2026-01-31
Blog Page 615

Berriak supermerkatuetan gaurko deitutako lanuzteak bertan behera utzi dituzte, langile-batzarrak berretsi behar duen akordioa lortu delako

0

Gaur goizean akordioa lortu da langileek ordezkari eta enpresaren zuzendaritzaren artean. Langileek batzarretan berretsi beharko dute, eta bertan behera utzi dituzte gaurko Laudio, Amurrio, Orozko eta Bilbooko supermerkatuetan.deitutako lanuzteak.

– Akordioak ez du epe-mugarik bere aplikazioan. Orain arte, enpresak urtebete planteatzen du. Enpresak, galera ekonomikoak egotekotan gorde egiten du enpresaren errentagarritasuna lortzeko egin beharko lituzke ekintzei ekiteko eskubidea. Legez duten eskubidea da.

– Urtean bost larunbat.

– Zubi bat txandaka: gehienez 8 langilek har dezakete zubia. Kalkulua atera da eta bi urtetan langile guztiek gozatu ahal izango dute eskubide honetaz.

– Aukera askeko egun bi, inolako justifikaziorik gabe. Ezetz egin ahalko zaie bakarrik atala estali gabe erakutsiko balitz. Aukera askeko egunak ez lirateke galduko eta ezingo lirateke eskatu larunbata eta zubian.

– Gehiegizko gainontzeko egunak, adostasunarekin.

– Iazko aparteko orduak ordainduko dira. Sei hilabetetan ordainduko da, 2019ko uztailetik abendura.

Oraindik ez da ezer sinatu, baina langileen ordezkaritzak erabaki du gaurko deituta zeuden lanuzteak bertan behera uztea, datorren astean egingo diren langile-batzarretan akordioa berrestearen zain.

Enpresak idatziko du behin-betiko akordioa eta langileen ordezkariek langileen baldintzarik gabeko babesa eskertu nahi dute, euren batasunik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako lortutako akordioa.
 

 

 

Beharrezkoa da mobilizazioa lanetik etxera bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidearen alde

Langile bat hil da Laudioko Tubacexen gaur, lanean ari zela, makina batek harrapatua.Prestakuntza dualeko ikasle izandakoa, denbora gutxi zeraman Tubacexen kontratupean, eta bakarrik ari zen lanean, bere esperientzia txikiarekin printzipioz bakarrik ezin egingo lituzkeen lanetan. LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dizkie lankide, senide eta ingurukoei, eta baita langile-klaseari ere, bere osotasunean.

Gaurkoarekin, gutxienez 26 dira urte hasieratik Euakal Herrian lanean hildako langileak.

Honetaz aparte, istripu larria gertatu da Aernnovak Berantevillan duen lantegian. Langile bat altueratik erori da, honezkero aldatuta egon behar zuen grada batetik, hain zuzen ere. Langileen kexei esker lortu zen, hain zuzen ere, berau aldatzeko konpromisoa.

Tubacexeko lankideek Laudioko lantegiaren ekoizpena gelditu dute eta adierazi dute heriotza hau ezin zaiola doan atera enpresaren zuzendaritzari. Prebentzio neurri eraginkorrak eskatu dituzte.

Bihar, uztailaren 5ean, egun osoko greba egingo dute Laudion Tubacexek duen lantegian, eta 12:00etan, kontzentrazioa egingo dute enpresa atarian, ondoren, manifestazioan abiatuko dira Laudioko Herriko Plazaraino.

LABek dei egiten die langileei heriotza honen aurrean antolatutako erantzun-deialdietan parte hartzera, mobilizazioaren beharra azpimarratuz, lanetik etxera bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidearen alde.
 

 

 

Zeladoreen Nafarroako LEP deialdiaren filtrazioaren harira, ereduak eta araudia berrikustea premiazkoa da

0

Ekainaren bukaeran, zeladoreen deialdia jendartean zabaldu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Horrek garbi erakusten du ez dagoela hautapen prozesuen gaineko araudi zorrotz eta zehatzik, eta egungo eredua aldatu beharra dagoela.

Zeladoreen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen jendaurrean zabaldu ondoren, LABek gero eta garbiago dauka ezinbestekoa dela enplegu publikoaren deialdien gaineko araudia lehenbailehen berrikustea eta, finean, egungo eredua aldatzea, erabat zaharkitua dagoelako eta segurtasun handirik eskaintzen ez dielako oposiziogileei.

Azken kasu horrek agerian uzten du zalantzan jartzeko modukoa dela deialdien kudeaketa-prozesuan gertatzen diren egintza administratiboen trazabilitatea: ze irizpide erabiltzen dira informazio hori zenbait pertsonari jakinarazteko? Zein organok erabakitzen du hori? Zergatik ez zaie behar bezalako informazioa ematen hautapen prozesuan parte hartzen duten pertsonei prozesu horien araudiari eta konfidentzialtasun-baldintzei buruz?

Gertatu dena ikusita, garbi dago enplegu publikoko hautapen prozesuek ez dutela araudi egoki bat, ez edukien konfidentzialtasuna bermatzeko, ez eta jarduketen arduradunen eta irizpideen gardentasuna bermatzeko ere.

Gaur egungo koiuntura sozialean, herritarrak gero eta gehiago eskatzen ari dira administrazio publikoek behar diren baliabideak jar ditzatela beren jardunaren gardentasuna eta berdintasuna bermatzeko, are gehiago langileak hautatzeko prozesuetan. Osakidetzan gertatutakoa eta oraingo kasu hau bi adibide ezin adierazgarriagoak dira.  

 

 

Epaitegi Konstituzionalaren epaia ez da nahikoa gizarte segurantzaren pentsio sistema emakumeentzako diskriminatzailea dela konpontzeko

Espainiako Epaitegi Konstituzionalak agerian utzi du emakumeentzako diskriminatzailea dela Espainiako gizarte segurantzako sistema konstituzioaren aurkakotzat jo baitu erretiro pentsioa eskuratzeko lanaldi partzialeko kotizazioen zenbaketa arautzen duen araudia. Epai hau Europa Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiek aurretik zehaztutako ildotik doa (2012ko azarokoa eta 2019ko maiatzeko berriagoa); azken epai hauek zuzenbide komunitarioaren kontrakotzat jo zuten araudia zuzentaraua urratzen zuelako, gizarte segurantzaren aldean emakume eta gizonen arteko tratu berdintasunaren printzipioa progresiboki aplikatzearen ingurukoa.

LABen, 2012ko azaroko Europako epaitegiaren eta 2013ko Epaitegiko Konstituzionalaren ebazpenen ondoren, behin baino gehiagotan saltu dugu 2013an egin zen gizartze segurantzaren araudiaren erreforma oraindik diskriminatzailea zela, eta ez zituela Europako esparruko ebazpenak betetzen, orain Konstituzionalaren beraren epai berriak baieztatzen duena.

Araudiak diskriminatzailea izaten jarraitzen du, kotizazio-ahalegin handiagoa exijitzen baitie lanaldi partzialean ari direnei, gehienak emakumeak, lanaldi osoz ari direnekin konparatuta. Konstituzioaren aurkakotzat jotako araudiak ez du oraindik onartzen lan egindako egun bakoitzagatik egun bat kotizatu behar dela, lanaldi, partzialean izan arren.

Konstituzionalak iritzi dio kotiazio-ahalegin handiago hau ez dela ez objektiboa ez arrazoizkoa eta emakumeen berdintasun eta ez diskriminaziorako eskubidea urratzea suposatzen duela.

Hego Euskal Herria, lanaldi partzialean ari diren langileen %80a emakumeak dira, eta hau eta beste arrazoi batzurengatik, emakumeek gizonek baino %40,6 baino baxuagoak diren pentsioak jasotzen dituzte, batazbeste.

Finean, ebazpen judizial honek berriro utzi ddu ageria gizarte segurantzaren arloko legeriak, eta euren azken erreformek, emakumeen egoera sozio-laborala konpontzetik urruti, diskriminazioa betikotzen lagundu dute, neutraltasunaren itxurapean.

Guzti horrengatik, beste behin aldarrikatzen dugu diskriminatorioa izango ez den gizarte segurantzako gure sistema publikoa Euskal Herrian erabakitzeko gaitasuna, besteak beste, gutxienez 1.080 eurotako pentsioak izango dituena, pentsioek orokorrean eta emakumeek bereziki jasotzen dituzten pentsio apaletatik eratorritako pobrezia egoera konpontzeko.

 

 

 

Donostiara eraman dute protesta papergintza eta grafikagintzako langileek

0

Seigarren greba eguna gaur Gipuzkoako papergintzan eta hirugarrena grafikagintzan, hitzarmen duinen alde. Bi sektoreetako langileek mobilizazio bana egin dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

 

 

 

LAB da Nafarroan ordezkaritza gehien handitzen duen sindikatua, aldaketa sozialaren aldeko prekarietatearen aurkako bere eredua indartuz

0

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako eledunak prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, hauteskunde sindikalen aldi trinkoak ardaztu duen ikasturte honen amaiera balantzea egin eta, berriki egin diren hauteskunde politikoen ondoren Nafarroan ireki diren egoeren inguruko hausnarketak ere konpartitu nahiko genituzke.

Hauteskunde sindikalak
Imanok Karrerak adierazi du, hauteskunde sindikalen aldi trinko honetan berritu direla Nafarroako enpresetako ordezkari gehienak (delegatuak) edo lehen aldiz egin dira hauteskunde sindikalak langileek ordezkaritza sindikala aukeratzeko. “Eta hau izan da ikasturte honetak erronka nagusietako bat. Guretzat, hauteskunde hauek enpresa eta sektore ezberdinetako langileekin aritzeko aukera eman digute, gure kanpainako lemak zioen moduan, langileen bidelagun izan, langile-klasearen bizi eta lan-baldintzak hobetzeko botere sindikala eskuratzekoa, eta bizi dugun prekarietate egoera eraldatzekoa”.

Alde kuantitatibotik jarritako helburuak, 1.000 delegatuen kopurua eta ordezkaritzaren %16a gainditzea,
gainditu egin dituztela adierazi du jarraian.

Ekintza sindikal berritua
“2017/2018 ikasturtean gatazka, borroka eta grebek gora egitea lortu genuen. 2018/2019 ikasturte honetarako, bide honetatik pauso bat harago joatea planteatzen genuen. Eta aitortu beharra dugu ikasturte honetan, aurretik zehaztutako bideari jarraitu diogula. Borroka eta greba eraginkorren aldeko apostua egiten jarraitu dugu praktikan”, gehitu du Karrerak.

“18 borroka eraman ditugu aurrera Nafarroan. Hauetarik 8 (%45) sektore feminizaztuetan egin dira. 12 borroketan (%67) erabili dira greba edo lauzteak eta 8 (%45), klabe ofentsiboan egin dira”.

“Langileen aktibazioa da gure ekintza sindikalaren oinarri nagusietakoa. Eta gure ustez, honetan ere eman ditugu aurrera-pausoak eta pultsua berreskuratu. Gure delegatuak, gure afiliatuak aktibatu egin dira eta gainera, gero eta gehiago dira gure ekintza sindikal eredu berrian modu aktiboan parte hartzen dutenak, kalean egindako borroketan edo aipatutako hauteskunde sindikaletan”.

“Huerta de Peraltako langileek egin duten borroka duina eta Piztu Alarma dira gure koherentzia eta sinesgarritasunaren adibideak, langileriaren beharrizanekin konektatzen dugu eta antolakuntzarako benetako alternatiba gara, gure lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituzten borrokak artikulatzeko”.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “Nafarroan, oso positiboa izan da balorazioa, hauteskunde aldirako zehaztutako helburu guztiak bete ditugu, bere ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua gara, absolutuki edo portzentualki, gainontzeko sindikatuekiko alde handiarekin. Indartuta atera gara hauteskunde alditik, hortaz, ondorioztatu dezakegu gure eredu sindikala sendotuta dagoela eta gainera, benetako alternatiba dela Nafarroako milaka langilerentzat. LAB hazten ari den sindikatua da eta oraindik hazteko margena duena, hortaz, hortik doaz gure etorkizunerako aurreikuspenak”.

“Aldi trinko honetarako zehaztuta genituen helburuak bete ditugu. Alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Bete eta gainditu egin ditugu zehaztutako helburuak. Momentu hauetan, 1.018 delegatu ditu Nafarroak eta %16,67ko ordezkaritza.”

Oso emaitza positiboak dira hauek. Aldi trinko honetan, 45ean gehitu dugu delegatu kopurua. Lau urtetan, 150 delegatu gehiago eta ordezkaritza 1,8 puntutan handitzea lortu du LABek Nafarroan.

LABek modu proportzionalean egiten du gora Nafarroako eskualde guztietan. Iruñerrian azken lau urteotan ia 2 puntu portzentualetan egin du gora bere ordezkaritzak. Erriberan ere portzentaia berdina hazi da gure ordezkaritza. Sakanan lehen indar sindikala bilakatu gara, delegatuen %39,11rekin.

Federazio guztietan egin du gora LABen ordezkaritzak. Industria federazioan %0,9. Zerbitzu pribatuetan %2,3 igo dugu ordezkaritza. Eta zerbitzu publikoen federazioan %2.

“Alde kualitatibotik oso modu positiboan baloratzen dugu sindikatua, zerbitzu pribatuen eremuan oso prekarizatuta dauden sektoreetan eta guk soziokomunitarioa deitzen dugun sektorean hedatu izana. Azken sektore honetakoak dira hirugarren adineko egoitzak, beharrizan bereziak dituztenentzako arreta, etab. “ gaineratu du Aranburuk.

Foru administrazioan LAB sindikatuak lortutako garaipen berria ere nabarmentzekoa da. Berriz ere lehen indar sindikala izateaz gain, gora egin du LABek babes zein delegatu kopuruan.

Ikastoletako ordezkaritza ere handitu du LABek. Egun, %96koa dauka. Garaipen garrantzitsuak izan ziren ere Auzolagunen lortutakoak, gehiengo absolutuarekin, Kybsen edo Kasedako Viscofanen.

Bestalde, gero eta handiagoa da sindikatuan dagoen emakumezko delegatuen kopurua. Egun, duela 4 urte baino 90 gehiago dira, bere jardunbide guztietan erakunde feminista izateko bidean pausuak emateko sindikatuak hartutako erabakiaren isla.

Garrantzitsua da ere aipatzea badagoela belaunaldi aldaketa ordezkaritza sindikalean eta gure delegatu ugarik metatukoa esperientziarekin batera, gero eta garrantzitsuagoa dela LABeko ordezkari moduan aurkezteko urratsa ematen duten langile gazteen presentzia.

LABek hazkundeak garrantzia berezia dauka kontutan hartzen badugu bere jarduera jazarri egiten duela patronalak, aukerarik galtzen ez duena langileek duten ordezkaritza sindikalerako eskubidea urratzeko. Berriro ere ikusi ditugu eskrupulorik gabeko enpresarien presio ugariak, zenbait kasutan, sindikaturen batek lagunduak.

“Bilakaera positibo honen arrazoia da langileek kontrabotere sindikalismoaren alde egiten dutela, estrategia integrala duena eta eraldaketa soziala eta aldaketa politikoaren alde borrokan ari dena”, ondorioztatu du Aranburuk:

“Eraldaketa sozialaren alde ari gara borrokan”:
– Berritutako ekintza sindikaleko ereduarekin, eraginkorragoa, patronala eta instituzioen aurrean borroka sortzeko gaitasun handiagoarekin.
– Feminismoa gure ekintza sindikalean txertatuz.
– Langile klasearen indibidualizazio eta zatiketaren aurrean, badugu klase-subjektua berrosatzeko eskaintza sindikal eta organizatiboa.
– LAB presente dago borroka sindikal eta sozial guztietan, langileen lan eta bizi-baldintzak hobetzea dutenean helburu. Lan-zentroetan borrkatuz, pentsionisten plataformekin batera, Mugimendu Feministarekin edo gazteekin aliantzak sortuz.

“Aldaketa politikoaren alde ari gara borrokan”, gaineratu du:

• Kontrabotere sindikalaren gure posiziotik, borroka egin dugu duela lau urte izandako aldaketa instituzionala sakoneko aldaketa sozial eta politikoa izan zedin.

• Dialektika eraikitzaileari eutsi diogu. Balioa eman diegu mobilizazio sozialeko urte luzeei esker lortutako aurrerapen demokratizatzaile eta sozialei. Eta erabaki batzuk kritikatu ere egin ditugu, aldaketa sozial eta politikok prozesu batean aurrera egiteko neurri gehiago exijituz.

• Legegintzaldi oso honetan zehar adierazi dugu aldaketa prozesuak egiturazko oztopo bi zituela: Nafarroaren menpekotasuna Madrilekiko, politika soziolaboral eta publikoak erabakitzerako orduan. Eta bigarrenik, patronalaren eragina garatu diren politika ekonomikoetan.

• Hauteskunde kanpainan zehar behin eta berriro esan dugu Nafarrokoa aldaketa instituzionala beharrezkoa baina eznahikoa zela aldaketa sozial eta politikorako. Baina aliantzetan PSNren mesedetan egindako edozein aldaketak, aldaketa prozesu honen blokeoa edo honetan atzera egitea ekarriko lukeela. Horrela izaten ari da.

• Azken lau urteotan urrats garrantzisuak eman dira demokratizazioa eta normalizazioan. Horregatik salatu nahi dugu PSN garatzen eta Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerra jarraitzen ari diren bazterketa politika, ulertzen dugulako bizikedetza eta normalizazio politikoari eraso egiten diola.

Ondorioetan, honakoa zehaztu du Aranburuk, “Indartuta atera gara hauteskunde prozesutik eta orain dagokiguna da langileen bizitza duina bermatzeko borrokan jarraitzea. Orain dagokiguna da lan-zentroetan borroka sindikala aktibatzen jarraitzea eta mobilizazioa sozialaren aldeko apustua egitea, ez erresistitzeko, etorkizuna, aldaketa soziala irabazteko baino. Era berean, mobilizatzen eta Gobernu berria interpelatzen jarraituko dugu azken urteotan egondako aldaketetan inolako atzera-pausorik egon ez dadin, bazterketa eta apartheid politika ezarri ez dadin eta politika publikoen norabidea alda dadin, gehiengo sozialaren mesedetan”.
 

 

 

Gizarte zerbitzuen kalitatearen aldeko agerraldia egin dugu gaur Gasteizen

Arabako Diputatu Nagusiaren kargu hartzea gaur izango da. Azken lau urteetan gizarte zerbitzuen kalitatean egondako atzerakaden ostean, eta zerbitzu hauen pribatizazioa dela eta, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek Foru Aldundiaren aurrean elkarrateratzea egitea adostu genuen. Helburuak azken lau urteetako ibilbidearen norabidea aldatzea eskatzea zen, eta hori gertatu ezean, aurrean izango gaituztela gogorarazteko. Baina, Ertzaintzak elkarretaratzearen debekua helarazi zigun, arrazoi bezala Diputatu Nagusiaren kargu hartzea ipiniz.

Sindikatuok adierazpen askatasunaren kontrako ekintza larritzat jotzen dugu elkarretaratzearen debeku hau,. Hori dela eta, prentsaurrekoa emango dugu gaur Gasteizko San Pedro Eliza ondoan (Siervas de Jesus kalean).

LAB, CCOO eta ESKren oharra

Gaur, uztailak 4, Aldundiko Jauregian diputatu nagusiaren kargu hartzeko batzarra ospatzen da. Prentsaurreko hau egiten ari garen sindikatuok kontzentrazio bat egiteko baimen desberdinak eskatu ditugu Arabako gizarte zerbitzuetan pairatzen dugun egoera prekarioa salatzeko, baina baimen hauek ukatu egin dizkigute hainbat alditan, nahiz eta helbide desberdinetan egiteko eskatu.

Gaurko kontzentrazioarekin salatu nahi genuena da, Arabako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuen kudeaketaren gehiengoa esku pribatuetan uztea erabaki duela, nahiz eta EAEko Zerbitzu Sozialen legeak konpetentzia forala dela esan, Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren funtzionamendua esku pribatuetan utzita. Zerbitzu hauek, diru publikoarekin ordaintzen dira eta gestio pribatuetako enpresen eskuetan uzten dira, zeintzuk, kasu askotan, zer etekin edukiko duten bakarrik arduratzen diete eta ez eman behar duten kalitatezko zerbitzua, eta are gutxiago dituzten langileen lan eskubideak.

Azken 4 urteetako gizarte zerbitzuen hondatze egoera kezkagarria da, lan arloan zein arreta kalitatean. Laneko erritmo jasangaitzak, atentziorako behar adina denbora eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra,… Langileek dituzten lan baldintza kaskarrek, zerbitzuen zaintzan dagoen kalitate urrian eragin zuzena du.

Argi dugu zein den arrazoi nagusia elkarretaratzea egiteko oztopoak eta mehatxuak egiteko, EAJk eta PSEk argazki faltsu bat nahi dutelako, eta nahi duten argazkian, haien politikak eragiten dituzten errealitateak ez agertzeko, adierazpen eta manifestazio eskubideen kontrako errepresioa erabiltzea erabaki dute, isildu egin nahi gaituzte errepresioaren bidetik.

Ahaldun nagusiari mezu argi bat zabalduko diogu, ez garela isilduko, eta azken lau urteetako zerbitzu sozialean pribatizazioarekin jarraitzen badute, bere politikak arreta sozialaren kalitatea eta lan-eskubideak okertzen jarraitzen badute, aurrean izango gaituela.

Guk argi dugu gizarte desparekotasunarekin bukatzeko bide bakarra pertsonen bizitza eta duintasuna erdigunean jartzea dela, gainera, premiazkoa dela uste dugu, eta amesten dugun gizarte justu eta solidarioago baten alde borrokatzen jarraituko dugula adierazten dugu.

Ez gara isilduko!
 

 

 

Kontzentrazioa egin dugu Ingenerieritza eskolan, UPV/EHUri Armada eta militarismoarekin lankidetza eten dezan eskatzeko

UPV/EHUko LAB, STEILAS eta ELAko atal sindikalek, Ernai, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Ikasle Abertzaleak. Mugarik gabeko ingeniaritza elkarteak militarismoarekin lankidetza mozteko eskatu diogu UPV/EHUri, Bilboko Ingenieritza Eskolan egindako kontzentrazioaren bidez.

Uztailaren 6an eta 7an Horizonte Elcano ekimena garatuko da Getarian. Bertokoa zen pertsonaia honen figura goraipatzeko prestaturiko programan lau marina motak batuko dira: arrantzakoa, merkataritzakoa, kirolakoa eta armada. Hain zuzen ere, Horizonte Elcano ekimenaren bultzatzaile nagusien artean Armada espainiarra dago. Beste euskal entitate, elkarte eta enpresa kolaboratzaileen artean (baten bat armagintzari lotua) EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskola dago ere. Horrez gain, euskal kostaldean egingo den itsas-zeharkaldian Saltillo-k, Eskola horren belaontziak, parte hartuko du, beste itsasontzi batzuen artean, Armadaren Juan Sebastián Elcano eskola-ontziarekin batera.

Ez da UPV/EHU militarrekin eta armagintza industriarekin harremanetan agertzen den lehenengo aldia. Ez gaitu harritzen beraz, baina haserrea bai sortzen digu. Izan ere, indar armatuekin eta armagintzari lotutako entitateekin UPV/EHUk izan dituen harremanak eta dauzkan kolaborazioak ez dira gutxi izan, aurreko gobernu taldeekin eta oraingoarekin ere.

UPV/EHUren funtzioa euskal jendartearen beharrei erantzutea da eta bere ekimenak hitz hutsetan geratu ezin diren baloreetan oinarritu behar dira, eta indar armatuekin eta beste herriak txikitzen dituen euskal armagintzarekin kolaboratzea ez da sartzen betebehar hauen artean, baizik eta kontrakoa. Aniztasun kontzeptu zabalaren barruan denak ez du lekurik, ez behintzat militarismoa eta herrien suntsiketa ahalbidetzen eta normalizatzen dituzten ekimenek. Izan ere, aipatutako jarduera batean Armadaren alboan UPV/EHU-k parte-hartzeak euskal kostaldean itsasontzi militar baten presentzia normalizatzen du.

Ekimen honetatik haratago, zein unibertsitate eredu nahi dugun da muina. Eta diskurtsoaz gain, halako jardueretan islatzen da ere unibertsitatearen izaera.

Horregatik UPV/EHUko langileok, ikasleok eta sindikatuok baita talde antimilitaristok zein erakunde batzuok ere Bilboko Ingeniaritza Eskolari Armadarekin batera egitekoa den ekitaldi honetan bere parte-hartzea bertan behera uztea eskatzen diogu. Era berean, UPV/EHUko Gobernu taldeari eskatzen diogu parte-hartze hau ezestea eta, horretatik haratago, antimilitarismoaren baloreekin bat egitea baita militarismoari eta armagintzari lotutako instituzio eta enpresekin harreman guztiak moztea ere.
 

 

 

Jarraipen masiboa Gipuzkoako papergintzako boskarren greba egunean eta grafikagintzako hirugarrenean

0

Gaur, uztailaren 3an, Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako sektoreetako lagileek beste greba egun bat egin dute. Paperean boskarren greba eguna izan da gaurkoa eta grafikagintzan hirugarrena. Gaurkoan ere grebaren jarraipena masiboa izan da bi sektoreetan. 

Papergintzaren kasuan ekoizpena erabat geldirik egon da. Grafikagintzan ere jarraipena oso altua izan da. Sektoreko enpresa ugarik itxi egin dute: SAM, Corenso, Arrosi, Borobil, Tubopack, Cicarsa, Leitzaran, Nueva Editorial, Mayensa, Cartonajes Arregi, Araxes, Otzarreta, Goiherri eta abar luze bat. Gaur, Ertzaintzaren jarrera bortitza salatu nahi dugu ez baitu pikete informatiboen lana aurrera eramaten utzi hainbat lekutan. Ez zaie piketei asanbladak antolatzen utzi langileei grebaren arrazoiaz informatzeko. Onartezina da.

Gaurko egunean berriro ere bi sektoreetako langileek erantzun bikaina eman dute. ADEGIren jarrrera inmobilista eta arduragabearen aurrean, bi sektoreetako langileek euren lan baldintzak defendatzeko prest daudela agertu dute gaurkoan ere. Eta horrela jarraituko dute benetako negoziazioa eta hitzarmen duina lortu arte.

Bi sektoreetako langileek manfiestazioa egin dute Tolosako kaleetan. Bihar, uztailaren 4an, Donostiako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatuko dira 11:00etatik aurrera grafikagintzako langileak eta 12:00etan, papergintzako langileak. Bi mobilizazioek industriako delegatuen babesa izango dute.