2026-04-30
Blog Page 632

GSS enpresaren aurrean mobilizatu gara, kaleratzeak eta jazarpen sindikala salatzeko

Joan den uztailaren 29an, GSS enpresak 5 langile kaleratu zituen bapatean, modu bidegabe batean. Enpresan, lehenbiziz, hauteskunde sindikalak ospatu eta hilabete bat ere ez zen igaro. Kaleratutako guztiak zerrenda sindikaletan (gureak zein beste sindikatuenak) aurkeztutako edo hauteskunde prozesuan aktiboki parte hartutako langileak dira. Bada, kaleratze hauek salatzeko, eta langileen berronartzea exijitzeko, elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbon, GSS enpresaren bulegoen aurrean.

Pasa den uztailaren 29an, telemarketing sektoreko enpresa den GSSk, Iberdrola edo Euskaltel bezalako bezeroei euskarria ematen diona, 5 langile kaleratu ditu erabateko modu bidegabe batean.

Enpresaren barnean, lehenbiziz, hauteskunde sindikalak ospatu eta hilabete bat ere ez zen igaro, kaleratze hauek jakinarazi dituenean. Hauteskundeak langileen iniziatiba propioaz ospatu ziren, horrenbeste desegonkortasunaz nazkatuta zeudelako.
Kaleratze hauen inguruko azalpenak eskatu direnean, GSSk arrazoi objektiboekin hartutako erabaki bat dela argudiatu du, baina jarraian kaleratze bidegabe baten kalteordainak ordaintzeko prestutasuna agerraraziz.

Hala ere, LAB sindikatutik, ez dugu uste kaleratze hauek bidegabeak baino ez direnik, gure aburuz nuloak eta baliogabeak dira. Jakin badakigulako, bost izen horiek ez direla kasualitatezkoak. Izan ere, zerrenda sindikaletan aurkeztutako edo hauteskunde prozesuan aktiboki parte hartutako langileei dagozkien izen abizenak dira. Langile hauek informazio sindikala banatu edo asanbladetan parte hartu dutelako kaleratu ditu enpresak.

Honako hau izan da GSSk antolatu eta euren eskubideak defendatu nahi izan dituzten langileen aurrean eman nahi izan duen erantzuna. Eta LAB sindikatutik ez dugu inondik inora onartuko. Eraso bakoitzari erantzungo diogu. Lan eskubideak langile klase antolatu baten lorpenak dira eta defendatu egingo ditugu, kalean eta lan-zentroetan.
 

 

 

Noizko 347/1993 Foru Dekretu berritua Nafarroan?

0
Denbora luzea joan da 347/1993 Foru Dekretua berritzeko negoziazio fasea bukatu eta testu berri bat adostu zenetik, urte bat baino gehiago, hain zuzen. Hala ere, testua oraindik ez da argitaratu. LAB sindikatuan uste dugu afera honetan gutxiengo elitista baten interesak daudela tartean, eta, horregatik, prozesua desblokea dezatela exijitzen dugu, Osasunbideko lanpostuak betetzeko araudian gaur egun dagoen segurtasun juridiko ezari bukaera emateko.

Azkeneko lau urteotan Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatu diren gaietatik garrantzitsuenetako bat 347/1993 Foru Dekretuaren aldaketa izan da, Osasunbidean sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozedura arautzen duena.
Foru dekretu horren aldaketak plantilla guztiarentzako onurak ekarriko ditu, hots:

1- Burutza medikoak lehiaketa bidez beteko dira, eta ez oposizio-lehiaketa bidez. Horrela, hutsik gelditzen diren plazak berreskuratzen dira medikuntzako lan eskaintza publikoaren deialdietan sartzeko. Gainera, bermatzen da Osasunbideko medikuek bete ahal izatea burutza horiek.

2- Erizaintza unitateetako burutzei izena aldatzen zaie, hemendik aurrera laguntza unitateko burutzak izanen baitira. Horrenbestez, D, C eta B mailetan dauden osasun arloko beste kategoria batzuetako langileak (zeladoreak, EZLTak, LTEak, ETEak, ETTEak, APTEak, DTEak, ODTak, terapeuta okupazionalak, osasun-hezitzaileak…) sartzen ahalko dira unitate horietako burutzetan.

3- Neke handiz abian jarri den koordinatzailearen figura arautzen da. Horri esker, arinagoa izanen da hainbat kategoriatan ezartzea, harik eta unitateko edo ataleko buruaren figurak ordeztu arte.

4- Aldi baterako barne igoeraren sistema aldatzen da (sistema horren garapena 2016an negoziatu eta adostutako foru agindu batean zegoen aurreikusia), justuagoa eta gardenagoa egiteko. Berrikuntzak ekarriko ditu, besteak beste, arlo hauetan: berariazko proben deialdiak egitea, zerrenda publikoak egitea, gora egiteko esparruak libreki hautatu ahal izatea, edo 8 urteko muga ezartzea parte hartzen den prozesu bakoitzean (epe hori luzagarria bada ere).

Nor ari da blokeatzen duela urtebete negoziatu eta adostutako foru dekretu horren argitalpena? Zergatik?

Nor dago interesatua plantillaren kudeaketan segurtasun juridikorik izan ez dadin?

Seguruenik, hauxe da arrazoia: langile gehienen lan baldintzak hobetzea eta burutzak betetzeko prozesua demokratizatzea korporatibismoan eta elitismoan kokatuta dagoen gutxiengo baten interesen kontra doa, aldaketa honekin arazoak izanen dituztelako, bai aginte-postuetan ugaltzeko, bai osasun publikoaren egiturak beren interes partikularren mesederako erabiltzeko.

Horregatik, LABek exijitzen du egoera desblokeatu dadila eta behar diren presako neurriak har daitezela dekretua lehenbailehen onets dadin.

 

 

 

CAF-ek langileei entzungor egitea salatu dugu

0

Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesua irabazi du CAF-ek. Hala, CAF-ek entzungor egin dio enpresa batzordeak urte hasieran aho batez egindako eskaerari, hots, nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan ez parte hartzeko deiari. Datozen asteetan, enpresa batzordea bilduko da lizitazio-prozesuaren inguruko erabakiari erantzun bateratu bat emateko.

LAB sindikatuaren arabera, salatzekoa da CAF-ek hartutako bidea, bere langileei entzungor egiteaz gain, proiektuak berak ez dituelako nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatzen. Hain zuzen ere, Jerusalemgo tranbia-linea egiteko Palestinako lurrak desjabetuko dituzte, lurraldeak legez kontrako kolonietara jarraipena izan dezan. Sindikatuak iritzi du Jerusalemen egindako edozein tranbia-proiektuk Palestinako herriko legezko ordezkarien babesa jaso beharko lukeela, eta Palestinako herriak erabat baztertu du egitasmoa.
 

 

 

Kaleratzeak eta jazarpen sindikala salatuko ditugu bihar, GSS enpresaren aurrean

Joan den uztailaren 29an, GSS enpresak 5 langile kaleratu zituen bapatean, modu bidegabe batean. Enpresan, lehenbiziz, hauteskunde sindikalak ospatu eta hilabete bat ere ez zen igaro. Kaleratutako guztiak zerrenda sindikaletan (gureak zein beste sindikatuenak) aurkeztutako edo hauteskunde prozesuan aktiboki parte hartutako langileak dira. Langile hauek informazio sindikala banatu edo asanbladetan parte hartu dutelako kaleratu ditu enpresak. Antolatu eta euren eskubideak defendatu nahi dituzten langileen aurrean, hauxe da enpresak eman duen erantzuna. Hau guztia salatzeko, elkarretaratzera deitu du LABek biharko, Bilbon, 12:00etan, enpresaren bulegoen aurrean (Aragoi kalea, 5, San Inazio auzoa).
 

 

 

Uruguayko PIT CNT eta Venezuelako CBST sindikatuek ere elkartasuna adierazi diete 11/13 makroepaiketako auzipetuei

0

Elkartasun mezuak etengabe jasotzen ari dira 11/13 makroepaiketako auzipetuak. Duela egun gutxi Munduko Sindikatuen Federazioak babesa erakutsi zien auzipetutako 47 herritarrei. Bada, beste bi sindikatuk salatu dute egunotan epaiketa eta Fiskalak eskatutako 601 urtetako kartzela zigor bidegabea; Uruguayko konfederazio sindikal bakar eta unitario PIT CNT eta Venezuelako Central Bolivariana Socialista de Trabajadores (CBST) sindikatuek, hain zuzen ere.

11/13 makroepaiketan auzipetutako 47 herritarrek atxikimendu ugari jaso dituzte nazioarteko sindikatuen aldetik: Intersindical CSC de Catalunya, Coordinadora Obrera Sindical Països Catalans, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Valenciana, SAT Andalucia, CUT Galiza, Confederación Intersindical Galega CIG, CUT Aragón, CSI Asturies, Frantziako Estatuko Solidaires, USB Italia, PIT CNT Uruguay, CTB Brasil, CTA Autónoma Argentina, Federación Uruguaya de la Salud FUS, UIS de Pensionistas de Colombia, FSM-a, Nehawu Hego Afrika, Central Bolivariana Socialista de Trabajadores de Venezuela (CBST) eta CBST-JBE Nikaragua, besteak beste.

Hauxe da Uruguayko PIT CNT sindikatuak igorritako oharra:


 

 

 

Zangozako Papeleraren aurrean elkartu gara, prebentzio gehiago eta hobeagoa exijitzeko

0

Zangozako Papeleran gertatutako lan istripu larria salatzeko, eta prebentzio gehiago eta hobeagoa eskatzeko, bertako enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du, lantegiaren aurrean. LAB sindikatutik, enpresa honetan gertatutako istripu larria eragin zuten gertakariak argitzeko exijitzen dugu, eta horrelako egoerek gora egiten jarraitzen dutela salatu nahi dugu, azken urteotako atzeraldiaren ostean Nafarroako lan-jarduera handiagoa eta prekarioagoa den heinean.

 

 

 

BilbaoBizi zerbitzuko langileek erabiltzaileen babesa eskatu dute, bizi duten prekarietatea eurek ere salatu dezaten

Bezero arretara deitzeko (946564905) edo zerbitzuaren arduradunei idazteko (bilbaobizi@bilbao.eus) deia egin dute. Era berean, langileek elkarretaratze zaratasu bat egingo dute abuztuaren 13an, 11:00etan, udaletxe aurrean.

Ekainean BilbaoBiziko, Bilboko udalaren bizikleta-alokairu zerbitzuko, langileen baldintzak publikoki salatzeari ekin genion.

Guztiz beharrezkoa iruditzen zaigun zerbitzu publiko hau aurrera ateratzeko, ohitura duen bezala, Bilboko Udalak azpikontrataziora jo zuen. Lizitazio prozesuan bertan egindako txostenen arabera aurkeztutako proiektua benetan fidagarria izateko merkeegia zen arren, NEXTBIKE enpresaren proiektuak irabazi zuen lizitazioa eta joan den urri-azaroan hasi zen zerbitzu berritua martxan.

Zerbitzuak izandako harrera onak berehala egin zion gainezka enpresari: egunean 4 aldiz erabiliko ziren bizikletak 20 bidaia baino gehiago egiten dituzte; ondorioz, espero baino matxura eta desgaste handiagoa pairatzen dute; ez dago eskaria atzetzeko bizikleta nahikorik… eta langileak lanez lepo daude. Ez zaie dagokien hitzarmen kolektiboa aplikatzen, euren soldata ez da mila euro ziztrinera iristen, plantilla txikiegia da duten lan kargari aurre egiteko, kalean egon behar duen bizikleta kopurura iristeko konponketak eta garraioa presaka egin behar dituzte, langile gehiago behar direnean enpresak ETT-ra jotzen du, gehienak ez daudenez lanaldi osora kontratatuta aparteko ordu mordoa sartzen dituzte… Neke eta lan karga horren guztiak dagoeneko lan istripu bat suposatu du. Zerbitzua hedatzen joatea da Udalaren asmoa, baina zein da bere plana langileentzat?

Honek ezin du horrela jarraitu: BilbaoBizi zerbitzu publikoa da, eta, ondorioz, duintasunez eskaini eta garatu behar da. Hilabeteak daramatzagu enpresarekin negoziatzen, eta Udalak beste albo batera begiratzen du. Gatazka konpontzeko giltza, hain zuzen, Udalak duenean: zerbitzua eta lan baldintzak duintzeko aurrekontua handituz, hain zuzen ere. Soldatak igotzea ezinbestekoa da, baina plantilla handitzea ere bai. Udala enpresa bezain erantzule dela uste dugu, aholkularien ohartarazpenen gainetik, proiektu merkeena aukeratu zuen eta. zerbitzuaren benetako kostua langileek ordaintzea erabaki zuen.

Guk ez dugu onartuko! Horregatik, mobilizatzen jarraituko dugu eta gurekin batera kalera ateratzera animatzen ditugu erabiltzaileak. Hurrengo zita abuztuaren 13an, 11.00etan udaletxe parean izango da. Beraz, gurekin batera zerbitzu publiko eta lan baldintza duinak aldarrikatzera animatzen ditugu herritarrak!

 

 

 

Zangozako Papelerako istripu larriaren inguruabarrak berehala argitzeko eskatu dugu

0

Atzo, abuztuaren 5ean, Zangozako Papelera (Smurfit Kappa) enpresan gertatu zen lan istripu baten ondorioz langile bat larri zauritu zen. Leherketa baten ondorioz azpikontratatutako enpresa bateko langile bat larri zauritu zen. LAB sindikatutik, enpresa honetan gertatutako istripu larria eragin zuten gertakariak argitzeko exijitzen dugu, eta horrelako egoerek gora egiten jarraitzen dutela salatu nahi dugu, azken urteotako atzeraldiaren ostean Nafarroako lan-jarduera handiagoa (eta prekarioagoa) den heinean.

Nafarroako enpresetan gertatzen den lan ezbehar tasa altuak laneko segurtasun eta osasun gaietan utzikeria argia adierazten du. Egiten diren prebentzio politikak ez dira nahikoak gure lurraldean lan-istripuen gorakada erakusten ari diren bezala. Langileen bizitza eta osasuna oso azpitik daude enpresen balore-eskalan, eta argi geratzen da gure osasuna ez dela patronalaren eta erakunde publikoen lehentasuna.

Segurtasun-neurri handiagoak eta egokiagoak ezartzea izan behar da enpresetan erabateko lehentasuna, benetan amaitu nahi badugu urtero dozenaka langile eramaten dituen gaitz honekin. Lan-istripu guztiak prebentzio-neurri egokiekin saihestu daitezke, eta datuak ikusita, ez dira kontuan hartzen enpresen eguneroko bizitzan.

Zangozako Papeleran gertatutakoa salatzeko eta prebentzio gehiago eta hobeagoa eskatzeko, dei egiten dugu enpresa batzordeak bihar, abuztuak 7, goizeko 12:00etan, enpresaren atean, deitu duen kontzentraziora joateko.

 

 

 

EAEko helduen egoitzen dekretuak prekarietatea mantentzen du zerbitzuen arretan eta lan baldintzetan

Elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, uztailaren 30ean onartutako EAEko helduen egoitzetako dekretuaren onarpena dela eta. Dekretuaren balorazioa egin dugu bertan, eta arreta eta lan-baldintzetan prekarietatea mantentzen duela salatu dugu.

LABek honako balorazioa egiten du Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 30ean onartutako EAEko helduen egoitzen dekretuaren inguruan.

Gizarte zerbitzuak, pertsonen bizi baldintzak bermatzeko eta hobetzeko helburua duten jarduera multzoa dira. Horien ardatz, euren zereginean, aipatu zerbitzu horien hartzaileak hezten, laguntzen, elkarrekin lan egiten, sorosten eta zaintzen dituzten pertsonak dira.

EAEko gizarte zerbitzuetako legeak administrazio publikoei esleitzen dizkie gai honetako eskuduntzak, honela, gizarte zerbitzuetako sistema publikoak modu egokian funtzionatzen duela ziurtatzeko. Tamalez, nagusiki, gizarte zerbitzuak alor pribatuak kudea dezala izan da ondorioa, haien ardura enpresa kudeatzaileengan utziz. Aipatu enpresek irabaziak lehenesten dituzte, kalitateko zerbitzua jasotzeko eskubide subjektiboa eta langileen lan eskubideen aurretik.

Oro har, gizarte zerbitzuen hondatze egoera kezkagarria da, lan arloan zein sorospen arloan. Laneko erritmo jasangaitzak, arretarako behar adina denbora eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra… Zerbitzuen zaintzaren kalitate urriak langileen lan baldintza kaskarrei eragiten die.

LAB sindikatua aspaldi ari da salatzen egiturazko egoera hau. Gogoratu behar dugu 14.000 sinadura baino gehiago jaso genituela langile gehienen eskakizuna bermatuz. Gizarte zerbitzu guztiak modu egokian arautu behar dira; erabiliko diren arretarako ratioak behar adinakoak izango dira kopurua, maila zein izaera presentzialari dagokionez. Zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela ziurtatuko da, hots, kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaiela.

Ildo horretan, Gasteizko Parlamentuak dei egin zion gobernuari, 2017ko otsailaren 9an, 2017/90 legez besteko proposamena bete zezala. Honi lotuta:

1.- Eguneratu ditzala prestazio eta zerbitzu sozialak arautzen dituzten dekretuak, non arautuko baitira, ratioak eta pertsonalari dagozkion beste kontu batzuez gain, zerbitzu eta zentro horiek bete behar dituzten baldintza funtzional eta materialak, hori guztia gizarte zerbitzuen euskal sistema eguneratzearekin kontsonantzian eta koherentzian, eta hiru hilabeteko epean eraman ditzala Parlamentura dekretu horien zirriborroak. Eguneratze prozesu horretan, zerbitzuaren kalitatean eta, horrenbestez, zentro horietan artatzen diren pertsonen bizi-baldintzatan duten eragina ikusita, lehentasuna izango du mendekotasuna duten pertsonentzako zentro eta zerbitzuen ratioak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak, egungo errealitatera egokitu dadin.

2.- Egon dadila, dekretu horien prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, bai eta sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere, era honetan beharrizan sozial berriei erantzun egokia eman ahal izateko eta gizarte zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoan jasotzen diren prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei kalitatezko arreta bermatzeko.

3.- Jaurlaritza eta beste erakunde publikoak arduratu eta inplikatu daitezela kontratazio publikoaren eremuan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonen lan baldintza duinak bermatze aldera.

Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretua langileen parte-hartzerik gabe eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe egin da, Parlamentuaren gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei lepoa emanda.

Helduentzako egoitzak menpekotasuna duten baliabidea dira eta hauek, prestazio batzuk eskuratzeko eskubidea dute, eguneroko bizitza oinarrizko jarduerei aurre egiteko dituzten mugak direla eta.

Prestazio hauek, egoitzetan langile profesionalek ematen dituzten zerbitzuen multzoa dira. Ondorioz, erabiltzaileei eskainitako profesional kopurua eta denborak zehazten dute zein mailatan betetzen diren erabiltzeen eskubideak, emandako zerbitzuaren kalitatea eta langileen eskubideak.

Eusko Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretuak finkatutako arretarako ratioek ez dute inolako aurrerapausorik ekartzen. Ez da langile gehiago aurreikusten eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik. Aipatzekoa da Enplegu eta Politika Sozialetako Sailaren txosten juridikoak ohartaratzen zuela finkatutako ratioak zehazteko justifikazio eta objektibazio falta.

Dekretuan inposatutako arretarako ratioek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eskubideak betetzea, eta langileak euren lan-eskubideak urratzen dituzten erritmo eta lan-kargetara kondenatzen dituzte. Horren jakitun dira langile zein erabiltzaileak. Gogorazi nahi dugu ekainean hamarnaka salaketa erregistratu zituela LABek lan ikuskaritzan lan-osasunaren arloan ematen ziren ez betetzeengatik, langileak arrisku psiko-sozial eta ergonomikoen pean zeudelako, honek dituen ondorio larriekin.

Dekretuak talka egiten du erabiltzaile zein langileen eskubideekin.

Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuak gehiago erantzuten dien irizpide ekonomizista eta egutegi legislatiboari arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei baino, erabiltzaile zein langileen eskubideen alde egingo luketenak.

Dekretu honek gatazka sortzen jarraituko du gizarte zerbitzuen legean finkatutako eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eta hauetako erabiltzaile eta profesionalen artean.