2026-07-25
Blog Page 637

Sexu jazarpen kasu berri bat salatu dugu epaitegietan

Azpikontratatutako garbitzaile baten kontrako sexu jazarpen bat salatu dugu gaur, Bilboko epaitegien aurrean. Derioko enpresa batean izan da jazarpena, eta 2016. urteko amaieran hasi ziren gertakariak. Salaketa sartzera ausartzea ez da erraz, horregatik langileak izan duen duintasuna eta kemena balioan jarri nahi dugu. Era berean, LAB sindikatutik jakitera ematen dugu lan eremuan ematen den indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraituko dugula.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzan mobilizazio gehiago antolatuko ditugula jakinarazi dugu sindikatuok, FVEM patronala mugiarazteko

0

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok agerraldi bateratu bat egin dugu Bilbon, lan hitzarmen duin bat lortu arte borrokan jarraituko dugula berresteko. Greba egunen balorazio baikorra egin eta gero, pilota FVEM patronalaren teilatuan dagoela adierazi dugu. Hortaz, patronala mugiarazteko mobilizazio gehiago antolatuko ditugula jakinarazi dugu, langileekin batzarrak egin eta gero. "Patronalak jendaurrean negoziatzeko prest dagoela sinestarazi nahi du, baina guztiok ikusi dugu hori ez dela egia", esan dugu, mobilizazioen beharra nabarmentzeko.

Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiok mezu argi bat zabaldu nahi dugu: Hitzarmen duin bat lortzeko asmo irmoa dugu, sektorean sortzen den aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin eta langileek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko.

Beraz, orain FVEMek mugitu behar du fitxa. Hau da, Negoziazio Mahaiaren iraileko azken bileran esan genion bezala, eduki zehatzak proposatu eta eskubideak garatu behar dituzte Negoziazio Mahaian; subrogazioa, aldi baterako enplegua, eta ABLEak gisako gaiei dagokienez. FVEMi dagokio Negoziazio Mahaia deitzea eta maiatzaren 10eko plataforma sindikalari erantzun positiboa ematea.

"Patronalak zerbait aldatu badu, komunikatzeko modua izan da. Uda aurretik ia ez zen iritzi publikoaren aurrera agertzen, baina orain bai. Haatik, ematen duten irudia ez da erreala: haiek mugitzen ei dira, eta sindikatuak ez. Negoziazioko edukietan, hots, benetan axola duten kontuetan, jarrera erabat immobilista du", salatu dugu agerraldian.

 

 

 

Ez dugu parte hartuko Osakidetzak deitutako aldebiko bileran

0

LAB ez da joango astearte honetarako Osakidetzak deitu gaituen aldebiko bilerara, eta honela jakinarazi diogu idatziz gaur bertan Osakidetzako zuzendaritzari. Pasa den astean Mahai Sektorialetik altxatu ostean, ez zaigu serioa iruditzen, egun batzuk baino ez direnean pasatu adar jotze horretatik, beste bilera batera deitzea, inolako azalpenik eman gabe.

Osakidetzako Zuzendaritza Mahai Sektoriala edukiz husteko urratsak ematen ari da, edozein eduki negoziatzaile alboratuz eta sindikatuokin existitzen ez den harremana irudikatzeko eskaparate propagandistakoa bihurtuz. Osakidetzak ez ditu gutxienekoak betetzen, ez edukien aldetik, ezta formen aldetik ere, eta ondorioz, sindikatuontzat eta guk ordezkatzen ditugun milaka langilerentzat errespetu faltan ari da.

Osakidetza marra gorri guztiak zeharkatzen ari da, eta azken Mahai Sektorialean sindikatu batzuekin gutxiengoan sinaturiko EPE eredu berria eta leku-aldatze prozesua ekarri zituen besapean, inolako lotsarik gabe.

Osakidetzako zuzendaritza, jarrera honekin, LABekiko komunikazio zubi guztiak apurtzen ari da. Izan ere, lasai asko esan dezakegu urte luzetan ezagutu dugun zuzendaritzarik txarrenetarikoaren aurrean gaudela. Ez diguzue sinestaraziko hauxe dela “gardentasun eta aldaketarako” zuzendaritza, ezta? Osakidetzako Zuzendari Orokor hori, hauxe da ETBn emandako denboran ikasitako guztia? Koloredun kapela gutxiago, eta seriotasun handiagoa, mesedez.

Bitartean eta jarrera aldatu ezean, ezer gutxi hitz egin behar dugu Osakidetzarekin. Aldebiko bilerarik egin baino lehen, hobe lukete benetako mahai sektoriala deitzea, edukiz eta benetako gaitasun negoziatzaileaz. Bestela, “lidergoari” buruzko erretorika enpresa diskurtso faltsua baino ez da izango.

 

 

 

Kataluniako herriaren alde mobilizatzera deitzen dugu, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia salatzeko

0

Procesaren epaiketa demokrazian sinesten dugun guztion kontrakoa izan da, baita zigorra ere. Elkartasuna adieraztearekin batera, basakeria juridiko eta politiko hau salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, Gure Esku herri dinamikak iragarritako protestetatik hasita. Eman diezaiogun benetako babesa eta bultzada Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere bultzada berria izan dezan.

Kataluniako procesaren inguruko epaiaren aurrean, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bidegabeki zigortuak izan diren buruzagi politikoei eta herri ordezkariei. Haien guztien askatasuna eskatzen dugu, baita erbestean direnen etxeratzea ere.

Herrioi dagokigun autodeterminazio eskubidea delitu bihurtzen duen errelatoa gailendu da, independentismoaren kriminalizazioari eusteko Espainiako Estatuak ezinbesteko duen errelatoa. Demokraziaren eta askatasunen kontrako eraso oso larria da, herriari hitza eman eta herriak hitz egin izana zigortzea.

Atxiloketak, espetxeratzeak, zaurituak, 155a, biolentzia eta okupazio poliziala…Espainiako Gobernuak makinaria errepresibo guztia martxan izan du Kataluniako herriaren aurka. Eskubide indibidual eta kolektiboak urratu dituzte, eskubide zibil eta politikoak bahitu. Bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak egingarri zirela esaten zuten haiek; bada, beren ekintzekin erakutsi dute ezetz, hori ez dela horrela, eta ez dela izango, izan Gobernua kolore batekoa ala bestekoa.

Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak proiektu guztiak bideragarri ez izatea dakar. Eta 78ko errejimen autoritario eta antidemokratikoarekiko edozein mehatxuren aurrean erantzuna beti da bat eta bera: errepresio politikoa eta birzentralizazio gehiago, Estatuaren batasunari eusteko.

Gaur, zoritxarrez, epai gogor honek argi uzten digu Estatuaren izaera antidemokratikoa, egunotan oso agerian geratu den izaera, Franco diktadorearen gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzeak sortu duen arrabotsarekin. Franco hil zen, baina hark utzitako oinordetzak bizirik darrai.

Euskal Herrian ongi baino hobeto ezagutzen dugu zertan datza espiritu antidemokratiko hori. Duela egun gutxi berretsita geratu da berriro Altsasuko gazteekin, beste kasu bat non ez den justiziarik egon, ezta oinarri eta berme juridikorik ere, oinarrizko eskubideak urratu baitituzte, Estatuaren mendeku egarria helburu, hainbat eta hainbatetan gertatu bezala. Asteburu honetan hamar urte bete dira Bateragune auziko atxiloketetatik, herri honek behin eta berriz sufritu ditu bidegabekeriak, kartzela urteak eta urteak ditugu bizkar gainean, torturak pairatu ditugu, salbuespenezko espetxe politika zitalak bere horretan dirau oraindik… Preso politikoak dituen herri bat ez da herri normalizatua, ezta demokratikoa ere.

Gertatzen ari dena pentsaezina litzateke estatu demokratiko batean. Espainiako Estatuak bizi duen lurralde krisiari eta krisi sozialari aterabide demokratikorik emateko inolako asmorik ez du. Ez dauka eskaintza demokratikorik gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun herrientzat, ezta ere egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala auzitan jarriz bizitza duin baten alde aldaketa sozialaren alde borrokan diren hainbeste herri sektorerentzat. Estatuaren inboluzio antidemokratiko horren aurrean jendarte sektore gero eta zabalagoek eredua bera zalantzan jartzen duten honetan, erabateko autoritarismoa da erantzuna.

 

 

 

Eusko Irratiko LABek zuzendaritzaren jarrera salatu du

0
Erredakziotik bertatik jakitera eman zaigunez, iluntzeko informatiboaren hasieran Iratxe Etxabarria zuzendari-ordearen deia jaso zuten, Altsasuko gazteen auzian Bel Pozuetaren hitzak (gurasoen bozeramale) aideratzea gaitzesteko.

Eusko Irratiko LAB, aurreko asteazkenean (urriak 9) informatiboetako erredakzioan izaniko gertaera baten berri ematera datorkizu.

Erredakziotik bertatik jakitera eman zaigunez, iluntzeko informatiboaren hasieran Iratxe Etxabarria zuzendari-ordearen deia jaso zuten, Altsasuko gazteen auzian Bel Pozuetaren hitzak (gurasoen bozeramale) aideratzea gaitzesteko. Zuzendaritzak argudiatu zuen Pozueta anderea EH.Bilduren hautagaia izatea Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan eta, oraintxe bertan, hauteskunde-kanpainako tartean egotea.

Kanpainan egon-ez egon eztabaidagarri izateaz bat, LABek gogoratu nahi du ez dela halako ardurarik izan Espainiako Gobernuko kide eta Kongresurako hautagai Carmen Calvoren edota Maria Solana Geroa Bai-ko hautagaiaren hitzak aideratu izan direnean (Maria Solana egun horretan bertan elkarrizketatu zuten Radio Euskadin).

Gertaera honek izan zuen bigarren atal desatsegin bat: langileen ordezkari batek (erredakzioan bera ere) , zakarki, Zuzendaritzaren aginduak ez betetzeagatik izan genitzazkeen ondorioak azaldu zizkion erredakzioko lankide bati. Gisa horretako kuraia eskertuko zitzaion telefono-deiaren aurrean.

 

 

 

CIE Alurecy-ko greba amaitu da, CIE Automotiveko beste lantokietan langileen birkolokazioa bermatuko duen akordioa lortu eta gero

0

Akordioa lortzea gogorra izan da, 26 eguneko erabateko greba egin behar izan baitute langileek CIE Automotive taldeak euren eskaerak onartzeko. CIE Alurecyko langileen konpromisoa txalotu nahi dugu eta Elgetako herriaren eta inguruko langileen elkartasuna eskertu. Horrelako akordio onek erakusten dute eskubideak borrokaren bidez lortzen direla.

Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu LAB sindikatuak akordioa lortu duela Elgetako CIE Alurecy enpresako zuzendaritzarekin. Akordio horretan grebari jarri genizkion helburu guztiak lortu ditugu. Gaur gauzatutako langileen batzarrean, langileek akordioa ontzat eman dute. CIE Alurecyko langileak greba mugagabean zeuden irailaren 16az geroztik. Ordutik hainbat mobilizazio egin dituzte Elgetako lantokiaren itxieraren aurrean, lanpostuen defentsan.

LABek lortutako akordioan, langile guztien birkolokazioa bermatu da CIE Automotiveko beste lantokietan. Langile bakoitzari, gainera, gutxienez orain arte zituen soldatak eta lan baldintzak bermatuko zaizkiela hitzartu da. Langileen esku egongo da, era berean, hala nahi izanez gero, birkolokazioei uko egitea, legeak ezartzen duen kalteordaina baina handiagoaren truke.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrera iritsi da Bizkaiko Metalgintzako langileen aldarria

0

Bizkaiko Metalgintzako langileen aldarriak entzun ditu, bertatik bertara, Iñigo Urkullu lehendakariak. “Bizkaiko Metala borrokan” eta “Urkullu FVEM berdin da" oihuen artean kaleratu dituzte langileak Gasteizko Legebiltzarretik, euren haserrea erakutsi ondoren. Behin kanporatuta, lan hitzarmen duin bat lortu arte borrokak aurrera jarraituko duela berretsi dugu sindikatuok, komunikabideen aurrean. "Urkulluk, berriro ere, bizkarra eman die langileei", adierazi dugu.


 

 

 

Aste osoko greba erregistratu dugu Gipuzkoako Grafikagintzan, azaroaren 4tik 8ra, hitzarmen duin baten alde

0

Greba egunez gain, mobilizazio ugari ere egingo ditugu sektorean. LABek langile guztiei dei egiten die mobilizazioetan parte hartzeko. Gaur bertan, Adegiren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, greben erregistroa bertan egin eta gero.

Ozen eta argi diogu: borroka soilik amaituko da Gipuzkoako Grafikagintza sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina sinatuko den egunean. Zortzi greba egunen ostean, LAB, ELA eta UGT sindikatuok greba deialdi berria erregistratu dugu azaroaren 4tik 8ra negoziazioari ekin eta hitzarmen duina exijitzeko. Guztira, 13 greba egun.

Funtsezko gauzak eskatzen ari gara, egun sektoreak bizi duen egoera onarekin bat datozenak. KPItik gorako soldata igoerak, lizentziak gaurkotzea eta hobetzea, kontratazioa hobetzea eta Estatuko hitzarmenaren mehatxuaren aurrean hitzarmena blindatzea dira gure aldarrikapen nagusiak. Neurri hauek guztiak, justuak izateaz gain, lorgarriak dira. Urteetan sakrifizioak jasan ostean, sektoreko langileok behar-beharrezkoak ditugu,

Enpresariek badakite: 8 greba egun egin ditugu eta gehiago egingo ditugu akordio justua lortu arte. Lantokiak aste osoa geldiaraziko ditugu ADEGIk langile guztiontzako akordio justu bat negoziatu gabe jarraitzen baldin badu. LABek negoziaketa eta akordioa lehenesten ditu, baina ate guztiak ixten zaizkigunean, borroka egitea beharrezkoa izateaz gain, erantzukizun ariketa bat da. Patronalak akordioa nahi badu, izango du. Patronalak sindikatuetako eskaerei entzungor egiten dien bitartean, gatazka areagotuko da. Patronalak aukeratu behar du. 

 

 

 

Sexu-jazarpen kasu berri bat salatu egin dugu, azpikontratatutako garbitzaile baten kontra oraingoan, Derioko enpresa batean

Kasu hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu, datorren astelehenean, urriaren 14an, goizeko 11:00etan, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean.

Gertakariak 2016ko amaieran hasi egin ziren, enpresa horretako arduradun nagusi bat langilearengana zuzentzen hasten denean kafea egin ziezaion eskatuz. Ordurarte ez zuen berarekin elkarrizketarik mantendu, baina une horretatik aurrera sexu-jazarpen bati ekingo dio, gaur egun arte iraun egin duena.

Enpresako goi mailako kargu honek whatsapp bitartez mezuak idazten dizkio, lan ordutegitik kanpo eta konnotazio sexual argiarekin. Behin eta berriz deitu egiten dio, batzutan baita 5 alditan jarraian ere eta gaueko ordu txikietan. Lan egin izan duen bitartean behatu eta kontrolatu egin du, bere bulegoan sar dadila aditzera emanez. Espazio isolatu eta txikietan topaketak bilatu ditu, eta, langilea etxera itzultzen zegoela, tren geltokirako bidean, bere atzetik ibiltzera ailegatu izan da.

Denbora luzez, langileak ez zuen salaketarik jarri errepresaliak pairatzeko beldurragatik. Lan zentro honetan ematen zuen bere lanaldiko atalik handiena, bertan egiten zituen lan ordu gehienak. Ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa enpresaren aldetik, baita bezeroaren aldetik ere, azken honetan, akosatzailea lehen lerroko kargua zelako. Hilabete askotan zehar bortitza eta umiliagarria zitzaion egoera bat sufritu behar izan du, azkenean gaixoarazi egin diona. Gaur egun antsietate handiko jazoerak pairatzen ditu.

Emakume langile honen ausardia azpimarratu nahi dugu. Lan eremuan, emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria kasuak egunero ematen dira, baina esaten eta salatzen ez den errealitate bat da. Salaketa jartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalen faltari eta gaur egungo justizia patriarkalak eragiten duen konfidantz faltari, elementu berriak gehitzen zaizkio: lana galtzeko beldur eta mehatxu latentea, alegia.

Salaketa sartzera ausartzea ez da erraz, horregatik langileak izan duen duintasuna eta kemena balioan jarri nahi dugu. Era berean, LAB sindikatutik jakitera ematen dugu lan eremuan ematen den indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraituko dugula. Kasu honi aurre egingo diogula bide juridikotik, baina batez ere, antolatutako ekintza sindikaletik. Ahizpatasun eta elkar zaintzako mekanismoak martxan jarriko ditugu, oraindik eta indartsuagoak izan gaitezen eta irmotasunez erantzungo diogu emakumeen aurkako indarkeria seinale txikienari ere.