2026-01-31
Blog Page 616

Igor Arroyo: “Langile klasearentzat tresna eraginkorra izaten jarraituko dugu prekarietatearen aurkako borrokan”

Ehundaka pertsonak manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Iruñean, udaletxe-plazatik abiatuta, “Borroka sindikala aurrera” lemarekin. Askatasun eta borroka sindikalaren aldeko mobilizazioa izan zen atzokoa, eta errepresioaren kontrakoa. Izan ere, hiru prozesu penal daude irekita Huerta de Peralta eta La Sangiovesan zegoen prekarietate eta esplotazioa salatzeko antolatutako protestean parte hartzeagatik. Lehenean, fiskaltzak 2.880 eurotako isuna eskatu du sindikatuko kide batentzat. Bigarrenean, urtebeteko kartzela zigorra LABeko kide batentzat. Eta hirugarren kasuan Huerta de Peraltako langile baten aurkako eskariak egin ditu: 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela, 2.500 eurotako isuna eta Estatu espainoletatik 5 urtez kaleratzea.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoak, “justiziaren patronalizazioaren kontrako” mobilizaziotzat jo zuen atzokoa, “prekarietatearen kontrako mobilizazio sindikal zilegiak erreprimitzeko Foruzaingoaren erabilera maltzurraren kontrakoa”. Gainera, adierazi zuen mobilizatzen jarraituko dutela, 20.000 eurotako isunak eta Jotas, Imanol eta Abdenabi bezalako LABeko kideen aurkako prozesu penal guztien gainetik lehentasuna emango diotela prekarietatearen kontrako borrokari. “Langile klasearentzat tresna eraginkorra izaten jarraituko dugu sektore prekarizatuenentzat, prekarietatearen aurkako borroka horretan”.

Justizia-sistemari kritika eginez amaitu zuen Arroyok bere hitzartzea: “Elkartasunezko ekintza sindikala aktibatzen denean, borroka sindikala aktibatzen denean, borroka sindikala patronala eta eskrupulorik gabeko enpresariei irabazten ari denean, orduan Foruzaingoa azkar asko joaten da enpresa atarira patronalaren piketea montatzera. Orduan bai, fiskalek neurriak hartzen dituzte. Orduan bai, orduan ematen du justizia horrek begi eta belarriak dituela”.
 

 

 

ADEGIren arduragabekeriagatik Gipuzkoako grafikagintza grebara doa bihar eta etzi

0

Gaur, uztailak 2, Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera berri bat burutu da. Gaurkoa lehenengo bilera izan da sektorean bi greba egun burutu ondoren eta bihar eta etzirako beste bi greba egunen bezperan, uztailaren 3 eta 4rako. Bileran ez da aurrerapausorik egon, hortaz, aurrera jarraitzen dute greba egunek. Bihar, uztailaren 3an manifestazioa egingo dute langileek Tolosako Triangelutik abiatuta, 11:00etatik aurrera.

Gogoratu nahi dugu bilera hau ADEGIk berak eskatu zuela. Bada, ADEGI esku hutsik etorri da bilerara. Ez du ezer berririk aurkeztu, ez du inolako proposamenik ekarri. Hau al da bere negoziatzeko borondatea? Negoziatzea blokeoa gainditzeko proposamen berriak ekartzea da. ADEGIk azaldu beharko du zertarako eskatu zuen bilera egitea ez bazuen proposamen berririk ekarri behar. Nolatan nahi du alde sozialarekin akordioetara heltzea?

ADEGIk aukera berri bat galdu du negoziazioan aurrera egiteko eta atzean uzteko konfrontazioa. ADEGIren arduragabekeriagatik grafikagintzako sektoreak beste bi greba egun jasango ditu.

LABek argi dauka: borrokan jarraituko dugu lan baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen duin bat lortu arte, egungo egoera onari erantzungo diona.

Bihar, uztailaren 3an, grafikagintzako langileak mobilizatuko dira Tolosako Triangelu plazan goizeko 11:00etan.
 

 

 

Laneko prekarietatea eta langabeziaren aurreko babesgabetasuna dira gure lan merkatuaren nortasun ikurrak

Egun, langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen ez duten 98.360 langabetu dago Hego Euskal Herria. Gehienak, %60a, emakumezkoak dira. Lan merkatutik kanporatua izan den kolektibo bat da, langabeziaren aurreko babes sistema espainiarrak bertan behera utzia, eta pobrezia eta bazterketa sozialera bultzatu dena. Horrela, autonomia mailako berme-errentak (pobreziaren atalasetik beherako zenbatekoan) dira euren azken babes sarea.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera (maiatzeko datuak), 60.993 pertsona dira erakunde honek ematen dituen prestazioen onuradun. Hala ere, prestazio asistentzialak dira kasuen %43an eta euren zenbatekoa hileko 430 eurotik beherakoa da.

Era berean, badira langaziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsona batzuk langabeziaren erregistroaren barruan sartua ez daudenak, berau neurtzeko erabiltzen diren irizpide estatistikoak ez betetzeagatik. Horrela, onuradun guztietatik 46.776 soilik jotzen dira langabetutzat.

Hortaz, erregistratutako langabeziaren zerrenda ofizialetan sartuta dagoen pertsonen %32,2ak soilik kobratzen due langabeziagatiko prestazioren bat, gainontzeko %67,8a kanporatua eta bertan behera utzia dago.

Finean, nabarmena da langabeziagatiko babes-sistemaren estaldura maila guztiz eznahikoa dela, eta beheranzko joera ere erakusten du epe luzeko langabezia eta prekarietatearen zabalpenagatik, era berean, prestaziook eskuratzeko eskubideak sortzea zailtzen duena.

Egoera honen aurrean, salatu beharrekoa da EAJ eta PSEk Gasteizko parlamentuan egindakoa, PPren laguntzarekin, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketa berriak sartuz.
 

 

 

Greba mugagabea hasi dute Mendaroko ospitaleko Tecman-eko langileek, enpresaren ez-betetzeen aurrean

0

Mendaroko ospitaleko mantenimenduaren ardura dauka Tecman enpresak. Bertako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, hitzarmen duinaren alde eta enpresaren ez-betetzeen aurrean. Guztiek egin dute bat deialdiarekin. Gaur goizean, mobilizazioa egin dute Mendaroko ospitalean.

LANGILEEN OHARRA

Tecmaneko langileak greba mugagabean enpresaren ez betetzeen aurrean

Mendaroko ospitalean, Tecman SVA S.L. enpresan dihardugun langileok azken bi hilabetetan jazo diren gertakariak eman nahi ditugu aditzera.

Denok dakigunez, Tecman SVA S.L. enpresak 2019ko maiatzaren batean ekin zion bere zereginari Mendaroko ospitalean; egia bada ere bi hilabete “besterik” ez dela igaro orduz geroztik, hasiera ezin okerragoa izan da.

Aipatu zerbitzuaren mantentze-osoa kontratatzeko preskripzio teknikoen pleguan, ondorengoa irakur daiteke: “Enpresa esleipenduna subrogatuko da eskubidetan eta betebeharretan, egun kontratatua dagoen enpresaren mantentze-lanak egiten dituzten langileei dagokienez”. Gaur egun, enpresak ez du plegua betetzen.

Hainbat aste jo ta ke borrokan aritu ondoren, lan egutegi eta oporretarako egunak zehaztea lortu dugu. Hala ere, ez da nahikoa. Izan ere, enpresak ez du plegua betetzen, nominaren egitura alde bakarreko erabakiz aldatu da, bajak ez dira aurreikusten, zaintzari lotu ordainsaria hutsaren hurrengoa da Osakidetzako langileek dutenarekin alderatuko bagenu, ez digute langileen artean komunikatzeko gailurik ematen, ez dira pleguak zehazten duen langile kopurua betetzen, gure soldata KPIaren gainetik eguneratzea nahi dugu, kontratu motekin eta antzinatasunekin arazoak ditugu,… Ez dezakegu ahantz lankide bat arbitrarioki egotzia izan dela, eta horren harira, lanari berehalaxe ekin diezaiola eskatzen dugu.

Erantzunik gabeko hainbat bilera eta proposamen egin ostean, langileon asanbladak uztailaren 2tik aurrera greba mugagabera deitzea erabaki du. Aipatutako greba deialdiaren ondorioz, enpresak bilera batera deitu gintuen. Baina bilera horretan hainbat gai jorratu arren, ez zuten inolako konpromisorik hartu.

Bilera hori eta gero, langileek egoera hau desblokeatze aldera, bi proposamen egin ditugu enpresa-hitzarmen batean jazo zitezen. Horrexegatik, behartuak gaude Mendaroko Ospitalean jazotzen ari dena ezagutaraztera.

Ez dugu ahaztu nahi ere Osakidetzari dagokion ardura, kontratugilea delako; jadanik adierazi zaio Tecman SVA S.L. enpresa plegua ez dela betetzen ari.

Horrengatik, Tecman SVA S.L. enpresaren zuzendaritza eta Osakidetza bera deitzen ditugu, jazotzen ari den guztiari irtenbide duina eman diezaioten.

Amaitzeko, adierazi nahi dugu ez dugula onartuko gure eskubideak ez errespetatzea, gure lan baldintzak kaskar daitezela, ez dugula atzera pausurik emango, eta Mendaroko Ospitalean diharduten Tecman SVA S.L.-ko langileek hitzarmen duina izan dezaten borrokatuko garela.

Bizitza duina, hitzarmen duina!

Tecmaneko langileak borrokan!
 

 

 

Huerta de Peraltarekin lotuta dauden hiru prozesu penaletako lehenean auzipeturiko LABeko kidea ez da epaiketara agertuko

Huerta de Peraltako grebako protestetan parte hartzeagatik sindikalisten aurkako hiru prozesu penal daude irekita, Foruzaingoaren salaketek eta Fiskaltzaren zigor eskaerek eraginda. Bihar, uztailaren 2an, lehen prozesuaren epaiketa eginen dute Iruñean Jose Javier Oses LABeko kidearen kontra, eta honek erabaki du epaiketara ez agertzea, uste baitu “prekaritatearen erregimena” izan beharko litzatekeela epaitu beharrekoa. Arratsaldean, manifestazioa izanen da Iruñean, askatasun sindikalen alde eta sindikalisten aurkako jazarpen polizial eta judizialaren kontra.

uerta de Peralta enpresan zegoen prekaritatea eta esplotazioa salatzeko eta greba eskubidearen kontrako urraketak salatzeko protestetan parte hartzeagatik hiru prozesu penal daude irekita. Batean 2.880 euroko isuna eskatu du Fiskaltzak LABeko kide baten kontra. Bigarrenean, urtebeteko kartzela zigor bana eskatu du LABeko bi kideren kontra. Eta hirugarrrenean Huerta de Peraltako langile baten aurka egin du modu krudelean: 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, 2.500 euroko isuna eta eta 5 urteko kanporatzea.

Uztailaren 2an eginen dute lehen prozesuari dagokion epaiketa, Jose Javier Oses LABeko kidearen aurkakoa. 2.880 euroko isuna ezarri nahi diote “desobedientzia” delitu bat leporatuta. Osesek erabaki du biharko epaiketara ez agertzea. “Haiek desobedientzia leporatu digute, eta guk desobediente izaten jarraituko dugu”, adierazi du. “Juztizia patronalaren aurrean planto eginen dut eta ez naiz epaiketara agertuko, prekaritatearen erregimena izan beharko bailitzateke epaitu beharrekoa”.

Osesen hitzetan, sindikalistak epaitzen ari diren bitartean, ehunka enpresaburu ari dira lan araudia urratzen, batere zigorrik jaso gabe. “Eta haien zerbitzura dituzte, gainera, ustelkeria politikoa eta bortizkeria poliziala. Izan ere, non daude poliziak, Fiskaltza eta Lan Ikuskaritza hitzarmenak behin eta berriz urratzen dituztelarik? Non daude langileak hiltzen direlarik segurtasun arauak ez betetzeagatik? Argi dago non dauden, gu egurtzen, gu izutu nahian, beldurra eta sumisioa zabaltzen, Nafarroan ezarri duten prekaritatearen erregimena are gehiago finkatzeko”.

Jazarpen polizial eta judizial horri guztiari aurre egiteko LAB sindikatuak Borroka sindikala aurrera kanpaina jarria du martxan. Kanpaina horri lotuta, hainbat mobilizazio egin dira eta eginen dira. Bihar berean manifestazioa izanen da Iruñean, 19:00etan Udaletxe plazatik abiatuta.

LABek langileei dei egiten die mobilizazioetan parte har dezaten klase sindikalismoaren alde eta patronalak inposaturiko prekarizazio prozesuaren aurka.  

 

 

Kontzentrazioa egin dute Loiuko aireportuko langileek, deitu duten lehen greba egunean

0

Gaur eguerdian, kontzentrazioa egin dute Loiuko aireportuko hall-ean AENAko langileek, deitutako lehen greba egunean. “No somos mercancía. Pertsonak gara. Respect for workers” lemapean gehiegizko lan-kargak salatu, eta enplegu gehiago eta hobea aldarrikatuko dute, baita langileek kontziliatzeko aukerak hobetzea eta inposiziorik gabeko lan harremanak.

Langileek aipatu dute berriki gatazkak bizi izan dituztela, mugikortasun mugatuko pertsonetan, garabietan, kotxeak garbitzeko enpresetan, aparkalekuko garbitzaileetan… Orain, AENAko langileen txanda da, eta euren enpresan eta azpikontratatutakoetan bizi duten egoera salatu nahi izan dute langileek.  

 

 

Gehiengo sindikalak kontzentrazioa egin du gaur Arbizun, Lakber enpresarean aurrean, lan istripuak sortzen dituen prekarietatea salatzeko

Pasa den ekainaren 25ean, R.A.C. 35 urtetako langile altsasuarra bat hil zen lan-istripuz Arbizuko Lakber enpresan, makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 27 dira aurten lan-istripuz hildako langileak Euskal Herrian urtea hasi zenetik. Gaur, kontzentrazioa egin dugu LAB, ELA, ESK, STEILAS, CGT, EHNE eta HIRU sindikatuok, enpresa-atarian.

LABek irmo baino irmoago exijitzen die erakundeei eta enpresa horretako arduradunei pasa den asteko ezbehar traumatikoaren inguruko zirkunstantzia guztiak argitzea, batez ere kontuan hartuta hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresa horretako bi lantegitan.

Lan istripu guztiak tamalgarriak eta kezkagarriak diren arren, LAB sindikatuari bereziki kezkatzeko modukoa iruditzen zaio konstatatzea pasa den astekoa dela dela Sakana S.Coop enpresak dituen lantegietan azken lau urteetan hil den hirugarren langilea.

2015eko ekainaren 26an, Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian, azpikontrataturiko enpresa bateko langile J.M.R.G. 43 urteko corellarra hil egin zen, 14 metroko altuera batetik erorita. Istripu hura dela eta, 2017an urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten bigarren enpresako bi arduraduni, langileen eskubideen aurkako delitu batengatik eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitu batengatik.

2018ko martxoaren 15ean Y.L.A. 30 urteko langile lakuntzarrak istripua izan zuen Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian. Plataforma metaliko bat erori zitzaion lanera eta egun bat geroago hil zen.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da horren guztiaren atzean dagoen zio bakarra enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekarietatean, eta ez da beharrezko prebentzio neurriak hartzen. Batzuek gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak, baita hiltzen direnak ere. Hala, istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Normalean, prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izaten dira istripuak, eta halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz

 

 

 

Indesako langileak kalera atera ziren soldata-diskriminazioaren kontra

Larunbatean, kontzentrazioa egin zuten Indesako langileek Gasteizko Loma Generalaren plazan, bizi duten soldata-diskriminazioaren aurrean. Indesak gizartetxe eta egoitzetako garbiketa, ospitaleetako arropa garbiketan, egoitza eta eskoletako janaria prestatzen, lorezaintzan eta beste enpresa batzuentzako zerbitzuak eskaintzen ditu. Protestak, LABez gain, enpresan ordezkaritza duten gainontzeko sindikatu guztien babesa izan zuen, ELA, UGT, CCOO, USO eta ESKrena.

Langileen ordezkariek euren egoera salatu zuten. Lehenik eta behin, adierazi zuten langile zuzenei Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 900 eurotara igo ondoren, enpresak ez duela hitz egin nahi langile espezializatuen kolektiborako igoerari buruz. Kontuan hartu gabe, kategoria hori kaltetuena izan dela eta enpresaren gehiengoa dela.

Bestalde, adierazi zuten langile zuzeneko kategorian aplikatutako LGSaren igoeran ez dela adostutako soldata igoera sartu eta gainerako kategorietan bai aplikatu dela.

Apirilaren 16ko tokiko prentsan Jose Luis Cimiano Ogasun diputatu jaunaren eskutik argitaratu zen Indesak bere zorra zerora murriztu duela. Hau soldata igotze ezak, ordezkapen ezak, makineria falta eta lan kargen handitzearen bitartez lortu dela adierazi zuten, ezintasunen bat duten kolektiboa kaltetuz eta denboran zehar mantentzen den egoera izanik.
 

 

 

FVEMek uko egiten dio Bizkaiko metalgintzako negoziazioarekin jarraitzeko data bat jartzeari

0

10 egun betetzen dira FVEMek negoziazioarekin jarraitzeko data jartzeko konpromisoa hartu zuenetik.

Pasa den ekainaren 17an egin zen Bizkaiko metalgintzako herrialdeko hitzarmenaren negoziazio-mahaiko azken bilera, joan de maiatzaren 10ean ELA, CCOO, LAB eta UGTk proposamen bateratua aurkeztu genuenetik hirugarrena.

Azken bileran, sindikatuok gure plataforman planteatzen genituen edukietako bat bera ere ez jasotzen ez zuen proposamena aurkeztu zuen FVEMek, soldatari dagokionez oso urrun zegoena exijitzen zenetik.

Lehen aldiz mahaia zabaldu zenetik, hurrengo bilerarako data finkatu gabe altxatu ginen, izan ere, FVEMek komentatu zuen konpromisoak zituela ekaineko azken astean eta uztaileko lehenean. Hala ere, konpromisoa hartu zuen Lan Harremanen Kontseiluari 3 data helarazteko, hurrengo bilera uztailean zehar finkatu ahal izateko.

Baina konpromiso honetatik 10 egunetara, negoziazioarekin jarraitzeko proposamen bat planteatu gabe jarraitzen du. Honek argi erakusten du zein gutxi axola dioten metalgintzako langileen lan-baldintzek.

Negoziazioa luzatzea ahalegindu arren, ez dute lortuko hitzarmen duinaren alde borrokan jarraitzeko gogoak gutxitzerik.

Aurrera darrai borrokak Bizkaiko metalgintzan.