2026-02-01
Blog Page 614

Eragin orokorreko hitzarmen duina exijitzen dugu Arabako metalgintzan

0

Gaur, uztailaren 9an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan, SEAk bere jarrerari eutsi dio: aurrerapenik ez du egin eta eragin mugatuko hitzarmena sinatzea ez du baztertzen. Horren aurrean, LABek metalgintzako hitzarmen duin bat exijitzen du, eta berau, bai ala bai, gehiengoak sinatuta egon behar dela planteatzen du.

Gaurko bileran, SEAk aurreko bileretan izandako jarrera eutsi dio: sailkapen profesionala estatuko metalgintzako hitzarmenean jasotakoa izatea, 2018an soldata igoerarik ez egotea, azpikontratetako langileen subrogazioa baztertzea,…

Horretaz gain, argi utzi du eragin mugatuko hitzarmen berri bat – hau da, ordezkaritza sindikalaren gutxiengoak sinatuta – ez duela baztertzen, eta irizpide bera defendatu du UGT sindikatuak. Posizio hori defendatzeko 2 balizko aukera aurreikusi ditu patronalak: eragin mugatuko hitzarmen bat egotea ala ez egotea hitzarmenik.

LABen ustez, planteamendu hori erabat faltsua da, SEAk beti edukirik gabeko hitzarmena bilatzen duelako eta horretarako errazenera jo izan du: sindikatuen gutxiengoarekin sinatzea.

Horregatik, LABek hitzarmena duina izatea eta gehiengoan sinatuta egotea exijitzen du, sektoreko arazoei erantzuteko: soldata baxuak, lanaldi altua, azpikontratazioa, prekarietatea, kontratazioan dagoen iruzurra, emakumeen diskriminazioa, lan osasunaren falta,… Beraz, soilik arazo horiei konponbidea bilatuta lortu daiteke LABen sinadura.
 

 

 

Josenea Lan Elkarteko langile bat lan istripuan hil izana salatzen dugu

Lehenik eta behin, LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die atzo hildako langilearen familia eta senideei. LABen datuen arabera, gutxienez 27 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 8 Nafarroan. Istripua gertatu den enpresan, Josenea Lan Elkartean, beste langile bat hil zen istripuz martxoaren 29an, ordukoan in itinere izandako istripuan.

Enpresaren ezaugarriak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkion laguntza publiko garrantzitsuak ikusita, bereziki nabarmentzen da heriotza hau. Hortaz, gertatutakoaren ikerketa zorrotza eskatzen dugu eta zehatz ikertzea erabiltzen ari den tresneria eta makinaria, eta baita arriskuen prebentziorako plana bere osotasunean.

Ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan-istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio.

Prekarietate eta prebentzio faltan egiten den inbertsio faltaren egoera orokor hau larritu egiten da udan: prestakuntzarik gabeko mugikortasun funtzionala, gainbegiratze falta, tenperatura altuak, etab. Enpresak behartuta daude egoera hauek beti kontuan hartzera, baina bereziki udan.

Sistema kapitalistak nahi du laneko heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak onartzea ekoizpen prozesuaren azpiproduktu bezala eta ezin dugu horrelakorik onartu.

Lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dugu eta ez boltsa beltz batean. Are gutxiago, gertakari hauen ostean, gehienetan, irabazi enpresarialen hazkundea dagoenean.

Dei egiten diegu langileei lan arriskuen arloan egiten den edozein ez-betetze salatzera eta ordezkaritza sindikalari jakinaraztera, baldin balego, edo bestela zuzenean sindikatuarekin harremanetan jartzera, berehala esku hartzeko. Enpresariari bat pasatzen uzten badiozu, baliteke bigarren aukerarik ez egotea.

Era berean deia egiten diegu beste sindikatuekin batera egingo dugun kontzentrazioan parte hartzera. Bihar izango da, uztailaren 10a asteazkenean, 12:00etan, enpresak Noainen dituen lokalen aurrean.
 

 

 

Lehen arretako osasun zentroen ordutegi murrizketak salatzen ditu LABek

0

LABek, baliabideak arrazionalizatu eta langileen oporrekin bat egiteko aitzakiapean, Osakidetzak lehen arretako hainbat zentroen itxiera ordua 20:00tik 15:00 edo 17:00ra aurreratzea salatu nahi du. Guzti hau, zentroen ateetan eta Osakidetzako webgunean publikatutako ohar txiki baten bidez iragarrita.

Langileen oporraldiak betetzeko ordezkapenik ez dagoela argudiatuz, Osakidetzaren zuzendaritzak aldebakartasunez eta arduragabekeriaz hartutako neurria da hau. Osakidetzako langileriari zein erabiltzaileei kalte egiten dieten neurriak. Azken finean, euskal osasun publikoaren kaltetan doan erabakia.

“Denbora-gabeko arreta, arrisku arreta” lelopean egindako 3 greba jardunaldi eta gero, Osakidetzako zuzendaritzaren irtenbidea medikuei aparteko orduak ordaintzea da, 60´65 euro ordu bakoitzeko. Hori da EAJ-ko buruzagiek, langileon lan agenda onargarriak antolatzeko aldarrikapenari emandako erantzuna.

Honelako erabakiak gure inguruan gutxiago garatuta dauden osasun sistemekin parekatzen gaituzte. Ez dugu onargarritzat ematen ekografia bat egiteko 3 hilabeteko itxaron zerrenda, errehabilitazioa egiteko 6 hilabetekoa edota urte betekoa edukitzea basektomia edo lo probak egiteko. Hauek dira EAJ-k ezarritako politika neoliberalen fruituak. Osakidetza osasun publikoaren eredu zen garaia atzean uzten dituzten politikak.

Ezin dugu beste aldera begiratu euskal osasun publikoa deuseztatzen diguten bitartean. Urte osoan zehar ezartzeko asmoarekin, Osakidetzako zuzendaritzak neurri honen eraginkortasuna aztertuko duela badakigu.

LABetik Euskal Herritarrentzat errespetua exijitzen dugu gure eskubideak eta zerbitzu publikoen murrizketak eten ditzaten aldarrikatuz. Itxiera ordutegiaren aurreratzeari ez esaten diogu, eta kontratazioari bai.
 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok UGT-k hartutako erabakia deitoratzen dugu

0

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO-ek, UGT sindikatuak atzo hartutako erabakia deitoratzen dugu. Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu lan hitzarmena berritu gabe, eta 10 urte hauetan gure lan-baldintzak kaskartuz joan dira. Egoera honetara iritsi izanaren ardura patronalak eta Hezkuntza Sailak daukate, bakoitzak dagokion mailan, baita gatazkari irtenbide egokia emateko aukera ere.

Mobilizazio dinamikari ekin aurretik hamaika negoziazio mahai eta bilera gauzatu genituen arren, mobilizazio dinamika hasi eta indartu dugun heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak patronalen eta Hezkuntza Sailaren aldetik. Behin mobilizazio dinamikari ekin ondoren ere, adostasunak erdiesteko hainbat saiakera gauzatu ditugu sindikatuok, gure planteamenduetan malguak izan gara, proposamen neurtuak helarazi dizkiegu eta erabateko zintzotasunez jokatu dugu.

Patronalen negoziaketarako borondate ezak zein Hezkuntza Sailaren inplikazio faltak ordea, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utzi. Jadanik 27 greba egun gauzatu ditugu sektoreko langileok, 24 azken ikasturte honetan. Baina erabateko arduragabekeriaz, Hezkuntza Sailak gatazkaren irtenbidean parte hartu gabe jarraitzen du, eta patronalak planteamandu berdintsuei bueltaka jarraitzen du, langileen oinarrizko eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko etengabeko saiakeran.

Egoera honen aurrean, sektore honetan ordezkaritza daukagun sindikatuak hurrengo ikasturtera begirako mobilizazioak adostu eta lantzeko bilerak izaten ari gara. Atzo izan genuen bilera hauetako bat, eta datorren asteetarako berriro biltzekotan geratu gara.

Sektore honetan ordezkaritzaren gutxiengoa duen UGT sindikatuak (% 3ko ordezkaritza dauka) atzoko bileraren ondoren publiko egindako planteamendua alde bakarrekoa da eta gainerako sindikatuokin adostu gabea.

LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuok, izaten ari garen bilera hauen ondorioz hurrengo ikasturterako pausoak eta mobilizazioak landuta eta adostuta dauzkagunean egingo ditugu publiko.  

 

 

EAEko Haurreskolak Partzuergoaren erabakitze organoetan hezkuntza komunitatearen hitza entzutea nahi du LABek

0

Gaur burutuko den aurtengo Batzarrean, aurrekontuak eta kudeaketa planak onartuko dira. LABek, aurrekontuetan beste partida batzuk sartu behar direla uste du, haurreskolen doakotasuna garatzeko, 2 urteko gelak Haur hezkuntzako lehen zikloan mantentzeko eta langileon egonkortasuna eta 2018tik negoziatu gabe dagoen Lan hitzarmen berria negoziatzeko.

Gaur burutuko den aurtengo Batzarrean, aurrekontuak eta kudeaketa planak onartuko dira. LABek, aurrekontuetan beste partida batzuk sartu behar direla uste du, haurreskolen doakotasuna garatzeko, 2 urteko gelak Haur hezkuntzako lehen zikloan mantentzeko eta langileon egonkortasuna eta 2018tik negoziatu gabe dagoen Lan hitzarmen berria negoziatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoen artean, haur-hezkuntzako lehen zikloa, haurreskoletako hain zuzen ere, umeen 0-2 urte tartera mugatzea da, aldiz, LAB sindikatuarentzat, gizarteko eragile eta familia askorentzat umeen 0-3 urte bitarteko zikloa izaten jarraitu behar duela argi dugu, eta gainera, euskalduna, kalitatekoa, unibertsala eta doakoa izan behar duela.

Horregatik Eusko Jaurlaritzari, Legebiltzarrak eskatu ziona betetzeko pausu gehiago ematea eskatzen dio LABek. Haurreskolen doakotasuna helburua izanik, lehen urratsa beteta jada, hezkuntza zerbitzu hau, urtean 18.000 euro baino errenta baxuagoa duten familientzako doakoa baita. Jaiotzatik hezkuntza eskubidea aukera berdintasunean bermatuta izateko, doakotasun osoa eskatzen dugu.

Halaber, orain urte bete LAB sindikatuak familiek sinatutako ehundaka eskaera erregistratu zituen Legebiltzarrean, 2 urteko haurrak Haurreskolak Partzuergoan geratzeko euren nahia aldarrikatuz. Tamalez, ez dugu erantzunik jaso, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzunezina izaten jarraitzen du. Zer esanik ez, haurrena. 0 eta 3 urte arteko haurren beharrak, erritmoak, ratioak, espazioak… garapenerako baldintzarik onenak haurreskoletan ditugula ez dago zalantzarik.

Gauzak horrela 0-3 urte arteko ziklotik Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko bidean, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzutea eskatzen dugu.Eusko Jaurlaritzak kontrako bidea hartzen jarraitzen badu, aurrean izango gaitu.
 

 

 

LABen erronka izango da, sindikalgintzatik, prekarietatearen aurkako borroka orokorragoak hauspotzea

LABek, amaitzen ari den 2018/2019 ikasturteko Ekintza Sindikalaren Txostena aurkeztu du gaur Bilbon, komunikabideen artean. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du datorren ikasturteari begira, LABen erronka izango dela sindikalgintzatik, prekarietatearen aurkako borroka orokorragoak hauspotzea.

Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboaren arduradunak txostenaren ondorio nagusien berri eman du. 133 izan dira ikasturtean zehar LABek egindako borrokak (iaz 120 izan ziren). 65 borroketan erabili da greba eta 23tan lanuzteak, hortaz, greba edo lanuzteen presentzia borroken %66an egon da (%54 izan ziren aurreko ikasturtean).

63 borroka itxita daude, ematzeki, eta 70 irekita. Sektore mailakoak izan dira 19 borroka (7 feminizatuak eta horietariko 5 grebaren presentziarekin). Enpresa mailakoei dagokienez, 114 izan dira, 22 feminizatuak eta 16, grebak lagundutakoak.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, bere aldetik 2 ondorio nagusi atera ditu txostenetik. Batetik, “gero eta gehiago dira eskubideak aldarrikatzetik borrokatzera doan urratsa ematen duten langileak. Bestetik, “Langileek momentua ongi irakurri dute eta ondo barneratu dute borroka sindilak piztearen garrantzia zein den. Hauteskunde sindikalen urtea izanik ere, borroka sindikalek gora egin dute, hau ez da zerbait koiunturala, joera bat bat markatzen du”.

“Patronala, instituzioek, komunikabide nagusiek, guztiek elikatzen dute diskurtso berdina, konfrontazioa saihestu eta kolaborazioa behar omen da, win – win. Denok irabazi, diote”, jarraitu du Aranburuk.

Baina diskurtso hau zalantzen jarri du LABeko idazkari nagusiak, “Win – win? Hori ez da langileon egunerokoa. Batzuek poltsikoak betetzen jarraitzen duten bitartean, langileok ez gaude prest, desberdintasun sozialak, pobrezia, prekarizazioa, soldata baxuak eta soldata arrakala, emakumeon kontrako egiturazko diskriminazioa, langileak lanean hiltzera edota gaixotzera kondenatzen dituen indarkeria patronala pairatzera”.

“Langileek erabaki dute, antolatu, indarrak batu eta borrokatu egin behar dela. Borroka sindikalen berpizte bat ematen ari da, borroka sindikalak gero eta ugariagoak dira, azken bi urteetan gorakada nabarmena eman da”.

Mobilizazioaren sozialaren berpiztearen testuinguruan kokatu du Garbiñe Aranburuk borroka sindikalen ugaritze hau. “Gehiengo sozial zabala da lan eta bizi duinaren alde lantokietan eta kalean borrokatzen ari dena”.

Borroka desberdinen inguruan jarraitu du jarraian, “langileria osatzen dugun kolektibo desberdinak borrokan ari gara: lantokiz lantoki, pentsionistak, emakumeak, gazteak edota migranteak. Bakoitzak egiten dugun borroka, ez da borroka sektorial isolatu bat”, hauen arteko loturak azpimarratuz, “borroka guzti hauek badute loturarik. Oso nabarmena da, adibidez, sektore feminizatuetan ematen ari diren borrokek izan duten bultzada izugarria iazko M8 plantoaren eta aurtengo M8ko grebaren eraginez”.

“Guztiok gaude prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen dituen sistemaren aurka; guztiok bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde”.

Aurrera begirako erronkei dagokienez, Aranburuk aipatu du “sistema honi aurre egingo badiogu, alternatibak eraikiko baditugu, urratsak ematen jarraitu behar dugu”, segidan LABek datorren ikasturtean izango dituen erronkak zehaztu dituelarik.

Batetik, “lantokiz lantoki borroka sindikalak sustatzen jarraitzea eta negoziazio kolektiboari bultzada berri bat ematea”.

Eta bigarrenik, “langile klasea osatzen dugun sektore desberdinen artean egiten ari garen borrokak bateratu eta eragile desberdinen arteko aliantzak sustatzea. Mobilizatzen ari garen langile sektore desberdinek, amankomunean hainbat aldarrikapen izan ditzakegu aberastasun banaketa orekatuagoaren alde eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde: gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioa, lan guztien aitortza eta lanaren banaketa, diskriminazio egoera desberdinekin amaitzeko hainbat neurri etab.”

Ideia honetan sakonduz, horrela amaitu du bere hitzartzea LABeko idazkari nagusiak: “Bi erronka nagusi hauei aurre egiteko, bizitzaren prekarizazioaren aurka lantokiz lantoki egiten dugun borrokaz harago, mobilizazio orokorragoak deitu behar direla uste dugu, sindikalgintzak erantzun orokorragoak eman behar ditu. Horrelako mobilizazioek lan munduko aldarrikapenei, pentsionisten borrokari, borroka feministari, gazte eta migranteen aldarrikapenen aldeko borrokak hauspotzeko balio duelako. Eta LABek horretarako baldintzak sortzeko erronka du”.
 

 

Atzoko lankidearen heriotzaren aurrean, egun osoko greba eta manifestazioa Laudioko Tubacex-en

Egun osoko greba egiten ari dira Laudioko Tubacex-eko langileak, atzo hildako lankidearen heriotzaren aurrean. Manifestazioa egin dute enpresa ataritik Laudioko Herriko plazara.
 

 

 

Nafarroako abere-merkataritzaren hitzarmena sinatu dugu

0

Patronalarekin hainbat hilabetetan negoziatu ondoren, LABek Nafarroako abere-merkataritzaren hitzarmen kolektiboa sinatu du.

Hitzarmenak 3 urteko iraunaldia dauka eta LABentzat egungo lan baldintzen hobekuntzak jasotzen ditu; Nafarroako KPIaren gainetik soldata igoerak, hobekuntzak baimen ordainduetan eta hauetatik aparte kategoria baxuenetan hobekuntzak ere.

Pasa den negoziazioaren ondorio, non LABek modu aktibo batean parte hartu zuen ere, erreforma laboralari aurre egiten zieten baldintzak jaso ziren.

Negoziazio berri honetan jasotako baldintzekin eta jasota zeudenekin batera sektoreko langileen eskubideak babestu eta hobetzen dira, garrantzitsua oso, patronal ezberdinek horrelako baldintzak sinatzea ezinezkoa dela dioten garai hauetan.  

 

 

Borrokaren ondorioz, patronalaren jarrera inmobilista mugiarazi dugu Gipuzkoako papergintzan

0

Gaur, uztailaren 5ean, Gipuzkoako papergintzako mahaiaren bilera eduki dugu. Atzo, sektorean greban geundela, jaso genuen bilera deialdia; beraz, ezinbestez, greben arrakasta eta borrokak bere ondorioak ematen dituela azpimarratu nahi dugu.

LABen hasieratik argi esan genuen sektoreko egoera ekonomikoa ona zela, beraz, aberastasunaren banaketa ezinbestekoa izango zela hitzarmen berri honetan. Hala ere, bestelako oinarrizko aldarrikapenak ere mahai gainean eduki ditugu; lizentzien eguneratzea, langileen baja duinerako eskubidea edota errelebu kontratu bermatzeko eskubidea, besteak beste.

Gaur, ADEGI proposamenekin etorri da, argi dago, greben eraginez izan dela. 3 urtetarako herrialdeko hitzarmena, Soldata igoerak KPIaren gainetik aurreko proposamena nabarmenki hobetuz, 2019rako KPI + 1 (%2,2), 2020rako KPI + 1,25 eta 2021erako KPI +1,25, bajen %100 eta beste hobekuntza batzuk. Horietatik, LABek bi azpimarratu nahi ditugu:

– Errelebu kontratua, LAB sindikatuarentzako hau garaipena argia da. Orain arte, parpegintzako hitzarmenean ez zegoen ezer ere jasoa errelebu kontratuaz eta urrats garrantzitsua dela deritzogu.

– Guraso bakarreko familientzako lizentzietan hobekuntza. LABen aldarrikapena izan da, berrikuntza hitzarmen honetarako baina aurrekari bat izango dena beste sektore eta negoziazioetarako. Horren adibide, guraso bakarreko familiek 10 ordu gehiago edukiko dute medikuarengana laguntzeko.

Honi guztiari gehitu behar zaio aurreko bileretan lortutako guztia: lizentzia batzuetan hobekuntzak, berdintasun planak, euskara normalizatzeko batzordea, segurtasun eta lan osasunean aurrerapausoak…

Horretaz gain, erreformen aurkako blindajea eta ultraktibitatea.

Arrazoi guzti horiengatik, LABek positiboki baloratzen du patronalaren azken eskaintza eta gure kideen artean galdeketa egingo dugu, zalantzarik gabe, azken hitza langileena delako.