zein inguruko probintzietan.

Larrialdi zerbitzua izanik, egoera kritiko askoren aurrean arreta eskaintzen da bertan: jaioberrien emergentziak, politraumatizatuak, odolusteak, eztarriko trabamenduak, ebakuntza osteko zailtasunak. Beraz, kirofanoaren itxiera ezin da inolaz ere justifikatu, alferrik galdutako minutu bakoitza erabakigarria baita haurren osasunean.

Aldebakartasunez eta diziplina anitzeko lantaldearen (zirujauak, anestesistak, erizainak…) adostasunik gabe hartutako erabaki horrek modu larrian eragingo du pediatriako pazientearen segurtasunean.

Pediatriako kirofanoa ez ixteko exijitzen diogu Gurutzetako ospitaleko gerentziari, zentzugabekeria hori bertan behera utzi dezala.
 

 

 

Gure elkartasun eta babes osoa adierazi diegu 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei

0

47ak Herrian dinamika bilera-erronda egiten ari da, irailaren 16an auzipetuko dituzten 47 herritarren eta 11/13 makrosumarioaren egoera bertatik bertara azaltzeko. Euskal jendartearen gehiengoa osatzen duten alderdi, sindikatu, eragile eta sektoreetako ordezkariekin bilduko dira hurrengoa asteetan, eta lehen hitzordua gaur egin dute; LAB sindikatuarekin, hain justu. Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko eta Eulate Zilonizaurrekoetxea Exekutiboko kidea ordezkatu dute sindikatua bileran. Bertan, gure elkartasun eta babes osoa adierazi diegu auzipetuei, baita egingo diren mobilizazio eta ekimenei ere. 

LABen iritziz, herri honek irtenbideak behar ditu, ez zigorra, kartzela, mina eta sufrimendua areagotzen dituzten bide agortuak. Epaiketa honek berriz ere uzten du agerian Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa, gaindituta egon beharko liratekeen bide errepresiboetan sakontzearekin tematuta jarraitzen duela erakusten baitu.

Giza eskubideak, demokrazia eta etorkizunaren alde, indarrak bildu eta erantzuteko deia egiten diegu euskal langileei, epaiketa bertan behera uzteko deia egitearekin batera.

Hain zuzen ere, 601 urteko kartzela zigorrak eta 117.600 euroko isun eskaerak dituzte auzipetuek aurrean. Presoen eskubideen inguruan egindako lanagatik daude herritar hauek jo-puntuan. Bada, epaiketa hauekin amaitu eta presoen gaia konpontzeko garaia da, guztiak kaleratze bidean jarriz.
 

 

 

Pikete batean parte hartzeagatik SAT sindikatuko 35 kideren kontrako epaiketa salatu dugu

0

LAB sindikatutik Andaluziako SAT sindikatuko kideei gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu bihar Sevillan sindikatuko 35 kideren kontra pikete batean parte hartzeagatik hasiko den epaiketa dela eta. Andaluzian, baita Euskal Herrian ere, eskubideen atzerakada nabarmena pairatzen ari gara, hiltzorian dagoen Erregimena errepresioaren bitartez etengabe sortzen ari zaizkion pitzadura guztiak estaltzen saiatzen ari delako.

2008an Asociafruit patronalak San José de la Rinconadan duen Las Jarillaseko finkan lan egiten zuten bi lan talde kaleratuak izan ziren SAT sindikatura afiliatu izanagatik. 4 egunetako greba deitu zen eta grebaren azkeneko egunean Guardia Zibilak pikete batzuk inguratu zituen. Bertan, 35 sindikalista identifikatu zituen eta 11 urte beranduago 67 urteko kartzela zigorra eta 107.000 euroko isuna eskatzen dituzte.

Horregatik, bihar hasiko den epaiketari begira LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa bidali nahi dizkiegu. Andaluzian, baita Euskal Herrian ere, eskubideen atzerakada nabarmena pairatzen ari gara, hiltzorian dagoen Erregimena errepresioaren bitartez etengabe sortzen ari zaizkion pitzadura guztiak estaltzen saiatzen ari delako. Euskal Herrian La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka sindikalen ondoren 10.000 euroko isunei eta kartzela zigor eskariei aurre egin beharko diogu. Konkretuki, LABeko kide bat 21 hilabeteko kartzela zigorrera kondenatuta izan da eta fiskaltzak 2 urte eta erdiko kartzela zigorra eta 5 urteko expulsioa eskatzen ditu 2 aldiz Polizia Foralak jipoitua izan zuen Huerta de Peraltako langile baten kontra.

Azaldutako guztiagatik, SATeko kideei gure elkartasun guztia bidaltzen eta auzipetutako 35 sindikalisten absoluzioa exijitzen dugu. Sindikalgintza askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzen dituzten epaiketa fartsa hauekin bukatu beharra dago.