2026-01-31
Blog Page 618

Gipuzkoako Grafikagintza eta Papergintzako grebaren arrakastaren ostean, ADEGIk erabaki behar du: negoziazioa ala konfrontazioa

0

Gaur, ekainak 27, Gipuzkoako Grafikagintza eta Papergintzako sektoreek beste greba egun bat burutu dute jarraipen zabalarekin, eta Tolosako kaleak hartu dituzte, manifestazio baten bitartez.

Papergintzako sektorean 4 greba egunen ostean, eta Grafikagintzakoan 2 greba egun burutu eta gero, orain arteko balantzea egiteko unean gaude:

1.- Grebek oso jarraipen zabala izaten ari dira. Ez dago bi sektoreetan normaltasunik. Papergintzako sektorean ekoizpena erabat geldituta dago eta grafikagintzan grebaren eragina oso handia izaten ari da.

2.- Grebek izaten ari diren jarraipen zabalak erakutsi du langileek sindikatuen jarrera bere egin dutela eta, aldiz, ez dutela onartzen ADEGIren jarrera inmobilista.

3.- Greba egunak joan ahala, grebaren jarraipena mantentzen ari da. Honek erakusten du langileak prest daudela tinko jarraitzeko beren lan baldintzak hobetu arte.

Honengatik guztiarengatik, LABek honako mezua bidali nahi dio ADEGIri:

-Hurrengo uztailaren 2an Grafikagintzako negoziazio mahaiaren beste bilera bat dago. Beraz, ADEGIk badu beste aukera bat orain arte erakutsi ez duen jarrera negoziatzailea azalarazteko. ADEGIri dagokio mahai gainean proposamen serio eta erreal bat jartzea benetako negoziazioa behingoz eman dadin. LAB jarrera negoziatzailearekin azalduko da bilerara, baina, ADEGIk aurrera egiteko asmorik ez balu, LABek konfrontazioaren alde egingo du sektoreko lan baldintzak hobetzeko.

-Papergintzari dagokionez, ADEGIk bukatutzat eman zuen negoziazioa sektorea konfrontaziora eramanez. Bada, dagoeneko porrot egin du. Greba erabat arrakastatsua izan da. Hortaz, gogoeta bat egin behar du eta erakutsi behar du negoziazioaren aldeko apustua egiten duela proposamen berriak mahai gaineratuz. Soilik horrela lortuko dugu konfrontazio egoeratik negoziazioaren bidera pasatzea. ADEGIri dagokio fitxa mugitzea.
 

 

 

Egun osoko greba egiten ari dira Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileak

0

Urteko lanaldiaren murrizketa, soldaten doitzea, kontratatutako lanaldien handitzea eta enpleguaren egonkortasuna dira Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileen aldarrietako batzuk, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok babestuta. Horiek lortzeko, lau orduko lanuzteak egin dituzte egunotan, eta gaur jauzi bat eman dute euren borrokaldian, egun osoko greba eginda. Bilboko kaleetan manifestazioa egin dute, euren borroka gizarteratzeko.
 
Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien hitzarmenaren negoziazioaren inguruan sortutako mobilizazioak hasi dira euren eragina izaten kanpoko igerileku eta udako ikastaroetan. Patronalak eta udalek irabaziak izan dituzte hamarkadetan zehar kolektibo oso bat prekarizatzearen kontura eta orain erantzukizunak onartzea eta sektoreari duintasuna bermatuko dion konponbidea eskaintzea dagokie.

Helburua ez da inongo momentutan izan erabiltzailea kaltetzea, baina 30 urte baino gehiago duintasunik gabeko lan-baldintzekin eta 16 hilabete negoziatzen aritu ondoren aurrera pauso bat eman beharrean ikusi dugu gure burua. Hilabete hauetan, Bizkaiko kirolaren profesionalek lehen aldiz erakutsi dute euren antolaketa eta borrokarako gaitasuna. Heldu egin da sektorea, eta ordua da bere etorkizuna bermatzeko.

Patronalak ez du onartzen sektoreak bere eskubideak aldarrikatzea: aldibaterakotasuna langileak behartzeko tresna moduan erabiltzeaz gain, lanpostuak ordezkatzen ditu, azken orduan aldatzen dituzte ordutegiak, langileak galdekatu egiten dituzte eta udako orduak eduki eta lanuzteak jarraitu dituztenek haiek izateari utzi diote. Horren erakusgarri da herenegun negoziazio mahaian erakutsitako inbolimismoa,

Gaur, sektorean bost egunetako lanuzteak izan ondoren, bigarren greba eguna dugu. Negoziazio mahaia osatzen duten sindikatuok, LAB, ELA, CCOO eta UGT-k manifestazioa egin dute CEBEKetik hasita, Arriagako plazaino. Ibilbidean zehar, zumba eta dantza bezalako jarduerak egin dituzte egoera honen erantzule diren Bilbao Kirolak edota Bilboko Udalaren aurrean.

Nagusiki diru publikoz finantzatzen diren sektore hauetan dagoen aldi-baterakotasun eta partzialitate tasa altuekin amaitzea guztioi dagokigun aldarrikapena da. Hortaz, ulerkorrak izatean eta babesa eskatzen ditugu gure lan-baldintza duinak lortu ahal izan arte.

 

 

Bat egin dugu azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeekin

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretartzeak egingo dira gaur eta bihar Euskal Herrian, Bardozen izandako erailketa matxista salatzeko. Mobilizazioak Bilbon (19:30, Arriaga), Iruñean (20:00, Udal Plaza) eta Gasteizen (20:00, Andra Mari Zuriaren Plaza) izango dira gaur, eta Bardozen (18:30, Herriko Etxea), bihar.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren deia:

Astebete bakarrik pasa da Euskal Herrian azken erailketa matxista izan zenetik eta jadanik beste emakume bat bere bikoteak erail du. Oraingoan ere Lapurdin izan da, Bardozen hain zuzen ere. 72 urteko emakumea tiroz hilik aurkitu dute.

Hau da Euskal Herrian biolentzia matxistak 2003tik hiltzen duen 100.
emakumea eta ez dugu onartuko. Horregatik gaur Hego Euskal Herrian eta bihar Bardozen egingo diren elkarretratzeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Martxan jarraituko dugu, denak aske izan arte!

ASKI DA!
 

 

 

Soldata-arrakalaren benetako irakurketa integrala eskatzen dugu, eta honi aurre egingo dioten egiturazko neurriak hartzea

12 urte baino gehiago daramatzagu LABen generoagatiko soldata arrakala dagoela salatu eta nabarmenduz. Orain, patronal zein instituzioetatik, soldata-arrakala errealitate bat dela aitortu behar izan dute eta gainera, honi aurre egiten ikerketa eta proposamenak egin beharrean ikusi dute euren burua. Atzo bertan ezagutu genuen Emakunderen eskariz genero arrakalari buruz egin zen ikerketa, honek arrazoia ematen digu urteetan salatu dugun hainbat konturen inguruan.

Emakunderen eskariz genero arrakalari buruz egin zen ikerketak arrazoia ematen digu kontu hauetan, besteak beste: soldata-arrakala egon badagoela; arrakala eta lanen feminizazioaren arteko harreman zuzena; lanbide batzutan emakume gehiago egonda enplegu horien prekarizazioa eman eta arrakala zabaltzen denaren konstazioa; emakumeen kasuan ematen den lanaren partzialitatea nagusiki inposatua dela eta soldata-arrakala larritzen duela; soldata-arrakalak emakume guztiak zeharkatzen gaituenaren ebidentzia edozein delarik ere gure ikasketa maila, adina edo lanbidea; eta ekonomikoak diren datuetatik aparte arrakalaren %55aren kausa diren arrazoiak badirenaren konstatazioa.

Beste alde batetik, gure desadostasuna eta kezka erakutsi nahi ditugu pertsona aktibo eta inaktiboez, lanik egiten ez duenez, hitz egiteko tema. Oso larria iruditzen zaigu zaintza lanetan eta izkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guzti horiek izkutatu eta kontuan ez hartzea. Lan hauek kontuan ez hartzeak, arrakalaren errealitatea hutsaltzeaz gain, irain bat dira sistemarko pertsona zaurgarrienentzat.

Azterketak proposatzen dituen aurrera egiteko neurrien inguruan, ados gaude inposatutako partzialitateari aurre egitea, benetako erantzunkidetasuna sustatu eta bermatuko duten neurriak edo soldatari lotutako kontzeptuetan gardentasun handiagoa bezalako proposamenetan. Hala ere, salatu beharrekoa iruditzen zaigu sexuagatiko diskriminazio estruktural baten aurrean gaudela ez aitortzea, honela emakumeok emakume izate hutsagatik gutxiago kobratzeaz gain, sistema kapitalista patriarkal honek prekarietatera, partzialitatera, zaintza-lanak onartzera, bazterketara eta pobreziara kondenatu nahi gaitu.

Soldata-arrakala ez da kasualitatea, interes zehatz eta ondo definitutako estrategie erantzuten die eta erantzule argiak ditu. Serio eta zehatzak izan gaitezen, badakigu zer egin behar dugun, egin dezagun!

Hortaz, soldata-arrakalaren benetako irakurketa integrala eskatzen dugu eta honi aurre egingo dioten egiturazko neurriak hartzea.
 

 

 

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbiketan soldata arrakala %70 gainditzea lortu dugu

0

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbiketan aurre-akordioa lortu dugu. Aurre-akordio hau LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuok sinatu dugu. Hau medio, irailaren 19an hasitako greba mugagabeari amaiera ematen diogu.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dugu sektoreko langileen konpromisoa, 9 hilabete luzeko greba aurrera atera eta uneoro erakutsitako tinkotasunagatik. Zoriondu eta txalotzekoa!
Negoziaketen hasieratik azaldu izan dugu bi hitzarmen hauetan Gipuzkoako kale-garbiketarekin alderatuta langileek bizi duten soldata arrakala gainditzea zela erronka. Komisaldegietan %13koa eta epaitegietan berriz %7ko zehazki. Gaur, soldata arrakala desagertu ez, baina %70ean gainditu dugula baieztatu dezakegu.

Aurre-akordioan ondorengo puntuak adostu ditugu. Komisaldegietan, soldata igoerari dagokionez, 2018tik 2022era urtero KPIaren igoera bermatzeaz gain, soldata arrakala txikitu asmoz %9 soldata igoera izango dute langileek. Aldiz, epaitegietako garbitzaileek, komisaldegietakoek bezala KPIa bermatuta izateaz gain, 2018tik 2021era %4,5eko igoera izango dute.

Honekin batera ultraaktibitate mugagabea, arrisku, toxiko eta nekagarritasunagatik plusa eta hitzarmenaren blindajerako artikulua adostu ditugu.

LAB sindikatutik aurre-akordioa oso positiboki baloratzen dugu. Garbiketako sektorean oso adierazgarria da kalean burutzen den garbiketa publikoa eta lau pareten artean burutzen den garbiketaren artean dagoen aldea. Lehena erabat maskulinizatua dagoen sektorea, eta bigarrena berriz feminizatua, eta lehenarekin alderatuta gainera, soldata alde handia duena. Komisaldegi eta epaitegietako azpikontratetako garbitzaileen egoera horren adibide bat dugu, eta orain erreferentzia bat soldata arrakala gainditzeko borrokan. LAB sindikatuko kideok garrantzia handia ematen diogu aldarrikapen honi eta argi dugu lekuen leku, arrakala hau gainditzeko bideak diseinatu eta borroka egin beharko dugula. Guk hor jarriko ditugu gure indar eta konpromisoa.
 

 

 

Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako sektoreetako grebak erabateko arrakasta izan du

0

Gaur, ekainak 26, Gipuzkoako industria alorreko bi sektorek, Grafikagintzak eta Paperak, egun osoko greba burutu dute beren hitzarmen kolektiboen defentsan eta benetako negoziazioa aldarrikatzeko. Sektoreko langileek kontzentrazioa egin dute ADEGIren egoitzaren aurrean.

Bi sektoreetan grebak erabateko arrakasta izan du. Papergintzaren kasuan, gaurkoa hirugarren greba eguna izan da eta aurreko bi greba egunetako jarraipen berdina izan du, hau da, %90koa. Ekoizpena geldirik egon da.

Grafikagintzako sektorean gaurkoa lehenengo greba eguna izan da, eta grebak arrakasta handia lortu du, %80ko jarraipena izan baitu. Nabarmendu behar da sektore hau osatzen duten ia enpresa guztiak enpresa txikiak direla, zenbait enpresetan ordezkaritza sindikalik gabe.

Beraz, bi sektore hauetako langileek argi adierazi dute ez dutela onartzen ADEGIren jarrera inmobilista. Greba hauen helburua da Gipuzkoako patronala den ADEGIk benetan negoziatu dezala. Helburu honekin, bi sektoretako langileak ADEGIren aurrean elkarretaratu dira.

Bihar, ekainak 27, bi sektoreek beste greba egun bat burutuko dute. 12:00etan, manifestazioa egingo dute Tolosako triangulotik.
 

 

 

Arabako metalgintzako langileek pairatzen duten prekarietatea salatu dugu SEA patronalaren aurrean

0

Aldarrikapen Eguna egin dugu Gasteizen, Arabako metalgintzako langileek dituzten arazo eta beharrei konponbideak exijitzeko, bai enpresetan baita sektorean ere. Hala, goizean, SEA patronalaren aurrean elkarretaratzea egin dugu defendatzen duen estatalizazioa eta prekarietatea salatzeko. Era berean, gure aldarriak kaleratu ditugu: aberastasuna banatu, soldata duinen bitartez; lan baldintza duinak, bizitza erdigunean jartzeko; kontratazioan prekarietatea gelditu, enplegu duina bermatzeko; diskriminazioarekin amaitu, emakumeen eskubideak defendatzeko; eta lan osasuna bermatu, lanetik bizirik eta osasuntsu bueltatu ahal izateko.
 
Gaur, ekainak 26, LABek “Aldarrikapen eguna” deitu du Arabako Metalean. Honen bitartez, exijitu dugu sektoreko langileen dituzten arazoei erantzun behar zaiela, bai enpresetan baita sektorean ere. Egunean zehar, gure aldarrikapenak zabaldu ditugu enpresetan eta poligonoetan eta eguerdian konzentrazioa burutu dugu SEAren egoitzaren aurrean.

LABek Aldarrikapen Egunean Arabako Metalean langileek dituzten beharrei erantzutea exijitu du, bai enpresetan baita sektore mailan ere. Sindikatuak sektorearen diagnostikoa burutu zuen eta bere militantziaren ekarpenak jaso zituen, aldarrikapenen 5ekoa osatuz:

– Aberastasuna banatu, soldata duina: 1200€ gutxieneko soldata gordina.
– Lan baldintza duinak, bizitza erdigunean: lanaldia (Euskal Herriko Metaleko hitzarmenen luzeena) murriztu, malgutasuna mugatu eta hobekuntzak ezarri bizitza pertsonala garatzeko eta zaintza lanak egin ahal izateko.
– Kontratazio duina: prekarietate eta iruzurrarekin amaitzeko, azpikontratetako subrogazioa ezartzeko, ETTen bidezko kontratazioa mugatzeko,…
– Diskriminazio oro ezabatzea, emakumeen eskubideak bermatzeko: neurri erangikorrak ezartzeko, soldata arrakala ezabatzeko, emakumeen kontratazioa handitzeko,…
– Lan osasuna bermatzea, lanetik bizirik eta osasuntsu bueltatzeko.
Horrekin batera, gehiengoan sinatu behar dela eta estatalizazioari eta lan erreformari aurre egin behar zaiola planteatzen dugu.

Horiexek aldarrikatu ditugu gaurko egunean enpresetan eta poligonoetan. Aldi berean, hori ere exijitu dugu SEAren aurrean konzentrazio baten bitartez. Gure ustez, SEAk prekarizazioa mantendu nahi du, estatalizazioari eutsiz, inolako aurrepausurik eman gabe, ez soldatak duintzeko, ez kontratazioaren iruzurrarekin bukatzeko, ez subrogazioa onartzeko, ez lanaldia murrizteko, ez emakumeen diskriminazioa ezabatzeko, ez langileen osasuna bermatzeko. Horregatik, hain zuzen ere, hamarnaka langilek parte hartu dute patronalaren egoitzaren aurrean, aldarrikapenak hara eramanda.

LABek jarraituko du bere aldarrikapenak zabaltzen eta dinamikak abiatuko ditu enpresetan eta sektorean dauden arazoak konponbideak exijitzeko.
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak DSBE murrizteko proposamena baztertzen du

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatzen du Eusko Jaurlaritzak, babesa ematen dioten alderdien bidez, DSBEren erreforma bat onartu nahi dute, prestazio sozialetan murrizketa berriak egitea eta prestazioak jasotzen dituztenak kriminalizatzea duena helburu moduan.

Eskubide Sozialen Kartak gogora arazten du EAJ eta PSEren lege proposamena, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilea (HEL) erregistratu ondoren aurkeztu zela. HEL honetan planteatzen genuen, besteak neurri batzuen artean, DSBEren zenbatekoan hobekuntza bat (LGSren %100 kide bakarrarentzat eta %50 gehiago bizikidetza unitateko pertsona gehigarri bakoitzeko), onartutako murrizketetan atzera egitea (adibidez, urtebeteko erroldatzera bueltatzea eta egun baztertuta dauden kolektiboei sarbidea erraztea (hala nola, adina 18 urtetan jarriz).

51.000 pertsona baino gehiagoren babesa jaso zuen HELak, hala ere, tramitera ere ez zuten onartu, hain zuzen ere EAJ, PSE eta Ppren kontrako botoarekin. Hiru alderdi hauek ados jarri dira lege proposamen baten tramitea onartzeko. Honek DSBEren zenbatekoa ez du Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin lotzen, prestazio sozialak eskuratzeko eskubidea murrizten du eta babestu egiten du egungo zein etorkizuneko praktikak, prestazioak jasotzen dituztenak ustezko gaizkiletzat jotzen dituztenak, gutxienez bermatutako diru-sarrerak izateko eskubidea duten pertsonen ordez.

Guzti honen aurrean, Eskubide Sozialen Kartak:

1. Dei egiten du DSBEren erreforma murriztailearen tramitazioa baztertzeko.

2. Berretsi egiten da pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELen jasotako edukiak onartzeko beharrean.

3. Baieztatu egiten du bere osotasunean babes sozial ereduaren inguruko eztabaidari ekitearen beharra. Horretarako, tresna egokien faltan, beharrezkoa da lan harremanak eta babes sozialerako euskal esparru bat,

4. Bere konpromisoa erakusten du prestazio sozialen murrizketen kontra eta bidezko sistema sozial baten alde mobilizatzen jarraitzeko.

 

 

 

Ez dugu Nafarroako Ostalaritza hitzarmena sinatu ez dituelako kontuan hartzen sektoreko prekaritatea bukatzeko beharrezko ezaugarriak

0
Patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek aurreakordioa lortu dute Nafarroako Ostalaritza hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horrek soldata igoerak jasotzen ditu, baina horietaz landa, apenas jasotzen duen sektoreko errealitatea.

Negoziazio mahaia urtebetez geldirik egon eta gero, lau bilerako denbora errekorrean lortu dute akordioa. Baina errekor horrek kostua izanen du Ostalaritzako langileendako, hitzarmen horrek ez baititu jasotzen langile horien lan baldintzak egunero-egunero prekarizatzen dituzten inguruabarrak.

LAB sindikatua negoziazio mahai horretan izan da eta bertan aldarrikatu ditu lanaldi partzialak arautzeko neurriak, halako lanaldiekin gertatzen diren abusuak bukatze aldera, sektorean egun dauden gaitzen artean handienetarikoa baita, Iruñerriko Piztu Alarma lanabes aktibistak azkenaldian borrokatu dituen kasuetan ikusi den gisara: astean bi orduko lanaldia izateko kontratatzen zituzten langileak, baina benetan 30 ordu egiten zituzten.

Gainera, Ostalaritzaren errealitateari erreparatuta, hagitz garrantzitsua iduritzen zitzaigun hitzarmenean sartzea langile migratuek dituzten arazoei aurre egiteko baimenak, ia ezinezkoa egiten baitzaie milaka kilometrora dituzten senideekin egotea.

LAB sindikatuaren bertze negoziazio ildo bat izan da Estatalizazioari aurre egitea, hau da, Nafarroako hitzarmenak ezartzeko lehentasuna izatea, Espainiakoaren aurretik, eragotzi ahal izateko Nafarroari eta bere langileei dagozkien kontuak Madrilen arautzea. Era berean, gure asmoa zen Ostalaritzaren hitzarmermenean kolektibitateetako langileak sartzea, uste baitugu gai hori nahitaezkoa dela Nafarroako negoziazio kolektiboak edukia izaten jarrai dezan.

Eta bagenuen bertze aldarrikapen anitz ere langileen egunerokoak hobetze aldera: lanaldiak, baimen ordainduak, errelebo kontratua, kategoriak, malgutasuna… Baina Patronalak muzin egin die LABen aldarrikapen guztiei. Areago, ez die erantzunik ere eman. Horregatik guztiagatik, LABek ez du hitzarmen hori sinatu praktikan bakar-bakarrik jasotzen baititu soldata igoerak eta legeek edo epaiek dagoeneko finkatuak dituzten eskubideak.

Begibistakoa da Ostalaritzan gora doazela Patronalaren esplotazio eta abusuak. Eta horregatik deitoratu beharrekoa da hitzarmen honetan sektoreko arazoei seriotasunez eta zorroztasunez ekin ez izana. Argi dago soilik gehiengo sindikal borrokalari batekin posible izanen dela Ostalaritzako langileen arazoei benetan aurre egitea eta sektoreko prekaritatea murriztuko duen hitzarmen baten alde borrokatzea.