2026-08-23
Blog Page 612

Espetxe politika aldatzeko beste martxa bat behar da, guztiak nahi ditugulako bizirik, osasuntsu eta etxean lehenbailehen

Milaka lagunek hartu dituzte Bilbo eta Baionako kaleak gaur, “Orain presoak” lemapean. LAB ere presente izan da gaurkoan, mobilizazio bietara batzorde exekutiboaren ordezkaritza bana bidaliz. Baionan izan dira Eñaut Aramendi eta Aiora Imaz; eta Bilbon, Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo, Eulate Zillonizaurrekoetxea eta Arantxa Vazquez.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du “manifestaldi honetan parte hartzen ari gara, lehenik eta behin, gure maitasuna eta gure babes erakusteko preso politikoei, erbesteratuei eta baita ere beraien senitartekoei ere”.

Gaineratu du “ezinbestekoa da gaur bezalako mobilizazioetan parte hartzea. Ezinbestekoa, Gobernuak mugitzeko gakoa aktibazio sozialean dagoelako”.

Mobilizazioak jasotako atxikimendu zabalak nabarmendu ditu. “Horrek erakusten duena da gehiengo oso handi bat garela espetxe politikak dakarren eskubide urraketa horren aurka gaudenak”.

“Milaka eta milaka pertsona atera gara gaur kalera, espetxe politika hau aldatzea eskatzeko eta aldaketa horietan beste martxa bat, abiadura handiagoa jarri behar dela eskatzeko eta exijitzeko. Guztiak nahi ditugulako bizirik, osasuntsu eta etxean lehenbailehen” gaineratu du.
 

 

 

Borroka beharrezkoa da Arabako metalgintzan

0

Atzo, urtarrilak 9, LABek mobilizazio bat burutu zuen Gasteizen Arabako Metalean hitzarmen duin bat aldarrikatuz. Bertan sindikatuko ordezkariek enpresetan borrokatzeko beharra azpimarratu zuten, horretarako LABen prestutasuna adieraziz.

Atzoko mobilizazioan LABeko hamarnaka delegatuk parte hartu zuten eta Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren SEA patronalaren egoitzaren aurrean bukatu zuten. Gogorarazi behar dugu Arabako metalgintzako negoziazio mahaia ez dela bildu pasa den uztailaren 30etik, SEAk berau deitzeko konpromisoa ez duelako bete. Hori dela eta, LABek patronalaren aurrean aldarrikatu du borrokatzeko beharra eta horretarako enpresetan aktibazioa bultzatzeko apustua egiten du.

Apustu hori, hain zuzen ere, LABeko metalgintzako delegatuek berretsi zuten aurretik egindako batzarrean. Bertan argi gelditu zen sektoreko langileen arazoei irtenbidea bilatzeko asmo hori, enpresetan eta baita sektorean ere. Izan ere, LABek aldarrikatzen ditu soldata duina, lan baldintza duinak, kontratazio duina, emakumeen eskubideen bermea eta lan osasunaren bermea.

Honen guztiaren adibide argia ELECNOR enpresan daukagu: soldata duina eta kontratazio duina eskatzeko langileek hilabete bete zuten greban atzo, eta horregatik beraien borroka txalotu nahi izan genuen, atzo beraiekin batera mobilizatuz.

Azkenik, borrokak aktibatzeko bide horretan LABek dei egiten die Arabako Metaleko langileei urtarrilak 30eko greban parte hartzera. Sektore honetan hamaika arrazoi ditugu borrokatzeko eta lan duina aldarrikatzeko.
 

 

 

Aurreakordioa sinatu dugu EAEko Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloan

0

LAB sindikatuak Kudeaketako Arloko langileentzat deitutako hilabeteko grebaren 9. egunean eta urtebeteko negoziazioa luzearen ostean, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean aurreakordioa sinatu zuen atzo. LABentzat ezinbestekoak jotzen zituen puntuak barnebiltzen ditu, aurreakordio historiko eta aintzindaria eta 2018ko martxoaren 6an irakaskuntza publikoko mobilizazioen testuinguruan sinatutako Akordioaren garapena lortuz. Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza kalitatea, lan zamak arinduz eta zikloaren aitortzari bultzada emanez.

-Kudeaketako arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, Lanpostuen zerrenda handitzea adostu da. 2018an kudeaketako Lanpostuen Zerrenda presupuestarioan 23 lanpostu bazeuden ere, 2020an benetako Lanpostuen Zerrendan 35 izango dira. Beraz, 12 lanpostu gehiago lortu dira.

-Kudeaketako langileen soldata eta kategoriak Hezkuntza Saileko langileekin ekiparatuko da ekainaren 30a baino lehen. Honen ondorioz, langile gehienak bi kategoria igoko dira, soldatan bataz besteko %6,7ko igoera lortuz.

Aipatu beharra dago, 2018ko akordioaren sinatzailea den LAB sindikatuak, 2018ko azaroaren 28n izandako Jarraipen Batzordean lortu zuela ekiparaziorako bidea zabaltzea eta alde sozial guztiaren parte hartzea sustatuz.

– Kudeaketako langileak ordezkatzeko egoerak, ordezkoen araudia eta barne sustapenak egiteko dokumentuak akordioa sinatu bezain laster indarrean sartuko dira.

– Halaber, ezin dugu ahaztu LABek 2019ko otsailean kudeaketako lan poltsako zerrendak irekitzeko akordioa sinatu zuela eta harrez geroztik ordezkapen gehienak betetzen lortu dugu.

Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, bereziki kudeaketa alorreko langileentzat, lan baldintzak hobetuko dituelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango delako. Eskerrik beroenak hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik.

LAB sindikatuak lanean jarraituko du, oinarri sendoa ezarri du lan hitzarmen berriaren negoziazioa hasteko, Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!

Urtarrilaren 30ean denok grebara! Lan, pentsio, bizitza duina!
 

 

 

LABek salatu du Nafarroan ez dagoela errekuperazio ekonomikorik langile klasearendako eta enplegu prekarioa pobretze faktore gero eta handiagoa dela

Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak atseginez aurkeztu du Nafarroako Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunari buruzko III. Txostena. Txirotasun-tasen murrizketari buruzko irakurketa konformista da, eta ez luke erlatibizatu behar txostenaren beraren arabera 2017an pobrezia tasa larria %11,4koa izatea, eta 16 urtetik beherakoa izatea, emakumea edo migratzailea izatea pobrezia faktore handiak direla.

Pobrezia egoerak hobetzeari buruz Nafarroako Gobernuak egin duen irakurketa atseginetik, LABek txostenean bertan “kontraesankorrak” deritzen bertze datu batzuei erreparatu nahi die, Errenta Bermatuaren jasotzaileak handitzen ari baitira. Hala, handitu egin da Errenta Bermatuak laneko diru-sarrerak osatzen dituen etxeen kopurua, eta, bertzeak bertze, arrazoi nagusi hauek aipatzen ditu: “pobrezia ez dago soilik langabezian dauden etxeekin lotuta, enplegu ezegonkor eta prekarioarekin ere lotzen da”, eta enplegua sortzeak ez duela esan nahi oraindik ere soldata apalak Errenta Bermatuarekin osatu behar dituzten langileen bizi-baldintzak nabarmen hobetzen ari direnik.

Aurkeztutako txostenaren arabera, Nafarroa, “araudi berak araututako estatuko lan-merkatuaren engranajearen zati” gisa, ez da langile pobreen fenomenotik kanpo geratzen, nahiz eta uste duen enpleguaren kalitatea Estatuarena baino hobea dela. Halaber, egiaztatu du “estatuko langabezia sistemaren defizitak” erran nahi duela langabeen erdiak ez duela langabezia estaldurarik, eta horrek “estaldura erantzukizunak lekualdatzea eragiten duela Estatuaren eta Nafarroaren artean”.

Egoera horren aitzinean, LAB sindikatuak uste du pobreziari aurre egiteko hartu beharreko neurriek borondate politikoa izan behar dutela pertsonen interesei lehentasuna emanen dieten asmo handiko politika publikoak egiteko, bai eta Nafarroan beren gizarte eta enplegu politikak erabakitzeko beharrezko tresnak ere, eta, hartara, txostenak berak adierazten dituen gabeziak gainditu ahal izateko.

Era berean, salatu nahi dugu, nahiz eta langile pobreen errealitatea handitu egin dela txostenean bertan egiaztatu, Nafarroako Gobernuak ez dituela aipatzen ez eta interpelatzen ere enpresetako arduradunak, hazkunde ekonomikoa egon denean ere enpleguaren prekaritatearekin negozioa egiten ari direnak..

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 30eko greba orokorraren garrantzia azpimarratu nahi dugu, enplegu eta soldata duinak eskatuko dituena pentsioen sistema publikoari eusteko bermerik onena gisa.  

 

 

LABek Bilbo eta Baionarako deia egiten du euskal preso eta iheslariak Euskal Herriratu eta etxera ekartzeko bidean urratsak emateko


LABek dei egiten langileei datorren urtarrilaren 11n eta “Orain presoak” lemarekin Bilbon eta Baionan deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Batzorde Exekutiboko ordezkaritza bana bidaliko du LABek bakoitzera. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Bilbokoan izango da.

Euskal presoak eta iheslariak Euskal Herriratu eta ondoren etxeratzeko borrokan jarraituko du LABek. Orain da horretarako momentua. Bada garaia presoek eta haien senide zein lagunek jasaten duten sufrimenduarekin eta eskubide urraketarekin amaitzeko, dispertsioarekin amaituz, espetxe politika mendekuzalearekin bukatuz, eta preso eta iheslariak etxera bidean jarriz.

Garaia da gatazkaren konponbidean, bakebidean eta bizikidetzan urratsak emateko. Horretarako ezinbestekoa da preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea.

Herri mobilizazioan kokatzen dugu giltza. Eta Euskal Herrian presoen eskubideen alde dagoen gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren aldarriak aintzat hartu behar dituzte Espainiar zein Frantziar gobernuek. Har ditzagun kaleak eta bidali diezaiegun mezu argia. Espainiako Gobernu berriari mezua, aterabide positibo bat eman diezaion behingoz preso eta iheslarien aferari. Eta Frantziako Gobernuari deia, garai berri abiatu dezan, presoen kaleratzeari begira.

Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 9an 

 

 

Lan istripuen inguruko estatistika ofizialek errealitatearen alderdi bakarra erakusten dute

0

Eskandalua da gaur komunikabide batean Osaleneko zuzendaria Alberto Alonsok esandakoa, 2020 urtea hasi berria eta 6 langile hil direnean Euskal Herrian (5 EAEn eta 1 Nafarroa Beherean).

Bere hitzetan LABek emandako zenbakiek ez dute bat egiten Osalanek eskuartean dituenekin. Noski, estatistika ofizialak errealitatearen alderdi bakarra erakusten digute. Alde batetik, lanean sortzen diren kalte guztiak ez direlako onartzen eta bestetik, alderdi garrantsitsua kanpoan uzten delako, in itinere edo in misio istripuak, nahiz eta hilgarriak izan. 2020ko bi langileren kasuan bezala, estatistika ofizialetik kanpo geratzen dira aipatu lan-istripuak eta trafiko istripu bezala erregistratzen dira (garraiolarien kasuan bezala). Estatistika ofizialetik kanpo geratzen dira ere, kooperatibistak, etxeko langileenak, ezkutuko ekonomian lanean ari direnenak, istripua EAEn izan baina enpresa beste autonomia erkidego batekoa dutenak eta beste estatu batekoak diren langileak. Beraz, esan dezakegu lan heriotzak izebergarren tontorra soilik direla.

Joera kontuan hartu behar dela dio, baina urtez urte lan istripuak gero eta gehiago izatea onartezina da. EAEko datuak kontuan hartuta 2019an %2,8 igo dira istripuak 2018arekiko. 2019an, %55 izan dira bajarik gabeko istripuak, izkutatzen errazenak direnak. Lan istripu arinen azken urteetako joerak erakusten du modu nabarmenean eta etengabe handituz joan direla, arriskuak gutxietsi egiten direlako. Mutualitateek gero eta garrantzia txikiago ematen diete lan istripuen larritasunari, %99 arinak bezala kalifikatzen dituztelako. Larriak mantendu egiten dira eta mutualitateek egiten duten lana dela-eta azpiaitortuta daude. Lanean hildako bakar bat egotea onartezina izan beharko litzateke. 2019an hildako langileak gutxienez 30 izan dira EAEn, kopuruak onartezina jarraitzen du izaten, kontuan hartzen badugu ia guztiak ekidin zitezkeela segurtasun neurriak hartuz.

Argi daukagu lan istripuak ez direla kasualitate kontua. Arazoa estrukturala da. Lan istripu traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ematen dira lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren ondorioz, baita erakundeek lan osasunean ez dutelako kontrol zehatzik.

2019an Osalaneko kanpainak dion bezala “segurtasuna eta osasuna lan duin baten oinarriak dira”. LAB sindikatuan ere argi dugu , bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko. Arazo honekin bukatzeko eredu berri bat bultzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.
Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin, erantzun sozial masiboa artikulatuko dugu langileen kontrako indarkeria patronalarekin amaitzeko.

Bihar, urtarrilaren 10ean, urtarrilaren 4ean Bilboko El Corte Inglesean hildako langilearen heriotza salatzeko, kontzentrazioa deitu LABen atal sindikalak, 14:45etik 15:45era, Bilboko saltokiaren atarian, Gran Viako 7an.  

 

 

Garbiñe Aranburu: “Gobernuen agenda eta lehentasunetan ez zaie erantzuten grebara eraman gaituzten aldarrikapenei”

0

Gaur erregistratu dugu, Bilbo eta Iruñean, Eskubide Sozialen Kartako sindikatuok urtarrilaren 30erako deitu dugun greba orokorra, “Lan, bizi eta pentsio duinak. Burujabetza aldaketa sozialerako” lemapean. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia Bilbon izan da. Adierazi du ofentsibara begira izango den greba orokorra izango dela. “Ofentsibara, lan guztien aitortza politiko eta soziala eskatuko dugulako, zaintza lanena barne. Azken hauek ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko. Ofentsibara, enplegu duina ere aldarrikatuko delako eta ofentsibara, pentsio duinen alde”.

Bizitza duinaren aldekoa izango da urtarrilaren 30eko greba eta Aranburuk gogoratu du urteko lehen 9 egunotan honezkero 6 langile hil direla lan-istripuetan. “XXI. mendean gaude eta gaur egun lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du gehiegitan. Hau, langileenganako indarkeria mota bat da. Hildako bakar bat egotea onartezina litzatekeela gaineratu du. Bizitza duinaren alde, langileen lan-osasunerako eskubidea ere defendatuko da urtarrilaren 30eko greban”.

Ipar Euskal Herrian gaur egiten ari diren greba ere gogoan izan du Aranburuk, abenduaren 5etik pentsio duinen aldeko borroka batean murgilduta daudela nabarmenduz, horrek pentsio sistema propio baten beharra berresten duela azpimarratuz, Espainia eta Frantziako gobernuetatik pentsioen aurka etorritako erasoen aurrean.

“Greba iragarri genuenetik, grebarako arrazoi gehiago ditugu gaur”, gaineratu du LABeko idazkari nagusiak. “Batetik, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua onartu delako, Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektua ezagutzen dugulako eta hor dagoelako Madrilen PSOE eta Unidas Podemos-ek sinatutako akordio programatikoa. Gobernuen agenda eta lehentasunetan ez zaie erantzuten grebara eraman gaituzten aldarrikapenei, gobernuen politika publikoetan ez daude jasoak grebarako aldarrikapenak”.

“Soberan ditugu grebarako arrazoiak, baina momentua da arrazoi horiek balioan jartzeko, momentua da kalera ateratzeko eta horregatik langile guztiei dei egiten diegu urtarrilaren 30ean kaleak betetzeko, historian zehar, hemen zein munduko edozein txokotan, beti, eskubide sozialak mobilizatuz eta borrokatuz lortu direlako. Horregatik, urtarrilaren 30ean mugarri berri bat jarriko dugu sistema honen kontrako langileon borrokan.
 

 

 

Gutxienez 4 hildako lanean Euskal Herrian urte hasieratik

2020ko lehen astean, 4 izan dira gutxienez Euskal Herrian lanean hildako langileak. Urtarrilaren 2an 55 urtetako J.T.P. hil zen Gasteizen, eraikuntzan, altueratik erorita. Egun berean, langile bat hil zen Jatsun (Nafarroa Beherea), gainetik fardo bat erorita. Urtarrilaren 4an, Bilbon abenduaren 28an in itinere istripu batean larri zauritutako langilea hil zen. Zerrendako laugarrena ere urtarrilaren 4an izan zen, Bilboko El Corte Ingles-ean. 47 urtetako P.G.F. langilea, gaueko 21:30ean izandako istripu ez traumatiko batean hildakoa.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik hildakoen senide famili eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.

Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatea, edo denboraz, auzaz, gertatutakoa, patronalek dioten bezala, lanarekin zerikusirik ez dutenak.
Jakina da horrelako gertaerak lan eta sektore zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen pean, lanean jasotzen diren presioak, estressa, bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla, eta gehienetan, oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek ere eragindakoak dira.

Gainera dagoeneko istripu ez traumatikoak, iktusak… bilakatu dira heriotz lan istripuen lehenbiziko arrazoiak.

Lan istripu guztien atzetik lan-baldintzak daude. Erritmo azkarrek edo presioak gaixotasun ezberdinak sortarazten dituzte, eta hainbatetan, heriotzera eraman. Kasu zehatz honetan, hain zuzen, oso agerikoa izan da hau: istripua luzatutako lanaldi batean gertatu da, lan zentroa dagoeneko itxita zegoen eta hurrengo lan-egunean hasi behar zuten beherapenetarako denda prestatzen. Istripua lan karga handiko une batean eman zen, presiopean, eta hainbat lankidek larrialdietara joateko eskatu bazioten ere, zuen lan karga zela eta erabaki zuen bertan geratzea.

Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan-etorrikoak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Egunotan garatzen ari diren beherapenak langileentzako izugarrizko lan karga eta presio baldintzetan ematen dira: lanaldi luzeagoak, lan kargaren ondorioz atseden tarteak edo otorduak errespetatu gabe, lana pilatzen ikusteak dakarren antsietatearekin, presiopean, lan kargari aurre egiteko plantilla txikiegiekin… Prebentzio neurriak hartu ezean, arriskuak agerikoak dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu batean.  

 

 

Gobernu berriaren osaketarako akordioa urruti dago greba orokorrerako aldarrikapenak jasotzetik

0

Gaur Pedro Sanchez Jauna Madrilgo Gobernuko Lehendakari moduan izendatua izan da. PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko koaliziozkoa izango da osatuko den Gobernu berria. Aurrerakoia izango omen den gobernu berria.

Gaur Pedro Sanchez Jauna Madrilgo Gobernuko Lehendakari moduan izendatua izan da. PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko koaliziozkoa izango da osatuko den Gobernu berria. Aurrerakoia izango omen den gobernu berria.

Azken egun hauetan auzi politikoak hartu du zentralitatea eta guk gai sozialei ere erreparatu nahi diegu. Indar biek sinatu duten gobernu-akordioa aztertuz, arlo sozial eta laboralean iragarri dituzten neurriei erreparatzen badiegu erabat motz geratzen da akordioa.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30eko greba orokorrari begirako aldarrikapenei ez diela erantzuten, bertan ez baitira jasotzen ez 1.200 eurotako gutxieneko soldata, ez 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, ez lanaldi partzial inposatuei aurre egiteko neurri zehatzak, ez hemengo hitzarmenei lehentasuna ematea, ezta pentsioak KPIaren arabera igotzea (jasangarritasunari lotuta aipatzen da hau).

Akordioak badu, neurri positibo isolaturen bat, baina ez dago azken lan erreformak (2010 eta 2012) eta pentsio erreformak (2011 eta 2013) atzera botatzeko erabakirik. 2010eko lan erreforma eta 2011ko pentsio erreforma Zapateroren garaikoak direla ezin ahaztu. Orohar, asmo on ugari eta zehaztasun gutxi jasotzen da akordioan.

Orokorkerien artean, badago, asko kezkatzen gaituen puntu bat, lan harremanen zentralizazioari, negoziazio kolektiboaren estatalizazioari ez zaio mugarik jartzen. Estatuko hitzarmenen bidetik, Euskal Herriko langileon erabaki ahalmena mugatzen ari dira.

Ondorioz, urruti gaude Eskubide Sozialen Kartaren inguruan bildutako indar sozial eta sindikalen aldarrikapenetatik, eta horrek, lan, bizi eta pentsio duinen alde deitutako greba orokorra are eta indar handiagoz bultzatzera eramaten du LAB. Hauetaz gain, agerian geratzen da Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartu behar dela, hemen erabaki nahi ditugulako, besteak beste, gure lan-baldintzak eta pentsioak