2026-08-20
Blog Page 607

Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaietako langileek akordioa babestu dute lan-zentroetan egindako bozketetan

0

LAB sindikatuak Bizkaiko Kiroldegi eta Kirol Zelaien Hitzarmenaren apustu irmoa egin du negoziazio prozesu osoan zehar. Horregatik mantendu da tinko borroka honetan. Langileok egindako borrokari esker, patronala mugitzea lortu zen eta horrek aurreko osteguneko mahai negoziatzailean proposamen hobe bat egitera eraman zuen. LABek, langileon tresna dela eta azken hitza langileoi dagokiela ulertuta, proposamena bozketara eramatea adostu zuen.

Bozketa hauek, ikaragarrizko jarraipenarekin, langileon iritzi nagusia jasotzeko balio izan dutenaren zalantzarik ez dugu. 562 langilek hartu dute parte eta %71,35ak egin du proposamenaren alde. Orain, berriro ere, sindikatuoi dagokigu langileon mandatuari segi eta saiakera berri bat egitea. Bestetik, patronalari ere erantzukizuna eskatzeko ordua dela uste dugu, azken ahalegina egin eta hitzarmenaren sinadura behingoz errazteko.

LAB sindikatua ez dago etsitzeko prest, ezta gutxiago ere. Honaino borrokak ekarri gaituen bezala, borrokak eramango gaituela helmugara ziur gaude. Horregatik, egoera honen aurrean, ahalegin berri bat egiteko deia luzatu nahi diegu alde guztiei.

Urtarrilaren 29an, negoziazio mahaia deituko dugu, bozketa hauek balioan jarri eta alde guztiak erantzukizunezko ariketa bat egin dezagun. Akordioa posiblea dela uste dugu, alderdikeriak utzi eta langileontzat onena denaren alde egiten badugu.

Guk hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dugu.
 

 

 

Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen neurri eskasek urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren beharra indartu dute

Azken asteetako gertaerek berretsi besterik ez dute egin urtarrilaren 30eko Greba Orokorra erabat beharrezkoa dela. Herenegun beste arrazoi bat gehitu zitzaion: Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin lotutako erabakia. Neurriak neurri, Greba Orokorra oso arrakastatsua izango, milaka eta milaka langileren babesa jaso baitu. LABeko Ekintza Sozialeko ordezkari Edurne Larrañagak honen guztiaren berri eman du, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako agerraldian.

Hau da Bilbon egindako agerraldian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariok irakurritako oharra

Azken asteetako gertaerek berretsi besterik ez dute egin urtarrilaren 30eko greba orokorra erabat beharrezkoa dela. Batetik, Urkullu lehendakariaren ezezkoa jaso dugu (Chivite lehendakaria ez bezala), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen dugun erakunde sindikal eta sozialekin biltzeari uko egin baitio, grebak dituen aldarrikapenen inguruan eskumenik ez zuela argudiatuta.

Gezurra da hori, ordea. Izan ere, greba deialdia enpleguaren, pentsioen eta eskubide sozialen arloetan neurri zehatzak hartzera bideratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek ala biek, horretarako eskumenak dituzte, hala nola:

• Behin-behinekotasuna ezabatzeko administrazio horietan, behin-behinekotasun tasa Europako buruan baitago, %40era iristeraino.

• Azpikontratatutako enpleguan subrogazio-eskubidea, gutxienez 1.200 euroko soldata eta gehienez 35 orduko lanaldia bermatzeko.

• Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko. Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarren txosten juridikoek aitortzen dituzte eskumen horiek.

• Soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzeko.

• Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen edukiak onartzeko, gizarte-prestazioei eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubideari buruzko neurriak jorratzen zituena.

• Zerga-politika iraultzeko, zerga-iruzurra desagerrarazteko eta errenta handiei, enpresei eta kapitalari zergak nabarmen handitzeko.

• Lan-harremanen esparru propio baten alde lan egiteko, lan- eta gizarte-legediari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartzeko.

Era berean, espainiar Estatuko Gobernuak, PSOE eta Unidos Podemosen arteko akordio programatikoaren edukiari jarraituz, pentsioei eragiten dieten neurri batzuk hartu ditu: 2020an %0,9ko igoera gauzatu du, bai, baina indarrean sartu du erretiro-adinaren atzerapena eta 2011ko erreforman adostutako pentsioen kalkulu-aldia ere. Lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokionez, patronalari beto-eskubidea eman dio, eta ondorioz, 950 euroan finkatu dute gutxieneko soldata, 1.000 euroan finkatuko zutela iragarri bazuten ere.

Neurri horiek ez diete erantzuten greba orokorraren eskaerei, eta gobernatzeko modu bat adierazten dute, non elkarrizketa soziala edo Toledoko Ituna bezalako tresnek murrizketak justifikatzeko edo eskubideen berreskurapena geldiarazteko zeregina berreskuratzen duten.

Edozein gobernuren aurrean eta edozein alderdi politiko agintean dela, lan eta gizarte eskubideen aitortzan aurrera egiteko ezinbestekoa da presio eta mobilizazio soziala. Ildo horretan, gutun bat bidali diegu CCOO eta UGT sindikatuei, eta dei egin diegu urtarrilaren 30eko deialdiekin bat egin dezaten, bakoitzak bere espazio eta planteamenduarekin.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra oso arrakastatsua izango da. Dagoeneko batzarretan parte hartzea erabaki duten milaka eta milaka langileen berariazko babesa jaso du. Era berean, greba-batzordeak lurralde osoan zabaltzeak eta horietan dozenaka gizarte-erakundek (sindikatuez gain) parte hartzeak mobilizazio-maila handia aurreikusten du.
 

 

 

Gasteizko Lan arloko epaitegiak onartu du Tubacex enpresak, legez kanpo, langileak ordezkatu zituela 2018ko apirilean hitzarmenarekin lotutako grebetan

0

Gasteizko 3. Lan Arloko Epaitegiak Tubacex Tubos Inoxidables eta Aceralava enpresak (Tubacex taldekoak biak) kondenatzen ditu, langileek greba egiteko duten oinarrizko eskubidea urratzeagatik, 2018ko apirilaren 13an, 20an eta 23an egindako hitzarmeneko mobilizazio-egunetan.

Gertakariak apirilaren 20an eta 23an izan ziren, hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren esparruan. ELAk, CCOOk eta Sindikatu Independenteak sinatutako hitzarmen- aurreakordioa atzera bota ondoren, eta enpresak negoziazioarekin jarraitzeari uko egin ondoren, LAB, STAT eta USO sindikatuek 3 greba egun deitu genituen.

TUBACEXek, langile grebalarien lanpostuak legez kanpo ordezkatzeaz gain, beldurraren estrategia hautatu zuen, eta langileen etxeetara gutunak bidali zituen, aurreakordioan hitzartutako inbertsioak eteteko mehatxua eginez.

Nahiz eta zaila den horrelako enpresa batean eskirolaje-egoerak frogatzea, eta kontuan hartuta Lan Ikuskaritza ezin izan zuela hiru egunetan eta txanda guztietan bertan egon, epaiak grebalarien 10 ordezkapen onartzen ditu, eta enpresa zigortzen du horregatik.

ELAk, CCOOk eta Independenteek ez zuten parte hartu lanuzteen deialdian, eta ez zuten soilik jarrera pasiboa hartu greba eskubidearen aurkako hain urraketa larriaren aurrean; aitzitik, enpresaren konplize agertu ziren. Horren froga ordezkapena burutu zuen langileetako bat sindikatu horietako baten delegatua dela.
 

 

 

Gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko, eskola jangelekin zer egiteko asmoa duen galdetzen diogu Jaurlaritzari

0
LABetik, argi diogu egun dugun jangeletako eredua agortuta dagoela, eta gaurdanik beste bat diseinatu eta martxan jarri beharra daukagula. Ez hori bakarrik, iruzurra ahalbideratzen duen eredua ez da kalitatezkoa ez ikasleentzat, ez familientzat, ez langileontzat, ez hezkuntza komunitatearentzat, eta ez jendartearentzat orokorrean.

Osasun sailak eta Osakidetzak informazio-kanpaina bat abiarazi dute “plater osasungarria”ren inguruan, haurren gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko. Osasun sailburu Nekane Murgak gogorarazi du “osasun publikoko arazo” baten aurrean gaudela eta lehentasunezkoa dela ingurune eta ohitura osasungarriak sortzeko lan egitea. Laguntza-material batzuk argitaratu dituzte herritarrei elikaduraren arloko ohitura osasungarrien berri emateko, gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzea helburu dela. Haurren Obesitatearen aurkako Estrategiaren esparruan, dagoeneko beste proiektu batzuk garatzen ari dira.

Honen harira, Eusko Jaurlaritzak, eskola jangeletan, 20 urte daramatza garraiaturiko janariaren eredua inposatzen. Ezinezkoa da hemen bertoko elikagaiak sartzerik, beraz, ezinezkoa da bertoko nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza garatzerik. Produkzio industriala lehenesten da, guretik kilometrotara produzituriko elikagai merkeetan. Ezinezkoa bihurtzen da familia eta eskolek jaten ari diren elikagaien inguruko informazioa izaterik eta hauen gaineko inolako erabakirik hartzerik. Ikastetxe gehienetan sukalde zentral handietan, goizaldean, prestatzen da janaria, eta orduetan zehar garraiatzen da eguerdirako eskolara heldu dadin.

LABetik, argi diogu egun dugun jangeletako eredua agortuta dagoela, eta gaurdanik beste bat diseinatu eta martxan jarri beharra daukagula. Ez hori bakarrik, iruzurra ahalbideratzen duen eredua ez da kalitatezkoa ez ikasleentzat, ez familientzat, ez langileontzat, ez hezkuntza komunitatearentzat, eta ez jendartearentzat orokorrean. Aldaketarako urratsak diseinatu behar dira, elikadura burujabetzari, eredu hezitzaileari eta langileen lan-baldintza duinei bide emanez.

LABek zerbitzu publikoen externalizazioarekin bukatu beharra dagoela diogu oraingoan ere. Baliabide publikoek, enpresa pribatuei jaten emateari utzi behar diote, hauen helburu bakarra irabaziak handitzea baita, kalitatezko zerbitzua eman beharrean. Gure eskola umeek beraien jardunetik denbora dexente igarotzen dute jangeletan, eta berau gatazka une izatetik eremu atsegina izatera igaro behar da, non elikagaien prozeduraz, ekonomiaz, ingurumenaz, osasunaz, nutrizioaz, higieneaz… ikasiko duten ikasleek. Beraz, bertan lan egiten duten langileen funtzio hezitzailea onartu behar da.

Horregatik, LABek kudeaketa elkarbanatuko duen eredu baten alde pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi du eta orain arte egindako proposamena mantentzen dugu:

• Sukalde publikoak ikastetxe guztietan.
• Jangeletako langile guztiek administraziokoak izan behar dute, kontratazioko eta elikadurako politika prekarioak saihestuz.

Hau guztia kontuan hartuta, eskola jangelekin zer egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak haurren gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko?
 

 

 

Argi ikusten dugu soilik ekintza sindikala eta mobilizazioaren bitartez lortuko dugula sektore publikoaren behin-behinekotasun ikaragarriarekin amaitzea

Azken egun hauetan Europako Epaitegi Nagusiak bitarteko langileek kalte ordaina jasotzeko eskubidearen kontra ebatzi du. Sententziaren arabera, bitarteko langileen izendapena behin behinekoa dela aldez aurretik ezaguna da. Izendapena bertan behera gelditzen denean epaitegiak ez du inolako iruzurrik aurreikusten; ondorioz, kalte ordaina ez ordaintzea legezkoa ikusten du.

Gogoratu behar dugu, hilabete batzuk badirela epaitegi berdinetik gai honen harira norabide berdinean ebazpen bat iritsi zitzaigula. Kasu horretan Europako abokatu nagusiak bitarteko langileen finkotasunari buruz bere iritzia eman zuen, orduan ere bitarteko langileen interesen aurka. Argi dago beraz, Europako epaitegietatik ez direla soluziobide magikoak etorriko eta ekintza sindikala eta mobilizazioa indartu beharko dugula bitarteko langileen finkotasunean aurrera pausoak emateko.

Egia da euskal administrazioetan behin-behinekotasunaren erabilera gehiegizkoa dela. Etengabe ari gara behin-behinekotasun tasa ikaragarriak salatzen eta geroz eta ahots gehiago egoera jasanezina dela esaten ari dira. Sektore publikoan dagoen kontratazio eredua errotik aldatu behar da, gaur egun milaka langile prekarietatean murgilduta daude eta. Gobernua ordean eroso dago egoera honetan. Urrutira joan gabe, Europako Epaitegiaren azken ebazpen hau txalotu egin du, bertan adierazten diren argudioak bere eginez. Badirudi behin-behinekotasunaren afera beraiekin ez doala, kanpoko faktore batzuk bultzatutako egoera baten aurrean gaudela. Behin eta berriro aipatzen ari gara; Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasunean oinarritutako zerbitzu publikoak nahi ditu, nahi edo behar duenean zerbitzu hauek pribatizatzeko.

Honengatik guztiarengatik esaten dugu biderik eraginkorrena ekintza sindikala eta mobilizazioarena dela. Lanpostuak eta pertsonak kontsolidatzen dituen lege propio bat beharrezkoa da euskal administrazioetan daukagun egoerari aurre egiteko. Utzi diezaiogun Madril edo Bruselara begiratzeari eta itxaropenak epaitegietan uzteari; jarri gaitezen behingoz euskal erakundeei begira. Euskal Herrian badago gaitasun legegile nahikorik administrazioetan prekarietatearekin bukatzeko.

Mobilizazioak eman digu lortu dugun guztia, aukera daukagu denok batera kaleak betetzeko. Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra.
 

 

 

Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileek

PAGNA-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordea eta San Jose Zentroko langileak zentroaren atarian bildu dira, langileekiko eta Batzordearekiko errespetu-falten aurka protesta egiteko eta lan baldintzak hobetzeko eskatzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

"San Jose Zentroa Nafarroako Gobernuaren zentro bat da (PAGNA), Gobernu berak kudeatzen duena. Egoitza gisa funtzionatzen du, eta desgaitasun intelektuala duten pertsona helduei arreta integrala ematera bideratua dago, zehazki, larriki kaltetuak izanik, tratamendu espezializatuak eta errehabilitazio jarraitua behar dutenei, haien narriadura ahal den neurrian saihesteko". Nafarroako Gobernuaren webgunean jasota dagoen San Jose Zentroaren definizio horrek kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen zentro bat deskribatzen du. Bada, zentrora azken zuzendaritza iritsi zenetik, murriztu egin da egoiliarren arretaren kalitatea, kudeaketa txarragatik eta jarduera eta erabaki arbitrarioengatik.

Langileen lan-baldintzak prekarizatu dira lanaldi-aldaketekin, plazen amortizazioekin, funtzioak zehazteko anbiguotasunarekin, lanpostuari ez dagozkion lanak agintzearekin eta lan-kargak handitzearekin. Ordezkapenetarako kontratazio-zerrendak agortuta daude, eta horrek berekin dakar langileak ez ordezkatzea eta/edo baimenak ez ematea, langileen eskubideak urratuz.

Zuzendaritzaren estilo autoritarioaren ondorioz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esku hartu du zentroan. Institutu horren txostenean. honako arazo larri hauek jaso dira: arrisku psikosozialak izateko esposizio handia, lanaren antolaketaren ondorioz; estresa eta gatazkak eragiten dituzten komunikazio-mekanismo desegokiak; hitzezko mehatxuak, zuzenak edo zeharkakoak, eta nabarmenki autoritarioa den aginte-estiloa, adostu gabeko neurriak aplikatzen baitira. Horren guztiaren ondorioz, etengabe arrisku larrian dauden langileen lan- osasuna eta zerbitzuaren prestazioa kaltetzen ari dira.

San Jose Zentroan, aspaldi hasi ziren erasoak, eta jazotako gertakari larrien kopurua ikusita, Prebentzio Zerbitzuak ikerketa bat abiatu zuen, eta, Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ondoren, zenbait txosten egin ziren. Alabaina, txosten horietan jasotako eta planteatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ez dira aplikatzen ari. Zentroko arduradunen betebeharra da langilearen osasuna zaintzea eta segurtasun eta osasuneko lan-baldintza egokiak zaintzeko beharrezko neurriak hartzea.

PAGNAko Langileen Batzordeak uste du deskribatutako guztiaren azken erantzukizuna gerentziarena dela, eta hala jakinarazi dio askotan. Hala ere, PAGNAko gerentziak egungo zuzendaria babestu eta karguan mantentzen du, kexa ugari jaso arren. Zuzendariak, bere aldetik, ez du batere aldatu bere jarrera, adostu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen baitu, despota baten moduan.

Hori dela eta, PAGNAko Langileen Batzordetik salatu nahi dugu erakunde horretako gerentziak ez duela inolako erantzunik eman eta ez duela inolako interesik erakutsi Agentziako langileek batzorde honen bidez aurkeztu dituzten informazio-eskaeren, iradokizunen, kexen eta erreklamazioen aurrean; neurri handi batean, lan-baldintzen narriadura dakarten erabaki arbitrarioek eragin dituzte eskaera horiek, baina, hala ere, ez da ez azalpenik, ez konponbiderik ematen.

Beraz, PAGNAko gerentziari eskatzen diogu ez ikusiarena egiteari utzi diezaiola eta Langileen Batzordearen eskaerei erantzun diezaiela, plantillaren lan-baldintzak eta ematen dugun zerbitzua hobetzeko.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako langileen aurkako errepresioak bere horretan jarraitzen duela salatu dugu Durangoko epaitegien aurrean

0

Nahiz eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena Gabonak baino lehen sinatu, langileekiko errepresioak bere horretan dirau. Gaur goizean, Metalgintzako langile batek epailearen aurrera joan behar izan du deklaratzera, Durangoko epaitegietara. Gaurkoarekin, 3 dira salatuak izan diren langileak beraien eskubideak defendatzeagatik. Honez gain, hainbat izan dira isunak jaso dituzten langileak Metalgintzako hitzarmenaren alde borroka egiteagatik.

Bizkaiko Metalgintzako langileek ohar batean adierazi bezala, "gure babes osoa eman nahi diogu gaur deklaratu duen langileari. Gainera, patronalari gogoarazi nahi diogu errepresioak ez gaituela metaleko langileak eta orokorrean langile klasea geldituko, ezta isilaraziko ere".
 

 

 

24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte Arcelor Olaberrian, lantegian gertatutako lan heriotza salatzeko

Egun iluna izan zen atzokoa, bi langilek galdu baitzuten bizia Euskal Herrian; batek Olaberriako Arcelorren eta besteak Sunbillan, biak zamalanak egiten ari zirela. Arcelor Olaberriako enpresa-batzordeak 24 orduko lanuztera deitu du gaurko, eta elkarretaratzea egin dute eguerdian, enpresa atarian.

 

 

 

Greba Orokorrerako deia luzatu dugu, lan istripuen etengabeko gorakadak eta odolusteak ere erantzun irmo bat eskatzen dutelako

0


Administrazio publikoek emandako azken datu ofizialek adierazten dute lan ezbeharren kopuruak gora egin duela iazko urtearekin alderatuta. EAEn (azaroa bitarteko datuak) %2,3 igo da eta Nafarroan (iraila bitarteko datuak) %19,8. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera hori eragiten duten faktore nagusiak. Halaxe jaso dugu euskal gehiengo sindikalak egindako txostenean, eta halaxe jakinarazi dugu 2019ko lan istripuen balantzea egiteko Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan. 

Iruñeko agerraldia.


LABeko Lan Osasun arloko arduradun Lurdes Erasok eta sindikatuko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu dute hitza Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan, hurrenez hurren. 2019ko lan istripuen txostena aurkeztu dugu, baina 2020. urtean odolusteak bere horretan jarraitzen duela ahaztu gabe. Hain zuzen ere, atzo bertan bi langile hil egin ziren, bat Olaberriako Arcelorren eta bestea Sunbillan, biak zamalanak egiten ari zirela. Urtarrilean, gutxienez, zortzi langilek galdu dute bizia dagoeneko.

Datuek eta errealitateak erakusten dute, lan osasun arloan ere, arrazoiak soberan ditugula urtarrilaren 30ean Greba Orokorra egiteko. Grebara atxikitzeko deia luzatu dugu agerraldietan, Greba Orokorreko aldarrikapen taula betez gero, enpleguaren kalitatea eta lan baldintzak zeharo hobetuko liratekeelako, prekarietatearekin amaitzeko bidean. Eta prekarietateak ekartzen ditu lan istripuak. "EAEko eta Nafarroako erakundeei eskatu behar diegu ardurak euren gain har ditzaten, baita bide horretan aurrera egiteko beharrezkoak diren neurriak ere", azpimarratu dugu.

Bilbo.

Bestalde, agerraldiez harago, lan istripuen etengabeko gorakada salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik pankartak zintzilikatu ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Iruñea.

Iaz bizia galdu zuten 46 langileak izan ditugu gogoan, eta erakundeei eta patronalari galdetu diegu zenbat hildako gehiago behar dituzten behingoz zerbait egin dezaten.

Donostia.

Hain zuzen ere, iaz, 16 langile hil egin ziren Bizkaian; 15, Nafarroan; 9, Gipuzkoan; eta 6, Araban.

Gasteiz.