2026-05-13
Blog Page 6

Nafarroako arte grafikoen sektoreko lehen lanuzteak jarraipen zabala izan du

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek oso positibotzat jo dute Nafarroako grafikagintzako lan-hitzarmena berreskuratzeko lehen lanuzte deialdiaren jarraipena.

Joan den apirilaren 23an, Nafarroako Grafikagintzako Hitzarmena berreskuratzeko aldarrikapenarekin, AEGRAN patronalaren erabakiaren ondorioz 2014. urtetik indargabetuta dagoena, lehen lanuzte deialdia egin zen, eta hurrengo hilabeteetan gehiago egingo dira.

Martxoaren 23ko prentsaurrekoan adierazi zuten bezala, sindikatuek azpimarratu dute lanuzteak deitzea “alternatiba bakarra” izan dela patronalari hainbat interpelazio egin ondoren, baita sektoreko langileen 400 sinadura baino gehiago aurkeztu ondoren ere, sektore horretan 2.000 langile inguru egonda.

Apirilaren 23ko jardunaldiak, antolakunde deitzaileen arabera, jarraipen zabala izan zuen, bai enpresa kopuruari dagokionez, baita langile kopuruari dagokionez ere.

“Hau da aipatutako hitzarmena berreskuratzeko bidea”, adierazi dute sindikatuek, eta sektoreko langileei hurrengo deialdiekin bat egiteko deia egin diete: maiatzaren 21ean, 5:00etatik 6:00etara eta 13:00etatik 15:00etara, eta ekainaren 11rako aurreikusitako greba egunean.

Era berean, patronalak bere jarrerari eusten badio, “deialdi eta gatazka gehiagorekin topo egingo” duela ohartarazi dute, eta argi utzi dute alde sozialak “borrokan jarraituko duela hitzarmena berreskuratu eta sektoreko bizi eta lan baldintzak duindu arte”.

LABek adierazten du gaur-gaurkoz ezinbestekoak izaten jarraitzen dutela maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko grebek, Udalhitzeko eta udaletako negoziazioetan eragiteko

Ostiralean EUDELek Udalhitzeko mahaian berrikuntza txiki batzuk aurkeztu bazituen ere, oraindik ez dira guztiz nahikoak.

Ostiralean, apirilaren 24an, berriro bildu zen Udalhitz Akordioa berritzeko mahai negoziatzailea. EUDELekin izandako bileran, negoziazio mahaiaren blokeo egoeragatik duen kezka adierazi zuen LABek. Era berean, borroka dinamika batean dagoela adierazi zuen, eta aurrerapenik egon ezean mobilizazioak indartuko dituela.

Ostiraleko mahaian berrikuntza txiki bat egon zen: lanpostuen balorazioak egiteko eta erosahalmena berreskuratzen hasteko aurrekontuei lotutako funts baten proposamena. Hala ere, funts horren zenbatekoa zein izango den eta langileok erosahalmenaren galeran zenbateko portzentajea berreskuratzeko prest dauden ez dute adierazi. Alderdi politikoek titularrak ematen dituzte, baina ez dute zehaztasunetan sartu nahi, eta ez dituzte formula juridiko eta ekonomikoak aztertu. Beste behin ere, edukiak ez dira nahikoak izan, eta gainera, ez dituzte idatziz jaso.

Udaletako zerbitzuen kudeaketa ere izan zen hizpide. Gai honi dagokionez, euskararen atalean bezala, bi proposamen ezberdin daude: bata EAJ-PSErena eta bestea EH Bildurena.

EH Bilduk, pribatizazioei lotutako azterketaz gain, besteek ez bezala, publifikazioak egitea proposatzen du, eta bide horretan, klausula sozialen bitartez, azpikontratatutako langileak administrazio publikoko langileen soldatekin parekatzea eta lan-baldintzak homologatzen joatea planteatzen du. LABek adierazi du bigarren proposamen honekin bat egiten duela, eta ezinbestean idatziz jaso behar dela langileak subrogatuak izango direla.

Bestalde, negoziazio mahaian hitz egin diren neurriak aplikatzeko sei urteko egutegi bat proposatu zuten. LABek kontraproposamen bat bidali zuen, aldarrikapen guztiak jasotzen dituzten neurrien edukiei buruzko zehaztapenak gehituz eta indarraldia nabarmen laburtuz.

Udalhitzeko mahaiaren hurrengo bileran, maiatzaren 7an, batetik gaur landutako gaiak zein aurretik landutakoak idatziz aurkeztu beharko dituzte; eta bestetik, behin-behinekotasuna murrizteko neurriak, lanaldia, hautaketa-probak, lanpostuen hornidura eta gazteberritze plana jorratuko dira.

Idatziz aurkezten duten horretan ikusiko du LABek adostasunetarako eta langileen aldarrikapenei erantzuteko nolako borondate politikoa duten, eta elementu gehiago izango ditu balorazio sakonagoa egiteko.

LABen ustez, mobilizazioek eta lanuzteek egindako presioaren ondorioz eragiten ari da sindikatua. Hortaz, hilaren 23an lanuztearekin bat egin zuten eta udaletxeen aurrean egindako 75 elkarretaratzeetan parte hartu zuten pertsonen konpromisoa balioan jarri nahi du.

Nolanahi ere, LABek adierazten du gaur-gaurkoz alderdi politikoek edukiak zehaztu gabe jarraitzen dutela, eta mahaian jarritakoak ez direla nahikoak; hortaz, ezinbestekoa izango da hurrengo urrats gisa maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako deituta dauden bi grebak lantzea.

LABek Iruñeko Udalari eskatu dio pertsona migratzaile guztien erroldatzea bermatzeko eta etxegabetasunaren aurkako baliabideak indartzeko

LAB sindikatuak Iruñean bizi diren pertsona migratzaile asko jasaten ari diren eskubide urraketa salatu du. Izan ere, legez aitortutako eskubidea eta administrazio publikoen betebeharra izanik ere, erroldatzeko bidea zailtzen edo eragozten ari zaie. Era berean, jendarte erantzunkidetasunerako deia egiten du, tokiko eta udalaz gaindiko gainerako erakundeei laguntza ematera bultzatuz.

Udal errolda ez da tramite administratibo txikia: osasuna, hezkuntza edo zerbitzu sozialak bezalako oinarrizko eskubideak eskuratzeko atea da. Hori dela eta, LABek Udalari eskatzen dio indarrean dagoen legedia bete dezala eta hirian bizi diren pertsona guztien erroldatzea berma dezala, haien egoera administratiboa edo bizileku-egoera edozein dela ere.

Era berean, sindikatuak ohartarazi du hirian etxegabe gehiago daudela, eta salatu du ez dagoela nahikoa baliabide ekonomiko eta giza baliabide horiek zaintzeko. LABek inbertsio publikoa nabarmen handitzea eskatzen du, bai eta plantillak indartzea ere, egoitza-bazterketan eta muturreko pobrezian dauden pertsonei arreta duina, jarraitua eta eraginkorra bermatzeko.

LABek azpimarratu du etxegabetasuna ez dela fenomeno bakan eta koiunturala, baizik eta sistema kapitalista baten ondorio zuzena, zeinak desberdintasun estrukturalak sortzen dituen eta biztanleriaren sektore gero eta zabalagoak kanporatzen dituen etxebizitza bezalako oinarrizko eskubideak eskuratzetik.

LABek erantzunkidetasun sozialerako deia egiten du, herriko eta udalez gaindiko gainontzeko erakundeei laguntza emateko eskatuz. Errealitate horren aurrean, sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du erakunde ezberdinen arteko erantzun integral eta koordinatua. Erroldan sartzea, funtsezkoa izanik, ezin da ulertu behin betiko irtenbide gisa. Anbizio handiko politika publikoak garatu behar dira, arazoari ikuspegi estruktural batetik helduko diotenak, hezkuntza, prestakuntza, osasuna eta, bereziki, etxebizitza duina eskuratzeko aukera bezalako esparruetan jardunez.

Hori dela eta, LABek ez dio soilik Udalari eskatzen, baizik eta erakunde publiko guztiei ere, beren erantzukizuna onartzeko eta pertsona guztientzako eskubide eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak martxan jartzeko.

PAPRESAko enpresa batzordeak jakin du enpresaren hartzekodunen konkurtso-prozesuaren baitan erosketa-proposamen lotesle bat aurkeztu dela

Batzordea erabat kontziente da egoeraz, eta jardueraren jarraipena bermatuko duen eta lanpostuak babestuko dituen irtenbide bat aurkitzeko beharraz.

Testuinguru honetan, enpresa batzordea harremanetan egon da prozesuan parte hartzen duten hainbat eragilerekin; horien artean, CLrekin eta euskal enpresa-sozietate batekin, zeinek erosketa-proposamen bat aurkezteko borondatea helarazi duen. Horrek agerian uzten du PAPRESAri jarraipena emateko aukera desberdinak daudela.

Batzordeak positibotzat jotzen du industria-alternatibak aztertzen ari izatea; hala ere, gaur-gaurkoz, ez dago inolako akordiorik ordezkaritza sozialarekin, proposamen horiei lotutako lan-baldintzei, soldatei eta enpleguari dagokienez.

Horregatik, enpresa batzordeak prestasuna adierazten du inplikatutako alde guztiekin elkarrizketan jarraitzeko, tartean Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, prozesu honetan zeregin aktibo eta arduratsua har dezaten, industria-proiektuaren jarraipena eta enpleguaren babesa bermatuko dituen irtenbide bat errazteko.

Enpresa batzordeak PAPRESAren eta bertako langile guztien interesak zaintzen jarraituko du, enpleguaren eta enpresaren etorkizun industrialaren alde, erantzukizunez eta irmotasunez jardunez. 

LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute “Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde!” lelopean, maiatzaren 9an

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatuaren aurrean, LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzea exijitzeko

Sindikatuek aldarrikatu dute euskarak erabateko ofizialtasuna behar duela eta enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar direla, euskararik ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz

Euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan da. Eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuk euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua eragiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da. LAB, ELA eta Steilasen eskaera oso sinplea da: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela.

LABek, ELAk eta Steilasek euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen dute. Beste eragile batzuk, aldiz, administrazioaren euskalduntzea zapuzteko azpijokoan ari dira, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzeko asmoz. Hori guztia salatu duten euskalgintza eta euskaltzaleak kriminalizatzen saiatzen ari dira. Kriminalizazio horrek helburu politiko argia du: PSE-EE alderdiarentzat onargarria den lege-proposamenak adostea. LABek, ELAk eta Steilasek eragile sindikal eta politiko guztien zilegitasuna defendatzen dute beraien iritziak emateko. Hori esanik, sindikatuei onartezina iruditzen zaie gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea beste helbururik ez duten eragileei beto eskubidea onartzea, edota euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntza ontzat ematea.

Eusko Legebiltzarrean EAEko egitura politikoa eztabaidatzeko eta Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuak irekita daude. Momentu garrantzitsua da, herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten lege bermeak eztabaidatu litezke edo gizartean zein administrazio publikoetan azken urte luzeetan egindako ibilbidean atzerapauso nabarmenak ekarriko dituen erabakiak hartu. Sindikatuen iritziz, orain da kaleak hartzeko unea, euskaltzaleon hizkuntz eskubideen bermea jokoan baitago.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak, oro har, zapalduak daude eta bizitzako funtzio guztietan euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatu beharra dago. Aurrekoa esanik, zerbitzu publikoetan ez badago euskarazko zerbitzua bermatzerik eta ez badago euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzerik, ezinezkoa izango da beste edozein esparrutan euskalduntzean urrats esanguratsuak egitea. Horregatik, LAB, ELA eta Steilasentzat ezinbestekoa da Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidan bi hizkuntzen exijentzia parekatzen dituen lege-proposamena abiapuntu gisa hartzea. Bi sindikatuek EAJri dei egiten diete parekatze horrekin egiten duten proposamenarekin bat egiteko, euskara legez babestuko ez duen beste proposamenetik aldenduz.

Eragile euskaltzaleen bazterketaren adierazle da, era berean, Eusko Jaurlaritzak LAB eta ELA Euskararen Aholku Batzordeko Eremu Sozioekonomikoko taldetik bota izana, sindikatu bi hauek izan direnean lan-munduaren euskalduntzea lortzeko neurri ausartak eta baliabideak exijitu dituztenak.

Oldarraldi antolatuak erantzun antolatua behar duelako, LABek, ELAk eta Steilasek euskal langile eta euskaltzale guztiak mobilizaziora deitzen dituzte helburu hauekin:

  • Lan mundua euskalduntzeko neurri eta arauak onartzea:
    • Enplegu Publikorako Legearen aldaketak ezinbestean hiru oinarri izan ditzan:
      • Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
      • Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
      • Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.
    • Lantoki pribatuetan euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko plangintzak negoziatzea eta bultzatzea, baliabide nahikoa jarriz euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu arte.
  • EAEn euskarak eta gaztelaniak ofizialtasun maila bera izan dezaten aldarrikatzea edozein estatus juridikoren eztabaidaren abiapuntu gisa.
  • Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzen dituzten eragile guztiak babestea eta Eusko Jaurlaritzak LAB eta ELA baztertzeko hartu duen erabakia salatzea.

Euskaldunon aurkako zapalkuntza eta bazterketa saiakeren aurrean, plazak betetzeko eta antolatzeko deia egiten dute LABek, ELAk eta Steilasek. Maiatzaren 9an langile gisa eta euskaltzale gisa Bilbora joateko deia egin dute, lehen urratsa gisa; ondoren, ekainaren 13an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Iruñea euskaltzalez betetzeko deia egin dute sindikatuek.

LABek Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko hezitzaileen baliabideen esleipen irizpideen negoziazio eza salatu du

LAB sindikatuak hainbatetan salatu du Hezkuntza Sailaren Aniztasun eta Inklusio Departamentuak Heziketa Bereziko baliabideen inguruko negoziazioan erakutsitako borondate falta eta aldebakartasuna. Horregatik, Heziketa Bereziko hezkuntza laguntzako espezialistek egoera hau publikoki salatu dute Eibarren.

2024ko abenduan LABek, Heziketa Bereziko II. Lan Hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horretan argi jasota dago hainbat gai alde sozialarekin negoziatu behar direla; tartean baliabideak esleitzeko irizpideak. 

Eskola publikoak hain beharrezkoak dituen Fisioterapeutak, Gizarte-langileak, Transkriptorea-Materialaren egokitzaileak, Hezkuntza laguntzeko espezialistak, Zeinu hizkuntzako interpreteak eta Okupazio terapeutez ari gara. Baliabideak esleitzeko irizpideetan negoziatu behar dira, besteak beste, ratioak, arreta-intentsitateak eta ikastetxe bakoitzari dagozkion langile kopuruak. Hau da, irizpide horien arabera erabakitzen da zentro bakoitzaren beharrizanen arabera zenbat langile egongo diren atxikituta. Gainera kolektiboak dituen jardun erdiko lanpostuak osora pasatzeko plana aldarrikatu dute. Horregatik, irizpide horiek egoki zehaztuta eta adostuta egotea ezinbestekoa da langileen atxikipena, lekualdatze prozesuak, LEPa eta etorriko diren gainerako prozedurak berme guztiekin antolatu eta garatzeko, baita ere heziketa bereziko ikasleei bere beharretara egokituko den arreta emateko baliabide pertsonalak.

Hala ere, administrazioak gai hau itxitzat eman du eta ikasturte honetan zehar aldebakarrez hartu ditu erabakiak, LABek egindako ekarpen, proposamen zehatz eta landuak kontuan hartu gabe eta inongo azalpenik eman gabe. Jarrera horrek Lan Hitzarmenaren garapena urratzen du, baita negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea ere.

LABek behin eta berriz helarazi ditu bere kezka eta egonezina, bai idatziz bai negoziazio mahaietan. Azken bileretan gaiari berriz heltzeko asmoa adierazi bada ere, gaur gaurkoz ez da benetako negoziaziorik izan.

Egoera hau bereziki larria da, esan bezala, baliabideen inguruko akordioak lehentasunezkoak baitira premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza arreta egokia emateko eta baita ere lan arloari lotutako prozesu guztiak berme osoz garatzeko, baita etorkizuneko LEP deialdiak behar bezala gauzatzeko ere. 

Horregatik guztiagatik, LABek, Heziketa Bereziko sektoreko langileekin batera egoera hau publikoki salatu du, zuzenean eragiten duten aldebakarreko erabakiak. Era berean, administrazioari benetako negoziazioari berehala ekin diezaion exijitu dio. Heziketa Bereziko langileen lan baldintzak eta ikasleen arreta ezin dira inposizioen eta aldebakarreko erabakien menpe egon.

Negoziazio hau bideratu ezean mobilizazioa baino ez zaiela geratuko argi utzi dute. 

Jaurlaritzak ez du benetako apusturik egin nahi euskaldunon eta langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko

LABek bermeak exijitu ditu, eta 30 orduko lan astearen aldarrikapena egin du dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Mahai Orokorrean.

Gaur Gasteizen egindako Mahai Orokorraren bileran ohiko errotondari biraka jarraitu dugu. LABek ez dio Jaurlaritzari borondaterik antzematen landutako gaiak behingoz konpontzeko: euskara, jardunaldi murrizketa, erretiro-txanda kontratua, gazteberritze planak eta behin-behinekotasuna.

Euskara

Jaurlaritzak jendartearen eta langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko erabateko ardura du. Egundoko ahalegina egiten ari dela eta baliabideak jartzen ari dela dio, baina bere jarduna ez doa norabide horretan. Batetik, Iralen eta Lanbiden atzerapauso lotsagarriak ematen ari da. Bestetik, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean eta legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren bi proposamenen aurrean (EH Bildurena eta EAJrena) Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak arazoa betikotzearen aldeko apustua egiten ari dira. Benetako babes juridikoaren aldeko apustua exijitu die LABek, bide antzuak baztertuta.

Jardunaldia

2000. urtean egindako Greba Orokor baten ondorioz, administrazioan 35 orduko lan astea adostu ahal izan zen. 26 urte igarota, egoera aldatu egin da, baina jardunaldia murrizteko arrazoiak berberak dira, eta LABek lan astea 30 ordura jaistea aldarrikatu du gaurko bileran. Jaurlaritzak, ohi bezala, ez du gaiari heltzeko borondaterik agertu, eta bestelako gaietara desbideratu nahi du fokua. Argi utzi du beste behin ere, 2000. urtean bezala, borondate falta hori aldatu nahi bada, mobilizazioaren bidez izan beharko dela.

Erretiro-txanda kontratua

Gai hau ere errotondan mantentzen dute, Madrilera begira erosoa delako «segurtasun juridikoa» aitzakiatzat hartzea. Jaurlaritzak baditu tresnak aukera hau eremu guztietara zabaltzeko, enpresa publiko batzuetan dagoeneko egiten ari den bezala. Urtarrilean aurkeztutako testua, gutxiengoarekin adostuta, Gobernu Kontseilura eramango dutela adierazi dute.

Behin-behinekotasuna

Kasu honetan ere badaude tresnak behin-behinekotasuna Europak agintzen duen %8ra jaisteko, baina borondaterik ez dago. Madrilen zer erabaki begira gelditu baino, eskumenak exijitu behar ditu Jaurlaritzak, birjartze tasak eta lanpostu deialdiak hemen adostu ahal izateko.

LABek gai hauen guztien defentsan mobilizatzen jarraituko du, eta gogoratu nahi du hurrengo asteak eta hilabeteak garrantzitsuak izango direla jendartearen eta langileon euskara eskubideak legez behingoz bermatzeko. Langileei datozen mobilizazioei adi egoteko eskatzen die.

Matia Fundazioak lehenengo bajaren %100eko osagarria kentzea erabaki du

LAB sindikatuak Gipuzkoako herritarrei Matia Fundazioko langileen egoeraren berri eman nahi die, azken erabaki batek sortu duen kezka dela eta.

Fundazioko zuzendaritzak lehenengo bajaren %100eko osagarria kentzea erabaki du, langileen aurkako neurri larria ezarriz. Nahiz eta osagarri hori urte amaieran ordainduko dela iragarri, erabakiak berehalako kalte ekonomiko nabarmena eragiten die langileei. Gainera, neurri horren bidez, langileak iruzurraren susmopean jartzen dira, eta, modu orokorrean, bajak osasun arrazoirik gabe hartzea egozten zaie.

Sindikatuak salatzen du zuzendaritzak ez duela bestelako irtenbide edo baliabiderik bilatu, eta, aitzitik, langileen kolektiboari zuzenean eragiten dioten neurriak hartu dituela.

Gogorarazi nahi da aldi baterako ezintasun gehienak gaixotasun arrunten ondorio direla, eta kasu askotan lan-baldintzek eragindakoak direla. Hala ere, mutualitateek ez dute egoera hori aitortzen eta enpresen interesak lehenesten dituzte, baja horiek arruntzat joz. Praktika horiek dira, hain zuzen ere, benetako iruzurra.

“Zaintzailea zaindu” izan da fundazioaren leloetako bat. LAB sindikatuak galdera zuzena egiten du: non geratu da konpromiso hori?

LABek Arabako adingabeen eta emakumeen* babes-sarean murrizketak salatu ditu eta Urtarani erakundeen utzikeria eteteko exijitu dio

Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen (GOFE) mendeko Beti Gizartean Fundazioak kudeatutako baliabideetako LABeko langileek elkarretaratze bat egin dute gaur. Gorka Urtaran eta bere Gizarte Politiken taldea emakumeen* arretarako eta adingabeen babeserako sarea murrizten ari direla salatu dute, plangintzarik eta gardentasunik gabe, eta horrek ondorio larriak dituela bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat.

Urtarriletik hona, euren kezka helarazi diete erakundeei eta elkarrizketarako guneak irekitzen saiatu dira. Hala ere, gaur egun oraindik ez dute informazio argirik Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak lan egiten duten baliabideei buruz hartutako erabakien inguruan.

Baliabideen egoera kritikoa:

  • Sortuleku: Emakumeei* eta haien seme-alabei zuzendutako proiektu espezializatua (2008tik). Bere itxiera ez da ofizialki jakinarazi; modu informalean jakin du LABek.
  • Hazten: Desagertzear dagoen haurtzaroko egoitza-etxea. Dagoeneko saturatuta dagoen sare batean plazak kentzea dakar horrek.
  • Abiatuz: Emantzipazio-aurreko baliabide berria, lizitaziorik gabe martxan jarria, protokolorik eta proiektu hezitzaile argirik gabe.
  • Ondoan: Ahultasun egoeran dauden emakumeentzako* lizitazio berria; hutsik jarraitzen du, eta Sailak proiektua bertan behera uzteko eta ezabatzeko arrisku erreala dago.

Zer gertatzen ari da? Lehenik, ez dago informazio argirik. Sortulekuren itxiera ez da ofizialki komunikatu. Bigarrenik, baliabideak kentzen ari dira. Hazten desagertzeak adingabe txikienentzako plazak murrizten ditu. Hirugarrenik, Abiatuz baliabide berria lizitaziorik gabe abiarazten ari da; lantaldeek ez dakite nola lan egin behar duten. Laugarrenik, Ondoango lizitazioak hutsik jarraitzen du eta proiektua galtzeko arriskua dago.

Egoera honetan daude Gizarte Politiken Saila 2023tik lan-eskubideak eta lurraldeko arreta-kalitatea defendatzen ari den langile-taldea zigortzen ari delako. Erakundeen utzikeria honek jendarte-zerbitzuak okertzen ditu eta erabiltzaileak babesgabe uzten ditu: ahultasun egoeran dauden emakumeak* eta adingabeak. Gorka Urtarani berriro esaten dio LABek: Sortuleku proiektuaren jarraitutasuna eta bertako hezkuntza-taldea Ondoan baliabidera subrogatzea defendatzen jarraituko du.

Gizarte Politiken diputatuari Hazten eta Sortulekuko langileak entzuteko eskatzen dio LABek: harrera-sare duin batean sinesten du sindikatuak, itxaron-zerrendarik gabea eta baliabide antolatuekin. Hamarkadetako lan profesionala eta bazterkeria arriskuan dauden emakume* eta adingabeen arretak eskatzen duen espezializazioa defendatzen du. “Gure esperientzia da zerbitzuaren bermea!”, adierazten du sindikatuak.

Gatazka honek konponbide erraza du: Gorka Urtaran, eseri zaitez langileekin egoera hau nola kudeatu erabakitzeko. Lizitazioen prozesu eta epeetan gardentasuna eskatzen dute langileek, lan-eskubideekiko errespetua eta aldaketak arretaren ongizatea bermatuz planifikatzea. Erantzunik jaso ezean, grebak eta mobilizazioak gogortuko dituzte langileek.