2025-12-21
Blog Page 61

LABek bat egin du arrazakeriaren aurka kalera ateratzeko deiekin

Ostiral honetan, martxoaren 21a, Arraza-bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Erregimen arrazista kolonial batean bizi gara, Euskal Herrian modu askotan betikotzen eta sakontzen dena.

Berau desegitea eta pertsona guztientzako eskubideak eta aukerak benetan betetzen direla bermatzea eskaera eta konpromiso kolektiboa da, eta horrekin bat egin behar dute erakundeek, administrazioek eta ordezkari politiko eta sozialek.

Eskatzen dugu zor koloniala konpontzea, justizia-neurri zehatzak hartzea eta bizitza seguruak eta baldintza duinetan sustatzea pertsona migratu eta arrazializatu guztientzat.

LABetik Euskal Herriko herri eta hirietan arrazakeriaren aurkako borrokari lotutako mugimenduaren eta eragileen deialdietan parte hartzera animatzen dugu.

Gipuzkoan. Martxoaren 23an 11:30ean Trintxerpeko Azokan eta 13:00etan Donostian, Alderdi Ederren.

Nafarroan. Martxoaren 22an 12:00etan Iruñeko Merindadeen plazan.

Bizkaian. Martxoaren 23an 18:00etan Bilboko Jesusen Bihotzean.

Araban. Martxoaren 21ean 18:30ean Gasteizko Andra Mari Zurian.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboak barnebiltzen dituen grebaren erregistroa egin dute

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak Donostiako Lurralde Ordezkaritzan elkartu dira EAEko Hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboak barnebiltzen dituen greba dinamikaren erregistroa egin eta urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloari jarraipena emateko.

Izan ere, urtarrila eta otsailean zehar egindako greba eta mobilizazioak izan dira Hezkuntza Saila mahai berriak deitzera behartu dutenak. Horrela, gaur eta biharko deitu ditu mahai negoziatzaileak, gaurko sukalde eta garbiketakoa, eta biharko irakasleena. Sindikatuek Hezkuntza sailari beste behin ere eskatu diote grebetako eskaerei erantzungo dioten edukiak jorratzeko.

Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko beste 5 greba egun erregistratu dituzte, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an.

Indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 16 eta irakasleena 15 urte dituzte, urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz.

Kolektibo bakoitzari egokitutako aldarrikapenak badituzte ere, geroz eta handiagoak diren lan-zama arintzeko neurri zehatzak adostea nahi dute, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere.

Argi dute langileon mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea, ikasleak erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela.

Tafallako FCC Aqualia-ko hitzarmena berritzea lortu du LABek azkenean, hobekuntza nabarmenekin

Tafalla eta inguruko uren zerbitzua kudeatzen duen FCC Aqualiako langileek ikusi dute nola bi urte baino gehiagoan gogor eta tinko lan egin ondoren beren legezko ordezkariak –LAB sindikatuko ordezkariak– 2022an iraungitako hitzarmena berritzeko akordio justu batera iritsi direla. Hitzarmen berriak hiru urteko indarraldia du (2023, 2024 eta 2025), soldata igoera KPIaren gainetik jasotzen du eta urteko lanaldia murrizten du, bertzeak bertze.

Mairagako Mankomunitateko uraren ziklo integralaren esleipendun den FCC Aqualia enpresako langileen lan-harremanak arautzen dituen hitzarmena 2022. urtearen bukaerarekin iraungi zen. Ordutik, LABeko hiru delegatuek, langileen eta sindikatuaren babesarekin, gogor lan egin dute enpresak aurretik hitzartutako baldintza bakar batean ere atzera egin ez zezan eta hobekuntzetan aurrera egin zedin.

Eta azkenik, bertze behin ere borrokak merezi duela erakutsiz, hitzarmena berritzeko enpresarekin akordio on bat ixtea lortu da. Hiru urteko hitzarmen hori 2025aren bukaera arte egonen da indarrean; urteko lanaldia 8 ordu murriztuko du; 2023rako %6ko soldata igoera jasotzen du, 2024rako %3koa eta 2025erako %4,2koa (atzerapenak apirileko nominan kobratuko dira); hiru kategoria aldaketa egiteko beharra ere jasotzen du; eta norberaren kontuetako egunei bertze egun bat gehitzen die.

LABek EAEko ikastetxe publikoetako eskola garraioko eta patioko zaintzaileen hitzarmen kolektiboaren blokeoa salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Joan den urtarrilean, LAB sindikatuak salatu zuen Centro Internacional de Idiomas-CIDI enpresa, eskola garraioa eta patioaren zaintza kudeatzen dituena, hitzarmenaren negoziazio mahaitik altxatu zela, Hezkuntza Sailak zerbitzua lizitatu eta esleitu arte.

Bi ikasturte baino gehiago dira Hezkuntza Sailak zerbitzu hori lizitatu behar zuela, baina diru publikoarekin irabaziak lortzen dituen eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen duen enpresa batek kontratu zuzenaren bidez kudeatzen jarraitzea erabaki zuen. Argi dago Hezkuntza Saila egungo egoeraren konplizea dela.

LAB sindikatua berriz ere mobilizatu da gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrean hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko eta Hezkuntza Sailak CIDIri exijitu diezaion eskola-garraioko eta patioko zaintzaileen hitzarmenaren negoziazio mahaian berriro eser dadila. Blokeoa dagoen bitartean, LABek mobilizatzen jarraituko du.

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Aurten, dagoeneko 14 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuetan. Eraikuntzako makina eta garabiek dagoeneko 3 hildako eragin dituzte. Lehena Gasteizen urtarrilaren 7an, lurra mugitzeko makina batek harrapatuta. Bigarrena Arbizun, garabi luma baten oinarriak huts egin eta langilea harrapatzean urtarrilaren 30ean. Gaurkoa bigarren hildakoa litzateke luma garabiak tarteko.

Makinen erabilerak formakuntza zehatza eskatzen du eta garabi lumenak are zehatzagoa. Eraikuntzan gainera, araudi berezia dago, arriskuak hala behartuta. Goi tentsioko instalakuntzen presentziari gainera, errekurtso prebentiboaren presentzia eta lanaren planifikazio egokia dagozkio halabeharrez. Oraingoan, bistan da ez direla gutxieneko baldintzak bermatu.

Patronalak eta bere komunikabideek absentismoaren inguruko diskurtso faltsu bat agenda politikoan kokatu duten bitartean, joan zen urtean 102.000 istripu izan ziren Hego Euskal Herrian, eta 64 hildako Euskal Herrian. Enpresa askok ez dituzte lan osasunerako arauak betetzen eta hori da ezkutatu nahi duten gaia.

Ikusi dugu azken 30 urteotan eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez duela lan osasunerako araudia betetzeko inongo asmorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere ez dute Osalanen bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileriak geure osasunarekin eta azkenik geure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu datorren asteazkenean, martxoaren 19an, 12:00etan Lemoan, Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones enpresaren aurrean (Mendieta industria poligonoa, 26 C, 2).

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGTk, Nafarroako Gobernuari dei egin diogu langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa egin dezan, horretarako legez ezarritako mahaian.

Gaurko prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuari exijitu diogu negozia ditzala aldarrikapen horiek eta sindikatuok Mahai Orokorrean planteatzen ditugun beste guztiak ere, foro hori baita langileen zilegitasuna eta babesa dituena.

Sindikatuok argi utzi dugu kalitatezko zerbitzu publiko bat nahitaez lan baldintza egokiak dituzten pertsonek eman behar dutela. Horregatik, Nafarroako Gobernuari honakoa exijitzen diogu:

  • Estatutu berri bat Nafarroako langile publikoentzat.
  • Langile guztientzako lanbide-karrera, irizpide objektiboekin. Horrek prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordainduko ditu, eta, ondorioz, zerbitzuak hobetuko dira eta eremu desberdinetan dauden desberdintasunak zuzenduko.
  • Enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea.
  • Sektore publikoan indarrean dagoen pribatizazio politikarekin amaitu eta orain arte pribatizatutakoa irauli.
  • Osasun arloko Foru Legearen Aurreproiektuan Osasunbideko enpresa-entitate publikoaren sorrera geldiaraztea, eta sektore horretako profesionalen arteko bidegabekeriak desagerraraztea.
  • Plantilla handitzea, errealitatearekin bat datorren dimentsionamendu egokia lortzeko. Horrek arreta hobea, enplegua sortzea eta plantillak gaztetzea ekarriko ditu, eta, horretarako, errelebo-kontratua eta erretiro aurreratua ere eskatzen ditugu.
  • Familia eta lana uztartzeko hobekuntzak.
  • Lan-kontratudun langileen baldintzak hobetzea, euren hitzarmena eguneratuz.
  • Langile guztien ordainsarien igoera, Nafarroako KPIa aplikatuta.
  • Eros-ahalmena berreskuratzeko bidean aurrerapausoak emateko neurriak ezartzea.

Horrekin guztiarekin, Mahai Orokorreko sindikatuok gogor salatu dugu Nafarroako Gobernuak ordezkaritza sindikalarekin negoziatzeko duen ardura bazterrean utzi izana, Estatutu berriaren negoziazioan blokeo erabatekoa ezarriz. Saiakera ugari eta askotarikoak egin ditugu Gobernua Mahai Orokorrean eser dadin gai hauek guztiak negoziatzera. Alabaina, guztiak antzuak gertatu dira, eta ondorioz, sindikatuok erabaki dugu apirilaren 9an greba egun bat deitzea, eta Administrazioko langile guztiak animatzen ditugu grebarekin bat egin dezaten.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.

Kongresua borroka sindikalean zein politikoan erreferentea den Marinaleda herrian izan da. Hala, LABen ordezkaritzak bilera bat izan zuen Sergio Gomez alkatearekin etxebizitza, nekazaritza kooperatiba eta zerbitzu publikoen politiken inguruan aritzeko. LAB sindikatuak SATekin eta Espainiako Estatuko gainontzeko sindikatu soberanistekin duen aliantza berresten du, soberanistak eta soziopolitikoak diren eta ekintza sindikala borrokan zein kontraboterean oinarritzen duten klase sindikatuen arteko aliantzak ezinbestekoak baitira gure herrien askatasunean aurrera egiteko.

LAB sindikatuak zoriondu nahi du aukeratutako zuzendaritza berria eta berrautatua izan den Oscar Reina bozeramaile nazionala: desiorik onenak Andaluziako herriaren eskubide nazional eta sozialen aldeko borroka oparoa izan dadin.

Kapitalismoaren bilakaera autoritario eta faxistari elkarrekin aurre egiteko beharra dugu, partekatzen dugun sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista antidotorik onena delakoan. Beraz, borroka horretan elkarrekin bat egiten jarraitzeko apustua egiten du LABek. Orain arte egin dugun bezala, Euskal Herriko landa eremura aldi baterako lana egitera etortzen diren SATeko afiliatuak LABeko afiliatuak izanen balira hartuko ditugu, lan eta bizi baldintza duinak izan ditzaten. LAB sindikatuko ateak beti zabalik egonen dira Andaluziako langileentzako.

Marinaleda, utopia ametsa bakarrik ez dela erakusten duen adibidea

Berriki “langileen alde etxebizitzaren negozioa eten” etxebizitzaren inguruan jorratzen ari den ildoa aurkeztu du LAB sindikatuak. Hala, Marinaledako alkatea den Sergio Gomezekin izandako topaketan etxebizitza politikaren inguran Marinaledako esperientziak jasotzeko aukera izan du LABek. Eta ondorioa argi da, langileen aldeko etxebizitza politika ezberdin bat egitea posible da. Marinaledan, bi formula ezberdin erabiliz (medio propioekin edo kooperatiba baten bidez) etxebizitza publikoak eraikitzen dituzte 15 euroko alokairuarekin.

Bestalde, zerbitzu publikoei dagokionez, biztanle guztientzat zerbitzu publiko duinak bermatzeko, demokrazia ekonomikoan oinarritutako politika ezagutu genuen. Amaitzeko, Marinaledaren proiektu politikoaren parte den nekazaritza kooperatibaren jarduera praktikoa ere ezagutzeko aukera izan genuen. Lurra eta produkzio bideak langileen esku uzten ditu eta herrian enplegu osoa lortzen du.

LAB sindikatuak, ordezkatzen duen euskal sindikalismo eraldatzailetik, bere babesa, elkartasuna eta konpromisoa adierazten dio Marinaledari, baita demokrazian sakontzeko eta justizia sozialean oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial alternatiboa eraikitzeko praktikarekin ere.

LABentzat Osasun Mahaian erabakigarria izango da publikotasun eredua, eta hori bermatzeko presio sozialaren alde egiten du

Hamar lantaldetan parte hartuko du sindikatuak, baina Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenaren araubidea izenekoan gertatzen denaren arabera hartuko ditu 3. faserako erabakiak.

Osasun Mahaia hirugarren fasean sartu da. LABek agerraldia egin du izango duen jarrera eta parte hartzea azaltzeko. Hirugarren fase hau, azkena, erabakigarria izango dela aipatu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. Osakidetza indartzeko, ematen duen zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko, asko eta asko dira hartu beharreko neurriak. Baina bada bat, LABen aburuz, beste guztia baldintzatuko duena: Osasun sistema publikoaren alde egiten den edo, publiko–pribatu kolaborazioaren mozorroarekin, eredu pribatizatzaileari eusten zaion. Eredua erabakitzeko unea da.

Jendartean Osakidetzaren egoerak kezka eragin du. Greba eta mobilizazioak ugari izan dira, eta kalera atera garen sindikatu, erabiltzaile eta eragile sozialek Osakidetza ahultzea ekarri duten politiketan errotiko aldaketak eskatu ditugu; eraldaketa beharraz hitz egin izan dugu.

Eraldaketa izan da Pradales lehendakariak berak ere bereganatu duen hitza, baina argi esan behar dugu eraldaketarik ez dagoela orain arteko erabaki politikoei eusten bazaie. Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizazio eta kontzertazio politikei amaiera eman behar zaie.

Osasun Mahaiaren izenburua, osaketa eta bilakaera aztertuta, ez dirudi hori denik Jaurlaritzaren lehentasuna. LABek hasierako diagnostikoa hobetzea lortu zuen. Osasun sistemaz baino, osasun sistema publikoaz aritzea lortu dugu. Beste hainbat hobekuntza txertatzea ere lortu dugu. Hobekuntza horiek, ordea, ez ziren nahikoa izan diagnostikoa ontzat emateko, eta kontrako boto partikularra eman genuen, Jaurlaritzak ezkutatu nahi izan duena.

Oinarri eta printzipioen fasea, bigarrena, adostasunik gabe itxi zen. LABetik osotasunarekiko gure desadostasuna adierazi genuen; izan ere, dokumentuak ez zion heldu nahi esklusibotasunari, sistema indartzeko ezinbesteko neurria dena gure ustez, ezta osasun zerbitzua titulartasun publikotik baliabide publiko eta propioekin eskaintzeari ere. Eta gure posizioa Jaurlaritzak deliberatuki ezkutatu ez zezan, ez genuen bigarren faseko dokumentua itxi zen mahaiaren bileran parte hartu.

Hirugarren faseko estrategiak definitzeko, berriz, hainbat lantalde aurkeztu baziren ere, eredu pribatizatzaileaz hitz egiteko ez zegoen gunerik. Azkenean, lortu genuen aurreikusia ez zegoen lantalde berri bat sortzea, Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenen araubidea izenekoa. Bestetik, pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideen inguruko lantaldea ere sortu zen, LABentzat oso gai garrantzitsua dena.


Pribatizazioaren ondorioak
Pribatizazio politikek Osakidetzaren gainbehera eragin dute. Publikoa edukiz eta funtzioz hustuz doa, tantaka-tantaka ematen den pribatizazio isilaren bidez. Pribatizazio politikek eragin dute plantillak ez dimentsionatzea, ez egonkortzea eta lan baldintzak kaskartzea; lehen arreta kolapso egoeran egotea; osasun mentalaren arazoa artatzeko baliabide nahikorik ez izatea; zerbitzu-zorroa eta beste osasun arreta asko kanporatzea; itxaron zerrenda amaigabeak izatea; osasun sistema publikoa debaluatzea…Pribatizazioari amaiera eman behar zaio, eta zerbitzua baliabide propio eta publikoekin eskaintzeko publifikazio-plan integrala egin behar da. Anbulantzia zerbitzuarekin gertatu moduan, hainbat dira azken hamarkadetan pribatizatu, kontzertatu eta kanporatu diren zerbitzuak eta lan-medikuak (erresonantziak, ebakuntzak, laborategiko lanak…) zein egiturazko lanak (ikuztegia, mantenua, garbiketa, sukalde zerbitzua…)

Horrek guztiak Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu ditu. Publikoak behar bezala ez funtzionatzeak pribatua beharrezko bihurtzea eragin dute. Honek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea. Pribatizazioranzko joera horrek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzen ditu.

Eskuratu ditugun azken datuen arabera, 2021ekoak, EAEko biztanleen %23k zuten osasun aseguru pribatua. 2017tik aztertu dugu bilakaera, eta ordutik sekulako gorakada izan du, %15,9koa. Ziur gaude, portzentaje hori orain handiagoa izango dela.

Osasunean, Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, behar baino gutxiago inbertitzen da. Gainera, osasun-gastu publikoa baliabide publiko eta propioetara bideratu ordez, administrazioak zuzenean eman beharreko osasun–arreta zerbitzuak profesionalekin eta enpresa pribatuekin sinatutako itunen bidez azpikontratatzen dira, eta diru publikoaren zati handi bat horretarako erabiltzen da. 2023an EAEko osasun-gastuaren % 6,1 sektore pribatuarekin itun horiek duten kostu ekonomikoa estaltzeko erabili zen.


Lantalde bat, erabakigarria
LABek hirugarren fase honetan 10 lantaldetan parte hartuko du. Osakidetzako delegatu eta langileak izango dira, LABen izenean, lantalde horietan parte hartuko dutenak. Langileen politiketan eta horien prestakuntzan eta irakaskuntzan, publikotasunean eta sistema publikoa indartzean, lehen mailako arreta indartzean, osasunaren sustapen eta ekintza komunitarioan, osasun mentaleko sare publikoa egituratzean, Osakidetza euskalduntzean eta zerbitzu-zorroan hainbat neurri proposatuko ditugu, lantalde horietan parte hartuz. Baina guretzat erabakigarriena Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenen araubidea izenekoan gertatu eta erabakiko dena izango da, horrek zeharkatuko baititu beste gaietan hartuko diren erabakiak.

Lantalde horretan ikusiko da, benetan, Osakidetza eraldatu nahi den, sistema publikoaren aldeko apusturik egiten den edo osasun sistema pribatua indartzen duten politikekin jarraitu nahi den. Lantalde horretan gertatzen denaren arabera hartuko ditugu 3. fase honi begirako erabakiak. Guretzat, beste lan taldeetan hartu daitezkeen neurriak, egokiak izan daitezkeenak, guztiz ez-nahikoak dira, sakoneko arazoari heltzen ez bazaio.

Osasun sistema publiko indartsuaren alde presio sozialari eusteko unea dela uste dugu. Presio sozialak ireki du eztabaida eta presio soziala izango da, aurrerantzean ere, Osakidetza hobeagoa ziurtatzeko bidea.

LABek Arabako porlanaren hitzarmena sinatu du, eraikuntzako hitzarmenarekin batuko dena

2026an soldata taulak berdinduko dira, eta indarraldi amaieran 60 langile inguru eraikuntzaren sektorera pasako dira.

Akordio honek Araban gertatzen zen anomalia bat behingoz zuzendu du, eta langile hauek bigarren mailakoak izateari utziko diote. Izan ere, 60 pertsona ingururi soilik eragiten dien hitzarmen hau beti egon da eraikuntzaren menpe, baina orokorrean lan baldintza kaskarragoekin. Indarraldia 2024tik 2026 bitartekoa da.

LABetik garrantzi handia ematen diogu akordioari, sektorearen lehen aldarrikapena gauzatzen delako. Urteak dira langile hauek eraikuntzako hitzarmena aplikatzea eskatzen zutela, gertatzen delako enpresa batean langile batzuei eraikuntzakoa aplikatzea eta besteei porlanarena, elkarrekin lan egiten badute ere. Beharrezkoa izan da mahai txiki honetan zegoen CCOO-UGT gehiengoa hautsi eta LAB sinadurarako gakoa izatea. Berriro ere, LAB tartean badago, langileen baldintzak nabarmen hobetzen dira. Hasiera hasieratik mantendutako posizioak eta egindako presioa ezinbestekoak izan dira akordioa aurrera ateratzeko.

Baldintzei dagokionean, adostu diren igoerekin, soldatetako ekiparazioa 2026rako lortuko da, Honetaz aparte, hitzarmenak 4 lan orduko jaitsiera jasotzen du eraikuntzarekin parekatu arte (1.712 ordu), igoerak lehen bi urtetarako KPItik gorakoak dira eta indarraldi bitartean KPI bermatuta eros ahalmena bermatuta geratuko da; baimenetan eta dietetan ere hobekuntzak jasotzen dira, besteak beste. Gainera, eta LAB tarteko egonda, inaplikazio klausula jasotzen da, eta beraz enpresek ezingo diote adostutakoa aplikatzeari utzi.

Esan bezala, balio gehien ematen dioguna da hau izango dela porlanaren azken hitzarmena, eta iraunaldiaren amaieran lan-baldintzak eraikuntzako sektoreko langileekin parekatuko direla. LABetik langileak zoriondu nahi ditugu.