2026-02-08
Blog Page 639

Sindikalismoak eredu sozioekonomiko berriaren alde jokatu behar duen paperari buruzko gogoeta kolektiboari ekin diogu

0

Sindikalismoari buruzko gogoeta kolektiboarekin jarraitzeko bildu gara Ordizian. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatzeko mintegi bat antolatu dugu, eta, bertan, lan taldetan banatu gara hausnarketa hori gauzatzeko; hau guztia, "Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen. Gure garaia: Euskal Herria eraldatzeko proposamenak” leloarekin. Ordiziako mintegian abiatutako prozesua dela eta, lau iturri hauetatik edango dugu eredu-sozioekonomikoa birpentsatzeko: feminismotik, ekosozialismotik, demokratizaziotik eta nazio garapena eta kohesiotik.

Sindikalismoaren inguruko gogoeta sakona egiten jarraitzen dugu. Langileen eskubideen eta bizi baldintzen defentsa oinarri izanik, eta iparra Euskal Herria askearen xedean ezarrita, gure burua eraberritzen ari gara. Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa etengabeko aldaketan dago eta egoera horietan sindikalismoak eraginkor izan behar du aipatu helburuen alde. Gogoeta hori “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren barnean egiten hasi ginen duela urte batzuk. Hainbat aldaketa egin ditugu gure ekintza sozio-sindikalean eta antolatzeko moduan, 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zirenak. Orain, prozesu horrek bigarren urrats bat du. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatzen hasi gara, eta prozesu hori Ordizian egindako mintegian abiatu dugu.

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak agerraldi bat egin zuten astelehenean, eta, bertan, “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen. Gure garaia: Euskal Herria eraldatzeko proposamenak” prozesuaren nondik norakoak eta gako politiko nagusiak azaldu zituzten.
 

 

 

Elkartasuna Kataluniako Irakaskuntza publikoko langileekin

0

Gaur, maiatzak 16, Katalunia osoko irakaskuntza publikoko langileak lanean pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak salatzeko 24 orduko greba orokor batetara deituak daude. Greba orokor hau USTEC·STEs (IAC), CCOO, I-CSC, ASPEC-SPS, CGT, UGT sindikatuek deitu dute; sektorean ordezkaritza daukaten sindikatu guztiek, alegia.

Greba deialdi hau sindikatuen aldarrikapen ekimen batzuen ondoren etorri da. Konkretuki, maiatzaren 2an sindikatuetako ordezkariek Kataluniako hezkuntza departamenduan itxialdi bat burutu zuten. Langile eta sindikatuen aldarrikapena 2019/2020 kurtsoa aurtengo ikasturtea hasi zuten baldintza berdinetan ez hastea da. Konkretuki greba honetarako egiten dituzten aldarrikapenak honakoak dira:

• Eskola ordutegia murrizketen aurreko zenbakietara bueltatzea.
• Ratioen murrizketa eta irakaskuntza publikoko talderik ez ixteko bermea.
• Murrizketa osoak lehengoratzeko helburua duen benetazko negoziaketa zintzo bat hastea.

Orain arte sindikatuek ez dute Kataluniako gobernuko hezkuntza departamentutik inolako erantzun positiborik jaso, eta, gauzak horrela, sindikatuek sektore publikoko langileen 24 orduko greba eguna deitzea beste erremediorik ez dute izan. Langileen eskariak betetzeko nahikoa litzateke aurrekontuaren igoera suposatuko lukeen urgentziazko lege dekretu bat onartzea, baina gaur egun gobernuaren aldetik ez da holakorik egiteko inolako borondate politikorik ikusi.

Horregatik, LAB sindikatutik Kataluniako Irakaskuntzako langileek deituriko greba hau babestu egiten dugu, eta langile eta sindikatu hauen aldarrikapenak gure egiten ditugu. Euskal Herrian antzeko egoeratik pasa gara eta Alderdi Popularraren nahiz Alderdi Sozialistaren murrizketak aplikatzen zituzten EAE eta Nafarroako gobernuen politikak pairatu ditugu eta pairatzen jarraitzen dugu. Horretaz gain, Ipar Euskal Herrian irakaskuntzako langileek ere grebak eta mobilizazioak burutu dituzte. Horregatik, gaurko greba eguna Kataluniako irakasleen indar erakustaldi bat izatea espero dugu, murrizketen garaia behin betirako historiaren zabor ontzira botatzeko.

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek grebarekin jarraitzen dute, enplegua eta kalitatezko zerbitzuaren alde

Sestao eta Santurtzi artean egin dute gaur, Prekarietatearen Aurkako Martxa. Bihar, Algorta-Getxo-Areeta ibilbidea egingo dute, 10:30etik abiatuta. Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek astelehenean abiatu zuten greba, eta ostirala arte luzatuko dute.
 

 

 

Zerbitzu publikoetan enplegua egonkortzeko lege propioa aldarrikatu dugu Gasteizen

Zerbitzu publikoetako LABeko delegatuek enplegua egonkortzeko lege propioa eta murrizketa guztiak atzera itzultzeko aldarrikatu dute Gasteizen. Santiago ospitaletik abiatuta, EAJren egoitzaren aurretik igaro eta parlamentuaren ateraino eraman dute aldarrikapena. Izan ere, zerbitzu publikoetako bitarteko langileek pairatzen duten ezegonkortasuna eta prekarietatearekin amaitzeko bide egokiena berariazko lege bat egitea delakoan gaude LABen. Bestalde, Eusko Jaurlaritza EAEko aurrekontuen ildoak prestatzen ari denean, enplegurako plan integralak eta egindako murrizketak atzera bueltatzeko unea ere bada, eta Mahai Orokorra gaiok lantzeko lehenbailehen deitzeko eskaera egin dugu dagoeneko.

Azken urtea hauetan ozen aldarrikatzen ari gara murrizketen garaiarekin amaitu beharra dagoela eta negoziazio marko ezberdinetan kalitateko zerbitzu publikoak ahalbideratuko dituzten negoziazio prozesuak martxan jarri behar direla. Erakunde ezberdinetako gobernuek aldiz ez dute benetako negoziazio prozesurik irekitzeko inolako borondaterik; Madrilek aldebakartasunez agindutakoa gogo onez onartu eta ezarri egiten dute, erantzukizuna gainetik kenduta gainera.

Hainbat erronka ditugu murrizketak berreskuratzerako orduan, baina zalantzarik gabe euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasuna da momentuan daukagun arazorik larrienetakoa. Murrizketa garaietan egondako debekuek eta azken urteetan politikarien utzikeriak bitarteko langileen kopurua gora joatea eragin dute. Gaur egun administrazio gehienetan %40tik gora dago behin-behinekotasun tasa, eremu batzuetan 50 urte baino gehiagoko bitarteko langileak ari dira zerbitzu publikoak aurrera ateratzen. Argi eta garbi esan dezakegu zerbitzu publikoetan ere prekarietatea nagusi dela; ez egonkortasuna, hain zuzen.

LABek pasa den urtean enplegu plan integral bat negoziatzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari. Gure ustez, plan horren abiapuntua ezinbestez langileen egonkortasuna izan behar da, bai egun lanean dauden langileena zein etorkizunean egongo direnena ere. Hauek izan dira gure aldarrikapen nagusiak:

• Kontsolidazio prozesuak euskal administrazioen beharretara egokitu. Horretarako Legebiltzarrak onartu beharko lukeen eremu publiko osorako lege propio bat beharrezkoa da.

• Bere borondatez aurretiazko erretiroa hartzen duten langile guztientzat diru sariak berreskuratu.

• Zerbitzu publikoetan ezegonkortasunarekin betirako amaituko duen enplegu deialdi publiko sistema berritua:

▪ Zerbitzu publikoetan belaunaldi aldaketa ahalbideratuko duena.
▪ Maila eta kidego guztiak kontuan hartuko dituena.
▪ Gardentasuna eta aukera berdintasuna oinarri izango duena.
▪ Bakante guztiak egonkortasunez bete daitezen beharrezkoa den maiztasunarekin deitua izango dena.

Orain arte Gobernuaren erantzuna propaganda besterik egitea izan da. Legealdi osorako 13.500 lanpostuko deialdi publikoak egingo zituela iragarri zuen bere garaian. Guk argi eta garbi esan genion kopuru horiek bere horretan ez direla nahikoak izango daukagun egoerari aurre egiteko. Denborak arrazoia ematen ari zaigu eta behin-behinekotasuna bere horretan edo eta areagotzen ari da. Gobernuak ordea enpleguaren gaia konpontzeko borondaterik ez duenez, jendartearen kezka nagusi den prekarietatea propagandarako besterik ez du erabiltzen.

Egoera zein den ikusita, Mahai Orokorra bildu eta gai zerrendan enplegu egonkortasuna ahalbideratuko lukeen kontsolidazio lege propio baten eztabaidarako puntua proposatzea erabaki dugu. Bada garaia dauzkagun erronkei aurre egiteko behar ditugun tresna propioak sortzen hasteko.

Gaurkoan bezala mobilizatzen jarraitu beharko dugula argi dago. Gobernuak gaur egun negoziazio eremuak propagandarako erabiltzen ditu, inolako negoziazio prestutasunik erakutsi gabe. Ozen esan nahi diogu Gobernuari ez gaituela LABekoak hor aurkituko, edukirik gabeko negoziazio mahaietan hain zuzen. Edukiak nahi baditugu beraz hortzak erakusten jarraitu beharko dugu!!

 

 

 

Iñaki Igerategik bere suhiltzaile postuan lanean egon behar duela aldarrikatu dugu

Egiako epaitegi aurrean elkartu gara, Iñaki Igerategi suhiltzailearen auzia dela eta. Hain zuzen ere, EAJ-PSE foru gobernuak ez du nahi izan Iñaki Igerategi dagokion lanpostuan lanean hastea, sei urtez kartzelan egon eta bere zigorra bete ostean. Zigor gehigarri bat ezarri diote, eta horregatik jarri genuen salaketa. Beraz, Iñakiri gure babesa eskaini eta berriz ere lanean ikusi nahi dugula aldarrikatu dugu, bere lan egoera bidegabea argitzeko abian den epaiketaren harira.

 

 

 

Sopelako Tronquelmain XXI enpresaren itxieraren aurka mobilizatzen hasi dira langileak

0

Troquelmain XXI, lehengo Dismodel, lantegiko enpresa-batzordeak eta bertako langileek prentsaurrekoa eman dute lantegiaren aurrean. Itxieraren aurrean mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi dute.

Hauxe da enpresa batzordeak igorritako oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Troquelmain XXI Maliañon, Santanderren, egoitza duen sozietate bat da. Bi lantegi ditu, bata Maliañon, lehengo Candemat, eta bestea Sopelan, lehengo Dismodel.

Autogintzarako trokelgintzan diharduen enpresa da eta 80 langile ditu Sopelan.

Bizkaiko lantegia Santanderrekoarekin fusionatua izateko erosia izan zen 2017ko ekainean, eta, urtebete beranduago, lehiaketan sartu zen sozietatea. Egun, lantegi biak daude suspentsio EEEan.

Aste honetan, administrazio konkurtsalak Bizkaiko lantegia soilik itxi nahi duela jakinarazi zion Sopelako enpresa-batzordeari.

Enpresa batzordetik salatu nahi dugu lantegi hau utzitza egon dela Troquelmain sartu denetik.

Erosketak, kaleratzeak eta EEEak baino ez ditu ekarri eta garrantzitsuena, erabakitzeko gunea Santanderrera eramatea, bertako lantegiari etengabe lehentasuna emanez.

Inbertsiorik ez egoteaz gain, Sopelako lantegia deskapitalizatzera eraman duten erabakiak ere egon dira.

Honen aurrean, honakoa jakinarazi nahi du Sopelako enpresa-batzordeak:

-Sopelako lantegia bideragarria da.
-Ez dugu lantegia ixtea onartzen.
-Borrokan gaude egitasmo industriala jarraikortasuna eman eta egungo enplegua kontuan hartuko duen bideragarritasun plana lortzearen alde.

Gaur hasiko dugu egitasmo industriala eta Sopelako enpleguaren aldeko borroka. Datozen hilabetoetan zehar, mobilizatu egingo gara eta gure helburua lortzeko behar dugun babes instituzional eta soziala exijituko dugu.

 

 

 

Arabako helduen egoitzetako erabiltzaileen arreta-baldintzak eta langileen baldintzak salatu ditugu

Araban, egoitza ugari egon arren, ez dago hitzarmenik, sektoreko langileen baldintzak arautzen dituenik. Gasteizko Probintzia plazan elkarretaratzea egin geguen atzo, egoera salatzeko.

Ez da behar bezala preziatzen, politikarien eta gizartearen aldetik, gure nagusiak zaintzeko lana, ezta zaintzaileak ondo tratatuak izateko beharra ere. Haien lana ez da behar beste estimatzen. Herri-erakundeen aldetik teorian duten arreta-ereduaren ardatza pertsona da, erabiltzailea, egoiliarra. Hala ere, gaurko egunean eredu horren helburua ez da inondik inora betetzen, ez baita arreta egokirik ematen jende nagusiaren egoitzetan.

Adinekoen egoitzak zenbait motatakoak izan daitezke: egoitza publikoak, aldundiarekin itunpeko eta kudeaketa pribatuko egoitzak, egoitza pribatuak zenbait itunpeko oherekin, eta egoitza erabat pribatuak. Mota horietako bakoitzean ematen den arreta desberdina da, eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua ere bai.

Erabiltzaileek eta langileek egoitza horietako batean eta bestean jasotzen dituzten arretak eta trataerak erabat desberdinak dira, eta hori salatzen dugu sindikatu sinatzaileok. Erabiltzaileen eskubideak behin eta berriz urratzen dira, eta langileen baldintzak gero eta prekarioagoak dira.

Ildo horretatik sindikatuon ustetan administrazioak behar besteko egoitza-plaza publikoak eskaini beharko lituzke, herritarrek eskatzen dituzten adinakoak; erabiltzaile guztientzako arreta-baldintza duinak eta sektore horretako langileentzako lan-baldintza parekoak bermatuz.

Helburu hori lortzen ez dugun artean, sindikatuok Arabako Foru Aldundia eta GOFE premiatu ditugu arazo horretan esku hartzera. Egoitzen Dekretuaren prestatze-prozesua gero eta aurreratuago dagoela esan digute. Alonso Quilchanok hitzeman digu, behin dekretua argitaratu ondoren, bilerak egingo dituela egoitzetako enpresa kudeatzaileekin, sindikatuekin batera laneko mahai bat sortzeko beharra adierazteko. Beraz, egoitzetako probintzia-hitzarmen kolektibo bat sustatuko da, sektoreko langileen baldintzak eta erabiltzaileen arreta-kalitatea arautzeko. Horren haritik, sindikatuok azpimarratu dugu hori dela modu bakarra Aldundiak bere konpromisoa bete dezan, alegia, pertsona helburu duen arreta bat eman dezan.

Beste alderdi politiko batzuekin bilerak egin ditugu, baita ere. Bilera horietan, alderdiei eskatu zitzaien negoziaketa abiarazteko konpromezua adierazten zuen dokumentu bat sinatzea. Alderdi guztiek sinatu zuten EAJ-PNV izan ezik, horrek argi adierazten du nahiz eta publikoki sektore honekin konpromezu handia dutela adierazi, errealitatean ez daudela sektore honetako egoera larriaren aurrean ez eregiteko prest..
Pasadan martxoaren 22an, sindikatu gustiok Gizarte Ongizateko Batzarrean agerraldia izan genuen. Bertan, berriro ere, sektore honetako langileen egoera prekarioaren larritasuna salatu genuen alderdi politiko guztien aurrean.

Datorren maiatzaren 21ean berriro elkartuko gara Probintzia Plazan, 11:00etan, beste kontzentrazio batekin, eta protestan jarraituko dugu gure egoera aldatu arte eta instituzioek erantzun sendo bat eman arte.

 

 

 

Bat egiten dugu Modou Khadim Sow-ren kanporaketa salatzeko larunbatean Ribaforadan eginen den manifestazioarekin

Maiatzaren 18an, arratsaldeko 7etan eta Ribaforadako kiroldegi zaharretik abiatuta, arestian gertaturiko kanporaketa salatzeko Colectivo Senegalés de la Ribera-k antolaturiko manifestazioan parte hartzera deitzen du sindikatuak.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi die LABek guztiz bidegabeki kanporaturiko Modou Khadim Sow lagun senegaldarrari eta bere senide eta ingurukoei. Inboluzio testuinguru honetan eta mobilizazioaren leloak dioen bezala, inoiz baino beharrezkoagoa da arrazakeria geldiaraztea eta inor ez dela ilegala azpimarratzea. Hala, kapitala askatasun osoz mugitzen den bitartean, legedi arrazista baliatuta gizaki jakin batzuei bizimodu duina eskuratzeko eskubidea urratzen zaie. Ildo horretan, jatorria dena dela, hemen jaioa izan ala ez, langile guztiok klase berekoak garela eta hemen bizi eta lan egiten dugun oro euskal herritartzat jotzen dugula berriro aldarrikatzen dugu.

Bigarrenez, beren burua sozialistatzat dutenen jarrera eta erantzukizuna salatu nahi dugu. Erabat onartezina da herritarron zerbitzura aritu behar den instituzioa, herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa, Udala alegia, herritar bati segada egiteko erabili izana. Erabat onartezina da gero gezurra esatea, okerra aitortu beharrean, norberaren erantzukizuna zuritzeko asmoz. Erabat onartezina da gertaera salatzeko mobilizazioa mugarazi nahi izatea, amaitu behar zen tokian, hots, udaletxean, luzera sinestezina duen hauteskunde ekitaldi bat erabiliz. Horrela nahi al dute ustezko aurrerakoiek eskuin muturra geldiaraztea? Bere diskurtsoa ekintza bihurtuz?

Amaitzeko, kanporaketa bidegabe hau eta berau ahalbidetu duten araudia eta arrazakeria instituzionala salatu eta denok bizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzearren, sindikatuaren afiliatu eta zaleei eta Erriberako langile zein herritar orori larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu.

 

 

 

Usoako langileek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Udalaren aurrean

Barakaldoko Usoa tailerreko enpresa-batzordeak jakinarazi duenez, kalera irten dira langileentzako etorkizun duina exijitzeko. Horretarako, benetako konpromiso eraginkorrak bilatuko dituztela azaldu dute langileek, etorkizun duina bermatuko diena eurei eta zentro okupazionalari berari.

USOAko langileek hilabete asko daramate lantokiaren inguruko informazio exijituz, kontratu publikoen legea indarrean sartu eta gero, honek ondorio zuzenak baititu tailerraren etorkizunean.

Hilabete hauetan batzar informatiboak egin dituzte informazioa emateko prest agertu diren aldi bakanetan, baina lortutako informazioa beti izan da lauso eta zehazkabea eta inoiz ez da zehaztu zein egoeratan egongo diren langileak behin bitarteko propio bihurtzen denean.

Honengatik, batzordeak erabaki du pauso bat gehiago ematea eta enpresari  konpromiso zehatzak eskatzea, enpleguaren egonkortasuna, plantillako langile kopurua, lanpostuen eustea edo negoziatzen ari diren etorkizuneko egoeraren baldintza ekonomikoak bezalako gaietan.

Usoa tailerraren etorkizunari buruz dagokionez, eskatzen dutena da bitarteko propio bezala jotzeak ez dezala ekarri lantaldea txikitzea, atalak desagertzea, zerbitzua azpikontratatzea, honezkero oso altua den ebentualitatearen igoera, lan-baldintzetan aldaketa funtsezkoak edo egiturazko lanpostuen desagertzea.

Langileek nahi dutena da bitarteko propio moduan jotzeak ekar dezala langile gehiago izatea, kontratuen egonkortasuna, langile askorentzat etorkizun bermatua, enplegurako sarbidea eta etorkizun duinaren bermea izan dadin aniztasun funtzionala duten langileentzat.