2026-04-29
Blog Page 646

Hainbat eragilek 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa erakutsi diegu

0

Agerraldi bat egin dugu Bilbon, hainbat eragiletako ordezkarirekin batera, 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa emateko eta epaiketaren aurkako manifestua aurkezteko. Sinatzaileok irailaren 14ko manifestazioarekin egin dugu bat.

Hauxe da agerraldian aurkeztutako manifestua:

Irtenbidera, etorkizuna askatu

47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.

Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.

Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.

Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.

Horregatik, hau sinatzen dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun hoiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara. Horregatik honakoaren bitartez, epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.

Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.
 

 

 

CAFeko langileek bi orduko lanuztea egin dute Beasainen eta Irunen, lan hitzarmenaren alde

0

CAFen lanuzteak egin dituzte gaur berriro, joan den asteartean bezala. Hain zuzen ere, 10:00etatik 12:00etara gelditu dute ekoizpena Beasain eta Irungo lantegietan, lan hitzarmenaren defentsan. Gaurkoan ere langileen erabateko parte hartzea izan da. Titulatu, enplegatu eta tailerreko langileak, denok elkarrekin, helburu beraren alde mobilizatu dira. Ekainaren 26an eta uztailaren 2an, berriz, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte, 10:00etatik 13:00ak bitartean. Bi egun hauetan, manifestazio bana egingo dute Ordizian eta Beasainen, hurrenez hurren.


 

 

 

Jarraipen oso zabala izan du Bizkaiko Metalgintzako laugarren greba egunak, Ertzaintzaren jazarpenak jazarpen

0

Arrakastatsua izan da Bizkaiko metalgintzan, herrialdeko hitzarmenaren alde, sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitutako laugarren greba eguna. Jarraipena aurreko egunetako greben antzekoa izan da, %80tik gorakoa, eta Sestao eta Barakaldo arteko martxa zein Durango egindako manifestazioa jendetsuak izan dira. Azken honetan, eserialdia egin dute Ertzaintzaren jarrera oldarkorra eta egindako atxilotuak salatzeko.

Langileek bi mobilizazio nagusi egin dituzte gaurkoan; Sestaotik Barakaldoraino egin duten martxa eta Durangon egindako manifestazioa. Bihar, ekainaren 21ean, boskarren greba egunean, manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotzetik hasita.

Gaurkoak gertakari larri eta latzak izan dira, izugarria izan da grebalariek Ertzaintzaren aldetik jasotako jazarpena eta errepresioa. Identifikazioak izan dira Bizkaia osoan eta Durangon atxilotuak eta bi zauritu ere, Ertzaintzak borraz kolpatuta. Patronalaren estrategia da, grebaren arrakasta ezkutatu eta desitxuratzeko.

Piketeei eta zaurituei gure elkartasun eta babes osoa bidali nahi diegu, eta atxilotuak askatzeko exijitzen dugu.
 

 

 

Asturiasera abiatu gara jazarpen sindikala salatzeko

0

LABeko ordezkaritza bat Asturiasen dago, langileen eskubideen defentsan. Hain zuzen ere, errepresioaren aurkako mobilizazioak antolatu dituzte gaurko, lantokiz lantoki ibiliko den karabana bat eta CSI, CGT Asturias, Suatea eta CNT sindikatuek deitutako manifestazio bat, kasu, Asturiaseko hainbat enpresatan pairatutako jazarpen sindikala salatzeko.

 

 

 

Metro Bilbaoko langileak kalera atera dira kontratazio gehiago eskatzera

0

Langileek kontzentrazioa egin dute gaur Bilbo, Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean, enpresa-batzordearen deialdiari erantzunez, salatzeko langile gutxiegi dagoela enpresako kolektibo batzuetan eta, ondorioz, lantaldearen lan-baldintzak eta garraio-zerbitzuaren antolaketa eta kalitatea kaltetzen ari direla.

Adibidez, gidarien kolektiboan 2018an zegokiena baino 7200 ordu baino gehiago egin direnez, langileek atseden-egunetan lanera joan behar izan dute, zerbitzu-eskaintzari aurre egiteko lantaldea ondo dimentsionatu gabe dagoelako.

Izan ere, gero eta unean uneko zerbitzu gehiago ematen dira eta txanda horiek guztiak ez daude egiturazko dimentsioen arabera antolatuta.

4 urte darama enpresak gidarien txandak eta ordutegiak inposatzen. Aurten ere 2020rako aurtengoen ia berdinak aurkeztu dizkigute eta jasanezin bihurtzen ari zaigu egoera. Gure lan-baldintzak txarrera joaten ari dira eta gure osasunari eta kontziliazioari ere kalte egiten dio egoerak. Langileen ardurak eta profesionaltasunak bermatu du zerbitzu modu horretan betetzea. Gauzak horrela, ordea, enpresak datorren urterako proposatu dizkigun txandekin ezinezkoa izango zaigu zerbitzua modu onean ateratzea atseden-egunik hartzerik ez badugu.

Antzera ari dira beste kolektibo batzuetan, besteak beste, mantentze-lanetan eta geltokietan. Geltokietan langile nahikoa ez izateak zuzenean eragiten du bezeroen arretan, geltokiak langilerik gabe uzten baitira. .

Horregatik, eskatzen dugu gidarien egiturazko lantaldearen kopurua aparteko ordurik sortu gabe kalkulatzeko, txandak ez inposatzeko eta jartzen diren txandak egiteko behar diren langileak jartzeko.
 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek protestekin jarraitzen dute

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute Eibarren bertan, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Azoka eguna dela baliatuta, Toribio Etxebarria kalean bildu dira. "Gipuzkoako Foru Aldundiak jarrera aldatu arte borrokan jarraituko dugu", adierazi dute. Arratsaldean, Amañan eta Egogainen protesta egitea zuten aurreikusia.
 

 

 

Mobilizazioak ugarituko dira Nafarroan sindikalisten aurkako jazarpen polizial eta judizialari aurre egiteko

LAB sindikatuak langileei eskatu die bihar, ekainaren 20an, lantokietan elkartasun erakustaldiak egin ditzaten Nafarroan prekaritatearen eta esplotazioaren aurkako protesta ekintzetan parte hartzeagatik zigortu dituzten edo zigortu nahi dituzten sindikalistei babesa agertzeko eta askatasun sindikalen aldeko aldarria egiteko. 27an Huerta de Peraltako langile baten egoera judizial ankerra aurkeztuko da; 28an elkarretaratze zaratatsua eginen dute Tafallan; eta uztailaren 2an manifestazioa Iruñean.

Maiatzaren bukaeran jakin genuen LAB sindikatuko kide bati 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziotela -kartzelan sartzeko betebeharrarekin- Iruñeko La Sangiovesa jatetxean eginiko protesta baketsu batean parte hartzeagatik. Maiatzaren bukaeran ere hasi zitzaizkigun iristen Foruzaingoak Huerta de Peraltako borrokaren karietara jarritako dozenaka isun ere, eta gainera jakin genuen hiru sindikalistaren kontrako ekinbide penalak irekiak zituztela. Hona hemen horren guztiaren laburpena:

LA SANGIOVESA
• 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote LABeko kide bati edozein protesta sindikaletan egin ohi diren ekintzak egiteagatik: jatetxe barnean bozgorailu batekin kontsigna laboralak bota, pegatinak jarri, kartelak erakutsi, eta establezimenduaren ate baten parean elkarretaratzea egin.

HUERTA DE PERALTA
• Oraingoz 17.313 euroko zigorra jaso dugu isunetan. Horri prozesu penaletako bermeak gehituta, dagoeneko, zigor ekonomikoa 20.000 euro baino gehiagokoa da.
• Prozesu penalak:
◦ Fiskaltzak 2.880 euroko isun eskaera egin du LABeko kide baten aurka. Epaiketa uztailaren 2an eginen dute Iruñean.  (INFORMAZIO BERRIA)
◦ Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du LABeko bi sindikalistaren kontra protesta ekintza irudimentsu eta baketsu bat egiteagatik: furgoneta bati barazki enpresa baten itxura eman zioten, Huerta de Peraltako atea zaintzen ari ziren foruzainei ziria sartu zieten, furgoneta atean gurutzatu eta sarbidea oztopatu zuten minutu gutxi batzuez.
◦ Fiskaltzak eskaera ankerrak egin ditu Huerta de Peraltako langile baten aurka: 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, 2.500 euroko isuna, eta 5 urteko kanporatzea -marokoar herritartasuna baitu-.

Jazarpen polizial eta judizial horri aurre egiteko LAB sindikatuak Borroka sindikala aurrera kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horri lotuta, hainbat mobilizazio eginen dira hurrengo egunetan Nafarroan. Hona hemen horren guztiaren laburpena:

• Ekainak 20, ortzeguna: Elkartasun erakustaldiak Nafarroako lantokietan.
• Ekainak 27, ortzeguna: Prentsaurrekoa Huerta de Peraltako langilearen kasua salatzeko eta haren inguruan aktibatuko den dinamika aurkezteko. 11:00etan izanen da, Iruñeko (in)Justizia Jauregiaren parean.
• Ekainak 28, ortziralea: Tafallan, eguerdian informazio banatuko dute azokan eta 19:00etan elkarretaratze zaratatsua eginen dute epaitegien aitzinean.
• Uztailak 2, asteartea: Manifestazioa Iruñean, 19:00etan Udaletxe plazatik.

 

 

 

Osasun eskubidea eta askatasun sindikalaren alde mobilizatu gara Gasteizen, Frenos Araba-ko delegatuaren kaleratzea salatzeko

Mobilizazioa egin dugu gaur, Gasteizko Lan Ordezkaritzaren aurrean, Frenos Arabako delegatua kaleratu izana salatu eta osasun eskubidea eta askatasun sindikala aldarrikatuz. Maiatzean kaleratu zuten Gasteizko Jundizeko poligonoko enpresa honetako delegatua. Bere egunean, hauteskunde sindikaletan pertsona hau LABen hautagaia izan zen eta, aurrekoetan bezala, langile gehien-gehienek babestu zuten.

Delegatu kaleratua eta enpresako nagusiaren arteko harremanak betidanik zailak izan dira, bere jarrera oldarkor eta prepotentea dela eta. Hauteskundeetan bertan beste langile guztiak presionatu zituen hauteskunde mahaikide ez izateko, nahiz eta legeak hori arautu, eta sindikatuoi ere ez zigun utzi sartzen ezta propaganda eta informazio sindikala banatzeko ere.

Aukeratua izanda, delegatua bajan zegoen min larri baten ondorioz eta urte eta erdiko epea pasatu ondoren, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak alta eman zion. Bada, lantegira bueltatu ondoren, enpresako medikuak, azterketa arina egin ondoren, ez zuen lanerako inolako mugapenik jaso, nahiz eta mina agerikoa izan. Hori gutxi ez, eta nagusiak bere ondo-ondoan egonda denbora osoan, lan egiteko aginduak eman zizkion. Langileak mina argudiatu ondoren, nagusiak kaleratu egin zuen zuzen-zunenean.

LABek irmoki salatzen du kaleratze hau, langilearen osasun eskubidea eta askatasun sindikala urratzen dituelakoan. Hori dela eta, salaketa publikoari begirako dinamika aktibatuko dugu, mobilizazioak ere burutuz, eta berriro lanean berrartzea exijituko dugu, langile hau, bere lankideak eta egoera honetan egon daitezkeenak ere nagusikeriaren aurrean babestu eta defendatu behar direlakoan.
 

 

 

Alconzako langileak mobilizatzen hasi dira, hitzarmen duinaren eta lantegiari Irizar taldearen barruan balioa emango dion plan industrialaren alde

0
Mobilizazioa egingo dute bihar Ormaiztegin, Irizar-en egoitza nagusiaren aurrean.

Hauxe da Alconzako enpresa batzordearen oharra:

Alconza Berangon dagoen enpresa da, makineria elektriko birakaria egiten duena, eta 150 beharginei ematen die zuzeneko enplegua, ABLE bidezko 25 langileri eta azpikontrata bidezko 6 langileri.

Alconza Irizar taldearena da, zeinak lantokia 2014. urtean erosi zuen, taldeari balio erantsia emateko. Kooperatibaren arduradun gorenak, Jose Manuela Orcasitas, zioen 2018. urte amaieran, Deusto Business Alumnik antolatu eta PwCren lankidetzarekin egin topaketa batzuetan, balio erantsiaren aldeko apustu irmoa egin zuela, eta taldea osatzen duten langileez “harro” zegoela. Era berean, esan zuen, 2018. urtean, autobusen enpresak errekorra den 700 milioi eurotako fakturazioarekin itxiko zuela urtea; aurreko urtean lortu zuen ia %13ren gainetik. Ziurtatu zuen elektromugikortasuna “oso negozio errentagarria dela”.

Dena den, Taldea Alconzan sartu izanak honakoa ekarri zuen:

1.- Alconzan, 2013.urtean, haien akziodunen artean milioi eta erdi euro baino gehiago banatzetik, 2014. urtean, Irizar sartzearekin batera, enpresa kaotiko bihurtu da, non eta gero eta gehiago ekoitzita, galera gehiago sortzen diren.

2.- Antolakuntza eza erabatekoa da. Enpresa berritu eta modernizatu behar zela aitzakia erabiliz, Irizarrek aldaketa ezarri zituen gerentzian eta gainontzeko egituretan. Erabaki horrek etengabeko kaosa ekarri du enpresara, non langile bakoitzeko jasan behar izan den malgutasuna 600 ordu baino gehiagokoa izan den. Erosketak, salmentak eta ekoizpen sailetan nagusi den etengabeko nahasmenduak zalantzazko etorkizunera zigortzen dute Alconza.

3.- Irizarrek ez du lan-zamarik ekarri Alconzara. Gurea erosi zuten autobus elektrikoa ekoizteko prozesuari ekarpena egin geniezaion. 6 urte igaro direla, oraindik ez dakigu zertan datzan Taldearekiko dugun harremana.

Hau nahikoa ez balitz ere, duela 6 hilabete ekin genion, Alconzan, enpresa ituna berritzeko negoziazioari; Irizar Taldeak Alconzako langileei egin eskaintza bakarra lan baldintzak kaskartzean datza.

Beharginon argi eta garbi adierazi nahi diogu Taldeari, elektromugikortasuna “oso negozio errentagarria” izan dadin, ez dela oinarritu behar beharginen baldintzak kaskartzean.

Horrengatik guztiarengatik, Alconzako beharginok grebak eta mobilizazioak egiteari ekin diegu, hitzarmen zuzena eta industria egitasmoa lortuko dugun arte, zeinak Alconzari balioa emango dion Irizar Taldearen barruan. Bihar, ekainaren 20an, egingo dugu mobilizazio hauetako lehena, Irizarrek Ormaiztegik duen lantegiaren aurrean 13:00etatik 15:00etara.