2026-01-31
Blog Page 617

Formakuntza saioa egin dugu Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, lantokietan LGTBI+ kolektiboaren defentsa egiteko

Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Gaur zein urteko gainontzeko egunetan, lanean zein beste esparrutan, gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarria bere egiten du sindikatuak. Lantokietan sexu aniztasuna askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa dugu, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabil ditzaten. Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa dela iruditzen zaigu; horregatik, formakuntza saio bat egin dugu Gasteizen, aurretik egindako beste batzuei segida emateko, beharrezkoa eta derrigorrezkoa deritzogulako sindikatuko kide ezberdinek LGTBI+ buruzko oinarrizko jakintzak izatea, existitzen diren arauak eta legeak ezagutuz, lantokietan langile kolektibo honen defentsa egiteko.


 

 

 

Arbizun izandako lan heriotza salatuko dugu astelehenean

LAB, ELA, CGT, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egingo dugu astelehenean, uztailaren 1ean, iragan asteartean Arbizun gertatu zen lan istripu hilgarriarengatik protesta egiteko. Arbizun izango da mobilizazioa, LAKBER Mecanizados lantegiaren parean, Utzubar industrialdean.
 

 

 

Osasunaren pribatizazioa eta Bizkaiko anbulantzietako langileek jasan beharreko gehiegikeriak eta praktika kaltegarriak salatu ditugu

0
LABetik defendatzen eta borrokatzen dugu osasuna publikoa, unibertsala eta doakoa izatea bere orokortasunean. Esan beharrik ez dago gizartearentzat oinarrizkoa den zerbitzu honek bere gain hartu behar duela premiazko langileak baldintza duin eta justuan.

Osasun publikoaren pribatizazioa gero eta handiagoa da. Bizkaian, esate baterako, Osakidetza anbulantziak kudeatzen dituen enpresa pribatuen kontratuez baliatzen da osasun zentroetako langileak bete beharreko funtzio eta lanak ordezkatzeko; zeladoreek burutu beharko lituzketen ardurak kasu, batez ere gaixoen mugikortasun eta lekualdatzeari dagokionez anbulantzietako langileak arduratzen dira.

Era honetako gehiegizko praktikek ondorio ezberdinak dakartzate, bai anbulantzien zerbitzu eta gaixoentzat, baita ere osasun zentruetako langileentzat.

Alde batetik, gaixoen hitzartutako lekualdatze zerbitzua (kontsultak, tratamenduak, ospitale-altak etab.) asko kaltetzen da, kontsultak edo tratamenduak atzeratzen direlako edota ez atenditzera heltzeraino. Kasu horiek, anbulantzietako langileak osasun zentroetan galtzen duten denboraren ondorioz izaten dira, gaixoak alde batetik bestera mugitu behar izaten baitituzte segurtasun, osasun eta legez ere sartu ezin daitezkeen tokietara eramanez; esate baterako, erradioterapiako tratamendu-geletara eta dialisi-geletara. Ospitalizatuak ebakuntza batera esku-ohe batean eramaten diren kasuetan, ordea, anbulantzietako langileek operazioa bukatu arte itxarotera behartuta daude ondoren dagokion leku edo gelara eramateko, osasun zentruko langileen esku hartzerik gabe. Modu horretan, anbulantzia ordubete baino gehiago egon daiteke geldi ospitalean, langilea gaixoa non utzi edota bilatzen egoten baita zentru guztitik.

Beste alde batetik, mota horietako praktikak sustatzeko osasun zentruetako beharginek zuzendaritzako zuzeneko jarraibideak dituzte, anbulantzietako langileak estutzen dituzte gaixoak beraien kabuz mugitzeko dakarren arriskuarekin.

Adibide garbia eta ohiko egoera izaten da anbulantziako behargina pazientearen bila joatea gelara ospitale-alta jasotzean, eta osasun zentrotik eskatzen dute anbulantzietako bi langileren esku egon behar dela pazientearen manipulazioa. Izan ere, zentru barruan anbulantzietako langileak eraman behar dutela manipulatzeko beharrezkoak diren materiala esatera heldu dira).

Oso ohikoa den beste kasu bat da gaixo batekin osasun zentrura heltzen denean kontsulta edota tratamendu batetara, anbulantzietako beharginei behartzen zaiela kontsulatarino edo proba- gelaraino eramatea. Ez hori bakarrik, esku-ohe bat behar baldin bada beraiek arduratu behar dira zentruan bat topatzen eta pazientea kontsulta gunera eramaten. Ondorioz, beste gaixo batengana jo eta alde batetik bestera eramateko denbora galera dakar.

Nabarmena den beste kasu bat eta ohikoagoa da, oraindik, anbulantzietako langilea dialisi-gelera sartu behar denean gertatzen dena; bai Osakidetzan, baita itunpeko zentruetan ere (Dial Bilbo eta Virgen Blanca klinika). Pazientea aulkietatik edo aulkietara mugitzea bitarteko egoki gabe (osasunarentzat suposatzen duen arriskuarekin), batzuetan gaixoa pisura jaso eta janstera laguntzeraino (zentruetako langileen funtzioa).

Gipuzkoa eta Arabako herrialdeetan pentsaezina den praktikak dira, legeak eta logikak esaten baitu zentruetako langileak arduratu behar direla gaixoen mugikortasunaz. Osasun-langileak ez diren Estatutuak hurrengoa dio zeladoreen inguruko 14.2.12. artikuluan: “bere ardura izango da gaixoak lekualdatzea, bai instituzio barruan eta baita anbulantzia zerbitzuan ere.”

Zergatik onartzen dira Bizkaian horrelako gehiegikeriak eta kaltegarriak diren praktikak? Guk badugu erantzuna: era horretan Osakidetzak lanpostuak aurrezten dituelako, kalte handia eragiten dien gaixoen eta beraien senideen kontura, baita ere langileei; gainera, osasun publikoa pribatizatzen jarraitzeko izkutuko era izaten jarraitzen du.
 

 

 

Agerraldia Osakidetzako Arabako ESIko garbiketa zerbitzuko kontratetako langileak Garbialdiren eskutik pairatzen ari diren errepresio sindikalaren aurrean

0

Gaur, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta USO sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen, Arabako OSIko garbiketa zerbitzuko kontratetako langileek Garbialiren aldetik pairatzen ari diren errepresio sindikala publikoki salatzeko. Guzti hau Osakidetzaren elkar hartzearekin gertatzen dela adierazi dute.

SINDIKATUEN OHARRA

Arazo hau handitu egin da, izan ere sindikal markoan CUT zeneko sindikatua protagonista bilakatu da, plantillaren interesen alde egin beharrean, enpresarekin lerrokatzen baita: lanpostu hutsen estaldurari buruzko epaiketa batean, enpresak planteatutakoa defendatu dute; langileen lan harremanak negoziazio prozesuan dagoen hitzarmen autonomiko baten baitan adosten direla arbuiatuz, enpresarekin sasi-hitzarmen bat negoziatzen saiatzen ari dira; araudiaren arabera langileen ordezkariei helarazi beharreko informazio ematea urratzen dute,…

Hori gutxi balitz, sasi-sindikatu horren arduradun nagusiak enpresa beraren erdi-mailako arduradunak dira.

Gaur egun, GARBIALDIk ESI Arabako garbiketa zerbitzu guztien kontzesioa du: Txagorritxuko Ospitalea, Santiagoko Ospitalea, Kanpo Kontsulten Eraikina, eta Osasun Zentroak.

Testuinguru honetan, denboran zehar errepikatzen diren eta plantilaren langile zehatz batzuen aurka zuzentzen diren eskubideen urraketak ematen dira. Honek jazarpenaz hitzegitera garamatza. Kaleratzeak, zigorrak, justifikaziorik gabeko ukatzeak egun libreak hartzerako orduan, zereginen banaketa desorekatuak. Aipagarria zerbitzuburuak langileak haren bulegora deitzen dituenean, hauei sortzen zaien kezka: ez dakite haien nagusiarekin ari diren ala Komiteko presidentearekin. Nahaste hori formazio kurtsoetan ere ematen da, izan ere hezitzaileen aldetik CUT sindikatuaren aldeko proselitismoa burutzen da.

Guzti honek plantillaren zati handi batean beldurra nagusitu izana ekarri du. Batzuen nahia menderatu dute, baina beste batzuena oraindik ez. Hala ere langile batzuek erakusten ari diren duintasunaren gainetik, haien osasuna kaltetzen ari da. Eta hau bai ezin dugula inolaz ere onartu. Hitzegiten ari gara haien lanpostura joateagatik soilik gaixotzen ari direla, Hau oso larria da!

Guzti hau ez litzateke gertatuko, Osakidetzak onartuko ez balu. Hori dela eta salaketa publiko hau hari zuzenduta doa ere. Argi eta garbi esan behar dugu jazarpen egoera honen azken erantzulea Osakidetza dela. Administrazioak ezin du zerbitzu bat
azpikontratatu, eta ondoren beste alde batera begiratu. Zerbitzu bat ematen ari dieten langileen egoeraz jarraipena egitea haren ardura da. Hala ere badakigu Osakidetza egoeraren jabe dela; orain dela urte bat egoera kezkagarriaren berri eman genien Osakidetzako goi karguei; gaia aztertzeko denbora eskatu ziguten eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten, baina urte bat geroago erantzunak eta irtenbideak jasotzeko esperoan gaude. Argi esan dezatela, Osakidetzari ez al diote inporta langile hauen lan baldintzak? Ala pertsona hauekiko zeozer ezkutatzen ari dira?

Gure ustetan guztiz onartezina da patroi batek bultzatuta langileen antolakundeak sortzeko neurriak. Holako kasu baten aurrean gaudela deritzogu. Lotsagabea da GARBIALDIk eta Osakidetzak CUT sasi-sindikatuari ematen dioten babesa. Adibide gisa esatea, haien interesen alde hainbat aldiz elkarrekin egon dira epaitegietan; Sasi-sindikatu honen helbide soziala eraikin publiko batean aurkitzen da, Txagorritxuko Ospitalean hain zuzen.

LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta USO sindikatuok ez gara geldirik geratuko. Gure diferentzia ideologikoen gainetik, oinarrizkoa deritzogu langile hauek pairatzen duten jazarpen etengabea bateratuta salatzea. Osakidetzako zuzendaritzari bilera berri bat eskatuko diogu. Eta oporretatik bueltan ez ditugu mobilizazioak baztertzen eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu ESI Arabako kontratetako garbiketa zerbitzuko langileek pairatzen ari diren kalbarioarekin amaitzeko.  

 

 

Abadiñoko Rothenbergerreko langileek enpresa jotzen dute asteartean enpresan izandako istripuaren arduradun

0

Rothenberger enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur ekainaren 25ean izan zen lan-istripua salatzeko.

ENPRESA-BATZORDEAREN OHARRA
Lehenik eta behin, istripua izandako langileari eta bere familiari gure babesa erakutsi nahi diogu.

Bigarren puntu bezala, enpresari neurriak hartzeko exijitzen diogu gertatu den istripuA berriz ere gerta ez dadin. Ez da lehenengo aldia gertaera izandako makinan horrelako halabear bat gertatzen dela, iraganean leherketak egon baitziren, zauriturik gabe. Gainera, era global batean, salatu nahi dugu makina guztiek duten inbertsio falta prebentzio arloan, horrek suposatzen duen arriskuarekin.

Gure iritziz enpresak ez du orain arte prebentzio arloan makinetan mantenurik egin. Enpresa bere irabaziak handitzeaz arduratu da lan osasuna alde batean utziz. Ondorioz, enpresa gertatutakoaren arduradun bakarra dela uste dugu, horregatik ardurak eskatzen dizkiogu eta lan-osasunean arloan aldaketa handi bat.  

 

 

Sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu

Ekainak 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan zein urteko gainontzekoetan, lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Halaxe berretsi dugu gaur LAB sindikatuko Nazio Biltzarreko kideek, talde argazkia aterata.

Badira urteak ekainak 28a LABen agendan markaturik dagoela, eta askatasun sexualarekin konprometitu eta honen aldeko neurriak bultzatzen aitzindaria izan da ere.

Balore heterosexistetan oinarritzen den jendarte kapitalista eta patriarkalean bizi gara eta lantokiak horren isla dira. Modu ezberdinetan derrigorrezko heterosexualitatea inposatzen zaigu: behin eta berriz gure identitateak estereotipatuz, gure bizitza sexualak kuestionatuz, isekak eta umiliazioak jasoz… Langile guztiok eskubide guztiak bermatuak izan behar ditugu, eta ez dugu inongo diskriminaziorik jasan behar, ez zuzenean, ez zeharka, ez kontaktuak izateko orduan, ez lanean gaudela ere. Gure intimitatea errespetatua izan dadin eskubidea dugu, duintasunerako eskubidea dugu, eta gure identitate eta aukerak ez ezkutatzeko eskubidea daukagu, edo azalpenik ez emateko horrela erabakitzen badugu.

Aurreko urtean sindikatuan antolatzen hasi ginen, barne sare bat osatuz eta arreta berezia jarri genuen lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazten eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Aurten ikusgarritasun lesbikoaren egunean gure irakurketa plazaratu dugu eta LGTBI+ fobiaren kontrako egunean, Hego Euskal Herriko patronalei exijitu diegu ematen den diskriminazioarekin bukatzeko eta lan munduan askatasuna eta aniztasuna irabazteko enpresetan gida eta protokoloak derrigorrez ezartzea. Aurten ere, Kataluniako Behatokia hurbiletik ezagutu dugu, bere zuzendariarekin formazio saio bat egin dugulako eta Euskal Herrian horrelako tresna baten beharra dagoela uste dugu, mugimendu sozialen eta bertoko erakundeen bultzadarekin. Lan munduaren errealitatea zein den zehazteko eta egoerari aurre egiteko neurriak jasotzeko.

Aurtengo leloa: "Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi" izango da, eta egun hau gogorarazten duen Stonwalleko mobilizazioetatik 50 urte igaro direla izango dugu gogoan.

Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa dugu, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa da, horregatik, LABek, formakuntza saioak antolatu eta antolatzen jarraituko dugu (ekainaren 28an mintegi bat egingo dugu), beharrezkoa eta derrigorrezkoa deritzogulako sindikatuko kide ezberdinek LGTBI+ buruzko oinarrizko jakintzak izatea, existitzen diren arauak eta legeak ezagutuz, lantokietan langile kolektibo honen defentsa egiteko.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Are gehiago Bilbao Pride-Harro bezalako ekimenekin kapitalismo aseezinak LGTBI mugimendua instrumentalizatzen ari direnean. Horregatik, gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Abdenabi libre eta gurekin nahi dugula aldarrikatu dugu Iruñean

60 kolektibok "#AbdenabiLibre eta gurekin" kanpaina aurkeztu dugu Iruñean, Huerta de Peraltako langile Abdenabi Mellaseren aurkako zigor eskaerak baztertu ditzaten eta Nafarroan bizitzen eta lan egiten jarrai dezan exijitzeko. Kartzela zigorra, isun ekonomikoa eta kanporatzea eskatu dute harentzat, beste zenbait sindikalistak pairatzen ari diren jazarpenaren baitan hartutako erabakien harira.  
 

 

 

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak babesa luzatu dio erasotutako langileari

0

Pasa den larunbatan, langile bat erasotuta izan zen bere jardunean zela. Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak deitoratu nahi ditu. Hala, Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak elkarretaratze bat egin du Zumaian, gertatutakoa salatzeko.

Jendaurrean bere lana garatzen duten Euskotrenen langileek (kontu hartzaileak, geltokietako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak…) Euskotrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan. Guztiz anartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota erasoak pairatu behar izatea.

Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere gure kezka agertu nahi dugu. Harremanek abegigortasun eta elkar errespetuan behar dute oinarritu.
 

 

 

Kalitatezko segurtasun publikoa aldarrikatu dugu Gasteizen

EAJ, PSE eta PPren aldeko bozkekin gaur onartutako Euskadiko Poliziaren V. Lege moldaketaren aurka dago LAB sindikatua. 1992an onarturiko Euskadiko Polizia Legearen norabidean erreaktiboa, urruna, zurruna eta maskulinizatua den polizia ereduarekin jarraitzen duelako. Hori dela eta, mobilizazioa egin dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, “Kalitatezko segurtasun publikoaren alde polizia lege honi ez” leloarekin.

Hain zuzen ere, lege moldaketa honek hiru helburu nagusi betetzen dituela hausnartu du LABek:

1. Zenbait sindikatu eta elkarte pozteko neurriak ezartzea (garapen profesionala, buruzagitzen maila eta izendapenak, armen ezarpena, behin behineko udaltzainen desagertzea, …).
2. Udaltzaingoak “Ertzaintzatu” nahi ditu; jendartearen egungo arazoei erantzunik ematen ez dien eredu agortuan itsu-itsuan jarraitzea da. Segurtasun Sailak bere Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz eta zuzenduz konpondu nahi ditu Erandiotik.
3. Udal autonomia murrizten jarraitzeko beste pausu bat da honakoa. Aurrez deialdi bateratuarekin, Segurtasun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin… egin bezala. Udalek dagozkien ardurak hartu behar dituzte, udaltzainak udal langileak baikara.

Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen kalitateko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun baloreetan oinarriturikoa abian jartzeko. LAB sindikatua lan horretan ari da; egungo Udaltzaingoa indartuz, bultzatuz eta irauliz. Egungo jendartearen arazoetan esku hartu eta gainontzeko eragileekin lanerako prest gaude. Bada garaia Segurtasuna=Polizia moduko ekuazioak zuzenak ez direla jabetzeko.

Azkenik, Lege moldaketa honek behin-behineko udaltzainekin sortuko duen babesgabetasuna salatu behar dugu, egungo Udaltzaingoen bizi-iraupena bermatu duten aldi baterako lankideena, alegia. LAB sindikatuak behin behinekotasunaren eta prekarietatearen aurka borrokan dihardu. Segurtasun Sailak eta Udalek sorturiko egoera da hau, behin-behinekotasun eta prekarietatearena, baina horrela ez dira gauzak konpontzen. Zubiak eraiki behar dira egungo egoeratik, non Udaltzaingoetan behin-behinekotasun tasa izugarria den, lanpostuak finkatu eta zerbitzuak bermatzeraino.