2026-09-25
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaDiadan, Katalunia zein Euskal Herriaren burujabetzaren alde

Diadan, Katalunia zein Euskal Herriaren burujabetzaren alde

LABeko Ekintza Sozialeko kide Urtzi Ostolozagak Bartzelonara bidaia egin du 2019ko Diadan parte hartzeko. Aurten ere LAB sindikatua Kataluniako herriari bere elkartasuna adieraztera eta bertako prozesuaren nondik norakoak bertatik bertara ikustera hurbildu da.

Aurtengo Diada ere testuinguru berezian etorri da. Kataluniako preso politikoek jadanik bi urte daramatzate kartzelan, eta baliteke Kataluniako prozesu independentistaren kontrako epaiketaren epaia aste gutxira ateratzea. Hortaz gain, lehendakari izateko kataluniarren babes demokratikoa jaso zuen pertsonak eta beste lider politiko batzuek erbestean jarraitzen dute. Euskal Herritik guztiei gure elkartasun osoa bidaltzen diegu.

Goizean goiz, Kataluniako Esquerra Independentistak 1978ko irailaren 11n eraildako Gustau Muñozi egin ohi zaion omenaldian parte hartu dugu, eta memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatu ditugu. Era berean, egunean zehar eragile ezberdinek deituriko ekimenetan parte hartzea genuen aurreikusita, eta, arratsaldean, ANC eta ondoren Esquerra Independentistak deituriko manifestazioetan egotea ere. Berriro ere tsunami independentista, demokratiko eta herritar batek Bartzelonako kaleak hartu ditu, eta LAB sindikatua horren lekuko eta parte hartzaile izan da.

Katalunian eta Euskal Herrian demokrazia da jokoan dagoena. Prozesu politiko honek Euskal Herrian hamarkada luzeetan zehar argi eta garbi erakutsi duen bezala, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoak Estatuaren batasunaren kontrako disidentzia politiko oro errepresioarekin zigortzen du. Beraz, herrien zapalkuntza honetan sustengatzen den 78-ko erregimena herrien autodeterminazioa eskubidea gauzatuz apurtu behar dugu, benetako eskenatoki demokratiko bat lortu nahi badugu.

Horregatik diogu, 78-ko erregimenaren kontrako borroka hau ez dela Kataluniako herriaren borroka bat bakarrik, gure herrien askatasuna nahi eta behar dugun guztiona ere bada; euskal herritarrona ere,a legia. Beraz, Kataluniako herriarekin eta pairatzen duen salbuespen egoeraren kontra egin dezakegun elkartasun ekintza eraginkorrena Euskal Herrian prozesu independentista bat irekitzea da, herrion eta langile klasearen askatasunaren ateak parez-pare irekiko dituena.

Kataluniako herriak argi eta garbi adierazi du ez soilik orain arte egindakoaz ez direla damutzen, baizik eta berriro ere egin, egingo dutela, eta ho tornarem a fer leloa egikaritzeko asmo osoa daukatela. LAB sindikatuak, orain arte, bezala Kataluniako herriaren borroka honen alboan jarraituko du, Kataluniako herritarren gehiengo zabalak babesten duen autodeterminazio eskubidea gauzatu arte.

Baina, hortaz gain, gure herrian burujabetza prozesu baten oinarriak jartzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu. Euskal Herri libre batean bizi nahi dugula garbi daukagu, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea bizitzako esparru guztietan gauzatu nahi dugu, eta 78-ko erregimena hori ekiditen duen eskuburdina da.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.