2026-09-29
HomeEkintza SindikalaLABek adierazten du gaur-gaurkoz ezinbestekoak izaten jarraitzen dutela maiatzaren 14ko eta ekainaren...

LABek adierazten du gaur-gaurkoz ezinbestekoak izaten jarraitzen dutela maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko grebek, Udalhitzeko eta udaletako negoziazioetan eragiteko

Ostiralean EUDELek Udalhitzeko mahaian berrikuntza txiki batzuk aurkeztu bazituen ere, oraindik ez dira guztiz nahikoak.

Ostiralean, apirilaren 24an, berriro bildu zen Udalhitz Akordioa berritzeko mahai negoziatzailea. EUDELekin izandako bileran, negoziazio mahaiaren blokeo egoeragatik duen kezka adierazi zuen LABek. Era berean, borroka dinamika batean dagoela adierazi zuen, eta aurrerapenik egon ezean mobilizazioak indartuko dituela.

Ostiraleko mahaian berrikuntza txiki bat egon zen: lanpostuen balorazioak egiteko eta erosahalmena berreskuratzen hasteko aurrekontuei lotutako funts baten proposamena. Hala ere, funts horren zenbatekoa zein izango den eta langileok erosahalmenaren galeran zenbateko portzentajea berreskuratzeko prest dauden ez dute adierazi. Alderdi politikoek titularrak ematen dituzte, baina ez dute zehaztasunetan sartu nahi, eta ez dituzte formula juridiko eta ekonomikoak aztertu. Beste behin ere, edukiak ez dira nahikoak izan, eta gainera, ez dituzte idatziz jaso.

Udaletako zerbitzuen kudeaketa ere izan zen hizpide. Gai honi dagokionez, euskararen atalean bezala, bi proposamen ezberdin daude: bata EAJ-PSErena eta bestea EH Bildurena.

EH Bilduk, pribatizazioei lotutako azterketaz gain, besteek ez bezala, publifikazioak egitea proposatzen du, eta bide horretan, klausula sozialen bitartez, azpikontratatutako langileak administrazio publikoko langileen soldatekin parekatzea eta lan-baldintzak homologatzen joatea planteatzen du. LABek adierazi du bigarren proposamen honekin bat egiten duela, eta ezinbestean idatziz jaso behar dela langileak subrogatuak izango direla.

Bestalde, negoziazio mahaian hitz egin diren neurriak aplikatzeko sei urteko egutegi bat proposatu zuten. LABek kontraproposamen bat bidali zuen, aldarrikapen guztiak jasotzen dituzten neurrien edukiei buruzko zehaztapenak gehituz eta indarraldia nabarmen laburtuz.

Udalhitzeko mahaiaren hurrengo bileran, maiatzaren 7an, batetik gaur landutako gaiak zein aurretik landutakoak idatziz aurkeztu beharko dituzte; eta bestetik, behin-behinekotasuna murrizteko neurriak, lanaldia, hautaketa-probak, lanpostuen hornidura eta gazteberritze plana jorratuko dira.

Idatziz aurkezten duten horretan ikusiko du LABek adostasunetarako eta langileen aldarrikapenei erantzuteko nolako borondate politikoa duten, eta elementu gehiago izango ditu balorazio sakonagoa egiteko.

LABen ustez, mobilizazioek eta lanuzteek egindako presioaren ondorioz eragiten ari da sindikatua. Hortaz, hilaren 23an lanuztearekin bat egin zuten eta udaletxeen aurrean egindako 75 elkarretaratzeetan parte hartu zuten pertsonen konpromisoa balioan jarri nahi du.

Nolanahi ere, LABek adierazten du gaur-gaurkoz alderdi politikoek edukiak zehaztu gabe jarraitzen dutela, eta mahaian jarritakoak ez direla nahikoak; hortaz, ezinbestekoa izango da hurrengo urrats gisa maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako deituta dauden bi grebak lantzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.