2026-07-27
Blog Page 628

Sindikalgintza feminista, kapitalari aurre egiteko ezinbesteko tresna

0


Buzo urdinaz jantzitako eta industriaren borrokei lotutako sindikalismo maskulinoaren iruditeria hor egonda ere, errealitatea da emakumeok beti hartu dugula parte borroka sindikalean, bai gure eskubideak defendatzeko langile moduan, bai eta elkartasun sindikaleko ekintzen bitartez. LABeko Idazkaritza Feministak sindikalgintza feministari buruzko ponentzia bat landu du Durangon ospatu berri diren topaketa feministetan, kapitalari aurre egiteko ezinbesteko tresna gisa.

 

 

 

Grebara deitu ditugu Villatuertako New Collagena enpresako langileak, lan baldintzak hobetzearen alde

LAB sindikatuak iragan astean erregistratu zuen Villatuertako New Collagena enpresa kimikoan greba egiteko hasierako deialdia azaroaren 8, 9, 10 eta 11 egunetarako. Lehenbiziko greba aldia azaroaren 8ko 14:00etatik azaroaren 11ko 14:00etara iraganen da. Horren ostean enpresarekin akordiorik ez balego, bertze greba aldi bat izanen litzateke azaroaren 15etik 18ra, ordutegi berdinean. Eta, hala ere, akordiorik ez balego, azaroaren 18ko 14:00etan greba mugagabea hasiko litzateke.

Hainbat batzarretan langileek agerturiko eskaera aintzat hartuta, grebara deitzea erabaki da, lan baldintzak hobetze aldera, Zuzendaritzak uko egin baitzion Enpresa Akordio bat negoziatzeari eta uko egin baitzion ordezkari sindikal bakarrarekin eta LABeko aholkulariarekin bilera batean elkartzeari.

LAB sindikatua lan baldintza duinen alde borrokatuko da beti, enpresako egoera errealarekin loturiko lan baldintzak, halaxe eskatu baitute hainbatetan langileek.

 

 

 

Udal eta foru Administrazioko langileak berriro baztertu dituztela salatu dugu, gurasotasun baimenaren harira

Irailean, EUDELeko zuzendaritza berria aukeratu zenean, eskua luzatu genion EUDELi. Gai honekin batera, langileen interesekoak diren beste hainbat gai 2017tik blokeatuta dagoen negoziazio mahaian hitz egin beharko lirateke. Dagokien ardura har dezatela behingoz!

Urriaren 31an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak bizitza familiarra eta laborala kontziliatu ahal izateko dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiken Departamenduko 164/2019 dekretua). Horren arabera, Mahai Orokorraren menpean ez dauden gainontzeko langileentzako gurasotasun baimenak arautu behar ziren.

Irailaren 1etik aurrera indarrean sartu behar zen Mahai Orokorreko Dekretuan onuradunari 18 asteetako baimena onartzen zitzaion. Orain argitaratutako Dekretuan, azaroaren 1etik aurrera indarrean sartu behar zena, 16 asteetako eszedentzia onartu behar zitzaion.

Baina ez Dekretu batean ez bestean onuradun bezala ez gara udal eta foru Administrazioko langileak sartzen. Gure kasuan, gurasotasun baimena 8 asteetara baino ez da mugatuko. Konparaziozko bidegabekeria onartezina udaletako eta Diputazioetako langileentzat.

Zelan da posible kontenplatuta ez egotea ia 30.000 langileko sektore oso bat? Zer egingo du Eusko Jaurlaritzak sortu duen despropositoa zuzentzeko? Jakin dezatela ez dugula onartuko Eusko Jaurlaritzak arduragabekeria horrekin ibiltzea!

LAB sindikatutik argi daukagu udal eta foru Administrazioko langileok ez dugula onartuko horrelako tratu diskriminatzailerik. Horregatik, uste dugu EUDELek Udalhitz markoaren barruan kontenplatu beharko lukeela 18 asteetako gurasotasun eszedentzia.

Zenbat huts egite behar dira EUDELek bere ardura hasteko hartzen? Noiz arte egon beharko gara udal eta foru Administrazioko langileok gure eskubideak zapuztuak eta baztertuak ikusten?

 

 

 

Jaurlaritzak Madrilek finkatzen duen enplegu publikoaren politika txintxo inposatzen jarraituko duela berretsi du berriro

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa egonkortzeko Legebiltzarreko proposamenari buruzko iritzia eman du, hauteskunde kanpainarekin kointzidituz. Madrilek ezarritako enplegu publikoaren politiken “kudeatzaile onaren” irudia promozionatzeko aukera ez du galdu EAJk.

EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu duen «Enplegu Publikoa Egonkortzeko» lege proposamenak igaro behar dituen izapideetako bat da, hain justu, Jaurlaritzak proposamenari buruzko jarrera adieraztea. Bi arrazoi hauek agertu ditu Urkulluren Gobernuak:

1. “Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan (EEPL) jasota dagoela proposamena, eta zuzenketak egitera muga dadila”. Bada, EEPLak jasotzen duen eredu merkantilista, indibidualista, pribatizatzailea, behin-behinekotasunean oinarrituta, lanbide karrera arbitrarioa, Euskal Herriak behar duenarekiko mugatua… salatu izan du LABek prozesuaren fase guztietan. Jaurlaritza berriro ere «dena ala ezer ez» txantajearekin dator. EEPL proiektu zaharrak ez dio inork erosten Jaurlaritzari, ez sindikaturik, ezta gehiengorik parlamentuan, eta temati dirau EAJ-PSEk. Bere erantzukizun faltagatik, beste inork egin dezakeen edozein proposamen atzera botatzen du sistematikoki.

2. «…eragin negatiboa izan dezakeela zentral sindikalekin hurrengo lan-eskaintza publikoen inguruan egiten ari den negoziazioan»: Urkulluren Gobernuaren ezaugarri nagusia «negoziazio ezarena» izan dela salatzen jarraitzen dugu. Negoziazio Kolektiboa bete beharreko izapide hutsetara mugatzen jarraitzen du, eta «negoziazio» eta «akordioa» terminoak eufemismo bihurtzen dira bere ahoan. Aurreko astean aurkeztutako deialdia inposizio hutsa izan zen, eufemismo horiek apainduta.

LAB sindikatuak lege propioak behar direla aldarrikatzen du. Lege horiek euskal zerbitzu publikoetan ditugun erronkei erantzuteko tresnak izan behar dute, ez euskal administrazioetan eredu neoliberala ezartzeko. Guretzat momentu honetan berebiziko garrantzia dauka dagoen prekarietate mailarekin amaitzea eta horregatik begi onez ikusten ditugu norabide horretan doazen proposamenak.

 

 

 

Atsedena eskubide bat dela aldarrikatu dugu Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean

0

Bilbao Kirolak-ek ez du garbitzaileen atsedena errespetatzen, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dugu erakunde horren egoitzaren aurrean, LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok deituta. Datorren astean berriro mobilizatuko gara.
 

 

 

Azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitera deitu ditugu Irurtzungo Hydro Extrusion enpresako langileak

0

LAB sindikatuak bere desadostasuna agertu nahi du UGT eta CCOO sindikatuek Irurtzungo Hydro Extrusion enpresarekin lan kategorien harira lortu duten akordioaren aurrean. Atzo, LABeko ordezkariek deituta, langileek ordubeteko lanuztea egin zuten. Eta sindikatuak txanda guztietan bi orduko lanuzteak egitera deitzen ditu langileak azaroaren 12rako eta 14rako.

Akordio horrek ez dio ematen konponbidea krisiaren aitzakiaz enpresak duela urte batzuk hartu zituen neurrien ondorioz sortu den egoerari. Gaur egun lantokian bi mailako langileak daude, enpresan krisialdia aurretik sartu zirenak eta krisiaren ondotik sartu direnak, eta erdietsitako akordioak ez du amaitzen soldata arrakalarekin eta oraindik gehiago banatzen dira langileak kategoria ezberdinetan.

Akordioak langileen artean desadostasuna ekarri du, eta horren adierazle argia da langileek akordioaren aurka egin duten sinadura bilketa. Akprdioak gutxi batzuen egoera baino ez du hobetuko, partzialki. Desberdintasunak langileoi kalte egiten digute eta bakarrik patronalari egiten dio mesede.

Langile askok nahiz eta beste langile batzuek egiten duten lan berbera egin gutxiago kobratzen dute. Akordio horrekin egoera horrek berdin jarraituko du eta ez da ezer aldatuko. Uste dugu egiten ditugun funtzioen errekonozimendu bat egon behar duela, bakoitzak dagokion kategoria izan dezan.

Horregatik guztiagatik tailerreko gehiengo baten eskaerari jarraikiz, atzo ordubeteko lanuztea egin zuten langileek, 13:30etik 14:30era. Ordu horretan elkarretaratzea eta batzarra egin zituzten langileek, eta erabaki zuten azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitea txanda guztietan.

LABek beste akordio bat nahi du, langileen funtzioak aitortuko dituena eta soldata ekiparazioa bilatuko duena.

 

 

 

Prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua sunsitzen ari dira

LAB sindikatuko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “azken urteetan langabezia jaitsi egiten zen, baina sortzen zen enplegua oso prekarioa zen. Sortzen zen enplegua erabili eta botatzekoa zen. Orain, zoritxarrez, ‘botatzeko’ fasean murgilduta gaude, eta prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua ezabatzen ari da. Egoera hau emakumeek eta gazteek sufritzen dute bereziki”. Ugartemendiaren esanetan, ”momentua da politikak aldatzeko, eta eskaera hori Confebask, CEN, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari egiten diegu. Prekarietatean oinarritutako herri batek ez du etorkizunik. Enplegu duina behar dugu”.

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak 3.128 lagun gehiago izan ditu urrian, langabezia zifra ofiziala 147.199 pertsonetara igoz. 2012tik urrian izan den langabeziaren bilakaerarik okerrena izan dugu, % 2,2ko hazkundea izan baitu.

Berriro ere langabeziaren gorakadak intentsitate handiagoa izan du 25 urtetik beherako gazteen artean. Horrela, talde gazteenen artean langabezia %5,5 igo da aurreko hiletik.

Horri guztiari kontratazioetako prekarietate maila eskandalagarria erantsi behar zaio, sinatutako 100 kontratutik 8 baino ez baitira mugagabeak. Behin-behinekotasun maila ikusgarri horiek ez dute parekorik Europako Batasunean, eta ondorio bezala laneko txandaketa jasanezin bat dute.

Hala ere, hau ez da fenomeno berri bat, eta ezta atzeraldi handiaren ondoren bizi izandako berreskurapen ekonomikoaren faseak berezko duena ere. Egia esan, laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdetik izan dugun gaitza da. Hala ere, orain arte gobernu bakar batek ere ez du izan interesik egoera zuzentzeko.

Bestalde, hiru langiletik bi abandonu egoeran daudela salatu beharra daukagu, ez baitute jasotzen inolako langabezia prestaziorik. Gainera, prestazioren bat jasotzen dutenen artean % 40k sorospen-prestazio bat jasotzen du eta, batez beste, hilean ez da apenas 430 eurora iristen.

Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian daudela hartzen diren pertsonen %34,5ak soilik jasotzen dute langabezia prestazio motaren bat (kontribuziozkoa edo sorospenekoa). Hala ere, emakume langabetuen estaldura-tasa % 31,6ra jaisten da.
 

 

 

Bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete Huerta de Peraltan enpresa greba eskubidea urratzen ari zela salatzeko ekintza egin zuten bi sindikalistei

LAB sindikatuak epaiaren aurkako helegitea jarriko du, ostegun honetarako auto karabana antolatu du eta prekaritatearen kontra borrokatzen jarraituko duela berretsi nahi du.

La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako lan gatazketan garatutako ekintza sindikalaren ondorioz egondako azken epaiketaren epaia atera da: 5 hilabeteko espetxe zigorra Huerta de Peraltako sarreran furgoneta aparkatu zuten bi sindikalistentzat. Ekintza horren bidez, greba eskubidearen urraketa salatu zuen LABek, Enpresak Murtziako eta Almeriako (Espainia) lehengaiak ekarri baitzituen grebaren eragina ahultzeko.

Aipatutako zigorra Fiskaltzak hasiera batean eskatutako 12 hilabeteko zigorra baino nabarmen txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa eta zilegia zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria da LABen iritziz. Lan baldintzak are eta gehiago prekarizatzearren, patronalak lan arloko legedia urratzen du etengabe, Lan Ikuskaritzak, Foruzaingoak edota Fiskaltzak ezer gutxi egiten duten bitartean; aldiz, aipatutako prekaritatea salatzen duten ekintza sindikalek bide penaletik jazartzen dituzte. Justiziaren “patronalizazioa” da hori.

LABek helegitea aurkeztuko du absoluzioa edo, gutxienez, gertakarien kalifikazioaren aldaketa -delitutik arau hauste administratibora- eskatuz. Era berean, ostegun honetako 12:00etan, Iruñeko Trinitarios dermiotik abiatuta, (in)Justizia Jauregia eta CEN patronalaren egoitza sinbolikoki lotuko dituen auto-karabana antolatu du.

Borroka Sindikala Aurrera kanpainan orain arte adierazi dugun bezala, ez dugu onartuko prekaritatearen aurka borrokatzen duten sindikalistak espetxeratzerik. Eta prekaritateak gehien zigortzen dituen sektore horiei antolakuntza eta ekintza sindikalerako tresnak eskaintzen jarraituko dugu. Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jartzeko garaia da, gizon-emakume orok lan eta bizi duina izan dezan borrokatzeko garaia da.

 

 

 

Emakumeen behin-behinekotasun eta partzialitate kontratazioetan oinarritutako enpresa politikekin bukatzeko exijitu dugu


Orozkoko Galletas Artiach enpresak kaleratutako emakume langileen afera dela eta, LAB sindikatuko ordezkariok, Idazkaritza Feministako kideok, tartean, agerraldia egin dugu emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta epaitegiek jakinarazi dituzten lehen epaien berri emateko: "Ez dugu onartuko lan munduan gure lekua bigarren mailakoa eta menpekoa izatea. Eskubide osoko langileak gara eta ez dugu onartuko kaleratzearen mehatxuarekin erantzutea eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean. Ez ditugu mehatxuak onartzen, eskubideak exijitzen ditugu".


Idazkaritza Feministako kideek egindako irakurketaz gain, LABeko ordezkariok Artiach-eko kaleratzeak direla-eta epaitegiak kaleratu berri dituen lehen epaien berri eman dugu.

Hain zuzen ere, LAB sindikatutik 2018ko maiatzean salaketa jarri genuen Lan Ikuskaritzan Galletas Artiachen gehiegizko behin behinekotasun kontrazioa salatzeko. Zehazki 7 langileren kasuak aurkeztu genituen, 6 eta 17 urte bitartean kateatutako hainbat kontratu zituztelako eta ez zietelako kontratu mugagabeak egiten.

Urtebete beranduago, 2019ko ekainaren 5ean, heldu zen Lan Ikuskaritzako txostena eta aurreikusten genuen bezala, errekerimenduak 7 langile horiei kontratu mugagabeak egiteko eskatzen zuen iruzur praktikak zirela medio. Galletas Artich zuzentzen duen Adams Foods enpresaren erantzuna, ordea, horietako 6 langile kaleratzea izan zen.

Pasa den urriaren 22an langile biren lehenengo ahozko-bistak ospatu ziren eta gaur bi epai desberdin ditugu esku artean, nahiz eta egoera berdinean egon betikotasun -kontratazio mota eta kontratazio iruzurra.

Lehenengo epaian baliorik gabeko kaleratzea baloratzen da oinarrizko eskubideak urratseagatik.

Bigarrenean, ordea, epaiak huts egiten du ETT eta Galletas Artiachen alde. Demanda iraungituta dagoelako, langile hori “lan egun pasiboetan” zegoelako, alegia.

Zer da lan egun pasiboa?
Hitzez hitz esango dugu epaiak dioena “frogatutako gertaera” atalean, 5. paragrafoan: “La operativa habitual de Galletas Artiach con respecto al personal eventual se basa en su gestión a través de ETT. Desde 2016, aquella se realiza a través de RANDSTADT. RANSTADT dispone de una bolsa de trabajadoras a las que recurre para dotarlo que la usuaria toma por necesidades eventuales. Estas trabajadoras se desempeñan bajo la disciplina de contrato eventual por circunstancias de la producción. Una vez que agotan la suma de 180 días de servicios prestados, pasan a una situación denominada “pasivo laboral”. En este contexto solo son llamadas para atender periodos de interinidad causados por personal con contrato indefinido.

Hau da, frogatutako gertaera da langileak lanik egin gabeko denboraldiak burutzen dituztela lege mugak burlatzeko eta kontratu mugagabeak sahiesteko nahiz eta egiturazko-lanpostuak izan. Denboraldi hori araututa dago iruzurra ekiditeko, baina justu arau hori da langileak babesgabetzen dituena.

Begi bistakoa da kasua, lotsagabea eta traketsa enpresaren jokabidea eta ausarta langileek erakutsitako jarrera. Era horretan lortu da epaile batek neurria baliogabea ebaztea kasu batean, baina agerian gelditu da beti ez dela horrela. Egoera berdinean dauden bi langileek ez dutelako trataera berbera jasotzen, eta arrazoia iruzurra gauzatzeko erabiltzen den forma bera da.

Hori dela eta, argi gelditzen da enpresaburuek era maltzur batean hartzen badituzte jarrera horiek instituzioen aldetik onespen edo baimena dutelako dela. Azken horiek, kapitalaren interesetara makurtu dira langile klasearen eskubideen kalterako.

Estutasunean bizitzera kondenatuak
Galletas Artiacheko kasuak argi eta garbi islatzen du estutasunean bizitzera kondenatutako pertsonen egoera, behin behinekotasun baldintzetan bizi diren langile askoren errealitatea da, hain zuzen ere.

Egoera horrek menpekotasuna eragiten du, baita ere beldurra eta enpresa askorentzat libre egoteak prekarizazioan sakontzeko ezinbesteko tresna.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu behin behinekotasunari buruzko propaganda-eslogana alde batera uztea eta neurri errealagak jartzea. Patronalari ez babestea eta behingoz langileriaren alde jartzea.

Arauak babesgabetasuna sortzen du langileentzat, eta axolagabetasuna eta permisibitatea Administrazioarentzat. Hori dela eta, LABetik berritsi egiten dugu sindikatuko estrategia: konfrontazioa ekintza sindikaletik bideratzea, langile klasearen lan eta bizi baldintzak duintzeko. Badakigu ez dela erraza, baina emakume hauek ongi erakutsi digute nola egin, batu eta borrokatzen.

Batasun hori eskualdeko enpresa askotako komiteetan ari da helarazten mozio bidez, hurrengoa eskatzen da:

1.- Adams Foods-ek zuzendutako Galletas Artiach enpresari Lan Ikuskaritzaren errekerimendua aintzat hartzea eta 6 langileak berriz onartzea kontratu mugagabeekin.

2.- Kontratu iruzurrekin eta gehiegizko behin behinekotasun kontratuekin bukatzea, baita ere ETT bidezko kontratazioarekin; eta eskatzen da enpresetan kontratazio gardenak edo argiak izatea.

3.- Eusko Jaurlaritzak ardura har dezala horrelako egoeretan, eta neurri zehatz eta eraginkorrak jar dezala iruzur kontratazioak eman ez daitezen.

4.- Kaltetuak izan diren emakumeek deitutako manifestazio deialdiarekin bat egitera hilaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, Laudioko Lamuza plazatik hasita.