2026-09-30
HomeLAB SindikatuaLABEuskal Herriak prekarizazioaren aurka planto egitea da kurtso berrirako erronka nagusia, lan,...

Euskal Herriak prekarizazioaren aurka planto egitea da kurtso berrirako erronka nagusia, lan, bizitza eta pentsio duinen defentsan


LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldia egin dute sindikatuak 2019/2020 kurtsorako zehaztuta dituen helburu eta egitasmo nagusien berri emateko, arlo sindikal, politiko zein sozialean. Era berean, Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute. LABeko ordezkarien arabera, sindikatuaren lehentasunak hauexek izango dira: lantokietan borroka sindikalak sustatzea, eredu sindikal feministan sakontzea, langileek etxera bizirik eta osasuntsu iristea bermatzea eta prekarizazio forma berriei erantzutea, besteak beste. Zentzu honetan, Euskal Herriak prekarizazioaren aurka planto egin behar duela azpimarratu dugu, lan, bizitza eta pentsio duinen alde.


Kurtso berrirako lehentasunak zerrendatu dituzte Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok:

-Lantokietan borroka sindikalak aktibatzen jarraitzea. Borroka hauei esker, negoziazio kolektiboa indartzen ari gara eta prekarietatea gelditzen ari gara.

-Eredu sindikal feminista batean sakontzen jarraitzea. Azken urteetan sustatu diren borroka sindikal asko sektore feminizatuetan aktibatu ditugu. Ez dira isolatutako borrokak. Borroka hauen bitartez, agerian uzten ari gara emakumeok pairatzen dugun diskriminazio sistemikoa.

-LABentzan egiturazkoa da langileek etxera bizirik eta osasuntsu itzultzea bermatzea. Aurten, gutxienez 32 langile hil dira lan istripu baten ondorioz Euskal Herrian. Kopuru honetan ez daude amiantoaren eraginez edo beste lan gaixotasunen ondorioz hildakoak, oraindik orain datu horiek ez direlako erregistratzen. Hau guztia saihestu daiteke.

Gure ekintza sindikala indartuko dugu, prebentzio neurri eraginkorrak har daitezen eta lan gaixotasunak ikusgarri egiteko. Lan egiten jarraituko dugu, lan istripuen aurrean gehiengo sindikaletik ematen dugun erantzuna indartzeko.

-Sindikalismoa birpentsatzen jarraituko dugu:

Sindikalismoak prekarizazio forma berriei erantzun behar die; lan harremanetan ematen ari den uberizazio fenomenoaren ondorioz datorrena (riders, kellys…). Sindikatuak tresna bat izan behar du sindikalismo klasikoaren bitartez lordezkatuta sentitzen ez diren haientzat (etxeko langileak, ustezko autonomoak…).

Joan den ikasturtean, etxeko langileentzat hitzarmen bat exijitzeko ekimena abian jarri genuen, eta Nafarroan Glovoren aurka salaketa jarri dugu.

Era berean, sindikalismoa birpentsatu behar da ekosozialismoaren oinarriak gure eredu sindikalean txertatzeko. Egungo sistema kapitalistak eta heteropatriarkalak ez du ez hanka ez bururik. Larrialdi klimatikoaren aurrean, sistema aldatzea da gure borroka. Klase borroka eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka uztartu behar ditugu. Irailaren 27a sindikatuaren agendan dagoen eguna da.

-Sindikatuaren profil soziopolitikoa indartzea. Sindikalismoak eraldaketa sozial eta aldaketa politikorako estrategia integral bat izan behar du. Kurtso berri honetan zehar, sindikatuaren programa sozioekonomikoa osatuko dugu. Programa honetan sindikatuaren proposamen guztiak jasoko dira, beste eredu sozioekonomiko bat, lan harremanetarako eta babes sozialerako beste eredu bat, sortzen joateko. Proposamen horren baitan, ekonomia nola demokratizatu izango dugu hizpide, eta baita ere hitz egingo dugu ekoizpen eta kontsumo ereduari buruz, sektore publikoaren ereduari buruz, lan kodigo propio bati buruz, zaintzen sistema publiko bati buruz, eta abar.

Mugarri berri bat
Horiek guztiak izango dira sindikatuaren ardatz nagusiak kurtso berriari begira, aktibazio sozial garrantzitsua duen Euskal Herri batean, Euskal Herri aurrerakoi batean, Euskal Herri batean non gehiengo soziala den egungo sistema gainditzeko borrokan ari dena (pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, migranteak).

Joan den kurtsoa bukatzen genuen esaten borroka desberdinak artikulatzeko beharra zegoela, borroka horiek guztiak sustatzeko mobilizazio orokorren beharra zegoela. Bada, kurtso berri honetan mugarri bat jarri nahi dugu: Euskal Herriak planto egin behar du, Euskal Herria gelditu behar da, prekarizazioaren aurka eta lan, bizitza eta pentsio duinen alde.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...