2026-01-29
Blog Page 645

Amiantoaren ondorioz hildako bi lankide ohiren omenezko omenaldia eta lanuztea egingo dituzte CAF Beasainen, apirilaren 30ean

0

10:00etatik 11:00etara, CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan omenaldia eta elkarretaratzea burutuko dute.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Amiantoarekin lana egitearen ondorioz, CAFeko langile erretiratuak ziren bi lankideren I.S.E eta A.S.H.en heriotzaren aurrean, ondorengoa adierazi nahi dugu:

– APIRILAK 30 asteartea, 10.00etatik 11.00etara CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan (amiantoarenean) omenaldia eta kontzentrazioa burutuko dugu.

– Beasaingo lantegian dagoeneko 37 langile dira , beraien lanpostuetan amiantoa arnastearen ondorioz hildakoak eta heriotza amiantoa lanpostuetan izatearen ondorioz eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak.

– Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixo edo hildakoei, eta ondorioz baita familiartekoei ere, indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen bai dizkiete.

– Administrazioen jarrera itxia ere salatu nahi dugu. Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri bai dizkiete urtez urte. Bide hauek ireki eta garrantzia emango balie, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango.

 

 

 

Gasteizko Lan Epaitegiak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak ez zuela bete Arabako eskuhartze sozialeko hitzarmen kolektiboa

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak, 2018. urtean argitaratu zuen bitartekaritza judizialeko zerbitzua lizitatzeko lehiaketa publikoa (gaur egun, justizia konpontzailearen zerbitzua izenez ezagutzen dena). Plegu horietan lan-arautegia eta Arabako eskuhartze sozialaren hitzarmen kolektiboa urratuz, ez zen jaso zerbitzua bete ohi zuten pertsonen subrogazioa.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako eskuhartze sozialeko hitzarmen kolektiboetako batzorde parekideek, hitzarmenaren urraketa larri hau antzemanda, Sailari jakinarazi zion gertakaria, eta espresuki eskatu zuten, zerbitzua betetzen ari ziren langileak enpresa esleipendun berak subrogatu zitzan.

Martxoan, Lan eta Justizia Sailburua den Ma Jesus San José Lopez andreak, maniobra iheskor eta arduragabe batean, zerbitzua ez zela berdina zioen eta ondorioz, jarduera berria ez zegokiola eskuhartze sozialaren hitzarmenaren eremu funtzionalari. Beraz, inolako klausulak ez zuela behartzen enpleguaren egonkortasuna edo zerbitzua betetzen duten langileen lan eskubideak bermatzera.

Zerbitzu honetako langileak posta elektroniko batez jakinarazpena jaso ostean, abuztuaren 28an kaleratuak izan ziren. Aldi berea, zerbitzua utzi zuen enpresak, fiskaltzan salaketa jarri zuen zerbitzua ematean prebarikazioa egon delakoan. Sei hilabeteren buruan ikerketa hau itxi dute, behar adina frogarik ez zegoela argudiatuz.

Abendurako aurreikusita zeuden epaiketak. Azkeneko momentuan atzeratu ostean, 2019ko otsailean egin ziren zerbitzu honetan ziharduten langileen kaleratzeen epaiketak. Hauen ebazpenean argi gertu zen zerbitzuari izena aldatu izanak ez zuela zerbitzuaren berezko aldaketarik suposatzen, eta ondorioz, kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi zuen. Horrela, enpresa esleipendunaren esku (IRSE EUSKADI) geratzen da langileak berrartzearen nahiz kalte- ordainak ordaintzearen artean aukeratzea. Gauzak honela, enpresak kalte-ordainak kitatzea eta epaiari helegitea aurkeztea hautatu du; hori egiteko jadanik kalte-ordainen kopurua gordailutu duelarik, 132.000 bat mila euro. Momentu honetan dena Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain gelditu da.

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok berriro salatu nahi dugu zerbitzu publikoa pribatizatzeko eredua, baita haren ondorioak ere. Salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela Hitzarmen Kolektiboa bete, eta ondorioz, langileen lan eskubideak urratu dituela. Aldi berean guzti honek erakusten du Jaurlaritzak lotsagabekeriaz eta oinarri sendorik gabeko argudioak erabilita, lan araudia eta hitzarmen kolektibo bera ez dituela bete.
 

 

 

Redin plaza, mobilizazioen ondorengo topagune

Festarako tartea ere egongo da Maiatzaren Lehenean. Hain zuzen ere, berritasun gisa, M1 Gunea deitutako eremua egokituko dugu Iruñeko Redin plazan, mobilizazioen ondorengo topagune gisa. Heldu eta haurrentzako jarduerak egingo ditugu bertan, borroka eta lana ere ospatu beharra dagoelako. 13:30etik aurrera egongo da zabalik M1 Gunea.


 

 

 

Debekuen gainetik, Maiatzaren Lehenean kaleak masiboki hartzeko deia egiten dugu

Prentsaurrekoa egin dugu Iruñean, Maiatzaren Lehenean egingo ditugun mobilizazio eta ekimenak aurkezteko, Iruñea eta Baionan egingo ditugunak. Imanol Karrera Nafarroako eledunak eta Maider Jauregi komunikazio idazkariak hartu dute parte bertan. Imanol Karrerak azaldu du 12:00etan egingo dugula Hego Euskal Herriko mobilizazioa, eta ekitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan izango dela. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak LABen sei manifestaziotik hiru debekatu ditu, orden eta bake publikoa zapuztu, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarri eta bizikidetza normal garatzea eragotziko dugula argudiatuz. Ez dugu M1 despolitizatu eta folklorikoa onartzen, ezta onartuko ere. Hori dela eta, masiboki kalera ateratzeko deia egin dugu.

Mobilizazioak bost zutabe izango dituela zehaztu du Karrerak, “bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako”.

Mobilizazioek debekuak izan dituzte, eta, horregatik, hasierako planteamenduan aldaketak egin behar izan ditugula adierazi du Karrerak. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Iruñeko Hiri-Segurtasuneko Sailak orden eta bake publikoa zapuztea argudiatzen dute, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarriz, eta baita bizikidetza normal garatzea ere hiria kolapsatuz.

Karrerak adierazi du “langile-klasea kalean egoteak, Maiatzaren Lehena bezalako egun seinalatuan, antza, sistema gogaitu egiten du. Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du sistema, borroka sindikalak gogaitu egiten du". Hala, LABeko ordezkariak nabarmendu du sistemak gero eta tresna gehiago dituela bere eskura: mozal legea, ordenantzak eta, oraingoan egin bezala, debekuak; hori guztia, gogaitu egiten duen guztia eragotzi ahal izateko.

“Maiatzaren Lehenaren despolitizazio eta folklorizazioaren aurrean, LABek dei egiten du kalera ateratzera. Gaur, inoiz baino gehiago, honakoak aldarrikatzeko. Batetik, gure klase izaera; Maiatzaren Lehenaren garrantzia aldarrikatzea borroka eta mobilizaziorako egun bezala”. Eta bestetik, gazteak, ikasleak, pentsiodunak, langabezian dauden langileak, feministak, migranteak, etxeko langileak, borrokan ari diren langileak, prekarietate modu berriak jasan behar dituzten langileak (ustezko autonomoak, bekadunak, azpikontratetako langileak…). Benetako mehatxua gara sistemarentzat, aliantzak sortu eta gure borroka guztiak artikulatzeko gai bagara, gai izango baikara jendarte eraldaketa bultzatzeko. Ez dituzte gure borrokak ez gelditu ez isilduko. Elkar ikusiko dugu Iruñean Maiatzaren Lehenean”, amaitu du Karrerak.
 

 

 

Kubarako hegaldia hartzea debekatu diote Igor Arroyori

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo Kuban dago, Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren XXI Biltzar Nagusia dela eta. Oztopo guztien gainetik iritsi da Habanara, aldez aurretik erreserbatutako hegazkina hartzea debekatu baitzioten Madrilen, “segurtasun arrazoiak” argudiatuta. Izan ere, AEBetako aire espazioaren zati txiki batetik igaro behar zuen hegaldiak, eta, LABeko idazkari nagusi ondokoak salatu bezala, dirudienez, AEBetako administrazioaren “zerrenda beltzean” dago. Hortaz, gaua Madrilen pasa eta beste hegazkin bat hartu behar izan zuen biharamunean, Venezuelarantz, Caracasetik Habanara joan ahal izateko. Duela pare bat aste, Kuban deportatua dagoen Joxe Anjel Urtiagaren anaiari ere gauza bera gertatu zitzaion; hots, hegaldia hartzea debekatu zioten honi ere.

Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren biltzarrari dagokionez, Igor Arroyok bertan hartu du hitza, atzo. Trump administrazioaren jazarpena salatzeaz gain, Euskal Herria autodeterminazio eskubidearen alde borrokan ari den nazio bat dela nabarmendu du, bere etorkizuna erabaki ahal izateko. Ondoren, Espainiako gobernuaren jarrera salatu du, Euskal Herrian bake eszenatoki bat eraikitzeko ez baitu ezertxo ere egin, presoak eta Estatu krimenak argitu gabe daudenean. Burujabetzaren aldeko aldarriarekin jarraitu du bere hitzartzea, eta Kubari eskerrak eman dizkio euskal errefuxiatuei egindako harreragatik, bereziki. Amaitzeko, langileen arteko batasuna aldarrikatu du, borrokaren bitartez beste mundu bat eraikitzea posible delako.
 

 

 

Patronalaren erantzunik gabe jarraitzen dugu Bizkaiko bulego eta langeletan

Jadanik hilabete igaro da LABek negoziazio mahaian proposamena egin zuenetik, hala ere, oraindik ez dugu patronalaren erantzunik jaso. CEBEKek muzin egin dio sinatzeko aukerari, eta GFIren, IDEren, Pandaren, IBMren, Euro Helpen, Atosen… patronalaren ordezkaritza desagertu da. Zer ulertu behar dugu honetaz? Pentsatzen ari direla? Luzatu egin nahi dutela nazka gaitezen? Ez dute inongo hitzarmena sinatzeko gogorik ala?

Argi dago gure sindikatuak irmotasunez eta erabakigarritasunez borrokatuko dela kalean nahiz sektoreko enpresetan. LABek %13ko ordezkaritza dauka negoziazio mahaian eta erakutsi du sektoreko 23.000 langileentzat hitzarmen duina nahi duela, eta hura lortzearren borrokatuko dela. Horretan jardun gara, malgutasunez, gainontzeko sindikatuekin adostu nahian, baina baita irmotasunez ere, ugazaba diruzaleen xantaiari aurre eginez.

Baina jakin badakigu 2017ko otsailean hasi genuen bidea ezin daitekeela askoz ere gehiago luza, badakigu oraintxe behar dugula bulego eta langeletako sektore osoaren indarra eta mobilizazioa. Unea da erakuts dezagun sektorean iraun nahi dugula lanean, eta lana, baldintza duinetan egin nahi dugula. Hori lortu, Bizkaiko Bulego eta Langeletako Hitzarmena Kolektiboa sinatuz bakarrik lor dezakegu.

Horregatik, LABek, maiatzaren lehen asterako, negoziazio mahaian dauden sindikatu guztiak deitu dute. Horrela berriro eseri eta bidea adosten saia gaitezen, denok elkar hartuz aurrera egin dezagun hitzarmena sinatzeko.

Azkenik, LABek sektoreko behargin guztiak animatu nahi ditu, ilusioz egin dezagun aurrera, zaila izanagatik, beharrezkoa den borroka honetan; borrokarik txarrena egiten ez dena delako.

Denon artean lortuko dugu! Beti aurrera!
 

 

 

Nafar Gobernuko goi kargu ohientzako osagarria igotzearen aurka gaude, eta irmoki salatzen dugu onartu den igoera

LABentzat soldata-osagarri hori igotzea Nafarroako langile guztientzako iruzur bat da, UPNren eta PSNren gobernuen jokabide ilunak gogora ekartzen dizkiguna. Espero dezagun Gobernu honek ere bide horietatik ez jotzea.

LAB goi kargu ohien erantzukizuna dela-eta ordaintzen den soldata-osagarria igotzearen aurka dago, eta erabat salatzen du erabaki hori, zeinaren bidez Nafarroako Administrazioko goi kargu ohi guztiek (kontseilariek, zuzendari nagusiek eta abar) oinarrizko soldataren %25eko osagarria kobratuko baitute. Igoera hori berreskuratzea iruzur hutsa da soldata jaitsiera nabarmena jasan genuen langile guztientzat. LABen iritziz, onartezina da Gobernua langileen kolektiboaz ahaztea eta, hori gutxi balitz bezala, %25 igotzea bere goi kargu ohientzako soldata-osagarria. Horregatik, erabakia lehenbailehen indargabetzea eskatzen dugu.

Goi karguentzako soldata-osagarria 1996an ezarri zen (orduan, oinarrizko soldataren %10ekoa zen). LABek hasiera-hasieratik gaitzetsi zuen, eta bertan behera uzteko eskatu zion UPNren gobernuari.

2007an, soldata-osagarri hori oinarrizko soldataren %25era igo zen. LABek, berriz ere, publikoki salatu zuen, eta argi utzi zuen erabat kontra zegoela. Handik gutxira krisialdia etorri zen, eta, horrekin batera, UPNko eta PSNko goi karguen dietak zirela-eta azaleratu ziren eskandaluak: izugarrizko dietak kobratzen zituzten enpresa publiko edo pribatuetako administrazio kontseiluetan egote hutsagatik. Kasurik lotsaemangarriena CAN zenarena izan zen.

2011-2012 ikasturtean, egoera makillatzeko eta, aldi berean, diru hori guztia ez galtzeko, politikari maltzur horiek erabaki zuten erantzukizunagatiko soldata-osagarria sortzea eta beren soldata igotzea. Hala, Yolanda Barcina (UPN) lehendakariaren soldata %33 igo zen, Roberto Jiménez (PSN) lehendakariordearena %25, eta kontseilariena %17,6.

Ikusirik Nafarroako langileen kontrako azken eraso eta bidegabekeria, LABek espero du Geroa-Baik ez jotzea UPNk eta PSNk jo zuten bide zikin horietatik. Hori dela eta, Gobernuari exijitzen diogu lehenbailehen utzi dezala bertan behera goi kargu ohientzako soldata-igoera hori.  

 

 

Akordio garrantzitsua Ilunion Navarran

0

Ilunion Navarra (Lavanor ohia) Enpresa komitean ordezkaritza dugun hiru sindikatuok (LAB 2, CCOO 1, UGT 1) langileriaren asanbladaren %100ren babesa izan duen akordio garrantzitsu hau goraipatu nahi dugu.

Akordioaren arabera, lan zentru honen lehen hitzarmena izango denaren testua esku hartean idatzia ez dugun arren, langileriak soldaten igoera izango du, zehazki %2,3 eta %25aren tartean. Non igoerak kategoeria ezberdinen eta urteko KPIaren arabera izango direlarik. 2019an jardunaldia 58 ordutan jatisiko da eta lan egunak 251tik 220ra. Malgutasuna %4an jaitsiko da.

Behin-behineko ezintasunaren osagarria laneko istripu edo gaixotasunengatik %100an bermatua izango da. Kontingentzia arruntei dagokionez, lehen hiru egunetan %35a, 4. eta 20.
egunen artean %75 eta 21. egunetik aurrera %85a.

Garraioaren osagarria lortu da. Jai egunen sariaren igoera areagotzen da, laguntza sozialak, ordaindutako eta ez ordaindutako baimenak eta eszedentziak bezala.

Enpresak bere kabuz hitzarmena ez betetzeko erabakia ekiditeko klausula ere lortu da , hala nola, hitzarmena indarrean jarraituko du beste batengatik ordezkatua izan arte. Gainera langile bakar batez ez ditu lan baldintza okertuak ikusiko lan hitzarmen hau indarrean sartzen denean.

Akordio honek langileen lan baldintzak hobetu eta arautzeko bidea ezartzen du eta aurrerapauso garrantzitsua da.

Azkenik, lorpen guzti hauek langileen borrokari esker lortu direla uste dugu, kalera irtetzen, eta jarrera hau goraipatu eta txalotu nahi dugu, honi guztiari esker lortu dira hobekuntza guztiak.
 

 

 

Astebeteko grebara deitu dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, apirilaren 29 eta 30 eta maiatzaren 2, 3, 4 eta 5erako

LAB sindikatua eredua alda dadin lanean eta mobilizatzen aritu eta arituko da, jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko. Helduen egoitzetako sektorea zerbitzu sozialen esparruan txertatzen den heinean, zerbitzu publikoa izan behar duela defendatuko dugu, orain arte bezala enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak har ez daitezen. Horregatik, negoziazio honetan herrialdeko hitzarmen bat lortu nahi dugu.

Denbora aurrera doa eta Gipuzkoako helduen egoitzetako 5.000 langilek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dute, eta sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundia, NON DAGO? Ahoa betetzen zaio helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egiten, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du.

Langileak dira helduen egoitzetako zerbitzua sostengatzen dutenak, beraien lanari esker egoiliarren oinarrizko eskubideak betetzen eta errespetatzen dira, eta momentu askotan langileek osasuna galtzen dute.

Egoera hau izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste aldera begiratzeaz gain, negoziazio prozesuan joku zikina bultzatzen du; ADEGI eta MATIA 2020 patronalak, ELA sindikatuarekin batera, beste negoziazio paralelo bat egitera gonbidatuz, mahaiaren eta langileen gainetik pasatuz. Eta zer lortu dute? Negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea.

LAB sindikatua eredua alda dadin lanean eta mobilizatzen aritu eta arituko da, jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko. Helduen egoitzetako sektorea zerbitzu sozialen esparruan txertatzen den heinean, zerbitzu publikoa izan behar duela defendatuko dugu, orain arte bezala enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak har ez daitezen. Horregatik, negoziazio honetan herrialdeko hitzarmen bat lortu nahi dugu, zeinaren ardatz nagusiak diren:

• Oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen batez bestekoarekin homologatzea.
• Kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea.
• Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea.
• Prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Honengatik guztiagatik, LAB sindikatuak astebeteko greba deialdia deitu du, apirilak 29, 30 eta maiatzak 2 ,3, 4 eta 5erako. Beraz, sektoreko langile guztiei herrialdeko hitzarmen duin baten alde mobilizatzeko deia egiten diegu.