2026-01-31
Blog Page 625

Gezurrik ez esateko eskatzen diogu Gurutzetako ospitaleko gerentziari

0

Pediatriako ebakuntza gela gaueko txandan ixtea salatu ondoren, Gurutzetako ospitaleko zuzendaritzaren erantzunak sortu duen nahasmenaren aurrean, argibideak eman ditugu LAB, ESK, SATSE, ELA, UGT, SME/FFHE, CCOO, SAE eta UTESE sindikatuok.

Pediatriako ebakuntza gela gaueko txandan ixtea salatu ondoren, Gurutzetako ospitaleko zuzendaritzaren erantzunak sortu duen nahasmenaren aurrean, ondorengoa argitu nahi dugu:

1. 5. solairuan dagoen pediatriako ebakuntza gela itxi egingo dute gaueko txandan eta bertako langileak ospitalearen beste muturrean (1. sotoan) dagoen helduen larrialdietako ebakuntza gelara joan beharko dira.

2. Pediatriako ebakuntza gelako zirujau, anestesista eta osasun langileen aurkako iritzia izanik ere, zuzendaritzak aldebakartasunez hartu duen erabakiak eragin zuzena izango du pediatriako pazientearen segurtasunean.

3. Lehenik, langileek ebakuntza gela batetik bestera egin beharko duten distantzia handiak ebakuntza atzeratzea eragingo duelako, eta operazio horien larritasunak, azkartasuna eskatzen du askotan, izan ere, alferrik galdutako minutu bakoitza erabakigarria baita haurren osasunean.

4. Zuzendaritzak hartutako erabakiaren ondorioz, kasu askotan esperientziadun osasun langile espezializatuek ezin izango dituzte haurrak artatu, izan ere, euren beharra dagoenean helduen larrialdietako ebakuntza gelan lanean egon daitezkeelako.

Berriro ere, gezurrik ez esateko eskatzen diogu Gurutzetako ospitaleko gerentziari eta ez ditzala herritarrak nahastu. Era berean, pediatriako ebakuntza gela ez ixteko exijitzen diogu, zentzugabekeria hori bertan behera uzteko.

 

 

 

ADEGIk konfrontaziora eramango du grafikagintzako sektorea

0
Mahaiko 4. bilera burutu dugu gaur, eta ADEGIri berari askotan esan dioguna berresten dugu. Hitzarmenaren negoziaketa blokeatu nahi dute.

Mahaiko 4. bilera burutu dugu gaur, eta ADEGIri berari askotan esan dioguna berresten dugu. Hitzarmenaren negoziaketa blokeatu nahi dute.

Aurreko bileran sindikatuok, behingoz, proposamen serio bat ekartzeko exijitu genion bigarren aldiz, baina gaur ez du aurreko bileran ekarritakotik ezer desberdina ekarri, hau da, bere eskaintza bakarra 3 urtetan soldata KPIa bakarrik igotzea proposatzen du, eta hori lotsagarria da, hori ez da grafikagintzako langileok nahi eta behar dugun hitzarmena.

Soldata igoera duinez hitz egingo duen hitzarmena nahi dugu, hitzarmen berri bat sinatu bitartean, daukaguna dagoen bezala mantentzea nahi dugu bere osotasunean, hitzarmen estatalaren mehatxua gainetik kendu nahi dugu,prebentzioaren ingurua hobekuntzak nahi ditugu, berdintasunaren inguruan, lizentzietan…

ADEGIk esaten digu beraiek enpresetan daudela eta horregatik egiten dutela egiten duten eskaintza, ze eskaintza?

Delegatuak eta langileak ere enpresetan gaude eta horregatik egin ditugu egin ditugun eskariak, errealistak eta gauzagarriak direlako.

Halere, eta ADEGIk inongo mugimendurik egin ez badu ere, sindikatuok orain arte egin bezala, arduraz jokatu dugu eta berriro ere hitzarmena nahi dugula erakutsi dugu, lehen aurkeztutako plataforman aldaketa eginez:

– Soldata igoera: 2019 eta 2020 urtetarako KPI + 2,75 %
– Lanaldia: 16 orduz murriztea

Eta lehendik esandakoa gogorarazi dugu, ADEGIren aldetik proposamen seriorik ez badago, grafikagintzako langileak gure hitzarmenaren alde mobilizatuko gara.

ADEGI eta grafikagintzako enpresak sektoreko langileetaz barre egiten dute eta hori ez dugu inondik inora onartuko.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin dugu, sinatutako akordioen defentsan

0

Pasa den ikasturtean, EAEko hezkuntza publikoko kolektibo desberdinetan sinatu genituen akordioek, egun bizi duten egoera azaltzera joan gara Legebiltzarrera.

Azken ikasturteetan egindako mobilizazio eta greba arrakastatsuek, Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu zuten eta kolektibo desberdinetan akordioak sinatu genituen. Urteetan negoziazioak bizi zuen blokeoarekin apurtzea lortu genuen, eta hitzarmen berriak garatzeko aukera zabaldu zen.

LAB sindikatuak haurreskoletan, zerbitzuetako laboraletan, heziketa berezian eta irakasleetan akordioak sinatu zituen. Guretzat sinatutako akordioak garrantzi handia dute eta oso positiboki baloratzen ditugu. Alde batetik, langileon lan baldintzatan hobekuntza suposatu dute. Bestetik, hezkuntzaren kalitateak nabarmen egin du hobera. Gainera, lehen esan bezala, negoziazioan bide bat ireki dute, eta aukera eskaintzen dute aldagai desberdinak lantzeko eta hezkuntzan hobekuntzak emateko.

Tamalez, akordioek garapen desberdina izan dute kolektibo guztietan, eta momentu desberdinetan mobilizazioetara jo dugu hauen defentsan, arrazoi desberdinak medio: inplementatzeko garaian erritmoa nahi baino gehiago moteldu da, zenbait kasutan administrazioak erabakiak hartu ditu akordioen aurka jo dutenak, adostasunetara iristeko zailtasunak izan ditugu…

Guk argi dugu sinatutako akordioak onak direla eta hauek defendatzen jarraituko dugu. Aukera guztiak irekiak ditugu eta ez dugu baztertzen mobilizazioetara jotzea hauek betetzen ez badira. Euskal Herrirako hezkuntza eredu propioa eraiki nahi dugu, eta bide horretan ari gara. Hori da gure ortzimuga. Guretzat, etorkizuneko hezkuntza sistemak gure herriak dituen beharretara egokitu beharko du, eta langileon lan baldintza duinak jaso beharko ditu. Ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz.
 

 

 

Gasteizko Gobernuak Mahai Orokorra propagandarako eta bere intereserako erabili nahi badu, ez diogu zilegitasunik emango

LABek ez du Gobernuaren propaganda estrategian parte hartuko. Gobernuak mahai orokorra bere intereserako erabili nahi badu, guk ez diogu marko horri zilegitasuna emango. Horregatik altxatu gara gaur mahaitik. Ondorengo egunetan jakingo dugu zein den Gobernuaren benetako nahia eta horren araberako erabakiak hartuko ditugu.

Badira aste batzuk Gobernuak gurasotasun lizentzia berri baten iragarpena egin zuela. Egia esan, urte luze bat pasa da iadanik lehen iragarpen hura egin zuenean. Estatutik datorren korrontearekin bat eginez, 16 asteko gurasotasun lizentzia berri bat txertatu zuten Enplegu Publikoaren Lege aurreproiektuan, gaur egun indarrean dauden amatasun eta aitatasun lizentzien ordez.

Jaurlaritzak birritan iragarri du lizentzia hori 18 aste izateko prestutasuna duela, gaur egun indarrean dagoen amatasun lizentziaren aste kopuru berdina hain zuzen. Berdintasunaren aurrean motz gelditzen da oraingoan ere Jaurlaritza, izan ere berdintasun planekin duen ardura eta konpromiso falta erakutsi izan du orain arte. Gai hau itxi asmoz hurrengo asteazkenean Mahai Orokorraren bilera deitu dute; nahiz eta neurria martxan jartzeko erabakia dagoeneko hartuta egon sindikatuon bedeinkapena nahi du Gobernuak.

LABek gurasotasun lizentziaren inguruan honako hau esan nahi du:

• Gure ustez oso garrantzitsua da lan munduan ere ikuspegi feminista txertatzea. Ezinbestekotzat ikusten dugu lan erreproduktiboaren aitortza egitea eta ondorioz zaintza lanei beharrezkoa duten balioa ematea. Zalantzarik gabe erantzunkidetasunean aurrera pausoak ematen jarraitu behar dugu.

• Aipatu bide horretan LABek klausula feminista ezberdinak proposatzen ari dela negoziazio eremu ezberdinetan. Adibide gisa, Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuari egindako ekarpen sorta. Gobernuak ez zituen gure ekarpenak jaso.

• Lizentziak berdintzea zaintzaren erantzunkidetasuna sustatzeko aurrerapausoa da zalantzarik gabe, baina gure ustez neurri gehiago onartzen ez badira motz gelditu daiteke, eta luzerako:
o Haurraren beharretara egokitzeko lizentzia 24 astera luzatu.
o Familia eredu berriak eta beraien beharrak kontuan hartzen dituen lizentzia eredu berri bat martxan jarri.

Lehen esan dugun bezala, Gobernuak bere propaganda estrategiarekin aurrera jarraitzen du; gai izar batzuk modu isolatuan ezarri eta sindikatuokin zilegitasuna bilatu. Horretarako erabiltzen du Mahai Orokorra, bere asmoetara moldatzen den egutegi eta gai zerrenda itxiekin.

LABek Mahai Orokorra negoziaziorako mahai bat dela uste du eta behin eta berriro garrantzizko eta urgenteak diren gaiak negoziatzeko egutegi bat eskatzen ari gara. Oraingo honetan idatziz eskatu dugu gaurko bileran enplegu kontsolidazioa, aurrejubilazio sarien berreskurapena eta zorraren aitortza eta itzultzeko plangintza gai zerrendan txertatzea. Aurrekontuen prestaketan ari da Gobernua, aurten ere langileon iritzia kontuan hartu gabe.
 

 

 

G7ren gailurrari ezetz esateko eta alternatibak ditugula aldarrikatzeko bildu gara Hendaian

G7ak abuztuan Biarritzen egingo duen gailurraren aurka ari gara mobilizatzen, zenbait dinamika eta plataformen bitartez. Bada, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Euskal Herriak Kapitalari Planto! dinamikak antolatuta, Hendaian egindako jardunaldian izan gara. Eguna hitzaldi batekin abiatu da, ATTAC-eko Cuca Hernandez eta OMAL-eko Gonzalo Fernandez Ortiz de Zaratek eskainita. Ondoren, protesta egin dugu Hendaiako hondartzan, G7ko agintarien politikak salatzeko eta ongi etorriak ez direla nabarmentzeko.


 
Hendaiako jardunaldian, LABeko ordezkari Eñaut Aramendi eta Edurne Larrañaga izan dira, besteren artean. Azken honen hitzetan, "ondorio desberdinak atera ditugu jardunalditik; horien artean, kapitalismoa krisian dagoela eta bere burua berrasmatzen ari dela. Horretarako, bizitzaren eremu anitzak merkantilizatzen ari da: zerbitzu publikoak, lan harremanak, zaintza bera, natur baliabideen ustiaketa… Hori ahalbidetzeko, orube judizial, exekutibo eta legegile oso bat eraikitzen ari da, eta ez hori bakarrik, kulturalki errelato propio bat ere ari da eraikitzen, hori guztiari zilegitasuna emateko".

Edurne Larrañagaren esanetan, "botere transnazionalak hori guztia ahalbidetzeko tresnak dira, G7a osatzen duten potentzien arteko itunak direlako. Eskatzen duguna da botere transnazional hauen inpunitatearekin amaitzea, giza eskubideen, langileen eskubideen, demokraziaren eta naturaren aurkako jarduera zuzenak direlako".

LABeko ordezkariak berretsi du, aldaketa sozialaren bidean, burujabetza aldarrikatzen dugula aldaketa sozial hori erreala izan dadin, herritik eta herriarentzat, langileetatik eta langileentzat.

Bestalde, gaurko jardunaldiaren antolatzaileetako batek, Euskal Herriak Kapitalari Planto! dinamikak, G7ak Biarritzen egingo duen gailurraren aurkako pankartekin josi du Euskal Herria. Hain zuzen ere, hainbat txoko esanguratsuetara eraman du G7 eta haren politiken aurkako aldarria (ikus argazki galeria).

 

 

Osakidetzako EPE prozesuetako filtrazioen inguruan ezagutzen ari diren informazioek gure tesia baieztatzen dute

0
Eskuartean daukagun dokumentazio kopuru erraldoiaren azterketan sakontzen ari garen heinean sortzen diren informazio eta datuek LABek hasieratik defendatu duen argumentua, eta Osakidetzak gaur egun ezeztatzen eta estali nahian jarraitzen duena, baieztatzen dute: kategoria mediku espezialistetako azterketetako filtrazioak praktika arrunta zen, mundu osoak ezagutzen zuena, baita Osakidetzako zein osasun arloko zuzendaritzak ere.

Zentzu honetan, eta daukagun informazio guztiak eta prozesu judizialaren barruan sortuko diren berriak aztertzen amaitu bitartean, orain prentsan argitaratu den gaur egun Osasun Kontseilaria den Nekane Murgak bere momentuan egin zuen balizko komentario bezalako informazio gehiago agertuko dira, kontuan hartuta praktika ustel hauek zein punturaino ziren ezagunak.

Kontseilaria berriaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren esku dago sistema ustel honekin behin betiko amaitzea eta berdintasun, meritu eta kapazitate printzipioak berriro ezartzea Osakidetzako kategoria guztietan. Orain da momentua eta hau da euskal jendarteak eskatzen duena, Osakidetza gardena, demokratikoa eta kalitatezkoa.

Horregatik, LABek aurrera jarraituko du herri-akusazio gisa dagokion lana egiten, helburua argiarekin: gertatu dena eta erantzuleak argitzea eta sistema ustel honekin behin betiko amaitzea.

 

 

 

Tuteran hildako emakume langilearen heriotza salatu dugu

Joan den ostiralean, gaueko txanda bitartean, Asociación Navarra Sin Fronteras enpresako emakume langile bat hil zen Tuteran, enpresa horrek kudeatzen duen etxerik gabeko pertsonendako aterpetxean. Lan istripu hilgarri hori salatzeko, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, langile batzordeak deituta. Hain zuzen ere, berriz ere lan istripu ez traumatiko tamalgarri bat salatu dugu, eta beharrezkoak diren prebentzio eta antolakuntza neurri guztiak har daitezen exijitu dugu. Aurten dagoeneko 23 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian.
 

 

 

Zerbitzu sozialetarako ratio egokiak eskatu ditugu Gasteizko Legebiltzarrean

Oskar de los Bueis eta Idoia Bustinzak osatutako LABen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur Gasteizko Parlamentuko Lan eta Justizia Batzordean EAEko adineko pertsonentzako egoitza- zerbitzuetako dekretu-proiektuari eta gizarte-zerbitzuen arloko gabeziei buruz iritzia emateko.

Zerbitzu sozialak jasaten ari diren hondatze egoeraren inguruan, adierazi dute egungo langile ratioak direla arazo nagusienetakoaren jatorria, langileak etengabe lan-arriskuen menpean dauden laneko ingurunea inposatzen dutelako. Izan ere, salatu dute euren funtzioak betetzerakoan osasuna ez dela ez bermatu, ez sustatzen.

LABek urteak daramatza egoera hau salatzen. Bere egunean 14.000 langileren sinadurak jaso zituen arretarako ratio nahikoak eskatuz. Horrela, Gasteizko Parlamentuak deia egin zio Gobernuari 2018ko otsailaren 9an Legez Besteko 2016/90 proposamena bete zezan. Hala ere, Gasteizko Gobernuak dekreto zirriborroa soilik hirugarren adinetarako egoitzetarako egin du, langileen parte- hartzerik gabe eta aurrera pausorik gabe arreta ratioei dagokienean.

Horretaz gain, LABeko ordezkariek salatu dute ez dagoela Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea betetzen duen zentrorik. Egiten duten jarduerari dagozkion arriskuan ez dira ez identifikatzen ez zuen ebaluatzen. Gainera, ez da metodo egokirik erabiltzen langileen zereginari dagozkion arriskuen eraginez jasaten duten kalte-maila zehazteko. Zentro gutxitan egin dira arrisku psikosozialen ebaluazioak, eta egin diren lekuetan, ez da prebentzio neurririk ezarri, eta ezarri direnean, ez dira eraginkorrak. Arrisku ergonomikoei dagokienez, ez dago berariazko ebaluaziorik. Pertsonen mugigarritasunak eragin arriskuak ebaluazio orokorretan biltzen dira, hasierakoak, eta beste jarduera mota batzuei esleitu metodoak erabilita. Zerbitzu sozialak oso sektore feminizatua dira eta egoera hori ez da kontuan hartzen. Era berean, ez da Segurtasun eta Osasun Batzordearekin inolako prebentzio plangintzarik negoziatu; prebentzio neurri batzuk hartzea hedatu nahian, tasatuak, programatuak, kontrolatuak eta jarraipena egiteko eta hauen xedea aipatu arriskuak ezabatzea izanik.

Emaitza honakoa da. Batetik, gihar eta hezurduraren kalteek eta erasoek eragin Zuzeneko eta onartutako ezbehar-kopuru indizeak handiak dira, nahiz eta hauen laneko jatorria onartzen ez den. Bestetik, Lanari lotutako zergatiengatik mugatuak izanagatik, lanerako gaituak diren pertsonen kopurua handitu izana egoera lazgarri horren isla da.

LABek, apirilaren 4an, hamarnaka salaketa erregistratu zituen Lan Ikuskaritzan, irregulartasun hauek salatuz, lan-osasuna enpresen politiketan txerta dadin. Bilera eskatu genion Lan-Ikuskaritzari gai honi ekiteko, baina ez dugu erantzunik jaso.

Agerraldian, LABeko ordezkariek adierazi dute ez direla gertakari isolatuak, eta arazoa estrukturala dela. Honekin lotuta, adierazi dute Lan Ikuskaritzak OSALANekin batera jardun beharko lukeela, zerbitzu sozialetan ematen diren ez betetzeak ezagutu eta beharrezko errekerimenduak egiteko. Era berean, OSALANek funtsezko paper aktiboa jokatu behar du, egokia izango den arrisku ergonomikoak baloratzeko tresna bat garatzeko baliabide teknikoak izanik. Ezin du beso gurutzaturik geratu. Egiturazkoa era erabatekoa da Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea ez betetzea. Honek esan nahi du langileak etengabe daudela arriskupeko laneko inguruetan, honek euren osasunarentzat dakartzen ondorio larriekin.

Gainera, dei egin diote Eusko Legebiltzarrari Eusko Jaurlaritzari eskaria berresteko, berau ez betetzeagatik. Lehenik eta behin, nagusientzako egoitzetarako dekretu zirriborroa egin du soilik. Bigarrenez, aipatu zirriborroa egiterakoan ez da langileen parte-hartzea bermatu. Gainera, honek ez du egiten ez lan-baldintza duinen alde ez kalitatezko zerbitzua bermatzen. Azkenik, nagusientzako egoitzen egungo dekretuak eta orain arte egindako zirriborroak ez du betetzen Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea.

Egokiak izango diren arretarako ratioak zehazteak zerbitzuaren kalitatea integratu behar du, lan- baldintzak ezinhobeak eta zerbitzua emateak ez dezala ekarri langileen osusunarentzako kalterik.
 

 

 

Euskotreneko batzorde iraunkorrak langileen aurkako erasoak salatu ditu

0

Pasa den ostegunean, langile bati eraso egin zioten bere jardunean zela. Euskotrenen batzorde iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak deitoratu ditu. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur, Otxarkoagako geltoki parean, Bilboko Kepa Enbeita plazan.

Jendaurrean bere lana garatzen duten Euskotreneko langileek (kontu-hartzaileak, garbiketako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak,…) Euskotrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan.

Guztiz onartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota erasoak pairatu behar izatea.

Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere, bere kezka agertu du Euskotreneko batzorde iraunkorrak. Harremanek abegikortasun eta errespetuan behar dute oinarritu.