2026-02-08
Blog Page 642

Astebeteko grebara deitu dugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, maiatzaren 13tik 17ra

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok agerraldia egin dugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan egingo ditugun mobilizazioen berri emateko; astebeteko grebaz gain, larunbatean, maiatzak 11, Bilbon egingo dugun manifestazioa (11:30, plaza Eliptikoa) eta datorren asterako iragarritako Prekarietatearen Aurkako Martxa, tartean. 2015. urteaz geroztik dago hitzarmena berritu gabe, eta, negoziazioan aurrera pausoak ematen ez diren heinean, mobilizazioan jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu.

Hau da langileek, gaurko agerraldia dela eta, osatutako oharra:

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, 2015. urtetik daramagu hitzarmena berriztu gabe, honek dakarren lan eskubideen galerari, 7 urteko soldata izozketa gehitzen zaiolarik. 2017ko urte amaieran hitzarmen duin baten defentsan mobilizatzen hasi ginen, hilabete hauetan zehar ekintza, paro eta greba ugari egin ditugularik.

Hilabeteak daramatzan mahai negoziatzailearen izozketa egoerak, bi eragile nagusiengatik darrai, alde batetik, finantzazio publikoak eta zerbitzu minimo altuek sorturiko patronalen erosotasunaren ondorioz eta bestetik, zerbitzua pribatizatzen duten udalen utzikeriaren ondorioz.

2018. urtean zehar, Bizkaiko udal nagusietan (Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Mungiako mankomunitatea, Portugalete) zerbitzuaren kalitatea bermatuko zuen mozioak aurkeztu genituen, hauek udal gobernu guztien partetik onartuak izan zirelarik. hala ere, gaur egunera arte, ez dute hartutako konpromisoak betetzeko inolako mugimendurik egin.

Guzti hau dela eta, udal hauteskunde kanpaina garaian, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok, aste beteko greba deitu dugu, maiatzaren 13tik 17ra. Honetaz baliatuz, Bizkaian zehar ibiliko den Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsan martxa bat antolatu dugu, egoera honen errudun nagusiak diren udal gobernuei erantzunak eskatuz.

Honetaz gain, datorren larunbatean (Maiatzak 11) Etxez Etxeko Laguntzako Prekarietatearen aurkako manifestazioa antolatu dugu. Goizeko 11:30etan Moyua plazatik abiatuko gara, Bilboko udaletxe aurrean amaiera emanez.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoen gehiegikeria salatu nahi dugu. Hauek, greba eskubidea kolokan jartzen dute, hauen antolakuntza enpresen esku utziz eta plantillen ia %100a lanera joaten behartuz.

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzako langileak, negoziazioan aurrera pausuak ematen ez diren heinean, mobilizazioan jarraitzeko konpromisoa berrezten dugu. Egoera honen arduradun nagusiak interpelatzen jarraituko ditugu; alde batetik, zaintza lanen prekarizazioarekin negozioa egiten jarraitzen duten patronalak; eta bestetik, Udal hauteskunde kanpainaren atarian, onartutako mozio eta hartutako konrpomisoen aurrean beste alde batera begiratzen jarraitzen duten, Bizkaiko Udal nagusien gobernuak.

 

 

 

Prekarietatea eta estatalizazioa gainditzeko borrokarako deia egin dugu Industria sektorean

0

LABeko Industria federazioko kideek agerraldia egin dute Bilbon, aberastasunaren banaketa bermatzako eta prekarietateari aurre egiteko borroka indartzeko deia egiteko. Hain zuzen ere, arazo politiko eta soziala jasaten dugula adierazten duten datuak egingo dituzten publiko; langabezia, kontratazioa, negoziazio kolektiboa, estatalizazioa… Hori dela eta, alarma gorria piztu eta enpresa eta sektoreko hitzarmenak borrokatzea etorkizun duina bermatzako ezinbesteko tresna dela nabarmendu dute LABeko Industria Federazioko Eulate Zilonizaurrekoetxeak eta Zorion Ortigosak, sindikatuko industriako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kideek lagunduta.

Euskal Herriko industrian sufritzen ari garen prekarizazio basatia salatzeko deitu dugu agerraldia. Patronalaren estrategia argia da eta, horretarako, duen babes instituzionala ere ez dute disimulatzen.

Lan duin bat izatea gero eta zailago jartzen digute euskal langileoi, izan ere, lan bat edukitzea bera ere gero eta zailago baitugu. Horren adibide azken langabezia datuak: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan 27.902 langabetu ditugu apirileko datu ofizialen arabera; datu larri bezain gordina. Gainera, sortzen diren lanpostu eta kontratu berrien izaerak ere alarma pizten digu; egiten diren, kontratuen %92 inguru ebentualak dira. Patronala pozik eta eroso, eta instituzioak itsu, mutu, gor.

Industrian krisialdi ekonomikoa erabili zuten aldaketa estrukturalak egiteko, lan erreformak lagunduta. Adibidez, negoziazio kolektiboa erasotzeko erabakia hartu zuten. Gaur egun egoera aldatu da, edo hobe esanda, enpresarien egoera aldatu da, ze azken urteetan irabazi handiak metatu dituzte. Hazkunde ekonomikoa egon da, eta errentagarritasun maila ere igo da. 2019rako aurreikuspenak oso onak dira, enpresa hauek biltzen dituzten clusterrek publikoki esan dutenaren arabera.

Sektoreko langile guztien egoera da larria, ordea, negoziazio kolektiboaren erreforma onartu zenetik; prekarizazioa, prekarizazioa eta prekarizazioa baino ez da egon euskal langileontzako. Urte guzti hauetan zehar, LABen negoziazio eremu guztiak defendatu eta borrokatu ditugu; erreforma estataletik blindatuz eta bertako eremu propioa aldarrikatuz. Horren adibide besterik ez, azken hilabeteotan sinatu ditugun 95 enpresa hitzarmen eta paktuak; baita sektoreko hitzarmen ezberdinetan egiten ari garen borroka eta negoziazio konpromisoa; Gipuzkoako papera eta grafikagintza, Bizkaia eta Arabako metalgintza… Beti esan dugu enpresa esparrutik bakarrik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea, horregatik, tokian toki egindako borroka eta lorpenez gain, sektoreko hitzarmenak berreskuratu behar ditugu.

Sektoreko hitzarmenak, langile guztiei oinarrizko eskubideak aitortzeaz gain, estatalizazioari mugak jartzeko ezinbesteko tresnak dira, gero eta gehiago baitira Estatuko Hitzarmenen menpe edota mehatxupean dauden industriako euskal langileak.

EAEri dagokionez eta Lan Harremanen Kontseiluko datuak oinarri hartuta; industriako 114.947 langile daude estatalizazioaren mehatxupean, hau da, langileen %70-a. Badago, ordea, iada zuzenean beren lan baldintzak estatalizatuta dituzten langileak, 13.384. Nafarroan, datuak eskuratzea ez da horren erraza eta, gainera, ongi dakigu konfrontazio gabeko sindikalgintzak zer nolako ondorioak ekarri dizkigun. Hala ere, kimika edota grafikagintzako langileak zuzenean estatlizazioaren menpe daude (4.240 langile) eta metalgintzako zein eraikuntzakoan mehatxupean (54.000 langile inguru).

Beraz, ia 28.000 langabeturekin, kontratazio berrietan %92ko behin behinekotasunarekin, industriako 170.000 langiletik gora estataliazioaren menpe dago, edota mehatxupean.

Panorama honek ondorio larriak eta arriskuak ditu gaur egun, baina patronala markatzen ari den bidea argia da: gastuak murriztuko dituen industria eredua nahi dute, prekarietatea, azpikontratazioa eta pobrezia ekarriko duena. Eta industria aurreratua ezin da eraiki, aurreko mendeko lan baldintzekin. Etorkizuneko pentsioak arriskuan daudela? Guk industriako etorkizuneko soldatak ere arriskuan ikusten ditugu. Hau ez al da arazo politikoa eta soziala? Alderdiek ez al dute ezer esan behar?

LABek ondorengoa ondorioztatzen du:

1. LABek beti defendatu du sektore eremua eta enpresa mailakoa uztartzeko beharra. Guztientzat baldintza minimoak ezartzeko ezinbesteko tresna dira sektore hitzarmenak. Pozik gaude enpresetan lortutako akordioekin, ezinbesteko tresna dira prekarietatearen eta langile zatiketaren kontrako neurriak lortzeko, baina langile asko akordio horietatik kanpo gelditzen dira. Aspaldi esan dihardugu eta orain datuak ditugu.

2. Estatalizazioaren erasoa geroz eta handiagoa da, geroz eta eduki gehiago arautzen dizkigute. Gaur eta orain, Lan Harremanetarako Esparru Propioa beharrezkoa da, langileen eskubideak babesteko industrian, eta gehiengo sozial bat badago horren alde.

3. Egoeraren larritasunagatik, gure eskubide indibidual eta kolektiboak borrokatzeko deia egiten dugu, lantoki nahiz sektore mailan. Tokian toki, sektorez sektore eta enpresaz enpresa, LABek hitzarmen duinen aldeko defentsa irmoa egingo du, ahal den langile bataqsun handiena bilatuz. Baldintza objetiboak badaude industrian aberastasuna banatzeko, langile borrokarekin hitzarmen duinak lortuko ditugu!

Industrian, lan duina, hitzarmen duinak! Bizi duina.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan maiatzerako deitutako grebek ere babes zabala izan dute, eta aldaketarik ezean mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko

Patronalari langileen eskaerei erantzunez adostasunak erdiesteko beharrezko zintzotasunez jokatzen hasteko eta Hezkuntza Sailari gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatzeko galdegiten diegu.

Azken bi ikasturtetan gauzatu den 27. greba eguna eta ikasturte honetako 24. da gaurkoa. Eta gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen oso antzekoa eta ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri. Izan ere, sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu lan hitzarmena berritu gabe.

Gatazka guzti honetan zehar sindikatuok adostasunetara iristeko borondate argia eta negoziazio prozesuan erabateko zintzotasuna erakusten ari gara. Patronalari dagokionez aldiz ezin dugu gauza bera esan, behin eta berriro kontrakoa erakusten ari bait zaigu. Gogoratu behar dugu Martxoak 25eko mahaiaren aurretik sindikatuokin izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamendu batzuk egitera iritsi bazen ere, mahai negoziatzaile hartan aurkeztu zuen proposamena onartezina izan zela, aurrez egitera iritsi zen planteamenduetatik erabat aldendua; Gainera, proposamen hura definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuten.

Jarrera itxi haren aurrean, sindikatuok adostasunerako giltzarriak jasotzen zituen dokumentu bat helarazi genien patronal eta hezkuntza sailari; ez batak ez besteak ez zigun ordea erantzun. Beraz, egoera desblokeatzeko asmoz bilera batera deitu genituen Lan Harremanen Kontseiluan. Kristau Eskolak publikoki adierazi zuen ez zela bilerara joango, modu horretan adostasunetara iristeko borondate falta nabaria erakutsiz eta bide batez hezkuntza sailari bilerara joan ere ez egin eta gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe jarraitzeko bidea erraztuz.

Bere azken mugimenduekin ere argi utzi du adostasunak erdiesteko borondate gutxi duela eta negoziazio prozesu batek eskatzen duen zintzotasunez jokatzeko gai ez direla izan. Apirileko greba egunen ondoren egoera bideratzeko eta adostasunak erdiesteko asmo garbia erakutsi diogu sindikatuok.

Baina beste behin ere, patronalak fede txarrez jokatu du. Horrela, ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketa batzuen berri eman du maiatzeko greba bezperetan, gatazka bideratzeko sindikatuok helarazitako ildotik erabat urruntzen den proposamen bat zabaldu du ikastetxeetan, oraindik sindikatu denei helarazi ere egin gabe eta sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Argi dago langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu duela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian benetako adostasunak baino gehiago.

Hezkuntza Sailak, berriz, gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzen du, eta Otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ez da ari betetzen. Hezkuntza laguntza espezialisten inguruan esandakoak esan, sindikatuoi ez digute inolako berririk eman, eta patronalak egindako proposamenak bere horretan jarraitzen du. Hau horrela sindikatuok legebiltzarreko talde desberdinekin biltzen jarraituko dugu Hezkuntza saila legebiltzarrak emandako zeregina betetzera deitzeko.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik.

 

 

 

[IRITZIA] “Fagor-en itxieraren benetako gakoak”

0

Fagor-en itxierari buruz idatzi dute LABeko kide Zorion Ortigosak eta Xabier Llodiok. "Orain, EHU-UPVko irakasle batzuek egindako ikerketa batean, Confebask-ek diktatua dirudiena, langileak egin nahi dituzte egoeraren erantzule; lan baldintzak prekarizatzen jarraitzeko estrategia patronalaren urrats bat gehiago ikusten ari gara", salatu dute.

Fagor Electrodomesticos enpresaren itxierak ehunka, milaka zorigaitzeko egoera ekarri zituen berarekin, larritasun eta ondorio ezberdinetakoak. Orain, EHU-UPVko irakasle batzuek egindako ikerketa baten, Confebask-ek diktatua dirudiena, langileak egin nahi dituzte egoeraren erantzule; lan baldintzak prekarizatzen jarraitzeko estrategia patronalaren urrats bat gehiago ikusten ari gara.

Porrot egin duten industriako enpresa askotan, porrotaren erantzukizuna langileei egotzi nahi izan zaie. Neoliberalismoaren doktrinak hala agintzen du: zuzendaritzako kideak inoiz ez dira erantzule. Kasu honetan, sindikatuen faltan, bazkideak ordezkatzen dituen Kontseilu Sozialari bota nahi zaio errua, nahiz kontsultarako organoa den. Nonbait, kooperatibistak «langileegiak» ziren, eta ez ziren oso «jabe» sentitzen. Harrigarria da ustezko ikuspegi miope, mugatu eta proletariotik interesak kobratzeari uko egitea, soldata jaistea eta euren kaleratzea sinatu izana.

Jabeak izateaz gain, langile kontzientzia edukitzea da, hain zuzen ere, elkartasuna, berdintasuna, inplikazioa eta parte-hartzeari benetako esanahia ematen diotenak, kooperatibak merkatu ekonomian lehiatzera behartuta daudenean. Hori izan behar da kooperatibismoaren abantaila konpetitiboa, bere balio erantsia.

Kontratazio sistema «nepotista» omen zen, esan dute abizenak gehiago balio zuela kualifikazioak baino. Errealitatean, ordea, ekoizpen postuetan sartzen ziren langileek gehiegizko kualifikazioa zuten. Horietako asko emakumeak ziren gainera, industrian emakumeen sarbidean Fagor Electrodomesticos aitzindari izan baitzen. Datuek erakusten dute hartzekodunen konkurtso aurreko sei urteetan, Fagor Electrodomesticos-eko enpleguaren erdia desagertu baitzen. Benetako arazoa zuzendaritzako kideen kontratazioa izan zen, etekinik eman ez zuten Brandt eta beste enpresa batzuk erosten 200 milioi euro gastatzeko erabakia hartu zutenak, esaterako.

Errentagarria izateko ekoizpen gaitasun osoa erabili behar zuen enpresan, langileen absentismoa aipatzen da arazo nagusietako gisa. Makinak, ordea, azpierabiliak zeuden, gehienezko ekoizpenetik urrun. Ez ziren langileak falta, lana falta zen. Ez zen izan absentismoa 1.000 milioiko zorra sortu, eta Polonia eta Frantziako proiektuak finantzatzen jarraitu zuena.

Alferrak, entxufatuak eta berekoiak izateaz gain, ez omen ziren inolako sakrifiziorik egiteko prest egon. 10.000 pertsona egon ziren, horietako asko langileak, 12.000 eta 18.500 euro artean jarri zutenak. Guztira 185 milioi euro, zuzendaritzaren arabera beharrezkoak zirenak enpresak aurrera egiteko. Ezagutzen zituzten zailtasun ekonomikoak eta balizko arriskuak, baina dirua jarri zuten, eta beste batzuek euren aurrezkiak ateratzeari uko egin zioten. Ikerketaren egileek antzeko egoeran gauza bera egingo lukete?

Jarri zuten dirua galdu zuten. Lanpostua galdu zuten. Eta orain euren inplikazio ezagatik eman zela itxiera irakurri behar dute. Ez da bidezkoa eta ez da egia.

LABen kontrakoa ezagutu genuen: elkartasunez eta berekoikeriarik gabe proiektu eta proposamen desberdinetan lan egin zen. Kooperatibista zirenek ez zirenen lanpostuak defendatu zituzten eta alderantziz. Bideragarritasun planak landu ziren elkarren artean. Erabatekoa izan zen inplikazioa.

Ezaguna da amaiera. Fagor marka gelditzen da, Mondragon Korporazioak beste enpresei utzita irabaziak lortzeko erabili nahi duena, nahiz eta lanposturik ez sortu Euskal Herrian.

Ikas dezagun gertatutakoaz, etorkizunera begiratzeko, baina zorroztasunez eta era objektiboan. Egindako lanaren ondarea geratzen zaigu. Ea etorkizunean baliagarria den, bai sindikalgintzarentzat eta baita kooperatibismoarentzat ere.
 

 

 

GarbiƱe Aranburu: “Estatalizazioa ezartzen duen lan erreforma PSOErena da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan egon da goizean, aurkezlearen eta kolaboratzaileen galderei erantzuteko. Hala, hainbat gai jorratu dituzte: Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba, Gipuzkoako helduen egoitzetako eta komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileen gatazkak, Osakidetzako osagarri profesionalen afera, ITV-IAT guneetako gatazka eta langileen lanaldia kontrolatzeko neurriak, besteak beste. Estatuko hauteskundeen emaitzei buruz ere galdetu diote, eta, arlo sozialean, PSOEren gobernuarekin itxaropen gutxi dagoela onartu du Garbiñe Aranburuk. "Estatalizazioa ezartzen duen lan erreforma PSOErena da", gogoratu du.

Kolaboratzaileen galderen txandan, EAEko Administrazioarekin lotuta dauden hainbat gatazka irekita daudela azpimarratu dute. Hala, Garbiñe Aranburuk sektore publikoaren aldeko LABen apustua berretsi du. "Pribatizazioaren ondorioz sortu dira gatazkak, sektore feminizatuetan batez ere", adierazi du.

 

 

Barakaldo Naturalak Sustapen Ministerioari Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen 1. faseari buruzko Informazio-azterlana baliogabetzeko eskatu dio

Barakaldo Naturalak eskaria erregistratu du Sustapen Ministerioan Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen 1. faserako informazio-azterlana baliogabetzeko, eta, ondorioz, ingurumen-adierazpena eta adierazpen formala lortzeko irekita dagoen prozedura ixteko, eginkizun horretarako emandako arduraren epea 2018ko ekainaren 30ean iraungi baitzen. Barakaldo Naturalak berak agerraldia egin du gaur, eta LAB bertan izan da babesa emateko, beste eragiletako hainbat ordezkarirekin batera.

Hauxe da Barakaldo Naturalak igorritako oharra:

Barakaldo Naturalak Sustapen Ministerioari Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen 1. Faseari buruzko Informazio-azterlana baliogabetzeko eskatu dio, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean utzitako eginkizuna iraungi delako

Orain ulertzen dugu Aitor Estebanen premia, zergatik zioen diputatu hautatu berriak “lehenbailehen” egin beharrekoa zela.

Barakaldo Naturalak eskaria erregistratu du Sustapen Ministerioan Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen 1. Faserako informazio-azterlana BALIOGABETZEKO, eskubide osoz eta, ondorioz, ingurumen-adierazpena eta adierazpen formala lortzeko irekita dagoen prozedura ixteko, eginkizun horretarako emandako arduraren epea 2018ko ekainaren 30ean iraungi baitzen.

Epe agortuta, gai horri dagokion kudeaketa-ardura indargabe edo baliogabe legoke. Legez, ardura-emate hori lege-aurreikuspenetara eta emateko sinatu den Hitzarmenaren edukira ere doitu behar da, bai ala bai, eta ez da hala izan izan eta egin. Zehazki, hitzarmenak hauxe dio Bigarren klausulan:

"1. faseko (Serantes tunela – Olabeaga) zatiaren informazio-azterlanaren idazketa aldatu behar balitz, Sustapen-ministerioak Euskadiko Autonomia Erkidegoari ematen dio aldaketa idazteko ardura. Dena dela, Sustapen-ministerioari dagokio, irailaren 29ko Trenbidearen alorrari buruzko 38/2015 Legearen 5. artikuluak dioenaren arabera, administrazio-tramitazioa egitea, ingurumen-organo eskudunarengandik beharrezkoa den ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortzea, eta informazio-azterlan baten onespen formala onestea, 2018ko lehen seihilekoan."

Argi dago Eusko Jaurlaritza ez dela gai izan Sustapen-ministerioan onespen formalerako ezarritako epearen barruan informazio-azterlan berririk aurkezteko eta, hartara, behar duen eskumen-gaitasunik gabe heldu nahi diola aldaketaren idazketa. Ondorioz, informazio-azterlan horri buruz itunaren gerizpean hartutako edozein erabaki Zuzenbidearen aurkakoa da, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren Legeari aditzen badiogu.

Orain bai ulertzen ditugu zertan oinarritzen ziren orduan hautagai eta orain diputatu hautatu den Aitor Estebanen premiak, Barakaldon egindako hauteskunde-mitinean “lehenbailehen egin beharreko” proiektua zela esan zuenean, Amaia del Camporen onespen-begiradaren pean. Horregatik izango da, beharbada, Arantxa Tapiak otsailaren 4an Legebiltzarrean aipatzen zituen pertsona “adituek” horretaz ohartarazi zituztenez, beraiek aukerarik onena aurrera joz ihes egitea erabaki zela zutela. Edozelan ere, jakin behar dute prozesu honekin aurrera jarraitzen tematzen badira, jarduera horren ondorioz hartzen diren erabakien arduradunek prebarikazioz jokatuko dutela.

Gure aldetik, baliogabetzeko eskaria Trenbide-plangintzarako Zuzendariordetza Orokorrean erregistratu eta gero, jarraituko dugu eskubide osoz BALIOGABE deritzogun Azterlanaren aurkako alegazioak lantzen, aldatzeko ez ezik, agerian uzteko dituen alde onak oso zalantzagarriak direla, apaingarriz estaliak, eta badirela Barakaldo Naturalak proposatutakoak bezalako beste aukera batzuk, adibidez, C1 eta C2 lineak lurperatzea eta modernizatzea, ondo baino hobeto asetzen dituztelako portuko salgaien trafikoa handitzeko, Europako korridoreekiko elkar-jarduna bideratzeko eta tren luzeagoak hartzeko gaitasuna a hobetzeko helburuak. Gainera, onura sozial handiak ere ekarriko lituzkete, baita eta hiriko lurzoruaren hamarka milaka metro karratu askatzeari esker inbertitutako diru publikoaren itzulera jasotzeko aukera handiagoa eskaini ere. Baina, batez ere, badirelako beste aukera batzuk, gutxiago kutsatzen duen garraio-modu baten alde egiteaz gain klima-aldaketari aurre egiteko gure aliaturik onena den Naturarekin errespetu osoz garatuko liratekeenak.

Baliogabetzeko gure eskaria onartuko delakoan gaude. Horrez gain, espero dugu etorkizunean berriro gai hau ateratzen bada, gure proposamenak ere mahai gainean egongo direla, eta egoki iritziko diotela inongo ibilbiderik marraztu baino lehen jendarteari parte hartzeko aukera emateari.

 

 

 

Uste dugu heldu den legealdian aldaketatik eraldaketara pasatu behar dela Nafarroako Hezkuntzan

0

“Gauzak egin dira. Zenbait gauza aurrera atera dira. Baina ez guk nahi genituen guztiak, eta ez guk nahi genuen moduan. Beraz, aldaketa prozesu batean kokatua, azken lau urteetakoa ez-nahikoa izan da”. Halaxe laburbildu du Alberto Goikoa LAB Irakaskuntzako ordezkariak Nafarroako azken legealdiak Hezkuntza alorrean ekarri duena. LABek prentsaurrekoa eman baitu gaur Iruñean legealdiaren balantzea egiteko eta sindikatuak aurrera begira dituen proposamenak mahai gainean jartzeko.

Bukatzear den legealdi honetan, Nafarroako eztabaida politikoaren erdi-erdian egon da Hezkuntza. Edo erdi-erdian paratu dute batzuek, Hezkuntza -eta horri lotuta, euskara- erabili baitute aldaketaren Gobernuaren kontra egiteko. Alberto Goikoaren ustez horrek eragin handia izan du Gobernuarengan, gauzak egiteko ala ez egiteko, edo egiteko moduetan. “Hezkuntza Departamentuak bertigo handiz funtzionatu du eta horrek ekarri du aldaketa ez ailegatzea guk nahiko genituzkeen parametroetara”.

“Bertigo hori gainditu behar du Gobernuak”, adierazi du Goikoak. “Eta hurrengo legealdian hurrengo Hezkuntza Departamentuari exijituko diogu aldaketa behingoz finkatzeko, eta aldaketatik haragoko eraldaketa prozesu bat abiatzeko, Erregimen zaharreko alderdien presioek sorturiko beldurrak alde batera utziz eta gauzak kontzientziaz eginez”.

Legealdiaren balantze zehatzagoa eginez, Nora Salbotx Nafarroako LAB Irakaskuntzako arduradunak aipatu du ontzat jotzen dituztela ratioetan egon ziren jaitsierak. Legealdi hasieran UPNren murrizketei buelta eman eta Haur eta Lehen Hezkuntzan 27tik 25era jaitsi baitzen ratioa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 32tik 30era eta Batxilergoan 35etik 33ra. “Ezin da ukatu murrizketen aurreko egoerara itzultzea hobekuntza izan zela”, azaldu du Salbotxek. “Baina ez-nahikoa da. Hezkuntza kalitatearen parametroetan oraindik ere gehiago sakondu behar dugu ratioen jaitsiera horretan. Eta ildo horretan aipatzekoa da abuztuan sindikatu gehien-gehienok sinatu genuen Hezkuntza Itunean badagoela konpromiso bat -LAB asko borrokatu zen esaldi hori hor egon zedin- erraten duena ratio horiek pixkanaka-pixkanaka murriztu behar direla”.

Hezkuntza Ituna eta zerrenda bakarra
Hezkuntza Ituna lortzea izan da gai izarretako bat legealdi honetan, Salbotxek esplikatu duenez. “Ituna guretako erronka zen. Aldaketa instituzionala Nafarroara ailegatu zelarik lehen momentutik mahai-gainean jarri genuen eta LABen apostua izan zen itun berria lortzea. 2011tik ez baitzegoen itunik -guk ez genuen sinatu- eta gainera azken horretatik ez zituzten gauza asko bete. Indar handia egin dugu itun horren alde. Eta azkenean lortu zen, eta horrekin batera hobekuntza anitz”. Hiru alor baino ez aipatzearren, Itunak ekarri du heldu den ikasturtean irakasle guztiek murrizketen aurreko lanaldia izatea, landa eremuko eskolen egoera hobetzea, eta Lanbide Heziketako eskaintza doitzea.

Legealdiaren erdian bertze gai izar bat izan zen: zerrenda bakarra. Baina hark ez zuen bukaera alairik izan. Erregimen zaharreko alderdiek eta Ezker Batuak lege bat atera baitzuten euskaldunak baztertzen dituen zerrenda segregatuen sistemari eusteko. Dena dela, Salbotxek dio “balorazio positibo samarra” egin daitekeela borroka haren gainean. “Zerrenda bakarra LABen bandera bat zen eta lortu genuen gaia agenda politikoan kokatzea. Borroka duina egin zen, eta jendeak ulertu zuen zein den gure aldarria, ulertu zuen zein puntutaraino bizi garen irakasle euskaldunok bazterkeria egoera batean kontratazioari dagokionez”.

Gainera, porrota ez zen erabatekoa izan. “Ezarri den esleipen telematiko berriari esker, hein batean, modu birtual batean, zerrenda bakarra lortu da. Lege bidegabe horrek behartuta irakasle euskaldunak bi oposizio prozesutatik pasatu behar dira, baina behin hori eginda, sistema berriak aukera ematen die euskarazko edo gaztelaniazko lanpostuak hautatu ahal izateko”.

Segregazioen aurkako borrokan zein eskola berria iruteko bidean, LABek makina bat arlotan egin du lan azken lau urteetan, eta egitasmo andana atera ditu aurrera: 8 oro buletina, sexu heziketari buruzko gida, Jantokitik jangelara proposamena, Plaza Hutsa… Eta halaxe egiten segituko duela berretsi du Salbotxek. “Eskola publiko komunitarioa behar du herri honek. Plurala, feminista, herritarra, burujabea, eta euskalduna, eta Nafarroatik Nafarroara eraikia, Madrilgo esku-hartzerik gabe”.

“Asko eta asko dugu egiteko oraindik”, gaineratu du Mikel Lizasok. LAB Irakaskuntzako komunikazio arduraduna da Nafarroan. “LAB lehen indarra da Nafarroako Hezkuntza publikoan eta iruditzen zaigu datorren legealdiari begira ona litzatekeela LABek posizio horri eustea, orain arte egin duen ekarpenengatik eta aurrera begira dituen asmoengatik”.

Ohiko sindikalismo eredutik harago, LABek “sindikalismo eraikitzailea” egiten duela eta egiten jarraituko duela adierazi du Lizasok. “Bidegabekerien salaketa aktiboa egiten dugu, kalean ari gara borrokan, baina hortik harago ere oso proposamen zehatzak egiten dizkiogu hezkuntza komunitateari edo administrazioari”.

Bi adibide eman ditu Lizasok eredu horren erakusgarri. “Adibidez, segregazioen aurkako borrokan, hizkuntzen araberako bazterkeria gainditzeko, programa eleanitza proposatzen dugu; proposamen hori landua dugu, eta Administrazioari helarazia. Edo ikasgeletara berrikuntzak eramateari dagokionez, Administrazioari dagoeneko ezagutarazi diogu Qualitate deitu dugun egitasmo bat, langileen egonkortasuna, formakuntza eta garapen profesionala modu integralean lantzea proposatzen duena”.

Heldu den maiatzaren 22rako 9.300 irakasle inguru daude deituak Nafarroako irakaskuntza publikoko hauteskunde sindikaletan boza ematera.

 

 

 

Bilboko kaleak hartu ditugu, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba dela eta

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba egunera deituta dugu gaur eta biharko. Hala, maiatzeko lehen greba egun honetan, azken bi ikasturteetako 26.enean, Bilboko kaleak hartu ditugu berriro, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Gaur ere, dagokien arduraz jokatu eta langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbidea emango dioten proposamenak bideratzeko eskatu diegu patronalei eta Hezkuntza Sailari.


 
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabeteetakoak.

Patronala ordea ez da arduraz jokatzen ari, eta langileen eskaerei erantzunez gatazka honi irtenbidea emateko borondate falta nabaria erakusten ari da. Urtarrileko 8 greba egunen ondoren sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamenduak egin zituen arren, martxoak 25eko mahaian planteamendu horiek atzera bota zituen, eta mahai hartan aurkeztutako proposamena definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuen; sindikatuok akordioak erdiesteko giltzarriak jasotzen zituen dokumentua helarazi bagenion ere ez zion dokumentuari erantzun ere egin; gatazkari irtenbidea emateko asmoz sindikatuok patronal eta hezkuntza sailari luzatutako bilera deialdiaren aurrean bilera hartara agertu ere ez egiteko erabakia hartu zuen;

Apirileko greben ondoren ere, patronalari egoera bideratzeko eta adostasunak erdiesteko asmo garbia erakutsi diogu.

Baina beste behin ere, patronalak fede txarrez jokatu du. Horrela, oraindik sindikatu denei helarazi ere egin gabeko proposamen bat zabaldu du ikastetxeetan greba bezperan,proposamenaren inguruan sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Proposamenaren nondik norakoa ikusita, argi dago langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu duela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian benetako adostasunak baino gehiago.

Izan ere, proposamenak, soldaten planteamenduan aldaketa txikiren bat badu ere, martxoak 25eko mahaian jasotako ildo beretik bait doa funtseskoak diren planteamendu batzuetan, esaterako sektoreko langileei soldatak finantziaketara lotzen, edo hauek negoziatzeko aukera ebatsiko liekeen sistema bat ezartzen. Gainerako gaietan berriz ez dago aurrerapausorik.

Hezkuntza Sailak, berriz, erabateko arduragabekeria erakutsi du gatazka honi irtenbidea ematerakoan, eta Otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ez da ari betetzen. Bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatu da, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, Hezkuntza Sailak orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman gai honi buruz hitz egiten hasteko inolako pausorik; eta gaur gaurkoz emandako pausoak erabat eskasak izan dira, ez baitute birkokapenerako gutxieneko bermerik erakusten; azkenik, apirilak 2rako sindikatuok egindako bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hura gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki zuen.

Hau horrela sindikatuok legebiltzarreko talde desberdinekin biltzen ari gara Hezkuntza saila legebiltzarrak emandako zeregina betetzera deitzeko.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik. Harro egotekoa da gure ikastetxeetako hezkuntza kalitatean eragin zuzena duten lan baldintzen kaskastzearen aurrean, lan baldintza horien alde borrokatzeko apustua egin duten langileak izatea gure ikastetxeetan.

 

 

Vianako Carrefour Las CaƱas-eko langileak saltokiaren itxieraren aurka mobilizatu dira

0

Vianako Carrefour Las Cañas-eko langileek elkarretaratze bat egin zuten astelehenean, datozen egunetan aurreikusita dituzten protesten artean lehena. Carrefour-eko zuzendaritzak erabaki du Vianako zentroa ixtea eta bertako langileak Iruñera (46 langile), Tuterara (22) edo Logroñora (12) bidaltzea. Langileek batzarra egin zuten atzo, eta erabaki dute ostegunean beste elkarretaratze bat egitea, 11:00etan, eta larunbatean eta astelehenean lanuzteak egitea, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Carrefour Las Cañas-ko Enpresa Batzordeak baditu Fetico-ko 5 delegatu, CCOOko 3 eta LABeko 1.