2026-10-03
HomeLAB SindikatuaLABEuskal gehiengo sindikaletik ostiralerako mobilizazioak deitu ditugu lan zentroetan, osasuna, enplegua eta...

Euskal gehiengo sindikaletik ostiralerako mobilizazioak deitu ditugu lan zentroetan, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan



Haserre gaude! Ostiralean mobiliza zaitez! Osasuna, lan baldintzak eta enplegua lehenik! Langileei euren lantokietan, dituzten aukera eta medioak erabiliz, mobilizatzeko deia egiten diegu osasunaren, enpleguaren eta lan baldintzen defentsan; geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak eta abar eginez.  


Langileok haserre gaude gure OSASUNA arriskuan jartzen ari direlako. Oinarrizko zerbitzuetan diharduten langileak (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak…) beren osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari dira, eguna joan eta eguna etorri, eta osasuna arriskuan dute euren lanpostuetan.

Oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak, berriz, lanera joatera behartuta daude, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak beraien osasunaren gainetik jarri dituztelako. Langile horien osasuna ere ez dago bermatuta.

Langileok haserre gaude LANPOSTUAK arriskuan jartzen ari direlako. Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten. Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute. Jada hasi dira behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe, besteak beste.

Langileok haserre gaude LAN BALDINTZAK arriskuan jartzen ari direlako. Aurreko krisia garesti ordaindu genuen, gure bizi baldintzak eta lan baldintzak erabat kaskartu baitziren eta baitira, gaurdaino etenik izan ez duen prekarizazioarekin. Orain errezeta bera aplikatu nahi digute; negoziaziorik gabeko ERTEak, patronalaren neurrira eginiko erabakiak, lan baldintzen okertzea…

Beharrezkoa da osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea, eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Confebask eta CENi eskatzen dioguna:

-Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezarri
-Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera utzi
-Enplegua bermatu
-Lan baldintzak bermatu
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...