2026-05-02
Blog Page 593

Barneko etxeko langile baten lan heriotza salatu dugu Bilbon, prekarietatearen eta esplotazioaren adibide

Euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 56 urteko barneko etxeko langile baten heriotza salatzeko. Aurten, gutxienez, 44 langile hil dira jada Euskal Herrian lanean zirenean edo lanaren ondorioz, eta aipatutako heriotza joan den astean gertatu zen. LABeko Lan Osasun arloko ordezkari Lurdes Erasoren hitzetan, "prekarietateak eta esplotazioak hiltzen dutela esaten dugunean hemen dugu, tamalez, horren adibide argi bat".  

Etxeko langileena kolektibo baztertuenetajoa da lan merkatuan. Ezartzen zaien lan araudi bereziak ahalbidetzen du, jadanik urriak diren gutxienezko lan eskubideen urraketa. Lanaldia, soldata eta lan baldintzak oro har salagarriak dira erabat. Gainera, egoera txar hau etorkinen kasuan larriagotzen da, lan egiteko baimena ukatuta, eskubiderik gabe lan ezkutuan jardutea beste aukerarik ez baitute.

Oraindik ere ez dago marko arautzailerik langile hauentzako, hau da, ez dute hitzarmenik eta, ondorioz, lan harremanak guztiz indibidualak dira, egoera hauetan oso zaila izanik beraien lan eskubideak defendatzea.

LABeko Lan Osasun arloko arduradun Lurdes Eraso.

Bestetik, ez dago inolako kontrol eta jarraipen mekanismorik finkaturik egoera irregular hauei guztiei aurre egiteko. Lan ikuskaritzak, etxebizitza esparru pribatua dela aitzakia harturik, ez ditu langile hauen lan baldintzen inguruko inspekziorik egiten, hauek babesgabetasunean utziz.

Etxeko langileen arazoa egiturazkoa da, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkalak emakumeon esplotazioan oinarria baitauka. Lan hauen pribatizazioaren kontra borrokatu beharra daukagu eta zaintza lanak kalitatezko enplegutzat hartuko dituen zerbitzu publikoen aldeko defentsan aurrera urratsak eman.

Lan hauen pribatizazioarekin amaitu eta lan produktibo eta erreproduktiboak bateragarri egingo dituen lan merkatua behar dugu; zaintza lanei balioa eman eta enplegu hauetan hedatua dagoen prekarietaterekin amaituko duen lan merkatua, hain zuzen ere.

Etxeko langileen egoera diskriminatuari irtenbidea ematea premiazkoa da. Ez gara ezertan Madrili begira jarri behar. Arazo honi bertan eman behar zaio konponbidea. Horretarako, etxeko langileen kasuan, EAE eta Nafarroako gobernuen esku hartzea exijitzen dugu, bidegabekeria lehenbailehen ezaba dezaten; hau da, behar diren neurriak hartu eta bitartekoak jarri ditzaten diskriminazio baldintzak ahalbidetzen dituzten araudiak gainditzeko.

Mugak esplotazioari
Prekarietateak eta esplotazioak hiltzen dutela esaten dugunean hemen dugu gaur, tamalez, horren adibide argi bat.
Geure gorputzak, geure denborak, geure bizitzak ez dira mugagabeak… eta mugak jarri behar dira eskubideak urratzen diren momentuetan eta esplotazioa hasten den lekuetan.

Deskantsatzeko denbora, gaixotzen garenean edo lanak gaixotzen gaituenean osatzeko denbora ezin da pribilegio ezta kapritxoa izan, eskubidea da.

Zaintza lanen banaketa soziala justua antolatzen ez dugun bitartean horrelako kasuak emango dira. Pribatizatuta, feminizatuta eta ikusezin daudelako lan horiek, aitortu gabekoak.

Patricia sistemak erail du, horrelako egoerak onartzen direlako eta ez delako ezer egiten horiek ekiditeko.

Etxeko langileen barne figura desagertzen ez den arte esplotazio egoera horiek mantenduko dira, baita horrek dakartzaten ondorioak ere.

Etxeko langileen eskubideak aitortzen ez diren arte esplotazioa sustatzen ari da, bai erakunde publikoen aldetik bai lan osasuna babesteko sortuak diren erakunde aldetik. Osalan, Lan Ikuskaritza eta Eusko Jaurlaritza erailketa horren erantzule zuzenak dira, hori gertatzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu dutelako eta ez dutelako ezer egin, nahiz eta etxeko langileek egunero jasaten dituzten egoerak salatu behin eta berriro.

Gaurko mobilizazioaz gain, larunbatean ere aterako gara kalera, etxeko langileen deialdiari babesa emateko. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo dugu protesta etzi, 19:00etan.

 

 

 

Argentinan CTA-Autonomak egindako kongresuan hartu dugu parte

0

LAB sindikatuak abenduaren 2an Argentinako CTA-Autonomak buruturiko ez-ohiko kongresuan parte hartu du, Euskal Herria, Galiza, Portugal, Espainia, Frantzia, Kuba, Argentina Uruguay, Paraguay Brasil eta Peruko hainbat sindikaturekin batera. Kongresu hau ez-ohiko testuinguru politikoan egin da, eta hori izan da, hain zuzen ere, kongresua egiteko arrazoi nagusia. Macri-ren gobernu ultraeskuin eta neoliberalaren ondoren Argentinan Fernandez & Fernandez koalizio aurrerakoiak irabazi ditu hauteskundeak, eta horregatik CTA-Autonomak egoera berrirako estrategia sindikala definitzeko ez-ohiko kongresua antolatu du.

Kongresuan CTA-Autonomako militante historikoek hartu dute parte, baita Madres de la Plaza de Mayoko Nora Cortiñasek ere.

Kongresuak bi zati izan ditu. Goizean, nazioartetik etorritakoen eta CTA-Autonomako idazkari nagusi eta Norta Cortiñasen hitzartzeak egon ziren, eta aurretik CTA-Autonomaren historiaren bideo bat ikusteko aukera izan zen. Arratsaldean, hainbat eztabaida gune egon ziren, tartean nazioarteko testuinguruari zegokiona. Bertan, nazioarteko gonbidatuek eta CTA-Autonomako hainbat militantek nazioarteko testuinguruari buruzko hausnarketa egin genuen, aurrera begirako estrategiak definitzen joateko.

Kongresuaren alderik ezkorrena Venezuelako ordezkaritzak jasandako erasoa izan da. Central Bolivariana Socialista de Trabajadoreseko bi ordezkarik ezin izan zuten Argentinan sartu eta Venezuelara itzultzera behartu zituzten.
 

 

 

Andaluziako Alestis enpresako azpikontratako langileak eta SAT sindikatua enpleguaren defentsan egiten ari diren borroka babesten dugu

0

Gasteizko Alestis lantokiko LABeko atal sindikalak babesa eta elkartasuna adierazi nahi die Andaluziako Alestiseko (LTK) azpikontratako langileei eta Andaluziako SAT sindikatuari; izan ere, langile horiek borroka eredugarria egiten ari dira enpleguaren alde, egindako 34 kaleratzeen aurka, grebarako eskubidearen alde eta Alestisen subrogatuak eta integratuak izateko eskubidearen alde, Langileen Estatutuaren 44. artikuluari jarraituz.

LABen ekimenez, Alestis Gasteizko enpresa batzordeak (UGTren salbuespenarekin) grebalariei eta haien bidezko borrokari babesa adierazteko idatzi bat sinatu du:


 

 

 

Enplegu Publikoaren Euskal Lege propio bat defendatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean egin dugu agerraldia, enplegu publikoaren lege proiektuari buruz dugun iritzia plazaratzeko, LABeko Zerbitzu Publikoetako federazioko arduradun Gorka Berasategi eta Eider Casanovaren eskutik. Bere garaian ekarpen asko egin genituen, eta irakurketa bera berretsi dugu: ez gatoz bat lege proiektuarekin.

2017 urte amaiera aldera jaso genuen Lege honetarako Gobernuak egin zuen lehen zirriborroa. Orduan oso garbi azaldu genuen zein den gure posizioa eta gaur, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, hainbat zirriborro eta moldaketa ondoren, gure posizioa berrestea besterik ez zaigu gelditu; LAB ez dator bat Eusko jaurlaritzak aurkeztu duen Euskal Enplegu Publikoaren Lege proposamenarekin.

Duela bi urte lehen zirriborroa Mahai Orokorrean gauden sindikatuoi aurkeztu zitzaigun. Aurreko legegintzaldian Gobernuak beste zirriborro bat aurkeztu zigun eta garai hartan LABek osorako emendakina aurkeztea erabaki zuen. Oraingoan edukia ez da gehiegi aldatu, baina gure negoziazio prestutasuna adierazteko osoko emendakina ez aurkeztea erabaki genuen, emendakin partzialen bitartez gure ekarpena osatzeko. Gobernuak, ordea, ez du gure ekarpenik jaso nahi izan gerora aurkeztu dituen zirriborroetan.

Legebiltzarrak esku artean duen zirriborroak ez ditu langile publikoek pairatzen dituzten arazoak konpontzen, gainera arazo berriak planteatzen ditu. Kutsu merkantilista handia dauka, adiskidekeria sustatzen du eta legea gutxi batzuen mesetan jartzen du, zerbitzu publikoen kaltetan.

Orokorrean, gure ustez, anbiziorik gabe egin den lege egitasmoa da, bere buruari muga asko jartzen dizkiona. Estatutik datorren EBEParen garapen hutsa da, administrazio eredu neoliberal bat ezarri eta inolako berrikuntzarik planteatzen ez duena. Ez du inolaz ere ahalmen legegile osoa garatzen eta euskal marko bat blindatzeko bermerik ere ez du eskaintzen. Euskal zerbitzu publikoetan bide propio bat irekitzeko aukera galdua, beraz.

LABek egindako zuzenketekin sartuta, eremu hauek nabarmendu nahiko genituzke sindikatuaren jarrera azaltzeko:

-NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAren eskubidea aipamen huts batean gelditzen da. Gobernuak gaur egun daraman praktika berarekin jarraitu nahi du; negoziazio mahaiak bere egitasmoen transmisio soilerako erabili eta aldebakartasunez dena inposatu. Gure ustez, AKORDIOAK bilatzen dituen negoziazio eredu bat beharrezkoa da eta aurkeztutako testua kontrako bidean abiatzen da. Negoziazio kolektiboa aurrekontu estalduraren printzipioari lotzea larria iruditzen zaigu, negoziazio eskubide bera mugatzen du eta.

-ENPLEGUAren gaiari dagokionez, legea behin-behinekotasuna mantentzeko tresna bihurtu daiteke. Ezaguna da gaur egun euskal administrazio publikoetan dagoen egoera; langileen %40 inguru behin-behinekotasunean dago, urteetan enplegu deialdi publikoak ez direlako egin. Proposatzen den legean ez da deialdi publikoak egiteko derrigorrezkotasuna jasotzen. Hau horrela izanda, Estatuko aurrekontuen menpe egongo dira finkatzen diren plaza kopurua, zerbitzu publikoen kalitatea kontutan hartu gabe. Hau horrela jasota ez egotea enplegu publikoaren eredu jakin baten aldeko apustua egitea da; ezegonkortasuna sustatzen duena, hain zuzen ere.

Gainera, egoera prekarioak biderkatzeko planteamenduak egiten dira; malgutasuna, mugikortasuna eta lanpostuen amortizazioa. Pribatizaziorako ateak itxi beharrean parez pare irekitzen dira, funtzionario izaera daukaten lanpostuei laboralak bihurtzeko aukera irekiz. Finean, eremu pribatuan indarrean dagoen lan erreforma atzerakoia lege bidez ezarri nahi dute euskal administrazioetan.

-Proposatzen den GARAPEN PROFESIONAL sistema ez dugu inondik inora konpartitzen, subjektiboa eta arbitrarioa baita. Ados gaude langile publikoek garapen profesionalerako aukera izan behar dutela, baina gardentasun eta berdintasun printzipioak derrigorrezkoak dira gure ustez ezarri nahi den edozein sisteman. Onartezinak dira lege proposamenean azaltzen diren baloraziorako irizpide batzuk; errendimendua, jarrera, sormena, ekimena…

-Iritzi berdina daukagu ZUZENDARITZEN AUKERAKETA prozesuei dagokionez. Administrazio eredu merkantilista baten izenean, nahierara hautatutako pertsonak aukeratzeko prozedurak ezartzen ditu lege proposamenak, egitura publikorako sarbidea kontutan hartu gabe. Zuzendaritzak ezin dira agintean dagoen alderdiaren sukurtsalak bihurtu; gure ustez, izendapen askearen aukera baztertu egin behar da.

-Administrazio EUSKALDUNTZEKO neurriak eskasak dira. Propagandatik harago, langileen sorbaldetan jartzen du Gobernuak euskararen gaia, administrazioak euskalduntzeko neurririk proposatu gabe.

-Lan osasunaren atalean, MUTUALITATEAK baztertzeko aukera paregabea dago lege honen bidez, Gobernuak aurreikusi ere egiten ez duena.

-GALDUTAKO ESKUBIDEAK BERRESKURATU ETA BERAUEK BLINDATZEKO legea eskatzen dugu. Murrizketen garaia atzera utzi eta langile publikoek jomugan izan dituzten eskubideak bermatzeko legean jasotzea ezinbestekotzat ikusten dugu: ezgaitasunagatik osagarria, 35 orduko lan astea, eros ahalmena….

 

 

 

“Hauxe izango al da plantilla murrizteko erabiliko duten formula?”

Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresako langileek ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzeak egin dituzte Gasteiz eta Urbinako lantokietan, gaixo egoteagatik kaleratutako langileari babesa emateko. Enpresa komitearen hitzetan, kaleratzea ziurgabetasun egoera batean gertatu da, gainera, non enpresak ez du argitu nahi zer gertatuko den 2020. urtean, 2018. urteko ERTE prozesuaren azken txanpan. Hori bai, zuzendaritzak argi utzi du zenbait bileretan plantilla murrizteko beharra ikusten duela”. hala, enpresaren borondatea zalantzan jartzera eramaten die kaleratzeak: “Hauxe izango al da plantilla murrizteko erabiliko duten formula?”, adierazi dute langileek.

Lan prekarioa gero eta gehiago ari da hedatzen, lanaldi partzialaren eta soldata baxuen bitartez

Azaroaren amaierako langabeziaren erregistroak 146.193 pertsona utzi ditu langabezia egoeran Hego Euskal Herrian, eta horrek duela 11 urteko mailara garamatza. Pasa den hileko beherakada arinak emakumeei mesede egin die; dena den, gehiengoa izaten jarraitzen dute (% 57) langabeen artean.

Laneratze arazo larri baten aurrean gaudela azpimarratu beharra daukagu. Lau lurraldeetan 65.000 lagun inguru dauzkagu urtebete baino denbora gehiagoz langabezia egoeran jarraitzen dutenak. Horrek esan nahi du langabeen % 45 epe luzekoak direla, eta egoerak behin-betikotzeko arriskua dauka.

Bestalde, kalitate baxuko enplegua dela eta murriztu egin da hein handi batean langabezia, eta horrek langile klasean bertan desberdintasunak areagotzen ditu.

Kontratazioaren % 92,2 aldi baterakoa da eta lan prekarioa zabaltzen doa, lanaldi partzialean eta soldata oso baxuekin. Izan ere, lan baldintzen prekarietatea gizarte bazterketaren iturburuetako bat bilakatzen ari da.

Ondorio hau azken FOESSA txostenak baieztatzen du; txosten horretatik ondoriozta dezakegu Hego Euskal Herrian 136.000 lagun lanean egon arren, bazterketa egoeran daudela.

Egoera hau nabarmen okertzen da gizarte-politiken atzerapauso eta prestazioen murrizketekin. Izan ere, gehien behar dutenek gero eta zailagoa dute prestazio hauek eskuratzea. Gaur egun, ofizialki langabetu gisa onartu arren inolako langabezia prestaziorik jasotzen ez duten pertsonak 95.500 dira. Beraz, hiru langiletik biri eragiten dio babesgabetasun honek.

Gainera, emakumeen kasuan, langabeziagatiko babes sistemaren estaldura-tasa %32,2 da eta gizonezkoen artean, % 38,9. Datu horrek nabarmen uzten du lan merkatuan ematen den genero arrakala langabeziara ere hedatzen dela.

 

 

 

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea aldarrikatu ditugu

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Donostian, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, dibertsitate funtzionala duten pertsonen nazioarteko eguna dela eta. Hain zuzen ere, dibertsitate funtzionala duten pertsonek enplegu arrunta lortzeko dituzten zailtasunak eta Enplegu Zentro Berezietan dagoen lan prekarietatea salatu dugu.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen nazioarteko eguna dela eta, LAB sindikatutik salatu nahi dugu dibertsitate funtzionala duten pertsonek enplegu arrunta lortzeko dituzten zailtasunak eta dagoen lan-prekarietatea, enplegu-zentro berezietan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren betebeharrak ez betetzeak paper busti bihurtzen ditu Nazio Batuen Konbentzioa eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eskubideen subjektu direla bermatzeko eta eskubideez baliatzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin.

ENPLEGUA LORTZEARI DAGOKIONEZ, BAZTERKETA KEZKAGARRIA DA ORAINDIK ERE.

• Kontratu kopurua% 1,70 da EAEn, egindako kontratu guztiekiko.

• Langabeziak bi aldiz zigortzen ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonak, eta are larriagoa da 45 urtetik gorakoen eta emakumeen artean.

• Enpresek ez betetzea langile guztien dibertsitate funtzionala duten langileen% 2 gutxienez.

•% 2ko kuota bermatzeko enplegu-zerbitzu publikoak ez betetzea, bitartekaritzaren bidez eta dibertsitate funtzionala duten pertsonekin banakako ibilbideen bidez, bai eta ordezko neurriak eskatzea ere.

ENPLEGURAKO ESKUBIDEA BALDINTZA BERDINETAN URRATZEA: ENPLEGU BABESTU FINALISTA ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN ARDAZTUA.

• Enplegua sustatzeko aldi baterako kontratua. Aldi baterako kontratu bakarra, arrazoirik gabe, etenik gabe eta hobaririk gabe.

• Errendimendu txikiko kontratua: soldataren% 25eko murrizketa, lanaldi osoan eta gainerako langileen baldintza berberetan lan eginez.

• LGSari lotutako soldatak, gure autonomia ekonomikoa onartzen ez dutenak.

• Enplegu-zentro bereziek azpikontrata gisa funtzionatzen dute enpresa askorentzat. Errendimendu handia eskulan merkearen kontura, eta lan baldintza eskasak.

• Dibertsitate funtzionala duten langileak beste enpresa batzuetako enplegu-zentro berezien kontura jartzea,% 2ko erreserba-tasa betetzen ez dutelako. Bai aldi baterako lan- enklabeetan, eta horietatik ez da langilerik igarotzen enpresa nagusira, eta eskulan merkea, aldi baterakoa eta oso produktiboa bihurtzen da.

• Implant irudia. Enklabe laborala edo ABLEak edo langileen legez kanpoko lagapena.

Enplegu-politika aktiboak ezin dira mugatu diru-laguntzak ematera eta zuzeneko beste finantzaketa-neurri batzuk hartzera, enplegu-zentro berezietan enplegu babestura bideratutakoak.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonek lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarri batean baldintza berdinetan, diskriminaziorik gabe, enplegu bat izateko duten eskubidea aitortzeak beharrezko neurriak hartzera behartzen ditu administrazioak, horretarako erregulazio baten bidez.

HORREN AURREAN, LAB SINDIKATUAK KONPROMISO HAUEK hartu ditu:

• Aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen egiturazko ez-betetzeak salatzeko
eragile aktiboa izatea.

• Eskubideen eta lan-baldintzen hobekuntzan aurrera egitea, dibertsitate funtzionala duten langileekin batera.

• Aniztasun funtzionala duten langileen mugimendu bat egituratzea, Eusko Jaurlaritzari eska diezaion dibertsitate funtzionala duten pertsonen eskubideen egikaritza modu erreal eta eraginkorrean arautu dezala, EAErako lege propio bat eginez eta onartuz.
 

 

 

Langileen parte hartzea beharrezkoa izango da eremu sozioekonomikoan euskararen egoerari buelta emateko

Euskararen Egunaren atarian gauden honetan, LAB sindikatuak nabarmendu nahi du aurtengo fokoa eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko egin diren eta egiten ari diren zenbait jardunaldi, plan eta ekimenetan jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigula. Horregatik uste dugu 2020 bide horretan sakondu behar dela, lan munduaren euskalduntzeaz arituko bagara ezinbestekoa delako langileon hizkuntza eskubideak onartu eta errespetatzea, eta baita egiten den oro langileokin batera egitea ere.

Euskararen Egunaren atarian gauden honetan, ezin ukatu 2019ak utzi dituela hizkuntzaren gaiarekin hausnarketarako gako batzuk. Hala nola, Euskaraldia edo Korrika bezalako ekimenak. Eremu sozioekonomikoa nola euskaldundu ere, egin dira zenbait jardunaldi eta identifikatu omen dira beste hainbeste gako. Helduen euskalduntzeak eta doakotasunak eman du zer esana eta nola ez, administrazioak eta bere politikek ere bai; Nafarroan zein Hego Euskal Herrian, bederen.

LAB sindikatua ere, noski, ez da horietatik guztietatik aparte ibili. Eta orain dela 20 urte hasitako bideari jarraiki, EUSLAB gure plan estrategikoa berritu eta aurrera nola egin landu, eztabaidatu eta ekinean ibili gara. Sindikalismotik eta daukagun ardura soziopolitikoari uko egin gabe jardun dugu euskararen gaiarekin, bai kanpora begira, arestian aipatu direnetan aktiboki parte hartzen, baina baita barrura begira ere.

Nafarroan, Euskararen Lege berriari bide emateko antolatu zen batzordean parte hartu genuen eta egun indarrean dagoen dekretuaren topeak berriro mahai gainean jarri genituen. Hala ere, osatu den gobernuarekin ez du ematen lege berrirako biderik irekiko denik. Ez hor ez eta beste eremu batzuetan ere. UGT-ek jarritako helegiteari Nafarroako auzitegiak eman dion erantzuna ikustea besterik ez dago. Gure herriaren asimilazio eta ezabatze estrategiaren parte dira horiek guztiak, baina LAB sindikatuak irmo jarraituko du erantzuten eta euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoenaren aldarria kaleratzen!

Aurtengo fokoa, ordea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko egin diren eta egiten ari diren zenbait jardunaldi, plan eta ekimenetan jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. EAEn, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin nahi duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana egikaritzean gainerako eragile guztiekin elkarlanean aritu gara ekarpenak eginez, nahiz eta jakin badakigun plan horrek muga batzuk izango dituela. Izan ere, LAB sindikatuaren ustez, Jaurlaritzaren hizkuntza politikak araugintzari bide ematen ez dion bitartean eta langileen parte hartzeari aterik zabaltzen ez bazaio, nekez lortuko da eremu sozioekonomikoan euskararen egoerari buelta ematea.

Horregatik uste dugu 2020 bide horretan sakondu behar dela, lan munduaren euskalduntzeaz arituko bagara ezinbestekoa delako langileon hizkuntza eskubideak onartu eta errespetatzea, eta baita egiten den oro langileokin batera egitea ere.

Guk, kalean zein lanean euskaraz askatasunean.

 

 

 

Ordubeteko lanuztea egingo dute bihar Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresan, gaixo egoteagatik kaleratutako langileari babesa emateko

Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic-eko Enpresa Komiteak zuzendaritzak egindako azken kaleratzea irmoki salatu du, fondoagatik, baina baita eduki eta formengatik ere. Lehen aldiz aplikatu dute Laminaciones Arreguin Langileen Estatutuko 52. artikulua (kaleratze objektiboa, asistentzia faltengatik). Hori eraso zuzena da langileen eskubideekiko eta langileen osasuna zaintzeko eskubidearekiko.

Honela jarraitzen du Enpresa Komiteak igorritako oharra:

Neurri hauekin gaixo egoteko beldurra sartu nahi digute, gure gaixotasunekin lan egin dezagun, kaleratzeko beldurra izanagatik. Bajen ehuneko handi bat lanaren ondorioz izan ohi da, enpresaren neurri faltengatik (katarroak eta gripeak hartzen ditugu lan inguruaren baldintzengatik, antsietatea etor daiteke segurtasunik eza eta ezengorkotasunaren ondorioz, kalte muskulo-eskeletikoak izan ohi ditugu…). Hau dena gutxi balitz, enpresak berak zigortzen gaitu orain.

Gainera, kaleratzea ziurgabetasun egoera batean gertatu da, non enpresak ez du argitu nahi zer gertatuko den 2020. urtean, 2018. urteko ERTE prozesuaren azken txanpan. Hori bai, zuzendaritzak argi utzi du zenbait bileretan (azkena, kaleratzea gertatu baino bi ordu lehenago) plantilla murrizteko beharra ikusten duela.

Enpresaren borondatea zalantzan jartzera eramaten gaitu kaleratze honek: hauxe izango al da plantilla murrizteko erabiliko duen formula? Hauxe al da negoziazio baterako eszenatokia prestatzeko estrategia? Iraganera eramaten gaitu honek guztiak, garrantzi handiko lehen iraungipen EREa etorri zen garaira. Zuzendaritzari jarrera hau alboratu dezala exijitzen diogu, 2012. urtean bizitako antzeko egoera saiheste aldera.

Enpresa Komiteak irmoki erantzungo dio kaleratze honi, edonori egokitu dakiokelako. Lan osasunerako gure eskubidearen alde egin behar dugu eta enpleguaren defentsa aldarrikatu behar dugu, lehen kaleratze honen aurrean.

Honengatik guztiagatik, ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzeak deitzen ditugu Gasteiz eta Urbinako atarietan, abenduaren 3an, asteartearekin, 12:00etatik 13:00etara, “Laminaciones Arreguin, enpleguaren defentsan, no a los despidos por estar enferm@s” leloarekin.