2026-07-26
Blog Page 634

Bilera deialdi berri bat luzatzen diegu patronalei eta Hezkuntza sailari Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berresten dugu, eta hezkuntza sailburuak azken egunotan egindako adierazpenak kontuan izanda, patronalak eta hezkuntza saila bilera deialdi berri batetara deitzen ditugu datorren urriak 24an goizeko 10.00etan LHKan edota komenigarri ikusten duten beste edozein lekutan.

Sektoreko langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. 2017Ko Azaroan, AICE-IZEA patronalen jarrera hertsiak mahaitik altxatu beste biderik utzi ez zigutenetik, mobilizazio ugari gauzatu ditugu, hainbat elkarretaratze, eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta, besteak beste, langileen babes zabala izan duten 27 greba egun 2 ikasturtetan sakabanaturik.

Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman du, eta sindikatuok adostasunak erdiesteko jarrera eta asmo garbia azaldu eta saiakerak egin ditugu etengabe.
Saiakera hauen artean aurkitzen dira, sindikatuok pasa den ikasturtean hezkuntza saila eta sektoreko patronalei LHKan biltzeko egindako bi bilera deialdi, lehenengoa apirilak 2rako, 10 greba eguneko mobilizazio egutegia abian zela, eta bestea maiatzak 30erako, mobilizazio egutegi haren baitan gauzatutako azken greba egunak behin igaro ondoren.

Halabaina, prozesu honetan guztian bezala, bilera deialdi hauen aurrean ere, patronalek eta hezkuntza sailak erabateko arduragabekeriaz jokatu zuten. Patronalak lehenengo bilera deialdira ez agertzeko erabakia hartu eta publiko egin zuen, greba deialdia abian zela aitzakiatzat erabiliaz; bigarren bilera deialdira berriz, maiatzeko greben aurretik ezaguna zen eta langileen eskaerei erantzutetik urrun dagoen proposamen berdina ekarri zuen, sindikatuok onartuko ez genuela jakinda. Hezkuntza sailak berriz, biak ekiditeko moduak bilatu zituen, lehenengoan, Kristau Eskola patronal nagusiaren ez agertzeko erabakiaren atzean ezkutatuz eta bigarrengoan gure bilera kontraprogramatu eta eduki gabeko bilera batera deituz sindikatuok aurreko egunerako. Izan ere bide honetan guztian, eta sindikatuok behin eta berriro salatu dugun moduan, hezkuntza sailak gatazka honetan daukan ardura bere gainetik kendu eta bere irtenbidean parte hartzea ekiditera bideratu ditu bere ekintza guztiak, gatazka honetan zerikusirik ez daukala mantenduz uneoro.

Hau guztia kontuan hartuta, azken egunotan Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak, hau da, sindikatu eta patronalekin biltzeko prestutasuna adierazten dutenak, deigarriak egiten zaizkigu, eta kautelaz hartzen ditugu, bereziki kontuan izanda adierazpenok egiten diren unea. Gogoratu behar dugu pasa den ikasturteko azken greba egunetik (maiatzak 9) bost hilabete baino gehiago igaro direla, bost hilabete hauetan ez dela inolako pausorik edota mugimendurik egon ez patronal ez hezkuntza sailaren aldetik, eta azkenik LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok hilabeteko greba deialdia publiko egin dugunean iritsi direla adierazpen hauek. Aldi berean, bereziki larria deritzogu Patronalaren ixiltasunak adierazten duen utzikeriari.

Edonola ere, sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berresten dugu, eta hezkuntza sailburuak azken egunotan egindako adierazpenak kontuan izanda, patronalak eta hezkuntza saila bilera deialdi berri batetara deitzen ditugu datorren urriak 24an goizeko 10.00etan LHKan edota komenigarri ikusten duten beste edozein lekutan.
Urte luzeetan zehar sektoreko patronalek eta Hezkuntza sailak hartutako erabakiak izan dira, hezkuntzan eragin kaltegarri zuzena duten sektoreko lan baldintzen kaskartze bat ekarri dutenak, eta egungo gatazkara eraman gaituztenak. Sektoreko patronalek eta Hezkuntza sailak daukate beraz, langileen eskaerei erantzuten dieten eduki eta planteamenduak eginez eta negoziazio prozesu batek eskatzen duen zintzotasunez, gatazka hau bideratzeko ardura eta aukera. Jakin badakite adostasunak erdiesteko giltzarriak non dauden, pasa den martxoak 29an bai patronal bai hezkuntza sailari helarazi genien giltzarrien dokumentuan jasotzen diren heinean.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, orain arte bezela, hitzegiteko edozein formula onartzeko prest gaude, beti ere langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura eta aukera duten eragile guztien inplikazioa eta parte hartzea bermatzen badute, eta adostasunak ahalbideratuko dituzten eduki eta planteamenduak bermatu aurretik greba dinamika bertan behera uzteko baldintzarik eskatzen ez badute.

Horrela, espero dugu Hezkuntza sailak egindako adierazpenen atzean, gatazkaren irtenbidean inplikazio eraginkorra izan eta langileen eskaerei erantzuna emango dioten eduki eta planteamenduak egin eta bultzatzeko asmoa egotea eta ez, hauei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko asmo soila.

Patronalari berriz, bereziki une honetan erakusten ari den utzikeria eta inmobilismotik irten eta gatazka bideratzeko proposamenak egiteko galdegiten diogu.
 

 

 

Correos zigortu dute eskubide sindikalak urratu dituelako

0

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Sociedad Estatal Correos y Telégrafos S.A. zigortu du 3.125 euro ordaintzera, LAB Sindikatuari askatasun sindikalaren oinarrizko eskubidea urratu zaiolako.

Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak berresten du Jundizeko Industrialdean dagoen Tratamendu Automatizatua egiteko Zentroaren ekoizte-gunera sartu ahal izatea ukatu zitzaiela bi ordezkari sindikalei eta hori egitean urratzen dela askatasun sindikalaren oinarrizko eskubidea; aipatu egintza guztiz baliogabetuz.

Jadanik indarrean dagoen ebazpen honek Correos zigortzen du Arabako Correosen LABen sail sindikalari egin kalteak eragin zituen ondorioak ordaintzera. Aurrekaria ezartzen du enpresak etorkizunean egin ditzakeen egintzetan.

LABek eutsiko dio langileen eskubideen aldeko lanari, eta nahiz eta trabak jarriko balizkigute ere, beharrezkoa gertatuko den guztietan esku hartuko genuke languneetan.

 

 

 

[IRITZIA] “Euskarafobia gori-gorian Nafarroan”

LABeko kide Amaia Aurrekoetxeak, Imanol Karrerak eta Iñigo Orellak onartezinatzat jo dute Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia, UGTk Euskararen Dekretuaren kontra jarritako helegitea dela eta. Erabaki honi buruz idatzi dute.

Onartezina da Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia UGTk Euskararen Dekretuaren kontra jarritako helegitea dela eta. Eleaniztasuna inoiz baino baloratuago dagoen garaiotan, LABen iritziz ulertezina da hizkuntza eskubideen berdintasunaren aurka halako egoerak jasan behar izatea. Euskarak, hizkuntza gutxitua den heinean, babes neurriak behar ditu, bere aldeko neurri positiboak hain zuzen ere, eta ez diskriminatutako hizkuntza izaerarekin jarraitzeko bideak zabaldu.

Auzitara eramandako dekretuaren kontra azaldu zen LAB, euskararen normalizazioaren bidean arautzen ziren aurrerapausoak hutsaren hurrengoa zirelako, eta batez ere, egun indarrean dagoen Euskararen Legearen altzoan sortutako edozein dekretuk ezin dituelako bermatu inondik inora Nafarroako herritarron hizkuntza eskubide demokratikoak, Europako Hizkuntza Gutxituen Kartan aitortuak direnak. Bai dekretuak, bai Legeak, nafar batzuek beste batzuen gaineko diskriminazioa arautuz, ontzat ematen dute inon gertatzen ez den zonifikazioa, euskara bertako hizkuntza izanik. Epai honek berresten du LABen posizioa zuzena izan zela, eta ezinbestekoa bezain premiazkoa dela euskararentzako lege berri bat, herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortuko dituena, diskriminaziorik sortuko ez duena eta herritarrei aukera emanen diena hautatzeko bertako zein hizkuntza erabili nahi duten administrazioarekin.

Arras kezkagarria da ikustea PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako akordio programatikoan ez dela inondik inora kolokan jartzen nafarron artean hizkuntza segregazio sortzen duen lege baztertzailea. Ezin ahantzi aurreko legegintzaldian PSNren ekimenez eta Izquierda-Ezkerra eta eskuinaren babesarekin irakaskuntzan irakasle elebidunei elebakarrekiko ezarritako diskriminazioa eta zigorra, gainontzeko eremu eta tokietan erabiltzen den zerrenda bakarra eragotziz. Oraingoan koherenteena litzateke, Geroa Bai egungo gobernuko kide izanik, Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren kontra helegitea jartzea aurreko gobernuak onartutako dekretua defendatuz, eta, edozein kasutan, lan deialdietan euskara meritutzat hartzea ala ez administrazioaren esku uzten denez gero, gobernuak bermatzea hala izanen dela Nafarroa osoan. Ikusiko dugu ea gobernuak gure hizkuntzaren erabilera arautzeko burujabetza defendatuko duen ala halako erasoa ontzat emanen duen gure aferei buruz erabakitzeko ezintasuna berriz ere agerian utziz…

Bestalde, sindikalismoaren oinarriaren guztiz kontrakoa da ikustea nola UGT bezalako sindikatu baten ahalegina, gutxi batzuen pribilegioak defendatzeagatik, herritarren oinarrizko hizkuntza eskubideen kontra bideratzen den.

UGTk lehenesten du hizkuntza gaitasun gutxiago izanda, beraiek asmatutako funtzionarioa izateko eskubidea, herritarrak administrazioaren aurrean artatuak izateko bertako hizkuntza aukeratzeko oinarrizko eskubidearen gainetik. Momentuz bere arduragabekeriak LEP prozesuetan murgilduta edo murgiltzear dauden ehunka langileei eraginen die, baita leku-aldaketa egin dezaketen langile finkoen eskubieetan ere.

UGTren jarreraren atzean euskarafobia baino ez dago, eta horretarako gezurrak erabili dituzte birala bihurtu den bideo batean. UGTko Nafarroako arduradunak esan du zonalde ez-euskaldunean edo mistoan inor minduta senti daitekeela errotuluetan informazioa euskaraz azaltzeagatik. Lehenbizi euskaraz eta hizki larriz eta ondoren gaztelaniaz eta hizki xehez, baina ebidentziarik ez du eman.

Elizalde jauna: esan diezagukezu non ote dauden halako errotuluak? Norbait minduta sentitzen bada igogailuetan braille erabiltzeagatik, kendu behar da? UGTren helegitean zergatik ez dute jo frantsesa edo alemana meritu gisa baloratzearen aurka eta bai euskararen aurka?

Akaso Nafarroan Europako hizkuntza hauen eskaria eta ezagutza soziologikoki justifikatuta dago (hau da euskararen erabilera bermatzearen kontra zonalde diskriminatuan erabiltzen duten argudioa)? Euskara baloratzea diskriminatzailea da eta alemana baloratzea ez? Zoritxarrez ez UGTk eta ezta Elizalde jaunak ere ez dituzte galdera hauek erantzunen. Jarrera hau ulertzeko argudio bakarra dago: euskarafobiak jota daude.

Honengatik guztiagatik, LABek dei egin nahi die Nafarroako langileei zein jendarteari larunbatean bezala mobilizatzen jarraitzera, Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko aukera bermatuko duen euskararen lege berri bat lortu arte.

Justizia, berdintasun eta kohesio kontua baino ez da.
 

 

 

Enplegu publikoa egonkortzeko ezin dugu epaitegien menpe egon, eta lege propioa aldarrikatzen jarraitu behar dugu

Pasa den astean Madrilgo Epaitegi Kontentzioso-Administratiboak Europako Epaitegi Nagusiari egindako bi argipen eskaerei Abokatu Nagusiak bere iritzia plazaratu zuen. Aldez aurretik piztutako jakin-minak neurri batean argitu badira ere, desinformazio eta kezka handia dago langileen artean. Inflexio puntu hau bitarteko langileen egoera konpontzeko erabakigarria ez zela izango argi ohartarazi bagenuen ere, hainbat elementuen aldetik oraindik ere desinformazioarekin jarraitzeko estrategiarekin jarraitzen da. 

Ibilbide juridiko honetan pasa den asteko Abokatu Nagusiak (kasu bakoitza abokatu banak eraman du) publiko egindako iritziaren eragina era labur batean berriro ere argitzen saiatuko gara.

Arazoaren bi gakoak: finko bihurtzea eta kalte-ordaina

• Lehen gakoa bitarteko kontratazioaren iruzurrak sortutako kaltea ordaintzeko lanpostua finko bihurtzea eskatzen zen: abokatua aurka agertu da, espainiar estatuan ematen den jokabidea europar zuzentarauen kontra ez doala alegia.
• Bigarren gakoa bitarteko langileen kaleratzeagatik kalte-ordaina zen: abokatuek iritzi ezberdina agertu dute, bietako batek langileak kalte-ordaina jaso behar duela, eta kalte-ordainak ere administrazioentzat izaera disuasorioa, iruzurrak ez errepikatzeko hain zuzen, eduki beharko lukeela defendatu du.

Ibilbide juridikoa:

• Iragan astekoa Madrilgo Kontentziosorako Epaitegiak irekitako bide juridiko luze batean inflexio puntu bat izan zen, eta aukera batzuk asko ireki edo itxi zitzakeen. Abokatu Nagusiaren iritzia zen, oso eragingarria Europako Epaitegiak eman behar duen sententziari begira, baina iritzia besterik ez zen izan, ezer erabakigarririk ez. Europako Epaitegiaren ebazpena dator gero; ondoren Madrilgo Kontentziosoaren sententzia; balizko helegitea Auzitegi Gorenean, eta hurrengo helegiteak azken epaia eman arte.
• Bide luze hori marra gorri nabarmen batek baldintzatzen du, administrazio publikoaren sarbidearen aukera berdintasunaren printzipioa.
• Langileen egoeraz azkar probesteko elementuak agertu dira bidean, modu arin eta traketsean: afiliazioa kosta ahala kosta igotzea bilatzen duten sindikatuak; eta atsekabeak lagun, galtzeko ezer ez baina poltsikoa betetzeko aukerarik galtzen ez duten hainbat kabinete juridiko. Interes argiak daude desinformazioa eta nahasmena mantentzeko. Langile borroka kolektiboa urratzen duten maiz agertzen diren elementuak alegia.

Eta orain zer da egokiena?

• Berriro langileei eskatzen diegu gaiari errealismoaz heltzeko, eta sirena kantu tranpatietan ez erortzeko. Gainera, salaketak jartzeko aukerak daude beti, eskubideak ez dira galduko, beraz ez dago zertan presaka aritu beharrik. Errepikatzen dugu egokiena epaitegiek ebazten dutenaren zain egotea dela, eta ondoren jartzea salaketa. Alderantziz egin ezkero ordea, kontrako emaitza atzeraezinak lortzeko benetako arriskua dago.
• Bidea luzea izanik, gobernuek berebiziko erantzukizuna daukate enpleguaren eta egonkortasunaren aurrean, eta luzaroan ari dira epaitegien atzean ezkutatzen. Enplegu planak eta egonkortasun legeak aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu aukera berdintasuna bermaturik behin-behinekotasunarekin amaitzeko.

Euskal Herriko gobernuak eroso daude egonkortasuna kanpoko epaitegietan eztabaidatzen den bitartean. Gaiak planifikatu eta adostu baino, usteltzen utziz eroso egoten dira, eta muturren aurrean lehertzen direnean ordea, EPE potolo baina tranpatiekin eta marketin kanpainekin estaltzen dituzte arazoak. Aitzakiarik ez eta Enplegu publikorako plan integral bat negoziatzea, eta behingoz Egonkortasunerako Lege propio bat prestatzea exijitzen jarraitzen du LABek.

 

 

 

Sexu langileei ahotsa emango diegu Gasteizen, ostegunean egingo ditugun jardunaldiak direla eta

0

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak sexu-lanari buruzko jardunaldiak egingo ditu urriaren 24an, Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxean, 10:00etatik 14:00ak bitartean, “Sexu lana: kriminalizazioa edo aitortza” izenburupean.

“Langileria zeintzuk osatzen dugun erabakitzea guri dagokigu”. Hitzez hitz, horrela jasoa geratu zen LABen 9. Biltzar Nagusian gure erabaki nagusietako bat; klase subjektu berria osatzeko gure konpromisoa, alegia. Luze eta zabal aritu ginen langile klasea zatitzeko kapitalaren estrategiari buruz, eta lanaren ikuspegi integralari erreparatzeko beharra azpimarratu genuen. Langileria ulertzeko kontzepzio klasikoa -eta murritza- aldatu, gainditu, eta beste parametro batzuetan kokatzeko erabakia hartu genuen, langileriaren definizio zabal, anitz eta integratzaileago bati ateak zabalduz.

Lanaren ikuspegi integralago horren baitan, izan nekazari edo kooperatibista, edo bere lan indarraz bizi den autonomoa, izan kaleko saltzaile, etxeko langile edota sexu langile, denok gara langileak, denok osatzen dugu Euskal Herriko langileria. Langile subjektu zabal eta anitz horri borrokarako eta antolakuntzarako proposamenak egiteko konpromisoa hartu genuen orduan, eta bide horretan etengabe ari gara urratsak ematen geroztik.

Bide horren logikan beste pauso bat ematera goaz datorren urriaren 24an, Gasteizen. Euskal Herriko langileriaren parte diren sexu langileak zein egoeratan dauden eta zer eskatzen duten jakin nahi eta behar dugu. Sexu langileak subjektu politikoak bezala ere aitortzen ditugu, eta, horregatik, beren ahotsa entzutea ezinbestekoa da guretzat. Ez dugu haien ordez hitz egingo, haiei hitza eman eta entzun egingo diegu.

Jakinda prostituzioari buruzko eztabaida zabala eta konplexua dela, badirela bi errealitate ongi bereizi beharrekoak -prostituzioa eta trata- eta badirela prostituzioari buruzko jarrera ezberdinak -debekatzailea, abolizionismoa, erregularizazioaren aldekoa, despenalizazioaren aldekoa, eskubideen aldekoak-, jakinda ere prostituzioa ezin dela aztertu testuinguru kapitalismo heteropatriarkala kontuan izan gabe… hori guztia jakinda, sexu langileek pairatzen duten estigma gainditu eta haien egoera hobetzeko antolatzea ezinbestekoa dela ulertzen dugu. Hori horrela, sexu langileekin zer nolako aliantzak sortu hausnartu eta eztabaidatzeko gogoeta prozesua abian dugu LABen eta urriaren 24an izango dugu hurrengo hitzordua. Sexu langileek ere modu autonomo, burujabe eta duin bat izan dezaten, LABen ekarpena zein izan behar duen definitzera goaz.

 

 

 

Salatzen dugu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hauteskunde garaia baliatzen duela eskola sukaldeen edukizko iragarki hutsak egiteko

0
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere azpiegitura-planari buruz egindako iragarpenaren aurrean, non jasotzen baita in situ sukaldeak lehentasuna direla eraikin berrietan, (hala adierazi zuen, urriaren 16an, Hezkuntzako Kontseilariak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean), LABetik egoera beste bat dela salatu nahi dugu.

Hezkuntza Sailak ez du bere Plan propioa betetzen, ezta sukaldeen eraikuntza jasotzen duen 2017ko ekainaren 21eko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean hartutako akordioa ere.

Muskizko BHI eraikin berriak eta bertako ikasleek izango duten diskriminazioa salatzen dugu, bertan sukalderik ez dutelako eraikiko, familiak ikastetxerako Liburutegia edo in situ sukaldea eraikitzearen artean erabakitzera behartuz.

Ondorio zuzenenetako bat elikagai freskoekin erabat deskonektatzea izango da, eta horren ondorioz kalitate gutxiko elikadura lortuko da.

LABetik exijitzen dugu Hezkuntza Sailak publizitateari uztea, bere erantzukizuna betetzea, Hezkuntza Batzordearekin, eta in situ sukaldeak eraikitzea ikastetxe publiko guztietan.

 

 

 

Orozkoko Galletas Artiach enpresak kaleratutako sei emakumeei babesa agertu diegu, biharko epaiketaren bezperan

0

Orozkoko Galletas Artiach enpresako langileak gaur mobilizatu dira, LABek deituta, behin behinekotasunaren aurka eta kaleratutako emakume langileak berronartzearen alde. Hain zuzen ere, enpresak sei emakume kaleratu ditu, kontratu finkorik ez egiteko. Kaleratze hauen aurkako salaketa dela eta, epaiketa izango da bihar.

 

 

 

Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoan izango dituzte igandean, Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkaren 50. urtemugan

0

Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkatik 50 urte bete dira. Erandioko Oroimena plataformak omenaldia antolatuko du urriaren 27an, igandea, Astrabuduan, polizia frankistak orduko protestetan hildako Anton Fernandez eta Josu Murueta oroitzeko. Omenaldi horren xehetasunen berri eman dute gaur.

Hauxe da Erandioko Oroimena plataformako kideek gaurko agerraldian irakurri duten oharra:

Orain 50 urte Erandioko herritarrok kalera atera ginen gure herrian ezin zelako arnasarik hartu. Zenbait egunetan kalera ateratzeko ahoa eta sudurra estalita atera beharra zegoen, eskegitako arropak kolore horixka hartzen zuen, eta gune industrialera gehiegi hurbilduz gero, emakumezkoek zerabiltzaten mediak erre egiten ziren.

1968an, Anton Fernandez eta Josu Murueta hil baino urtebete lehenago, Bilbo Handiko eztarirko minbizi tasa Estatuko altuena zen. Hura arnasteko eta bizitzeko benetako borroka bilakatu zen.

1969ko urriko 28an polizia frankistaren bala batek Anton Fernandez jo zuen, eta 15 egun koman egon eta gero hil egin zen. Egun horietan zehar polizia batek bere gela zelatatu zuen.
Hurrengo egunean Josu Muruetak, beste hamaika herritarrek bezala, bat egin zuen Antonen heriotza salatzeko grebarekin eta Josu ere bala batek sabelaldean jo eta erahil egin zuen.

Ospitaleak, gainera, egun batzuk geroago, emazteari deitu zion jasotako osasun zaintzaren gastuak erreklamatuz.

Egun batzuk geroago, epaiketa militar bat burutu zen, baina ez zen ezertan gelditu. Ez zen azalpenik egon. Parte hartu zuten agenteen ardurarik ez zen garbitu, ezta tiro egiteko agindua eman zutenena ere, kasua itxi egin zen besterik gabe. Istriputzat jo zuten… Lur-emateak ere tanketek eta zaldizko Guardia Zibilek zelatatuak izan ziren.

Gaur, 50 urte beranduago, urriaren 27rako, 13:00etan, Astrabuduako Josu Murueta Plazan omenaldia antolatu dugu. Erandioko Udalaren banalizazio eta eduki uztea salatu nahi dugu urteurren honetan. Erandioko Oroimena plataformatik, aurreko urteetan bezala, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskatuko ditugu. Zer gertatu zen jakin nahi dugu, errudunek ardurak har ditzatela, ezin direlako lehen eta bigarren mailako biktimak egon, ordua delako eta justizia egin beharra dagoelako

Eta batez ere, Anton eta Josu gogora ekartzeko gaude hemen, beraiek eta gure herriak haize giro garbia izateko emandako borroka gogora ekartzeko. Kontatzen ez dena gertatu ez delako, ez diogu utziko gertatutakoa gogoratzeari eta gure historia kontatzeari, Anton eta Josuren historia ere badena kontatzeari azken baten.

Oroimena ez dago salgai!

Gora Anton! Gora Josu!

Anton, Josu gogoan zaituztegu!

 

 

 

Epaiketa irabazi dugu: Tecman-ek greba eskubidea urratu zuen

0

Pasa den urriaren 14an, Industria sektorean indarrean zegoen lan gatazka luzeena konpondu zen, Tecman enpresan LABek lortutako akordio baten bidez. Horretarako, 105 greba egun beharrezkoak izan ziren, baina greba deialdiak hainbat oztopo bidegabe izan zituen. Izan ere, LABek Osakidetzaren eta Mendaroko ospitalean mantenimendu lana egiten duen Tecman SVA SL enpresaren kontra salaketa jarri zuen, LABen iritziz greba eskubidea urratzen ari zirelako. Gaur ezagutu dugun epaiak LABi arrazoia ematen dio, eta Tecman enpresa zigortu du, greba eskubidea urratu eta “jarrera antisindikala” izateagatik.

Epaiak frogatutzat ematen du aldi baterako kontratua zuen langile bati mugagabe egiteko eskaini egin ziola enpresak greba uzteko baldintzarekin, eta, era berean, Tecmaneko enkargatuek ezarritako zerbitzu minimoak gainditu egin zituztela ondorioztatzen du.

LABek oso gertakari larriak direla uste du, eta epai honek azpikontratazioaren atzean dagoena agerian uzten du:

Nola liteke Osakidetzak bere lantokietan “jarrera antisindikalak” eta greba eskubidearen urraketa onartzea?

Epai honek are eta balio gehiago ematen dio LABek sinatutako akordioari, izan ere, langileen eskaera guztiak jasotzen zituen honek: KPItik gorako soldata igoerak, guardiak borondatezkoak izatea, 3 kontratu mugagabe bihurtzea eta aldi baterako ezintasunak %100raino osagarritzea.

Greba eskubidearen urraketari aurre egin zioten Tecmaneko langileen 105 eguneko borroka zoriondu nahi dugu.

Borrokak fruituak ematen ditu!