2026-04-29
Blog Page 644

Garbialdiren jazarpen politika salatu dugu Txagorritxun

0

Txagorritxun garbiketa lanak egiten dituzten langileek urteak daramatzate Garbialdi enpresaren bidegabekeria pairatzen. Haren erdi-mailako agintariek langileen lan kargak handitzen edo txikitzen dituzte, langilearen afinitatearen arabera; edo inolako azalpenik eman gabe haien lanpostuak aldatzen dituzte. Hala, LAB eta ESK sindikatuok protesta egin dugu ospitalean bertan.

Egoera honek langileen eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen du, Garbialdiko agintarien arbitrariotasunaren menpe dauden bitartean, haien lanpostura joatea erabateko gurutze-bidea bihurtzen delarik.

Jarrera hauek Garbialdiko zuzendaritzaren bermea ezezik, Arabako ESIaren zuzendaritzarena ere badaukate, izan ere, haien esanetara ez dauden langileak zigortzen dituen enpresarean jarrera onartu eta finantzatzen du (enpresak ordezkari bat kaleratu zuen, nahiz eta azkenean berriro hartu behar izan zuen).

LAB eta ESK sindikatuok Arabako ESIAren zuzendaritzari gatazka honetan esku hartu dezala eskatzen diogu, horrelako jarrerarik ez dezala onartu, eta Garbialdiko zuzendaritzari zuzentzeko, jarrera errepresiboak behin betiko bazter ditzan.

 

 

 

Elgetako lantokiaren itxieraren aurka mobilizatu dira Alurecyko langileak

0

Alurecy, CIE taldeko enpresa bat da, Elgetan kokatuta dagoena. Lantokiak lan karga gutxi dauka eta abendurako aurreikusten dute lantokiaren itxiera. Honela gauzak, langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, CIEren egoitzaren aurrean, eta euren aldarrikapenen berri eman dute.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Alurecyko langileok lekuko gara nola azken 15 urteotan ez den sartu etorkizuneko lanik enpresan. Sartu diren lan bakanak, betegarri lanak izanda dira, Kayabako proiektu izarra den “ardatzaren” aterkipean sartu direnak. Denbora honetan guztian, CIE taldeko arduradunak ez dira gai izan lan jarduerari jarraipen bat emateko, eta horrek eragin du enpresa honen porrota.

Aurreikusitako heriotza baten aurrean gaude, nahiz eta orain arte mekanizatuko arduradun gorenak ukatu egiten duen galdetzen zaion bakoitzean. Beti esan izan du inoiz ez zuela Elgetako lantokia hiltzen utziko.

Norabide honek eragin du gaurko lan karga faltaren ondorioa, eta ondorioz, 2019ko abendurako aurreikusten dute lantokiaren itxiera.

Porrot honen ondorioak ezin dira langileon bizkar gainera erori. Hori ez dugu inolaz ere onartuko. Enpresaren itxiera atzera-bueltarik ez badu, negoziaketak nahi ditugu CIEk Elgeta inguruan dituen lantokietan langileak berkokatzeko. Izan daitezke dibisio berdineko enpresak edo ez, baina Elgeta inguruko enpresetan nahi ditugu berkolokazioak.

Ez gaude kalte-ordain onak edo gozoagoak negoziatzeko prest. Langile guztien lanpostuak dira defendatu nahi ditugunak.

Konbentzituta gaude posible dela lanpostu guztiak mantentzea, CIEk inguruan dituen lantokietan eta egungo lan-baldintza berdinetan. Oraindik denboraz gaude lanpostu guztiak defendatzeko, eta horretarako mugitzen hasi gara. Horregatik, CIE taldeko langile guztiei eskatzen diegu lagun gaitzaten datozen hilabeteotan egingo ditugun mobilizazioak aurrera eramaten, batez ere CIEk Bilbon dituen instalazioetan egingo ditugunak babestuz.

 

 

 

Aldarrikapen Eguna egingo dugu Arabako metalgintzan, SEAk defendatzen duen estatalizazioa eta prekarietatearen aurrean

0

Gaur, ekainaren 24an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan, SEAren jarrera ezin argiagoa izan da: sailkapen profesionalean estatuko hitzarmenean jasotakoa ezarri nahi du eta subrogazioa ez du inolaz ere onartzen. Horren aurrean, LABek Aldarrikapen eguna deitzen du ekainaren 26an Gasteizen, sektoreko langileek dituzten dauden arazo eta beharrei konponbideak exijitzeko, bai enpresetan baita sektorean ere.

Gaurko bileran, SEAk sailkapen profesionalaren inguruko proposamena berretsi du, zeinean estatuko metalgintzako hitzarmenean jasotakoa ezarri besterik ez du egin. LABen ustez, sailkapen profesionalak lurralde honetako ezaugarriei erantzun behar die, eta onartezina da estatuan negoziatu zena gurean bere horretan ezartzea. Gainera, zaharkituta gelditu diren mailak mantentzen ditu eta ez du suposatzen langileentzat inolako hobekuntza ekonomikorik. Aldi berean, esanguratsua iruditzen zaigu UGTren jarrera, estatalizazioa onartuz eta "legearen mugak" aipatuz, nahiz eta horrek gure lurraldean negoziatzeko aukerak erabat murriztu eta baldintzatu.

Bestaldetik, Arabako enpresariek ez dute azpikontratatutako langileen subrogazioa onartzen. Hortaz, subrogazioa jada jasota dago hainbat metalgintzako hitzarmenetan eta Arabako beste sektore batzuetan (eraikuntza, garbiketa eta garraioan, adibidez), beraz, SEAren kontrakotasunak ez du ez hankarik ez bururik, eta beraien benetako aurpegia erakusten du.

Hori guztia dela eta, LABek Aldarrikapen Eguna deitu du Arabako metalgintzan ekainaren 26an, sektoreko langileek dituzten beharrei konponbideak exijitzeko, bai enpresetan bai sektore mailan ere. Egunean zehar, LABen aldarrikapenak zabalduko ditugu enpresetan eta poligonoetan eta goizeko 11:30etan mobilizazioa egingo dugu SEAren aurrean, Urrezko Zeledonen plazan.
 

 

 

Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi!

Ekainak 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan zein urteko gainontzekoetan, lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

Badira urteak ekainak 28a LABen agendan markaturik dagoela eta askatasun sexualarekin konprometitu eta honen aldeko neurriak bultzatzen aitzindaria izan da ere.

Balore heterosexistetan oinarritzen den jendarte kapitalista eta patriarkalean bizi gara eta lantokiak horren islada dira. Modu ezberdinetan derrigorrezko heterosexualitatea inposatzen zaigu: behin eta berriz gure identitateak estereotipatuz, gure bizitza sexualak kuestionatuz, isekak eta umiliazioak jasoz… Langile guztiok eskubide guztiak bermatuak izan behar ditugu, eta ez dugu inongo diskriminaziorik jasan behar, ez zuzenean, ez zeharka, ez kontaktuak izateko orduan, ez lanean gaudela ere. Gure intimitatea errespetatua izan dadin eskubidea dugu, duintasunerako eskubidea dugu, eta gure identitate eta aukerak ez ezkutatzeko eskubidea daukagu, edo azalpenik ez emateko horrela erabakitzen badugu.

Aurreko urtean sindikatuan antolatzen hasi ginen, barne sare bat osatuz eta arreta berezia jarri genuen lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazten eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Aurten ikusgarritasun lesbikoaren egunean gure irakurketa plazaratu dugu eta LGTBI+ fobiaren kontrako egunean, Hego Euskal Herriko patronalei exijitu diegu ematen den diskriminazioarekin bukatzeko eta lan munduan askatasuna eta aniztasuna irabazteko enpresetan gida eta protokoloak derrigorrez ezartzea. Aurten ere, Kataluniako Behatokia hurbiletik ezagutu dugu, bere zuzendariarekin formazio saio bat egin dugulako eta Euskal Herrian horrelako tresna baten beharra dagoela uste dugu, mugimendu sozialen eta bertoko erakundeen bultzadarekin. Lan munduaren errealitatea zein den zehazteko eta egoerari aurre egiteko neurriak jasotzeko.

Aurtengo leloa: "Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi" izango da, eta egun hau gogorarazten duen Stonwalleko mobilizazioetatik 50 urte igaro direla izango dugu gogoan.

Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa dugu, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa da, horregatik, LABek, formakuntza saioak antolatu eta antolatzen jarraituko dugu, ekainaren 28an bezala, beharrezkoa eta derrigorrezkoa deritzogulako sindikatuko kide ezberdinek LGTBI+ buruzko oinarrizko jakintzak izatea, existitzen diren arauak eta legeak ezagutuz, lantokietan langile kolektibo honen defentsa egiteko.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Are gehiago Bilbao Pride-Harro bezalako ekimenekin kapitalismo aseezinak LGTBI mugimendua instrumentalizatzen ari direnean. Horregatik, gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Atxilotua berehala askatzea eta bide polizial eta judiziala bertan behera uztea eskatzen diogu FVEMi eta Eusko Jaurlaritzari

0


Bizkaiko metalgintzako bosgarren greba arrakastatsuarekin batera, gaur FVEMek eta bere laguntzaile Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak gogor salatu nahi ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Polizia goizeko piketeetan hasi eta batez ere Bilboko manifestazioan jarrera oldarkorra adierazi du, eta manifestazio erdialdean hura eten ere egin du, tentsio momentuak sortaraziz. Pertsona bat atxilotu ere egin du.

 

 

 

“Hitzarmen duina sinatu arte ez da normaltasunik egongo Bizkaiko metalgintzan”

0

Sindikatuok bosgarren greba eguna egin dugu Bizkaiko metalgintzan, eta aurreko greba egunek izandako jarraipen arrakastatsu bera izan du oraingoak ere. “FVEMek uste bazuen patronalaren eta poliziaren errepresioarekin Bizkaiko metalgintzako langileria geldituko zuela, hemen du erantzuna", adierazi du LABeko Industria federazioko kide Iratxe Azkuek.

Sindikatuok boskarren greba eguna egin dugu Bizkaiko metalgintzan, eta aurreko greba egunek izandako jarraipen arrakastatsu bera izan du oraingoak ere. 

Goizean, elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Durangoko epaitegien aurrean, atzo atxilotutako bi grebalarien deklarazio hartzearen aurrean. Ondoren, Bilbon, bi zutabek zeharkatu dituzte hiriko kaleak, eta, eguerdian, manifestazioa egin dute milaka langilek, Jesusen Bihotzetik Arriagaraino.

Manifestazioaren amaieran, hitza hartu du, besteak beste, Iratxe Azkue LABeko industria federazioko kideak. Patronala, modu maltzurrean, grebaren arrazoiak desitxuratzen ahalegintzen ari dela adierazi du Azkuek.

Lehenik eta behin, lapurrak direla adierazi du, 876 milioitako irabaziak poltsikoratu dituztela publikoki esan duten arren, sektoreko langileei miseria besterik ez dietelako eskaini soldata igoeretan 2018, 2019 eta 2020rako.

Bigarrenik, FVEM patronalaren izaera hipokrita azpimarratu du, martxoaren 8a eta antzerakoak ospatu bai, baina benetako pausoak eman behar direnean euren izaera matxista azaleratzen dutelako.

Hirugarrenik, eta lan osasunari dagokionez, FVEMek atzera urratsak egin nahi dituela adierazi du, 2018an bajadun 5.000 istriputik gora egon direnean, eta 2019an kopuru hori handitzeko bidean goazenean. 

Patronalak ez du kontratazio duinaz ere hitz egin nahi, eta Azkuek zehaztu du “argi dugula azpikontrata, ABLE edota ebentualei eskubideak bermatuko dizkien hitzarmena izango dela lortu behar duguna; lukurreria alde batera utzi eta eser dadila eskatzen diogu FVEM patronalari, hori guztiaz hitz egiteko”.

Borrokan ari diren langileen duintasuna eta lan eredugarria txalotu du LABeko ordezkariak: “Gero eta langile gehiago grebarekin bat egiten ari dira, eta gero eta gehiago dira piketeetan kolektibo osoagatik dena ematen ari direnak”.

Amaitzeko, mezu argia zuzendu dio FVEM patronalari: “FVEMek uste bazuen patronalaren eta poliziaren errepresioarekin Bizkaiko metalgintzako langileria geldituko zuela, hemen du erantzuna. Hitzarmen duina sinatu arte, ez da normaltasunik egongo Bizkaiko metalgintzan".

 

 

 

Bost greba egun Papresan, enpresa-hitzarmenaren alde

0

Oreretako PAPRESAko enpresa batzordea (4 LAB, 2 ESK, 2 ELA, 1 CCOO) 2018 urtean hasi zen enpresako hitzarmena negoziatzen. Zuzendaritzarekin 9 bilera eta gero ez dute aurrerapausorik ikusi.

Komitearen eskaera nagusienak honakoak dira: aurrejubilazioak, behin behineko langileen egoera (antzinatasunaren arabera fijo geratzeko aukera…) eta igoera ekonomikoa KPI+%2 2018/2019 eta 2020 urteetarako. Enpresaren azken proposamena ordea, KPI hutsa + taulak irabazien arabera.

Blokeo egoera hau dela eta, enpresako langileek mobilizazioei ekitea erabaki eta 2 ordutako kontzentrazioak egin zituzten maiatzaren 31 eta ekainaren 4 eta 6an.

Aste honetan, eta mobilizazioekin hasi direnetik burutu duten bigarren batzar orokorrean erabakita ordea, enpresaren aldetik seriotasun minimo batez negoziatzeko borondaterik eza ikusirik, bost greba egun egitea erabaki dutela.

Atzo, ekainaren 20an, egin zuten 24 orduko lehenengo greba eguna. Azpimarratzea, batzarreko bozketa egitea ezinezkoa bilakatu zitzaiela, hasieratik enpresako zuzendaritzako 2 kide agertu zirelako, bozketa lehertuz, zeinek bozkatzen zuen ikusi nahi zutela esanez, ebentualak izutzeko zein baldintzatzeko helburu bakarrarekin. Hala eta guztiz ere, greba erabatekoa izan zen, instalakuntza osoa geldituz.

PAPRESAko langileek euren duintasunari eutsi eta tinko agertu dira nagusien aurrean. Egindako borrokari esker, beraien helburua den enpresako-hitzarmena lortzea dute helburu. Horretarako, beste 4 greba egun gehiago iragarri dituzte, ekainaren 27 eta 29 eta uztailaren 6 eta 24rako.
 

 

 

Durangoko epaitegien aurrean bildu gara, metalgintzako greban atxilotutako bi kideei elkartasuna adierazteko

0

Gaurko egunean, metaleko grebalariok Durangoko epaitegi parean elkarretaratzea burutzera behartu gaituzte, atzo sektoreko langileon eskubideak defendatzen ari ziren bitartean, bi kide atxilotu zituztela salatzeko, ahaztu gabe arrazoi berdinengatk Ertzaintzak zauritutako lagun guzti horiek.

Pairatutako errepresioa salatu nahi dugu, eta gure babes eta elkartasun osoa adierazi bai langile hauei, eta baita egun guzti hauetan beraien zein gure eskubideon alde borrokan ari diren guztei.

Borrokan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. Borroka hau luzea izango da eta Bizkaiko metalgintzako langileok irabaziko dugula garbi dugu. Hitzarmen duin bat aldarrikatzen jarraitu eta langile guztion eskubideak defendatzea delitua ez dela argi eta garbi oihukatzen jarraituko dugu.

Horregatk elkartu gara gaur, hau ez baita amaitu, hasi baino ez da egin.
 

 

 

“Espazio berriak irabazi behar ditugu salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko”

“Konponbide garaia da, orain presoak” Bilbo mailako dinamikaren baitan, hilabeteko hirugarren ostiralaren etorrerarekin, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean bildu gara LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuak, euskal presoen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko. Etxerat elkarteko ordezkari eta senideen bisita jaso du gaurko elkarretaratzeak.

Etxerat elkarteko kide Urtzi Errazkinnen hitzetan, "sindikalgintzak mantentzen duen dinamika hau eredugarria da, eta zinez eskertzen dugu. Desberdintasunak alde batera utzi eta, bizikidetza eta konponbidearekin lotutako halako gai batean, aurrera egitea eta bide berrien aldeko apustua egin dute. Hau da bidea. Espazio berriak irabazi behar ditugu salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko".

Urtzi Errazkinek Jose Angel Otxoa de Eribe presoaren kasua nabarmendu du. Gaixotasun larria du eta hirugarren gradua eman diote duela gutxi, "baina eskatu nahi diegu Espainiako Gobernuari, epaileei eta espetxe instituzioari kalean uzteko". Etxerateko kideak gogora ekarri du 21 euskal preso larriki gaixo daudela. Hortaz, haien askatasuna exijitu du.