LABeko ordezkaritza bat, Urtzi Ostolozaga buru, Diada egunean izango da. Hala, Katalunian egingo diren zenbait mobilizazioetan hartuko dugu parte, eta, bide batez, eragileekin harremanak sakontzeko baliatuko dugu bidaia.
FEADRS estatu mailako sukaldaritza patronalak Akordio Interprofesionala inpugnatzeko prozesua hasi du. Inpugnazio honek FEADRSen aldetiko xantaiari erantzuten dio, eta honek ez du inolaz ere LABen jarrera aldatuko, argia dena eta mehatxuek aldatuko ez dutena.
Akordio interprofesionala guztiz baliozkoa eta aplikatzeko modukoa da, tresna juridiko eta sindikal bezala, dokumentuak berak zehazten dituen sektore eta lurralde eremuetan, hau da, EAE osoan.
EAEko langileei euren lan-baldintzak berton negoziatzeko eskubidea ahalbidetzen dien tresna da. Hori dela eta, esku- hartzerik gabeko Lan Harremanen Euskal Esparrua bermatuko duten mota honetako tresnak lortzeko lanean jarraituko du LABek.
Sukalde edo kolektibitateen eremuak LABek argi eta garbi adierazi du EAEko negoziazio-eremua eratzearen aldeko bere jarrera, eta honen arabera jokatu du negoziazio mahaian bertan bi aldiz honetarako deia eginez. Esan beharra dago, LABek jarrera honen arabera jardungo duela bere ekintza sindikalean, sukalde edo kolektibitateen sektorean esparru propioa lortzeko beharrezko ekimenak aurrera eramanez.
Aste honetarako Europako Epaitegiko Fiskalak espainiar estatuko behin-behineko langile publikoen egoerari buruzko iritzia argitaratzekotan zegoen. Izan ere Madrilgo osasun zerbitzuko hiru langileen egoera epaitzen ari dira, 12 eta 18 urte bitarteko aldi baterako kontratu kateatu ugari metatu dituztenak. Fiskalaren iritzia oso erabakigarria izan daiteke urrian zehar epaitegi horrek eman behar duen sententziari begira, zeinaren bitartez Hego Euskal Herriko langile publikoen ia erdien egoera, behin-behinekoena alegia, Europako irizpideak betetzen dituen ala ez ebatziko den.
LABek ere eskaera ugari bideratu ditu helburu berdinarekin, iruzurrean eta prekarietatean oinarritutako kontratazioak legearen kontra jo eta kontratu mugagabe bihurtzea hain zuzen ere. Esan bezala, Europan ebatziko den epaiketa langileen aldekoa izan ezkero oso onuragarria izan daitekeelakoan gaude, langile publikoen behin-behinekotasunari muga sendoak jarri eta egonkortasunari ateak erabat zabalduko lizkiokeelako.
Hain zuzen ere LAB, zuhurtzia eta erantzukizunagatik, Europako ebazpenaren zain dago erreklamazioen bideak judizializatzeko, argudio juridikoak ahalik eta sendoenekin jokatzearren. Gai delikatu eta larri honekin afiliazio edota diru-bilketa kanpainak egiteari ez deritzogu arduraz jokatzea. Gauzak behar besteko arduraz hartzea ezinbestekoa da, langileentzako koste ekonomikoak handiak izan daitezkeelako, eta kontrako sententziak erabat zoritxarrekoak.
Behin Europako Epaitegiak bere ebazpena ematen duenean LABek bere hurrengo urrats zehatzen berri emango du. Hala eta guztiz ere, emaitza bata ala bestea izan, ez gara bide juridiko hutsera mugatuko, eta borroka sindikalarekin ere jarraituko dugu. Euskal administrazioek erabateko erantzukizuna daukate langileen behin-behinekotasuna eta prekarietatearekiko. Epai hauen zain egoteak administrazioen benetako borondatearen zantzua besterik ez da, hots, ez daudela behartzen zaiena baino aurrerago joateko inolako asmorik, behin-behinekotasuna eta prekarietatea tresna garrantzitsutzat dutelako. Euskal administrazioetan enplegua egonkortzeko eta duintzeko tresnak baditugu, baina ohi bezala, borondatea da falta dena. Behartu ditzagun bada!
Abuztuan soldatapeko langile aitortzeko rider baten kasua Lan Departamentuan salatu ondoren, enpresa ez zen kontziliazio saiora aurkeztu. Horregatik, ostiralean eskaria auzitegian erregistratu genuen, eta, bide batez, Lan Ikuskaritzan Glovoren kontrako salaketa sartu genuen.
Hau soilik pertsona baten erreklamazioa ez izatea nahi dugu, eta horregatik interpelatzen dugu Lan-Ikuskaritza. Dagoeneko Lan Ikuskaritzak enpresa hauen langileak soldatapekoak izan beharko zirela aitortu du herrialde desberdinetan, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean kotizatu behar dutela azalduz. Honen inguruko azken aipamena Granadan izan da SAT sindikatuak salaketa sartu ondoren, eta 180 rider-eko talde bati eragiten dio.
Rider-ak soldatapeko langilearen izaera aitortu behar zaiela esaten duten erabaki hauek ikusirik, baita auzitegi desberdineko epai ezberdinak ere (Goiko Auzitegi batena barne), Nafarroan Lan Ikuskaritzaren ordua dela uste dugu. Enpresa honek egiten duen autonomo faltsuen erabilera maltzurra, Nafarroan ere iker dezaten unea iritsi da, enpresa gure herrialdean 10 hilabete daramatzalarik.
Nafarroan, 100 langile baino gehiago dira Glovon la egiteko autonomo izatera behartuak direnak, nahiz eta guztien kasuan negoziaziorik ez egon kontratua sinatzerakoan eta lan egiteko ezinbestekoa den tresna (riderren aplikazioa) soilik enpresak kontrolatzea. Errealitate hauek agerian uzten dute langileek enpresarekiko duten harremana mendetasun handikoa dela eta besteren kontura kontratatuak izan beharko liratezkeela.
Kapitalismoa digitalaroan prekarietate eredu hau bultzatzen ari da banatzaileen arloan, baina beste jarduera askoetara esperimentu hau zabaltzea da haien interesa. LAB sindikaturako ezinbestekoa da prekarietate basati honen zabalpena blokatzea, lan eskubide guztien gainetik pasatzen duena, langileen arteko lehia eredua bultzatzen duena eta sistema publikoa degradatzen duena kotizazioen ordainketa saihestuz.
Langileen esplotazio eta tratu txarrean oinarritzen diren eredu berriei aurre egitea baita herriari egiten zaion iruzurrarekin bukatzea, lehentasunezkoa izan behar da, bukaezina izan daitekeen lan eskubideen sarraskia sahiesteko helburu.
LAB sindikatuak, eta bereziki Oarso-Bidasoa eskualdeak, Jaizkibel konpainiarekin bat egiten dugu aurten ere. Ezaguna da urte luzez emakume langileok izan dugun borroka eta Hondarribian ere hala da. Alarde publiko, parekide eta bakarra lortzeko erronkak berean dirau. Urteetan ez bezala iaz Kale Nagusian bizitako oihu, irain etabar areagotuek atzera pauso nabarmena eragin zuten Jaizkibelek duen normaltasunez desfilatzeko eskubidean. Hori gutxi ez eta udal gobernuak eginiko ordutegi aldaketarako “proposamena” emakume langileon eskubideei irain larria dela uste dugu, subjektu gatazkatsua oker identifikatzen duelako eta saihestezina den parekidetasunerako bidea oztopatzen duelako.
Aurtengoarekin, 26 urte beteko dira Hondarribiko emakume talde batek parekidetasunez Alardean parte hartzeko grina adierazi zuena, ordutik eta gaur arte lanean jardun zareten guztiei esker eta zorion beroenak helarazi nahi dizkizuegu LABetik.
Honegatik guztiagatik, irailaren 8an Hondarribiko kaleetan elkar ikusteko gonbita luzatzen dizuegu guztiei, elkarrekin txalotu, desfilatu eta gozatu dezagun.
Gora borroka feminista! Gora Jaizkibel!
10 egun barru, irailaren 16an Madrilen hasiko den 11/13 makroepaiketa. 47 herritar daude auziperatuta eta 601 urtetako kartzela eskariei egin behar diete aurre. Honen aurrean, mobilizazioak egin dituzte gehiengo sindikaleko sindikatuek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. “Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna” lemapean egin dira dira mobilizazioak.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostiakoan hartu du parte, eta Iruñean izan da Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa. Aranburuk komunikabideen aurrean adierazi du “makroepaiketa berri baten atarian gaudela eta lehenik eta behin, gure elkartasun, babes eta maitasun osoa adierazi nahi diegu auziperatue guztiei eta euren ingurukoei.
Gaineratu du epaiketa hau ez datorrela bizi ditugun garaietatik bat. Pertsona hauek preso politikoen kolektiboari arreta emateagatik epaitu dituzte. Hori ezin dela delitu izan gaineratu du, “epaiketaren motibazioa politikoa dela ulertzen dugu, ez juridikoa”.

Bere iritziz, “herri honek ibili nahi duen bidearen kontrako norabidean doan epaiketa da”, LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Gehiengo politiko, sozial eta sindikal batek adostasun zabalik sortu ditugu bestelako kartzela-politika eskatzeko, preso zein iheslarien etxeratzea konponbidean ipintzea eskatzeko.
Jarraian, adierazi du herri honetan gehiengoa garela “bake eta bizikidetza demokratikoko egoera baten eraikitzearen alde gure ekarpena egiten ari garenak”, eta gehitu du “testuinguru honetan, epaiketa hau zentzugabekeria da, anakronismoa, eta geratu egin beharko litzatekeen prozesu judiziala”.

Langileak makroepaiketaren aurrean deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez amaitu du, bereziki irailaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joatea eskatuz.
Athletic Club Museoa kudeatzen duen Azafatas Ercilla enpresa greba eskubidea urratzeagatik zigortua izan da.
Lan Ikuskaritzaren Txostena luzaro itxaron behar izan dugu, baina 2018ko martxoaren 8an greba feminista gauzatzen zen bitartean suertatutako langileen ordezkatze ilegala frogatuta dago dagoeneko. Garaipena gurea da, beraz ezinbestekoa da horrelako egoerak salatzen jarraitzea.
Athletic Club moduko instituzioek horrelako larritasuna duten jarrera enpresarialak babestea eta bultzatzea onartezina da. Ez da soilik zerbitzu guztien azpikontratazioa eman denik (Museoa, garbiketa, zelaiaren mantenu lanak, jatetxea, VIP eraztuna, Txapelgorriak…), horrek dakarren prekarizazioa prozesuarekin, oraingo onetan langile klasearen oinarrizko eskubideak ere bermatzean datza. Athletic bezalako erakunde batek garrantzia gehiago eman beharko lieke oinarrizko eskubideei.
Sestaoko Carrefour-eko enpresa-batzordeak mobilizazioa egin du, abuztuaren 24an lankide batek izan zuen eraso sexista salatzeko. Bertan, elkartasuna adierazi diote erasoa jasan zuen langileari.
Hauxe da Sestaoko Carrefour-eko enpresa batzordearen oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:
Pasa den abuztuaren 24an, merkatal-zentroko lankide bati eraso egin zioten modu basatian.
Ez da kasualitatea, eta ezta ere inguru honetan emakume batek indarkeria sexista jasaten duen lehen aldia.
Emakumeok okerren ordaindutako enplegu prekarioetara kondenatuta gaudenez, geu gara garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak gure lanpostura joan eta bertatik gure etxeetara itzultzeko.
Gure kasuan, autobusa edo metroa erabili ahal izateko, behartuta gure segurtasunerako puntu beltza den bide batetik joaten, batez ere gaueko 22:30ean amaitzen diren edo goizeko 05:00etan hasten diren txandak egiten ditugunean.
Gaur eta hemen, erasoa jasan duen gure lankideari gure elkartasun guztia erakutsi nahi diogu.
Gaur eta hemen exijitzen dugu Ibar Zaharra poligono honetatko langileon segurtasuna berma dadila. Horretarako, instituzio eta erakundeek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.
Lanera seguru iritsi eta etxera bizirik bueltatzeko eskubidea dugu.