2026-08-23
Blog Page 611

Pentsioen %0,9ko igoera urruti geratzen da euskal pentsiodunen mugimenduaren aldarrietatik

Espainiako Gobernuak iragarritako KPI-aren igoera pentsioetan (%0,9 Espainiako Estatuan) berandu iristen den neurri bat da eta ez ditu inolaz ere asebetetzen Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren beharrak eta aldarriak. Pentsio, enplegu eta bizi duinaren alde, ezinbestekoa da mobilizazioa indartzea eta Greba Orokorrerako deialdia urrats berria da norabide honetan.

Espainiako Gobernuak, gainera, ez du KPI-aren igoera bermatu datozen urteetarako. Horrenbestez, iraunkortasun faktorea ere ez da bertan behera utziko; PSOE eta Podemosek sinatutako akordio programatikoaren arabera, aukera hori jasotzen da, “beti ere sistemaren iraunkortasuna epe ertainean eta luzean bermatuz gero”. Bada, zehaztapen hori ezkutuko elementu bat da balizko derogazio hori baldintzatzeko eta etorkizuneko pentsioak murriztu ahal izateko.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen erdiak baino gehiagok 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditu. Bistan da %0,9ko igoera batek (kasu onenean, 9 euro lirateke pentsiodunen erdiarentzat) ez diola amaiera jartzen pertsona hauek bizi duten prekarietateari.

Kontutan hartu behar da, EAEn, pentsio baxuenak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DBE) osagarritzen direla. DBEa jasotzen duten pertsonen %25 pentsiodunak dira, hots, 13.421 pertsona. Pertsona hauei ez zaie igoera aplikatuko (osagarriak absorbatu egiten du). Modu honetan, Eusko Jaurlaritzak igoerari dagokion dirua aurreztuko du, eta diru hori baliatu beharko luke hemen eta orain pentsioak 1.080 eurora arte osagarritzeko aldarria gauzatzeko.

Inoiz baino arrazoi gehiago dago urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako. Hego Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua aldarrikatzen ari den bezala eta Greba Orokorrerako bere aldarrikapen taulan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen moduan:

• Premiazkoa da 2013 eta 2011ko pentsio-erreformak indargabetzea.

• 1.080 eurotako gutxienezko pentsioa ezinbestekoa da bizi duinak bermatzeko.

• Pentsioen genero arrakalarekin amaitu behar da. Hego Euskal Herrian, emakumeek gizonezkoek baino %40 apalagoak diren pentsioak jasotzen dituzte. Honi lotuta, bereziki larria da emakume alargunen egoera.

Madrilgo gobernuak ez ditu aldarrikapen hauek agendan jasotzen. Neurri guzti hauek bermatu eta euskal langile eta pentsionisten beharrizanak asetuko dituen babes sozialerako sistema artikulatuko dituen bidea mobilizazio soziala da, gizarte mugimendua erakusten ari den moduan eta hemen erabakitzea gure pentsioen etorkizuna.

“Aurrerabide-gobernuaren” proposamena, Toledoko Ituna indartzearena pentsioen inguruko kontuak argitzeko espazio moduan alkandora hertsagarri bat da euskal pentsionisten aldarrikapeen aurrean. Honi lotuta, urrats sendoak eman behar ditugu aipatu sistema publiko, propio eta duinaren eraikuntzan.
 

 

 

Erretreten erreformaren aurka mobilizatu gara Baionan, berriro

Macronen Gobernuak inposatu nahi duen erretreten erreformaren aurka irten gara kalera, berriro ere. Hain zuzen ere, manifestazio bateratua egin dugu Baionako geltokitik abiatuta, eta 1.500 lagun inguru elkartu gara. Bertan izan gara hainbat sindikatu eta eragiletako ordezkariak, borroka indartu eta mugimendua handitzeko unea den heinean. Beste manifestazio bat egingo dugu bihar, 10:30ean, Hendaiako Herriko Etxetik abiatuta. Ostegunean, berriz, Baionako geltokitik abiatuko dugu berriro protesta, 10:30ean ere.


 

 

 

Hezkuntza Itunaren sindikatu sinatzaileok 2020rako Nafarroako aurrekontuen bidez hura betetzea eta garatzea eskatu dugu

0

Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuak kezkatuta agertu gara, Hezkuntza Departamentuak ez baitu deus ere egin 2018ko abuztuan sinatutako Itunaren ondoriozko neurriak gauzatzeko.

Egoeraren aurrean, LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuok honako hau jakinarazi nahi diegu irakasleei eta iritzi publikoari:

– Kezkatuak gaude Itunaren Jarraipen Batzordearen hurrengo bilera behin eta berriz atzeratzen ari delako. Bilera hori hitzartua dago; izan ere, Batzordea hiru hilean behin bildu behar da, eta 6 hilabete darama bilerarik egin gabe. Hurrengo bilera urtarrilaren 15era atzeratu dute, baina uste dugu ez dela batere eraginkorra izango, bertan jorratzen ez badira gertatu diren atzerapen eta ez-betetze guztiak, bai eta Itunaren testuan jasotako neurriak aplikatzean sortutako desadostasunak ere.

– Eskatzen dugu Nafarroako Gobernuaren Aurrekontuen aurreproiektuan sar ditzatela Itunean jasotako neurriak betetzeko eta garatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partida guztiak. Izan ere, hori izan zen egungo Hezkuntzako kontseilariak lehenengo mahai sektorialean hartu zuen konpromisoa.

– Argi eta garbi adierazi nahi dugu Ituna zintzo betetzen ote den begiratuko dugula, eta, hitzarmena sinatzeko egin zen bezala, ez dugu baztertzen beharrezko neurriak hartzea betetzen dela ziurtatzeko.

 

 

 

Forjas Unidas-eko langileen bigarren greba eguna, soldatak ordaintzea eskatzeko

0

Bediako Forjas Unidas-eko 38 langileak bigarren greba eguna egiten ari dira gaur, urtarrilaren 14ean, urtarrilaren 10ean egindako lehenaren ondoren, enpresari zor dizkieten hiru nominen ordainketa eskatzeko.

Asanbladan onartu zuten mobilizazio egutegia, urtarrilaren 10ean hasi zena langileen %100ak jarraitu zuen greba egun batekin.

Forjas Unidas enpresak Bedian du egoitza eta forjaketan dihardu. Gaur, urtarrilak 10, batzarrak adostutako mobilizazio egutegi baten lehen greba eguna izan da.

Forjas Unidas-ek hiru hileko soldata zor die langileei. Egoera horren aurrean, langileek, beren ordezkarien bidez, enpresari konponbideak eskatzeko eskatu zizkioten joan den abenduan. Enpresaren zuzendaritzak konpromisoa hartu zuen plan industrial bat aurkezteko eta zorra urtarrilaren 8a baino lehen ordaintzeko. Enpresak, ordea, ez du bere konpromisoetako bat ere bete.

Langileek ez dute enpresaren gardentasun falta onartzen eta ez dute egoera ulertzen, enpresak jakin badakienean azken urteetako ekoizpena oso ona izan dela eta bereziki altua 2019ko lehen sei-hilabetekoan.

Langileen asanbladak mobilizazioei ekitea erabaki zuen enpresari exijitzeko bere konpromisoak bete eta zor dizkieten soldatak ordaintzeko, urtarrilaren 10, 14 eta 16rako greba-egunak deituz.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Gobernu berriarekin, arrazoi gehiago daude urtarrilaren 30ean greba egiteko”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan izan zen joan den astean, eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu zuen. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernu berriarekin greba egiteko arrazoi gehiago daudela azpimarratu zuen, ez baitute sakoneko aldaketak bultzatzeko borondaterik; ez dago lan-erreformak atzera botatzeko asmorik, esaterako. Gainera, Garbiñe Aranbururen hitzetan, "grebara eraman gaituzten aldarrikapenei ez diete erantzuten akordio programatikoek". Lan harreman, babes sozial eta pentsio eredu berriak eraikiutze izan beharko litzateke apustua, "eta ez dago horretarako aukerarik, Gobernua ez dago horretarako prestatua".

 

 

 

Mobilizaziorako deia egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, langileon aktibazioa ezinbestekoa izango delako helburuak lortzeko

Dei egiten diegu langileei deitu ditugun mobilizazioetan parte- hartzeko. Bihar, urtarrilaren 14an, Azpeitian egongo gara, eta urtarrilaren 17an, mobilizazioa egingo dugu Donostian, PRECO aurrean, 10:30etik aurrera.

Ostiralean elkartu zen Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaia, patronal eta sindikatu guztien parte hartzearekin.

LABek, azkeneko bileretan egin duen bezala, proposamen bat aurkezteko eskatu zien patronalei, eta oraingo honetan, patronalek hurrengo negoziazio mahaian proposamena aurkeztuko dutela ziurtatu dute.

Argi dugu, eta horrela esan dugu prozesu guzti honetan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundia dela sektore honen arduradun nagusia eta dagoen gatazkari irtenbide bat topatzeko ardura daukana, beraiek izan baitira negoziazioa blokeatuta egotearen arduradun nagusiak, patronalekin batera.

Bestalde, positibo ikusten dugu ostiraleko bileran patronalek hartu zuten konpromisoa, baina ezin dugu ahaztu 3 urte pasa direla negoziazio mahaia osatu zenetik eta helduen egoitzetako langileak ordutik mobilizatzen aritu direla, herrialdeko hitzarmen duin baten alde eta horren aurrean negoziazioa blokeatzeko jarrerak besterik ez ditugu ikusi.

 

 

 

Pobreziaren gorakadak bi hildako utzi ditu bi aste baino gutxiagoan

Atzo, urtarrilak 12 igandea, etxerik gabeko pertsona bat hilik aurkitu zuten Durangoko kutxazain batean. Urte honetan kalean hilik aurkitzen duten bigarren pertsona da. Urtarrilaren 3an, etxerik gabeko beste pertsona bat agertu zen hilda Donostiko kaleetan. 2 hildako bi aste baino gutxiagoko epean. Zalantzarik gabe, egoera larria da bizi duguna.

Pobreziak eta bazterketa sozialak gora egin du azkeneko urte hauetan. LABek behin baino gehiagotan salatu bezala eta FOESSA txosteneko eta 2018ko PGEI inkestako datuek erakutsi bezala, pobrezia larrian bizi diren pertsonen kopurua nabarmen hazi da, zehazki %65 azkeneko 10 urteetan. Hau ez da kasualitatea, izan ere, lan merkatuko prekarietatearen gorakadaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden babes sozialeko politiken ahultze baten aurrean aurkitzen gara.

Zentzu horretan, premiazkoa da babes sozialeko politika eraginkorrak bermatzea eta indartzea. Pertsona guztientzat bizitza duina ziurtatuko duten politika sozialak ezinbestekoak dira gizarte kohesionatu bat izateko. Hor kokatzen dira, bereziki, etxebizitza duin baterako eskubide efektiboa eta DSBE duin baten aldeko apustua. Hain zuzen ere, bi aldarrikapen horiek barnebilduko ditu urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen Greba Orokorrak. Testuinguru honetan ezinbestekoa da mobilizazioa indartzea eta beste aurrerapauso bat ematea pentsio, enplegu eta bizitza duinen alde. Era berean, heriotza hau salatzeko deitutako mobilizazioetara atxikitzen gara.
 

 

 

Lan duinaren aldeko akordioa proposatu diegu Confebask eta CEN patronalei

Lan duinaren alde Greba Orokorra egitera goaz urtarrilaren 30ean. Hori dela eta, Bilbon zein Iruñean, lan duinaren alde hainbat neurri zehatz eskatu dizkiogu Confebask eta CEN patronalari patronalari, eta, negoziatzeko borondaterik izan ezean, lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, gehiengo sindikalaren izenean. Lan duinaren alde Greba Orokorra egitera goaz urtarrilaren 30ean. Hori dela eta, Bilbon zein Iruñean, lan duinaren alde hainbat neurri zehatz eskatu dizkiogu Confebask eta CEN patronalari patronalari, eta, negoziatzeko borondaterik izan ezean, lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, gehiengo sindikalaren izenean. Akordio proposamen honekin, patronalak aukera izango luke esplotazio eta prekaritate basatian oinarritzen ez diren lan baldintzen alde urratsak emateko.

Iruñeko agerraldia.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako lanaren, pentsioen eta orobat, bizitzaren prekarizazioan bizitako egoera ezberdinen aurkako Greba Orokorra deitu du. Egun horretan pentsio, bizi eta lan duinaren alde lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Hain zuzen ere, Karta osatzen dugun eragileok aldarrikapen taula aurkeztu dugu instituzio eta patronal ezberdinen aurrean bizitza duin bat izateko gutxieneko eskaerekin. Bada, gaur, gehiengo sindikalaren izenean, Confebask eta CEN patronalei akordio zehatzak proposatu dizkiegu lan-baldintza duinen alde.

LAB sindikatuaren izenean, Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu du hitza Iruñean eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak, Bilbon. Azken honen hitzetan, "urteotan patronalak pertsonen aldeko eta langileok enpresetan inplikatu beharraz diskurtsoak egiten zituen bitartean, prekarizazio prozesuan sakontzeko neurriak eta erabakiak hartzen jarraitu du, langileon kaltean. Beraz, diskurtso horiek ez dute inongo sinesgarritasunik. Benetan pertsonen eta langileen aldeko jarrerak hartzeko prest balego, gaur egindako proposamen hauek onartzea besterik ez luke izango".

Era berean, Estatuko gobernu berriak ezarri nahi dituen neurrien aurrean (1.000 euroko gutxieneko soldata, azpikontratazioaren aurrean neurri partzialak, lanaldi partzialak mantentzea edo berdintasun plan edukigabeak bultzatzea) esan behar dugu hauek ez diotela euskal langileek pairatzen duten egoerari irtenbiderik ekarriko. "Euskal Herrian gure egoera zehatzari erantzuten dioten neurriak hartu behar ditugu, gaur patronalari helarazi dizkiogun neurriak. Beharrezkoa da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua lortzea, Euskal Herriko langileen, lan-merkatuaren eta jendartearen neurrira egindakoa, horren baitan lan-araudi propio bat garatu ahal izateko", erantsi du Xabier Ugartemendiak.

Lau akordio 
Euskal Herrian lan egitea ezin da prekaritate eta esplotazio basatian oinarritu. Hala, Kartak Confebask eta CEN patronalei proposatutako lau akordioak esplotazio horrekin amaitzeko gutxieneko neurriak dira. Zehazki hau da egindako eskaera:

• EAEn eta Nafarroan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, Europako Karta Sozialak finkatzen duen bataz-besteko diru sarreren %60arekin bat egiten duen zenbatekoa. Pobreziaren aurkako oinarrizko eskaera da.

• Azpikontratetan ari diren langileentzako subrogazio eskubidea bermatzea. Azpikontratazio bidez lan-merkatua desarautzen ari direnen aurrean egonkortasunaren aldeko oinarrizko eskaera da.

• Astean gehienez 35 orduko eta gutxienez 20 orduko lanaldia. Pobrezia, soldata baxuez gain, lanaldi partzialaren erabileraz hedatu da; eskaera honek galga jarri nahi dio bide horri eta, era berean, lanaren banaketaren aldeko hautua da teknologia berrien bitartez desager daitekeen enpleguaren aurrean.

• Soldata arrakalari aurre egiteko eta benetako Berdintasun Planen aldeko neurriak. Emakumeek lan munduan bizi duten diskriminazioaren aurrean berdintasunera bideratutako eskaera da.

 

 

 

Indarkeria matxista eta faxismoari aurre egiteko, hezkidetza, kultura eta ezagutza aldarrikatzen ditugu

Komunikabide batek aditzera eman dutenez, igandean emakumeen askatasunaren aurkako mezuak agertu ziren Arrigorriagako BHI-n. Besteak beste, “Emakumeek gona eta elastikoak eramaten dituzue ipurdia erakusteko, baina gero ez duzue bortxatuak izan nahi” eta “irtenbidea: geratu etxean harrikoa egiten” idatzi zuten erasotzaileek ikastetxeko hormetan. Horretaz gainera, komunikabideak azaldu duenez, zakil baten irudi baten ondoko “honek mundua menperatzen du” idatzi zuten, baita “arriba España” eta “fuck etarras” esaldiak ere.

Ez da lehenengo aldia Hego Euskal Herriko ikastetxeek eraso matxista, faxista edo homofoboak pairatzen dituztela, esaterako 2019ko urrian Iruñeko Amaiur eta Mendilorri ikastetxearen aurka, eta azaroan Zaratamako eskolaren kontra.

LABek ez ditu inolaz ere pertsonen, eta bereziki emakumeen askatasunaren aurkako erasoak onartuko. Faxismoaren oldarraldiari borroka feministarekin erantzungo diogu.