2026-02-05
Blog Page 595

Pentsiodunen borrokarekin bat egitera deitzen ditugu langileak, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean

Gaur, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela, LAB sindikatuan gure elkartasuna helarazi nahi diegu astelehen-astelehenero, bi urtetan zehar, bizi baldintza duinak aldarrikatzeko kalera irten eta irteten diren pertsona horiei guztiei.

LAB sindikatuko nagusi eta pentsiodunen arlotik salaketa eta etengabeko dinamika jardunaldi horiexetan hartzen dugu parte, gaur egungo egoerarekin gure atsekabea adierazteko eta ozen eta garbi aldarrikatzeko nahi dugula honezkero, oraintxe berton, gure aldarrikapen horiek aintzat hartuak izan daitezen, gure egoera ez ezik, langileria osoarena ere hobetu dadin.

Honen ildotik, langileei dei egiten diegu borroka honekin bat egin dezaten, gure oraina eta euren etorkizuna bat eginda baitaude. Honela, batu ditzagun dinamika berean elkartzen gaituzten aldarrikapenak eta eraiki dezagun adin zein kolektibo anitzetako borroka. Gure aldarrikapenak, besteak beste, honako hauek dira:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Gizon eta emakumeen arteko soldata eta pentsio arrakalarekin amaitzea.
• 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Jardunaldia 35 ordutara murriztea, soldata murriztu gabe.
• Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua.

Honengatik guztiagatik, LAB sindikatuan gure bizi baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokan jarraituko dugu eta euskal herritar guztiak animatu nahi ditugu kalera irten daitezen!

Berton lan, berton bizi, berton erabaki nahi dugulako!
 

 

 

Urkulluren dimisioa eskatu dugu Bizkaiko Metalgintzako langileei bizkarra emateagatik eta patronalarekin lerrokatzeagatik

0

Bizkaiko Metalgintzako langileek greba egin dute gaur, aste honetako lehena. Orotara sei greba egin dituzte aurten. Langileek emandako erantzun ikusgarri eta miresgarriarekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak goiz honetan egindako adierazpenak gogor salatu nahi ditugu. Izan ere, Confebask eta FVEM-ekin lerrokatu da publikoki, modu argi batean, langileei bizkar emanda eta patronalaren aginduetara.

Urkulluk azken aldian zer irakurri duen galdetzen diogu gure buruari, FVEM eta sindikatuen artean azken urte eta erdian egondako bileretako aktak ala patronalek bidali dioten barne zirkular eta aginduak. Oso larria da. Urkulluk herri honen %2 babestu du, aberastasuna metatzen duten horiek babestu ditu, eta bizkar eman dio langileriari. Horregatik eman behar du dimisioa. Langile herri batek ezin du izan lehendakaritzat patronalaren morroi bat.

Era berean, salatu nahi dugu poliziaren jarrera, Durangaldean eta Eskumaldean batez ere; piketeei dagokien eskubidea urratu die behin eta berriro, patronalaren mesedetan. Horren adibide, goizeko 5:00etan eta 6:00etan, Elorrio eta Abadiñoko enpresetara hurbiltzen ere ez diete utzi piketeei, eta hauek ezin izan dute langileekin hitz egin. Poliziak agindu zuzenak zituen, grebaren aurka, langileen aurka, kapitalaren mesedetan.

LABek langile guztiak zoriondu nahi ditu. Grebaren jarraipena orain artekoetan handiena izan da, %85 ingurukoa, eta Bilboko manifestazioa ere orain artekoetan jendetsuena. Azpimarragarria da, pentsiodunek gure borrokarekin bat eginik, Bizkaia osoan 25.000 pertsona mobilizatu garela hitzarmen duinaren alde, horietatik 18.000 Bilbon. Horregatik, argi eta garbi esan nahi dugu borroka hau ere ezinbestekoa dela gure etorkizuneko pentsio duinak bermatzeko, pentsio duinen borroka gurea ere badelako.

LABek bere prestutasuna adierazten du Bizkaiko Metalgintzarako hitzarmen duin bat sinatzeko, baina ez dugu eskubide lapurretarik onartuko, eduki duinak barnebilduko dituen hitzarmen bat baizik. Horregatik, berriro ere langileak zoriontzearekin batera, aste honi gogor eta tinko eusteko gure animo guztiak bidali nahi dizkiegu; eta, nola ez, bidelagun izango gaituztela adierazi.

 

 

 

Enpresak hustu eta kaleak hartu ditugu berriro, Bizkaiko Metalgintzako langileentzat lan hitzarmen duin bat aldarrikatzeko

0

Jarraipen zabala izan du aste honetarako, Bizkaiko Metalgintza sektorean, deitutako bost greba egunetatik lehenak. Hain zuzen ere, hainbat eta hainbat enpresek itxi dute edo euren produkzioa eten, eta Bilbon antolatutako manifestazioak lepo bete ditu kaleak, beti ere lan hitzarmen duin baten alde.

Bizkaiko Metalgintzako langileek enpresak hustu eta kaleak beteko dituzte datozen egunetan ere, irailaren 30 eta urriaren 4 bitarterako deitutako grebak eta mobilizazioak direla eta.
 

 

 

Jazarpenak jazarpen, borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean

Jazarpen sindikala salatzeko hainbat mobilizazio egin ditugu egunotan, eta Iruñeko manifestazio jendetsuarekin are eta gehiago jendarteratu dugu borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Iruñeko kaleak hartu ditugu langileen lan eskubideen alde egiteko eta borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko.

Sindikalismoa, langileontzako borroka tresna gisa ulertuta, inoiz baino beharrezkoagoa da. Langileek eta, bereziki, sektore prekarizatuenek sindikalismo konprometitu, aktibo eta eraginkorra behar dute, eta horren aldeko hautua egina du LABek. Egunotan gauzatu dugun salaketa kanpainaren bidez sindikalisten aurkako jazarpen poliziala eta judiziala salatu nahi izan dugu, baita prekarietate eta lan esplotazioaren kontrako borroka areagotu ere.

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrera.

Izaera horrekin bildu gara gaur Iruñean, eta erdialdeko kaleak hartu ditugu autobus geltoki zaharretik abiatutako manifestazioaren bitartez. Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrerak hartu du hitza manifestazio hasi aurretik eta ondoren: "Ez dugu Imanol Salinasen absoluzioa baino onartuko", adierazi du, 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dioten sindikatuko kidearen auziari helduta. Hain zuzen ere, lan gatazka batean prekarietatea modu baketsuan salatzeagatik, megafono bat eskuetan zuela, kartzelaratu nahi dute Salinas. "Ez gaituzte geldituko, ez dute LABen borroka sindikala baldintzatuko. Injustizia non, LABen megafono bat han egongo da horri aurre egiteko", berretsi dugu.

Gaurko mobilizazioa aurreko egunetan egindako protesta sorten segida izan da. Hain justu, besteak beste, Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin ditugu eta Nafarroako Parlamentuan kateatu ginen, jazarpen sindikala salatzeko.
 

 

 

Sistema kapitalistaren baitan larrialdi klimatikoari ezin zaiola aurre egin ohartarazi du Garbiñe Aranburuk

0

Gaur, bi orduz eten egin dugu gure jarduna krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak ixtea erabaki dugu. Larrialdi klimatikoaren aurrean, ekosozialismoaren apustua berretsi dugu. Hala adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko egoitzaren kanpoaldean egindako agerraldian. "Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza", nabarmendu du. Bitartean, egoitzak ixtearekin batera, Gasteizen, mintegi bat egin dugu trantsisio energetikoa ardatz.

Garbiñe Aranburuk agerraldi bat egin du Bilboko egoitzaren kanpoaldean, eta, bertan, LABen irakurketa plazaratu du.

Hain zuzen ere, larrialdi klimatikoa ezkutatu ezin den errealitate gordina dela nabarmendu du. "Larrialdi klimatikoari ezin zaio aurre egin sistema kapitalistaren baitan. Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza. Bat ala beste, kontrajarriak baitaude biak. Bizitza jomugan du sistema honek: desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira eta naturaren ustiaketa neurrigabea da, jasangaitza. Sistema aldatu behar da. Sistema auzitan jartzen ez duenak egungo eredua zuritu egiten du". 

Iruñea.

Kapitalak krisi orori kapitalismo gehiagorekin erantzuten diela esan du; eta krisi klimatikoari, esaterako, kapitalismo berdearekin: "Ez dago kapitalismo berderik, ez dago kapitalismo jasangarririk, sistemaren aurpegi zuriketa baino. Hori da instituzioen jarrera. Kapitalaren interesen jagoleak ditugu Euskal Herrian ere: AHT, erraustegia, Supersurra, Hegoaldeko Tren Saihiesbidea, Frackina sustatzea eta krisi ekologikoan sakontzea da. Bizitza merkantilizatzen ari dira, esplotazioan oinarritutako sistema babesten dute, sistema dira".   

Gasteiz.

Gaurko deitua zegoen mobilizazio eguna sindikatuaren agendan sartu dugu. Gaur gure egoitzak bi orduz itxi ditugu, geratu egin gara, aski da esan dugu: "Keinu honekin larrialdi klimatikoari aurre egiteko sindikatuaren konpromisoa agerian utzi nahi izan dugu. Eta keinu honekin gaurko deituta dauden mobilizazio desberdinak indartu nahi ditugu".

LABen eguneroko borroka da sistema hau gainditzea, bizitza erdigunean jartzeko, beste bizitza bat izateko, bizitza duina. Eredu sindikala berritu dugu, feminismoaren eta ekosozialismoaren oinarriak gure eginez.

Gasteizen egindako mintegia.

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekosozialista baterako bidea egin behar da. Eta zein izango da LABen ekarpena trantsizio ekosozialista horretan?

Eraldaketa sozialerako aktibo izan. Egungo produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar da, eta, justizia sozialaren norabidean, sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatu. Hori da gure borroka.

Demokrazia eta burujabetzan sakondu. Merkatuen eta enpresa trasnazionalen neurrira eginiko sistema antidemokratikoa da, eredu ekonomiko eta sozialari buruzko erabakiak elite ekonomiko batek hartzen ditu. Langileen erabaki ahalmena handitzea ezinbestekoa da.

Larrialdi klimatikoaren aurkako borroka, ildo sindikalean txertatzea. Klase borroka eta ekologiaren aldeko borroka uztartu egin behar ditugu.

Donostia.

Gabiñe Aranbururen hitzetan, "trantsizio ekosozialista sustatzeko jendartearen aktibazio soziala da gakoa. Borroka honetan, langileak aktibatu nahi ditugu. Langileekin pedagogia egin, eta ikustarazi egunero lan baldintzak duintzeko egiten dugun borroka eta mundua gainbehera daraman larrialdi ekologikoari aurre egitea borroka bera direla. Bizitza duina defendatzen ari gara".

Beraz, gai hau, sindikatuaren konpromiso izatetik langilegoaren borroka bilakatzera urratsa ematea da LABen erronka: "Gaur sindikatua geratu dugu, etorkizunean langileak geratzeko".

 

 

 

Nafarroako nekazaritza sektoreko prekaritatea salatu nahi dugu, Erriberrin gertaturiko lan istripu hilgarriaren harira

LAB sindikatuak bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkie iragan asteartean Erriberrin zendu zen Lizarrako langilearen familia eta lagunei. Era berean, berehala osatzeko gure desioa igorri nahi diogu istripu hartan zauritu zen bertze langileari. Asteartekoarekin, dagoeneko 34 dira Euskal Herrian 2019an lan istripuetan hil diren langileak; horietako 10 Nafarroan izan dira.

47 urteko A.S.E. langilea Erriberriko dermio batean zegoen, mahatsa biltzen eta jasotzen. Eta traktorearekin N-121 errepidera sartu zelarik, kamioi batek bortizki jo zuen, errepidetik kanpora bota zuen eta kamioiaren erremolkeak traktorearen kabina zanpatu zuen.

Nekazaritza sektoreko prekaritatea ez da inor ezustean harrapatuko duen zerbait: lanaldi luze eta gogorrak, edozein motatako eguraldiaren erasopean, anitzetan zaharkiturik dauden makinak, lan erritmo frenetikoak, destajuko soldatak -gaizki ordainduak, orduka edo kiloka- lanaldien arteko atsedenaldi eskasak… Horiek guztiak daude sektore honetan gertatzen diren istripu gehienen gibelean.

Berriz ere, sindikatu honek salatu nahi du erakundeek ezartzen dituzten prebentzio eta segimendu politikak ez-nahikoak direla arras. Mahai gainean ditugun zenbakiek horixe adierazten digute, aurreko krisialdia iragan eta gero etengabe handitzen ari baitira lan istripuen kopuruak. Jakin badakigu langileen osasuna ez dela patronala edo erakundeak bereziki kezkatzen dituen gai bat, mozkinei begiratzen baitiete soilik, Nafarroko baratzearen produktuen kalitateari soilik, eta ez diete erreparatzen hainbertzeko pobrezia eta hainbertze istripu sortzen dituzten prekaritate eta esplotazioari.

Gure ustez, txikia baino txikiagoa da erakundeek enpresengan eragiten duten presioa segurtasun planak egokitu, hobetu eta martxan jartzeko edo prebentzioa behar bezala lantzeko. Horregatik, urteak dira LAB eskatzen ari dela Lan Ikuskaritzako eskumena Nafarroari ematea edota Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari indar handiagoa ematea enpresak zelatatzeko, prebenitzeko eta segimendu zorrotza egiteko, odoluste hau bukatze aldera, prekaritate eta esplotazio habiak diren sektore hauek iraultze aldera.

 

 

 

Nekane Murgarekin bilera eskatu dugu Osakidetza EPEko 19 mediku kategoriaren prozesua geldi dezan exijitzeko

0

Arduraz joka dezan exijitzen diogu Osakidetzari, ehunka hautagairen itxaropenekin ez jolasteko. Susmagarriak diren eta ikertzen ari diren kategorien prozesuarekin normaltasunez aurrera egitea erabaki larri eta arduragabea da; eta Osakidetzako zuzendaritza erabaki honek ekar litzakeen ondorioen erantzule bakarra izango da.

Pasa den irailaren 26an, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaritza berriak 8 mediku kategoriaren hautagaien zerrendak argitara eman zituen. Zortzi kategoria hauen artean badaude bi (Medikuntza Nuklearra eta Oftalmologia) LAB sindikatuak salatu dituenak, azterketen emaitzetan alde handia zegoelako hautagai gehienen eta gutxi batzuen artean, hain zuzen ere, jokoan zeuden plazak bezainbeste. Hilabete batzuk beranduago jakin genuen Oftalmologiako hautagai batek irregulartasunak salatu zituela, baina Osakidetzak kategoria horretako epaimahaiak hori ez ikertzeko hartu zuen erabakia ontzat eman zuen. LABetik salatu nahi dugu Osakidetza mugimendu hauek guztiak erabiltzen ari dela ikerketa oztopatzeko.

Horregatik, Nekane Murgarekin biltzeko eskatu dugu, aurrez aurre exijitzeko LABek salatu dituen 19 kategorien EPE prozesua geldi dezan, horien artean Oftalmologia eta Medikuntza Nuklearra.

Nora eraman nahi gaitu Osakidetzak, itxaropen faltsuak sustatuz eta instrukzio penal baten barruan dauden plazak esleituz?

Gogora ekarri nahi dugu fiskaltzak salatu dituen 11 kategorietako hiru baino ez dituela modu ofizialean gelditu Osakidetzak. LABen ustez, 11 baino, 19 kategoria ikertu behar dira irregulartasunak argitzeko eta gutxieneko bermeko EPE prozesua aurrera eraman ahal izateko.

Bitartean, Osakidetzak egintza burutuen dinamikan jarraitzen du; Osakidetzako zuzendaritza berriari eskatzen diogu, berriro ere, jarrera harroputz eta oztopatzailea albo batera uzteko.

 

 

 

Vicinay taldeak Cables y Alambres enpresa ixtera kondenatu duela salatu dute langileek

0

Egoeraren aurrean, Erandioko enpresako langileek mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala.

Enpresa batzordearen oharra:

Enpresa Batzordeak salatu nahi du: Vicinay Taldeak, Erandion, Kablea ekoizteko duen bere enpresaren jarduera suntsitzen eta eraisten ari dela.

Atzo, enpresak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Joan den hilean, Abuztuan, Enpresa Batzordeari Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea aurkeztu zion, 43 langileren kaleratzea proposatuz. Langileek erabateko ezezkoa eman zieten espedienteari.

Zuzenean 122 beharginek eta zeharka 50 bat beharginek lan egiten duten enpresa hau, Vicinay Taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen. Ordura arte, akziodunak langileak beraiek ziren eta lantokia dagoen lursaila, SOCADE elkartearen bitartez, Eusko Jaurlaritzarena zen.

Vicinay Taldeak dena eskuratu zuen; hau da: alde batetik, akzio guztiak erosi zituen; eta bestetik, lursaila (lurrak eskuratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat egin zuten bost urtez jarduerari eutsiko ziola). Orduan, Vicinay-k publikoki adierazi zuen: 10 milioi eurotako inbertsioak burutuko zituela, 40 kontratazio berri egingo zituela eta ekoizpena %70ean handituko zuela.

Benetan gertatutakoa oso bestelakoa da. 40 kontratu berri egin baino, langile kopurua gutxitu du eta egin diren kontratazioak Aldi Baterako Lan Enpresen bidez egin dira. Vicinay egin dituen inbertsioak erabat eznahikoak izan dira beharrezkoa zen produkzioa bermatzeko eta langileen segurtasuna ziurtatzeko.
Honi gehitu behar diogu, herriko udalak agertu duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena; zeinak aurreikusten duen: lantokia kokatzen den lursaila bizitegi-gune bilakatu nahi duela.

Sindikatuek 2017. urtetik hona etengabe salatu dute, Vicinay Taldeak ez baldin bazuen apustu erreal bat egiten Erandioko lantokiaren alde, industria proiektua eta enplegua arriskuan leudekeela.

Industria planik eza etengabe errepikatu den egoera izan da azken 5 urtetan. Baina egun dugun egoeraren detonatzailea izan da: azken urte eta erdian enpresak sufritu duen bazterketa eta utzikeria.

Egungo argazkia: orain bi aste jarduera geratuta, eta Vicinay-ren aginduz modu mugagabean gainera; langileak etxean daude baimen ordaindu batekin; eta jada 80 egun baino gehiagoko soldata zorra dauka enpresak eurekin. Horri gehitu behar zaio, Vicinay Taldeak esan diela aurrerantzean ere ez dutela soldatarik kobratuko.

Guzti honen aurrean, langileak mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala. Eusko Jaurlaritzari eta udalari laguntza eskatu diete, bitartekari izan daitezen, ehunka urte dituen proiektu industrialaren etorkizuna eta enplegua ziurtatuko duen akordioaren alde.

 

 

 

Manifestaziora deitu dugu Iruñean larunbaterako, jazarpen sindikala salatzeko

Jazarpen sindikala salatzeko egunotan egin ditugun mobilizazioen harira, manifestaziora deitu dugu larunbaterako Iruñean. Hain zuzen ere, borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa jendarteratuko dugu; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Iruñeko kaleak hartuko ditugu 17:30etik aurrera.