2024-04-19
HomeIndustriaMetalgintza"Bizkaiko Metalgintzako lan baldintzak duindu eta egoera prekarioak gelditzeko hitzarmen bat nahi...

“Bizkaiko Metalgintzako lan baldintzak duindu eta egoera prekarioak gelditzeko hitzarmen bat nahi dugu”

Grebara deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan, hitzarmen duin baten defentsan. Sindikatuok bost greba egun egingo ditugu modu bateratuan, eta horietako lehena bihar, maiatzaren 23an, izango da. Negoziazio Mahaian LABeko ordezkari izan diren lagunekin hitz egin dugu, baita Bizkaiko eta Arabako Industria Federazioko arduradun Iratxe Azkuerekin ere, grebaren nondik norakoen berri izateko. Hain zuzen ere, Iratxe Azkuek erantzun ditu galderak.

-Grebara deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan, maiatzaren 23rako. Orotara, bost greba egun deitu ditugu sindikatuok (maiatzaren 23 eta ekainak 6, 7, 20 eta 21erako). Zergatik orain?
15 hilabete eta 18 bilera igaro dira Bizkaiko Metalgintzako Negoziazio Mahaia deitu zenetik. Denbora honetan guztian ez da inolako aurrerapausorik eman eta patronalak negoziazioa blokeatzen egon da etengabe. Eroso sentitzen zen, ez baitzegoen konfrontaziorik. Negoziazioaren hasieratik, LABetik esan dugu ez zela hitzarmen duinik egongo borrokarik gabe eta adierazi dugu borroka batasunaren bidetik jorratu behar zela. Iazko ekainean, Negoziazio Mahaitik altxatu ginen, ez ginelako prest halako antzerki batean parte hartzeko eta ez genuelako inolako asmorik patronalari babesa emateko. Orduan esan genuen sektoreko langileengana joko genuela, hitzarmen duin bat behar dutenak langileak eurak direlako. Hilabete hauetan guztietan, LAB bere kabuz mobilizatu da enpresa eta kalean. Borroka ideologikoa egin dugu, hitzarmena duina izan dadin zein eduki beharko lituzkeen gizarteratzen. Gainera, kurtso honetan, enpresa askotan akordio eta hitzarmen duinak lortu ditugu eta akordio hauek agerian utzi dute hitzarmen sektorial baten beharra, oinarria eta gutxieneko zorua izan dadin sektore osorako. Urtarrilean, pauso bat aurrera eman genuen, eta esan genuen grebak egiteko unea zela sektorean. Hala, gainontzeko sindikatuei dei egin genien konfrontazio fase berri bat abiatzeko.

-Sektorean prekarietatea nagusi dela diozue. Prekarietate hori zehaztuko zenuke? Zein lan baldintzei buruz ari gara hitz egiten?
Gaur egun, sektorean, 2003. urteko soldatak jasotzen ari diren langileak daude, beste batzuk 2011. Urteko soldatak, urte hauetan igoerak hitzartu dituzten langileak ere badaude… soldatari dagokionez, sektorearen desregularizazioa erabatekoa da. Honi gehitu behar zaio azpikontratazio kopuru handia, behin behinekotasuna, Aldi Baterako Laneko Enpresen gehiegizko erabilera, emakumearen presentzia urria sektorean eta soldata arrakala, gazteen sarbidea baldintza guztiz prekarioetan… Laburbilduz, Bizkaiko Metalgintzak, historikoki lan baldintza duinagoak izan dituen sektoreak, ez die bizitza duin bat bermatzen langile askori gaur egun. Eta hau guztia gertatzen da FVEM patronalak azken urteetan lortutako emaitza oparoak publiko egiten dituen bitartean. Lotsagarria eta sumintzeko modukoa da.

-Greba hauek historikoak izango direla nabarmendu duzute, batasuna lortu delako. Aspaldi egin zuen LABek borrokarako deia Bizkaiko Metalgintzan. Gainontzeko sindikatuak borroka honetara ekartzea zaila izan al da?
Urte asko dira sektorean batasuna ematen ez zenik. LABek Metalgintzako Hitzarmenaren alde borrokatzeko deia egin du hasieratik, baina ez edozein hitzarmen lortzeko. Bizkaiko Metalgintzako lan baldintzak duindu eta aipatutako egoera prekarioak gelditzeko hitzarmen bat nahi dugu. Batasun sindikala lortzea ez da erraza izan, sindikatuen artean oinarrizko arazoak daudelako; estatalizazioa dela, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak sinatzeko ezekoa dela, hitzarmen sektorialaren defentsa enpresa hitzarmenekin bateragarria dela ulertzea dela… baina, azkenean, desberdintasunak desberdintasun, sindikatu guztiok ulertu dugu egoeraren larritasuna eta sektoreak bizi duen prekarietateari erantzuteko konfrontazio eta greba fase bat abiatzeko beharra, batasuna ardatz.

Deialdi bateratuak nolako harrera izan du langileen artean?
Egunotan, grebaren atarian, ikusi dugu nola langileek modu baikorrean baloratu duten batasuna batzarretan. Gure aurreikuspenen arabera, erabateko jarraipena izango du maiatzaren 23ko grebak. Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenak 50.000 langile baino gehiagori eragiten die; hitzarmen nagusiena da eta sindikatu guztiak jarri gara lanean aurrera atera dadin, baita Negoziazio Mahaian ez dauden ESK, CGT eta USO sindikatuak ere. Une historikoa da. Gainera, uste dugu, Bizkaiko Metalgintzan posible izan bada, gainontzeko sektore eta hitzarmenetan ere posible izango dela. Hala ere, eztabaida batzuk pendiente daude LABentzat. Greba egiteko datak harago, hitzarmen duin bat nahi badugu, greben eraginkortasunari buruz hitz egin behar da. Guretzat grebak ez dira helburua, grebak lan baldintzak duintzeko tresna dira.

-Zer jaso beharko luke hitzarmen duin batek?
Duela urtebete geroztik, LABek argi utzi du eta gizarteratu ditu, enpresetan zein kalean, zein neurri jaso behar dituen hitzarmenak gure babesa jasotzeko. Hauexek dira neurriak: subrogazio eskubidea, behin behinekotasuna mugatzea, Aldi Baterako Laneko Enpresen erabilera mugatzea, urtetan galdutako soldataren berreskuratzea bermatzea, sarbidean eta emakumeen lan baldintzetan berdintasuna bermatzea, lan erreformatik blindatuko gaituzten eta estatalizazioa geldituko dituzten neurriak. Neurri hauek jasotzen dira lau sindikatuek grebara deitzeko adostutako plataforma bateratuan.

-Sektoreko hitzarmenaren alde borroka ez dela lan gatazka bat bakarrik aipatu ohi duzute; hots, arazo politiko eta sozial bat ere badela. 
Esan bezala, Bizkaiko Metalgintzakoa hitzarmen nagusiena da, 50.000 langile baino gehiagori eragiten dielako. Hortaz, hitzarmenaren aldeko borroka ez da lan gatazka soil bat, arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, eta, ondorioz, instituzioak inplikatu beharko lirateke. Guztiontzat izango den hitzarmen sektorial batekin bakarrik berma daiteke aberastasunaren bidezko banaketa, eta geldi daiteke sektorean ezarritako prekarietatea. Esan dezakegu, gaur egun, badirela sektorean pobreak diren langileak, eta hau sozialki arazo larri bat da.

Zer eskatu behar zaie instituzioei?
Instituzioek, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak, patronalari alfonbra gorria jartzeari utzi egin behar diote. Norekin dauden erabaki behar dute. Sektoreko langileei zer eskaintzen dieten esan behar dute ozen, FVEM patronalari esan behar diote badela garaia publikoki onartu dituzten irabaziak banatzeko. Patronalak ez luke egun duen jarrera agintzailea Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta zenbait alderdi politikoren babesik gabe. Horrenbestez, bada garaia instituzioek inplikatu eta langileen aldean lerrokatu daitezen. Eta hori lortzen da FVEM patronalari mahai gainean edukiak jar ditzan eskatzen, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparru bat aldarrikatzen eta hori lortzeko borrokatzen. Gure lan baldintzak erabakitzeko eskubidea izan behar dugu; hau horrela izan ezean, Madrilen erabakien menpe gaude, zigortuak gaude. Honen adibide dira aplikatu dituzten lan erreforma desberdinak. Izan ere, lan erreforma horiek ez ziren langileen interesak defendatzeko egin, are gutxiago euskal langileen interesak defendatzeko, negoziazio kolektiboaren erreforma adibide: negoziatzeko gure gaitasunaren kontrako eraso zuzen bat izan zen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.