2026-02-03
Blog Page 597

Donostia eta Bilboko epaitegien aurrean mobilizatu gara, jazarpen sindikala salatzeko eta Imanol Salinasi elkartasuna adierazteko

Iruñean ostiralean bertako Justizia Jauregiaren aurrean mobilizatu eta gero, Donostian eta Bilbon egin dugu gaur protesta epaitegien aurrean, jazarpen sindikala eta Imanol Salinas kidearen aurkako kartzela zigorra salatzeko. Oraingoan ere, megafonoekin irten gara kalera. Izan ere, megafono bat eramateagatik, lan gatazka batean prekarietatea modu baketsuan salatzeagatik, zigortu dute Imanol Salinas.


 
Mobilizazioekin jarraituko dugu datozen egunetan. Hain zuzen ere, Gasteizen egingo dugu bihar elkarretaratzea, epaitegien aurrean ere, 12:00etan. Larunbatean, berriz, manifestazio bat egingo dugu Iruñean, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

 

 

Bizkaiko metalgintzako greba deialdiek bere horretan jarraitzen dute mahai negoziatzailearen ondoren

0

LAB sindikatutik esan nahi dugu FVEM patronalak bere planteamenduak aldatzea erabaki badu, ez nahikoak izan arren, Bizkaiko metalgintzako langileen borrokari eta irmotasunagatik dela. Larunbatean, patronalak kontutan hartu zituen sektoreko langileen eskaerak; horrenbestez, hitzarmen duin bat lortzeko bidea oso garbi dugu: borrokan jarraitzea. Hori dela eta, irailaren 30eko asterako deitutako grebek bere horretan jarraitzen dute. Ez dugu etsiko Bizkaiko metalgintzako langileentzat merezi duten hitzarmena lortu arte, horretarako ari baitira borrokan.

Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da gaur berriro, larunbateko Bilboko manifestazio arrakastatsuaren ondoren.

FVEM patronalak proposamen berri bat ekarri du non planteamendu murritzaileekin jarraitzen duen malgutasuna eta Its izeneko gaietan, eta planteamendu berriak ekarri ditu genero berdintasuna, lan osasuna eta subrogazio gaietan. Azterketa sakon baten faltan, sindikatuok proposamena ez nahikotzat jotzen dugu, planteamendu murritzaileak mantentzen dituelako eta planteamendu berriak ez direlako nahikoak, ez baitituzte asetzen sindikatuok plataforma bateratuan planteatutako eskariak.

 

 

 

EUDELen zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea

Ostegunean EUDELen Asanblada Orokorra bildu zen Elgoibarren eta bertan, kargu banaketatik harago, ezer gutxi entzun genion bere presidente berria izango den Gorka Urtarani. Aurreko lau urtetako balantzea positibo bezala kalifikatu zuten. Ahaztu zuten, antza, 2017tik Udalhitzen negoziazio mahaia blokeatuta dagoela. Bake soziala ezartzea baino ez bilatzen dutenek erraz ahazten dituzte EUDELen ordezkatuta dauden 245tako udaletako langileen eskubideak eta lan baldintzak.

LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazio mahaiko azken bileran, bertan ez jarraitzea erabaki genuen. Gure erabakia konstatazio batetik abiarazten zen: EUDELen lehentasunen artean ez gaudela ez herritarrak ez langileak. EUDEL Espainiako gobernuak agintzen duenaren jarraipena egitera mugatzen da inongo bide propiorik erakutsi gabe. Non dago udalen autonomia? Zertan gelditu da onartu den Udal Legea? LABen ustez, EUDEL ezin da mugatu Madriletik datorrena kudeatzera Estatuko apendize bat izango balitz bezala. Estatuarekiko menpekotasuna euskal langileen interesen kontra doalako. EAJ eta Gorka Urtaranen asmoa hori baldin bada, gurekin ez du kontatuko.

Baina LAB prest dago arduraz jokatzeko eta EUDELek onartu berri duen Zuzendaritzari eskua luzatzeko. Zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea. Borondate politikoaren kontua da.

LABen aldetik, gure lehentasunak ondoko hauek jarraituko dira izaten: enplegu publikoaren sorrera kontsolidazio prozesuekin batera; zerbitzu publikoen aldeko apustua eta pribatizatuak izan diren zerbitzuak birmunizipalizatzea; murrizketen ondorioz galdutako zorra berreskuratzea; gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzea; euskararen normalizazioaren aldeko lana bultzatzea eta lan osasuna zaintzea, mutualitateak bazterrean utziz.

 

 

 

“Patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte”

0

Bilboko kaleak hartu ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan deitutako manifestazio bateratua dela eta. Mezu argi bat helarazi diogu FVEM patronalari: indartsu gaude eta borrokan jarraituko dugu gure helburuak lortu arte. "Patronalak entzuten ez bagaitu, urrats eraginkorrak eman ezean, Bizkaiko metalgintzako langileek berriro geldituko dugu sektorea, irailaren 30 eta urriaren 4a bitarteko greba dela eta", ohartarazi du LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak.

Mezu garbi bat helarazi diogu Bizkaiko metalgintzako FVEM patronalari, Bilboko kaleetan: ez du normaltasunik izango sektorean, Bizkaiko metalgintzak hitzarmen duin bat izan arte.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia, manifestazioan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko metalgintzako langileen aldarrikapenak ozen entzun dira Bilboko manifestazioan: soldata igoera duinak, behin behinekotasunari mugak jarri, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, subrogazio eskubidea eta lanean osasuna eta bizitza ez galtzeko bermea dira aldarri nagusienak, hain justu. Hala zerrendatu ditu LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak, manifestazioa aurretik egindako adierazpenetan.

Geroago, Bilboko kaleak zehartu eta gero egindako amaiera ekitaldian, LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza: "FVEM patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte".

Azkueren hitzetan, bada garaia patronalari mugak jartzeko, urteak eman baititu aberasten langileen esplotazioaren bitartez: "Patronalak bere pribilegioak mantentzen jarraitu nahi du behin behinekotasuna, azpikontratazioa, aberastasunaren banaketa eza eta gure osasuna eta bizitzen bitartez. Baina, metalgintzako langileek honi guztiari aurre egiteko erabakia hartu dute, patronalaren menpe egoteko inongo asmorik ez dutelako".

Industria Federazioko kide Iratxe Azkue, hitza hartzen, amaiera ekitaldian.

Hala, patronalaren jarrera aldatu ezean, borrokak bere horretan jarraituko duela nabarmendu du LABeko ordezkariak. Zentzu honetan, irailaren 30eko astean, beste bost greba egun deitu ditugu sektorean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

Iruñeko Justizia Jauregira eraman dugu jazarpen sindikalaren salaketa

LABeko kide Imanol Salinasi 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, Iruñeko La Sangiovesako jatetxeko langileen lan baldintzak eta pairatutako prekarietatea modu baketsuan salatzeagatik. Era berean, zigor eta isun larriak jarri dizkiete beste lan gatazkatan borrokan ibili diren zenbait langileri; Huerta de Peraltako borrokan ibilitakoei, kasu. Hala, jazarpen sindikala salatzeko eta langileen eskubideen defentsan sendo jarraituko dugula berresteko, Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean elkartu gara, joan den asteartean Nafarroako Parlamentuan egindako protesta ekintzaren jarraipen gisa. Hain zuzen ere, mobilizazio gehiago aurreikusi ditugu, kalera irtetzeko arrazoiak soberan baititugu, borroka sindikala zilegia eta ezinbestekoa delako lan eta bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko.Zentzu honetan, astelehenean, Donostia eta Bilboko epaitegietara eramango dugu salaketa; eta asteartean, Gasteizko epaitegi aurrera.Datorren larunbatean, irailak 28, berriz, manifestazioa egingo dugu Iruñean,17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.


 

 

 

Greba deialdia bertan behera utzi dute CIE Inyectametal enpresako langileek, zuzendaritzarekin akordioa lortu eta gero

0

Joan den igandean hasitatako greban plantilla osoak hartu du parte. Enpresa- Batzordea (LAB, 4; ELA, 3; eta CCOO, 2) zuzendaritzarekin adostasunera iritsi da datozen lau urteetarako.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Gaur, goizeko 11etan, greba deialdia ezeztatuta geratu da; joan den igandean hasitakoa greba, hain justu. CIE INYECTAMETAL Abadiñoko enpresa 245 langilek osatzen dute.

Plantilla argi zeukan hitzarmen berriaren helburua zein zen, kalitatezko enplegua sortzea, enplegua bermatu eta banaketa eginez. Gaur akordio batera heldu gara, hilabeteetako negoziazioaren ondoren. Hain justu, akordioa sinatu dugu hilabetetako negoziazio eta bost greba egunen ondoren. Langile batzarra adostasunera iristea erabaki du, eta greba bertan behera uztea.

Gure helburu nagusiak lortu ditugu; prekarietatearen kontra jotzea, enplegu duin baten alde apustu eginez eta enpresak pasatu diren urteetan sortutako etekin ekonomikoak banatzea.

Negoziazioko hilabeteen ondoren, Enpresa batzordeko ordezkariek (4 LAB, 3 ELA eta 2 CCOO) bere poztasuna erakusten dute heldutako akordioagaitik, baita ere plantillaren konpromiso eta mobilizazioagaitik ere, %100ak greban parte hartu duelako.
 

 

 

Greba orokorra Argentinako Irakaskuntzan, Cristina Aguilar eta Jorgelina Ruiz Diaz gogoan

0

Greba orokorra deituta dago Argentinan, Irakaskuntzan, gaurko. Hildakoen senide eta lagunei eta Central de Trabajadores de la Educación de la República Argentina CTERA-ko kideei, pasatzen ari diren momentu gogor hauetan, gure dolumin eta samina adierazi nahi dizkiegu.

Cristina Aguilar eta Jorgelina Ruiz Díaz irakasleak istripu baten ondorioz Argentinako Chubut probintzian hil ziren, asteartean. Istripu berdinean beste hiru irakasle zaurituak izan ziren; Sonia Florentina, Claudia Ramos eta Rosa Sandón, hain zuzen ere. Denak Chubuteko probintziako San Cayetano de Comodoro Rivadavia auzoan dagoen Nº 738 eskolako irakasleak ziren.

Bost irakasleak Rawsonetik Comodorora itzultzen ari ziren beste greba egun batean parte hartu eta gero. Aste luzez pizturik dagoen greba hau Probintziako Gobernuak eta Gobernu zentralak irakasleen soldatak ez ordaintzeagatik piztu da.

Ezer baino lehen hildakoen senide eta lagunei eta Central de Trabajadores de la Educación de la República Argentina CTERA-ko kideei pasatzen ari diren momentu gogor hauetan gure dolumin eta samina adierazi nahi dizkiegu.

Euskal Herritik Chubuteko probintzian irakasleen lan baldintza duinen alde borrokan dauden Central de Trabajadores de la Educación de la República Argentina (CTERA)-ko kideei eta irakasle guztiei gure elkartasun guztia helarazten diegu.

Heriotza hauek ekidin zitezkeen baldin eta 9 aste luzez 5 astetako greba mugagabe honekin bukatzeko borondate politikoa balego. Chubuteko gobernu probintzialak behar bezala soldatak ordaintzeko betebeharra dauka, baino aldi berean Gobernu zentralak, gobernu probintziala egoera ekonomiko zailean baldin badago, berau laguntzeko betebeharra dauka.

Euskal Herritik, Argentina osoko irakasleek gaurko egunerako deituta duten dolumin eta greba egun honekiko gure babes eta atxikimendua adierazi nahi dugu. Cristina eta Jorgelinaren memoriaren alde egin dezakegun gauzarik hoberena gatazka hau sortarazi duten gertakariak konpontzea da, eta aldi berean Macri gobernuari ozen adieraztea Argentinako irakasleek beraien lan eskubideen alde eta Argentinako herriarentzat justizian oinarrituko den etorkizun baten alde atzera-pausurik ez dutela emango.

 

 

 

Nafarroako langile publikoek ez dituzte gainerako erkidegoetako langile publikoek dituzten eskubide berberak haurren jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan

Hala da, bai: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako langileek ez dituzte Estatuko gainerako langile publikoek dituzten eskubide berberak haurren jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan ematen diren baimenei dagokienez. Izan ere, Nafarroako Gobernua behartua egon arren foru araudia estatuko araudira egokitzera, arlo horretako estatuko arau berriak indarra hartu zuenetik zenbait hilabete igaro ondoren, Administrazioak oraindik ez du bere araudia aldatu edo egokitu.

Gaur den egunean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileek eskubide gutxiago dituzte arlo horretan. Adibidez, edoskitzea ukatzen zaie eskubide indibidual gisa (oraindik ere eskatzen baitute frogatzea beste gurasoak ez duela hartzen baimen hori), eta ukatzen zaie, orobat, beste gurasoari dagokion atsedenaldia zatika hartu ahal izatea.

Duela hilabete batzuk Madrilen onartutako Errege Dekretuak Langileen Estatutua eta Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatu ditu. Dena dela, Nafarroako langileak, eskubide horiei dagokienez, foru araudian ezarritakoaren menpe daude, eta araudi hori oraindik ez dute aldatu/egokitu. Horrenbestez, ezin dituzte erabili gainerako aita-amek dituzten eskubide batzuk.

Arartekoak behin baino gehiagotan adierazi du foru araudia lehenbailehen aldatu beharko litzatekeela edo beste araudi berri bat onartu beharko litzatekeela. Momentuz, zenbait hilabete igaro badira ere, Nafarroako Gobernuak ez du ezer aldatu. Hortaz: zer gertatzen da araudia aldatu bitarteko aldi honetan?

LABen argi dugu foru araudia aldatu bitartean Administrazioak onartu beharko lituzkeela langileek eskubide horiez baliatzeko egiten dituzten eskaerak, hala ezarrita baitago Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan. Eskubide horiek erabili ezin dituzten langile publiko bakarrak dira nafarrak, Estatu osoan.

Horregatik, Funtzio Publikoari eskatzen diogu, foru araudia aldatu edo arau berria onetsi bitartean, onar ditzala gurasoek eskubide horiez baliatzeko aurkezten dituzten eskaerak, funtsezko eskubideak direlako, eta, beraz, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztiei zuzenean aplikatu beharrekoak.
 

 

 

Sindikatuok hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Bizkaiko metalgintzarako, Durangon

0

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Hazinnova programa aurkeztu diete Durangaldeko hainbat enpresari, goizean. Hala agintarien zein enpresarien presentzia baliatuta, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Durangaldeko Enpresen Elkartearen aurrean, Bizkaiko metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Larunbateko manifestazioaren eta irailaren 30eko asterako deitutako greben atarian etorri da elkarretaratze hau.
 
Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuok egin dugun ohar bateratua, gaurko elkarretaratzearen harira:

Hazinnova enpresa-garapeneko euskal Agentziaren zerbitzu bat da. Gaur, Irailak 19, Durangoko enpresari elkartean, Durangaldeko zein mugakide diren eskualdeetako enpresari txiki eta ertainentzat aurkezpen jardunaldiak ospatzen ari dira.
Horregatik, 55.000 pertsonei era zuzen baten eragiten dien, metalgintzako borrokak, bizirik jarraitzen duela gogorarazteko kontzentrazio bateratu bat egin dugu.

Are gehiago atzo, irailak 18 asteazkena, Metaleko Hitzarmeneko mahai negoziatzailea berriro bildu zenean Bizkaiko LHKko Bilboko egoitzan. Denok uste genuen, patronalak astebeteko greba ate joka dugularik, akordio batera edo akordio batera heltzeko oinarriak finkatuko zituen eduki batzuk ekarriko zituela bilerara. Zoritxarrez, ez da horrela izan. Patronalaren arduragabekeriaren enegarren erakustaldian, galdutako beste aukera baten aurrean agertzen gara. Gogoratu beharra dago, patronalaren aldetik negoziatzeko inongo intentziorik gabeko hainbat hilabete jasan eta gero , irail bukaeran, “ distentsioko” 3 hilabete beteko dira( azken greba egunak ekainak 20 eta 21ean izan ziren). Denbora soberan egon da akordioetara heltzeko. Badirudi ez dutela ezertarako balio izan, beraien bazkide diren, zein sektoreko enpresa desberdinen kexuak ( akordio bat eskatuz), FVEMek bere jarrera aldatu eta Bizkaiko Metalean akordio bat erdiesteko eduki nahiko aurkeztu ditzan.

PATRONALAREN PROPOSAMENA
Irailak 10eko eskaintza berbera mantentzen dute. 3 urteko iraupena, soldata igoera ez nahikoak, soilik gutxieneko taulentzako eta soldata errealetan pixkat gehiago kobratzen dutenentzat soilik (gainontzekoentzako, milaka langilerentzat, ezer ez) , malgutasun gehiago, inongo mugarik ez kontratazio ebentual zein ETTei dagokionez, ezer ez azpikontratei mugak jarri edo berauen subrogazioari buruz, intentzioen diskurtso soilak hainbat gaitan, hala nola, Lan Osasuna, Genero Berdintasuna,….azken finean, betiko leloa.

Mahai negoziatzailearen hurrengo bilera irailak 23an da.
Argi dago, proposatu dutenarekin (eta irailak 23ko hurrengo bileran egoera aldatu ezean), patronala bera dela, grebak egitera behartzen gaituena. Akordio batera heltzeko, alde bien borondatea behar da, eta agerian dago, patronalak, konfliktoa luzatzearen aldeko hautua egin duela, nahiz eta jakin, sindikatu guztien babesarekin, sektoreko langileek, berriro ere era masibo batean bat egingo dutela, irailak 30ean hasten diren greba egunekin. Denok dugu argi, konfliktoa hau bukatzekotan, sinatutako Hitzarmen batekin bukatu behar dela, eduki nahikoak izango dituena, eta ondorioz sektoreko langileentzako aurrerapausu bat suposatuko duena. Jokoan dagoena ez da Metaleko Hitzarmena soilik. Negoziazio kolektiboa bera, eta beste hainbat hitzarmenen etorkizuna dago jokoan.
Greba historiko baterako prestatu beharra daukagu. Sektorea erabat gelditu eta patronala akordioetara heltzera behartuko duena. Eta denok batera egin behar dugu, irmotasunez eta arrakalarik gabe, bestela aurretik egindako 5 greba egunek ez dute ezertarako balio izango. Seguru gaude, sektoreko langileek berriro ere neurria emango dutela. Bizi dugun momentuak horrenbeste eskatzen du.

Gogoraraztea deialdi garrantzitsua dugula, irailaren 21ean, larunbat honetan, Bilbon deitu dugun manifestazioa. Manifestazioa Euskadi Plazan dagoen FVEMeko egoitzan hasiko da eguerdiko 12,00etan, eta Arenalerako Zubirainoko ibilbidea egingo du.

Ez digute ezer oparituko, eskubideak KONKISTATU egiten dira !