2026-06-17
HomeLAB SindikatuaLABFeminismoa, ekosozialismoa, demokratizazioa eta nazio garapena eta kohesioa izango ditugu oinarri eredu...

Feminismoa, ekosozialismoa, demokratizazioa eta nazio garapena eta kohesioa izango ditugu oinarri eredu sozioekonomiko berria birpentsatzeko orduan

Sindikalismoaren inguruko gogoeta sakona egiten jarraitzen dugu. Langileen eskubideen eta bizi baldintzen defentsa oinarri izanik, eta iparra Euskal Herria askearen xedean ezarrita, gure burua eraberritzen ari gara. Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa etengabeko aldaketan dago eta egoera horietan sindikalismoak eraginkor izan behar du aipatu helburuen alde. Gogoeta hori “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren barnean egiten hasi ginen duela urte batzuk. Hainbat aldaketa egin ditugu gure ekintza sozio-sindikalean eta antolatzeko moduan, 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zirenak. Orain, prozesu horrek bigarren urrats bat egingo du. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatu nahi ditugu. Hala, maiatzaren 16an emango diogu prozesu horri hasiera, Ordizian egingo dugun barne mailako mintegi batekin. 

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak agerraldi bat egin dute, “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen. Gure garaia: Euskal Herria eraldatzeko proposamenak” prozesuaren nondik norakoak eta gako politiko nagusiak azaltzeko.

Duela urte batzuk sindikalismoaren papera izan genuen gogoetaren ardatz. Orain, eredu sozio-ekonomikoari begiratu nahi diogu. Izan ere, eredu sozio-ekonomiko berri baten premia dago, ez baita sostengarria, eta, bide hori marrazten, sindikalismoak aktibo bat izan behar duela iritzi dugu.

Igor Arroyok azaldu bezala, LABek lau iturri hauetatik edango du eredu-sozioekonomikoa birpentsatzeko: feminismotik, bizitza erdigunean jarriz eta lan guztien banaketa oinarri; ekosozialismotik, gutxiago kontsumitu eta gutxiago kutsatu printzipioak ardatz; demokratizaziotik, langileen erabakitzeko ahalmena bermatzeko; eta nazio garapena eta kohesiotik, Euskal Herriak etorkizuna izan dezan herri gisa.

LABeko idazkari nagusi ondokoak nabarmendu du, nahi dugun eredua irudikatzeaz gain, trantsizioa antolatzea ere dagokigula; hots, herri gisa ariketa egin eta proposamenak plazaratu, kontrabotere eraldatzailea den sindikatu bat garen heinean. Eta lan horretan hasiko gara ostegunean, Ordizian egingo dugun mintegiarekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.