2026-05-02
Blog Page 601

Langileriari dei egiten diogu larunbateko pentsiodunen mobilizazioetan parte hartzera, urtarrileko Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen eta, hasieratik, LABek bat egin du mobilizazioekin eta aldarrikapenekin. Argi eta garbi dugu, pentsioen kontrako etengabeko erasoaldiaren atzean, kapital finantzieroa dagoela, eta gure pentsioen kontura negozio berri bat egin nahi duela. Gainera, erasoaldia ez da soilik pentsioetan ematen, gure bizitzaren esparru guztietan kokatzen da, hala nola, enpleguan, eskubide sozialetan, zaintzan, edo eta sektore publikoan.

Pentsiodunek irekitako bide horretan, LAB sindikatuak dagokion lekua hartu eta mobilizazioetan presente egongo da, bide hori babestu duten gainerako eragileekin batera. Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jarri eta lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikan parte hartuko dugu. Hala, azaroak 16ko mobilizazioan ez ezik, abenduan aurrekontuen eztabaida tarteko egingo direnetan ere izango gara, urtarrilerako deitutako Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan.

Bestelako eredu bat eraiki nahi dugulako, zeinak bizitza erdigunean jarriko duen eta zaintza eta lurraren jasangarritasunari lehentasuna emanen dion, eta erabaki nahi dugulako, lan, pentsio eta bizi duina aldarrikatuko dugu ozen. Pentsio sistema publiko eta propioa orain! 1.080 euroko gutxieneko soldata orain!

 

 

 

Berretsi nahi dugu Aldundia dela Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazkaren arduradun nagusia

LABek eutsiko dio Gipuzkoako Hitzarmen Kolektibo sektorialaren defentsan ekin duen dinamikari, eta azaroaren 28ko greba egunean mobilizazioarekin amaituko den dinamika sindikalari eutsiko dio.

2019ko azaroaren 8an, Gipuzkoako Hirugarren adineko Egoitza-Zentroen hitzarmena negoziatzen ari diren mahaikideak bildu ziren. Bilera hartan, UGT sindikatuak, haren ordezkaritza %10ekoa baino apalagoa izanik ere, aurkeztu zuen proposamen ekonomikoa onartu zuten patronalek, bi aldeen artean akordioa lotuz. Akordio hau partziala da, eznahikoa, eraginkortasun mugatua du, eta Gipuzkoako Hirugarren adineko Egoitza-Zentroetan diharduten langileak zigortzen ditu sektorean eraginkortasun orokorreko hitzarmen kolektiboa ez izatera, zeinak zerbitzua gauzatzen dela egokiro arautuko eta ordainduko duen. Akordio partzial hau UGTk egin duen jukutria edo azpijoko ez-demokratiko baten emaitza da; hori eginez ez da errespetatzen ordezkaritza, sektorean diharduten langile gehienek sostengatzen ez dutelako; zentroetako kudeatzaileen arduragabekeria berria dugu hau: patronalarena alegia, eta mendekotasunen bat dutenei eskaintzen zaien zerbitzuaren titularrak direnena, Aldundia berarena hain zuzen.

Akordio honek Gipuzkoako Hitzarmen Kolektibo Sektoriala negoziatu ahal izatea eta bururatzea baldintzatzen du, non zerbitzu hau osoki gauzatzen dela onartzen eta ordaintzen den. Akordio honek lan egiten dutenen eta zerbitzu sozial hau jasotzen dutenen arteko gatazka gaiztotu eta suspertzen du, alegia, alde batetik, langile gehienen eta erabiltzaileen eta bestetik, zerbitzuaren titularrak eta kudeatzaileak direnen (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Patronalak) arteko gatazka.

Gipuzkoako Foru Aldundia bera da gatazka eta babesgabetasun egoera honen arduradun nagusia, zeinak kudeaketa pribatuko eredu baten alde egiten duen, non lan baldintzei, zerbitzuaren kalitateari… edozer diotela ere, jaramonik egiten ez dien. Era berean, patronalek eta zerbitzuaren ikuspegi merkantilista batez, Aldundiaren bermearekin, nahieran egin eta desegiten dute, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak baino, haien mozkin tasa lehenesten dute.

LABek berriro zalantzan jartzen du jendaurrean ELA sindikatu nagusiaren estrategia, hark prozesu honen lidergoa bere gain hartu eta, bitariko estrategia adostuz, langile gehienen egiazko atxikipena lortu baino, tamalez, negoziazio mahaiaren kolapsoa eragin du: hartan esku hartu ez duelako, eta gainerako langileen bizkar negoziatu duelako, akordioak gezurtatu baditu ere, eta Aldundiaren estrategia egokitu du, bere ardurak bertan behera utziz, Aldundia titular nagusia eta zerbitzuaren eta sortu egoeraren arduraduna bada ere.
 

 

 

Aniser-Euroestampaciones enpresan kaleratze arbitrarioak egiten ari direla salatu dugu

0

Beste eraso honen aurrean, atzo Orkoiengo enpresaren aurrean kontzentratu ziren langileak, enpresari argi eta garbi adierazteko aurrez aurre duen plantillak borrokaren bitartez lortu dituela dagozkion eskubideak eta plantilla horrek ez diola utziko langile bat ere kaleratzen.

Aniser-Euroestampaciones enpresako langileek lantokiaren kanpoaldean elkarretaratzea egin zuten atzo, asteartearekin, salatzeko pairatu behar izan dituzten azken bi kaleratzeak.

Langileek urtebetean erakutsitako kostantzia eta indarrarekin, hitzarmen duin baten aldeko borrokaren ondorioz Nafarroako industria siderometalurgikoko hitzarmena aplikatzea lortu zuten, horrekin zuzenean beraien lan baldintzak hobetuz. Eta orain enpresak horrela erantzun du, kaleratzeekin. Aniser-Eurostampaciones-ek, beste behin ere, bere autoritarismoa erakutsiz eta gezurrak medio, arbitrarioki bi langile kaleratu baititu.

 

 

 

Ortziralera atzeratu dugu Villatuertako New Collagena enpresan egitekoa den greba mugagabea

LAB sindikatuak bertan behera utzi du gaurko Villatuertako New Collagena enpresan deitua zuen greba mugagabea, iragan astelehenean hasi baitziren lan baldintzak hobetuko dituen Enpresa Akordio bat erdiesteko negoziazioak. Negoziazio horietan aurrerapausoak eman dira kontziliazio familiarraren inguruko zenbait alderditan; baina diru kontuei dagokienez, bi aldeetako jarrerak hagitz aldenduak daude oraindik.

LABek pixka batean gibelatu du greba, baina eusten dio hala ere. Beraz, azaroaren 15eko 14:00etan hiru eguneko greba hasiko da, azaroaren 18ko 14:00etatik aurrera greba mugagabe bilakatuko dena. Hori baino lehenago akordiorik lortzen ez bada, noski.

LABek adierazi nahi du ez diola langileen eskaera justuen aldeko babesa emateari utziko eta azken unera arte negoziatzen jarraituko duela akordio on bat erdieste aldera. Eta hala ez balitz, ortziralean han egonen gara: kalean, aurpegia ematen.

 

 

 

Lantokietan ere autodefentsa feminista. Ez gara isilduko: Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu


Hilero, astero, egunero amorru berdina. Egunero, astero, hilabetero itotzen gaituen ezinegon berdina. Lankidea, laguna, auzokidea, istorio berdinak, egoera berdinak, behin eta berriz errepikatzen den emakumeenganako* indarkeria eta jazarpena, espazio eta modu anitzetan. Begirada morboso eta mingarriak, botere harreman ikusezinak, soldata arrakala, baimen gabeko ukituak, korresponsabilitate eta kontziliazio neurri faltsuak, emakumeen* inguruko txisteak, paternalismoa, bortxaketak, prekarietatea, lan baldintza penagarriak, inposatutako zaintza lan karga bikoitzak eta hirukoitzak, gure lana gutxiestea,….

Hilero, astero, egunero amorru berdina. Egunero, astero, hilabetero itotzen gaituen ezinegon berdina. Lankidea, laguna, auzokidea, istorio berdinak, egoera berdinak, behin eta berriz errepikatzen den emakumeenganako* indarkeria eta jazarpena, espazio eta modu anitzetan. Begirada morboso eta mingarriak, botere harreman ikusezinak, soldata arrakala, baimen gabeko ukituak, korresponsabilitate eta kontziliazio neurri faltsuak, emakumeen* inguruko txisteak, paternalismoa, bortxaketak, prekarietatea, lan baldintza penagarriak, inposatutako zaintza lan karga bikoitzak eta hirukoitzak, gure lana gutxiestea,….

Egoera hauek gutxitan salatzen dira, gehienetan botere harremanek eragin zuzena daukate salaketa kopuru murritz horretan. Emakume* langileok salatzeko beldur gara, gure lanpostua galdu dezakegulako, zalantzan jarriko dutelako bizitako jazarpena. Lantokietan babes falta igartzen dugu, jazarpenari aurre egiteko ez dago ez mediorik ez borondaterik.

Lan zentro askok ez dute sexu jazarpenen aurkako protokolorik, eta dituztenak ez dira errealak, ez aplikagarriak. Urteak aurrera joan ahala argiago eta garbiago ikusten dugu protokoloek ez dutela bermerik, areago, langileen artean ez dira protokoloak ezagutzera ematen.

Gizarte heteropatriarkal honi lantokietan aurre egiteko tresna bat izan behar lukeena paper huts bilakatzen da, patronalaren interes ekonomiko eta aurpegi zuritzearen mesedetan. Lantokietan, kalean bezala, gertatzen zaiguna salatzen dugun bakoitzean gure hitza, gure ezinegona, gure errelatoa, guri gertatutakoa zalantzan jartzen da, eta erasotuak gu izanik ere, geure buruak justifikatzen bukatu behar izaten dugu. Horrek, lagundu beharrean, zaildu egiten digu erabat indarkeriarekin bukatzeko egin dezakegun edozein ahalegin.

Jazarpena zer den eta gugan nola eragiten duen jabetu gara emakumeok*, jazarpen sexuala identifikatzen ikasi dugu, irmoki eta zorrotz ekin behar diogu egunero lantokietan beste emakumeekin* babes sareak sortuz. Lantokietan autodefentsa feminista gure eredu eta jarraibide izan behar du. Emakumeak* saretuko gara, bazterretatik erdigunera, erresistentzia harresiak eraikiz, gure artean indartuz eta zainduz. Gure lantokietan borrokatzeko asko dugu, aldarrikatzeko asko dugu, batez ere asko dugu irabazteko.

Gizonok: lagun, afiliatu, lankide, delegatu gizonok, ez izan konplize. Zuen jarreren eta jokabideen arduradun zarete. Ez gehiago begiratu beste aldera, aurre egin bustitzen eta zeharkatzen zaituzten matxismo eta jarrera sexistei.

Emakumeok sistema heteropatriarkala kapitalista aspaldi jarri dugu auzitan, askotan ausardiaz hortzak erakutsi dizkiogu, altxatu egin gara, heteropatriarkatuaren arauekin konfrontatu dugu, eredu disidenteak erdigunean dantzan jarri ditugu, eta zuek? Noiz arte izango zarete konplize? Zuen konplizitatearekin apurtu, zuen maskulinitatea deseraiki. Lantokiak emakumeentzako* jazarpenik gabeko espazio askeak izan arte emakumeok* ez dugu etsiko. Gizonok borroka honetan non kokatuko zarete?

Emakumeok* argi daukagu, lantokietan autodefentsa feministara joko dugu eta ekintza sindikalarekin erasoei erantzungo diegu. Kontatzen ez dena ez da existitzen, horregatik guk gogor eta ozen oihukatuko dugu lantokietako pareta guztiak astinduz. Jazarpen eta erasoen aurrean ez gara isilduko, haserre gaude, eta amorru hori antolatuko dugu, saretuko dugu, eta erantzule guztiak seinalatuko ditugu. Enpresei gogorarazi nahi diegu ere, haien arduragabetasuna eta demagogia alde batera uzteko eta behingoz protokolo errealak enpresetan martxan jartzeko garaia dela.
 

 

 

Zerbitzu publikoetako bitartekotasun-tasa altuei amaiera emango dieten kontsolidazio prozesuak egiteko tresna propioak eta negoziaziorako borondatea beharrezkoak dira

EAEko Funtzio Publikoaren Kontseilua bildu da gaur Lakuan, Kidego eta Eskalen lege proiektua eztabaidatzeko. LABek elkarretaratzea egin du, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, bilera egin bitartean.

Enpleguari dagokionez Euskal administrazioetan bizi dugun salbuespen egoera etengabe salatzen egon gara azken urteetan. Guk oso argi izan dugu daukagun behin-behinekotasunari aurre egiteko kontsolidazio prozesuak egin behar direla, baina ez Madriletik planteatzen diren irizpideen arabera. Hori dela eta, kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat aldarrikatu izan dugu azken urte hauetan. Orain arte Gobernuak muzin egin dio aldarrikapen horri, baita bide horretan Legebiltzarrean planteatu diren ekimenei ere.

Funtzio Publikoaren Kontseiluan gaur onartutako ebazpenaren arabera, behingoz kontsolidazio prozesuak egiteko tresna propioak ahalbideratu daitezke. Argi utzi nahi dugu, hala ere, horretarako erabiliko diren bi xedapen gehigarriak ez direla guretzat eredu egokiena, bere garaian berauek aldatzeko hainbat alegazio egin genituelarik. Behin-behinekotasunaren inguruan dagoen salbuespen egoera dela eta, xedapen hauen tramitazioa ez oztopatzea eta abstentziora jotzea erabaki dugu, boto partikular bat eginez.

Behin-behinekotasunarekin daukagun arazoa ez dira bi xedapen gehigarri hauekin konponduko, ordea. Euskal administrazio handietan Langile Zerrendetan existitzen ez diren lanpostuetan milaka langile daude egoera ez egonkorrean. Lanpostuen Zerrenden eguneratzeari ekin behar zaio urgentziaz, bestela kontsolidazio prozesuak ez dira eraginkorrak izango.

LABk lehentasunez ekingo dio aldarrikapen honi negoziazio eremu guztietan. Gobernuak orain arteko inposaketa eredua alde batera utzi eta negoziaziorako borondatea azaldu dezan exijitzen diogu. Ez dugu inolaz ere onartuko gobernuak kontsolidazio prozesu hauek bere aurpegia zuritzeko erabiltzea. Bada garaia milaka langileen egoerari behingoz irtenbide duina ematea. Horretan lanean gaude eta mobilizatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Atsedena eskubide bat dela aldarrikatu dugu berriro, Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean

0

Bilbao Kirolak-ek ez du garbitzaileen atsedena errespetatzen, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dugu erakunde horren egoitzaren aurrean, LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok deituta. Bigarrenez mobilizatu gara astebetean, joan den asteartean ere egin baigenuen elkarretaratzea.

 

 

 

Boliviako estatu kolpearen aurka mobilizatuko gara ostiralean

0

Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek, LABek barne, manifestu bat sinatu dugu Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatzeko eta ostiralerako mobilizazioak deitzeko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Hauxe da manifestua:

Testu hau sinatzen dugun erakundeok lehenik eta behin Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatu nahi dugu. Urriaren 27an Evo Moralesek hauteskundeak irabazi zituela adierazi ondoren Boliviako piztutako biolentziak muturreko egoera batera eraman du Bolivia, eta azken egunotan lehenengo egunetan protesta zena Evo Moralesen eta Boliviako herriaren demokraziaren kontrako estatu kolpe bihurtu da.

Hauteskundeak pasata emandako gertakarien ondoren, eta egoerari irtenbide bat eman nahiean Evo Moralesek hauteskundeak berriro deitu zituen, baino hala eta guztiz ere kolpeak aurrera jarraitu zuen, plana estatu kolpea ematea zela agerian utziz.

Evo Moralesek eta bere gobernuak Boliviako herriaren egoera oraindik eta odoltsuagoa ez bihurtzeko hartutako erabakia txalotzen dugu, Boliviako herritarren ongizatea eta demokraziaren bizirautea bere karguaren gainetik jarri baititu.

Une honetan Evoren eta bere gobernuko kideen kontra, nahiz MAS alderdiko militanteak eta indigenen aurkako errepresio basatia ematen ari da. Jazarpen hau gelditzea eta herritarren eskubideak errespetatuak izatea behar beharrezkoa da. Evoren bizia arriskuan dago!

Garbi dugu gertakari hauek Bolivian 2006tik martxan zegoen eraldaketa prozesu baten kontrako estatu kolpea direla. 2006-an boterea galdu zuten elite ekonomikoek prozesu honekin eta prozesu honek Boliviako herriari ekarri dizkion hobekuntza sozialekin bukatu nahi dute kosta ala kosta, eta, ikusten ari garen bezala, horretarako eskura duten guztia erabiltzeko prest daude.

Boliviako herriaren zein beste herrietako demokrazien kontra piztutako biolentzia salatzen dugu. Cuba eta Venezuelako enbaxadak indarrez hartu nahi izanak estatu kolpe honen izaera argi eta garbi erakusten du. Demokraziaren kontrako eraso hau ematen ari den bitartean nazioarteko komunitateak ez du hitzik ere egin.

Boliviaren burujabetza, eta bere gobernuak nahiz instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea exijitzen dugu.

Dokumentu hau sinatzen dugun eragileok, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko gure konpromisoa erakusten dugu. Horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Hauek dira mobilizazioak:

Azaroak 15

-Bilbon, 19:30ean, Arriagan

-Donostian, 19:30ean, Bulebarrean

-Gasteizen, 19:30ean, Andra Mari Zurian

-Iruñean, 20:30ean, udaletxe plazan
 

 

 

Langileen babesarekin sinatu dugu Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena

0

LAB sindikatuak (% 54,55) hitza eman die Gipuzkoako Grafikagintzako langileei, lortutako aurreakordioa onartzen zuten edo mobilizazioekin jarraitzen genuen erabakitzeko. Bada, aurreakordioak langileen babesa ia erabatekoa jaso du. Gauzak horrela, LABek datozen hiru urteetarako Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena gaur, azaroak 11, sinatzea erabaki du. UGT sindikatuak ere (%4,55) sinatu du.

Hitzarmen hau sinatuta, sektoreko langileok aurrerapauso handia eman dugu gure lan- baldintzak hobetzeko bidean. Soldata-igoerak KPIaren gainetik, bi kategoria baxuenak kentzea 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarriz, Estatuko hitzarmenaren gainetik aplikatzeko lehentasuna, lizentzia berriak, eskubide sozialak… Hori guztia, gure inguruko, Bizkaia eta Nafarroa, Grafikagintza sektoreko hitzarmenak 2011tik eta 2012tik berritu gabe dauden testuinguru batean. Argi gelditu da, beraz, borrokatzeak merezi duela. Gaur egun zoriontsua da.

LABek, sektorean gehiengoa izateak duen erantzukizunetik, hasieratik hitzarmen duina lortzea izan dugu xede. Horretarako, ezinbestekoa izan da borrokatzea eta grebak egitea. Hori dela eta, LABek 8 greba egun bultzatu ditu, gure militantziak dena eman du eta ez dugu borrokarik gelditu eduki duinak mahairen gainean eduki arte. LABen helburua eduki duinak lortzea da; eta estrategia berdina darabilgu sektore guztietan. ELAk kritika egin zigun arren, langile grebalariei galdetu diegu. Erantzuna argia izan da. Onartu dute.

Grafikagintzaren kasuan, ELA sindikatuak sinatu dituen enpresa-hitzarmenak ez ditu jasotzen bere ustez sektorean sinatzeko beharrezkoak diren edukietako bat bera ere. Ez dago KPI +2,75era hurbiltzen den soldata-igoerarik, ez dago errelebo-kontraturik, ez dago 1,47ko gutxieneko kategoriarik… Ez dute ezta lan-erreformaren aurrean hitzarmena aplikatzeko inolako klausularik edo aurreraeragina mugagabearen klausularik, sektorekoak duen bezala. Hau da, diskurtso hutsala da, sektorean sindikatu honek duen praktikara lerratzen ez dena. Hipokrisia handiko ariketa besterik ez da.

Ozen eta argi esango dugu, umiltasunez baina harrotasunez. Hitzarmen hau posible izan da, batez ere, LABen lidertzarekin 8 eguneko greba egin duten langileei esker. Gure esker ona langile borrokalariei, LAB kideei eta hitzarmen duinen defentsan jarraitzeko konpromisoan berresten gara.