2024-09-20
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaBoliviako estatu kolpearen aurka mobilizatuko gara ostiralean

Boliviako estatu kolpearen aurka mobilizatuko gara ostiralean

Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek, LABek barne, manifestu bat sinatu dugu Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatzeko eta ostiralerako mobilizazioak deitzeko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Hauxe da manifestua:

Testu hau sinatzen dugun erakundeok lehenik eta behin Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatu nahi dugu. Urriaren 27an Evo Moralesek hauteskundeak irabazi zituela adierazi ondoren Boliviako piztutako biolentziak muturreko egoera batera eraman du Bolivia, eta azken egunotan lehenengo egunetan protesta zena Evo Moralesen eta Boliviako herriaren demokraziaren kontrako estatu kolpe bihurtu da.

Hauteskundeak pasata emandako gertakarien ondoren, eta egoerari irtenbide bat eman nahiean Evo Moralesek hauteskundeak berriro deitu zituen, baino hala eta guztiz ere kolpeak aurrera jarraitu zuen, plana estatu kolpea ematea zela agerian utziz.

Evo Moralesek eta bere gobernuak Boliviako herriaren egoera oraindik eta odoltsuagoa ez bihurtzeko hartutako erabakia txalotzen dugu, Boliviako herritarren ongizatea eta demokraziaren bizirautea bere karguaren gainetik jarri baititu.

Une honetan Evoren eta bere gobernuko kideen kontra, nahiz MAS alderdiko militanteak eta indigenen aurkako errepresio basatia ematen ari da. Jazarpen hau gelditzea eta herritarren eskubideak errespetatuak izatea behar beharrezkoa da. Evoren bizia arriskuan dago!

Garbi dugu gertakari hauek Bolivian 2006tik martxan zegoen eraldaketa prozesu baten kontrako estatu kolpea direla. 2006-an boterea galdu zuten elite ekonomikoek prozesu honekin eta prozesu honek Boliviako herriari ekarri dizkion hobekuntza sozialekin bukatu nahi dute kosta ala kosta, eta, ikusten ari garen bezala, horretarako eskura duten guztia erabiltzeko prest daude.

Boliviako herriaren zein beste herrietako demokrazien kontra piztutako biolentzia salatzen dugu. Cuba eta Venezuelako enbaxadak indarrez hartu nahi izanak estatu kolpe honen izaera argi eta garbi erakusten du. Demokraziaren kontrako eraso hau ematen ari den bitartean nazioarteko komunitateak ez du hitzik ere egin.

Boliviaren burujabetza, eta bere gobernuak nahiz instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea exijitzen dugu.

Dokumentu hau sinatzen dugun eragileok, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko gure konpromisoa erakusten dugu. Horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Hauek dira mobilizazioak:

Azaroak 15

-Bilbon, 19:30ean, Arriagan

-Donostian, 19:30ean, Bulebarrean

-Gasteizen, 19:30ean, Andra Mari Zurian

-Iruñean, 20:30ean, udaletxe plazan
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.